www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

MALAKIASEN PROFEZIA

 

I. KAP.

        1. Jaunaren hitzaren sortha Israeli, Malakiasen arartekoz.

        2. Maithatu zaituztet, dio Jaunak; eta zuek erran duzue: Zertan maithatu gaituzu? Esau ez othe zen Jakoben anaia? dio Jaunak, eta Jakob dut maithatu.

        3. Esau berriz, hastio izatu dut, eta haren mendiak ezarri ditut jenderik gabe, eta haren primantza erainsugeen mortutan.

        4. Baldin Idumeak erran baleza: Urratuak dire ene etxeak, bainan itzulirik urratua dena berrituren dut; hau dio armadetako Jaunak: Horiek eginen dute, eta nik deseginen; eta lekhu hori deithuko da tzarkeriako lurra, eta populu hori, Jauna bethikotzat samur duen populua.

        5. Zuen begiek ikhusiren dute, eta zuek erranen duzue: Handietsia izan bedi Jauna Israelgo eremuetan.

        6. Semeak ohoratzen du aita, sehiak bere nausia. Aita ni balin banaiz, non da enetzateko ohorea? eta ni balin banaiz Jauna, non da ene alderako beldurra? dio armadetako Jaunak. Zuei nago, oi aphezak, ene izena erdeinatzen duzuenak, eta derrazuenak: Zertan dugu zure izena erdeinatzen?

        7. Ene aldarearen gainean eskaintzen duzue ogi lohia, eta diozue: Zertaz lohitzen zaitugu? Erraten duzuen hitz huntan: Erdeinatua da Jaunaren mahaina.

        8. Baldin imolatzeko, eskaintzen baduzue itsua, ez othe da gaizki? eta maingua eta eria eskaintzen baditutzue, ez othe da gaizki? Eskaint diozozue hura zuen buruzagiari, hean haren gogarako izanen othe den, edo hean onhetsiko duen zuen begithartea, dio armadetako Jaunak.

        9. Eta orai Jainkoaren begithartea errekei zazue urrikal dadien zuetaz (ezen zuen eskuz egin duzue hori), hean nolazbait onhetsiren dituen zuen begitharteak, dio armadetako Jaunak.

        10. Zuetan zein da urrurik hari denik atheen hersten eta ene aldarean su egiten? Ez da zuekin ene bihotza, dio armadetako Jaunak; eta zuen eskutik ez dut emaitzarik onhetsiren.

        11. Iguzkia ilkhitzen den lekhutik sartzen den tokiraino, ene izena handi da ezen populuen erdian; eta toki orotan ene izenari sakrifikatzen eta eskaintzen da eskaintza xahua, zeren jendaietan handia baita ene izena, dio armadetako Jaunak.

        12. Eta zuek desohoratu duzue hura, derrazuen solas huntaz: Khutsatua da Jaunaren mahaina; eta erdeinagarria da gainean ezartzen zaiona eta hura erretzen duen sua.

        13. Eta erran duzue: Hau gure nekheen saritik da; eta haize egin diozue, dio armadetako Jaunak; eta zuen harrapakeriatik erakharri duzue maingua eta eria, eta eskaintza egin duzue: hura zuen eskutik harturen othe dut nik? dio Jaunak.

        14. Zorigaitz jokotriatsuari, zeinak bere arthaldean azienda ederra izan, eta botu eginez txarra Jaunari imolatzen baitio! Ezen errege handia naiz, dio armadetako Jaunak, eta jendaiei lazgarri zaiote ene izena.

 

II. KAP.

        1. Eta orai, oi aphezak, hau zaitzue gaztiatua:

        2. Ez baduzue entzun nahi, eta ez baduzue zuen bihotzaren gainean ezarri nahi, ene izenari ospe bihurtzea, dio armadetako Jaunak; zuetara igorriren dut beharreria, eta madarikaturen ditut zuen benedizioneak; eta madarikaturen ditut, zeren ez ditutzuen ene hitzak bihotzaren gainean ezarri.

        3. Huna nik arthikiren darotzuedala zuen bitimen sorbalda eta begithartera fharrastaturen zuen bestetako gorotza, eta berekin eramanen zaituztete.

        4. Eta jakinen duzue nik bidali darotzuedala manamendu hau, iraun dezan Lebirekilako ene patuak, dio armadetako Jaunak.

        5. Ene patua harekin, bizitzezko eta bakezko patua izatu da; eta hari eman izan diot beldurkundea, eta beldur izatu da, eta izitzen zen ene izenaren aitzinean.

        6. Lege egiazkoa izatu da haren ahoan, eta tzarkeria ez da haren ezpainetan aurkhitu; bakean eta zuzentasunean ibili da enekin, eta asko aldaratu ditu gaixtakeriatik.

        7. Alabainan aphezaren ezpainek zainduren dute jakitatea, eta haren ahotik bilhaturen da legea, armadetako Jaunaren aingerua delakoz.

        8. Zuek ordean bidetik makhurtu zarete, eta legeaz behaztoparazi ditutzue hainitz; hutsaldu duzue Lebiren patua, dio armadetako Jaunak.

        9. Hargatik nik ere erdeinagarri eta putrus ezarri zaituztet populu guzien aitzinean, ene bideak iduki ez ditutzuen bezala, eta nor-nor-zen begiratu zareten bezala legearen aitzinean.

        10. Ez othe dugu guziek aita bakhar bat? ez othe gare guziak Jainko batek eginak? Zergatik beraz, gure arbasoen patua hautsiz, gutarik bakhotxak erdeinatzen du bere anaia?

        11. Legea hautsi du Judak, eta hatsgarrikeria egina izan da Israelen eta Jerusalemen; ezen Judak khutsatu du Jaunaren sainduespena, Jaunak maite zuena, eta emaztetzat hartu du jainko arrotzaren alaba.

        12. Jaunak Jakoben olhetarik xahuturen du hori egin dukeena, nahiz nausia, nahiz muthila, nahiz armadetako Jaunari eskaintza-egilea.

        13. Eta oraino hau ere egin duzue: Ene aldarea estaltzen zinduten nigarrez, marraskaka eta orroaka, haletan non ez baitiot gehiago begiraturen sakrifizioari, eta ez baitut zuen eskutik onhetsiren jabalgarririk den-gutiena.

        14. Eta erran duzue: Zergatik hori? Zeren Jauna izatu baita lekhuko zure artean eta zure gaztaroko emaztearen artean, eta hura erdeinatu baituzu eta hura baitzen zure lagunkidea eta zure batasuneko emaztea.

        15. Hura eta zu ez othe zaituztete batek egin, eta hura ez othe da haren hatsetik gelditua? Eta egile harek zer galdatzen du bertzerik baizik-ere Jainkoaren umeak? Begira zazue beraz zuen izpiritua, eta ez erdeina zuen gaztaroko emaztea.

        16. Higuintzetan dukezuenean, igorrazue, dio armadetako Jaiuko Jaunak; bainan tzarkeriak estaliko du haren soinekoa, dio armadetako Jaunak; begira zazue zuen izpiritua, eta ez erdeina zuen emazteak.

        17. Zuen solasez jasanarazi diozue Jaunari, eta erran duzue: Zertan jasanarazi diogu? Erraten duzuen solas huntan: Gaizkia egiten duten guziak prestu dire Jaunaren aitzinean, eta halakoak ditu gogarako; edo hala ez bada, non da Jainko juiea?

 

III. KAP.

        1. Huna non igortzen dudan ene aingerua eta ene aitzinean aphainduren du bides, eta berehala bere tenplora ethorriren da zuek bilhatzen duzuen Nausia, eta zuek nahi duzuen batasuneko aingerua. Huna non den heldu, dio armadetako Jaunak.

        2. Eta nork gogoan erabil haren ethortzeko eguna, eta nork jasan haren ikhuspena? Ezen hura da mia urtzen duen sua iduri, eta bolazainen belharra bezala.

        3. Eta jarriko da urtzen eta zilharraren garbitzen, eta garbituren ditu Lebiren semeak, eta iragaziren ditu urhea eta zilharra bezala, eta hekiek Jaunari zuzentasunean hariko zaizko sakrifizio eskaintzen.

        4. Eta Judaren eta Jerusalemeren sakrifizioa Jaunaren gogarako izanen da, hala-nola mendeko egunetan eta beihalako urtheetan.

        5. Eta egun batez ethorriren natzaitzue juiatzera, eta lekhuko zorrotza izanen natzaiote gaizkinei, bertzeen emazteekin khutsatu direnei, eta bidegabe langilearen sariari, alhargun eta umezurtzei egiten, arrotza zaphatzen dutenei, eta ene beldur izan ez direnei, dio armadetako Jaunak.

        6. Ezen ni naiz Jauna, eta ni ez naiz aldatzen; eta zuek, Jakoben umeak, etzarete oraino xahutuak,

        7. Nahiz ene legeetarik urrundu zareten eta ez ditutzuen begiratu zuen arbasoen egunak danik. Bihur zaitezte ene gana, eta ni zuetara bihurturen naiz, dio armadetako Jaunak. Eta erran duzue: Zertan dugu bihurtzeko?

        8. Gizonak Jainkoari irain egin behar othe dio zuek niri egin darotadazuen bezala? Eta erran duzue: Zertan egin darotzugu irain? Hamarrenetan eta pikainetan.

        9. Eta erromeserian madarikatuak izan zarete, eta irainztatu nauzue jendaki guziak.

        10. Hamarrenak ekhar zatzue guziak bihitegira, eta jatekoa izan bedi ene etxean, eta gero froga nezazue, dio Jaunak, hean zuen gainera ez ditudan idekiren zeruko uharren ahoak, eta ez darotzuedan nasaiziaraino ixuriren benedizionea.

        11. Zuen ariaz larderiaturen dut har jalea, eta ez ditu xahuturen zuen lurreko fruituak; eta zuen bazterretan mahastia ez da agor egonen, dio armadetako Jaunak.

        12. Eta dohatsu deithuren zaituztete jendaki guziek; ezen zuen lurra, lur lehiagarria izanen da, dio armadetako Jaunak.

        13. Gaindi egin dute zuen elheek ene gainera, dio Jaunak.

        14. Eta erran duzue: Zer erasi dugu zure kontra? Erran duzue: Zoro, Jauna zerbitzatzen duena! Eta zer baliatu gare haren manamenduak begiraturik, eta armadetako Jaunaren aitzinean ilhunik ibilirik?

        15. Eta orai ozarrak deithuren ditugu dohatsu, ezen tzarkerian hari baziren ere, goratu dituzte beren etxeak; eta hurriatu dute Jainkoa, eta gaitzak huts egin diote.

        16. Orduan Jaunaren beldur direnak mintzatu dire, zein bere lagunari; eta atzarria egotu da Jauna, eta entzun du; eta orhoitzapeneko liburua haren aitzinean iskribatua izan da Jaunaren beldur direnez eta haren izena gogoan alhatzen dutenez.

        17. Eta ene mozkin izanen ditut, dio armadetako Jaunak, ene eskuei eraginen diotedan egunean, eta guphidetsiren ditut, hala-nola gizonak guphide baitu bere seme baliatzen zaioena.

        18. Eta itzuliren da zuen ustea, eta ikhusiren duzue zer aria den prestuaren eta gaixtaginaren artean, Jainkoa zerbitzatzen duenaren eta egiten ez duenaren artean.

 

IV. KAP.

        1. Ezen huna non ethorriko den egun bat, labea bezala khaldan; eta burgoi guziak, eta tzarkeria-egile guziak, lasto izanen dire orduan; eta, dio armadetako Jaunak, sutan ezarriren ditu egun heldu denak, ez baitiote utziren ez erro ez ninika.

        2. Eta zuentzat, ene izenaren beldur zaretenentzat ilkhiren da zuzenaren iguzkia, eta haren hegalen azpian izanen da salbamendua; eta ilkhiko zarete, eta jauzkatuko zarete arthalde bateko aratxeak bezala.

        3. Eta oinkaturen ditutzue gaixtaginak, hautsa bezala izanen direnean zuen zangoen azpian, ene eskuei eraginen diotedan egunean, dio armadetako Jaunak.

        4. Orhoit zaitezte ene zerbitzari Moisen legeaz, Horeben eman nioenaz ene manamendu eta erabakiekin Israel guziarentzat.

        5. Huna non bidaliren darotzuedan Elias profeta, ethor dadien baino lehen Jaunaren egun handi eta lazgarria.

        6. Eta itzularaziren du aiten bihotza semeetara, eta semeena aitetara, beldurrez-eta ethor nadien, eta anathemaz jo dezadan lurra.

 

aurrekoa hurrengoa