www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

BARUKEN PROFEZIA

 

I. KAP.

        1. Haukiek dire Barukek Babilonan iskribatu liburuko hitzak, (Baruk baitzen Neriasen semea, Nerias Maasiasena, Maasias Sedeziasena, Sedezias Sedeirena, Sedei Helziasena),

        2. Bortzgarren urtheko hilabethearen zazpigarren egunean, Kaldearrek Jerusaleme hartu eta erre zuten mugatik.

        3. Barukek irakurtu zituen liburu huntako hitzak Judako errege Jekonias, Joakinen semearen aitzinean, eta populu guziaren aitzinean, zeina ethortzen baitzen liburuaren aditzera;

        4. Handien aitzinean, erregeen semeen, zaharren eta populuaren aitzinean, ttipitik handiraino, Sodiko ur-hegian, Babilonan egoten ziren guzien aitzinean.

        5. Eta aditzean, egiten zuten nigar, barur eta othoitz Jaunaren aitzinean.

        6. Eta bildu zuten diru zerbait, batbederak zuen ahalaren arabera;

        7. Eta Jerusalemera igorri zuten Joakini, Helziasen seme Salomen arresemeari, eta aphezei, eta harekin Jerusalemen khausitzen zen populu guziari;

        8. Sibango hilabethearen hamargarren egunean, noiz-etare izaten baitzituen, Judako lurrera bihurtzeko, Jaunaren tenploko untziak, tenplotik eramanak izan zirenak, Judako errege Sedezias Josiasen semeak egin zituen zilharrezko untziak,

        9. Babilonako errege Nabukodonosorrek Jerusalemetik hartu eta Babilonara estekaturik eraman zituen ondoan Jekonias, buruzagiak, handi guziak eta lekhuko populua.

        10. Eta hau gaztiatu zuten: Huna non igorri darozkitzuegun diruak, zeinetarik erosatzue holokaustak eta isentsua, egizkitzue sakrifizioak eta bekhatuarentzateko eskaintzak gure Jainko Jaunaren aldarean;

        11. Eta othoitz egizue Babilonako errege Nabukodonosorren biziarentzat, eta haren seme Baltasarren biziarentzat, hekien egunak lurraren gainean izan ditezen zeruko egunak bezala;

        12. Eta Jaunak eman dezagun indarra, eta argi detzan gure begiak, bizi gaitezentzat Babilonako errege Nabukodonosorren itzalaren azpian, eta haren seme Baltasarren itzalaren azpian, zerbitza detzagun egun luzez, eta begitharte aurkhi dezagun hekien aitzinean.

        13. Eta guretzat ere othoitz zazue gure Jainko Jauna, zeren gure Jainko Jaunaren kontra egin baitugu bekhatu, eta haren hasarrea gure gainetik ez baita aldaratu egungo eguneraino.

        14. Eta irakur zazue liburu hau, zeina igorri baitarotzuegu irakurtua izan dadien Jaunaren tenploan besta-buru batez eta muga onean;

        15. Eta erranen duzue: Gure Jainko Jaunari zuzentasuna, guri aldiz begitharteko ahalkea, egungo egunean ageri den bezala Juda guziaren eta Jerusalemdarren baithan,

        16. Gure erregeen, gure buruzagien, gure aphezen, gure profeten, eta gure aiten baithan.

        17. Gure Jainko Jaunaren aitzinean egin dugu bekhatu, eta ez dugu sinhesterik izan, hartaz mesfidatuz.

        18. Eta ez gatzaizkio ethordun izatu, eta ez dugu entzun gure Jainko Jaunaren mintzoa, eman zarozkigun manamenduetan ibiltzeko.

        19. Gure arbasoak Egiptoko lurretik erakharri zituen egunetik eta orai arteo, sinhets-gogor ginen gure Jainko Jaunaren alderat; eta gure gogo haizatuek gibelerat egin dute, haren mintzoaren ez aditzea gatik.

        20. Eta iratxiki zaizkigu asko gaitz eta madarizione, Jaunak ezarri zituenak bere zerbitzari Moisen ahoan, Moise, zeinak erakharri baitzituen gure arbasoak Egiptoko lurretik, hekiei ematekotzat esne eta ezti zarioen lurra, orai ere ageri den bezala.

        21. Eta ez dugu entzun gure Jainko Jaunaren mintzoa, igorri izan darozkigun profeten hitz guzien arabera:

        22. Eta zein gure bihotz galduko oldera ibili gare, jainko arrotzen zerbitzatzeko, gure Jainko Jaunaren aitzinean gaizkia eginez.

 

II. KAP.

        1. Aria hortaz gure Jainko Jaunak, guri, eta gure juie Israel juiatu dutenei, gure erregeei eta buruzagiei, Israel guziari eta Judari erran zaroeten hitza frogetan ezarri du,

        2. Jaunak gure gainera erakharriko zituela hanbateko zorigaitzak, non halakorik ez baitzen zeruaren azpian gerthatu, (hala gerthatu den bezala Jerusalemen, Moisen legean iskribatua denaren arabera);

        3. Gizonak janen zuela bere semearen eta bere alabaren haragitik.

        4. Eta Jaunak arthiki ditu, gure inguruan diren errege guzien eskuetara, laido eta desmasietan populu guzietan, zeinen erdian barraiatu baikaitu Jaunak.

        5. Eta eginak izan gure azpiko eta ez gaineko, zeren dugun bekhatu egin gure Jainko Jaunaren kontra, haren erranari ethordun ez izanez.

        6. Gure Jainko Jaunari zuzentasuna; guri aldiz, eta gure arbasoei, begitharteko ahalkea; egun gerthatzen den bezala.

        7. Alabainan Jaunak aitzinetik erran zituen gure kontra, gainera ethorri zaizkigun gaitz horiek oro;

        8. Eta ez dugu othoiztu gure Jainko Jaunaren begithartea, batbederak gibelerat egin ginezan gure bide guziz tzarretarik.

        9. Eta Jauna atzarria egotu da gaitz horiei eta gure gainera arthiki ditu; ezen Jauna zuzena da guri manatu darozkigun bere manamendu guzietan;

        10. Eta guk ez dugu entzun haren errana, ibil gintezen gure aitzinean eman zituen manamenduetan.

        11. Eta orai, Israelgo Jainko Jauna, zure populua Egiptoko lurretik atheratu duzuna zure esku hazkarras, ezagutkariz eta sendagailaz, zure indar handiaz eta beso goraz, eta zure buruari izen bat eman diozuna egun den bezalakoa;

        12. Bekhatu egin dugu, gaizki ibili eta tzarkerian haritu gare, gure Jainko Jauna, zure erabaki guzien kontra.

        13. Gure ganik aldara bedi zure hasarrea, zeren garen bazterrerat utziak eta guti jendaien artean, zeinetan barraiatu baikaituzu.

        14. Entzun zatzu, Jauna, gure othoitzak eta errekeiak; eta athera gaitzatzu zure izenaren ariaz; eta iguzu begitharte aurkhi dezagun hunat erakharri gaituztenen aitzinean;

        15. Lur guziak jakin dezan zu zarela gure Jainko Jauna, eta zure izena deithua dela Israelen eta haren ganikako iraulgiaren gainera.

        16. Begira zazu, Jauna, zure egoitza saindutik gure gainera; makhur zazu zure beharria eta entzun gaitzatzu.

        17. Zabal zatzu begiak eta ikhusazu; ezen hilak, hobian direnak eta zeinen izpiritua berezia izan baita gorphutzetik, ez dira hariko ohore eta aithor bihurtzen Jaunari;

        18. Bainan gaitzaren handiz ilhunik dagoen gizonak, makhurtua eta hebaindua dabilanak, begiak iraungiak dituenak eta goseak iragana denak, bihurturen darozkitzu aithor eta ospe.

        19. Ezen ez ditugu gure aiten zuzentasunaren ariaz ixurtzen othoitzak, ez-eta urrikalmendu eskatzen zure aitzinean, oi gure Jainko Jauna;

        20. Bainan-bai zeren igorri ditutzun zure hasarrea eta sumindura gure gainera, zure zerbitzari profeten arartekoz erran zinuen bezala, zinioelarik:

        21. Hunela mintzo da Jauna: Aphal zatzue zuen soina eta zuen burua, eta lanean hari zaitezte Babilonako erregerentzat, eta jarriak geldituko zarete zuen arbasoei eman diotedan lurrean.

        22. Baldin ez baduzue entzuten zuen Jainko Jaunaren errana, lanean hari zaiteztela Babilonako erregerentzat, ilkhiaraziren zaituztet Judako hirietarik eta Jerusalemetik kanporat;

        23. Eta khenduren ditut zuen erditik atseginezko eta bozkariozko otsak, jaun esposaren eta andre esposaren kantuak, eta egoiliar-hatzik ez da izanen zuen lur guzian.

        24. Eta ez dute entzun zuk errana, lanean hari zitezela Babilonako erregerentzat; eta zuk obratu duzu zure zerbitzari profeten arartekoz erran zinduen hitza, gure errege eta gure arbasoen hezurrak khenduak izanen zirela beren tokitik;

        25. Eta hara non izan diren arthikiak iguzkiaren khaldari eta gauazko hotzari; eta gure aitak hil dira oinhazerik gaitzenetan gosetetik, ezpatatik eta desherripenetik.

        26. Eta tenploa, zeintan deithua izan baita zure izena, ezarri duzu egun den bezala, Israelgo etxearen eta Judako etxearen tzarkeria gatik.

        27. Eta gure gainean egin duzu, oi gure Jainko Jauna, zure ontasun guziaren arabera, eta zure urrikalpen handi horren guziaren arabera;

        28. Erran izan zinduen bezala zure zerbitzari Moisen arartekoz, manatu zinaroen egunean iskriba zezan legea Israelgo umeen aitzinean,

        29. Zinioelarik: Baldin ene mintzoa entzuten ez baduzue, oste handi hori xume batera bihurraraziren dut, barraiaturen zaituztedan jendaien artean;

        30. Badakit alabainan populuak ez nauela entzunen, populu buru gogorrekoa delakoz; eta bere baithara gathibutasuneko lurrean da itzaliko;

        31. Eta jakinen dute ni naizela horien Jainko Jauna; eta bihotz bat emanen daroet, eta ezagutza izanen dute; beharriak emanen daroztet, eta adituko dute.

        32. Eta laudaturen naute beren gathibutasuneko lurrean, eta ene izenaz orhoit izanen dire.

        33. Eta urrunduren dire bere buru-gogortasunetik eta beren tzarkerietarik; ezen beren aita, ene kontra bekhatu egin dutenen bideaz orhoituren dire.

        34. Eta horien aitei, Abrahami, Isaaki eta Jakobi, zin eginez agindu nioten lurrera bihurraraziren ditut; eta han nausituren dire; eta berhaturen ditut, eta ez dire aphurtuko.

        35. Eta horiekin eginen dut bethiko bertze batasun bat, ni horien Jainkoa izateko eta horiek ene populua; eta ez dut gehiago higituko ene populua, Israelen umeak, eman diotedan lurretik.

 

III. KAP.

        1. Eta orai, Jaun guziz-ahalduna, Israelgo Jainkoa, arima batek hesturetan, gogo behartu batek oihu egiten darotzu:

        2. Adi zazu, Jauna, eta urrikal zaite, Jainko urrikalkor bat zarelakotz; urrikal zakizkigu, zeren egin baitugu zure aitzinean bekhatu.

        3. Ezen zu bethiaren gainean zare jarria, eta gu gure mende xedatuan galdu behar othe gare?

        4. Jaun guziz-ahalduna, Israelgo Jainkoa, adi zazu orai Israelgo hilen eta zure aitzinean bekhatu egin dutenen semeen othoitza; gure aitek ez dute entzun beren Jainko Jaunaren mintzoa, eta guri iratxiki zaizkigu asturugaitzak.

        5. Ez orhoit gure aiten tzarkeriaz; bainan ordu huntan zure eskuaz eta zure izenaz orhoit zaite.

        6. Zu zare alabainan gure Jainko Jauna, eta zu zaitugu laudaturen, Jauna,

        7. Ezen zure beldurra gure bihotzetan hortako eman duzu, eta zure izenari dei egin diozoguntzat, eta lauda zaitzagun gure gathibutasunean; zeren gure aita, zure aitzinean bekhatu egin dutenen gaixtakeriatik baikare bihurtzen.

        8. Eta huna non garen egun gure gathibutasunean, zeintan barraiatu baikaituzu, laido, madarizione eta tzarkeriaren meioriako, oi gure Jainko Jauna, gure aita, zure ganik gibelerat egin zutenen gaixtakerien arabera.

        9. Israel, adi zatzu bizitzeko manamenduak; beharriaz har zatzu, gurbiltasunaren ikhasteko.

        10. Nolaz, Israel, aurkhitzen zare etsaien lurrean?

        11. Lur arrotzean zahartzen, hilekin khutsatzen, eta hobira jausten direnekilako begiratua zare.

        12. Zuhurtziaren ithurria utzi duzu;

        13. Ezen baldin Jainkoaren bidean ibili bazine, bethiko bakean egotu zintazkeen segur.

        14. Ikhasazu non datzan umotasuna, non datzan indarra, non datzan adimendua jakin dezazun halaber non dauntzan biziaren luzetasuna eta bizitzekoa, non dauntzan begietako argia eta bakea.

        15. Nork aurkhitu du zuhurtziaren egoitza, eta nor sarthu da haren khutxategian?

        16. Non dire jendaietako buruzagiak, lurrean diren basabereen gainean nausitasuna zerabilkatenak,

        17. Zeruko hegastinez dostatzen zirenak,

        18. Murruka biltzen zituztenak urhea eta zilharra, zeinetan baitute gizonek beren sinhestea, eta zeinetarik ez baitute behinere aski bildurik? Non dire zilharra lantzen zutenak antze handirekin, eta hartarik nihonereko obra ederrak egiten zituztenak?

        19. Xahutuak dire, eta jautsi dire ifernuetara, eta bertze batzu jaiki dire hekien orde.

        20. Gizon-gazteek ikhusi dute argia, eta lurraren gainean egotu izan dire; ez dire ordean zuhurtziaren bideaz izan jakintsun.

        21. Ez dituzte ezagutu haren bidexkak; hekien semeek ez dute hura hartu, eta hura hekien ganik urrun gelditu da.

        22. Hartaz ez da Kanaango lurrean entzuterik izan, eta Themanen nihork ez du ikhusi.

        23. Halaber Agarren semeek, lurretikako gurbiltasun baten bilha dabiltzanek, eta Merhako eta Themango tratulariek, eta khondera-egileek, eta gurbiltasun eta argi-bilhatzaileek, ez dute ordean ezagutu zuhurtziaren bidea, ez-eta atzeman haren bidexkak.

        24. Oi Israel, zeinen den handia Jainkoaren etxea, eta zeinen zabal haren nausitasuneko lekhuak

        25. Zabalak eta mugarrigabeak, gorak eta gaitzak dire.

        26. Han izatu dire digante aiphatu, hastapenean ziren hekiek, digante gaitz eta gerlan ikhasi hekiek.

        27. Etzituen hekiek hautatu Jaunak, eta etzuten aurkhitu zuhurtziaren bidea, hargatik galdu ziren.

        28. Eta nola ez baitziren zuhurtziaren jabe, beren zorokeriak hilarazi zituen.

        29. Nor igan da zerura, eta han zuhurtzia hartu, eta hedoietarik jautsarazi du?

        30. Nork itsasoa iragan eta aurkhitu du hura, eta ekharri du, urhe hauta baino nahiagoz?

        31. Nihor ez da haren bideak jakin detzazkeenik, eta haren bidexkak bilhatzen dituenik.

        32. Bainan ezagutzen du, eta bere gurbiltasunaz aurkhitu du gauza guziak dakizkienak, lurra bethikotzat aphaindu eta abere orotaz bethe duenak;

        33. Harek bidaltzen du argia, eta badoha; deitzen du, eta ikharan bihurtzen da.

        34. Izarrek berriz, eman dute beren argia, zeinek beren aldietan, eta boztu dira;

        35. Jainkoak deithu ditu, eta erran dute: Huna gu; eta goihererik dirdiratu dute beren egilearentzat.

        36. Hura da gure Jainkoa; eta haren aitzinean ez da bertzerik jainkotzat hartuko.

        37. Harek aurkhitu ditu zuhurtziaren bide guziak, eta eman izan du hura gure aita Jakob bere zerbitzariari eta Israel bere hautetsiari.

        38. Horiez geroz, ikhusia izan da lurrean, eta solas egin du gizonekin.

 

IV. KAP.

        1. Hau da Jainkoaren manamenduen liburua, eta egundainotik den legea; bizitzera helduko dire hau begiratzen dutenak; heriotzera aldiz, hau bazterrerat utziko dutenak.

        2. Bihur zaite, Jakob, eta besarka zazu legea; hunen bidean ibil zaite hunen distiren argitara.

        3. Bertze bati ez utz zure ospea, jendaki arrotz bati zure goihendea.

        4. Dohatsu gare, Israel, zeren agertuak baitzaizkigu Jainkoaren gogarako diren gauzak.

        5. Ez grina, Jainkoaren populua, Israelen orhoitgarria.

        6. Jendaiei salduak zarete, ez xahutuak izateko; bainan zeren sumindu duzuen Jainkoaren hasarrea emanak izan zarete zuen etsaien eskuetara.

        7. Gaizkuratu duzue alabainan zuen egilea, Jainko bethierekoa, debruei imolatuz, eta ez Jainkoari.

        8. Ezen ahantzi duzue hazi zaituzteten Jainkoa, eta zaurthu Jerusaleme, zuen unhidea.

        9. Ikhusi du hasarrea Jauna ganik zuen gainera jausten, eta erran du: Adi zazue, Siongo ingurukoek, Jainkoak igorri baitarot atsekabe handia.

        10. Ikhusi dut ezen Bethierekoak ene populuaren, ene seme-alaben gainera igorri duen gathibutasuna.

        11. Hazi nituen gozoki eta utzi ditut nigar eta bihozminekin.

        12. Nihor ez bedi boz ni ikhusteaz alhargun eta inkoniatua; populu handiak utzi nau ene umeen bekhatuen ariaz, Jainkoaren legetik zeihertu direlakotz.

        13. Haren erabaki zuzenak berriz, ez dituzte ezagutu; ez dira Jainkoaren manamenduetako bideez ibili, eta haren egiaren bidexketan ez dira zintasunekin sarthu.

        14. Siongo ingurukoak ethor beitez, eta burutan iragan bezate Bethierekoak ene seme-alaben gainera ekharri duen gathibutasuna;

        15. Ezen hekien gainera urrundik erakharri du jendaki bat, jendaki gaixto eta bertze mintzaia batekoa,

        16. Zeinak ez baitu izan zaharrarentzat heraberik, ez-eta haurrentzat urrikalmendurik; eta eraman dituzte alhargunaren seme maiteak, eta inkoniamendutan zurtz ezarri dute alabarik gabe.

        17. Nik ordean zer laguntza egin dezakezuet?

        18. Alabainan gaitz horiek zuen gainera jautsarazi dituenak berak atheraturen zaituztete zuen etsaien eskuetarik.

        19. Ibil zaitezte, ibil, ene haurrak; ezen ni bakharrik naiz utzia.

        20. Biluzi naiz bakezko egunetako soinetarik; jauntzi dut errekeipeneko zakhua, eta bizi guzian deihadar eginen diot Guziz-Gorari.

        21. Ez grina, ene haurrak; Jaunari oihu egiozue, eta atheraturen zaituztete etsaietako aitzindarien eskuetarik.

        22. Ezen nik zuen salbamendua igurikitzen dut bethi eta niri saindua ganik dathorkit bozkarioa, zuei gure salbatzaile bethierekoa ganik ethorriren zaitzuen urrikalpenaren ariaz.

        23. Alabainan utzi zaituztet nigar eta auhenekin, eta Jaunak ene gana bethiko bozkario eta gozoan bihurraraziren zaituztete.

        24. Ezen nola Sionen hauzoek ikhusi baitute Jainkoa ganik ethorri zaitzuen gathibutasuna, orobat ikhusiko dute, eta laster, Jainkoa ganik ethorriren zaitzuen salbamendua, ohore handi eta bethiko distirarekin.

        25. Ene haurrak, jasankorki egar zazue zuen gainera jautsi den hasarrea ezen jazarri darotzuete zuen etsaiak bainan laster ikhusiren duzue galtzen, eta haren buruaren gainera izanen zarete.

        26. Ene ume minberak bide malkharrak gaindi ibili dire; alabainan etsaiak harrapaturikako arthalde bat iduri izan dire eramanak.

        27. Ez gogoan-behar, ene haurrak, eta Jaunari egiozue oihu; ezen zuen eramailea zuetaz orhoituren da.

        28. Alabainan nola zuen gogoak Jainkoa ganik baitzaituzte zeiherrarazi; hala, berriz itzulirik, hamarretan suharkiago duzue bilhaturen;

        29. Ezik zuei gaitz horiek erakharri darozkitzuenak, berak erakharriren darotzuete zuen salbamenduarekin bethirainoko gozoa.

        30. Ez gogoan-behar, Jerusaleme alabainan zure izena eman darotzuna da zu hertxatzen zaituena.

        31. Zuri jazarri darotzuten bidegabe egileak galduko dire; eta zure xahupenaz bostu direnak, izanen dire gaztigatuak.

        32. Zure umeek zerbitzatu dituzten hiriak eta zure umeek hartu dituztenak, gaztigatuak izanen dire.

        33. Ezen nola atseginez egon baitira zure xahutzeaz, eta bozkariatu zure erortzeaz, hala-hala atsekabez egonen dire beren desmasian.

        34. Eta osteari khenduko zaizkio bere irrintzinak, eta bozkarioak deithoretara bihurturen dire.

        35. Ezen sua egun luzez Bethierekoa ganik eroriko da haren gainera, eta mendez eta mendez izanen da debruen egon-lekhua.

        36. Oi Jerusaleme, begiak inguruan iguzki-aldera itzul zatzu, eta ikhusazu Jainkoa ganik heldu zaitzun gozoa.

        37. Ezen huna non heldu diren zure seme, barraiatuak utzi zintuenak; moltzoan heldu dire iguzki-aldetik mendebalera, sainduaren hitzera, bozkariotan Jainkoari ospe bihurtuz.

 

V. KAP.

        1. Erauntzazu, Jerusaleme, zure deithoreko eta atsekabeetako soina, eta jauntzatzu Jainkoa ganik duzun bethiko ospearen dirdira eta ohorea.

        2. Jainkoak inguraturen zaitu zuzentasunaren kapaz, eta bethiko ohorearen khoroa ezarriren du zure buruaren gainean.

        3. Jainkoak alabainan zeruen azpian diren guziei zure baithan erakhutsiren diote bere distiradura.

        4. Ezen hau da bethikotzat Jainkoak emanen darotzun izena: Zuzenbidearen bakea, eta jainkotiartasunaren ohorea.

        5. Jaiki, Jerusaleme, eta jar zaite gain batean; begiak inguruan ematzu iguzkialdera, eta zure semeak ikhusatzu, iguzki-aldetik mendebaleraino bilduak, sainduaren hitzera, Jainkoaren orhoitzapenaz bozkarioz betherik.

        6. Zure barnetik ilkhi ziren oinez, etsaiak eramaten zituela; Jaunak erakharriren ditu ordean, ohorerekin ekhartzen dituztela errege-semeak iduri.

        7. Ezen Jainkoak gogoan hartu du, mendi gora guziak eta egundainotikako gerendak aphaltzea, eta haranak lurraren bardinera bethetzea, Israelek laster egin dezan Jainkoaren ohoretan.

        8. Oihanek ere eta zuhamu usain oneko guziek, Jainkoaren manuz Israeli itzal eginen diote.

        9. Alabainan Jainkoak erakharriren du Israel bozkariotan bere maiestatearen argitara, haren ganik dathortzen urrikalmendu eta zuzentasunarekin.

 

VI. KAP.

        1. Babilonan gathibu ziren Juduei Jeremiasek bidali gutuna, zeinetan urruntzen baititu idolen adoratzetik. Erakhusten du idolen hutsaltasuna.

        Jainkoaren aitzinean egin ditutzuen bekhatuen gatik, Nabukodonosor Babilondarren erregek gathibu eramanen zaituztete Babilonara.

        2. Hargatik Babilonan sarthu-eta, han izanen zarete asko urthez eta denbora luzez, zazpi gizamendetaraino; gero berriz, bakean handik erakharriren zaituztet.

        3. Bainan orai Babilonan ikhusiren ditutzue jainko urhezkoak, zilharrezkoak, harrizkoak eta zurezkoak, soin gainetan erabiltzen, jendaiei beldurraren emateko.

        4. Begira zaitezte beraz arrotz hekien iduriko bilhakatzetik, eta lotsatzetik, eta jainkoaizun hekien beldurraren hartzetik.

        5. Hargatik ostea aitzinetik eta gibeletik adoratzen ikhustean, zuen bihotzetan errazue: Zu behar zare adoratu, Jauna.

        6. Ezen ene aingerua zuekin da, eta neronek hartuko dut zuen biziez artha.

        7. Alabainan idola bekien mihia ofizialeak legundua da; urhezkoak eta zilharrezkoak ere jainkoaizunak dire, eta ez ditazke mintza.

        8. Eta nola edergailuak maite dituen neskatxari, hala egiten diozkate idolei urrezko edergailuak.

        9. Hekien jainkoek urhezko khoroak badituzte butuari; handik aphezek khentzen diote urhea eta zilharra eta hartaz jabetzen dire.

        10. Hartarik aldiz, putei ematen diote, eta hartaz aphaintzen dituzte lilitxoak; eta hura berriz izaten dutenean lilitxoetarik, aphaintzen dituzte beren jainkoak.

        11. Jainko hekiek ordean beren buruak ezin zaint detzazkete herdoiletik eta biphietarik.

        12. Jaunzten diote, berriz, urhezko soin bat, eta begithartea garbitzen diote, hekien etxean den herrauts handiaren gatik.

        13. Batek berriz, badaduka gizon batek bezala manamenduko makhila, tokiko juiea iduri, zeinak ezin hilaraz baitezake huts egiten dioena.

        14. Bertze batek ere badaduzka ezpata eta haizkora; bainan ez du bere burua zaintzen gerlan eta ohoinetarik; hortarik ezagutazue ez direla jainkoak.

        15. Ez izan beraz hekien beldur; ezen nola untzi hautsi bat gizonarentzat deusetako ez baita, hala-hala dire jendaien Jainkoak ere.

        16. Etxe batean ezarriak direnean, begiak betheak dituzte sartzen direnen zangoetako herrautsaz.

        17. Eta nola erregeri hutsegin duen bati atheak inguruan hersten baitzaizko, edo nola hersten baita hobirat eraman hila; hala-hala aphezek seguratzen dituzte atheak hagaz eta zerrapoz, beldurrez-eta ohoinek ebats jainkoak.

        18. Kriseluak bizten diozkate, eta hainitz, ere segurki; hekietarik batere ezin ikhus baitezakete; ezen etxean dire lazak iduri.

        19. Diote berriz, lurretikako suge batzuek milikatzen diozkatela bihotzak, noiz-etare jaten baitituzte berak eta beren soinekoak, eta ez baitute hautematen.

        20. Hekien etxean den kheak belzten diozkate musuak.

        21. Hekien gorphutzaren eta buruaren gainetik dabiltza huntz, ainhara eta bertze xoriak eta orobat gathuak.

        22. Hortarik jakizue ez direla jainko; ez izan beraz hekien beldur.

        23. Hekiek duten urhea ere, itxurarentzat da; nihork khen ez balezote herdoila, ez lezakete argi; eta urtzen dituztenean, ez dute hautematen.

        24. Zer-nahi pagatuz erosiak dire bizigabeko molde hekiek.

        25. Zangorik ez izanez, soin gainean erabiltzen dituzte, gizonei horrela erakhutsiz beren ahalgabetasun itsusia; ahalkez estal beitez hekiek adoratzen dituztenak.

        26. Lurrerat erortzen badire, berak ez dire jaikiko; eta norbaitek xuxen ezartzen baditu, ez dire berak xutik egonen; bainan hilei bezala ekhartzen zaizkote emaitzak.

        27. Hekien aphezek saltzen dituzte hekientzateko bitimak, eta nahi dutena egiten dute; aphezen emazteek ere hartzen dute hekietarik, eriari eta eskaleari batere eman gabe.

        28. Izorra eta astagaizdun direlarik hekien sakrifizioetarik ukitzen dute: Horietarik dakizuenaz geroz ez direla jainko, ez izan hekien beldur.

        29. Nondik ezen deitzen dituzte jainko? Zeren emazteak ematen baitiozkate zilharrezko, urhezko eta zurezko jainko hekiei;

        30. Eta hekien etxeetan aphezak jarriak daudelakoz, soin urratuekin, ileak eta bizarrak murrizturik eta buru has.

        31. Orroaz egoten dire, berriz, beren jainkoen aitzinean, hala-nola hilentzateko onthuruntzetan.

        32. Aphezek khentzen diozkate beren soinekoak, eta ematen beren emazte eta haurrei.

        33. Edo gaizki zerbait jasan dezaten norbaiten ganik, edo zerbait onik, saririk ezin bihur dezakete; ez dezakete errege bat ez ezar, ez khen.

        34. Halaber ez dezakete ez ontasunik eman, ez gaizkirik bihur; norbaitek botu bat egin badiote, eta ez bihurtu, hartaz ere ez dute bilhatuko.

        35. Ez dute gizon bat heriotzeari itzurraraziko, ez-eta herbal bat hazkarragoaren eskutik atheratuko.

        36. Itsuaren begiari ez diote argia bihurturen; ez-eta gizona behartasunetik atheraturen.

        37. Ez dire urrikalduko alhargunari, eta ongirik ez diote eginen umezurtzei.

        38. Hekien jainkoak menditikako harrien iduriko dire, zurezkoak, harrizkoak, urhezkoak, zilharrezkoak: hekiek adoratzen dituztenak, berriz, ahalkearen azpira eroriko dire.

        39. Nola beraz jainkotzat har, edo jainko deith ditazke?

        40. Ezen oraino Kaldearrek berek ez dituzte ohoratzen; aditzen dutenean mutu bat ez ditakeela mintza, haren eskaintza egiten baitiote Beli, mintzaraz dezan galdatuz;

        41. Higitzeko ahala ez dutenek, hautemateko ahala balute bezala: eta ezagutuko dituztenean utziko dituzte; alabainan hekien jainkoek usnarik ez dute.

        42. Emazteki batzu, berriz, sokhaz tinkaturik, bide gainetan jarriak egoten dire, oliba-hexur erretzen.

        43. Aldiz, iragaile norbaitek bildurik, hekietarik batek harekin lo egin dukeenean, iroi egiten dio bere lagunari, hura ez delakoan doitzat idukia izan, bera bezala, eta haren sokha ez delakoan izan hautsia.

        44. Jainko hekiei egiten zaizkoten guziak, berriz, gezurrezkoak dire: nola uste izan edo erran jainko direla?

        45. Zurginek eta urheginek eginak dire, eta deus ez dire bertzerik, aphezek nahi dutena baizik.

        46. Hekiek egiten dituzten ofizialeak ez dire egun luzerentzat; hekien eskuetako lanak izan othe ditazke beraz jainko?

        47. Ondotik ethorriko direnei ez dute uzten gezur eta laido baizik.

        48. Halabadere gudu bat eta asturugaitzak gerthatzera heldu direnean, aphezak beren baithan egoten dire non gordeko othe diren beren jainkoekin.

        49. Nola beraz har ditazke jainkotzat, gerlatik salba eta asturugaitzetarik ezin itzur ditazkeen hekiek?

        50. Alabainan nola zur urheztatuz eta zilharreztatuz baitire, jendaia eta errege guziek gerorat ezagutuko dute gezurrezkoak direla; ageri baita ez direla jainko, bainan-bai gizonen eskuetako lanak, eta hekietan deusere ez dela jainkozkorik.

        51. Hortarik beraz ezagun da ez direla jainko, bainan gizonen eskuetako lanak, eta hekietan ez dela deusere jainkozkorik.

        52. Erregerik ez diote erresuma bati ematen, ez-eta uririk gizonei.

        53. Zuzenari ez diote bere bidea ematen, eta ez dituzte erresumak bidegabeetarik libratzen; zeren deus ez baitezakete, zeruaren eta lurraren artean dabiltzan belatxak iduri.

        54. Ezen zurezko, zilharrezko eta urhezko jainkoen etxeari su lothuko denean, hekien aphezek ihes eginen dute, itzuriko dire; hekiek ordean, lazak bezala erdi-erdian erreko dire.

        55. Errege bati berriz, eta gerlari ez diote buru eginen; nola beraz uste izan eta har ditake jainko direla?

        56. Jainko zurezko, harrizko, urhezko eta zilharrezkoak ez dire itzuriko ohoin eta ebasleei, zeinak hazkarrago baitire;

        57. Jainkoei eramanen diozkate soineko, urhe, zilhar, eta jauntzia, eta goanen dire, eta jainkoek ez dituzte beren buruak lagunduko.

        58. Jainkoaizun baino hobe da beraz izatea bere ahala erakhusten duen errege bat, edo etxean zerbaitetako on den untzi bat, haren jabeak hartaz espantu baituke, edo etxe batean athe bat, harek barneko gauzak zaintzen baititu.

        59. Iguzkia, ilhargia eta izarrak, zeinek argitzen baitute eta beren premiatasuna gatik ezarriak baitire, Jainkoaren manuari dire ethordun.

        60. Halaber simista ere ageri da argitzen duenean; haizeak berriz, toki guzietan buhatzen du.

        61. Eta hedoiek, Jainkoak manatzen diotenean mundu guzia gaindi ibiltzea, manatua zaiotena egiten dute.

        62. Suak ere, mendien eta oihanen erretzera gainetik igorriak, manatua egiten du; jainkoaizunak ordean, ez edertasunez, ez indarrez, ez dire horietarik baten bethe.

        63. Aria hortaz, ez da beraz uste izateko, ez-eta errateko jainko direla, ez dezaketenaz geroztik ez zuzena juia, ez-eta deusere gizonei egin.

        64. Horreletan jakinez geroztik ez direla jainko, ez izan hekien beldurrik.

        65. Ezen ez diote erregeri ekharriko ez onik, ez gaitzik.

        66. Halaber populuei ez diote zeruan ezagutkaririk erakhutsiko; ez dute iguzkiak bezala dirdiratuko, ez-eta ilhargiak bezala argituko.

        67. Abereak hekiek baino gehiago dire, leihorrera ihes egin eta behar dutena bilha dezaketenaz geroz.

        68. Ez da beraz nihondik-ere guretzat ageri jainko direla; horren gatik ez izan hekien beldur.

        69. Alabainan nola konkonbre eraintza batean marika batek deus ez baitu zaintzen, hala-hala dire hekien jainko zurezkoak, zilharrezkoak eta urhezkoak.

        70. Nola baita baratzean elhorri xuria, zeinaren gainean kokatzen baita xoria, nola baita hila ilhunbe batera arthikitzen dena, hekien iduriko dire zurezko, zilharrezko eta urrezko jainkoak.

        71. Hekien bizkarrean biphiatzen diren purpura eta eskarlatatik ere jakizue ez direla jainko; berak ere azkenekotz janak eta tokiko laido izanen dire.

        72. Hobea da gizon prestua, jainkomolderik ez duena; ezen laidotarik urrun izanen da.

 

aurrekoa hurrengoa