www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

JUDITH

 

I. KAP.

        1. Arphaksad Mediarren erregek bere azpikotu zituen jendaki asko, eta berak altxatu zuen hiri bat guziz hazkarra, zeina deithu baitzuen Ekhatana.

        2. Lau izkinetako harri pikatuz egin zuen. Hirur hogoi eta hamar beso zabal ziren harrasiak eta hogoi eta hamar beso gora zirenak egin zituen; dorreak aldiz, ehun beso gora zirenak ezarri zituen.

        3. Hekien sahetsak, laur izkinetakoak, hogoi pia hedatzen ziren bakhotxa, eta hiriko atheak ezarri zituen dorreen goratasun berean.

        4. Eta espantuak handi zituen bere burua ahal gaitzeko iduritzen baitzitzaioen bere armadaren indarra eta orga-lasterren ostea gatik.

        5. Nabukodonosor, Asiririarren errege, Ninibeko hiri handian erreginatzen zena, bere erregetasuneko hamabigarren urthean Arphaksaden kontra gudukatu zen eta atzeman zuen

        6. Erragau deitzen den zelhai handian, Ufratako, Tigriseko eta Jadasongo inguruetan, Eriok Eliziarren erregearen ordokian.

        7. Orduan goratua izan zen Nabukodonosorren erreinua; haren bihotza hantu zen, eta bidalkinak igorri zituen Zilizian, Damasen eta Libanen egoten ziren guziei,

        8. Karmelen eta Zedarren ziren jendakiei, Galilean eta Esdrelongo zelhai handian egoten zirenei,

        9. Samarian eta Jordaneko uraz haindian zirenei eta Jerusalemeraino, eta Jeseko lurrera Ethiopiako mugak jo arteo.

        10. Nabukodonosorrek Asiriarren erregek horiei orori bidalkinak igorri zaroezten.

        11. Eta guziek orobat jazarri zaroeten, eta igorri zituzten gibelerat hutsik, eta iraizi zituzten ohoratu gabe.

        12. Orduan lur haren guziaren kontra gaitziturik, Nabukodonosor erregeak bere tronuaz eta bere erresumaz zin egin zuen bere buruari asperkunde atherako zaroela toki hekietaz orotaz.

 

II. KAP.

        1. Nabukodonosor erregearen hamahirugarren urthean, lehenbiziko hilabethearen hogoi eta bigarren egunean, Nabukodonosor Asiriarren erregearen jauregian biltzar bat egin zen, asperkunde atheratzeko ariaz.

        2. Deithu zituen zahar guziak, buruzagi guziak eta bere gerlariak, eta bekiekin iduki zuen biltzar ixil bat.

        3. Eta erran zaroten hau zuela bere asmua, lur guzia bere manamenduari azpiratzea.

        4. Nola haren errana izan baitzen guzien gogarako, Nabukodonosorrek deithu zuen Holofernes bere armadako buruzagia,

        5. Eta erran zaroen: Ilkhi zaite mendebaleko erresuma guzien kontra, eta bereziki ene manamendua arbuiatu dutenen kontra.

        6. Zure begiak ez du erresuma bakhar bat guphidetsiko, eta hiri hazkar guziak ezarriko ditutzu ene azpian.

        7. Orduan Holofernesek deithu zituen aitzindariak eta Asiriarren armadako kargudunak; eta khondatu zituen goatekoak ziren gizonak, erregek manatu zaroen bezala, sei hogoi mila oinezko gudulari eta hamabi mila zaldizko arranbelari.

        8. Eta bere armadaren aitzinean goanarazi zituen nihonereko kameluketa, armadek behar zituzten guziak nasaiki bizkarrean, idi eta ardi arthaldeak, nihork ezin erran baitzezakeen zenbat.

        9. Manatu zuen ogia Siria guzitik haren iragan-bidean xuxendua izan zedin.

        10. Errege-etxetik berriz, hartu zuen urhe eta zilharketa gaitza.

        11. Eta abiatu ziren bera eta bere armada guzia, orga-lasterrekin, zaldizkoekin eta arranbelariekin, zeinek lurraren gaina estali baitzuten xartalek bezala.

        12. Eta Asiriarren mugak iragan-eta, ethorri zen Anjeko mendi handi, Ziliziako ezkerrean direnetara, eta hango gaztelu guzietara igan zen, eta hazkargailu guziak hartu zituen.

        13. Urratu zuen Melothiko aiphu handitako hiria, larrutu zituen Tharsistar guziak, eta mortuaren parrean eta Zelongo hegoaldera ziren Ismaeldarrak.

        14. Eta Ufrata iragan zuen, ethorri zen Mesopotamiara, eta Manbreko errekatik itsasoraino ziren hiri gora guziak urratu zituen.

        15. Nausitu zen hango eremu guziez Ziliziatik Japheteko mugetaraino, zeinak hegoaldera baitira.

        16. Eta berekin erakharri zituen Madiantar guziak; hartu zarozten beren izate guziak, eta bihurtu zitzaizkonak oro iragan zituen ezpataren ahotik.

        17. Gero Damasko zelhaietara uztaroan jautsi zen; erre zituen ogi guziak eta ebakarazi zituen zuhaitz guziak eta mahastiak;

        18. Eta haren beldurra erori zen lurreko egoiliar guzien gainera.

 

III. KAP.

        1. Orduan hiri eta erresuma guzietako erregeek eta buruzagiek, erran nahi da Siriako, Mesopotamiako, Siria Sobalgo, Libiako eta Ziliziakoek igorri zituzten beren bidalkinak, zeinek Holofernesen gana ethorririk erran baitzuten:

        2. Gure alderateko zure gaitzidura bara bedi; ezen hobe da bizirik zerbitza dezagun Nabukodonosor errege handia, eta zure azpiko izan gaitezen, ezenez-eta hilik gure heriotzearekin batean jasan detzagun gure gathibutasuneko bidegabeak.

        3. Gure hiri guziak, gure gozamenak oro, mendi, mendixka, zelhai, idi-arthaldeak, ardi-arthaldeak, ahuntzenak, zaldienak eta kameluenak, gure izate guziak eta familiak, zure aitzinean dira.

        4. Ditugunak oro zure legearen azpiko izan beitez:

        5. Gu eta gure haurrak zure gathibu gare.

        6. Bakezko nausi bat bezala zatozkigu, eta gure zerbitzuaz atsegin dukezun bezala balia zaitezi.

        7. Orduan mendietarik zaldizkoekin jautsi zen indar handitan eta nausitu zen hiri guziez eta lurreko egoiliar guziez.

        8. Hiri guzietarik berriz, berekin laguntzat hartu zituen gizon hazkar eta gerlakotzat hautak.

        9. Eta hanbateko beldurra jarri zen lekhu hekietan, non hirietako buruzagiak eta ohorezko gizonak populuekin batean biderat atheratzen baitzitzaizkoen hurbiltzen zenean,

        10. Ongiethorria eginez khoro eta argiekin eta dantzan ethorriz atabala eta xirolekin.

        11. Eta horiek egiten zituzten arren, ezin eztitu zuten haren bihotzaren gogorra;

        12. Ezik urratu zituen hekien hiriak eta ebaki lukuak.

        13. Alabainan Nabukodonosor erregeak manatu zaroen xahu zetzan lurreko jainkoak oro, bera bakharrik izan zedintzat jainko errana Holofernesek haren eskuari azpiko ezarri ahal zituzkeen jendakiez.

        14. Bada, Siria Sobal iraganik, Apamea guzia eta Mesopotamia guzia, Holofernes ethorri zen Idumearretara, Gabaako lurrean,

        15. Eta hartu zituen hekien hiri guziak, eta han jarri zen hogoi eta hamar egunez, zeinetan manatu baitzuen batera bil zedin haren armadako indar guzia.

 

IV. KAP.

        1. Orduan, horiek aditurik, Judako lurrean egoten ziren Israelgo semeak izitu ziren hainitz haren aitzinean.

        2. Ikharak eta lazturak hartu zituen hekien bihotzak, beldurrez-eta Jerusalemeri eta Jaunaren tenploari egin ziozoten bertze hiriei eta hekietako tenploei egin zuena.

        3. Eta igorri zuten Samaria guzira inguruan Jerikoraino, eta aitzindu ziren mendi-bizkar guzien hartzera.

        4. Harrasiz inguratu zituzten beren herriak, eta ogiak bildu zituzten guduari buruz abiatzeko.

        5. Eliakim aphezak halaber, Esdrelongo aldean, zelhai handiaren parrean, Dothaingo ondoan egoten ziren guziei eta Holofernes iragan behar zen bidean ziren guziei iskribatu zaroeten,

        6. Har zetzazten mendi-patarrak zeinak gaindi egin baitzitakeen Jerusalemera, eta han zain zetzazten, bidea mendien artean hertxia izan zitakeen lekhuak.

        7. Israelgo semeek egin zuten Eliakim Jaunaren aphezak manatu ziotenaren arabera.

        8. Eta populu guziak errekei handiz Jauna gana deihadar egin zuen, eta berek eta beren emazteek beren arimak aphaldu zituzten barurean eta othoitzetan.

        9. Aphezek zurdatzak jauntzi zituzten, haurrak Jaunaren tenploaren aitzinean ahuspez ezarri zituzten eta Jaunaren aldarea estali zuten zurdatz batez.

        10. Eta orok batean Israelgo Jainko Jaunari deihadar egin zaroten, bekien haurrak eta emazteak etzitezen emanak izan etsaien aztaparretara, hekien hiriak xahutzera eta lekhu sainduak lohitzera, eta etzitezen jendaien laidagarri bilhaka.

        11. Orduan Eliakim Jaunaren aphez-handiak inguratu zuen Israel guzia, eta mintzatu zitzaioeten,

        12. Zioelarik: Jakizue Jaunak entzunen dituela zuen othoitzak, baldin itxikiz ihardukitzen baduzue barurei eta othoitzei haren aitzinean.

        13. Orhoit izan bekizue Moise Jaunaren zerbitzaria, zeinak, ez ezpatarekin gudukatuz, bainan othoitz sainduak eginez, eragotzi baitzuen Amalek sinheste hazkarretan zagoena bere indarraren, bere ahalaren, bere armada, erredola, orga-laster eta zaldizkoen gainean.

        14. Orobat izanen da Israelen etsai guziez, baldin iraunkor izaten bazarete hasi duzuen lanean.

        15. Beraz dei hortara, Jaunaren aitzinean zauden Jaunari errekeika,

        16. Haletan non, Jaunari holokaustak eskeintzen zaroztenek berek, zurdatzak soinean eta buruak hautsez estalirik eskaintzen baitzituzten sakrifizioak Jaunari.

        17. Eta guziek beren bihotz oroz othoizten zuten Jainkoa hel zakioen Israelgo bere populuari.

 

V. KAP.

        1. Eta Holofernesi, Asiriarren armadako buruzagiari berria ekharri zaroten, nola Israelgo semeak hari buru egiteko bidetan jartzen hari ziren eta mendietako bideak hertsi zituztela.

        2. Eta bere hasarre handian khetan eman zen, eta deithu zituen Moabeko aitzindariak oro eta Amongo buruzagiak,

        3. Eta erran zaroeten: Erradazue zein den mendiak daduzkan populu hori, edo zer eta nolakoak eta zenbatekoak diren horien hiriak; zer den horien indarra, edo zer den horien ostea, edo zein den horien armadako erregea;

        4. Eta zertako iguzki-sorthaldean egoten diren guzien aitzinean, horiek diren arbuiatzen gaituztenak eta gure aitzinera ilkhitzen ez direnak baketiarki guri ongiethorriaren egitera?

        5. Orduan Akior, Amonge seme guzien buruzagiak ihardestean, erran zuen: Ene Jauna, baldin zure gogarako balitz entzutea, egia erran nezake zure aitzinean mendietan egoten den populu hortaz, eta gezurrezko hitz bat ez da ene ahotik ilkhiko.

        6. Populu hori Kaldearren odoletik heldu da.

        7. Lehenbizitik Mesopotamian egotu da, zeren ez baitzuten nahi izan jarraiki Kaldearren lurrean ziren beren arbasoen jainkoei.

        8. Hargatik bazterrerat utzirik beren arbasoen zeremoniak, zeinak jainko askorentzat baitziren,

        9. Adoratu zuten zeruko Jainko bakharra, zeinak ere manatu baitzaroeten ilkhi zitezen handik eta Karanen egon zitezen. Eta nola goseteak hartu baitzuen lurra oro, Egiptora jautsi ziren, eta han laur ehun urthez hala berhatu ziren non horien armada ezin khonda baitzitakeen.

        10. Eta nola Egiptoko erregek lehertzen baitzituen eta bortxatzen baitzituen mortero eta adrailu egiten, bere hirien altxatzeko, deihadar egin zaroten beren Jaunari, zeinak asko izurriz jo baitzuen Egiptoko lurra.

        11. Eta nola Egiptoarrek beren ganik iraizi baitzituzten, eta baratu baitzen hekien gaineko izurria, eta nahi baitzituzten berriz atzeman eta beren gathibutasunera bihurrarazi;

        12. Haukiek ihes zihoazelarik, zeruko Jainkoak ideki zaroeten itsasoa, haletan non urak bi aldeetarik harrasia bezala gogortu baitziren, eta berak iragan baitziren oin idorretan itsasoko zola gaindi ibiliz.

        13. Egiptoarren ezin khondatuzko armada hekiei jarraikitzen zelarik, haletan izan zen lekhu hartan urez estalia, non bakhar bat ere ez baitzen gelditu ondokoei berri horren emateko.

        14. Bada, itsaso Gorritik ilkhirik, egotu ziren Sinako mendiko mortuan, zeinetan egundaino gizonik egotu edo gizasemerik phausatu ezin izan ahal baita.

        15. Han ithurri kharatsak eztitu ziren horiek edan zezatentzat, eta berrogoi urthez zerutik izan zuten jatekoa.

        16. Non-nahi sar zitezen arranbela, gezi, erredola eta ezpatarik gabe, horien Jainkoa horien alde gudukatzen eta garaitiar atheratzen zen.

        17. Eta nihork ezin jazarri izan dio populu horri, bere Jainko Jaunaren zerbitzutik gibelerat egin duenean baizik.

        18. Ezen beren Jainkoaz kanpo bertze bat adoratu duten aldi oroz, arthikiak izan dira harrapakinari, ezpatari eta laidoari.

        19. Eta beren Jainkoaren zerbitzutik gibelatu izateaz urrikitan sarthu diren aldi guziez berriz, zeruko Jainkoak eman darote etsaiei buru egiteko indarra.

        20. Azkenekotz eragotzi dituzte Kananearren erregea, Jebusearrena, Pherezearrena, Hethearrena, Hebearrena, Amorhearrena, eta Hefebonen indar handitan ziren guziak eta berek gozatu dituzte hekien lurrak eta hiriak.

        21. Eta bekhatura erortzen etzireno, horiekin ziren on guziak; ezen horien Jainkoak higuin du gaixtakeria.

        22. Hargatik urthe haukien aitzintxean, nola Jainkoak ibiltzeko eman zaroeten bidetik aldaratu baitziren, asko jendaiek guduetan xahutu dituzte, eta horietarik hainitzak gathibu lur arrotzera eramanak izan dira.

        23. Bainan berriki, beren Jainko Jauna gana bihurturik, barbanakatuak ziren lekhuetarik bildu dira; igan dituzte mendi haukiek oro, eta berriz gozatzen dute Jerusaleme, non baitute beren saindutegia.

        24. Orai beraz, ene Jauna, bilha zaite hean tzarkeria, zerbait othe duten beren Jainkoaren aitzinean; eta orduan igan gaitezen horietara, zeren beren Jainkoak arthikiren baititu zure eskuetara, eta ezarriak izanen dira zure botherearen uztarriaren azpian.

        25. Bainan populu horrek gaitzigarrikeriarik ez badu bere Jainkoaren aitzinean, ezin buru eginen daroetegu, zeren beren Jainkoak maldatuko baititu, eta izanen gare lur guziaren laidagarri.

        26. Eta Akior solas horien egitetik gelditu zenean, Holofernesen handi mandi guziak hasarretu ziren, eta gogoan zuten haren hiltzea, elkharri erraten zutelarik:

        27. Nor da erraten duen hori, Israelgo semeek, ez harma, ez bihotz, ez guduetako antzearen jakitaterik ez duten horiek buru egin dezoketela Nabukodonosor erregeari eta haren armadei?

        28. Ezagut dezan beraz Akiorrek enganatzen gaituela, igan gaitezen mendietara; eta horietako hazkarrak hartuak izanen direnean, Akior horiekin ezpatan iragana izanen da;

        29. Jendaki guziek jakin dezatentzat Nabukodonosor dela lurreko jainkoa, eta hartaz landan bertzerik ez dela.

 

VI. KAP.

        1. Aldiz, mintzatzetik gelditu zirenean, Holofernesek hasarre gaitzean erran zaroen Akiorri:

        2. Profetarena egin darokulakotz, erranez Israelgo jendaia maldatua izanen dela bere Jainkoaz, hiri erakhusteko ez dela Jainkorik Nabukodonosor baizik,

        3. Hilen ditugunean guziak, gizon bakhar bat bezala, heror Asiriarren ezpataren azpira eroriko haiz hekiekin batean, eta Israel guzia hirekin batean galdua izanen duk xahutze berean;

        4. Eta frogatuko duk Nabukodonosor dela lur guziko jauna; eta orduan ene soldadoen ezpata iraganen duk hire sahets batetik bertzera, eta sastakatua eroriko haiz Israeldar sakhituen artera, eta ez duk hatsa izanen gehiago, hekiekin kalitua izateko baizik.

        5. Bada, uste baduk hire profezia egia dela, ez bedi eror hire begithartea; eta hire ahurpegia hartzen duen zurphildura haiza bedi hire ganik, uste baduk ezin bethe dezakedala ene hitza.

        6. Jakin dezakan, berriz, hunen froga eginen dukala hekiekin batean, huna non oren beretik izanen haizen hekien populuari batua, hekiekin batean eror hadien ene asperkundearen azpira, ene ezpatak emanen daroetenean hekiei merezitu duten gaztigua.

        7. Orduan Holofernesek bere zerbitzariei manatu zaroeten har zezaten Akior, eraman zezaten Bethuliara eta ezar zezaten Israelgo semeen eskuetan.

        8. Holofernesen zerbitzariek hartu zuten Akior eta goan ziren zelhaiak barna; bainan mendietera hurbildu zirenean habalariak atheratu ziren hekien kontra.

        9. Hekiek aldiz, mendi-mazelaz baztertuz, zuhaitz bati lau hatzetarik estekatu zuten Akior, eta hala sokhaz lothu ondoan, utzi zuten, eta beren nausiaren gana bihurtu ziren.

        10. Bada, Israelgo semeak Bethuliatik jautsirik, ethorri ziren haren gana; lokharriak urratu ondoan, eraman zuten Bethuliara, eta populuaren erdian ezarririk, galdatu zaroten zer ariaz Asiriarrek utzi zuten estekatua.

        11. Orduko egunetan buruzagi ziren han Ozias Mikaren semea, Simeonen leinukoa, eta Karmi, hura bera baitzen Gothoniel.

        12. Zaharren erdian beraz eta guzian aitzinean, Akiorrek erran zituen Holofernesen galdearen gainean erran zituenak oro, eta noletan Holofernesen populuak hil nahi izan zuen solas horren gatik;

        13. Eta nola Holofernesek, samurturik, manatu zuen Israeldarren eskuetara izan zedin aria hortaz emana, oinhazetan Israelgo semeak garhaitu ondoan, hilaraz zezantzat zeren erran zuen: Zeruko Jainkoa da horien geriza.

        14. Eta Akiorrek horiek oro begietara eman zituenean, populu guzia ahuspez erori zen, Jauna adoratuz, eta orok batean nigar eta marrasketan ixuri zituzten beren othoitzak Jaunaren aitzinean,

        15. Erraten zutelarik: Zeru-lurretako Jainko Jauna, begira zazu horien hanpurustasunari, ikhusazu gure aphaltasuna, begiz har zazu sainduen bekhurundea, eta erakhutsazu ez ditutzula bazterrerat uzten zutaz sinheste dutenak, eta aphaltzen ditutzula beren buruaz sinheste eta beren indarraz espantu dutenak.

        16. Beraz nigarretik baratu ondoan, eta populua egun guzian othoitzean egonik, gozakarizko solasak eman zarozten Akiorri,

        17. Erranez: Gure arbasoen Jainkoak, zeinaren ahala goraki aithortu baituzu, emanen darotzu aldia zeronek hekien heriotzea lehenago ikhustekoa.

        18. Eta berriz, gure Jainko Jaunak itzurpen emanen daroetenean bere zerbitzariei, Jainkoa zurekin halaber izan bedi gure erdian; arren-eta, zure gogarako izanen denaren arabera, hala bizi zaitezen gurekin nola zure herritarrekin.

        19. Orduan Oziasek, bilkhua akhabatu zenean, hartu zuen bere etxerat eta afari handi bat eman zaroen.

        20. Eta zahar guziak deithurik, barura akhabatu-eta elkharrekin jan zuten.

        21. Gero berriz, populu guzia bilarazia izan zen, eta gau guzian othoizka egotu ziren baldarnan, laguntza galdatuz Israelgo Jainkoari.

 

VII. KAP.

        1. Bada, biharamunean Holofernesek manatu zaroeten bere armadei igan zitezen Bethuliaren kontra.

        2. Eta ziren oinezkoak sei hogoi mila eta zaldizkoak hogoi eta bi mila, eta bertzalde ziren gathibutasunak atzeman zituen gizon hekien osteak, eta hiri eta bazterretako gazteria guzitik erakharriak izan zirenak.

        3. Oro bardin jarri ziren Israelgo semeei gudu emateko bidetan, eta mendi-hegala gora ethorri ziren Dothainen gainera begira dagoen kaskora, Belma deitzen den lekhutik Kelmoneraino, zeina Esdrelonen parrean baita.

        4. Israelgo semeak berriz, ikhusirik hekien ostea, lurrera ahuspez erori ziren, heren buruak hautsez estaliz eta orok batean Israelgo Jainkoa othoiztuz bere urrikalpena agerraraz zezan bere populuaren gainera.

        5. Eta beren gerlako harmak harturik, lekhuka jarri ziren, mendi-arteak gora dohan bide hertsiaren atheketan, eta hekien zain zauden gau eta egun.

        6. Bizkitartean inguruka itzulikatzean, Holofernesek atzeman zuen hirirat heldu zen ithurriak hegoaldetik zuela bere ixtuna hiriz kanpoan, eta manatu zuen ixtun hura izan zedin trenkatua.

        7. Baziren hargatik harrasietarik ez urrun ithurriak zeinetarik ura ebaska atheratzen ikhusten baitziren hiritarrak, beren egarriaren ematzeko, asetzeko baino hobeki.

        8. Bainan Amongo eta Moabeko umeak hurbildu ziren Holofernesen gana, ziotelarik: Israelgo semeek ez dute beren sinhestea ez lantzetan, ez gezietan; bainan mendiek maldatzen dituzte, eta erroizuak bezalako pendoitz batzuek ematen diote beren indarra.

        9. Beraz gudurik egin gabe garhait ahal detzatzuntzat, ezar zatzue ithurrien zaintzaileak, ez dezaten hekietarik urik athera, eta ezpata gabe hilen ditutzu, edo bederen ahitu ondoan eskuetara emanen darotzute beren hiria, zeina, mendietan delakoan, uste baitute ezin garhaitua dela.

        10. Solas horiek izan ziren Holofernesen eta haren inguruko gizonen gogarako, eta ithurri bakhoxka ezarri zituen ehun zaintzaile inguruan.

        11. Eta zaintze hori hogoi egunez egina izan zenean, urtegiek eta lako guziek eskas egin zaroten Bethulian egoten zirenei, haletan non hiriaren barnean ez baitzen hekien asetzekorik egun bakhar batez, ezen egun oroz ura neurtuz ematen zitzaioen populuari.

        12. Orduan Oziasen gana bildurik gizon, emazteki, gizon-gazte eta haurrak, guziek elkharrekin boz batez

        13. Erran zuten: Jainkoak zure eta gure artean erabak beza, ezen zorigaitz hau erakharri duzu gure gainera, ez nahiz baketiarki Asiriarrei mintzatu, eta horren gatik Jainkoak hekien eskuetara eman gaitu.

        14. Eta nihor ez da guri laguntza egiteko, hekien aitzinean eroriak gaudelarik egarriz eta xahutze ikharagarri batean.

        15. Eta orai bilaraz zatzue hirian diren guziak, gure buruak berariaz eman detzagun Holofernesen populuaren eskuetara.

        16. Hobe dugu alabainan gathibu eta bizirik benedika dezagun Jauna, ezenetz hiltzea eta gizon guzien laidagarri izatea, gure haurrak eta gure emazteak ikhusi ondoan hiltzen gare hekien aitzinean.

        17. Egun, lekhuko zerua eta lurra eta gure arbasoen Jainkoa, zeinak gutarik asperkunde atheratzen baitu gure bekhatuen arabera, galdatzen darotzugu hiria orai berean Holofernesen armadaren eskuetan ezar dezazun, gure heriotzea laburra izan dadien ezpataren ahoz, luzeegi heldu baita egarriaren khaldaz.

        18. Eta horiek erran zituztenean, nigar eta marraska handi bat egin zen bilkhu guzian, eta asko orenez guziek batean deihadar egin zaroten Jainkoari, erraten zarotelarik:

        19. Bekhatu egin dugu gure aitekin, zuzenari bidegabe egin diogu, tzarkeria erabili dugu.

        20. Zu, urrikalmendutsu zarelakotz, urrikal zakizkigu, edo zerorren zaharoaz asper zatzu gure gaizkiak, eta zure aithor-emaileak ez betzatzu arthik ezagutzen etzaituztenen eskuetara,

        21. Jendaien artean erran ez dezaten: Non da horien Jainkoa?

        22. Deihadarka unhaturik, eta nigarrez akhiturik, ixildu zirenean,

        23. Ozias jaiki zen nigarrez bustia eta erran zuen. Deskantsa zaitezte, anaiak, eta bortz egun haukiez gaudezen Jauna ganik urrikalpenaren begira.

        24. Ezik beharbada hautsiko du bere hasarrea, eta ospe emanen dio bere izenari.

        25. Ordean bortz egun haukiek iraganik, laguntzarik ez balin bazaiku ethortzen, erran duzuena eginen dugu.

 

VIII. KAP.

        1. Eta gerthatu zen solas horiek heldu zirela Judith alhargunaren gana, zeina baitzen Merariren alaba, Merari Idoksen semea, Idoks Josepena, Josep Oziasena, Ozias Elairena, Elai Jamnorrena, Jamnor Jedeonena, Jedeon Erraphaimena, Erraphaim Akitobena, Akitob Melkiasena, Melkias Enanena, Enan Nathaniasena, Nathanias Salathielena, Salathiel Simeonena, zeina Errubenen seme baitzen.

        2. Eta Judithen senhar zena zen Manase, zeina garagar-uztako egunetan hil baitzen;

        3. Ezik landan espal-lotzaileei eragiten zaroetelarik, beroak jo zuen buruan, eta hil izan zen Bethulian bere hirian, eta han ehortzi zuten bere arbasoekin.

        4. Bada, hirur urthe eta sei hilabethe ordukoz baziren Judith alhargun gelditua zela.

        5. Eta bere etxe gaineko selharuan beretzat egin zuen gela gorde bat, zeintan hertsia egoten baitzen bere neskatxekin.

        6. Eta zurdatz bat soinean, barur egiten zuen bere biziko egun guziz, lekhat larunbatetan, ilhargi berri egunetan eta Israelen etxeko bestetan.

        7. Bada, hainitz ederra zen begiko; bere senharrak utzi ziozkan aberastasun handiak, sehi hainitz, eta ontasun idi-arthaldez eta ardi-arthaldez betheak.

        8. Eta orotan aiphu handitan zen, zeren zen Jaunarentzat hainitz beldurti, eta nihor etzen harentzat elhe gaixto bat atheratuko zuenik.

        9. Hargatik entzun zuenean Oziasek. agindu zuela, bortzgarren eguna iragan ondoan hiria etsaiaren eskura emanen zuela, igorri zuen bi zaharretara, Kabri eta Karmi gana.

        10. Haukiek ethorri zitzaizkon eta erran zaroeten Judithek: Zer da solas hori, Oziasek onhetsi duela hiria Asiriarrei eskuetara ematea, baldin bortz egun nik barnean laguntzarik ez bazaitzue heldu?

        11. Eta nor zarete zuek frogetan ezartzeko Jauna?

        12. Solas hori ez da urrikalpenaren deitzekoa, bainan hobeki hasarrearen jauzaraztekoa eta sutan ezartzekoa.

        13. Jaunaren urrikalmenduari ephe bat eman diozue, eta zerorren iduriko egun bat berezi diozue Jainkoari.

        14. Bainan nola jasankor baita Jauna, hortaz beraz urrikitan sar gaitezen, eta nigarrak ixuriz haren barkhatiartasunari dei egin diozogun;

        15. Jainkoak ezen ez du gizonaren arara dixidatzen, eta ez du giza-semeak bezala sutan hasarre hartzen.

        16. Hargatik aphal detzagun haren aitzinean gure arimak; eta aphaltasuneko izpiritutan jarririk eta Jauna zerbitzatuz,

        17. Erran diozogun nigarrekin, bere nahiaren arabera eragin diozon gure alderat bere urrikalmenduari, nola asaldutan ezarri baikaitu horien hanpuruskeriak, hala gure aphaltasunetik ospe athera dezagun halaber;

        18. Zeren ez garen jarraiki, beren Jainkoa utzi eta jainko arrotzak adoratu dituzten gure arbasoen bekhatuei:

        19. Tzarkeria horren gatik arthikiak izan dira beren etsaiei, hilak, larrutuak eta laidoztatuak izateko; guk aldiz, ez dugu bertze Jainkorik ezagutzen hura bera baizik.

        20. Aphalduak igurik dezagun haren gozakaria, eta gure odola aspertuko du gure etsaien ganikako atsekabeetarik, gure kontra jaikitzen diren jendaia guziak aphalduko ditu, eta ahalketara erorraraziko ditu gure Jainko Jaunak.

        21. Eta orai, anaiak, nola zuek baitzarete Jainkoaren populuko zaharrak eta zuen itxikian baitago horien arima, zuen solasez gothor zatzue horien bihotzak, orhoit ditezen gure arbasoak bilhatuak izan direla, hean zinki beren Jainkoa zerbitzatzen zuten frogatzekotzat.

        22. Orhoitu behar dira nola Abraham gure aita izan zen bilhatua, eta atsekabe askoz frogatua izanik, egin zela Jainkoaren adiskide.

        23. Hala Isaak, hala Jakob, hala Moise eta Jainkoaren gogarako izatu diren guziak asko atsekabetarik fidelik iragan dira.

        24. Hainak ordean, Jaunaren beldurrarekin frogapenak onhetsi ez dituztenak, eta beren jasangaizkeria eta beren marmararen erantzukia Jaunaren kontra altxatu dituztenak,

        25. Aingeru xahutzaileaz izan dira xahutuak, eta sugeek galdu dituzte.

        26. Gu ere beraz ez gaitezen txar izan jasaiten ditugun haukien gatik;

        27. Bainan gure baithan eginez, gure oinhaze haukiek gure bekhatuak baino arinagoak direla, sinhets dezagun Jaunaren azoteak, zeinetaz sehi batzu bezala gaztigatuak baikare, ethorri direla gure zentzarazteko, eta ez gure galtzeko.

        28. Eta Oziasek eta zaharrek erran zaroten: Zuk erran guziak egiak dira, eta zure hitzetan ez da den-gutieneko erratekorik.

        29. Orai beraz othoitz egizu guretzat, emazteki saindu eta Jainkoaren beldurdun bat baitzare.

        30. Eta Judithek ihardetsi zaroeten: Nola ezagutzen baituzue nik erran ahal dudana, Jainkoa ganikakoa dela,

        31. Halaber froga zazue hean Jainkoa ganikakoa den egiteko burutan hartu dudana, eta othoitz zazue Jainkoa gogor dezan ene gogoko asmua.

        32. Gau buntan egonen zarete athean, eta ni ilkhiko naiz ene gelariarekin, eta othoitz egizue, Jaunak, erran izan duzuen bezala, bortz egunik barnean begira diozon Israelgo bere populuari.

        33. Zuek berriz, ez dut nahi bilha zaizten ene asmuaz, eta neronek zuei berriak ekharri arteo, ez bedi bertzerik egin, baizik-ere gure Jainko Jaunari enetzateko orhoitzak.

        34. Ozias Judako buruzagiak erran zaroen: Zoaz bakean, Jauna zurekin izan bedi gure etsaietarik asperkunde atheratzeko. Eta itzulirik goan ziren.

 

IX. KAP.

        1. Hekiek gibelerat egiten zutelarik, Judith sarthu zen bere othoitz-lekhuan; eta zurdatza jauntzirik, hantsa ezarri zuen buruaren gainean, eta Jaunaren aitzinean ahuspeka, deihadar egiten zaroen Jaunari, zioelarik:

        2. Ene aita Simeonen Jainko Jauna, ezpata eman zinaroena arrotzen ganik begiratzeko, zeren beren tzarkerian bortxa egin zuten, eta dontzellari ahalke gorritan ixterra agertu zarotelakotz;

        3. Hekien emazteak harrapakinera eta hekien alabak gathibutasunera, eta harrapakin guzia erdizkatzera eman zintuena zure zerbitzari, zure alderako kharrez gartu zirenei; hel zakizkio, othoi, ene Jainko Jauna, alhargun huni.

        4. Ezen lehenbiziko sendagailak, gerokoak eta ondokoak zuk egin eta asmatu ditutzu; eta zuk zerorrek nahi izan duzuna da gerthatu.

        5. Alabainan zure bide guziek aphainduak dira, eta zure erabakiak zure probidentzian jarri ditutzu.

        6. Asiriarren kanpei begira zazu orai, lehen nahi izan zinaroten bezala begiratu Egiptoarren kanpei, harmaturik laster egiten zutenean zure zerbitzarien ondotik, beren sinhestea ezarriz orga-lasterretan, beren zaldierian eta gerlarien ostean.

        7. Bainan begia eman zinduen hekien kanpen gainera, eta ilhunpeek itsutu zituzten.

        8. Lezeak iduki zituen hekien zangoak eta urek estali zituzten.

        9. Hala egin bekiote, Jauna, beren ostean sinheste dutenei, beren orga-lasterrez, mako, erredola, gezi eta lantzez espantu dutenei,

        10. Eta ez dakitenei zu bera zarela gure Jainkoa, gerlak hastetik zebatzen ditutzuna, eta Jauna dela zure izena.

        11. Gora zazu zure besoa hastetik bezala, eta hautsazu zure indarraz hekien indarra; zure saindutegia bortxatzea, zure izenaren tabernaklea lohitzea, eta zure aldareko adarrak beren ezpataz jauzaraztea burutan dutenen indarra, zure hasarrearen azpira eror bedi.

        12. Egizu, Jauna, haren beraren ezpataz ebak dadien haren hanpurustasuna.

        13. Bere begien segadan atzemana izan bedi ene baithan, eta jo zazu ene ezpainetako elhearen eztiaz.

        14. Ezar zazu ene ariman haren erdeinatzeko sendotasuna, eta haren eragozteko indarra;

        15. Ezen zure izenaren aiphagarri izanen da, nola emazteki baten eskuaz hura duzun eragotzi.

        16. Alabainan, Jauna, zure indarra ez datza ostean ez-eta zure oldea zaldien indarretan, eta hastetik hanpurutsuak ez dira zure gogarako izatu, bainan aphal eta emeen othoitza lakhet izan duzu.

        17. Zeruen Jainkoa, uren kreatzailea, kreatura guzien Jauna, adi nezazu ni, naizen herbala, zuri othoitzez eta zure urrikalmenduaren pheskizan nagoena.

        18. Orhoit bekizu, Jauna, zure lekhukotasuna; hitza ene ahoan ezar zazu, eta ene gogoa gogor zazu ene bihotzean, zure etxeak iraun dezan zure sainduespenean,

        19. Eta jendaki guziek ezagut dezaten zu zarela Jainkoa eta zutaz bertzerik ez dela.

 

X. KAP.

        1. Bada, Jaunari oihu egitetik gelditu zenean, Jaunari ahuspez zagoen lekhutik jaiki zen.

        2. Deithu zuen bere gelaria, eta bere etxera jautsirik, soinetik khendu zuen zurdatza, eta erauntzi zuen bere alhargun jaunzkura.

        3. Garbitu zuen bere gorphutza, gantzutu zen usain hoberenetik, aphaindu zuen bere buruko ilea, mothoa buruan ezarri zuen, jauntzi zituen bere boztasuneko soinekoak, oinetakoak ezarri zituen, hartu zituen eskumuthurrekoak, liliak, beharrietakoak eta erreztunak, eta bere edergailu guziez aphaindu zen.

        4. Jaunak halaber dirdira bat eman zaroen, aphaindura hura oro etzelakotz lehia tzar batetarik heldu bainan-bai berthutetik; eta hargatik Jaunak berhatu zuen haren edertasuna, nihonereko edertasunean ager zedintzat guzien begien aitzinera.

        5. Judithek beraz eman ziozkan bere gelariari xahato bat arno, gorgoila bat olio, irina, piko merlatuak, ogia eta gasna, eta abiatu zen.

        6. Eta hiriko athera ethorri zenean, atzeman zituen begira zaudela Ozias eta hiriko zaharrak.

        7. Ikhusi zutenean, harriturik handizki espantatu ziren haren edertasunaz.

        8. Guzia gatik deusere galdatu gabe iragaitera utzi zuten, erraten ziotelarik: Gure arbasoen Jainko Jaunak eman biazazu grazia, eta bere indarraz hazkar beza zure bihotzeko asmua, zu baithan handiets dadien Jerusaleme eta zure izena izan dadien sainduen eta zuzenen arteko.

        9. Eta han ziren guziek hitz batean erran zuten: Halabiz, halabiz.

        10. Judith berriz, Jauna othoiztuz iragan zen atheetan, bera eta bere gelaria.

        11. Aldiz, gerthatu zen, menditik jausten zelarik argitzeko mugatsuan, atheratu zitzaizkola Asiriarren begiralariak, eta geldiarazi zuten erraten ziotelarik: Nondik heldu zare? edo norat zihoaz?

        12. Hunek ihardetsi zuen: Hebrearren alaba naiz, hekietarik ihes egin dut, zeren baitakit gerthatu behar dena, larrutzera emanak izanen zaizkitzuela, zuek arbuiatuz ez dituztelakotz beren oldetara, beren buruak eman nahikatu, urrikalpen aurkhitzekotzat zuen aitzinean.

        13. Aria hortaz ene baithan egin dut, diodalarik: Goanen naiz Holofernes buruzagia gana, agertuko diozkat haukien gordekariak, eta erakhutsiko diot zer bidez atzemanen dituen, haletan non haren armadako gizon bakhar bat ez baita eroriko.

        14. Eta gizon horiek aditu zituztenean Judithen solasak, begira zagozkion haren begitharteari, eta begiak harrituak zituzten, ezen espantatuak ziren haren edertasunaz.

        15. Eta erran zaroten: Zure bizia begiratu duzu gure nausia gana jausteko asmua egin duzunean.

        16. Jakizu bada, agertuko zarenean haren aitzinera, ongirik baizen ez darotzula eginen, eta guziz gogaragarri izanen zarozkiola haren bihotzari. Eta eraman zuten Holofernesen olhara, haren berria ematen zutelarik.

        17. Eta sarthu zenean haren aitzinera, Holofernes berehala atzemana izan zen begietarik.

        18. Eta haren inguruko soldadoek erran zaroten: Nork arbuia Hebrearren populua, hunen emazte ederrak dituena, halaz non horien izateko baizik ez balitz ere, gudu eman behar baikinaroete?

        19. Judithek beraz Holofernes ikhustearekin jarria bere olhan, zeinaren oihala purpurazkoa baitzen, urhez, esmeraldaz eta harri baliosez ederztatua,

        20. Eta begia altxatu zuenean haren begithartera, adoratu zuen lurrerat eroririk. Eta Holofernesen zerbitzariek, xutitu zuten, beren nausiaren manuz.

 

XI. KAP.

        1. Orduan Holofernesek erran zaroen: Zaude deskantsu, ez izan bihotzean beldurrik; ezen ez darot egundaino bidegaberik egin errege Nabukodonosor zerbitzatu nahi izan duen gizon bati.

        2. Aldiz, zure populuak ez banindu arbuiatu, ez nuen ene lantza haren gainera altxatuko.

        3. Bainan orai, erradazu, zer ariaz urrundu zaren hekien ganik, eta nolaz gure gana nahi izan duzun ethorri?

        4. Eta Judithek ihardetsi zaroen: Onhets zatzu zure neskatoaren solasak, ezen zure neskatoaren solasei begiratzen bazare, Jaunak zurekin akhabatuko du gauza.

        5. Ezen bizi bedi Nabukodonosor lurreko erregea, eta bizi bedi haren indarra, zeina zu baithan baitatza, makhur dabiltzan guzien gaztigatzeko; alabainan zure bidez, ez ezik gizonek zerbitzatzen dute, bainan oraino bazterretako abereek ere entzuten dute.

        6. Ezen jendaia orotan aiphatua da zure izpirituko zuhurtzia, guziek badakite zu bakharrik zarela prestu eta ahalduna haren erresuma guzian, eta bazter orotan ez da aiphurik zure gerlaritasunaz baizik.

        7. Akiorrek erran duena ere ez da jakingabean, ez-etare zuk hartaz manatu duzuna.

        8. Alabainan segur da gure Jainkoa hain gaitzitua dela populuaren bekhatuez, non bere profeten arartekoz gaztiatu baitio etsaien eskuetara arthikiren duela bere bekhatuen gatik.

        9. Eta nola Israelgo semeek baitakite Jainkoa dutela damuztatu, zure beldurra hekien gainean jarria da.

        10. Bertzalde oraino, goseteak atzeman ditu, eta ur eskasak oraikoz ezarri ditu hilak iduri.

        11. Azkenekoz jarri dira beren azienden hiltzera eta hekien odolaren edatera.

        12. Eta beren Jainko Jaunaren gauza sainduak, ogi, arno, olio, zeinak ez ukitzeaz manatu baitu Jaunak, burutan hartu dute berek hekien ahitzea, eta eskuz ukitu ere behar ez lituzketenen jatea; beraz horiek egiten dituztelakotz, segur da Jaunak xahutzera emanen dituela.

        13. Nik zure neskatoak bainakien hori, ihes egin dut hekien ganik, eta Jaunak igorri nau horien guzien zuri agertzera.

        14. Ezen nik, zure neskatoak, adoratzen dut Jainkoa orai ere zure aitzinean; eta zure neskatoa ilkhiko da eta othoitz eginen dio Jainkoari;

        15. Eta erranen darot niri noiz bihurtuko dioten horiei beren bekhatuen saria, eta ethorriko natzaitzu erratera, haletan non eramanen baitzaitut Jerusalemen erditik, eta Israelgo populu guzia izanen duzu, artzainik ez duten ardi batzu iduri, eta zakhur bat ere ez da izanen zure kontra saingaturen duenik;

        16. Ezen horiek oro niri erranak izan zaizkit Jainkoaren probidentziaz.

        17. Eta nola horien kontra samurtua baita Jainkoa, hitz haukien zuri ekhartzera igorria naiz.

        18. Bada solas horiek oro izan ziren Holofernesen eta haren zerbitzarien gogarako; espantatuak zauden haren zuhurtziaz, eta batak bertzeari erraten zuten:

        19. Lurraren gainean ez da hunelako emaztekirik, ez begiko, ez edertasunez, ez solasaren umotasunez.

        20. Eta Holofernesek erran zaroen: Ongi egin du Jainkoak, populuaren aitzinean igorri zaituenak hura gure eskuetara dezazun;

        21. Eta nola ona baita zure agintza, hori egiten badarot zure Jainkoak, ene Jainko ere izanen da; eta zu handi izanen zare Nabukodonosorren etxean, eta zure izena aiphamenetan izanen da lurraren buru batetik bertzera.

 

XII. KAP.

        1. Orduan manatu zuen sarraraz zezaten haren khutxak zauden lekhura, eta han egon zedin, eta mezutu zuen zer eman behar zitzaioen bere mahainetik.

        2. Judithek ihardetsi zaroen eta erran: Ezin janen dut orai zuk niri emateaz manatu ditutzun horietarik, Jaunaren hasarrea ene gainera ethor dadien beldurrez; bainan janen dut enetzat ekharri ditudan gauzetarik.

        3. Holofernesek erran zaroen: Ekharri ditutzun horiek eskas egiten badarotzute, zer eginen dugu zuretzat?

        4. Judithek ihardetsi zuen: Bizi bedi zure arima, ene jauna, zeren zure neskatoak ez baititu guziak akhituko, Jainkoak ene eskuz, egin dezan baino lehen burutan hartu dudana. Eta Holofernesen zerbitzariek eraman zuten harek manatu olhara.

        5. Sartzerakoan Judithek galdatu zuen, haizu utz zezoten gabaz kanporat ilkhitzea argitu aitzinean othoitzera eta Jaunari dei egitera goateko.

        6. Eta Holofernesek manatu zaroten bere gelazainei, utz zezaten bere oldera atheratzera eta sartzera hirur egunez bere Jainkoaren adoratzeko.

        7. Eta gabaz ilkhitzen zen Bethuliako haranera, eta ithurri bateko uretan garbitzen zen.

        8. Eta igaitean, othoizten zuen Israelgo Jainko Jauna, aphain zezon bidea bere populuaren libratzeko.

        9. Eta sarthurik, garbi egoten zen olharen barnean, bere janharia ilhuntzean har zezan arteo.

        10. Eta gerthatu zen laugarren egunean Holofernesek barazkari bat eman zaroetela bere zerbitzariei, eta erran zaroen Bagao bere ebakiari: Zoaz eta bil zazu emazteki hebrear hori enekin gogotik egotera.

        11. Alabainan Asiriarren artean laidagarri da emazteki batek gizon batez irri egin lezan, haren ganik garbirik atheratuz.

        12. Orduan Bagao goan zen Judithen gana, eta erran zaroen: Neskatxa maitea, ez lotsa izan ene nausia baithara sartzeko, ohoratua izan zadientzat haren aitzinean, harekin jan dezazun eta arnoa bozkariotan edan dezazun.

        13. Judithek ihardetsi zaroen: Zer naiz ni ene jaunari enferratzeko?

        14. Eginen dut nik haren begien aitzinean on eta ongi izanen den guzia. Berriz, zer ere haren gogarako izanen baita, hura ene biziko egun guzietan enetzat hoberenik izanen da.

        15. Eta Judith xutitu zen eta aphaindu zen bere soinekoez; sarthu zen Holofernesen gana eta jarri zen haren aitzinean.

        16. Aldiz, Holofernesen bihotza joa izan zen, ezen Judithen ganako suak erretzen hari zuen.

        17. Eta Holofernesek erran zaroen: Edan zazu orai, eta jar zaite bozkariotan jateko, ezen grazia aurkhitu duzu ene aitzinean.

        18. Judithek ihardetsi zuen: Edanen dut, jauna, zeren egun ene arima goretsiagoa baita ene biziko bertze egun guzietan baino.

        19. Eta hartu zituen bere neskatoak xuxendu ziozkan jatekoak, eta jan eta edan zuen Holofernesen aitzinean.

        20. Eta Holofernes haren ariaz bozkarioz arindu zen, eta hanbat arno edan zuen, nola bere bizi guzian edan ez baitzuen.

 

XIII. KAP.

        1. Ilhuna ethorri zeneko, Holofernesen zerbitzariak higitu ziren beren lekhuetara; Bagaok hertsi zuen gelako athea, eta goan zen.

        2. Bada, arnoak arthikiak ziren oro;

        3. Eta Judith bakharrik zen gelan.

        4. Holofernes berriz, hordi arraila ohean lo zagoen.

        5. Judithek bere neskatxari erran zaroen: Kanpoan gela aitzinean xutik egon zadien, eta begiak erne iduk zetzan.

        6. Eta Judith bera ohearen aitzinean gelditu zen, nigarrekin othoitz egiten zuelarik, ezpainak ixil-ixila higituz,

        7. Zioelarik: Jauna, Israelgo Jainkoa, hazkar nezazu, eta ordu huntan begira diozozu ene eskuetako lanari, gora dezazan Jerusaleme zure hiria, agindu duzun bezala; eta akhaba dezadan, zutaz egin ditakeelako ustean hartu dudan asmua.

        8. Eta horiek erran ondoan, hurbildu zen Holofernesen ohe-burukitan zen habera, eta hari estekatua dilindan zagoen ezpata atheratu zuen.

        9. Eta hura biluzi ondoan, iletik hartu zuen Holofernes, eta erran zuen: Jainko Jauna, hazkar nezazu ordu huntan.

        10. Eta bietan jo zuen haren lepho-zakhia eta moztu zioen burua; gero hartu zuen habeetarik bela, eta anbildu zuen haren gorphutza motza.

        11. Ilkhi zen aphurtto baten buruko; bere neskatoari eman zaroen Holofernesen burua, eta manatu zaroen ezar zezan bere murtxilan.

        12. Eta biak atheratu ziren, beren azturaren arabera, othoitzera goateko bezala; iragan zituzten kanpak, eta harana inguratuz, goan ziren hiriko athera.

        13. Eta Judithek harrasietako zainei urrundik erran zaroeten: Idekatzue atheak, zeren gurekin baita Jainkoa, bere indarra Israelen agerrarazi duena.

        14. Eta zainek aditu zutenean haren mintzoa, deithu zituzten hiriko zaharrak.

        15. Eta haren ganat ethorri ziren guziak ttipienetik handieneraino; alabainan etziren igurikitzen ordukotz ethorriko zela gehiago.

        16. Eta argiak bizturik, haren ingurura bildu ziren oro; hura berriz, lekhu gorago batera iganik, manatu zituen ixiltzeaz. Guziak ixildu zirenean,

        17. Judithek erran zuen: Lauda zazue gure Jainko Jauna, zeinak ez, baititu bazterrerat utzi haren baithan bere igurikitza ezarri dutenak.

        18. Haren neskato naizenaren baithan bethe du bere urrikalpena, Israelgo etxeari agindu daroena; eta ene eskuz gau huntan hil du bere populuaren etsaia.

        19. Gero murtxilatik harturik Holofernesen burua, erakhutsi zaroeten, erraten zuelarik: Huna Holofernes Asiriarren armadako aitzindariaren burua, eta huna hura hordia etzana zagoen oheko erridaua, eta han gure Jainko Jaunak jo baitu emazteki baten eskuaz.

        20. Bainan Jainko bizia lekhuko, haren aingeruak begiratu nauela haratekoan, hunatekoan eta han egotean, eta ez nauela utzi, ni, haren neskatoa, khutsatua izatera, bainan bekhatuaren likhitsik gabe zuetara bihurrarazi nauela, haren garhaiziaz, ene itzurtzeaz eta zuen libratzeaz bozkariotan.

        21. Aithor eman diozogun orok, zeren den ona, zeren menderen mendetan baitirau haren urrikalmenduak.

        22. Bada, guziek adoratuz Jauna, erran zaroten Judithi: Jaunak benedikatu zaitu bere indarrean, zeren zure eskuz ezdeusetaratu baititu gure etsaiak.

        23. Aldiz, Oziasek, Israelgo populuaren buruzagiak, erran zaroen: Ene haurra, Jainko Jaun gorakoak lurreko emazteki guzien gainetik benedikatu zaitu.

        24. Benedika bekio zeru-lurrak egin dituen Jaunari, zeinak zure eskua erabili baitu gure etsaien aitzindariari buruaren mozteko.

        25. Ezik hanbat handietsi du egun zure izena, non mende orotan zure laudorioa ixilduren ez baita Jaunaren indarraz orhoit izanen diren gizonen ahoan, zeinentzat ez baituzu guphidetsi zure bizia, zure odolekoen hestura eta atsekabeen ariaz, bainan gu xahutzetik begiratzea gatik ethorri zare gure Jainkoaren aitzinera.

        26. Eta populu guziak erran zuen: Biz biz!

        27. Bada Akior deithua izanik, ethorri zen, eta Judithek erran zaroen: Israelgo Jainkoak, zeinari lekhukotasun bihurtu baitiozu bere etsai guziez dela asperturen, berak gau huntan ene eskuz ebaki du sinhestegabeko guzien aitzindariaren burua.

        28. Eta froga athera dezazun hola dela, huna Holofernesen burua, zeinak bere hanpuruskeriaren ozartasunean arbuiatu baitu Israelgo Jainkoa, eta zu heriotzez dixidatu baitzaitu, zioelarik: Israelgo populua hartua izanen denean, manatuko diat ezpataz sakhituak izan ditezen hire sahetsak.

        29. Akhior berriz, lazturak hestutua Holofernesen burua ikhustearekin, erori zen musuz lurrera, eta alditxartu zen.

        30. Gero ordean, ezagutza bihurturik, ontsatu zenean, bere burua arthiki zuen Judithen oinetara, adoratu zuen, eta erran zaroen:

        31. Zure Jainkoaz benedikatua zare Jakoben etxe guzian, ezen zure izena adituko duten jendaki orotan, zure ariaz goretsia izanen da Israelgo Jainkoa.

 

XIV. KAP.

        1. Bada, Judithek erran zaroen populu guziari: Adi nezazue, anaiak; buru hori gure harrasietan ezar zazue dilindan;

        2. Eta iguzkia atheratuko denean, bakhotxak har betza bere harmak, eta ilkhi zaitezte oldar handitan, ez beherera jausteko, bainan gudu ematera bazindoaztez bezala.

        3. Orduan begiralariek beharko dute gibelerat laster egin, beren buruzagiaren gudura deitzeko.

        4. Eta hekien aitzindariek Holofernesen olhara laster eginen dutenean, eta hura atzemanen dutenean bururik gabe bere odolean igeri, izialdurak hartuko ditu.

        5. Eta ezagutu dukezuenean ihes goanak direla, zohazkiote ausarki ondotik, zeren Jaunak lehertuko baititu zuen oinen azpian.

        6. Orduan Akiorrek ikhustenez Israelgo Jainkoak egin zuen sendagaila, utzirik jendaien jainkoaizunen legea, sinhetsi zuen Jainkoa baithan, ingurebaki zuen bere haragia, eta iratxikia izan zen Israelgo populuari, haren odoleko ondorego guzia orai arteo den bezala.

        7. Bada, egundu zueneko, Holofernesen burua harrasien gainean dilindan ezarri zuten; gizon bakhotxak hartu zituen bere harmak, eta ilkhi ziren harramantz handitan eta marrumaka.

        8. Hori ikhustearekin, begiralariek laster egin zuten Holofernesen olhara.

        9. Bada, olhan zirenak ethorririk, gelako sartzean harrabots eginez ernaraztea gatik, xothilkerian hari ziren loaren haustera, Holofernes iratzarria izan zedin ez ernarazleez, bainan-bai harrabots-egileez.

        10. Alabainan nihor etzaitekeen ausarta Asiriarren buruzagiaren gela jotzera edo sartzekotzat idekitzera.

        11. Bainan ethorri zirenean haren aitzindariak eta ehuntariak eta Asiriarren erregeren armadako lehenbizikoak, gelazainei erran zaroeten:

        12. Sar zaitezte eta atzarraraz zazue, zeren arratoinak, ilkhirik beren xiloetarik, ausartatu baitira gudura gure deitzera.

        13. Orduan Bagao sarthurik haren gelan, gelditu zen erridauaren aitzinean, eta esku zaflaka hasi zen, ezen uste zuen Judithekin lo zagoela.

        14. Bainan nola ez baitzitzaioen beharrietara heldu etzana zenaren harrabotsik batere, erridauera hurbildu zen, eta hura altxaturik eta ikhusirik Holofernesen gorphutza bururik gabe lurrean zatzala odolean igeri, oihu marraska handi bat egin zuen, eta soinekoak urratu zituen.

        15. Eta Judithen olhan sarthurik, etzuen aurkhitu, eta kanporat ilkhi zen populuaren gana,

        16. Eta erran zuen: Emazteki hebrear bakhar batek nahastura ezarri du Nabukodonosorren etxean; ezik huna Holofernes lurrean etzana eta bururik ez du hunen gorphutzak.

        17. Asiriarren armadako aitzindariek aditu zutenean hori, urratu zituzten guziek soinekoak; ezin jasanezko beldur eta ikhara bat erori ziren hekien gainera, eta hekien izpirituak osoki nahasi ziren.

        18. Eta ezin erranezko marraska bat altxatu zen hekien kanpen erditik.

 

XV. KAP.

        1. Armada guziak aditu zuenean Holofernesek burua moztua izan zuela, galdu zituzten izpiritua eta asmua, eta ikharaz eta izialduraz bakharrik erabiliak, ihesaz itzurtzera egin zuten,

        2. Haletan non nihor ez baitzen bere lagunari mintzo, bainan buruak aphal, oro utziz hari ziren ihes egitera Hebrearrei, zeinak aditzen baitzituzten harmaturik gainera heldu zitzaizkotela; eta ihes zoazen zelhaietako bideez eta mendietako bidexkez.

        3. Hargatik Israelgo semeek, iheska ikhusirik, ondotik egin zaroeten. Turutak durrundatuz eta marrumaka jautsi ziren hekien ondotik.

        4. Eta nola Asiriarrak ez baitziren bilduak eta ihes baitzoazen tarrapataka, Israelgo semeek berriz, multzo batean ondotik eginez, sarraskitzen zituzten atzeman ahal zetzazketen guziak.

        5. Hargatik Oziasek berriak igorri zituen Israelgo hiri eta bazter orotara.

        6. Orduan hiri eta herri guziek gazteria hauta igorri zuten Asiriarren ondotik, eta ezpatarekin hilka jarraiki zitzaizkoten beren mugetako zedarrietaraino heldu arteo.

        7. Aldiz, Bethulian ziren gainerakoak Asiriarren kanpetan sarthu ziren, eta Afriarrek ihes egitean utzi harrapakina hartu zuten eta haxe gaitzak egin zituzten.

        8. Bethuliara garhaitiar bihurtu zirenek berriz, berekin ekharri zituzten Asiriarrenak izanak ziren guziak, haletan non ezin khondatuzkoak baitziren arthaldeak, abereak eta bertze puskak oro, ttipitik handiraino guzien aberasteko dira hekien buluzkinetarik.

        9. Joazim berriz, aphez-handia, Jerusalemetik ethorri zen Bethuliara zahar guziekin Judithen ikhustera.

        10. Judith ilkhi zenean haren gana, guziek benedikatu zuten hitz batean, erraten zutelarik: Zu zare Jerusalemen ospea, zu Israelen bozkarioa, zu gure populuaren ohorea;

        11. Ezen gizon bat bezala haritu zare, eta zure bihotza hazkartua izan da, garbitasuna maithatu duzulakoz, eta zure senharraren ondotik ez duzulakoz bertzerik ezagutu; horren gatik Jaunaren eskuak zaitu hazkartu, eta horren gatik benedikatua izanen zare menderen mendez.

        12. Eta populu guziak erran zuen: Halabiz! halabiz!

        13. Bada, Israelgo populuak hogoi eta hamar egunez doidoia bildu zituen Asiriarren buluzkinak.

        14. Eta berriz, Judithi eman zarozten Holofernesenak izatutzat ezagutuak izan ziren puskak, urhe, zilhar, soineko, harri balios eta tresnak oro, eta populuak eman ziozkan guziak.

        15. Eta populuak oro, emaztekiekin, neskatxekin eta gizon-gazteekin bozkariotan hari ziren organoen eta gitarren jotzen.

 

XVI. KAP.

        1. Orduan Judithek Jaunari kantika hau kantatu zaroen huneletan:

        2. Abia zaitezte Jaunaren ohoretan atabalen jotzen; Jaunaren laudorioak kanta zatzue zinbalekin; kantu berri bat kanta zozue, gorets eta deith zazue haren izena.

        3. Gerlak zebatzen ditu Jaunak; Jauna da haren izena.

        4. Harek ezarri ditu bere kanpak bere populuaren erdian, gure atheratzeko gure etsai guzien aztaparretarik.

        5. Asur mendietarik ipharraldetik ethorri da bere indarren ostean; haren osteak bethe ditu errekak, haren zaldiek estali dituzte haranak.

        6. Erran du erreko dituela ene bazterrak, ezpataz sarraskituko dituela ene gizon-gazteak, emanen dituela ene haurrak harrapakara eta neskatxak gathibu.

        7. Bainan guziz-ahaldunak, Jaunak jo du; emazteki baten eskuetara eman du, eta sakhitu du.

        8. Ezen hekien buruzagia ez da gizon-gazteez izan arthikia, ez dute hura Titanen semeek jo, etzaizkio digante gaitzak zeiherrera atheratu; bainan Judithek, Merariren alabak, bere begitharteko edertasunean hura du urmariatu.

        9. Ezen erauntzi du alharguntasuneko jauntzia, eta bozkalentziako jauntzia du soineratu Israelgo semeen gorespeneko.

        10. Baltsamuz gantzutu du bere begithartea, bere ile ederrak bildu ditu burukora, soin berri bat hartu du haren zoratzeko.

        11. Judithen oinetakoek miretsi diozkate begiak, haren edertasunak gathibu ezarri dio arima, eta Judithek marrauzaz ebaki dio lephoa.

        12. Persiarrak laztu dira haren gogo sendoaz, eta Mediarrak haren lotsagabetasunaz.

        13. Orduan Asiriarren kanpak marraskaz eman dira, ene herritar gaixoak, egarriak khaldatuak agertu direnean.

        14. Neskatxen semeek sastakatu dituzte; hil dituzte ihes dohazen haur batzu bezala; ene Jainko Jaunaren aitzinean galdu dira guduan.

        15. Himno bat kanta diozogun Jaunari; himno berri bat kanta diozogun gure Jainkoari.

        16. Adonai Jauna, handia zare zu, zure indarrean oroz gainekoa, eta nihork ezin garhaitua.

        17. Zure kreatura guziek zerbitza betzaitzate; zeren zuk erran, eta egin izan baitira; zure hatsa igorri duzu, eta sorthu dira, eta ez da zure ahoko hitzari gogor eginen duenik.

        18. Mendiak urekin iharrosiko dira asentuetarik, eta harriak zure begithartearen aitzinean ezkoa bezala dira urthuren.

        19. Zure beldur direnak ordean, orotan handi izanen dira zure baithan.

        20. Zorigaitz ene populuaren gainera jakiko den jendakiari ezen Jaun guziz-ahaldunak asperkunde atheratuko du hekien gainean, eta ethorriko zatzaiote bere erabakiko egunean.

        21. Ezen sua eta harrak ezarriko ditu hekien haragietan, bethi guzian izan ditezen erreak eta oinhazetan.

        22. Eta gero, populu guzia garhaiziaren ondotik Jerusalemera ethorri zen Jaunaren adoratzera, eta xahutu ziren bezain laster, guziek eskaini zituzten holokaustak, botuak eta beren agintzak.

        23. Judithek berriz, ahanzpeneko anathemetan eskaini zituen, Holofernesen gerlako tresna guziak, populuak eman zarozkanak, eta berak haren ohetik hartu zuen bela.

        24. Aldiz populua bozkariotan zen lekhu sainduen aitzinean, eta garhaizia hortazko atsegina hirur hilabethez zelebratua izan zen Judithekin.

        25. Eta egun hekien buruan, bakhotxa bere etxera itzuli zen, eta Judith handi egina izan zen Bethulian eta Israelgo lur guziko ikhusiena zen.

        26. Ezen haren baithan garbitasuna batua zen berthuteari, haletan non, Manase haren senharra hilez geroztik, ez baitzuen gizonik ezagutu bere biziko egun orotan.

        27. Besta-egunetan berriz, ospe handirekin agertzen zen.

        28. Bada, bere senharraren etxean egotu zen ehun eta bortz urthez; bere gelaria gathibugotik atheratu zuen, eta hil zen eta bere senharraren hobian Bethulian ehortzi zuten.

        29. Populu guziak deithoratu zuen zazpi egunez.

        30. Berriz, hura bizi izan zeno, eta asko urthez hura hil ondoan, nihor etzen izatu Israelen asaldatzeko.

        31. Aldiz, garhaizia hartako besta-eguna, egun sainduekilako idukia da Hebrearrez, eta ordutik egungo eguna arteo bestatua da Juduez.

 

aurrekoa hurrengoa