www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

TOBIAS

 

I. KAP.

        1. Tobias Nefthaliko leinukoa eta hirikoa, (hiri hura baita Galileako gainetan, Naasongo azpian, mendebalerat daraman bideaz haindian, ezkerretarik duelarik Sephetgo hiria),

        2. Hartua izan zenean, Salmanasar Asiriarren erregeren egunetan, gathibutasunean gerthatzen zen arren, etzen egiaren bidetik ilkhi,

        3. Haletan non izaten ahal zituen guziak bere odoleko anaia gathibu lagunei egun oroz ematen baitziotzaten.

        4. Eta nahiz izan zadien Nefthaliko leinuan orotarik gazteena, etzuen halere haurkeriarik batere erabili bere egintzetan.

        5. Eta azken buru, guziak zihoazenean Jeroboam Israelgo erregek eginikako aratxe urhezkoetara, harek bakharrik ihes egiten zuen ororen lagunkhidetasunari.

        6. Bainan Jerusalemera goaten zen Jaunaren tenplora, eta han adoratzen zuen Israelgo Jainko Jauna, bere pikain guziak eta bere hamarrenak zuzenki eskainiz;

        7. Halaz non hirugarren urthean, hamarrenak oro proselitei eta arrotzei ematen baitzarozten.

        8. Horiek eta horiek bezalakoak, Jainko legearen arabera haurttoa zelarik begiratzen zituen.

        9. Gizondu zenean, berriz, emaztetzat hartu zuen Ana bere leinukoa, seme bat izan zuen haren ganik, eta bere izena eman zaroen;

        10. Eta ttipitik Jainkoaren beldur izaten eta bekhatutik bere buruaren begiratzen irakhatsi zaroen.

        11. Beraz Ninibeko hirira bere emaztearekin eta semearekin gathibu eramana izan zenean bere leinu guziarekin,

        12. Noiz-etare guziek jaten baitzuten jendaien jakietarik, harek begiratu zuen bere arima, eta etzen behinere khutsatu hekien jakietan.

        13. Eta nola bere bihotz oroz orhoitu baitzen Jaunaz, Jainkoak grazia eman zaroen Salmanasar erregearen aitzinean.

        14. Eta nahi zuen toki guzietara goateko ahala, lehiatzen zen guzien egiteko eskukotasunarekin, eman zaroen erregek.

        15. Goaten zen beraz gathibutasunean ziren guzien gana, eta salbamenduzko oharmenak ematen zaroezten.

        16. Bada, Erraies Mediarren hirira goan zen batez, berekin zituelarik hamar talendu zilharrezko, zeinetaz ohoratu baitzuen erregek,

        17. Nola bere odoleko oste handian ikhusi baitzuen Gabelo, bere leinutarra, behar handitan, ageri baten azpian eman zaroen aiphatu den dirua.

        18. Bainan asko denboren buruan, Salmanasar hil ondoan, Senakerib haren semea haren orde erreginatzen zelarik, eta nola hunek Israelgo semeak gaitzez baitzituen begietan;

        19. Tobias egun oroz goaten zen bere ahaide guzietara; gozakarizko solasak ematen zaroezten; eta bakhotxari, bere ahalaren arabera, zuenetik zathitzen zaroen.

        20. Gosez zaudenak hazten, buluzei soinekoak ematen, beren baitharik hilak eta bertzeek hilak artha handirekin ehorzten zituen.

        21. Azkenekoz, errege Senakerib, Judeatik itzuli zenean, Jaunak haren inguruan haren burhoen gatik egin zuen sarraskiaren ihes, bere sephan Israelgo umeetarik hil zituen asko, eta Tobiasek ehorzten zituen hekien gorphutzak.

        22. Bainan erregek jakin zueneko, manatu zuen hil zezaten, eta hartu zituen haren izateak oro.

        23. Tobias ordean bere semearekin eta emaztearekin, orotarik bulusia gorde zen, alabainan askok maite zuten.

        24. Berriz, handik berrogoi eta bortz egunen buruan, errege hil zuten bere semeek;

        25. Eta Tobias itzuli zen bere etxera, eta bihurtua izan zaroen bere izate guzia.

 

 

II. KAP.

        1. Bada, horiez geroztik, Jaunaren besta egun bat zelarik, eta nola barazkari on bat aphaindua baitzen Tobiasen etxean,

        2. Tobiasek bere semeari erran zaroen: Zoaz, eta gure leinukoetarik zenbait Jainkoaren beldur direnak erakhar zatzu gurekin barazkaltzera.

        3. Eta goanik bihurtu zenean, berria ekharri zaroen Israelgo umeetarik bat zintzurra egina zagoela karrikaren gainean hedatua. Eta berehala mahainetik jaikirik, barazkaria utziz jan gabe goan zen gorphutzera;

        4. Eta hura harturik, ixilik ekharri zuen bere etxerat, iguzkia etzan ondoan, segurki ehorztekotzat.

        5. Eta gorphutza gorde ondoan, ogia jan zuen nigar eta ikhararekin,

        6. Jaunak Amos profetaren ahoz erran zuen hitz huntaz orhoituz: Nigar eta deithoretara bihurturen dira zuen besta-egunak.

        7. Eta iguzkia etzan zenean, goan eta ehortzi zuen gorphutza.

        8. Bada bere hurbileko guziak gaizkika hari zitzaizkon, ziotelarik: Oraikoz gauza horren gatik manatua izan da hil zaitzaten, eta doidoia itzuria hiltzeko manuari, berritan hari zare hil ehorzten?

        9. Bainan Tobias, erregeren baino Jainkoaren beldurrago, ebasten zituen hilen gorphutzak, bere etxean gordetzen zituen eta gau minean ehorzten.

        10. Bada egun batez gerthatu zen, hil ehorzten nekhatua, bere etxerat heldu zelarik, etzan eta lokhartu zela harrasi baten ondoan.

        11. Eta ainhara-ohantze batetik gorotz beroak begietara erori zitzaizkon lo zagoelarik, eta itsutu zen.

        12. Jaunak berriz, frogapen hori gertha zakioen onhetsi zuen, haren jasankortasuna, Job sainduarena bezala, ondokoei ikhuskaritan emana izan zakioten;

        13. Ezen nola ttipitik Jainkoaren beldur izan baitzen bethi, eta haren manamenduak begiratu baitzituen, etzuen Jainkoaren kontra uherdurarik hartu, gerthatu zitzaioelakoan itsutasuneko gaitza;

        14. Bainan khordokatu gabe, Jainkoaren beldurrean gelditu zen, bere biziko egun oroz Jainkoari eskerrak bihurtuz.

        15. Eta nola erregeek Job dohatsuari eskarnio egiten baitzaroten, hala Tobiasen ahaide eta hurbilek trufatzen zuten haren bizitzea, erranez:

        16. Non da zure igurikitza, zeina gatik karitate egiten eta hil ehorzten hari baitzinen?

        17. Bainan Tobiasek jazartzen zaroeten, erranez: Berautzue hola mintzatzetik;

        18. Ezen sainduen haurrak gare, eta bizitze bat igurikitzen dugu, gure Jainkoak emanen darotena hartarik beren sinhestea behinere aldaratzen ez dutenei.

        19. Aldiz, Ana haren emaztea ehaitera egun oroz goaten zen, eta bere eskuetako lanetik atheratzen ahal zuen bizitzekoa ekhartzen zuen.

        20. Handik egin zen, pittika bat izanik, ekharri zuela etxerat.

        21. Haren senharrak pittika marraskaz aditurik, erran zuen: Ikhusazue ez othe den bederen ebatsia; bihur zazue bere jabeei, ez baitzaiku zilhegi ebatsia den zerbait jatea edo ukitzea.

        22. Haren emazteak, samurturik hitz horiei ihardetsi zuen: Zure igurikitza alferretara garbiki bihurtu da, eta orai dira ageri zure karitateak.

        23. Hitz horietaz eta holako bertze askoz iroika haritzen zitzaioen.

 

III. KAP.

        1. Orduan auhen bat arthiki zuen Tobiasek, eta nigarrekin abiatu zen othoitzean,

        2. Zioelarik: Zuzena zare, Jauna, eta zure erabakiak zuzenak dira oro, eta zure bide guziak dira urrikalpeneko, egiako eta zuzentasuneko bideak.

        3. Eta orai, Jauna, nitaz orhoit izan zaite; ez bezazu asperkunde har ene bekhatuez eta ez bekizkitzu gogora ene hobenak edo ene ahaideenak.

        4. Zeren ez garen zure manamenduei ethordun izatu, hargatik arthiki gaituzu larrutzetara, gathibutasunera, heriotzera, errankizunetan eta irrigarritan izatera jendaki guziei, zeinen artean barraiatu baikaituzu.

        5. Eta orai, Jauna, handiak dira zure juiamenduak, zeren ez baitugu egin zure manamenduen arabera eta ez baikare zintasunean ibili zure aitzinean.

        6. Eta orai, Jauna, nitaz egizu zure nahiaren arabera, eta mana zazu ene arima bakean izan dadien hartua; ezik enetzat hiltzea bizitzea baino hobe da.

        7. Bada, egun hartan berean gerthatu zen, Sarak, Erraguelen alabak, Erraies Mediarren hirian, iroi bat entzun zuela bere aitaren neskatoetarik baten ganik;

        8. Ezkontzaz zazpi gizoni emana izan zelakoz; eta Asmodeo deithurikako debru batek hil zituen hekiek, haren baithara sarthu ziren bezain laster.

        9. Beraz, nola huts batentzat gaizkiak erraten baitziozkan neskatxari, hunek ihardetsi zaroen, zioelarik: Senhar hiltzailea, ez biazagu zure ganik lurraren gainean behinere ikhus semerik edo alabarik.

        10. Ez othe nauzu ni ere hil nahi, zazpi gizon oraikoz hil ditutzun bezala? Hitz horren gainera, Sara goan zen ber: etxeko gela gorenera, eta hirur gau-egunez etzuen ez jan, ez edan;

        11. Bainan othoitzean bethi egonez, Jainkoa nigarrez errekeitzen zuen, athera zezan othoi laido hartarik.

        12. Gerthatu zen berriz, hirugarren egunean, othoitza akhabatzean Jauna benedikatzen zuelarik,

        13. Erran zuela: Benedikatua da zure izena, oi gure arbasoen Jainko Jauna, samurtu ondoan urrikalpen ematen duzuna, eta hesturako orduan bekhatuak zure gana dei egiten dutenei barkhatzen ditutzuna.

        14. Zure gana, Jauna, itzultzen dut begithartea; zure gana bihurtzen ditut begiak.

        15. Galdatzen dut, Jauna, laido hunen lokharrietarik athera nezazun, edo bederen har nezazun lurraren gainetik.

        16. Badakizu, Jauna, egundaino ez dudala gizon minik izatu, eta ene arima lehia tzar orotarik xahu iduki dudala.

        17. Egundaino ez naiz dostatzen zirenekin nahasi, eta arinkerietan dabiltzanen baltsako ez dut ene burua erakhutsi.

        18. Bainan gizon baten hartzea zure beldurrarekin onhetsi dut, eta ez ene lehia tzarrarekin.

        19. Eta, ez nintzen hekien doi, edo beharbada hekiek ene doi etziren; zeren beharbada bertze gizon batentzat bainauzu begiratu.

        20. Ezik zure gogoa ez da gizonaren meneko.

        21. Ordean ohoratzen zaituenak gerthutzat daduka, baldin haren bizia frogapenetan izatu bada, ohoratua izanen dela; atsekabean izatu bada, atheratua izanen dela; gaztiguan izatu bada, zure urrikalpenerako bidean izanen dela onhetsia.

        22. Ezen etzare gure zorigaitzetan lakhet, alabainan phesiaren ondotik, dakhartzu jabala; eta nigar eta auhenen ondotik, ixurtzen duzu bozkarioa.

        23. Zure izena, oi Israelgo Jainkoa, mendeetan izan bedi benedikatua.

        24. Ordu hartan izan ziren entzunak Tobiasen eta Sararen othoitzak guzizko Jainkoaren ospearen aitzinean.

        25. Eta Errafael Jaunaren aingeru saindua igorria izan zen hainen sendatzera, zeinen bien othoitzak ordu berean Jaunaren aitzinera izan baitziren ekharriak.

 

IV. KAP.

        1. Beraz nola Tobiasek uste izan baitzuen haren othoitza entzuna zela hil ahal zedintzat, bere gana deithu zuen bere seme Tobias,

        2. Eta erran zaroen: Ene semea, entzun zatzu ene ahoko hitzak, eta haukiek zure bihotzean jar zatzu asentu bat bezala.

        3. Noiz-ere Jainkoak bere ganat hartuko baitu ene arima, ehortzazu ene gorphutza, eta zure biziko egun guzietan ohoretan idukazu zure ama.

        4. Ezik gogoan iduki behar duzu zer eta zenbateko galtzeko zoriak zure gatik jasan dituen sabelean zintuenean.

        5. Aldiz, harek ere bethe dukeenean bere bizitzeko ephea, ene aldean ehortziko duzu.

        6. Berriz, zure biziko egun oroz gogoan izan zazu Jainkoa; berautzu noizbait bekhatua onhets, eta hauts gure Jainko Jaunaren manamenduak.

        7. Duzunetik egizu karitate, eta nihoiz beharrari ez biozozu aldara zure begithartea; ezen hola eginen da zure ganik ez dela itzuliko Jaunaren begithartea.

        8. Nola izanen baituzu ahala, urrikalmendutsu hala izan zaitezi.

        9. Hainitz balin baduzu, nasaiki emazu; guti balin baduzu, gutitik ere gogo onez emateaz artha har zazu.

        10. Ezen sari eder bat biltzen duzu behar-orduko.

        11. Zeren karitateak edozein bekhatutarik eta heriotzetik atheratzen baitu, eta arima ez baitu ilhunpeetara uzten goatera.

        12. Karitatea izanen da, egiten dutenentzat, gogo-ontgarri handi bat Jainko guzizkoaren aitzinean.

        13. Zaude erne, ene semea, zure burua lohikeriatik begiratzeko, eta zure emazteaz landan berautzu nihoiz ezagutzetik tzarkeria.

        14. Etzazula behinere utz hanpuruskeria nausitzera zure gogoan eta zure solasetan; ezik galpen orok hartan hartu dute hastea.

        15. Nihor zuretzat haritu bada lanean, saria bihur zozu berehala, eta zuretzateko sarizalearen saria ez bedi aphur bat ere zutan geldi.

        16. Norbaitek zuri egitea gaitzets zindukeena, ikhusazu zerorrek noizbait bertzeei ez egitea.

        17. Zure ogia gose eta behar direnekin jan zazu, eta zure soinekoetarik estal zatzu buluz direnak.

        18. Zure ogia eta zure arnoa gizon zuzenaren hobiaren gainean ezar zatzu, eta begira zaite hekietarik bekhatoreekin jatetik eta edatetik.

        19. Zuhurraren baithan bilha zazu bethi zure argia.

        20. Noiznahiden benedika zazu Jainkoa; galda zozu bida detzan zure urhatsak, eta zure asmu guziak haren baithan geldi ditezen.

        21. Halaber jakintsun egiten zaitut, ene semea, nola haurttoa zinelarik oraino, hamar zilharrezko talendu eman izan ditudan Gabelori Erraiesen Mediarren hirian, eta etxean dut haren ageria.

        22. Hargatik bilha zaite nola helduko zaren haren ganat, nola aiphatu diru hori haren ganik eskuratuko, eta hari bere ageria bihurtuko duzun.

        23. Ez lotsa, ene semea. Egia da bizitze behar bat daramagula, bainan ontasun handiak izanen ditugu, baldin Jainkoaren beldur izaten bagare, bekhatutik gibelatzen bagare, eta ongia egiten badugu.

 

V. KAP.

        1. Orduan Tobiasek ihardetsi zaroen bere aitari eta erran zaroen: Aita, zuk manatu guziak eginen ditut.

        2. Bainan ez dakit nola eskura diru hura; Gabelok ez nau ezagutzen, eta nik hura nor den ez dakit. Zer ezagutkari emanen darot hari? Bertzalde egundaino ez dut ezagutu harat goateko bidea.

        3. Orduan aitak ihardetsi zaroen eta erran: Eskutan dut Gabeloren ageria hau hari erakhutsi orduko, berehala bihurtuko du dirua.

        4. Bainan orai zoaz, eta bilha zazu gizon fidel bat bere saritan zurekin goanen dena, diru hori eskura dezazun ni bizi naizelarik oraino.

        5. Orduan ilkhirik, Tobiasek atzeman zuen gizon-gazte eder bat, gerria tinkatua ehutik, bideari lotzeko abian iduri.

        6. Eta jakin gabe Jainkoaren aingeru bat zela, agur egin eta erran zaroen: Nongoa zaitugu, gizon maitea?

        7. Eta hunek ihardetsi zuen: Israelgo umeetarik naiz. Eta Tobiasek erran zaroen: Badakizu Mediarren lurrera daraman bidea?

        8. Ihardetsi zaroen: Bai, badakit; askotan egin ditut hango bide guziak, eta egotu naiz gure anaia Gabeloren baithan, zeina baitago Erraiesen, Mediarren hiri Ekhatanako mendian denean.

        9. Tobiasek erran zaroen: Igurik nezazu, othoi, berri hori ene aitari eman diozodan arteo.

        10. Orduan Tobias sarthu zen, eta horietaz orotaz jakintsun egin zuen bere aita. Aita miretsi zen horren gainean, eta galdatu zuen arrotza bere gana.

        11. Hargatik sarthu zen, Tobiasi agur egin eta erran zaroen: Bozkarioa izan dezazula bethi.

        12. Eta Tobiasek erran zuen: Zer bozkario izan dezaket nik, ilhunpeetan jarria, zeruko argia ikhusten ez dudanak?

        13. Gizon-gazteak ihardetsi zaroen: Emazu bihotzez, hurbil da orena non Jainkoak sendaturen baitzaitu.

        14. Eta Tobiasek erran zaroen: Eraman ahal othe dezazuke ene semea Gabeloren gana, Erraies Mediarren hirira? eta itzuliko zarenean emanen darotzut zure saria.

        15. Aingeruak erran zaroen: Nik eramanen dut harat eta erakharriko zure gana.

        16. Tobiasek erran zaroen berriz: Erradazu, othoi, zein etxetakoa, edo zein leinutakoa zaren zu?

        17. Errafael aingeruak ihardetsi zaroen: Sarizalearen ethorkia, ata sarizale bat bilhatzen duzu zure semearekin goanen dena?

        18. Bainan zuri grinarik ez emateko, Azarias naiz, Ananias handiaren semea.

        19. Tobiasek erran zaroen: Ethorki handitik zare. Bainan othoizten zaitut etzaitezen samur zeren nahi izan dudan zure ethorkia ezagutu.

        20. Aingeruak erran zaroen berriz: Oso eramanen dut zure semea, eta oso erakharriren darotzut.

        21. Tobiasek aldiz ihardetsi zaroen: Bidaia on egizue, Jainkoa zuekin izan bedi bidean, eta haren aingerua zuen lagun izan bedi.

        22. Orduan, bidean eramateko guziak xuxendurik, Tobiasek agur egin zaroeten bere ait-amei, eta bideari lothu ziren biak elkharrekin.

        23. Eta ilkhi zirenean, ama nigarrez eta erraten abiatu zen: Gure zahartzeko makila khendu eta gure ganik urrundu duzu.

        24. Egundaino izatu ez balitz diru hura, zeinaren ondoan igorri baituzu!

        25. Dugun gutia aski ginduen, uste izateko aberastasun bat zela gure semea begien aitzinean izatea.

        26. Tobiasek erran zaroen: Ez, nigarrik egin; ongi helduko da gure semea, eta ongi bihurtuko da gure gana, eta zure begiek berriz ikhusiko dute.

        27. Ezen sinhestea dut Jainkoaren aingeru onak lagunduko duela, eta ongi antolatuko dituela haren inguruan gerthatzen diren guziak, hanbatean non bozkariotan itzuliko baitzaroku gure haurra.

        28. Hitz horren gainean, ama nigarretik baratu eta ixildu zen.

 

VI. KAP.

        1. Tobias abiatu zen beraz; xakhurra jarraiki zitzaioen, eta lehenbiziko trikaldia egin zuen Tigrisko hibaiaren aldean.

        2. Eta oinen garbitzera goan zen, eta hara non arrain ikharagarri bat irestera atheratu zitzaioen.

        3. Haren beldurrez Tobiasek marraska bat egin zuen, zioelarik: Jauna, atzematen nau!

        4. Eta aingeruak erran zaroen: Loth zakizkio beharri-zokhotik, eta herrestazazu zure gana. Tobiasek hala eginik, herrestatu zuen leihorrera, eta zalapartaka hasi zen haren oinetan.

        5. Orduan aingeruak erran zaroen Tobiasi: Hertzeak egiozkitzu arrain horri; har zatzu horren bihotza, mina eta gibela, ezen hainitz onak dira sendakaritako.

        6. Hori egin zuenean, erre zuen haren haragietarik, eta berekin bideko eraman zuten; gazitu zuten gainerakoa, zeina aski baitzuten Erraies Mediarren hiriraino heltzeko.

        7. Orduan Tobias galdeka hasi zitzaioen aingeruari eta erran zaroen: Erradazu, othoi, anaia Azarias, zer sendakari atherako da arrainetik begiratzeko manatu ditutzun puska horietarik?

        8. Eta aingeruak hunela ihardetsi zaroen: Horren bihotzetik izpi bat ikhatzen gainean ematen baduzu, hartako kheak debru-mota guziak atherarazten ditu nahiz gizona ganik, nahiz emaztekia ganik, hanbatean non ez baitira gehiago hekiei hurbilduko.

        9. Eta mina on da zamarra duten hekien ferekatzeko, eta sendatuko dira.

        10. Eta Tobiasek erran zaroen: Non nahi duzu egon gaitezen?

        11. Aingeruak ihardetsi zaroen, zioelarik: Bada hemen Erraguel deitzen den gizon bat zure ahaide hurbila eta zure leinukoa, eta harek badu alaba bat Sara deitzen dena; ez du ere ez muthil, ez neskatxa, hartaz berme haurrik.

        12. Haren ontasun guzia zuri zor zaitzu, eta haren alaba emaztetzat hartu behar duzu.

        13. Galda zozu beraz bere aitari, eta emanen darotzu.

        14. Orduan Tobiasek ihardetsi eta erran zaroen: Aditzea dut zazpi senharri emana izan dela, eta zazpiak hil direla; eta aditzea dut oraino debru batek hil dituela.

        15. Beldur naiz beraz niri ere hala gertha dakidan; eta nola bainaiz ene burhasoen haur bakharra, hekien zahartzea atsekabetan jautsaraz nezake hobira.

        16. Orduan Errafael aingeruak erran zaroen: Adi nezazu, eta irakhatsiko darotzut nor diren hainak zeinen gainean debruak esku baituke.

        17. Zeinak-ere ezkontzan sartzen baitira haletan non Jainkoa beren ganik eta beren gogotik kanpo ezartzen baitute, eta beren haragikoikeriari, adimendurik ez duten zaldi eta mando batek bezala, bide ematen baitiote, hainen gainean debruak esku badu.

        18. Bainan zu harekin ezkonduko zarenean, gelan sarthu-eta, hirur egunez begira zaite haren ganik, eta othoitzik baizen deusere bertzerik ez egin harekin.

        19. Aldiz, gau hartan berean, arrainaren gibela erre ondoan, ihes igorria izanen da debrua.

        20. Berriz, bigarren gauean patriarka sainduen batasunera onhetsia izanen zare.

        21. Eta hirugarren gauean, Jainkoaren benedizionea ardietsiren duzu, zuen ganik sort ditezen osagarritako umeak.

        22. Bada, hirugarren gau hura iragan ondoan, neskatxa hartuko duzu Jaunaren beldurrarekin, lehenago haur izateko irritsak, ezenez-eta lehia tzar batek hartaraturik, Abrahamen odoleko haurretan ardiets dezazun benedizionea.

 

VII. KAP.

        1. Bada, Erraguelen baithan sartu ziren, eta Erraguelek bozkariorekin hartu zituen.

        2. Eta Erraguelek Tobiasi begiratzean, Ana bere emazteari erran zaroen: Nolako eitea duen gizon-gazte hunek ene kusiarekin!

        3. Horren ondotik erran zuen: Nongoak zarete, anaia gazteak? Eta hekiek ihardetsi zuten: Nefthaliren leinukoak gare, Ninibeko gathibutasunekoak.

        4. Eta Erraguelek erran zaroeten: Ezagutzen duzue ene anaia Tobias? Ihardetsi zuten: Ezagutzen dugu.

        5. Eta nola hainitz ongi erraten baitzuen hartaz, aingeruak Erragueli erran zaroen: Tobias zeinaren berriak galdegiten baititutzu, gizon-gazte hunen aita da.

        6. Erraguel goan zitzaioen eta nigarrez besarkatu zuen; eta lephotik lothua nigar egiten zuelarik,

        7. Erran zuen: Benedizione zuri, ene haurra, ezik gizon on eta prestuaren seme baitzare.

        8. Eta Ana haren emaztea eta Sara hekien alaba nigarrez zauden.

        9. Bada, mintzatu ziren ondoan, Erraguelek manatu zuen ahari bat hil eta barazkari bat aphain zezaten. Eta nola othoizten baitzituen mahainean jartzera,

        10. Tobiasek erran zuen: Egun ez dut nik hemen ez janen ez edanen, non ez darotazun lehenik ene galdea onhesten eta Sara zure alaba niri emateaz agintzen.

        11. Hitz hori aditzearekin, Erraguel ikharatu zen, zakielakotz Sararen gana sarthu ziren zazpi senhar hekiei zer zitzaioten gerthatu, eta beldurtzen hasi zen Tobiasi ere orobat gertha zakion; eta nola khordokan baitzagoen, eta galdeari ez baitzuen deusere ihardesten,

        12. Aingeruak erran zaroen: Ez izan lotsa zure alabaren huni ematera, zeren emaztetzat zor baitzaio Jainkoaren beldur den gizon-gazte huni; hargatik ez dezake bertze batek izan zure alaba.

        13. Orduan Erraguelek erran zuen: Ez dut dudarik Jainkoak bere aitzinera onhetsi dituela ene othoitz eta nigarrak;

        14. Eta uste dut ene ganat ethorrarazi zaituztetela ene alaba bere ahaidegoari iritxik dadintzat, Moisen legearen arabera; eta orai ez dudarik egin emanen darotzudala.

        15. Eta harturik bere alabaren esku eskuina, ezarri zuen Tobiasen esku eskuinean, zioelarik: Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa izan bedi zuekin, eta berak iritxik betzaitzazte, eta bere benedizonea bethe beza zuen baithan.

        16. Eta paper bat harturik egin zuten ezkontzako ageria.

        17. Eta gero barazkaldu ziren, Jainkoa benedikatuz.

        18. Eta Erraguelek deithu zuen Ana bere emaztea, eta manatu zaroen aphain zezan bertze gela bat.

        19. Anak harat sarrarazi zuen Sara bere alaba eta nigar egin zuen.

        20. Eta erran zaroen: Egizu bihotzetik, ene alaba; zeruko Jaunak bozkarioa emanen darotzu, jasan duzun nahigabearen ordain.

 

VIII. KAP.

        1. Bada afal ondoan, haren gana sarrarazi zuten gizon-gaztea.

        2. Eta Tobias orhoiturik aingeruaren solasaz, bere murtxilatik atheratu zuen arrainaren gibel-pozi bat eta ikhatz bizien gainean ezarri zuen.

        3. Orduan Errafael aingeruak hartu zuen debrua eta estekatu zuen Egipto gaineko mortuan.

        4. Orduan Tobiasek solas onak eman zarozkan neskatxari eta erran zaroen: Sara, jaiki zaite; othoitz egin diozogun Jainkoari egun, bihar eta etzi, zeren hirur gau horietan Jainkoari iratxiki behar baikare; eta hirugarren gaua iragan ondoan, ezkontzako bideetan ibiliko gare;

        5. Ezen sainduen umeak gare eta ez gaitezke elkharri iratxik, Jainkoa ezagutzen ez duten jendakien arara.

        6. Bada, biak jaikirik, batean minki othoitz egiten zuten, osagarria emana izan zakioten.

        7. Eta Tobiasek erran zuen: Gure arbasoen Jainko Jauna, benedika bezaitzate zeru-lurrek, itsaso, ithurri eta ibaiek, eta hekietan diren zure kreatura guziek.

        8. Zuk egin izan duzu Adam lurreko lohitik, et Eba laguntzat eman diozu

        9. Eta orai, Jauna, badakizu ez dudala lehia tzar baten ariaz emaztetzat hartzen ene arreba, bainan-bai ondokoen izateko nahikariz, hekietaz izan zaitezen menderen mendetan benedikatua.

        10. Sarak erran zuen halaber: Urrikal zakizkigu, Jauna, urrikal zakizkigu, eta biak elkharrekin osagarritan zahar begaitez.

        11. Eta oilarrek jotzen duten muga inguruan, Erraguelek manatu zuen hurbil zitezen haren sehiak; eta harekin batean hobi baten egitera goan ziren.

        12. Ezik bazerran: Huni ere beharbada, Sararen gana sarthu izan diren bertze zazpi senhar hekiei bezala gerthatu dakioke.

        13. Zilhoa xuxendu ondoan, Erraguel bihurtu zen bere emaztearen gana, eta erran zaroen:

        14. Igor zazu zure neskatoetarik bat ikhustera hean hil den, ehortz dezadan eguna argitu baino lehen.

        15. Emazteak igorri zuen bere neskatoetarik bat. Gelan sarthurik, hunek atzeman zituen bizi eta oso elkharrekin batean lo.

        16. Eta itzulirik, berri ona ekharri zuen; eta Jauna benedikatu zuten Erraguelek eta Ana haren emazteak.

        17. Eta erran zuten: Benedikatzen zaitugu, Israelgo Jainko Jauna, zeren gerthatu ez den uste ginduen bezala.

        18. Ezik urrikari izan gaitutzu, eta gure ganik gibelatu duzu jazartzen zarokun etsaia.

        19. Guphidetsi ditutzu, berriz, bi haur bakhar horiek. Egizu, Jauna, geroago eta gehiago benedika zaitzaten, eta eskaint dezazuten zure laudoriozko sakrifizioa beren osagarriaren arietan, jendaki guziek ezagut dezatentzat lur guzian zu zarela Jainko bakharra.

        20. Eta berehala Erraguelek bere sehiei manatu zaroeten, argitu baino lehen tapa zezaten egin zuten zilhoa.

        21. Aldiz, bere emazteari erran zaroen aphaint zezan barazkari bat, eta bidaietan direnentzat behar diren jateko guziak xuxent zetzan.

        22. Hilarazi zituen halaber bi behi gizen eta laur ahari, eta barazkari handi bat xuxentarazi zuen bere hauzo eta adiskide guzientzat.

        23. Erraguelek othoiztu zuen Tobias bi aste harekin egon zedin.

        24. Eta zituen guzien erdiak Tobiasi eman zarozkan, eta gainerako gelditu bertze erdiaz ageri bat egin zuen Tobiasentzat izateko, bera eta bere emaztea hil ondoan.

 

IX. KAP.

        1. Orduan Tobiasek bere gana deithu zuen aingerua, gizon batentzat zadukana, eta erran zaroen: Anaia Azarias, adi zatzu, othoi, ene hitzak.

        2. Nere burua zure sehi eman banezazu ere, ez netzazke aski ongi ezagut zure arthak.

        3. Halarik-ere othoizten zaitut har detzatzun abereak eta muthilak, eta Erraies Mediakora goan zaitezen Gabeloren gana, bihur diozozun bere ageria, haren eskutik har dezazun dirua, eta othoitz dezazun ethor dadien ene ezteietara.

        4. Alabainan zerorrek badakizu ene aitak egunak khondatzen dituela; eta egun bat gehiago berantzen balin badut, haren arima atsekabetan jarriko da.

        5. Eta ikhusten ere duzu nola othoiztu nauen Erraguelek, eta ezin arbuia dezakedala haren othoitza.

        6. Orduan Errafaelek harturik Erraguelen muthiletarik laur eta bi kamelu goan zen Erraies, Mediarren hirira; eta aurkhiturik Gabelo bihurtu zaroen bere ageria, eta haren ganik diru guzia hartu zuen.

        7. Jakintsun egin zuen Tobias gazteari gerthatu guziez, eta berekin ezteietara ethorrarazi zuen.

        8. Gabelo sarthu zenean Erraguelen etxean, Tobias atzeman zuen mahainean; eta Tobias jaikirik, elkhar besarkatu zuten; Gabelok nigar egin zuen; benedikatu zuen Jainkoa,

        9. Eta erran zuen: Israelgo Jainkoak benedika bezaitza, zeren zaren gizon prestu, zuzen, Jainkoaren beldur denaren eta karitate-egilearen seme;

        10. Eta benedizionea hel bedi zure emaztearen eta zuen ahaideen gainera;

        11. Eta ikhus betzatzue zuen haurrak eta zuen haurren haurrak hirugarren eta laugarren belhauneraino; eta zuen ondoregoa benedikatua izan bedi menderen mendetan erreginatzen den Israelgo Jainkoaz.

        12. Eta guziak, Halabiz, erran ondoan, jarri ziren mahainean; bainan ezteietako barazkaria ere Jaunaren beldurrarekin egin zuten.

 

X. KAP.

        1. Bainan Tobiasek luzatzen zuelarik bere ezkontzaren ariaz, haren aita grinan zen, eta erraten zuen: Zertako luzatzen duela uste duzu ene semeak, edo zerk daduka han?

        2. Uste duzu Gabelo hil dela eta nihork ez daroela bihurtzen dirua?

        3. Bada, ilhuntzen hasi zen bera, eta Ana haren emaztea harekin; eta biak nigarrez abiatu ziren, beren semea etzitzaiotelakotz egun bereziko bihurtzen hekien aitzinera.

        4. Eta amak ixurtzen zituen ezin sosegatuzko nigarrak, eta erraten zuen: Ai! ai enea! ai ene semea! zertako igorri zaitugu bidez bide, gure begietako argia, gure zahartzeko makhila, gure biziko gozoa, gure odolaren igurikitza?

        5. Zu bakharra baithan gintuen oro batean, eta etzintugun gu ganik urrundu behar.

        6. Tobiasek erraten zaroen: Zaude ixilik eta ez asalda; gure semea ongi da; gizon aski fidelarekin igorri dugu.

        7. Bainan harek niholaz etzukeen onik, bainan egun oroz atheratuz begira egoten zen, eta bazabilan bide guziak gaindi zeinetarik hura itzuliko zelako pheskiza iduritzen baitzaroen, hura urrunera ethortzen ikhusi nahiz, ahal bazen.

        8. Bizkitartean Erraguelek erraten zaroen bere suhiari: Zaude hemen, eta nik zure berri onekin igorriko darot mandatari bat zure aita Tobiasi.

        9. Tobiasek ihardetsi zaroen: Badakit nik ene aitak eta ene amak orai khondatzen dituztela egunak, eta hekien izpiritua oinhazetan dago hekien baithan.

        10. Eta nola Erraguelek hainitz solasez othoiztu baitzuen Tobias, eta hunek ez baitzuen niholaz ere entzun nahi, Erraguelek erran zarozkan Sara eta bere ontasun guzien erdiak muthil, neskatxa, arthalde, kamelu, behitan, eta diru hainitz, eta bere ganik igorri zuen osasunarekin eta bozkarioarekin,

        11. Zioelarik: Jaunaren aingeru saindua izan bedi zuen bidean, gaitzik gabe bida betzaitzazte; gauza guziak zuen ait-amen inguruan ongi atzeman betzatzue, eta ene begiek hil nadien baino lehen ikhus betzate zuen haurrak.

        12. Eta ait-amek beren alaba harturik, besarkatu eta goatera utzi zuten,

        13. Erraten ziotelarik ohora zetzan bere aitaginarreba eta amaginarreba, maitha bere senharra, antola familia, manaia etxea, eta estakurugabea erakhuts zezan bere burua.

 

XI. KAP.

        1. Eta nola itzultzen baitziren, hamekagarren egunean heldu ziren Karanera, zeina Ninibetik bidez erditan baita.

        2. Eta aingeruak erran zuen: Tobias anaia, badakizu nola utzi duzun zure aita.

        3. Baldin beraz zure gogarako bada, goazin gu aitzinean, eta zure sehiak emeki jarraikiko dira gure bideari, zure emazte eta aziendekin batean.

        4. Eta nola aitzinerat goateko solas hori ongi hartua izan baitzen, Tobiasi erran zaroen Errafaelek: Har zazu zurekin arrainaren mina, ezen horren beharra izanen da. Hartarakoz Tobiasek hartu zuen minetik, eta goan ziren.

        5. Bada, Ana egun oroz bide-bazterrean jarria egoten zen mendi-bizkar batean, nondik urrunera ikhus baitzezakeen.

        6. Eta handik goaitean zagoelarik bere semearen ethortzeari, urrunera ikhusi zuen, eta berehala ezagutu zuen bere seme heldu zena; eta lasterka goanik, bere senharrari berria eman zaroen, zioelarik: Huna non heldu den zure semea.

        7. Eta Errafaelek Tobiasi erran zaroen: Zure etxean sarthu bezain sarri, adora zazu berehala zure Jainko Jauna, eta eskerrak bihurtzen diozkatzularik, hurbil zaite zure aitaren gana eta besarka zazu.

        8. Eta berehala haren begiak fereka zatzu zurekin ekhartzen duzun arrain-minaz; jakizu ezen haren begiak laster idekiko direla; zure aitak ikhusiko du zeruko argia, eta zure ikhusteak bozkariotan ezarriko du.

        9. Orduan, bidean jarraiki zitzaioten xakhurra lasterka goan zen aitzinerat, eta berri-emaile heldu den bat iduri, buztana higituz erakhusten zuen bere atsegina.

        10. Eta aita itsua jaikirik, zangoz haztaka abiatu zen lasterrez; eta muthil bati emanik eskua, jo zuen bere semearen bidera.

        11. Eta bereganatuz besarkatu zuen bere emaztearekin, eta biak atseginez nigarrez hasi ziren.

        12. Eta Jainkoa adoratu eta hari eskerrak bihurtu ondoan, jarri ziren.

        13. Orduan Tobiasek harturik arrainaren minetik, ferekatu zituen bere aitaren begiak.

        14. Eta oren-erdi bat hurran iguri egon zen, eta zamarra abiatu zen haren begietarik ilkhitzen, arroltzearen larrua iduri.

        15. Tobias hari lothurik, atheratu zuen bere aitaren begietarik, eta ordu berean bixta izan zuen.

        16. Eta Jainkoa goresten zuten berak, bere emazteak eta hura ezagutzen zuten guziek.

        17. Eta Tobiasek erraten zuen: Benedikatzen zaitut, Israelgo Jainko Jauna, zeren nauzun gaztigatu eta sendatu, eta huna non ikhusten dudan Tobias ene semea.

        18. Halaber Sara haren semearen emaztea eta haren sehi guziak osagarritan, aziendak, kameluak eta emaztearen dirutze handia, eta Gabeloren ganik izatu diru hura ere, zazpi egunen buruan sarthu ziren.

        19. Tobiasek bere burhasoei erran zarozten Jainkoak egin zarozkan ongi guziak hura laguntzen zuen gizonaren bidez.

        20. Akior eta Nabath Tobiasen kusiak, Tobiasen gana ethorri ziren bozkariotan, dohatsu zerratelarik Jainkoak haren inguruan erakhutsi zituen ongi guziez.

        21. Eta zazpi egunez barazkariak eginez, guziak bozkario handitan ibili ziren.

 

XII. KAP.

        1. Orduan Tobiasek deithu zuen bere semea eta erran zaroen: Zer eman diozoguke zurekin izatu den gizon saindu huni?

        2. Tobiasek ihardetsi zaroen bere aitari: Aita, zer sari emanen diogu? edo zer izan ditake hunen ongi eginen bethe?

        3. Eraman eta erakharri nau, hunek hartu du Gabeloren ganik dirua, hunek izanarazi darot ene emaztea, hunek hastandu du haren ganik debrua, bozkarioz bethe ditu haren burhasoak, ilkhi nau neroni arrainaren ahotik, zeroniri ere ikhusarazi darotzu zeruetako argia, eta hunen bidez gure ontasun guziez betheak. Zer emanen ahal diogu horietaz gai denik?

        4. Bainan galdegiten darotzut, ene aita, othoitz dezazun har dezan, gutiegi ez bazaio, ekharri ditugun guzien erdia.

        5. Aita-semeek aingerua deithurik, bazterrerat hartu zuten, eta othoizka hasi zitzaizkon, beretzat nahi izan zetzan othoi onhetsi ekharri zituzten guzien erdiak.

        6. Orduan aingeruak erran zaroeten ixilka: Benedika zazue zeruko Jainkoa, eta bizi diren guzien aitzinean emozue aithor, zeren duen zuen gainera ilkhiarazi bere urrikalmendua.

        7. Ezen on da erregeren gauza gordea gerizatzea, bainan ohoragarri da Jainkoaren egintzen agertzea eta aithortzea.

        8. Othoitza barurarekin eta karitatearekin, urhe-meten biltzea baino hobe da;

        9. Zeren karitateak itzurrarazten baitu heriotzeari, harek garbitzen du bekhatuetarik, eta aurkhiarazten ditu urrikalpena eta bethiereko bizitzea.

        10. Bainan bekhatua eta tzarkeria egiten dituztenak, beren arimen etsai dira.

        11. Agertzen darotzuet beraz egia, eta ez darotzuet gerizatuko gauza gordea.

        12. Nigarrekin othoitz egiten zinduenean, hilak ehorzten zintuenean, eta zure onthuruntza utzirik, hilak egunaz zure eta hean gordetzen eta gabaz ehorzten zintuenean, nik eskaini izan diot Jaunari zure othoitza.

        13. Eta nola Jainkoaz onhetsia baitzinen, premia zen frogapenez frogatua izan zintezen.

        14. Eta orai Jaunak bidali nau zure sendatzera, eta debruaren eskutik Sararen atheratzera.

        15. Ni naiz alabainan Errafael aingerua, Jaunaren aitzinean xutik egoten garen zazpietarik bat.

        16. Eta hitz horiek aditzearekin, nahasi ziren, eta ikharan lurrerat ahuspez erori ziren.

        17. Aingeruak erran zaroten: Bakea dela zuekin, ez izan beldurrik.

        18. Ezik zuekin nintzenean, Jainkoaren nahiz nintzen; hura kanta eta benedika zazue.

        19. Iduri nuen zuekin jaten eta edaten nuela; bainan ni ezin ikhusizko janhari batez eta gizonek ikhus ez dezaketen edari batez naiz hazten.

        20. Ordu da beraz bidali nauenaren gana bihur nedin; zuek aldiz, benedika zazue Jainkoa eta barraia zatzue haren sendagaila guziak.

        21. Eta horiek erran zituenean, suntsitu zen hekien begietarik, eta ezin ikhusi zuten gehiago.

        22. Orduan lurrean hirur orenez ahuspez, benedikatu zuten Jauna, eta jaikirik barraiatu zituzten haren sendagaila guziak.

 

XIII. KAP.

        1. Bada, Tobias zaharrak, ahoa idekirik, benedikatu zuen Jainkoa, eta erran zuen: Handia zare, Jauna, bethi guzian, eta mende orotara hedatzen da zure erreinua.

        2. Alabainan zuk jotzen eta zuk sendatzen duzu, zuk hobira jautsarazten eta zuk handik eraikarazten duzu; eta nihor itzur ez daite zure eskuari.

        3. Israelgo umeak, Jaunari aithor emozuete, eta lauda zazue jendaien aitzinean.

        4. Ezik hura ezagutzen ez duten jendaien artean zaituzte barraiatu, khonda detzatzuen haren sendagailak eta jakintsun egin detzatzuen ez dela hartaz bertze Jainko ahalorotakorik.

        5. Gure gaixtakerien gatik harek gaitu gaztigatu, eta bere urrikalmenduaren ariaz harek gaitu salbaturen.

        6. Ikhusazue beraz zer darokun egin, eta beldur eta ikhararekin emozuete aithor; zuen egintzetan gorets zazue mendeetako erregea.

        7. Nitaz bezenbatean, aithor emanen darot ene gathibutasuneko lurrean; zeren baitu bere maiestatea erakhutsi jendaki bekhatoros baten gainean.

        8. Hargatik, bekhatoreak, itzul zaitezte, eta zuzenari bere bidea emozue Jainkoaren aitzinean, urrikalpenetan hartuko zaituztetela sinhetsiz.

        9. Ni aldiz, eta ene arima haren baithan gare bozturen.

        10. Benedika zazue Jauna, haren hautetsi guziek; erabil zatzue bozkariozko egunak, eta aithor emozue.

        11. Jerusaleme, Jainkoaren hiria, zure eskuetako egintzen gatik xehatu zaitu Jaunak.

        12. Egin darozkitzun ongien gatik aithor bihur zozu Jaunari, eta benedika zazu mendeetako Jainkoa, zure erdian berri dezan bere tabernaklea, zure gana deith detzan berriz gathibu guziak, eta bozkariotan izan zaitezen menderen mendetan.

        13. Argirik ederrenaz dirdiratuko duzu, eta lurreko izkina guziek adoraturen zaituzte.

        14. Jendaiak urrundanik ethorriko dira zure gana; emaitzak ekharriko dituzte, zure baithan adoratuko dute Jauna eta zure lurra saindutzat dute idukiren.

        15. Ezen zure baithan izen handiari deiez dira hariko.

        16. Madarikatuak izanen dira zu eskarniatuko zaituztenak, eta kondenatuak izanen dira zuri ahapaldika hariko direnak, eta benedikatuak dira izanen zu berritan altxatuko zaituztenak.

        17. Zu aldiz zure umeetan bozturen zare, zeren oro benedikatuak eta Jauna gana bilduak izanen baitira.

        18. Dohatsu zu maithatzen zaituzten guziak eta zure bakeaz bozten direnak!

        19. Oi ene arima, benedika zazu Jauna, zeren hestura orotarik duen atheratu gure Jainko Jaunak Jerusaleme bere hiria.

        20. Dohatsu izanen naiz baldin ene odolekorik norbait gelditzen bada Jerusalemen distiraduraren ikhusteko.

        21. Zafirrez eta esmeraldaz eginen dira Jerusalemeko atheak; eta harri baliosez haren harrasietako inguru guzia.

        22. Hango plaza guziak harri xuri garbiz izanen dira galtzadatuak, alleluia kantatuko dute hango karriketan.

        23. Benedikatua Jauna, hura goratu duena, eta haren gainean erregina bedi menderen mendetan. Halabiz.

 

XIV. KAP.

        1. Hortan akhabatu ziren Tobiasen solasak. Tobias argitu zenaz geroztik, bizi izan zen berrogoi eta bi urthez, eta ikhusi zituen bere ilobasoen haurrak.

        2. Eta ehun eta bi urthe bethe ondoan, ohorezki ehortzia izan zen Niniben.

        3. Berrogoi eta hamasei urthe zituen ezik begietako argia galdu zuenean, eta hirur hogoi urthetan berriz izan zuen.

        4. Aldiz haren gainerako bizia bozkarioan iragan zen, eta Jainkoaren beldurrean ongi aitzinatuz, bakean goan zen.

        5. Heriotzeko orenean berriz, bere ganat deithu zituen bere seme Tobias eta hunen zazpi seme bere ilobasoak, eta erran zaroeten:

        6. Hurbil bide daiteke Niniberen galpena; ez da alabainan Jaunaren hitza erortzen, eta gure anaia, Israelgo lurretik barraiatuak direnak, hartara itzuliko dira.

        7. Berriz, hango lur mortu bilhakatu guzia betheko da, eta han errea zetzan Jainkoaren etxea berriz altxatu: izanen da, eta harat bihurturen dira Jainkoaren beldur diren guziak.

        8. Eta jendaiek utziko dituzte beren jainkoaizunak, eta Jerusalemera ethorriko dira, eta han eginen dute beren egoitza;

        9. Eta han boztuko dira lurreko errege guziak, adoratzen dutelarik Israelgo erregea.

        10. Ene haurrak, adi zazue beraz zuen aita: zintasunean zerbitza zazue Jauna, eta haren gogarako direnen egitea bilha zazue.

        11. Zuen semeei ere mana zozuete zuzenbidean ibil ditezen eta karitatea egin dezaten, Jainkoaz izan ditezen orhoiti, eta hura noiz-nahi benedika dezaten zintasunean eta beren ahal guziaz.

        12. Orai beraz, haurrak, adi nezazue, ez egon hemen; bainan noiz-ere ehortziko baituzue zuen ama ene aldean hobi berean, egun beretik zuen urhatsak abia zatzue hemendik goateko.

        13. Ikhusten dut alabainan hiri huntako tzarkeriak ekharriko daroela bere akhabantza.

        14. Bere ama hil ondoan beraz, Tobias urrundu zen Ninibetik bere emazte eta haurrekin eta haurren haurrekin, eta bihurtu zen bere emaztearen burhasoetara.

        15. Eta osagarritan eta zahartze on batean aurkhitu zituen: izan zuen hekietaz artha, eta berak hertsi zituen hekien begiak; eta Erraguelen etxeko ondorego guzia berak izan zuen, eta bere haurren haurrak ikhusi zituen bortzgarren belhauneraino.

        16. Laur hogoi eta hemeretzi urthe Jaunaren beldurrean bethe zituen ondoan, bozkariorekin ehortzi zuten.

        17. Haren ahaidego guziak berriz, eta haren ondoko guziek bizitze on eta ihardukitze saindu batean iraun zuten, haletan non Jainkoaz bezala gizonez ere eta lekhuko egoiliar guziez onhetsiak izan baitziren.

 

aurrekoa hurrengoa