www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMOSEN PROFEZIA

 

I. KAP.

        1. Amosen hitzak, Amos Thekueko artzainetarik baitzen, Israelen gainean izatu zuen ikhuspenaz, Judako errege Oziasen egunetan, eta Israelgo errege Jeroboam Joasen semearen egunetan, bi urthe lur-ikhara baino lehen.

        2. Eta erran zuen: Siondik orroa eginen du Jaunak, eta Jerusalemetik adiaraziko du bere mintzoa; nigarrez baratu dire artzainen alhapide ederrak, eta agortu da Karmelen kaskoa.

        3. Hau dio Jaunak: Damasek egin dituen hirur eta lau gaixtakerien ondoan, ez dut aldatuko ene erabakia; zeren burdinazko orgen azpian xehakatu baitute Galaad.

        4. Eta sua bidaliko dut Azaelen etxera, eta erreko ditu Benadaden etxeak.

        5. Eta trenkaturen dut Damasko haga, eta iraiziren ditut hango egoiliarrak Idolaren zelhaietik, eta manamenduko makhila dadukana atseginetako etxetik; eta Siriako populua desherritua izanen da Zirenera, dio Jaunak.

        6. Hau dio Jaunak: Gazak egin dituen hirur eta lau gaixtakerien ondoan, ez dut aldatuko ene erabakia; zeren oro gathibu eraman eta Idumean hertsi baitituzte.

        7. Eta bidaliko dut sua Gazako harrasien barnera, eta erreko ditu hango etxeak.

        8. Eta egoiliarrak iraiziren ditut Azotetik, eta manamenduko makhila dadukana Askalondik; eta eskua itzuliren dut Akaronen gainera, eta galduko dire Filistindar ondarrak, dio Jainko Jaunak.

        9. Hau dio Jaunak: Tirrek egin dituen hirur eta lau gaixtakerien ondoan, ez dut aldatuko ene erabakia; zeren gathibuak oro hertsi dituzten Idumean eta ez diren orhoitu anaiekilako batasunaz.

        10. Eta bidaliko dut sua Tirreko harrasien barnera, eta erreko ditu hango etxeak.

        11. Hau dio Jaunak: Edomek egin dituen hirur eta laur gaixtakerien ondoan, ez dut hautsiko ene erabakia; zeren ezpatarekin jarraiki baitzaio bere anaiari, zaurthu baitute hekien alderako urrikalmendua, sobraniozki iduki beren sepha, eta azkeneraino begiratu beren gaitzidura.

        12. Sua igorriko dut Themanera, eta erreko ditu Bosrako etxeak.

        13. Hau dio Jaunak: Amonek egin dituen hirur eta lau gaixtakerien ondoan, ez dut hautsiko ene erabakia; zeren sabelak urratu diozkaten Galaadeko emazte izorrei, bere mugen zabaltzea gatik.

        14. Eta sua biztuko dut Errabako harrasien barnean, eta hango etxeak iretsiko ditu, orrobien erdian, gerla-egunean, eta xirimolen erdian, asaldu-egunean.

        15. Eta Melkom gathibu goanen da, bera eta bere aitzindariak, oro batean, dio Jaunak.

 

II. KAP.

        1. Hau dio Jaunak: Moabek egin dituen hirur eta lau gaixtakerien ondoan, ez dut hautsiko ene erabakia; zeren Idumeako erregeren hezurrak erre dituen herrausteraino.

        2. Eta sua igorriko dut Moabera, eta erreko ditu Kariotheko etxeak; eta Moab hilen da harramantzen eta turuta durrunden erdian.

        3. Eta haren erditik galduko dut juiea, eta haren aitzindariak hilen ditut harekin, dio Jaunak.

        4. Hau dio Jaunak: Judak egin dituen hirur eta lau tzarkerien ondoan, ez dut hautsiko ene erabakia; zeren Jaunaren legea baitute arnegatu, eta haren manamenduak ez zaindu; alabainan enganatu dituzte beren jainkoaizunek, zeinen ondotik ibili izan baitire hekien arbasoak.

        5. Eta sua igorriko dut Judara, eta erreko ditu Jerusalemgo etxeak.

        6. Hau dio Jaunak: Israelek egin dituen hirur eta lau tzarkerien ondoan, ez dut hautsiko ene erabakia; zeren prestua duten saldu dirutan, eta beharra oinetako truk.

        7. Hekiek lurreko herrautsean lehertzen dituzte beharren buruak, eta makhurtzen dute xumeen bidea; semea eta aita neskatxa ber-baten gana ibili dire, ene izen sainduari laido egiteko.

        8. Aldare guzien ondoan etzan dire soineko bahituen gainean; eta kondenatuen arnoa edan dute beren Jainkoaren etxean.

        9. Nik xahutu nuen bada hekien aitzinetik Amorhearra, zeinaren irazkia zedroaren goratasunaren bardin, eta bera haritza bezain hazkarra baitzen; eta nik lehertu nituen haren gaineko fruituak eta haren behereko erroak.

        10. Ni naiz zuek Egiptoko lurretik iganarazi eta mortuan berrogoi urthez bidatu zaituztedana, goza zinezaten Amorhearraren lurra.

        11. Nik eraiki ditut zuen semeetarik profetak eta zuen gazteetarik Nazarearrak. Ez othe da hola, Israelgo haurrak? dio Jaunak.

        12. Eta zuek arnoa ematen zinaroeten Nazarearrei edatera; eta profetak manatzen zintuzten erranez: Ez profetisa.

        13. Huna nik karraska eginen dut zuen gainean, hala-nola orga belharrez sorthatuak egiten baitu karraska.

        14. Ihesbideak eskas eginen dio zalhuari, gerlaria ez da bere bihotzaz nausi izanen, hazkarrak ez du bere bizia salbaturen.

        15. Arranbela dadukana ez da gogor egonen, bere oinek ez dute itzurraraziren zalhua, eta zaldi gainera igaiten denak ez du salbaturen bere bizia;

        16. Eta hazkarren artean, bihotzez hazkar denak, buluzik egun hartan ihes eginen du, dio Jaunak.

 

III. KAP.

        1. Israelgo umeak, adi zazue Jaunak erran hitza zuen gainean, Egiptoko lurretik atheratu dudan ahaidego guziaren gainean, erranez:

        2. Lurreko ahaideeria guzietarik, zuek bakharrik ezagutu izan zaituztet; hargatik zuetan bilhaturen ditut zuen tzarkeriak oro.

        3. Bi gizon elkharrekin ibiliko othe dire, baldin ez bazaiote ongi heldu?

        4. Lehoinak oihanean orroa eginen othe du harrapakinik ez badu? Lehoinkumeak bere etzan-lekhutik marruma arthikiren othe du, ez balin badu zerbait atzeman?

        5. Xoria eroriko othe da lurrean den artera, hedatzailerik ez bada? Artea lurretik altxaturen da othe, zerbait atzeman baino lehen?

        6. Turutak hirian durrundaturen othe du, eta populua ez izituko? Hirian asturugaitz zerbait izanen othe da, non ez duen Jainkoak igorri?

        7. Ezen Jainko Jaunak ez du deusere egin, non ez dioten bere zerbitzari profetei agertu bere segretua.

        8. Lehoinak marruma eginen du, nor ez da ikharatuko? Jainko Jauna mintzatu da, nork ez du profetisatuko?

        9. Hau adiaraz zazue Azoteko etxeetan eta Egiptoko lurreko etxeetan, eta errazue: Bil zaitezte Samariako mendietara eta ikhusatzue hango erhokeriaketa eta hango zokholoetan jasaiten diren bidegabekeriak.

        10. Eta ez dute jakin zuzen zenaren egiten, dio Jaunak, beren etxeetan moltzatzen zituztelarik gaixtakeria eta ohoinkeriak.

        11. Aria hortaz, dio Jainko Jaunak: Lurra hertsatua eta inguratua izanen da; khendua izanen zaitzu zure indarra, eta larrutuak izanen dire zure hiriak.

        12. Hau dio Jaunak: Nola artzain batek lehoinaren ahotik athera bailetzazke bi ixter edo beharri moka bat, hain nekez atherako dire Israelgo semeak, Samarian daudenak ohe-zokhoan, edo Damasko-etzauntzetan.

        13. Adi zazue eta lekhukotasun athera Jakoben etxean, dio armadetako Jainko Jaunak;

        14. Israelen lege-hauspenen bilhatzen abiatuko naizenean, ikharturen naizela haren baithan eta Bethelgo aldareetan; ebakiak izanen direla aldarearen adarrak, eta lurrera eroriko direla.

        15. Eta joko ditut negu-etxea eta udako etxea, eta eroriko dire bolizko jauregiak, eta urratua izanen da etxeketa gaitza, dio Jaunak.

 

IV. KAP.

        1. Hitz hau adi zazue, Samariako mendian zareten behi gizenak, beharrari bidegabe egileak, eta erromesen oinkatzaileak, zuen nausiei erraten duzuenak: Ekhartzue eta edanen dugu.

        2. Jainko Jaunak zin egin du bere izen sainduaz, zuen gainera heldu direla egunak, eta lazafrinetan altxatuak izanen zaretela, eta zuen ondarrak bertz irakituetara arthikiak.

        3. Eta harrasietako urraduretarik ilkhiko zarete bat bertzearen ondotik, eta Armonera izanen zarete arthikiak, dio Jaunak.

        4. Zoazte Bethelera, eta egizue gaizkia; zoazte Galgalara, eta murruka zatzue zuen lege-hausteak; goizetik eraman zatzue zuen bitimak eta hirur egunez zuen hamarrenak.

        5. Egizkitzue ophil altxatuzko eskaintzak; espantu egizue zuen oldezko eskaintzez, eta orotan erantzun zatzue; hola nahi izan duzue ezen, Israelgo semeak, dio Jainko Jaunak.

        6. Horren gatik nik ere eman darotzuet hortzetako hoskindura zuen hiri guzietan, eta ogi eskasia zuen tokietan orotan; eta halere etzarete ene gana bihurtu, dio Jaunak.

        7. Nik halaber zuetarik debekatu dut uria, hirur hilabethe gelditzen zirelarik oraino uztarora; eta hiri baten gainera uria egin dut, eta bertzearen gainera ez; aurkhintza bat bustia izan da; eta uriztatu ez dudan ephaitza, agortu izan da.

        8. Bi eta hirur hiri bertze batera ethorri dire ur edatera, eta ez dire ase; eta zuek etzarete ene gana bihurtu, dio Jaunak.

        9. Jo izan zaituztet haize erregarriaz eta herdoaz; zuen baratzeketa handia, zuen mahastiketa, zuen olibadiketa, zuen pikodiketa harraz izan dire iretsiak; eta zuek etzarete ene gana bihurtu, dio Jaunak.

        10. Zuen gainera heriotzea bidali dut Egiptoko bidean; ezpataz jo dut zuen gazteria, zaldiak etsaiari atzemanarazteraino; zuen sudurretara iganarazi dut zuen kanpetako ustel-urrina; eta zuek etzarete ene gana bihurtu, dio Jaunak.

        11. Herrauts zaituztet, Jainkoak Sodoma eta Gomorha herrautsi zituen bezala; eta bilhakatu zarete sualde batetik eraman itxindia iduri; eta zuek etzarete ene gana bihurtu, dio Jaunak.

        12. Aria hortaz, hau eginen darotzut, Israel; egin izan darotzukedan ondoan, berriz, abia zaite, Israel, zure Jainkoaren bidera.

        13. Ezen huna mendien egilea, haizearen egilea, bere hitza gizonari ezagutarazten dioena, goizeko lanhoen egilea, eta lurreko bizkar goretan ibiltzen dena; armadetako Jainko Jauna da haren izena.

 

V. KAP.

        1. Adi zatzue hitz haukiek, nik zuen gainean altxatzen dudan deithorea: Erori da Israelgo etxea, eta ez du jaikitzerat eginen.

        2. Lurrean arthikia dago Israelgo neskatxa, eta nihork ez du eraikitzen.

        3. Alabainan hau. dio Jainko Jaunak: Israelgo etxean, hiri batetarik ilkhitzen baziren mila, hartan ez da ehun baizik geldituren; eta zeinetik ehun ilkhitzen baitziren, hainean baraturen dire hamar.

        4. Ezen hau dio Jaunak Israelgo etxeari: Bilha nezazue, eta biziko zarete.

        5. Eta ez bilha Bethel, eta ez sar Galgalan, eta etzarete Bersabeen iraganen; zeren izanen baitire, Galgala gathibu eramana eta Bethel ezdeustua.

        6. Bilha zazue Jauna eta bizi zaitezte, beldurrez-eta sua bezala erre dadien Josepen etxea; eta suak iretsiko du Bethel, eta nihork ezin hilen du.

        7. Zuzena zizari-belharrera bihurtzen eta zuzentasuna lurrean bazterrerat uzten duzuenak.

        8. Bilha zazue Zazpi-Ohoinen eta Orionaren egilea, ilhunpeak argitara eta eguna gauera aldatzen dituena, itsasoko urak deitzen eta lurraren gainera ixurtzen dituena: Jauna da haren izena.

        9. Irriz bezala xahutzen du hazkarra, eta desmasia ekhartzen dio ahaldunari.

        10. Higuintzetan hartu dute, athean erantzuten ziotena, eta gaitzirizkotan garbiki mintzo zena.

        11. Beraz, larrutzen zindutelakoz beharra, eta eramaten zinaroztelakoz gauza hautenak; lau izkinetako harriz eginen ditutzue etxeak, eta etzarete hekietan egonen; landaturen ditutzue mahasti maithagarrienak, eta ez duzue hekietarikako arnoa edanen.

        12. Ezagutzen ditut ezen zuen gaizki murruak eta zuen bekhatu dorpheak; prestuaren etsai, emaitza-hartzaile, eta athean beharraren zaphatzaile zarete.

        13. Aria hortaz, horrelako orduan gizon umoa ixilik dago, gaixtoa delakoz ordua.

        14. Bilha zazue ongia eta ez gaizkia, bizi zaiteztentzat; eta zuekin izanen da armadetako Jainko Jauna, hala etzelarik erauntsi duzuen bezala.

        15. Hastia zazue gaizkia eta maitha ongia, eta athean ezar zazue zuzentasuna; hean beharbada Josepen ondarrei urrikalduren den armadetako Jainko Jauna.

        16. Hargatik hau dio armadetako Jainko Jaun, ororen nausiak: Plaza guzietan izanen dire deithoreak, eta kanpo bazietan erranen da: Zorigaitz zorigaitz! Eta khexuetara deithuko da laboraria, eta deithorera deithoratzen dakitenak.

        17. Eta mahasti guzietan izanen da deithorea, zeren iraganen bainaiz zure erditik, dio Jaunak.

        18. Zorigaitz Jaunaren egunaren irritsean daudezenei! Zertako baliaturen zaitzue hura? Jaunaren egun hura ilhunbezkoa da eta ez argizkoa.

        19. Hura izanen da hala-nola lehoinaren ihes dohan gizonari, aitzinera heldu zaioen hartza; hala-nola gizona etxean sar baledi eta eskua harrasiaren gainean berma baleza, eta suge batek asikitzen balu.

        20. Jaunaren eguna ez othe da ilhunbezkoa izanen, eta ez argizkoa; gobelezkoa, eta ez dirdirazkoa?

        21. Higuintzen eta buhakhaizten ditut zuen bestak eta ez dut onhetsiren zuen bilkhuetako bitimen usaina.

        22. Baldin eskaintzen badaroztatzue zuen holokaustak eta emaitzak, ez ditut onhetsiren; eta zuen bitima gizenen botuei ez diotet begiraturen.

        23. Khen zatzue ene aitzinetik zuen kantu kalapitak; eta ez ditut entzunen zuen lirekilako kantikak.

        24. Juiamendua agerturen da ura bezala, eta justizia uhar hazkarra iduri.

        25. Israelgo etxea, mortuan niri eskaini othe daroztatzu berrogoi urthez bitimak eta sakrifizioa?

        26. Ekharri ditutzue zuen Moloken tabernaklea, zuen idolen itxurak eta zuen jainkoaren izarra, zuentzat egin zintuztenak.

        27. Eta nik Damasez haindira herraldaraziko zaituztet, dio Jaunak, armadetako Jainkoa deitzen denak.

 

VI. KAP.

        1. Zorigaitz zuei, Sionen aberats bizi zaretenei, eta Samariako mendiaren indarrean sinheste dadukazuenei, handi-mandi, populuen buruzagi, burrunba handitan Israelgo bilkhura sartzen zaretenak!

        2. Iragan zaitezte Kalanera, eta ikhusazue; handik zoazte Emath handira, eta jauts zaitezte Palestindarren Jethera, eta hekien erresuma ederren guzietara; hean hekien eremuak zuenak baino zabalagoak othe diren.

        3. Zorigaitz zuei, egun gaixtorako bereziak zaretenei, eta tzarkeriako tronuari hurbiltzen zaretenei;

        4. Bolizko oheetan lo egiten duzuenei, eta zuen etzauntzetan gozoki zabaltzen zaretenei; arthaldetik bildotsa eta abereetarik aratxe goria jaten duzuenei;

        5. Maniurrarekin batean kantuz zaudeztenei; zuen buruak, Dabid bezain musikari ederrak daduzkatzuenei;

        6. Arnoa basoka edaten, eta zuen buruak gantzugailu hoberenez gantzutzen ditutzuenei, eta Josepen hesturari sorhaio zaudeztenei!

        7. Aria hortaz desherrituren dire orai desherritzera dihoazenen buruan, eta atseginkerietan baltsatzen zen andana khendua izanen da.

        8. Jainko Jaunak zin egin du bere buruaz, armadetako Jainko Jaunak erran du: Hastio dut Jakoben hanpurustasuna, higuin ditut haren jauregiak, eta hiria bere egoiliarrekin etsaiari arthikiren diot.

        9. Hamar gizon gelditu balire etxe batean, hekiek ere hil laizteke.

        10. Eta hauzoak hartuko ditu eta erreko, etxetik hezurren eramatekotzat. Eta etxe-zokhoan gelditu denari erranen dio: Bada oraino zutaz bertzerik?

        11. Eta ihardetsiren du: Akhabo da. Eta bertzeak erranen dio: Zaude ixilik eta ez orhoit Jaunaren izenaz.

        12. Ezen huna Jauna manatzera dihoala, eta etxe handiari joaraziren dio lurra, eta arrailaraziren du etxe ttipia.

        13. Zaldiek laster egin othe dezakete hartsuetan, edo iraulden hari othe daiteke bafidiekin? ezen uherdurara bihurtu dituzue juiameuduak, eta zizari-belharrera justiziaren fruituak.

        14. Hutsalkerian bozten zaretenek diozue: Ez othe ditugu gure indarraz goratu gure adarrak?

        15. Israelgo etxea, huna beraz zuen kontra eraikiren dudala jendaki bat, dio armadetako Jainko Jaunak; eta xahuturen zaituztete Ematheko sartzetik mortuko errekaraino.

 

VII. KAP.

        1. Hau erakhutsi izan darot Jainko Jaunak, eta hara xartalaren egilea, uri berantekoak belharra sorrarazten abiatzen duenean; eta hara uri berantiarra erregerentzateko ephai-aldiaren ondotik.

        2. Eta gerthatu zen, xartalak belharra jaten akhabatu zuenean, erran nuela: Jainko Jauna, begitharte egizu othoi; nork altxaturen du Jakob, ezen aphurtua da?

        3. Jauna urrikaldu zen horren gainean, eta erran zuen: Ez da holakorik izanen.

        4. Hau erakhutsi zarotan Jaunak: eta hara Jainko Jaunak deitzen zuela suzko juiamendua; eta suak iretsi zuen zolagune handi bat eta gainetarik zathi bat jan zuen.

        5. Eta erran nuen: Jainko Jauna, bara zaite othoi; nork altxaturen du Jakob, ezen aphurtua da?

        6. Jauna urrikaldu zen horren gainean: Hori ere ez da izanen, erran zuen Jainko Jaunak.

        7. Hau erakhutsi zarodan Jaunak: Hara Jauna xutik zagoela harrasi enbokatu baten gainean, eta hargin phalote bat zen haren eskuan.

        8. Eta Jaunak erran zarodan: Zer ikhusten duzu, Amos? Eta ihardetsi nuen: Hargin phalote bat. Eta Jaunak erran zuen: Huna nik utziko dudala phalotea Israelgo ene populuaren erdian; ez naiz gehiago haren enbokatzen hariko.

        9. Idolaren lekhu gorak urratuak eta Israelek sainduetsi tokiak desmasatuak izanen dire; eta ezpatarekin jaikiko naiz Jeroboamen etxearen gainera.

        10. Eta Amasias, Bethelgo aphezak igorri zuen Israelgo errege Jeroboamen gana, zerralarik: Amos zure kontra bihurtu da Israelgo etxearen erdian; lurrak ezin egarriko ditu haren solas guziak.

        11. Ezen hau dio Amosek: Ezpatatik hilen da Jeroboam, eta Israel bere lurretik gathibu eramana izanen da.

        12. Eta Amasiasek erran zioen Amosi: Habil, ikhuslea; ihes-egik Judako lurrera; han janen duk ogia, eta han hariko haiz profetisatzen.

        13. Ez behedi gehiago Bethelen profetisatzen abia; zeren hemen baitire erregeren lekhu sainduetsia eta erresumako jauregia.

        14. Eta Amosek ihardetsi eta erran zioen Amasiasi: Ez naiz ez profeta, ez profeta-semea; bainan ni naiz unha bat, sikomora-ximikatzailea.

        15. Eta Jaunak hartu nau, arthaldearen ondotik nindabilarik, eta Jaunak erran izan darot: Zoaz, profetisa diozozu Israelgo ene populuari.

        16. Eta orai adi zazu Jaunaren hitza: Zuk diozu: Ez duzu Israelen gainean profetisatuko, ez-eta idolaren tenploaren gainera erauntsiarik eginen.

        17. Hori gatik hau dio Jaunak: Hire emaztea lilitxo ibiliren duk hirian; hire semeak eta hire alabak ezpataren azpira eroriko dituk; hire lurra hariaz izanen duk neurtua; eta hi, lur lohian hilen haiz, eta Israel bere lurretik gathibu eramana izanen duk.

 

VIII. KAP.

        1. Hau erakhutsi zarotan Jaunak: eta hara fruitu mako bat.

        2. Eta erran zarotan: Zer ikhusten duzu, Amos? Eta ihardetsi nuen: Fruitu mako bat. Eta Jaunak erran zarotan: Israelgo ene populuaren gainera heldu da akhabantza; ez natzaio barkhatzen gehiago hariko.

        3. Eta egun hartan tenploko atheetako erroak karrankaz hariko dire, dio Jainko Jaunak; asko hilen dire, eta ixiltasuna arthikia izanen da toki guzietara.

        4. Hau adi zazue, erromesaren lehertzaileak, lurreko beharra abiarazten duzuenak,

        5. Diozuelarik: Noiz iraganen da hilabethea, eta salduko ditugu gure salgeiak? Noiz goanen larunbata, eta atheratuko ditugu ogiak; ttipituko dugu neurria, handituko sikloaren phisua, eta erabiliko balantza aizunak,

        6. Diruaren bidez jabe gaitezen beharrez, eta oinetako truk erromesez, eta sal diotzoguten ogi-aphainkinak?

        7. Jaunak zin egin du Jakoben hanpuruskeriaren kontra: Ala! ez ditudala azkeneraino ahantziren horien egitate guziak.

        8. Horren ondotik, lurra ez othe da gainazpikatuko? Nigarretan egonen dire hor daudezenak oro; iganen dire hala-nola hibai bat guzia; eta iraiziak izanen dire, eta urthuko dire Egiptoko hibaia bezala.

        9. Eta egun hartan gerthaturen da, dio Jainko Jaunak, iguzkia etzanen dela eguerdi bethean, eta egun-argi delarik ilhuntaraziren dudala lurra.

        10. Eta zuen besta-buruak aldaturen ditut deithoretara, eta zuen kantika guziak khexuetara; zakhua ekharriren dut zuen bizkarretara eta khartzoiltasuna buru guzien gainera; eta lurra ezarriren dut, bere haur bakharraz nigarrez dagoen ama bat iduri, eta haren azken orduak emanen ditut kharmindurazko egun bat bezala.

        11. Huna heldu direla egunak, dio Jaunak, eta gosetea bidaliren dut lurrera, ez ogizko gosetea, ez-eta ur-egarria, bainan-bai Jaunaren hitzaren entzutekoa.

        12. Eta asaldutan izanen dire itsaso batetik bertzera eta ipharretik iguzki-aldera; inguruka ibiliren dire Jaunaren hitzaren bilha, eta aurkhituren ez dute.

        13. Egun hartan, egarriak ahiturik eroriko dire neskatxa ederrak eta gizon-gazteak ere,

        14. Zeinek Samariako bekhatuaz zin egiten baitute, eta erraten: Dan, ala hire Jainkoa! eta, ala Bersabeeko bidea! Eta eroriko dire, eta ez dire gehiago jaikiko.

 

IX. KAP.

        1. Ikhusi nuen Jauna aldarearen gainean xutik, eta erran zuen: Jo athe-erroa, eta khordoka beitez athaburuak; ezen orok buruan dute jaramankeria, eta ezpataz hilen dut horietarik azkena; ez da horientzat ihesbiderik. Goanen dire ihes, eta ihes eginen dutenetarik, bat ez da itzuriko.

        2. Ifernuraino jauts baleitez ere, handik ene eskuak athera letzazke; eta zeruraino igan baleitez, handik beheiti herresta netzazke.

        3. Eta Karmelgo kaskoan gordeak balaudezi, bilhaturik athera netzazke handik; eta ene begietarik itsas-ondarretan gorde baleitez, han mana niozoke sugeari eta asik letzazke.

        4. Eta beren etsaien aitzinean gathibu goan baleitez, han ezpatari mana niotzoke eta hil letzazke; eta ene begiak hekien gainean ezarriren ditut hekien gaitzetan, eta ez onetan.

        5. Eta mintzo dena, armadetako Jainko Jauna da, zeinak ukitzen baitu lurra, eta lurra urtzen baita; eta hartan dauden guziak nigarrez egonen dire; eta iganen da hibai bateko uharrak bezala, eta suntsituren da Egiptoko hibaia iduri.

        6. Bere tronua zeruetan altxatu, eta bere bilduma lurraren gainean jarri duena; itsasoko urak deitzen, eta lurraren gainera ixurtzen dituena, hainak Jauna du izena.

        7. Israelgo umeak, ez othe zarete ene aitzinean Ethopiarren semeak bezala? dio Jaunak. Ez othe ditut nik Egiptoko lurretik iganarazi Israeldarrak, Kapadoziatik Palestindarrak, Zirenetik Siriarrak?

        8. Huna Jainko Jaunaren begiak edozein erresuma bekhatu egiten duenaren gainean daudezela, eta lurraren gainetik xahuturen dut hura; guzia gatik ez dut alde bat xahuturen Jakoben etxea, dio Jaunak.

        9. Ezen huna non manaturen dudan nik, eta jendaia guzietan iharrosia izanen da Jakoben etxea, bihia bahean iharrosten den bezala, eta harritto bat ere ez da lurrera eroriko.

        10. Ezpatatik hilen dire ene populuko bekhatu-egile erraten dutenak: Gaitza ez da hurbilduko, ez da gure gainera ethorriko.

        11. Egun hartan eraikiren dut Dabiden etxea, lurrerat erori dena; osaturen ditut haren harrastetako urradurak; altxaturen ditut erori direnak, eta berrituren dut hura, beihalako egunetan zen bezala;

        12. Goza detzazten Idumeako ondarrak eta jendaki guziak, zeren ene izena hekien gainera deithua baita, dio Jaunak, horiek eginen dituenak.

        13. Huna heldu direla egunak, dio Jaunak, eta iraultzaileak atzemanen du uztatzailea, eta mahats-lehertzaileak hazia arthikitzen duena; mendietarik jautsiko da eztia eta munhoak lanthuak izanen dire.

        14. Eta bihurraraziren ditut Israelgo ene populuko gathibuak, eta berrituren dituzte hiri mortu eginak eta hekietan eginen dute beren egoitza; eta landaturen dituzte mahastiak, eta edanen dute hekietako arnoa; eta eginen dituzte baratzeak, eta janen dituzte hekietako fruituak.

        15. Jarriko ditut beren lurrean, eta ez ditut gehiago beren eremu eman diozkatenetarik atheratuko, dio zure Jainko Jaunak.

 

aurrekoa hurrengoa