www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

OSEEREN PROFEZIA

 

I. KAP.

        1. Jaunak egin solasak Oseeri, Beeriren semeari, Oziasen, Joathanen, Akazen, Ezekielen, Judako errege zirenen egunetan, eta Israelgo errege Jeroboamen Joasen semearen egunetan.

        2. Jaunak Oseeren bidez erran zituenen hastapena: eta Jaunak erran zioen Oseeri: Zoaz, har zazu galdukerietako emazte bat, eta izan zatzu galdukerietako haurrak; zeren galdukerian sarthuz, Jauna ganik urrunduren baita lurra.

        3. Eta goan zen Osee, eta emaztetzat hartu zuen Gomer, Debelaimen alaba; eta Gomer izorra gerthatu zen, eta eman zioen seme bat.

        4. Eta Jaunak erran zioen: Deith zazu Jezrahel; zeren aphur bat oraino, eta Jehuren etxean bilhaturen baitut Jezrahelen ixuri odola, eta galaraziren dut Israelgo etxearen erregetasuna.

        5. Eta egun hartan Jezrahelgo haranean kraskaturen dut Israelen arranbela.

        6. Eta Gomer izorra gerthatu zen oraino, eta alaba batez erdi zen. Eta Jaunak erran zioen Oseeri: Deith zazu Urrikarigabea; zeren ez bainatzaio gehiago urrikalduren Israelgo etxeari, bainan ahanzpenez baitut ahantziren.

        7. Eta Judako etxeari urrikalduren natzaio, eta salbaturen ditut beren Jainko Jaunaz, eta ez arranbelaz, ezpataz eta gerlaz, ez-etare zaldiez eta zaldizkoez.

        8. Eta Oseek bulharretik higuindu zuen bere alaba, Urrikargabea deitzen zena. Eta amatu eta seme batez erdi zen.

        9. Eta Jaunak erran zioen Oseeri: Deith zazu Ez-ene-populua; zeren ez baitzarete gehiago izanen ene populua, ez-eta ni ere zuen Jainkoa.

        10. Eta Israelgo umeen nonbrea izanen da itsasoko legarra bezala, zeina ez baititake ez neurt, ez khonda. Eta non-ere erran baitzaiote: Etzarete zuek ene populua; erranen zaiote: Jainko bizi aren umeak zarete.

        11. Eta Judako eta Israelgo umeak batera bilduren dire; eta beren gainean buruzagi bakhar bat ezarriren dute, eta lurretik altxaturen dire; zeren handia baita Jezrahelgo eguna.

 

II. KAP.

        1. Errozuete zuen anaiei: Ene populua; eta zuen arrebari: Urrikalpen ardietsia.

        2. Juia zazue, juia zuen ama; zeren ez baita hura ene emaztea gehiago, ez-eta ni ere haren senharra. Bere begithartetik khen betza bere lohikeriak, eta bertzerekilako khutsapenak bere bulharren erditik;

        3. Beldurrez-eta larruraino biluz, eta bere sort-egunean bezala ezar dezadan; eta egin dezadan mortua eta biderik gabeko lurra iduri, eta hilaraz dezadan egarriz.

        4. Haren semeei ez natzaiote urrikalduren, galdukeriaren umeak direlakoz.

        5. Hekien ama bertzerekin khutsatu baita, hekiez amatu dena ahalkez estalia da, zeren erran izan duen: Ene ogia, ene ura, ene ilea, ene lihoa, ene olioa, ene edaria ematen darotedan ene galaien ondotik goanen naiz.

        6. Aria hortaz, huna non nik elhorriz hertsiren diodan bere bidea, eta harrasiz hertsiren diot, eta bere bidexkak ez ditu aurkhituren.

        7. Eta jarraikiren da bere galaiei, eta ez ditu atzemanen; eta bilhaturen ditu eta ez ditu khausituren, eta erranen du: Goanen naiz, eta bihurturen naiz ene lehenbiziko gizona ganat; zeren ongi bainintzen orduan, orai baino hobeki.

        8. Eta ez du jakin hau, nik eman niozkiela ogia, arnoa eta olioa; eta nik aberastu dudala zilharraz eta urheaz, zeinetarik egin izan baitute Baal.

        9. Hargatik, bertzela eginen dut; harturen dut ene ogia bere mugan, eta ene arnoa bere mugan; eta atheraturen ditut ene ilea eta ene lihoa, haren itsuskeria estaltzen dutenak.

        10. Eta orai haren galaien begietara agerturen dut haren zorokeria, eta gizonak ez du ene eskutik atheratuko.

        11. Eta geldiaraziko ditut haren bozkario besta-buru, ilhargi berriko egun, larunbat, besta eta muga hartu guziak.

        12. Eta galaraziko ditut haren mahastiak eta pikoak, zeinetaz erran izan baitu: Haukiek dire ene sariak, ene galaiek eman izan darozkidatenak. Eta bera ezarriren dut oihanetan, eta lar-abereek iretsiko dute.

        13. Eta haren baithan bilhaturen ditut Baalen egunak, zeinetan igaiten baitzen isentsua, eta ezartzen baitzituen bere beharrietakoak eta lephoko gatheak, eta goaten baitzen bere galaien ondotik, eta ahanzten baininduen ni, dio Jaunak.

        14. Bainan bere urrikizko solasa gatik, huna nik bilduren dudala eztiki, eta eramanen dut bakhartasunera, eta mintzaturen natzaio bihotzera.

        15. Eta emanen diozkat bere mahastizainak tokitik beretik, eta Akorreko harana, pheskizari bidea idekitzeko: eta han kantaturen du bere gaztetasuneko egunetan bezala, eta Egiptoko lurretik igan zen egunetan bezala.

        16. Eta egun hartan gerthatuko da, dio Jaunak, deithuko nauela: Ene senharra; eta ez nau gehiago deithuko Baali.

        17. Eta haren ahotik khenduko dut Baalen izena, eta ez da gehiago haren izenaz orhoituko.

        18. Eta egun hartan adiskidantzak eraginen diozkatet hekiei lar-abere, zeruko hegastin eta lurreko zierpeekin; eta lurreuk khenduko ditut arranbela, eta ezpata, eta perla; eta deskantsu zabalean eginaraziko diotet lo.

        19. Eta emaztetzat hartuko zaitut behin-bethiko; eta ene emazte eginen zaitut zuzenaz eta zuzenbideaz, urrikalkortasunaz eta urrikalmenduaz.

        20. Eta fedeaz eginen zaitut ene emazte, eta jakinen duzu ni naizela Jauna.

        21. Eta han egun hartan gerthatuko da: Entzunen ditut, dio Jaunak, entzunen zeruak, eta zeruek entzunen dute lurra.

        22. Eta lurrak entzunen ditu ogia eta arnoa, eta olioa; eta hekiek entzunen dute Jezrahel.

        23. Eta lurrean enetzat erainen dut hura, eta urrikalduren natzaio Urrikarigabea deithua izan denari.

        24. Eta Ez-ene-populua zenari erranen diot: Ene populua zare zu; eta berak erranen darot: Zu zare ene Jainkoa.

 

III KAP.

        1. Eta Jaunak erran izan zarotan: Zoaz oraino, eta maitha zazu emazteki bat adiskide batez maithatua eta senharraz bertzerekin khutsatua; hala-nola Jaunak maite baititu Israelgo umeak, eta hekiek jainko arrotzei begiratzen baitiote, eta mahatsetan lapa baitute maite.

        2. Eta emaztea erosi nuen hamabortz zilharrezkotan, eta koro bat eta erdi garagarretan.

        3. Eta erran nioen: Asko egunez igurikiren nauzu, eta etzare lizunduren, ez-eta gizonkiarekin khutsaturen; aldiz nik ere igurikiren zaitut.

        4. Ezen Israelgo semeak asko egunez izanen dire erregerik eta buruzagirik gabe, sakrifiziorik eta aldarerik gabe, ephodorik eta theraphimik gabe.

        5. Eta gero Israelgo umeak itzuliren dire, eta bilhaturen dituzte beren Jainko Jauna eta Dabid beren erregea; eta egunen ondarrean ikhararekin begiraturen diote Jaunari, eta haren ganikako ongiari.

 

IV. KAP.

        1. Adi zazue Jaunaren hitza, Israelgo umeak; zeren Jauna juiamendutan sartzera baitoha lurreko egoiliarrekin; ezen lurrean ez da ez egiarik, ez urrikalmendurik, ez Jainkoaren ezagutzarik.

        2. Burho, gezur, gizon-hiltze, ohointza, lohikeriek estali dute, eta odolak jo du odolera.

        3. Hargatik nigarrez egonen da lurra, eta iraungiren dire hartan daudezen guziak, lar-abereetaraino eta zeruko hegastinetaraino; eta arrainak ere hilen dire.

        4. Ez bedi halere nihor abia azurriatzen; nihor ez bedi has erantzuki egiten; zeren aphezari jazartzen daroetenen iduriko baita zure populua.

        5. Egun eroriko zare, eta profetak ere zurekin joko du lurra; gau latzaz ixilarazi dut zure ama.

        6. Ixildu du ene populua, jakintasunik ez duelakoz izatu. Zeren duzun jakitatea arbuiatu, nik ere arbuiaturen zaitut, apheztasuneko eginbiderik ez dizadazun bethe; ahantzi duzu zure Jainkoaren legea, eta nik ere ahantziren ditut zure haurrak.

        7. Berhatu direnaren arabera, ene kontra berhatu dituzte beren bekhatuak; laidotara aldaturen dut hekien ospea.

        8. Jaten dituzte ene populuaren bekhatuentzat eskaini bitimak, eta haren bekhatuez hazten dituzte beren biziak.

        9. Eta izanen da, nola populua, hala apheza; eta haren baithan bilhaturen ditut haren bideak, eta haren asmuak bihurraraziren ditut haren gainera.

        10. Eta janen dute, eta ez dire aseko; erori dire lohikeriara, eta ez dire baratu; zeren utzi baitute Jauna, ez begiratuz haren legea.

        11. Lohikeriak, arno eta hordikeriak khentzen dute adimendua.

        12. Ene populuak zurari galdatu dio ethorkizunaz, eta bere makhilak erran dio geroa: alabainan lohikeriako izpirituak enganatu ditu, eta beren Jainkoa utzirik, bertzeekin khutsatu dire.

        13. Mendi-kaskoetan egiten zituzten sakrifizioak, eta isentsua erretzen zuten munho gainetan, haritzen, zurxurien eta tirrimintinen azpian, zeren gozo baitzitzaioten hekien itzala: horren gatik lohikerian ibiliko dire zuen alabak, eta bertzeekin khutsatuko dire zuen emazteak.

        14. Ez naiz bilhaturen zuen alaben gainean, lohikerian sarthu ditazkeenean, ez-eta zuen emazteen gainean bertzeekin khutsatu ditazkeenean; zeren zerorrek lilitxoekin baltsatzen, eta emagizonekin sakrifizio egiten hari baitzarete. Populu burugabea, zafratua izanen da.

        15. Zu, Israel, lohikerian ibiltzen bazare, Juda bederen ez bedi linbur; ez goan Galgalara, ez igan Bethabenera, eta ez zin egin: Ala Jauna!

        16. Zeren Israel, behi susara bezala zeihertu baita; orai Jaunak utziko ditu, bildotsa bazter zabaletan bezala alhatzera.

        17. Efraim idolekin khutsatzen da: bego bazterrerat.

        18. Hekien barazkaria bereza da; lizunkerian pulunpatu dire; haren gerizatzeko zirenek lakhet izan dute hura laidoz estaltzea.

        19. Haizeak bere hegalen gainean estekatu du, eta beren sakrifizoak izanen dituzte beren ahalkagarri.

 

V. KAP.

        1. Hau adi zazue, aphezak; Israelgo etxea, zaude erne; erregeren etxea, emazu beharria; zeren juiamenduko ordua baita zuentzat, zaindu behar zintuztenentzat bilhakatu baitzarete arte bat, eta Thabor gainean sare hedatu bat.

        2. Eta bitimak aldaratu ditutzue lezera: eta ni nintzen hekien guzien irakhaslea.

        3. Ezagutzen dut Efraim, eta Israel ez da enetzat gordea; ezen Efraim lohikerian sarthua da orai; khutsatua da Israel.

        4. Ez dituzte beren gogoetak emanen beren Jainkoa gana bihurtzeari; zeren lohikeriako izpiritua hekien erdian baita, eta ez baitute Jauna ezagutu.

        5. Israelen ozartasuna haren begithartean agerturen da; eta Israel eta Efraim, biak eroriko dire beren bekhatuaz: Juda ere hekiekin eroriko da.

        6. Beren ardiak eta abereak sakrifikatuz hariko dire Jaunaren bilhatzen; eta ez dute aurkhituren: urrundua da hekien ganik.

        7. Hautsi dute Jaunaren legea; zeren ume arrotzez baitire aitatu: orai hilabethe batek iretsiren ditu beren izantzekin.

        8. Adarra jo zazue Gabaan, turuta Erraman; orrobia egizue Bethabenen, zure gibeletan, oi Benjamin.

        9. Efraim inkoniamendutan izanen da azurrialdiko egunean: ene zintasuna erakhutsi dut Israelgo leinuetan.

        10. Judako buruzagiak bilhakatu dire mugarria atheratzen dutenak iduri: hekien gainera ura bezala ixuriko dut ene hasarrea.

        11. Gaitza jasaiten du Efraimek, juiamenduak hautsi du; zeren zikhinkerien ondotik abiatu baita.

        12. Eta ni, biphia bezala naiz Efraimentzat, eta usteldura bezala Judako etxearentzat.

        13. Eta Efraimek ikhusi du bere erkhidura, eta Judak bere esteka; eta Efraim goan da Asurren gana, eta bidali du errege aspertzailearen gana; eta harek ezin sendaturen zaituztete, eta ezin urraturen darotzuete esteka;

        14. Zeren ni lehoin urrixa bat bezala izanen bainatzaio Efraimi, eta lehoinkume bat bezala Judako etxeari: nik, nik harrapaturen ditut, eta goanen naiz; nik harturen ditut, eta nihork ezin khenduko darozkit.

        15. Goanen naiz, itzuliren naiz ene egon-lekhura, ahi zaitezten eta ene begithartea bilha dezazuen arteo.

 

VI. KAP.

        1. Beren hesturan goizetik ene ganat ernaturen dire, diotelarik: Goazen eta itzul gaiten Jaunaren gana;

        2. Zeren berak hartu eta berak libraturen baikaitu; berak jo, eta berak sendaturen gaitu.

        3. Bizia emanen daroku bi egunen buruan, eta hirugarrenean eraikiren gaitu, eta haren aitzinean biziko gare. Hartaz jakintsun egin gare, eta jarraikiren gatzaizkio, ezagut dezaguntzat Jauna. Haren ilkhitzea, argi-urratzea bezala aphaindua dago, eta etorriren zaiku hala-nola uri goiztiarra, eta uri berantiarra lurrari bezala.

        4. Zer eginen darotzut, Efraim? zer eginen darotzut, Juda? Zuen urrikalkortasunak goizeko lanhoa du iduri, goizeko ihintz iragankorra bezala da.

        5. Aria hortaz azurriatu zaituztet ene profetez, heriotzez dixidatu zaituztet ene ahoko hitzetan; eta zuen gaineko erabakiak, argia iduri dire ilkhiko;

        6. Zeren nahi izan baitut urrikalmendua, eta ez sakrifizioa; eta Jainkoaren ezagutza, holokausta baino gehiago.

        7. Hekiek ordean, Adamek bezala hautsi dute batasuna, han arnegatu dute ene legea.

        8. Galaad da idola-egileen hiria, odolak ithoa.

        9. Eta ohoin-zilhoa iduri, phartedun da aphezekin; Sikemen gaindi goaten direnak bidean hiltzen dituzten ohoinen zilhoak bezala da; ezen gaixtakerian bizi dire.

        10. Lazteko gauza ikhusi dut Israelgo etxean; han ikhusi ditut Efraimen lohikeriak; khutsatua da Israel.

        11. Eta zuk ere, Juda, uzta zuretzat egizu, ene populuko gathibuak bihurraraziko ditudan artean.

 

VII. KAP.

        1. Noiz-etare nahi bainuen sendatu Israel, Efraimen tzarkeria eta Samariaren maltzurkeria agertu dire; ezen gezurrezko lanak egin dituzte; eta ohoinak sarthu zaizkote biluztera, eta harrapakariek larrutu dituzte kanpoan.

        2. Eta beren bihotzetan erran ez bezate, gogoan daduzkadala hekien gaixtakeria guziak: oraiko beren asmuek dituzte hertsatzen; ene aitzinean dire eginak.

        3. Beren tzarkeriaz boztu dute errege, eta beren gezurrez beren buruzagiak.

        4. Oro lohikerian hari ziren, okhinak khaldatzen duen labea iduri; aphur bat phausatu da hiria, altxagarria nahasia izan denetik orhe guzia altxatu arteo.

        5. Hau da gure erregeren eguna; arnoak abiatu ditu buruzagiak erhotzen; erregek zoroekin nahasi ditu eskuak.

        6. Ezen noiz-etare hekiei arte hedatzen hari baitzen, beren bihotza iratxiki diote labe bat bezala; hekiek erretzen zituelarik lo egin du gau guzia, eta bera goizeko su-garra bezala khaldatua zen.

        7. Labea bezala khaldatu dire guziak, eta iretsi dituzte beren juieak; hekien errege guziak erori dire; hekietan ez da ene gana deihadar egin duenik.

        8. Efraim bera populuekin nahastekatzen zen; Efraim bilhakatu da itzultzen ez den hautspeko ogi bat.

        9. Arrotzek iretsi dute haren indarra; eta berak ez du ezagutu; ile zuriak ere hedatu dire haren baithan, eta ez da ohartu.

        10. Eta Israelek bere burgoikeria izanen du bere begien aitzinean beheititua; eta horien guzien gatik, ez dire beren Jainko Jauna gana bihurtu, eta ez dute hura bilhatu.

        11. Efraim bilhakatu da uso xoro, bihotzgabe baten iduriko: deithu du Egiptoa, Asiriarretara goan da.

        12. Eta goan direneko, hekien gainera hedaturen dut ene sarea; eragotziren ditut zeruko xori bat bezala; joko ditut, hekien baldarnak aditu dixiduen arabera.

        13. Zorigaitz hekiei, zeren urrundu diren ene ganik; larrutuak izanen dire, zeren ene kontra egin baitute bekhatu; eta nik berrerosi ditut; eta hekiek, gezurrak erabili dituzte ene kontra.

        14. Ez dute ene gana oihu egin beren bihotzean, bainan orroaz zauden beren oheetan: Arnoz eta ogiz zuten amets, urrundu dire ene ganik.

        15. Eta nik argitu ditut, eta besoak hazkartu diozkatet; eta ene alderat maltzurkeriazko gogoetak erabili dituzte.

        16. Itzuli dire uztarririk gabe nahi izatera; eta egin dire enganatzeko baizik ez den arranbela iduri; ezpataren azpira eroriko dire hekien buruzagiak, beren mihiko errabia gaixtoa gatik. Hori izanen da hekien burlabide Egiptoko lurrean.

 

VIII. KAP.

        1. Turuta izan bedi zure ahoan arranoak bezala Jaunaren etxearen gainean; zeren hautsi baitute enekilako patua, eta hautsi baitute ene legea.

        2. Dei eginen darotade, erranez: Ene Jainkoa, ezagutzen zaitugu, guk, Israelgo umeek.

        3. Israelek arbuiatu du ona; etsaia jarraikiren zaio ondotik.

        4. Berez bere dire erreginatu, eta ez ene bidez; buruzagi egotu dire, eta ez naiz ohartu; beren urhe-zilharretarik egin dituzte idolak, beren hilgarri.

        5. Samaria, lurra jo din hire aratxeak; ene hasarrea biztu da horien gainera. Noiz arteo egonen ahal dire garbitu gabe?

        6. Israelen ganikako asmua da idola hori; ofizialeak egina da, eta ez da Jainko; ezen Samariako aratxea armiarma sareen pare izanen da.

        7. Erain dute haizea, bilduko dute phesia: ogi lasto bat han ez da xutik izanen; bihiak ez du irinik emanen; eta ematen badu, arrotzek janen dute.

        8. Israel iretsia da; orai jendaien erdian egina da untzi lohi bat bezala.

        9. Ezen goan dire, Asurren gana bakharrik bizi den basasto haren gana: Efraimek sariak eman diozkate bere galaiei.

        10. Bainan noiz-ere saritan erakharri baitituzte jendaiak, bilduko ditut orai, eta aphur batentzak khenduko diotet erregeren eta buruzagien zerga.

        11. Alabainan Efraimek orotan altxatu ditu bekhatu egiteko aldareak; aldare hekiek hobenetan jazarriak zaizko.

        12. Hekientzat iskribatu ditut asko lege, zeinei begiratu baitiote bertzeentzat balire bezala.

        13. Eskainiko dituzte bitimak, imolatuko eta janen haragiak, eta Jaunak ez ditu onhetsiren hekien sakrifizioak; orai orhoituren da hekien tzarkeriaz, eta ikharturen ditu hekien bekhatuak; hekiek Egiptora bihurturen dire.

        14. Israelek ahantzi du bere egilea, eta altxatu dute tenploak; eta Juda haritu da asko hiriren hazkartzen. Eta nik igorriren dut sua haren hirietara; eta suak iretsiko ditu Israelen etxeak.

 

IX. KAP.

        1. Ez boz, Israel; ez jauz populuak bezala; zeren lohikeriak urrundu baitzaitu zure Jainkoaren ganik; sariaren irritsak erabili zaitu, zure larrainak gaindituren zirelakoan ogiz.

        2. Larrainak eta lakoak ez dituzte haziko, eta getur eginen diote arnoak.

        3. Ez dire Jaunaren lurrean egonen: Egiptora itzuli da Efraim; eta Asiriarren erdian janen ditu haragi lohiak.

        4. Jaunari ez diote arnozko libazionerik eginen, eta ez dire haren gogarako izanen; hekien sakrifizioak izanen dire deithorazaleen ogia iduri; hartarik janen duten guziak khutsutan sarthuko baitire; ezen bizitzeko dute beren ogia eta hartarik ez da Jaunaren etxean sarthuren.

        5. Zer eginen duzue besta-buru egunean, Jaunaren besta-egunean?

        6. Ezen huna non desmasiaren ihes goan diren; Egiptoak bilduko ditu, Menphisek ehortziko; hain lehiagarri zitzaioten zilharra, hausinentzat geldituren da; kharlotxak nausituren dire hekien etxeetan.

        7. Ethorri dire ikharpeneko egunak; sari bihurtzeko egunak ethorri dire. Jakizu, oi Israel, zoratuak direla zure profetak, burutik jauziak zure gizon argituak, zure tzarkerien elemenia gatik eta zure erhokeriaren gaiztasunagatik.

        8. Profetak Efraimen ene Jainkoaren begiralari izan behar zitazkeenean, galpeneko arte bilhakatu dire hango bide guzietan, erhokeriara hizitagarri beren jainkoaren tenploan.

        9. Bekhatu latzera erori dire, Gabaako egunetan bezala: hekien tzarkeriaz orhoituren da Jauna; ikharturen ditu hekien bekhatuak.

        10. Aurkhitu nuen Israel hala-nola mahatsak mortuan, hala-nola lehenbiziko fruituak pikoaren adar-mokoetan; hekiek ordean Beelphegorren gana goan dire; ene ganik atzetu dire beren ahalkamendutan, eta hatsgarri egin dire, maithatu dituzten gauzak bezala.

        11. Efraimen ospea goan da xori bat hegaldaka bezala; galdu da sorthu bezain laster, amaren sabeletik, sabelean gatzatu denetik:

        12. Eta beren umeak hazi balituzte ere, haurrik gabe ezarriren ditut gizonen erdian; eta oraino zorigaitz hekiei, hekien ganik gibelatu naitekeenean.

        13. Efraim zen, ikhusi dudan bezala, Tir bigarrena, bere edertasunaren gainean jarria; eta Efraimek eramanen ditu bere semeak hilen dituenaren eskuetara.

        14. Emozute, Jauna. Zer emanen daroezu? Emotzute ume-untzia haurrik gabe, eta bulhar agorrak.

        15. Galgalan agertu da hekien tzartasun guzia; hargatik han hartu ditut gaitzirizkotan; beren asmuetako maltzurkeriaren gatik, iraiziren ditut ene etxetik; ez ditut gehiago maithaturen; hekien buruzagi guziak ene ganik gibelatzen hari dire.

        16. Joa da Efraim; ihartua da hekien erroa; ez du gehiago fruiturik emanen. Ekhar baletzate ere, hil netzazke hekien sabeleko fruitu maiteenak.

        17. Ene Jainkoak iraiziren ditu, zeren ez duten entzun; eta jendaien erdian ibildaun dire izanen.

 

X. KAP.

        1. Aihen ederretako mahasti bat zen Israel; adarren bardin, bethetzen zen mahatsez; bere fruituketa gaitzaren arabera, bethe da aldarez; bere lurreko goritasunaren neurrira, goritu da jainkomoldez.

        2. Erdizkatua da hekien bihotza; orai dire galduko. Jaunak xehakaturen ditu hekien jainkomoldeak; eragotziren ditu hekien aldareak.

        3. Orai erranen dute: Erregerik ez dugu; ez gare ezen Jaunaren beldur izatu; eta zer eginen daroku errege batek?

        4. Erabil zatzue ikhuspen alfer batzuetako solasak, eta patuak jo zatzue: Jaunaren juiamendua zuen landetako hildoetan ilkhiko da belhar kharatsa bezala.

        5. Samariarrek adoratu dute Bethabengo behia; populua nigarrez gelditu da bere behiaren minez, zeren haren ganik bertzetara duten eraman behi hura, zeinaren gainean bozten baitziren haren zaintzaileak, harek zuen ospea gatik.

        6. Ezen Asiriara eramana izan da hura, errege aspertzaileari emaitzetan; ahalkeak atzemanen du Efraim, eta Israelek ahalke gorria atheraturen du bere nahikerietarik.

        7. Samariak suntsiarazi du bere erregea, harrapoa uraren gainean bezala.

        8. Eta xahutuak izanen dire idolentzateko lekhu gorak, Israelen bekhatua. Kharlotxak eta astakharloak iganen dire hekien aldare gainetan, eta berek erranen diote mendiei: Estal gaitzatzue; eta munhoei: Eror zaitezte gure gainera.

        9. Gabaako egunetarik, bekhatuan ibili da Israel; han gelditu dire: ez da, Gabaan egin zen bezala, gudua eroriko tzarkeriako umeen gainera.

        10. Azurriaturen ditut ene lehien arabera; populuak bilduko dire hekien kontra, noiz-etare azurriatuak izanen baitire beren bi gaixtakerien gatik.

        11. Efraim da miga bat jakinki bihi jotzen lakhet duena; eta nik eskua ezarri dut haren lepho ederraren gainean; iganen naiz Efraimen gainera; Juda iraultzen hariko da, eta Jakob mokhor jotzen.

        12. Zuzenbidean egizkitzue zuen eraintzak, eta urrikalpeneko bidean zuen uztak; aphain zatzue zuen lur berriak; aldiz Jaunaren bilhatzeko ordua izanen da, zuzentasuna irakhatsiko darotzuena ethorriren denean.

        13. Lanthu duzue tzartasuna, bildu duzue tzarkeria; jan duzue gezurraren fruitua; zeren fidatu baitzarete zuen bideetan, zuen gerlarien ostearen gainean.

        14. Biahorea jauziko da zure populuaren erdian, eta xahutuak izanen dire zure hazkargailu guziak, hala-nola xahutua izan baitzen Salmana hainaren armadaz, zeina aspertu baitzen Baalez guduko egunean, ama bere umeen gainean zathikatu zuenean.

        15. Horrela eginen darotzuete Bethelek zuen gaixtakerien tzartasunaren ariaz.

 

XI. KAP.

        1. Nola iragaiten baita goiza, hala iraganen da Israelgo errege. Haurra zen Israel, eta maithatu izan dut; eta Egiptotik deithu dut ene semea.

        2. Zenbatenaz deitzen, hanbatenaz urruntzen ziren; Baali imolatzen eta jainkomoldeei sakrifikatzen zuten.

        3. Eta ni Efraimen unhidaita bezala nintzen; ene besoetan erabiltzen nituen, eta ez dute ezagutu nik nuela hekiez artha.

        4. Ene gana biltzen nituen Adamen lokharriez, amodioaren estekez, eta ni hekientzat izatu naiz ustarria eta ahotik muthurrekoa khentzen duena bezala; eta makhurtu naiz hekiei jatera emateko.

        5. Ez dire Egiptoko lurrera bihurturen, eta Asur bera izanen dute errege; zeren ez duten nahi izan ene ganat itzuli.

        6. Ezpata abiatu da hekien hirietan; iretsiko ditu hekien gizon hautak, eta xahutuko hekien buruzagiak.

        7. Ene populua ene itzulpenari begira egonen zaio; bainan guziei batean gainera ezarria izanen zaiote uztarri bat, kendua izanen etzaiotena.

        8. Nola ezarriren zaitut, Efraim? ene gerizaren azpira harturen othe zaitut, Israel? Ezarriren othe zaitut hala-nola Adama? emanen othe Seboin bezala? Ene bihotza urrikitu da ene baithan, ene urrikalkortasuna ere iharrosia da.

        9. Ez dut eginen ene hasarrearen irakiduraren arabera; ez naiz bihurturen Efraimen galtzera, Jainkoa naizelakoz eta ez gizona; ni naiz zure erdian egotu saindua, eta ez naiz hirira sarthuren.

        10. Jaunaren ondotik ibiliren dire; Jaunak, lehoinak bezala orroa eginen du; berak eginen du orroa, eta itsasoaren semeak lastuko dire.

        11. Xoria bezala Egiptotik, eta usoa bezala Asiriarren lurretik hegaldaka dire goanen; eta beren etxeetan ezarriren ditut, dio Jaunak.

        12. Efraimek ukhoak, Israelek zimarkhuak ezarri dituzte ene inguruan; Juda ordean, lekhuko zin gelditu da Jainkoaren eta haren sainduen aitzinean.

 

XII. KAP.

        1. Haizez hazten da Efraim, eta beroari darraikio; egun guzian gezurrak eta desmasiak ditu murrukatzen; Asiriarrekin patu egin du, eta Egiptora eramaten zuen olioa.

        2. Jauna juiamendutan sartzera dihoa beraz Judarekin, eta Jakoben gainean bere ikharpenaren egitera: bihurturen dio bere bide eta bere asmuen arabera.

        3. Sortzetik bere anaiari hartu zioen urhatsa; eta bere indarraz aingeruari borrokan egin zioen.

        4. Eta aingeruari nausitu zitzaion, eta gaina hartu zioen: gero nigar egin zuen eta oithoiztu zuen benedika zezan: Bethelen aurkhitu zuen, eta han mintzatu zen gurekin.

        5. Eta armadetako Jainko Jauna izan zen geroztik haren orhoitzapeneko Jauna.

        6. Eta zu, itzul zaite zure Jainkoa gana; begira zatzu urrikalkortasuna eta zuzentasuna, eta idukazu bethi zure pheskiza zure Jainkoaren baithan.

        7. Kanaanek eskuan enganatzeko balantza daduka; bidegabekerian da lakhet.

        8. Eta Efraimek erran izan du: Ororen gatik aberastu naiz ni, atzeman dut nahi nuen idola: ene lan guzietan ez da aurkhituren nik egin dudalako tzarkeria bat.

        9. Eta ni naiz zure Jainko Jauna, Egiptoko lurretik atheratu zaitudana; jarraraziren zaitut oraino etxolen itzalean, tabernakletako besta-egunetan bezala.

        10. Eta ni mintzatu izan naiz profetei, eta nik igorri daroztet ikhuspen asko, eta nik erakhutsi dut ene burua profeten bidez.

        11. Galaadeko idola, idola alfer bat balin bazen, alferretan hari ziren Galgalako idiei imolatzen; ezen hekien aldareak ere dire hala-nola harri-metak landetako hildoen gainean.

        12. Jakobek ihes egin izan du Siriako aurkhintzara, eta Israel egotu da sehi emazte baten izateko; eta ardi zaintzen bertzearen izateko.

        13. Aldiz, profeta baten bidez Jainkoak atheratu du Israel Egiptotik; eta profeta baten bidez zaindu izan du.

        14. Efraimek hasarretzera ekharri nau eman darozkidan uherdurez; eta gainera jautsiko zaio ixuri duen odola, eta bere Jaunak bihurturen dio bere laidoa.

 

XIII. KAP.

        1. Efraimien solasera, lazturak hartu du Israel, eta Baalen baithan egin du bekhatu, eta hil izan da.

        2. Eta orai bekhatua bekhatuaren gainera egin dute, eta beren zilharrarekin urthu dute idolen itxurako molde bat, guzia ofizialeen lana: eta populuari erraten diote: Aratxe-adoratzaileak, imola zatzue gizonak.

        3. Hargatik izanen dire goizeko lanhoaren eta goizean suntsitzen den ihintzaren iduriko; xirimolak larrainetik eramaten duen herrautsaren, eta khezilhotik daraman khearen pare.

        4. Ni naiz ordean zure Jainko Jauna, Egiptoko lurretik atheratu zaitudana; eta nitaz bertze Jainkorik ez duzu ezaguturen, eta salbatzailerik nitaz landan ez da.

        5. Nik ezagutu zaitut mortuan, eremuko lurrean.

        6. Beren alhapidetako goritasunaren arabera bethe dire, eta ase dire; eta hartu zaiote bihotza, eta ahantzi naute.

        7. Eta ni izanen natzaiote lehoin urrixa bezala, Asiriako bidean lehoinabarra iduri.

        8. Goanen natzaiote, umeak galdu dituen hartz ama iduri; eta phorroskaturen diozkatet gibel-erraiak; eta iretsiren ditut lehoinak bezala, eta basabereek zathikaturen dituzte.

        9. Zure galtzea, Israel, zerorren ganik dathor; bakharrik ene baithan da zure laguntza.

        10. Non da zure errege? garaitiarki orai zure hiri guziekin salba bezaitza; non dire zure juieak, zeinetaz erran baituzu: Errege bat eta aitzindariak igutzu?

        11. Errege bat emanen darotzut ene sephan, eta khenduko darotzut ene gaitziduran.

        12. Efraimen gaixtakeriak lokharriz batean bilduak eta haren bekhatuak altxatuak dire.

        13. Erditzen hari denaren minak ethorriren zaizko: haur bat da zuhurtzia gabea; orai ezik ez du iraunen bere umeen sarraskiaren erdian.

        14. Herioaren eskutik atheraturen ditut; heriotzetik berrerosiren ditut. Oi herioa, ni izanen nauk hire heriotzea; oi ifernua, ni izanen nauk hire asikia: bainan gozakaria oraino ene begietarik gordea dago.

        15. Ezen berak berezten ditu anaiak beren artean. Jaunak erakharriren du, mortutik izanen den haize erregarria; eta idorturen ditu haren zainak eta agorturen haren ithurriak, eta berak larruturen du haren untzi balios guzien bildegia.

 

XIV. KAP.

        1. Honda bedi Samaria, zeren uhertzera ekharri duen bere Jainkoa; ezpatatik goan beitez Samariarrak, lehertuak izan beitez hekien haur xumeak, eta urratuak emazte izorrak.

        2. Oi Israel, bihur zaite zure Jainko Jaunaren gana, zure tzarkeriak erorrarazi zaituenaz geroztik.

        3. Eremotzue zuen hitzak, bihur zaitezte Jaunaren gana eta errozue: Ezezta zazu gaizkia oro, onhets ongia, eta guk bihurturen darozkitzugu aratxeak, gure ezpainetako eskainuak.

        4. Asurrek ez gaitu salbaturen, zaldien gainera ez gare izanen, eta ez dugu erranen gehiago: Gure eskuetako lanak dire gure jainkoak; zeren urrikalduren baitzare zuri diagozun umezurtzari.

        5. Sendaturen ditut horien sakhiak, ene ariatik maithaturen ditut; ezen horien gainetik aldaratu da ene hasarrea.

        6. Ni izanen naiz hala-nola ihintza; Israel hostaturen da lilia iduri, eta haren errotik gandoa altxaturen da Libangoak bezala.

        7. Goraturen dire haren adarrak, haren edertasuna izanen da olibondoarena iduri, eta haren usaina Libangoa bezala.

        8. Bihurturen dire eta ene itzalean jarriko; ogiz biziko eta mahats-ondoa bezala aihendaturen dire, eta haren izena izanen da Libango arnoaren pare.

        9. Efraimek erranen du: Gaurgeroz zer dut idolekin ikhusteko? Eta nik entzunen dut, eta nik handiaraziren dut hostatzen den izaia bezala; ene ganik ilkhiren da zure fruitua.

        10. Nor da zuhur, eta nork solas haukiek adituko ditu? nork du adigarria, eta haukiek jakinen ditu? Alabainan zuzenak dire Jaunaren bideak, eta hekietarik dabiltza prestuak; lege-hausteak aldiz, hekietan eroriko dire.

 

aurrekoa hurrengoa