www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

MIKEASEN PROFEZIA

 

I. KAP.

        1. Mikeas Morasthiarrari Jaunak egin solasa, Judako errege Joathamen eta Akazen eta Ezekiasen egunetan; Mikeasek izatu ikhuspena Samariaren eta Jerusalemeren gainean.

        2. Adi zazue populu guziek, eta atzarriak egon beitez lurra eta hartan direnak oro; eta Jainko Jauna zuen kontra lekhuko izan bedi, Jauna bere tenplo saindutik.

        3. Ezen huna bere lekhutik ilkhitzera dihoala Jauna; eta jautsiren da, eta oina ezarriren du lurreko bizkar guzien gainean.

        4. Eta haren azpian ezeztaturen dire mendiak, eta haranak urthuren ezkoa suaren aitzinean bezala, eta zurrunbilora jausten diren urak bezala.

        5. Jakoben gaixtakeriaren eta Israelen bekhatuen gatik gerthatuko da hori guzia. Zer da Jakoben tzarkeria? ez othe da Samaria? eta nondik dathortzi Judako lekhu gorak? ez othe Jerusalemdik?,

        6. Eta ezarriren dut Samaria hala-nola landan harri murru bat mahastia landatzean; eta haranera anbilduren ditut hartako harriak, eta agerturen ditut haren asentuak.

        7. Zathikatuak izanen dire haren jainkomoldeak, eta haren irabaziak oro suz erreak izanen dire, eta herrausturen ditut haren idola guziak; zeren lilitxo-sarietarik bilduak baitire, eta lilitxo-saritara baitire bihurturen.

        8. Horren gainean naiz deithoraturen eta orrobiaz egonen; goanen naiz biluz eta has; uhuria eginen dut erainsugeak bezala, eta karranka ostrukak bezala;

        9. Zeren etsitua baita haren zauria, zeren ethorri baita Judaraino, jo baitu ene populuaren athea Jerusalemeraino.

        10. Jetherat ez hel berria; ez egin marraskaka nigarrik. Herrautsaren etxean herrautsez estal zaitezte.

        11. Lekhu ederreko egoiliarrak, zoazte laidoz estaliak; ez da atheratu ilkhibidean dagoena; hauzoko etxeak, bere hazkartasunak xutik dadukanak, zuetarik harturen ditu deithore-ariak;

        12. Zeren onerako ezindua baita uherduretan bizi dena, Jauna ganik Jerusalemgo atheetara jautsi delakoz gaitza.

        13. Orga-lasterren harramantzak laztu du Lakiseko egoiliarra: hi haiz Siongo alabaren bekhatuaren ithurburua, ezen hire baithan aurkhitu dire Israelen tzarkeriak.

        14. Hargatik Jethen primantzara igorriren ditu bidalkinak; gezurrezko etxea izanen da Israelgo erregeen enganagarri.

        15. Maresan hagoena, ondore bat igorriren derainat oraino; Odolamera helduren da Israelgo ospea.

        16. Khartzoil eta murritz hadi hire bihotzeko haur maiteen ariaz; biphil hadi arranoa bezala, gathibu eramanak direlakoz hire ganik.

 

II. KAP.

        1. Zorigaitz hutsalkeriako gogoetak erabiltzen, eta zuen oheetan asmu gaixtoak egiten ditutzuenei! Goiz-goizetik obratzen dituzte, zeren hekien eskua Jainkoaren kontra goititua baita.

        2. Eta lehiatu dituzte landak, bortxaka hartu dituzte, eta ebatsi dituzte etxeak; gezurrez beltzatzen zuten gizon bat, haren etxearen irritsean; bertze bat berriz, haren lurren lehian.

        3. Aria hortaz hau dio Jaunak: Huna non jendaki horrentzat gaitza derabilkadan burutan; hartarik ez ditutzue zuen lephoak itzuriko, eta etzarete burgoirik ibiliko, latzegia izanen baita denbora.

        4. Orduan errankizun bat atheratuko dute zuen gainean, eta gozoki kantatuko dute kantu hau: Desmasiaz gare xahutuak; ene populuaren zathia bertze batzuetara da aldatua: nola urrunduren da ene ganik, gibelerat heldu denaz geroztik gure eremuen zathitzailea?

        5. Horren gatik ez da gehiago zuetan izanen zortheko haria hedatuko duenik Jaunaren baldarnan.

        6. Ez bezaitezte mintza, erranez: Ez da haukien gainera jautsiko zorigaitza, ahalkea etzaiote iratxikiko.

        7. Jakoben etxeak dio: Laburtua othe da Jaunaren izpiritua, edo horrelakoak othe dire haren asmuak? Ene hitzak ez othe dire onak zuzen dabilanarekin?

        8. Eta aitzitik ene populua zeiherrera jaiki da; athorraz bertzalde, kapa ere khendu diozue beharrari, eta perla eman diozuete beren bidean iragaiten zirenei.

        9. Beren atseginezko etxeetarik iraizi ditutzue ene populuko emaztekiak; hekien haurttoen ahotik bethiko khendu duzue ene laudorioa.

        10. Jaiki, zoazte, zeren ez baitukezue phausurik lur huntan, zeren bere lohitasunaren ariaz andeaturen baita usteldura izigarrienaz.

        11. Oxala izpiritugabeko gizon bat banintz, eta gezurrak balire ene erranak! Zuen gainera ixuriko dut kharastasuneko arnoa, eta hordiaraziren zaituztet; eta haina hura zeinaren gainera ixuriko baita, populu hau izanen da.

        12. Guzia batera bilduko zaitut, Jakob; moltzora bilduko ditut Israelgo ondarrak; batean ezarriko dut ene populua ardi-bordan bezala, arthaldea hespilen erdian bezala; gizonen ostearen handiz, harramaskan egonen dire.

        13. Ezen hekien aitzinean izanen da bide-idekitzailea; moltzoka ethorriko dire eta athetik sarthuko; eta hekien errege hekien aitzinean iraganen da, eta hekien buruan izanen da Jauna.

 

III. KAP.

        1. Eta erran dut: Adi zazue Jakoben buruzagiek eta Israelen etxeko aitzindariek: Ez othe dagokizue zuei zer den zuzen jakitea,

        2. Ongia gaitzets eta gaizkia maite duzuenak; beharrei bortxaka larrua bizkarretik eta haragia hezurren gainetik khentzen duzuenak?

        3. Horiek jan dute ene populuaren haragia, eta khendu diote soinetik larrua; eta hautsi diozkate hezurrak; eta xehakatu dituzte duphinarako bezala; eta haragia eltzerako bezala.

        4. Egun batez eginen diote Jaunari oihu, eta ez ditu entzunen; eta orduan gordeko diote bere begithartea, tzarki beren asinuetan ibili diren bezala.

        5. Hau dio Jaunak profeta hainen gainean, zeinek enganatzen baitute ene populua; zeinek hortzez asikitzen baitute, eta bakea erantzuten; eta norbaitek ez badiote ahora zerbait arthikitzen, haren kontra sainduesten dute gudua.

        6. Hargatik gaua izanen da zuentzat ikhuspen, eta ilhunbeak zuentzat asmakari; eta profeta horien gainera itsuturen da iguzkia, eta horien gainera ilhunduren eguna.

        7. Eta ahalketara eroriko dire ikhuspen ikhusleak, eta ahalketara goanen dire asmaginak; eta orok estaliren dituzte begitharteak, zeren ez baitiote ihardetsiren Jaunak.

        8. Ni ordean bethea naiz Jaunaren izpirituaren indarraz, adigarriz eta ahalez, Jakobi erantzuteko bere gaizkia eta Israeli bere bekhatua.

        9. Hau adi zazue, Jakoben etxeko buruzagiak eta Israelen etxeko juieak; zeren gaitzets baituzue zuzentasuna, eta eragozten baititutzue zuzenak oro.

        10. Odolez altxatzen duzue Sion, eta gaixtakeriaz Jerusaleme.

        11. Horgo aitzindariek emaitza truk atheratzen dituzte beren erabakiak, aphezek saritan beren irakhaspenak, profetek dirutan beren asmagintzak; eta gero Jaunaren gainean daudezi, derratelarik: Jauna ez othe da gure erdian? Ez da gure gainera asturugaitzik ethorriko.

        12. Horren gatik eta zuen tzarkerien gatik, irauliren da Sion landa bat bezala, eta harri murru bat iduri izanen da Jerusaleme, eta oihan gora bat tenploko mendia.

 

IV. KAP.

        1. Eta azken egunetan Jaunaren etxeko mendia izanen da mendi-kaskoen gainean xuxendua, eta munhoetarik gorago; eta populuak fharrastan ethorriren dire harat.

        2. Eta asko jendaki lehiaka dire ethorriren, eta erranen dute: Zatozte, igan gaitezen Jaunaren mendira eta Jakoben Jainkoaren etxera; eta irakhatsiren darozkigu bere bideak, eta haren bidexketan gare ibiliren; zeren Siondik ilkhiko baita legea, era Jerusalemdik Jaunaren hitza.

        3. Populu hainitzen artean emanen ditu bere erabakiak, eta lekhu urrunenetaraino azurriaturen ditu jendaiak; eta golde egiteko hautsiren dituzte beren ezpatak eta pikotx egiteko beren lantzak; jendaiak jendaiaren kontra ez du gehiago harturen ezpata, eta ez dire guduka ikhasten hariko.

        4. Eta gizona bere mahats-ondoaren eta bere pikoaren azpian jarririk egonen da, eta nihor etzaio izialdura ematera ethorriko; ezen armadetako Jaunaren ahoa da mintzatu.

        5. Populu guziak ibil beitez, zein bere Jainkoaren izenean; gu aldiz, gure Jainko Jaunaren izenean ibiliko gare menderen mendetan, eta handik harat.

        6. Egun hartan, dio Jaunak, bilduko dut mainguka zabilana, eta ene ganat hartuko dut iraizi eta hestutu nuena.

        7. Eta ondarrekin ezarriko dut mainguka zabilana; eta jendaki hazkar batekin behartua zena, eta Jauna erreginaturen da hekien gainean Siongo mendian oraidanik eta bethi guziraino.

        8. Eta zu, Arthaldeko dorre hedoitsua, Siongo alaba, zutaraino ethorriren da; eta ethorriren da lehenbiziko botherea, Jerusalemgo alabaren erreginatasuna.

        9. Orai zergatik bihotzminak hari zaitu hiratzen? ala ez duzu erregerik, ala galdu othe da zure kontseilaria, ezen lothu zaitzu oinhazea erditzen hari denari bezala?

        10. Erditzen hari denak bezala egizu intzirina eta zalaparta, Siongo alaba, zeren orai baitzare hiritik ilkhiren, eta atze-herritan egonen zare, eta Babilonaraino joko duzu; han izanen zare libratua, han zure etsaien eskuetarik berrerosiren zaitu Jaunak.

        11. Eta orai asko jendaia dire zure kontra bilduak, zeinek baiterrate: Harrikatua izan bedi, eta gure begiak begira beza Siongo barneetara.

        12. Bainan hekiek ez dituzte ezagutu Jaunaren asmuak, ez dute ardietsi haren xedea, ezen bildu ditu lastoa larrainera bezala.

        13. Jaiki, Siongo alaba; abia zaite xehakatzen; ezen eginen dut burdinaz zure adarra, eta kobrez zure behatzak; eta porroskaturen ditutzu asko populu, eta Jaunari imolaturen diozkatzu hekien harrapakinak, eta hekien onak sainduetsiren diozkatzu lur guziko Jaunari.

 

V. KAP.

        1. Orai xahutzera zaramatzate, ohoin-alaba; sethioa ezarri dute gure kontra, eta zigorraz mazelan joko dute Israelgo juiea.

        2. Eta zu, Bethlehem Efrata, xumetto zare Judako milen artean; zutarik atheraturen da Israelen jaun izanen dena; eta haren ilkhipena dathor hatsarritik eta egundainoko mendeetarik.

        3. Hargatik utziko da Juda bazterrerat, amatzekoa dena ama dadien arteo; eta orduan haren anaia ondarrak bihurturen dire Israelgo umeen gana.

        4. Eta sendo da egonen, eta alhaturen du bere arthaldea Jaunaren indarrarekin, bere Jainko Jaunaren izenaren ahal handiarekin; eta oro itzuliren dire, zeren orduan handietsia izanen baita lurraren bazterretaraino.

        5. Eta hura izanen da bakea. Asiriarra ethorriko denean gure lurrera, eta haren oinak zaphatuko dituenean gure etxe barneak, haren kontra eraikiren ditugu zazpi artzain eta zortzi aitzindari.

        6. Eta ezpatarekin hotsemanen daroete Asurren lurrari, eta lantzekin Nemroden lurrari; eta Asurren ganik libraturen gaitu, hura gure lurrera ethorriko denean, eta gure eremuak oinkatuko dituenean.

        7. Eta Jakoben ondarrak bainitz populuren erdian izanen dire, hala-nola Jauna ganikako ihintza, eta ur-nigarra belharrean bezala, zeina ez baitago gizonaren iguriki ez-eta gizasemeen goait.

        8. Eta Jakoben ondarrak jendaietan eta populu guzien erdian izanen dire hala-nola lehoma oihanetako abereen erdian, hala-nola ardi-arthaldeetan lehoinkumea, zeinari nihork ez baitio puska khenduko iraganen denean, oinkatuko eta harrapatuko duenean.

        9. Zure eskua goitituren da zure etsaien gainera, eta hilen dire zure etsai guziak.

        10. Eta hau gerthaturen da egun hartan, dio Jaunak: Zure zaldiak khenduko ditut zure erditik, eta xehakatuko ditut zure orga-lasterrak.

        11. Eta xahutuko ditut zure lurreko hiriak, eta urratuko ditut zure hazkargailuak oro; gaizkinkeriak khenduko ditut zure eskutik, eta aztirik ez da gehiago izanen zure baithan.

        12. Zure jainkomoldeak eta idolak galaraziren ditut zure erditik, eta ez duzu gehiago adoraturen zure eskuetako lanik.

        13. Eta zure lukuak atheraturen ditut zure erditik, eta herrausturen ditut zure hiriak.

        14. Eta ene hasarre gaitziduretan, asperkundea eginen dut entzun ez nauten jendaki guzien gainean.

 

VI. KAP.

        1. Adi zazue zer dion Jaunak: Jaiki zaite, eta zuzenaren aldea ihardukazu mendien kontra, eta munhoek adi bezate zure mintzoa.

        2. Mendiek eta lurraren asentu hazkarrek adi bezate Jaunaren xuripena, ezen Jaunaren xuritzekoa xuritzera doha populuarekin eta Israelekin.

        3. Ene populua, zer egin darotzut, edo zertan izan natzaitzu jasangaitz? ihardets dizadazu.

        4. Zeren atheratu zaitudan Egiptoko lurretik eta libratu gathibu-etxetik, eta zure aitzinean igorri ditudan Moise, Aaron eta Maria?

        5. Ene populua, orhoit zaite othoi nolako asmutan zabilan Balak Moabeko errege, eta zer ihardetsi zaroen Balaamek, Beorren semeak, Sethimdik Galgalaraino, eta ezagutazu Jaunaren zuzentasuna.

        6. Zer eskainiren diot Jaunari haren dina denik? Jainko guziz goraren aitzinean joko dut belhaunaz lurra? eskainiren othe diozkat holokaustak eta aratxe urthumeak?

        7. Jabalaraz othe daiteke Jauna mila aharirekin, edo asko mila akher gizendurekin? emanen othe dut ene tzarkeriarentzat ene seme lehena, ene arimako bekhatuarentzat ene sabeleko fruitua?

        8. Oi gizona, erakhutsiren darotzut zer den on, eta zer galdegiten duen Jaunak zu ganik: zuzenari bere bidea ematea, urrikalkortasuna maithatzea, eta zure Jainkoaren larderiarekin haren aitzinean ibiltzea.

        9. Jaunaren ahoa hiriari oihuz dagoko; eta salbatzea, zure izenaren beldur direnentzat izanen da. Adi zazue, leinuak; bainan nork onhetsiren du solas hori?

        10. Tzarkeriak bildu diruak gaixtaginaren etxean daude oraino su bat iduri, eta neurri txarregia Jaunaren hasarrez bethea dago.

        11. Nik garbi atheraturen othe ditut balantza tzarrak eta zakhuko phisu enganiozkoak?

        12. Hekien bidez bethe dire tzarkeriaz hiri hortako aberatsak, eta gezurra zerasaten horgo egoiliarrek eta mihi jokotriatsua zuten beren ahoan.

        13. Eta ni beraz abiatu natzain galpenez jotzen hire bekhatuen ariaz.

        14. Janen dun, eta ez haiz aseko; hire beheramendua hire erdian izanen dun; lothuko haiz gauzari, eta ez dun salbaturen; eta salbatuko ditunanak, ezpatari arthikiren zioizkinat.

        15. Erainen dun, eta ez bilduko; leherturen ditun olibak, eta ez haiz olioz gantzutuko; limurreta eginen dun, eta arnorik ez edanen.

        16. Begiratu ditutzue Amriren manamenduak eta Akaben etxearen egintzak oro, eta ibili zarete hekien gogara, nik xahupenera arthik hezadan eta hitako egoiliarrak ezar detzadan guzien irrigarri; eta jasanen dun ene populuaren laidoa.

 

VII. KAP.

        1. Zorigaitz niri! Zeren naizen egin hala-nola udazkenean mahasketa dabilana, mahastiak bildu diren ondoan molkho bat ez da jateko, eta alferretan piko goiztiarrez gutiziatu da ene arima.

        2. Saindua lurretik galdu da; gizonetan zuzenik ez da; guziak odolaren ixurtzeko zelatetan dabiltza; heriotzearen emateko, gizonak ihiztatzen du bere anaia.

        3. Ontzat deitzen dute berek egin gaizkia; galdea du buruzagiak ahoan, eta sariari begira dago juiea; handiek goraki derrate beren arimako lehia, eta nahasten dute lurra.

        4. Horietarik hobeena elhorria bezala da, eta zuzenenak iduri du berroko arrantzea. Heldu da bilhatuak izanen zareten eguna, ikhartuak izanen zaretena; orduan izanen da horien desmasia.

        5. Sinhesterik ez har adiskidearen baithan, ez fida aitzindariari; zure ahoa tapatua idukazu zure sahetsean lo egiten duen emaztearentzat ere.

        6. Ezen semeak aitari eginen dio laido, alaba jaikiko da amaren kontra, erreina amaginarrebaren kontra, gizonak bere etxekoak izanen ditu etsai.

        7. Nik ordean Jaunari diot begiraturen, ene Jainko salbagarria dut igurikiren, ene Jainkoak nau entzunen.

        8. Ene etsaia, erori naizelakoz ez boz ene gainean; jaikiko naiz, eta ilhunbeetan jarriko naizenean, Jauna izanen da ene argia.

        9. Bekhatu egin dudalakoz Jaunaren kontra jasanen dut haren hasarrea, juia dezan arteo ene ikhustekoa, eta ene zuzenari bide eman diozon arteo; atheraturen nau argira, ikhusiren dut haren justizia.

        10. Eta begiraturen du ene etsaiak, eta ahalkez da estaliren, niri derrana: Non da hire Jainko Jauna? Ene begiek ikhusiren dute ene etsaia lurrean orduan oin-petan izanen da, karriketako lohia iduri.

        11. Badathor eguna, zure harrasi urratuen goititzekoa; egun hartan urrun iraiziren da arrotzaren legea.

        12. Egun hartan Asurdik ethorriren zaizkitzu zure umeak; ethorriren dire hiri hazkartuetara, eta hiri hazkartuetarik hibairaino, eta itsasotik itsasora, eta menditik mendira.

        13. Eta lurra desmasian izanen da han daudezenen ariaz eta hekien asmu tzarren gatik.

        14. Jauna, zure zaharoarekin alha zazu zure populua, zure primantzako arthaldea, bakharrik oihanean, Karmelen erdian egoten dena; Basanen eta Galaaden alhaturen da beihalako egunetan bezala.

        15. Egiptoko lurretik ilkhi zinen egunean bezala, sendagailak erakhutsiren diozkat ene populuari.

        16. Jendaiek ikhusiren dute, eta ahalketara eroriko dire haren indarraren handitasunaz; eskua ezarriren dute ahoaren gainean, eta gor izanen dire hekien beharriak.

        17. Sugeek bezala milikaturen dute herrautsa, lurreko zierpeak bezala asaldaturen dire beren egoitzetan; ikharaturen ditu gure Jainko Jaunak, eta zure beldurrez egonen dire.

        18. Nor da zure idurikorik, oi Jainkoa, zeinak ezeztatzen baituzu gaizkia, eta bazterrerat uzten zure primantzako ondarren bekhatua? Ez du gehiago bidaliren bere hasarrea, zeren urrikaltzea baitu atsegin.

        19. Itzuliren da eta urrikalduren zaiku; bihotzaren gainetik khenduren ditu gure tzarkeriak, eta itsaso-zolara arthikiren ditu gure bekhatuak oro.

        20. Zintasuna emanen diozu Jakobi, urrikalmendua Abrahami, aspaldiko egunetarik gure arbasoei zin egin izan dioten bezala.

 

aurrekoa hurrengoa