www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

MAKABEARRAK
I. LIBURUA

 

I. KAP.

        1. Eta hau gerthatu zen Alexandro Mazedoniarra, Filipen semea, zeina lehenbizikorik erreginatu baitzen Greziaren gainean ilkhi ondoan Zethimgo lurretik, eta garhaitu zuen ondoan Dario, Persiarren eta Mediarren erregea:

        2. Eman zuen gudu asko, nausitu zen guzien hazkargailuez, hil zituen lurreko erregeak,

        3. Iragan zen lurraren bertze bazterreraino, hartu zituen jendaien ostearen buluzkinak, eta lurra ixildu zen haren aitzinean.

        4. Eta indar handiak eta armada gaitza bildu zituen; eta burgoitu zen eta hantu zitzaioen bihotza.

        5. Eta nausitu zen jendaien lekhuez eta erregeez, eta zergaduru eginak izan ziren.

        6. Eta gero ohatu zen eta ezagutu zuen hiltzera zihoala.

        7. Eta deithu zituen bere aitorenseme gazteak, harekin gaztetik haziak izan zirenak, eta zathitu zioten bere erresuma, bera bizi zelarik oraino.

        8. Alexandro erreginatu zen hamabi urthez, eta hil zen.

        9. Eta haren aitorensemeak errege egin ziren, zein bere tokian.

        10. Eta hura hil ondoan, guziak ezarri zituzten belharrekoak, eta hekien semeek hekien ondotik asko urthez, eta ondikoak berhatu ziren lurraren gainean.

        11. Eta hekietarik ilkhi zen erro gaixto bat, Antioko zoharra, Antioko erregearen semea, zeina bahi izatu baitzen Erroman; eta erregetu zen, Greziarren erreinuko sei hogoi eta hamazazpigarren urthean.

        12. Eta egun hekietan Israeldik ilkhi ziren asko ume gaixto, eta askori hau eman zioten burutara, zerratelarik: Goazen, eta dugun batasun egin gure inguruetan diren jendaiekin; zeren hekien ganik gibelatu garenaz geroztik, asko asturugaitzek atzeman baikaituzte.

        13. Eta solasa ona iduritu zitzaioten hekien begiei.

        14. Eta populutik berezi zituzten zenbait, eta haukiek goan ziren erregeren gana, eta erregek eman zioten jendaien legearen arabera egiteko eskua.

        15. Eta jimnasio bat egin zuten Jerusalemen, jendaietako legeen arabera.

        16. Eta itsutu zituzten ingurephaitzako hatzak, eta batasun saindutik gibelatu ziren, eta jendaiekin batu, eta gaizkiaren egiteko saldu.

        17. Eta erregetasuna ethorri zen Antiokoren eskuetara, eta Antioko abiatu zen Egiptoko lurrean ere erregetu nahiz, bi erresumen gainean erreginatzea gatik.

        18. Eta sarthu zen Egipton armada hazkarrarekin, orga-laster, elefant, zaldizko eta untziketa gaitzarekin.

        19. Eta gerla ezarri zuen Ptolemeo Egiptoko erregearen kontra; eta Ptolemeo lotsatu zen haren aitzinean, eta ihes egin zuen, eta hainitzak erori ziren sarraskituak.

        20. Eta Antiokok Egiptoko lurrean hartu zituen hiri hazkartuak, eta hartu zituen Egiptoko lurreko buluzkinak.

        21. Eta Egiptoa jo ondoan zazpitan hogoi eta hirugarren urthean, Antioko itzuli eta Israelera igan zen.

        22. Eta oste gaitzarekin igan zen Jerusalemera.

        23. Eta burgoirik sarthu zen lekhu sainduan, eta hartu zituen urhezko aldarea, eta argiaren ganderailua, eta harekilako tresna guziak, eta eskaintzetako mahaina, eta ixurketetako untziak, eta xatak, eta urhezko xurruttoak, eta bela, eta khoroak, eta tenplo aitzinean zen urhezko edergailua; eta puskakatu zituen oro.

        24. Eta hartu zituen zilharra, urhea eta untzi lehiagarriak; hartu zituen diru gorde atzeman zituenak; eta guziak eramanik, goan zen bere lurrera.

        25. Eta egin zuen gizonezko sarraski bat, eta burgoikeria handitan mintzatu izan zen.

        26. Eta Israelen eta hango eremu guzian egin zen deithore handi bat.

        27. Eta auhendatu ziren buruzagiak eta zaharrak; neskatxak eta gizon-gazteak iraungiak zauden, eta emaztekien edertasuna ubeldurara itzulia zen.

        28. Senharrak heiagoraka guziak, eta emazteak beren espos-oheetan jarriak nigarrez zauden.

        29. Eta lurra erdiratua zen bere egoiliarren zorigaitzaz, eta ahalkez estali zen Jakoben etxe guzia.

        30. Bi urtheren buruan, erregek Judako hirietara igorri zuen zergetako buruzagia, eta hura Jerusalemera ethorri zen gizon-andana handi batekin.

        31. Eta maltzurkerian solas bakezkoak eman ziozkaten Juduei, eta haukiek sinheste hartu zuten haren baithan.

        32. Eta bat-batean jauzi zen hiriaren gainera, eta jo zuen sarraski gaitzaz eta Israeldik xahutu zuen populutze handia.

        33. Eta hartu zituen hiriko buluzkinak eta suz erre zuen, eta urratu zituen hango etxeak eta harrasiak inguruan.

        34. Eta gathibu eraman zituzten emaztekiak; eta jabetu ziren haurrez eta arthaldeez.

        35. Eta Dabiden hiriaren inguruan egin zuten harrasi handi eta hazkar bat, eta dorre hazkarrak, eta hartarik egin zuten beren gaztelua;

        36. Eta han ezarri zuten jendaki gaixto bat, gizon tzarkerian ohituak; eta han gogortu ziren; han harmak eta jatekoak ezarri zituzten, eta harat bildu zituzten Jerusalemgo buluzkinak;

        37. Eta han gelditu eta jendeentzat arte gaitz bat bilhakatu ziren.

        38. Eta hori egina izan zen lekhu sainduaren zelatatzeko, eta debru gaixto bat izan zen Israelen.

        39. Odol hobengabea ixuri zuten lekhu sainduaren inguruan eta khutsatu zuten saindutegia.

        40. Eta hekien ariaz ihes egin zuten Jerusalemdarrek, eta hiria bilhakatu zen arrotzen egon-lekhu eta tokikoentzat arrotz, eta bere umeek utzi izan zuten.

        41. Haren tenplo saindua egin zen mortua bezain huts; haren besta-egunak bihurtu ziren deithoretara, haren larunbatak laidotara, haren ohoreak ezdeusetara.

        42. Bere ospearen arabera neurtua izan zitzaioen laidoa, eta haren goratasuna aldatu zen deithoretara.

        43. Orduan Antioko erregeak iskribatu zuen bere erresuma guzira, populua oro bat egin zadien, eta bakhotxak bere legea utz zezan.

        44. Eta jendaki guziek onhetsi zuten hori, Antioko erregearen manuaren arabera.

        45. Eta Israeldik asko jautsi ziren harek galdatzen zuenera; sakrifikatu zuten idolei eta lohitu zituzten larunbatak.

        46. Eta erregek bidalkinen eskuz igorri zituen gutunak Jerusalemera eta Judako hiri guzietara, jarraik zitezen oro lurreko jendaien legeei;

        47. Debeka zetzazken holokausta, sakrifizio, jabalpeneko eskaintzak, Jainkoaren tenploan eginak izatetik;

        48. Eta larunbatak eta besta-egunak debeka zetzazten bestatuak izatetik.

        49. Eta manatu zuen lekhu sainduak eta Israelgo populu saindua khutsatuak izan zitezen.

        50. Eta manatu zuen egitea aldareak, tenploak eta jainkomoldeak, eta imolatzea urde-haragiak eta abere lohiak;

        51. Eta muthikoak uztea ingurebaki gabe, eta hekien arimak khutsatzea zernahi gauza lohi eta hatsgarrikeriaz, haletan ahantz zezaten legea eta aida zitezen Jainkoaren manamendu guzietarik.

        52. Eta Antioko erregearen hitzaren arabera eginen etzuen edozein, haina hil behar zen.

        53. Hitz horien ororen arabera iskribatu zuen bere erresuma guzira, eta hekien bethetzera bortxatzeko ezarri zituen populuaren buruan aitzindariak.

        54. Eta hekiek Judako hiriei manatu zaroten sakrifika zezaten.

        55. Eta populutik asko batu ziren Jaunaren legea utzi zutenei; eta tzarkeriak egin zituzten lurraren gainean.

        56. Eta Israelgo populua ihes igorri zuten basa-bazterretara, eta iheskarien toki gordeetara.

        57. Kasleuko hilabethearen hamabortzgarren egunean, zazpitan hogoi eta bortzgarren urthean, Antioko erregeak Jainkoaren aldarearen gainean altxatu zuen inkoniamenduko idola hatsgarria; eta Judako hiri guziak gaindi inguruan altxatu zituzten aldareak.

        58. Eta isentsua erretzen eta sakrifizioak egiten zituzten etxeetako athe aitzinetan eta plazetan;

        59. Eta Jainkoaren legeko liburuak hautsirik, suan zituzten erre.

        60. Eta edozeinen baithan atzeman zitezen Jaunaren batasuneko liburuak, eta nor-nahik begira zezan Jaunaren legea, hainak hiltzen zituzten erregeren erabakiaren arabera.

        61. Horrelakoak nausitasunaren ariaz egiten zarozten Israelgo populu, hirietan hilabethetik hilabethera khausitzen zenari.

        62. Eta hilabethearen hogoi eta bortzgarrenetan, aldare handiaren parrean zen aldarean sakrifikatzen zuten.

        63. Eta beren semeak ingurebaki zituzten emaztekiak hilak ziren Antioko erregearen manuaren arabera.

        64. Eta hekien etxe guzietan haurrak lephotik urkhatuak ziren; eta hekien ingurephaileak, hilak.

        65. Eta Israelgo populutik hainitzek beren baithan egin zuten, etzutela jateko lohirik hartuko; eta jateko lohiz beren buruak khutsatzeaz baino lehen, hautatu ziren hiltzeaz.

        66. Eta etzuten nahi izan Jainkoaren lege saindua hautsi, eta hilak izan ziren.

        67. Eta hasarre guziz gaitza erori zen populuaren gainera.

 

II. KAP.

        1. Egun hekietan Mathathias apheza, Joanesen semea, Simeonen arresemea, Joariben umeetarik, ilkhi zen Jerusalemetik, eta jarri zen Modingo mendian.

        2. Eta bazituen bortz seme: Joanes, zeinak baitzuen izen-goititzat Gadis;

        3. Simon, izen-goitiaz Thasi;

        4. Judas, Makabearra deitzen zutena;

        5. Eleazar, izen-goitiaz Abaron; eta Jonathas, izen-goitiaz Aphus.

        6. Eta ikhusi zituzten Judako populuari eta Jerusalemen egiten ziren bidegabekeriak,

        7. Eta Mathathiasek erran zuen: Ene dohakabea! Zertako naiz sorthu ikhusteko ene herritarrak ehoak eta hiri saindua ehoa, eta ni hemen jarria egoteko, hau etsaien eskuetara mana denean?

        8. Arrotzen eskuan da saindutegia; tenploa gizon putrus bat bezala erabilia da.

        9. Hunen ospeko untziak lur atze batetara eramanak, hunen zaharrak karriketan hilak, eta gizon-gazteak etsaien ezpataren azpira erotiak dire.

        10. Non da jendakia, hunen erresumatik puska eraman ez duena eta hunen buluzkinetarik bere zathia?

        11. Khendua du bere berregintasun guzia. Libro zena, gathibu da.

        12. Huna gure saindutegia, gure edergarria, gure berregingarria, inkoniamendutan eta jendaiek khutsatua.

        13. Zertako gare beraz oraino bizi?

        14. Eta Mathathiasek eta bere semeek hautsi zituzten beren soinekoak; zurdatzez estali eta minki deithoratu ziren.

        15. Eta Antioko erregeak igorri gizonak ethorri ziren harat, Modingo hirira ihes egin zutenak bortxatu beharrez imolatzera, isentsu erretzera eta Jainkoaren legetik ilkhitzera.

        16. Eta onhetsirik, Israelgo populutik asko hekiei hurbildu zitzaizkoten; bainan gogor egotu ziren Mathathias eta bere semeak.

        17. Eta hekiei buruz, Antioko erregeak igorri gizonek erran zioten Mathathiasi: Zu zare lehenbizikoa, eta ikhusiena, eta handiena hiri huntan; eta zure semeek eta anaiek edertzen dute oraino zure etxea.

        18. Hurbil zaite beraz lehenik, eta egizu erregek manatua, jendaki guziek eta Jerusalemen gelditu diren Judako gizonek egin izan duten bezala; eta zu eta zure semeak izanen zarete erregeren adiskideen arteko, eta urhe, zilhar, eta emaitzaz gaindituak.

        19. Eta Mathathiasek ihardetsi eta goraki erran zuen: Baldin jendaia guziak ere jauts baleitez Antioko erregearen nahira, bakhotxak ukho eginez bere arbasoen legeari, eta haren manuak onhetsiz;

        20. Nik eta ene semeek, eta ene anaiek gure arbasoen legea zerbitzaturen dugu.

        21. Begithartez itzul bekigu Jainkoa; legearen eta Jainkoaren erabaki zuzenen uztea ez dugu on-hartzen.

        22. Ez ditugu entzunen Antioko erregearen solasak, ez-eta ez dugu sakrifikaturen, gure legeko manamenduak hautsiz, bertze bide batetik goateko.

        23. Eta solas horien egitetik baratu zen orduko, hurbildu zen Judu bat idolei aldare gainean sakrifikatzeko guzien begien aitzinean Modingo hirian, Antioko erregearen manuaren arabera.

        24. Eta Mathathiasek ikhusi zuen, eta bihotza erdiratu zitzaioen eta barne guzia dardaratu; eta hasarrea biztu zen haren baithan, legeak manatzen duen bezala; eta jauzirik hil zuen gizona aldarearen gainean.

        25. Eta hanbatean hil izan zuen Antioko erregeak igorri aitzindaria, imolatzera bortxatzen zabilana; eta urratu zuen aldarea.

        26. Eta legearen kharrak hartu zuen, hala-nola beihala Phinees, hil zuenean Zamri, Salomiren semea.

        27. Eta Mathathiasek goraki oihu egin zuen hirian, zioelarik: Nork-ere baitu legearen kharra, eta gogor baitago Jaunarekilako patuan, ilkhi bedi enekin.

        28. Eta bera eta bere semeak ihes goan ziren mendietara, eta hirian utzi zituzten beren izate guziak.

        29. Orduan legea eta zuzenbidea bilhatzen zuten asko jautsi ziren mortura;

        30. Eta han jarri ziren berak, eta beren haurrak, emazteak eta aziendak, zeren ondikoak gaindi ethorri baitzitzaizkoten gainera.

        31. Eta erregeren gizonei, eta Jerusalemen Dabiden hirian zen armadari, berria emana izan zaioten, erregeren manamendua hautsi zuten zenbait gizonek ihes egin zutela mortuko toki gordeetara; eta asko hekien ondotik goan zirela.

        32. Eta berehala bideari lothu ziren hekien atzemateko, eta gudu ematera abiatu zitzaizkoten larunbat-egunez.

        33. Eta erran zaroeten: Bihurri eginen duzue oraino? ilkhi zaitezte; egizue Antioko erregearen manuen arabera, eta biziko zarete.

        34. Eta ihardetsi zuten: Ez gare ilkhiko, eta ez dugu larunbat-eguna profanaturen, erregeren nahiaren egiteko.

        35. Eta gudua abiatu zen hekien kontra.

        36. Eta etzuten ihardetsi, ez-eta harri bat etsaiei arthiki, ez-etare beren gordegailuak tapatu,

        37. Ziotelarik: Hiltzen gare guziak gure lainotasunean; eta zeru-lurrak lekhuko izanen dire, bidegabezki galtzen gaituzuela.

        38. Eta gerla emana izan zitzaioten larunbat-egunean, eta hil ziren berak eta beren haurrak, emazteak eta aziendak, mila gizonetaraino.

        39. Eta Mathathiasek eta bere adiskideek jakin zuten hori, eta deithore mina egin zuten hekien gainean.

        40. Eta lagunak lagunari erran ziren Baldin orok egiten badugu gure anaiek egin dutena, eta jendaien kontra ez bagare gure bizientzat eta gure legearen alde gudukatzen, orai laster xahuturen gaituzte lurretik.

        41. Eta egun hartan asmu atheratu zuten, zerratelarik: Nor-nahi ethor dakigun gerla ematera larunbat-egunean, guduka gaitezen haren kontra; eta ez gare guziak hilen, gure anaiak hil diren bezala gordegailuetan.

        42. Eta hekien gana bildu ziren Asidearren baldarna, indarrez Israelgo hazkarrena, eta legearen alde beren oldez altxatzen ziren guziak;

        43. Eta asturugaitzen ihes zabiltzanak oro hekietara batu ziren, eta hekien gogorgarri egin ziren.

        44. Eta armada bat egin zuten; eta beren hasarrean jo zituzten bekhatoreak, eta beren gaitziduran gizon gaixtoak; eta bertzeek, itzurtzea gatik, jendaietara ihes egin zuten.

        45. Eta Mathathias eta bere adiskideak inguruka ibili ziren, eta urratu zituzten aldareak;

        46. Eta ingurebaki zituzten Israelgo eremuetan aurkhitu zituzten haur ingurebakigabe guziak, eta bihotzoki ibili ziren.

        47. Eta jazarri zaroeten hanpuruskeriako ume guziei, eta lana ongi goan zen hekien eskuetan.

        48. Jendaien bortxaren azpitik eta erregeen eskupetik atheratu zuten legea, eta gaixtaginari etzioten indarrik utzi.

        49. Eta hurbildu ziren Mathathiasen biltzeko egunak, eta bere semeei erran zioten: Indarretan dabila burgoikeria; huna gaztigu, eragozpen, gaitzidura eta hasarrezko egunak.

        50. Orai beraz, oi ene semeak, legearen alderat khardun athera zaitezte, eta zuen arbasoen batasunarentzat ematzue biziak.

        51. Orhoit zaitezte zuen arbasoen egintzez, zeinek beren mendeetan eginez; eta ospe handi eta bethiko izen baten jabe egin zaitezte.

        52. Abraham frogapenean ez othe da fidela aurkhitu, eta ez othe zaio zuzentiartasuntzat iduki?

        53. Josepek hesturako orduan ez othe zuen begiratu Jainkoaren manamendua, eta gero egin baitzen Egiptoko jaun?

        54. Phinees gure arbasoak Jainkoaren alderat erakhutsi zuen khar handiaren alderat, ez othe zuen ardietsi bethirainoko apheztasunaren agintza?

        55. Jaunaren errana egitean Israelgo buruzagi bilhakatu zen Josue.

        56. Kalebek, baldarnan lekhukotasun bihurtzean, izatu zuen primantza bat.

        57. Dabidek bere emetasunaz ardietsi zuen bethikotzat errege tronua.

        58. Elias, legearen alderako kharrak zerabilkalarik, eramana izan zen zerura.

        59. Ananias, Azarias eta Misael, gogor zaudezelakoz sinhestean, garretik itzuri ziren.

        60. Bere lainotasuna gatik, Daniel salbatua izan zen lehoinen ahotik.

        61. Eta hunela erabilazue gogoa gizaldiz gizaldi, eta ikhusiren duzue, Jaunaren baithan beren pheskiza dadukatenak ez direla herbaltzen.

        62. Eta ez izan gizon bekhatorearen erauntsien beldur, zeren har eta gorotz baita haren ospea.

        63. Goratzen da egun, eta bihar ez da aurkhituren; ezen bihurtu da bere ethorkiko lurrera, eta iraungi dire haren asmuak.

        64. Zuek beraz, semeak, hazkar zaitezte, eta gizonki guduka legearentzat; ezen hartaz izanen zarete ospetsu.

        65. Eta huna Simon, zuen anaia; badakit asmutako gizona dela: entzun zazue bethi, eta aitatzat baliatuko zaitzue.

        66. Eta Judas Makabearra, gaztedanik indarrez hazkar izatu da; izan bedi armadako buruzagi, eta horrek erabiliko du populuaren gerla.

        67. Zuen gana bil zatzue legearen begirale guziak eta etsaietarik asper zatzue zuen herritarrak.

        68. Bihur diozozute jendaiei merezitu saria, eta legeko manamenduan atzarri zaudezte.

        69. Eta benedikatu zituen bere haurrak, eta bere arbasoetara eramana izan zen.

        70. Zazpitan hogoi eta seigarren urthean zendu zen, eta bere semeak ehortzi zuten bere arbasoen hobietan Modinen, eta deithore handiz deithoratu zuen Israel guziak.

 

III. KAP.

        1. Eta aitaren orde jaiki zen Judas haren semea, Makabearra deitzen zena;

        2. Eta laguntzen zuten bere anaia guziek eta haren aitari iratxiki zirenek; eta bozkarioz hari ziren Israelentzat gudukatzen.

        3. Eta hedatu zuen bere populuaren ospea, eta digante bat bezala estali zen bere gerruntzeaz eta guduetan jauntzi zituen gerlako harmak, eta bere ezpataz zaintzen zituen kanpak.

        4. Eta bere egintzez bilhakatu zen lehoin bat iduri, eta harrapakinari orroa egiten dioen lehoinkumea bezala.

        5. Eta gaixtaginei jarraiki zitzaioten, hekiek orotan bilhatuz; eta suan erretzen zituen bere populua nahasten ziotenak.

        6. Eta haren ixterbegiak hastanduak izan ziren haren beldurraz; gaixtakeria egile guziak ikharan zauden, eta haren eskuak atheratu zuen populuaren salbamendua.

        7. Eta bere eginkariez uhertzen zituen asko errege, eta Jakob bozkarioz bethetzen, eta menderen mendetan benedizionetan izanen da haren orhoitzapena.

        8. Eta ibili zen Judako hirietan, eta hekietarik galarazi zituen gaixtaginak, eta Israeldik aldaratu zuen Jaunaren hasarrea.

        9. Haren izenaren aiphamena hedatu zen lurraren bazterretaraino, eta bildu zituen galtzeko heinean zirenak.

        10. Eta Apoloniok bilarazi zituen jendaiak, eta Samariatik atheratu zuen armada bat handia eta hazkarra, Israelen kontra gerla egitekotzat.

        11. Eta Judasek jakinik, atheratu zitzaioen aitzinera; jo eta hil zuen; eta asko erori ziren sarraskituak, eta bertzeek ihes egin zuten.

        12. Eta Judasek hartu zituen hekien buluzkinak; Apoloniori khendu zioen bere ezpata, eta geroztik hartaz gudukatu izan zen bere bizi guzian.

        13. Eta Siriako armadako buruzagiak, Seronek aditu zuen Judasek legea zatxikaten guzien baldarna bildu zuela bere gana,

        14. Eta erran zuen: Ene buruari izen bat eginen diot, eta ospe izanen dut erresuman, garhaituz Judas eta harekin direnak, erregeren hitza arbuiatu dutenak.

        15. Eta xuxendu zen, eta harekin igan zen gaixtaginen armada, laguntza hazkarra, Israelgo semeetarik asperkunde atheratzeko.

        16. Hurbildu ziren Bethoroneraino, eta Judas bidera atheratu zitzaioten gizon gutirekin.

        17. Bainan haukiek ikhusi zutenean aitzinera heldu zitzaioten armada, erran zioten Judasi: Nola gudukaturen ahal gare, garen gutiak, hunenbateko ostearen eta hunen oste hazkarraren kontra; eta oraino behartuak gure baruraz egun?

        18. Eta Judasek erran zuen: Errex da gutirentzat hainitzen garhaitzea; zeruko Jainkoari bardin zaio hainitzekin ala gutirekin libratzea;

        19. Zeren gerlan garhaizia ez baita armadako oste handiari eratxikia, bainan zerutik dathor indarra.

        20. Horiek gure gana dathorzi oste burgoi eta hanpurutsuarekin, xahutu beharrez gu, gure emazteak eta gure haurrak, eta gu biluzi nahiz.

        21. Gu aldiz, gudukaturen gare gure bizientzat eta gure legeentzat;

        22. Eta Jaunak berak gure aitzinean xahututen ditu; zuek berriz, ez izan horien beldur.

        23. Eta mintzatzetik baratu bezain sarri, etsaiari jauzi zitzaioen bat-batean; eta Seron eta bere armada eragotziak izan ziren haren aitzinean.

        24. Eta hekien ondotik jo zuen Bethorongo patarra beheiti zelhaieraino; eta etsaietarik erori ziren zortzi ehun gizon, eta gainerakoek Filistindarren lurrera ihes egin zuten.

        25. Eta Judasen beldurrak, eta haren anaienak, eta ikharak jo zituen jendaia guziak hekien inguruan.

        26. Eta Judasen izena heldu izan zen erregeren baithara, eta jendaki guziak etzuten Judasen guduez bertze aiphurik.

        27. Antioko erregea berriz, solas horiek aditu zitueneko, hasarre gaitzean sarthu zen, eta igorririk bilarazi zuen bere erresuma guzitik armada bat, indar gaitzeko armada.

        28. Eta ideki zuen bere diruko khutxa eta armadari eman zioen urthe bateko soldata; eta manatu zioeten egon zitezen zertara nahi abian.

        29. Eta ikhusi zuen diruz hustu zitzaizkola bere khutxak, eta Judeako zergak deus-gutiak zirela, han sorrarazi zituen makhur eta asturugaitzen gatik, khendu beharrez hango egundainoko legeak;

        30. Eta beldurtu zen etzuela asko aldiz bezala izanen dirurik gerlako gastuentzat eta esku nasaiaz egiten zituen emaitzentzat, zeinetaz xitu baitzituen bere aitzineko errege guziak.

        31. Eta gogoa arras eroria zuen, eta burutara ethorri zitzaioen Persiara goatea eta hango zergak hartzea, eta diru hainitz biltzea.

        32. Utzi zuen Lisias, sortze handiko gizona, errege odoletik ilkhia, erresumako egitekoei hotsemateko, Ufratako hibaitik Egiptoko hibaieraino;

        33. Eta artha izatekotzat bere seme Antiokoz, gibelerat itzul zadien arteo.

        34. Eman ziozkan armadaren erdia, eta elefantak, eta bere manuak nahi zituen gauza guzien gainean, eta Judean eta Jerusalemen egoten zirenen gainean;

        35. Manatuz igor zezan armada Israelgo indarren eta Jerusalemgo ondarren xahutzera eta ezeztatzera, eta tokitik khentzera hekien orhoitzapeneraino;

        36. Eta hekien eremu guzietan arrotz-semeak ezartzeko egoiliartzat, eta hekien lurra zortera emateko.

        37. Eta erregek hartu zuen gelditzen zen armadaren erdia, eta ilkhi zen Antiokiatik, bere erresumako hiri buruzagitik, zazpitan hogoi eta zazpigarren urthean; iragan zuen Ufratako hibaia, eta hergaraietarik bazihoan.

        38. Lisiasek hautatu zituen Ptolemeo, Doriminiren semea, eta Nikanor eta Gorjias, gizon ahaldunak, erregeren adiskideetarik;

        39. Eta hekiekin bidali zituen berrogoi mila oinezko eta zazpi mila zaldizko, Judako lurrera goateko, eta erregeren hitzaren arabera haren xahutzeko.

        40. Eta aitzinetu ziren beren indar guziekin, eta ethorri eta hurbildu ziren Emausera, aurkhintza-ordokian.

        41. Eta inguruetako tratulariek aditu zuten hekien aiphamena; eta hartu zituzten urhe, zilhar eta sehi hainitz; eta kanpetara ethorri ziren, gathibutzat hartzeko Israelgo semeak; eta Siriako eta toki arrotzetako armadak batu ziren hekiekin.

        42. Eta Judasek eta bere anaiek ikhusi zuten ondikoak ondikoen gainera murrukatu zirela, eta armadak hekien eremuetara hurbiltzen hari zirela; eta jakin zituzten erregek eman manuak populuaren galtzeko eta atde bat xahutzeko.

        43. Eta elkharri erran zuten: Errekatik athera dezagun gure populua; guduka gaitezen gure populuarentzat, gure tenplo eta gauza sainduentzat.

        44. Eta bildu ziren, gudurat abian izateko; othoizteko Jauna eta hari bere urrikalkortasunaren eta urrikalpenen eskatzeko.

        45. Orduan Jerusalemek egoiliarrik etzuen, bainan mortua bezala zen; bere umeetarik etzuen ikhusten ez sartzen ez ikhitzen; saindutegia oin-petan erabilia zen, eta arrotz-semeak gazteluan ziren; jendaiek han zuten egoitza; Jakoben ganik ezeztatua zen atsegina, eta handik galduak ziren gitarra-xirolak.

        46. Eta bildu eta ethorri ziren Masphara, Jerusalemgo parrera; zeren Israelek beihala Masphan baitzuen othoitzeko lekhua.

        47. Eta barur egin zuten egun hartan; zurdatzak jauntzi zituzten, hautsez estali buruak, eta porroskatu beren soinekoak.

        48. Eta hedatu zituzten legeko liburuak, zeinetan jendaiek bilhatzen baitzuten beren jainkomoldeen itxurakeria zerbait.

        49. Eta ekharri zituzten aphez-aphaingailuak, pikainak eta hamarrenak, eta eraiki zituzten, egunak betheak zituzten Nazarearrak.

        50. Eta zerura deihadar egin zuten, erranez: Zer eginen diotegu, eta norat eramanen ditugu?

        51. Jauna, zure saindutegia oinkatua eta lohitua da, zure aphezak auhenetan ezarriak eta lurreraino aphalduak dire.

        52. Eta huna jendaiak gure kontra bilduak, eta zuk badakizkitzu gure gainean derabilzkaten asmuak.

        53. Nola ihardukiren ahal dugu horien aitzinean, oi Jainkoa, zuk ez bagaituzu laguntzen?

        54. Eta turutak durrundarazi zituzten hazkarki.

        55. Eta gero, Judasek buruzagiak eman ziozkan populuari, mila, ehun, berrogoi eta hamar eta hamar gizonen aitzindariak.

        56. Eta erran zioten etxeak egin, emazteak hartu eta mahastiak landatu zituztenei, eta beldurti zirenei, bihur zitezen zein bere etxera legearen arabera.

        57. Eta kanpak higitu eta ezarri zituen Emausdik hegoaldera.

        58. Eta Judasek erran zioten bere gizonei: Soinera zatzue harmak eta athera zaitezte muthil hazkarrak; zaudezte xuxenduak bihar goizeko, gudukatzeko jendaia horiek, zeinak gure kontra bildu baitire, xahutu beharrez gu eta gure lekhu sainduak;

        59. Ezen gerlan hiltzea hobe dugu, gure jendakiaren eta gure toki sainduen zorigaitza ikhustea baino.

        60. Bainan nolako nahia izanen baita zeruan, hala egin bedi.

 

IV. KAP.

        1. Eta Gorjiasek hartu zituen bortz mila oinezko eta mila zaldizko hautatu, eta gabaz higitu zituzten kanpak,

        2. Juduen kanpetara hurbiltzeko, eta bat-batean hekien jotzeko; eta gaztelutikako gizonak zituzten bidari.

        3. Eta Judasek nabaritu zuen, eta jaiki ziren bera eta bere gizonik hazkarrenak, Emausen ziren erregeren armadetako indarren jotzeko;

        4. Ezen oraino armada kanpetarik barraiatua zen.

        5. Eta Gorjias gabaz ethorri zen Judasen kanpetara, eta etzuen atzeman nihor, eta hekien bilha zabilan mendietan, ezen erraten zuen: Gure ihes dohazi horiek.

        6. Eta egundu zenean, zelhaiean agertu zen Judas bakharrik hirur mila gizonekin, zeinek ez baitzuten ez erredolarik ez ezpatarik.

        7. Eta ikhusi zuten jendaien kanpak hazkarrak zirela, eta gizonak gerruntzez estaliak, eta zaldizkoak hekien inguruan, eta oro gerlan jakinak.

        8. Eta Judasek erran zioten berekin zituen gizonei: Ez izan horien ostearen beldur; ez izan horien oldar-aldiaren lotsa.

        9. Orhoit zaitezte nola salbatuak izan ziren gure arbasoak itsaso Gorrian, Faraon ondotik zihoakiotenean armada handi batekin.

        10. Eta orai zeruari egin diozogun deihadar, eta gutaz urrikalduren da Jauna, eta orhoit izanen da gure aitekilako batasunaz, eta egun armada hori leherturen du gure aitzinean;

        11. Eta jendaia guziek jakinen dute Israelen berrerosle eta libratzaile bat badela:

        12. Eta arrotzek goititu zituzten begiak eta ikhusi zituzten Juduak buruz heldu zitzaizkotela.

        13. Gudura ilkhi ziren kanpetarik, eta Judasen lagunak jo zuten turuta.

        14. Lothu ziren; jendaiak lehertuak izan ziren, eta zelhaia gaindi ihes egin zuten.

        15. Azkenak berriz, ezpataren azpira erori ziren guziak, eta Judas jarraiki zitzaioten Jezeroneraino, Idumeako, Azoteko eta Jamniako ordokietaraino; eta hekietarik erori ziren hirur mila gizonen heina.

        16. Eta bihurtu ziren Judas eta hari jarraikitzen zen armada.

        17. Eta populuari erran zioen: Ez lehia buluzkinetara, zeren aitzinean baitugu oraino gerla;

        18. Gorjias eta bere armada hurbil ditugu mendian; bainan zaudezte gogor gure etsaien kontra; akhaba zatzue, eta gero deskantsuz hartuko ditutzue buluzkinak.

        19. Eta Judas mintzo zelarik oraino, hara etsaietarik zenbait agertu zirela mendi gainetik begiraka.

        20. Gorjiasek ikhusi zuen ihesari itzuli zirela haren lagunak, eta kanpak erretzen zaudela; ezik ageri zen, kheak erraten zuen zer zen gerthatu.

        21. Horiek ikhusirik eta hanbatean oharturik Judasi eta bere armadari ordokian gudurat abian, izitu ziren hainitz,

        22. Eta guziek ihes egin zuten lur arrotzetara.

        23. Eta Judas bihurtu zen kanpetako buluzkinetara, eta hartu zituzten urhe hainitz, eta zilhar, eta moredin, eta itsas-purpura, eta ontasun handiak.

        24. Eta gibelerakoan, Jainkoa benedikatzen zuten zeruetaraino, eta kantatzen himno hau: Zeren den ona, zeren bethikoa den haren urrikalpena.

        25. Eta egun hartan handia izan zen Israelen garhaizia salbagarria.

        26. Berriz, arrotzetarik itzuri zirenak Lisiasen gana goan ziren, eta gerthatu ziren gauzen berria eraman zioten.

        27. Horiek aditurik, harritu zen eta bihotzak eskas egiten zioen, zeren gauzak ez baitziren Israelen gerthatu harek nahi bezala eta erregek manatu bezala.

        28. Eta ondoko urthean Liliasek bildu zituen hirur hogoi mila gizon hautak, eta bortz mila zaldizko, Juduen xahutzekotzat.

        29. Ethorri ziren Judeara, eta kanpak jarri zituzten Bethoronen; eta Judas aitzinera atheratu zitzaioten hamar mila gizonekin.

        30. Eta ikhusi zuen etsaiak hazkar zirela; egin zuen bere othoitza, eta erran zuen: Benedikatua zare, oi Israelen salbatzailea, zeren digante gaitzaren indarra hautsi baituzu, Dabid zure zerbitzariaren eskuan; eta arthiki arrotzen kanpak Jonathas Saulen semearen eta haren ezkutariaren eskuetara.

        31. Hestu zazu armada hori Israelgo zure populuaren eskuan, eta ahalketara eror beitez beren oinezko eta zaldizko guziekin.

        32. Emozute ikhara, eta urmariaraz zazu horien indarraren ozartasuna, eta beren desmasiaz laztuak geldi beitez.

        33. Zu maite zaituztenen ezpataren azpira arthikatzu; eta zure izena ezagutzen duten guziek lauda betzazte beren himnoetan.

        34. Eta abiatu zuten gudua, eta Lisiasen armadatik bortz mila gizonek jo zuten lurra.

        35. Lisiasek berriz, ikhusirik bere gizonen ihesa eta Juduen bihotzoitasuna, eta jarriak zirela khabutsuki hiltzera edo bizitzera, goan zen Antiokiara eta soldado hautatzen haritu zen, oste handitan Judeara bihurtzeko.

        36. Orduan erran zuten Judasek eta bere anaiek: Horra gure etsaiak lehertuak; igan gaitezen orai lekhu sainduen xahutzera eta berritzera.

        37. Eta bildu zen armada guzia, eta igan ziren Siongo mendira.

        38. Eta ikhusi zuten saindutegia mortu, eta aldarea profanatua, eta atheak erreak eta ezkaratzetan sasia egina oihanean edo mendietan bezala, eta tenploaren inguruko salhak urratuak.

        39. Porroskatu zituzten beren soinekoak, deithore handitan deithoratu ziren, eta hautsez estali zituzten beren buruak.

        40. Eta ahuspez erori ziren lurrera, eta durrundarazi zituzten ezagutkarietako turutak, eta zeruraino igorri zituzten beren deihadarrak.

        41. Orduan Judasek manatu zituen gizonak, gazteluan ziren etsaien gudukatzeko, saindutegiko xahupena egin arteo.

        42. Hautatu zituen aphez nothagabeak, Jainkoaren legean bihotza zadukatenak.

        43. Eta egin zuten saindutegiaren xahupena, eta toki lohi batera eraman zituzten khutsua zuten harriak.

        44. Judas gogoeta egotu zen, hean zer eginen zuen holokaustetako aldareaz, zeina profanatua izan baitzen.

        45. Eta gogoeta on bat egin zuten haren urratzea, etzadien bilhaka hekien laidagarri, zeren khutsatu baitzuten jendaiek; eta urratu zuten.

        46. Eta harriak ezarri zituzten tenploko mendian, toki egokian, ethor zadien arteo profeta bat, hekietaz zer egin erranen zuena.

        47. Eta legearen arabera, hartu zituzten harri mugerrak; eta aldare berri bat egin zuten lehenago zena bezalakoa.

        48. Berritu zituzten saindutegia eta tenploko barneak; eta sainduetsi zituzten etxea eta ezkaratzak.

        49. Untzi berriak egin zituzten eta tenploan ezarri ganderailua, usain onetako aldarea eta mahaina.

        50. Isentsua ezarri zuten aldarearen gainean, eta biztu zituzten ganderailuaren gaineko kriselu, tenploan argitzen zutenak.

        51. Mahainaren gainean ezarri zituzten ogiak, hedatu zuten bela, eta hasi zituzten lan guziek akhabatu zituzten.

        52. Zazpitan hogoi eta zortzigarren urthean, bederatzigarren hilabethean (hura baitzen kasleu), hogoi eta bortzgarren egunetan, jaiki ziren argi aitzinean:

        53. Eta holokaustetako aldare berri, berek eginaren gainean, legearen arabera eskaini zuten sakrifizioa.

        54. Eta urthe-mugan, eta egun berean zeintan jendaiek khutsatu baitzuten tenploa, sakrifizioa erreberritua izan zen kantiken erdian, eta lira, gitarra eta zinbala otsez.

        55. Populu guzia erori zen ahuspeka, eta adoratu zuten eta zeruetaraino benedikatu onerat bihurtu zituen Jainkoa.

        56. Zortzi egunez egin zuten aldarearen dedikazionea, eta bozkariorekin eskaini zituzten holokaustak eta esker-onezko eta laudoriozko sakrifizioa.

        57. Tenploaren aitzindegia berregindu zuten urhezko khoroekin eta ezkutatxoekin; berritu zituzten sartzeak eta sahetsetako salhak, eta atheak ezarri zituzten.

        58. Eta bozkario guziz handitan jarri zen populua, eta jendaien laidoa khendua izan zen.

        59. Judasek eta bere anaiek eta Israelgo baldarna guziak xedatu zuten, aldarearen dedikazioneko eguna bestatua izanen zela bere urthe-mugetan, urthetik urthera, kasleuko hilabethearen hogoi eta bortzean, zortzi egunez, bozkario eta bozkalentzien erdian.

        60. Eta ordu berean hazkartu zuten Siongo mendia; inguruan egin ziozkaten harrasi gorak eta dorre hazkarrak, beldurrez-eta ethor zitezen jendaiak, eta oinen azpian erabil zezaten hura, aitzinean egin zuten bezala.

        61. Eta han utzi zuen armada bat, haren zaintzeko, eta hazkartu zuen Betsuraren begiratzeko, populuak izan zezan gaztelu bat Idumearren kontra.

 

V. KAP.

        1. Aditu zuten bezain sarri aldarea eta saindutegia leheneko heinera ekharriak zirela, inguruetako jendaiak sepha gaitzean sarthu ziren.

        2. Eta burutan hartu zuten xahutu behar zituztela beren artean zituzten Jakoben odolekoak, eta abiatu ziren populutik batzuen hiltzen eta bertzeei ondotik jarraikitzen.

        3. Eta Judas gerlan hari zen Esauren semeen kontra Idumean, eta Akrabatenan zirenen kontra, zeren inguratuak baitzaduzkaten Israeldarrak; eta sarraski gaitzaz jo zituen.

        4. Eta orhoitu zen Beanen ume maltzurrez, zeinak populuarentzat baitziren arte eta eragozgailutan, zelatak hari bidean hedatuz.

        5. Judasek hertsi zituen dorre batzuetan, eta hurbildu zitzaioten; anathema arthiki zioten gainera, eta suz erre zituen hekien dorreak barnean ziren guziekin.

        6. Eta iragan zen Amonen semeetara, eta han atzeman zuen etsaia indarretan; populua handia zen, eta Timotheo zuen buruzagi.

        7. Asko gudutan erauntsi zuen hekiekin, eta jo eta lehertu zituen.

        8. Gero hartu zuen Gazergo hiria eta haren-peko ziren bertzeak, eta itzuli zen Judeara.

        9. Eta Galaaden ziren jendaiak bildu ziren, hekien eremuetan zauden Israeldarren kontra, hekiek xahutu beharrez; bainan Israeldarrek ihes egin zuten Dathemango gaztelura.

        10. Eta gutunak bidali ziozkaten Judasi eta haren anaiei, zerratelarik: Jendaiak gure kontra bildu dire inguruan, gu xahutu beharrez;

        11. Abian dire ethortzeko eta ihes-lekhutzat hartu dugun gazteluaz jabetzeko; Timotheo da horien armadako buruzagi.

        12. Zato beraz orai, eta athera gaitzatzu horien aztaparretarik, zeren oraikoz gutarik hainitzak eroriak baitire.

        13. Gure anaia Tubingo lurretan zirenak, hilak dire guziak; gathibu eraman dituzte hekien emazteak, haurrekin eta buluzkinekin; eta hil dute mila gizonen ingurutsua.

        14. Eta oraino gutunak irakurtzen hari ziren, agertu zirenean Galileatik bidalkinak, soineko urratuekin, hala-halako berriak ekhartzen zituztenak;

        15. Ziotelarik, etsaiak ilkhi zirela Ptolemaidatik, Tirretik eta Sidondik; eta hekien xahutzera ethorri arrotzez bethea zela Galilea guzia.

        16. Judasek eta populuak solas horiek aditu bezain laster, bilkhu handi bat egin zen, ikhusteko zer eginen zuten beren anaientzat, zeinak hesturetan eta galtzeko zoritan baitzauden.

        17. Eta Judasek erran zioen bere anaia Simoni: Hauta zatzu gizonak, eta zoaz; athera zatzu gure anaia Galileakoak; ni berriz, eta Jonathas ene anaia Galaadera goanen gare.

        18. Josep, Zakariasen semea eta Azarias utzi zituen populuaren buruzagi, Judearen zain armadaren gainerakoarekin.

        19. Eta manatu zituen, zerralarik: Zaudezte populu hunen buruan, eta ez abia jendaiekin gerlan, gibelerat itzul gaitezen arteo.

        20. Galileara goateko, Simonek izan zituen hirur mila gizon; Judasek berriz, zortzi mila Galaaderako.

        21. Simon goan zen Galileara; jendaiei eman ziozkaten asko gudu, eta jendaiak xahutuak izan ziren haren aitzinean, eta jarraiki zitzaioten Ptolemaidako atheraino.

        22. Jendaietarik erori ziren hirur mila gizonen heina, eta Simonek hartu zituen hekien buluzkinak.

        23. Galilean eta Arbaten ziren Israeldarrak, beren haur, emazte eta puska guziekin, hartu zituen bere ganat, eta Judeara erakharri zituen bozkario handitan.

        24. Anartean Judas Makabearrak eta haren anaia Jonathasek iragan zuten Jordanea, eta hirur egunen bidea egin zuten mortua barna.

        25. Eta Nabathearrak athera zitzaizkoten bidera, eta baketiarki hartu zituzten. Erran ziozkaten hekien anaiei Galaaden gerthatu zitzaizkoten guziak,

        26. Hekietarik hainitz atzemanak zirela Barasan, Bosorren, Aliman, Kasphorren, Maiethen eta Karnaimen, horiek oro hiri handi eta hazkarrak;

        27. Eta oraino Galaadeko bertze hirietan hertsiak bazirela, eta etsaiek asmua zutela armada biharamunean hiri hekietara higiarazteko, hekien hartzeko eta egun batez ororen xahutzeko.

        28. Judasek eta bere armadak Bosorgo mortura itzuli zuten berehala beren bidea. Judas nausitu zen hiriaz, ezpatatik iragan zituen gizonkiak oro, hartu zituen hekien buluzkinak, eta suz erre zuen hiria.

        29. Handik ilkhi ziren gabaz, eta ibili ziren Dathemango gazteluraino.

        30. Eta argi-hastean, begiak goititu zituztenean, hara etsai oste bat, khonda ahal baino handiagoa, zihoala, zurubiak eta gerlako tresnak soinean, gazteluaren hartzeko, eta barnekoen xahutzeko.

        31. Eta Judasek ikhusi zuen hasia zela gudua, eta guduko otsa zerura igan zen turutaren durrunda bezala, eta hiritik ere deihadar handi bat.

        32. Eta erran zioen bere armadari: Egun zuen anaientzat guduka zaitezte.

        33. Hirur andanetan goan ziren etsaiaren gainera, turutak jo zituzten, eta deihadar egin zuten beren othoitzean.

        34. Timotheoren tropek ezagutu zuten Makabearra zela, eta ihes egin zuten haren aitzinetik. Judasek hekietaz egin zuen sarraski handi bat, eta egun hartan hekietarik zortzi milen heintsuak jo zuen lurra.

        35. Judas itzuli zen Maspharen gainera; bortxatu eta hartu zuen hiria, hil zituen gizonki guziak, buluzkinak hartu, eta suz erre hiria.

        36. Goan zen handik eta hartu zituen Kasbon, Maieth, Bosor eta Galaadeko hiri gainerakoak.

        37. Gauza horien ondoan berriz, Timotheok bildu zuen bertze armada bat, eta bere kanpak jarri zituen Erraphongo parrean, errekaz hainditik.

        38. Armada haren ikhuskatzera bidali zuen Judasek, eta gibelerat berriak ekharri ziozkaten, erranez: Gure inguruetako jendakiak oro Timotheoren gana bilduak dire; armada guziz gaitza da.

        39. Arabiarrak laguntzara erakharri dituzte; kanpak jarriak dituzte errekaz haindian, zuri gudu ematera abian. Eta Judasek jo zuen hekien bidera.

        40. Eta Timotheok erran zioten bere armadako aitzindariei: Judas bere armadarekin ur-errekara hurbildu ditakeenean, lehenbizikorik iragaiten bada gure gana, ezin eginen diogu buru; zeren ahal guziak izanen baititu gure kontra.

        41. Bainan iragaiteko lotsa izaten bada, eta uraz haindian jartzen baditu kanpak, gu iraganen gare horietara, eta ahalak gure eskuan izanen dire Judasen kontra.

        42. Bainan ur-errekara hurbildu orduko, Judasek erreka-bazterretan ezarri zituen populuko iskribauak, eta manatu zituen, erraten ziotelarik: Gizonetarik nihor ez utz baratzera, bainan oro dathortzela gudura.

        43. Eta etsaien gana iragan zen lehenbizikorik, eta haren ondotik armada guzia, eta hekien aitzinean lehertuak izan ziren jendaia guziak; harmak arthikirik, Karnaimen zen tenplora egin zuten ihes.

        44. Judas hiriaz nausitu zen, eta erre zuen tenploa barnean ziren guziekin. Herraustua izan zen Karnaim; ezin ihardetsi zuen Judasen aitzinean.

        45. Judasek bilarazi zituen Galaaden ziren Israeldar guziak, ttipi eta handi, emazte eta haur, eta armada handi bat egin zuen, ethor zitezen Judako lurrera.

        46. Eta Efromeraino ethorri ziren; eta hiri handi hura, sarbidearen gainean jarria, hainitz zen hazkarra, eta etzitakeen goan hura bazterrerat utziz, ez eskuinetik ez ezkerretik, bainan erdi-erditik zen bidea.

        47. Hirian zirenek barnean hertsi zituzten beren buruak, eta harriz poxelatu zituzten atheak. Judasek hekien gana bidali zuen bakezko solasekin,

        48. Zioelarik: Zuen lurretik iraganen gare gure lurrera goateko, eta nihork ez darotzuete eginen bidegaberik; eta xuxen baratu gabe goatea baizik ez dugu eginen. Eta hekiek etzioten eman nahikatu biderik.

        49. Orduan Judasek kanpetan oihu eginarazi zuen, zein bere tokitik buruz abia zadien.

        50. Eta bihotzeko gizonak hurbildu ziren; Judasek hiriari jazarri zioen egun guzian eta gabaz, eta eskuetaratu zuen azkenean.

        51. Ezpataren ahotik iragan zituzten gizonkiak oro; errotik arthiki zuten hiria, buluzkinak hartu, eta hilen gainetik iragan zuten hiri guzia.

        52. Jordanea iragan zuten zelhai handian, Betsango aitzinean.

        53. Judas gibeletik zagoen, azkenak bilduz eta populuari bide guzian gogoa berotuz, Judako lurrera heldu arteraino.

        54. Eta Siongo mendira igan ziren boz eta goihere, eta holokaustak eskaini zituzten, hekietarik nihor etzelakoz galdu, gibelerat baketan itzuli bitartean.

        55. Judas eta Jonathas Galaadko lurrean, eta Simon, hekien anaia, Galilean Ptolemaidaren aitzinean, ziren egunetan,

        56. Josepek, Zakariasen semeak, eta Azariasek, armadako buruzagiak, aditu zituzten gauza ongi goanen eta egin ziren guduetako berriak.

        57. Eta Azariasek erran zuen: Guk ere gure buruei eman diozoguten lelo; goazen gure inguruetan diren jendaien gudukatzera.

        58. Eta bere armadari manuak eman ziozkan, eta goan ziren Jamniari buruz.

        59. Gorjias eta bere gizonak ilkhi ziren hiritik hekien bidera gudu emateko.

        60. Eta Josep eta Azarias ihes igorriak izan ziren Judeako mugetaraino; egun hartan Israelgo populutik bi mila gizonen heinak jo zuen lurra; eta iheste handia egin zen populuan,

        61. Etzituztelakoz Judas eta haren anaiak nahi izan aditu, ustez bihozdun beren buruak agertu.

        62. Etziren ordean hekiek Israeli salbamendua ekharri dioten gizon hekien odoletik.

        63. Judako gizonak berriz, hainitz goretsiak izan ziren Israel guziaren aitzinean, eta hekien aiphamena heltzen zen populu guzien aitzinean;

        64. Eta bozkariozko oihutan bidera atheratu zitzaioten jendea.

        65. Gero Judas eta bere anaiak ilkhi ziren eta gerla egin zioten hegoalderako lurrean ziren Esauren semeei. Judasek jo zituen Kebron eta haren-peko ziren hiriak; eta hango harrasiak eta dorreak erre zituen inguruan.

        66. Gero higitu zituen kanpak arrotzen lurretara goateko, eta iragan zen Samaria gaindi.

        67. Orduko gerlan hilak izan ziren aphez batzu, beren bihotzoitasuna erakhutsi nahi zutelarik eta nihork erran gabe gudura ilkhirik.

        68. Judas makhurtu zen Azot-alderat, arrotzen lurrerat; urratu zituen hekien aldareak eta suz erre hekien jainkomoldeak; eta hartu zituen hirietako buluzkinak, eta itzuli zen Judako lurrera.

 

VI. KAP.

        1. Bizkitartean Antioko erregeak, hergaraiak gaindi zabilalarik, jakin zuen Elimaida zela Persian hiri lelo handikoa, eta urhe eta zilhar hainitzen jabe zena;

        2. Eta han bazela tenplo bat hainitz aberatsa, eta hartan urhezho oihalak eta gerruntzeak eta erredolak, Alexandro, Filiperen seme, errege Mazedoniar Grezian lehenbizikorik erreginatu zenak utziak.

        3. Goan zen beraz eta bilhatzen zuen hiriaren hartzea eta haren larrutzea; bainan ezin egin izan zuen, zeren hirian zirenek jakin baitzuten zer zen solasa;

        4. Eta jaiki ziren gudukatzeko; eta erregek handik ihes egin zuen; goan zen handik, bihotza beltzik, eta Babiloniara itzuli zen.

        5. Persian zelarik oraino ethorri zitzaioen berria, Judako lurrean zuen armaa ihes igorria izan zela;

        6. Lisias goan zela armada hazkar baten buruan, Juduek ihes igorri zutela, eta haren kanpak hartu; eta han atzeman zituzten harmek, ontasunek eta buluzkinketa handiak, indarretan ezarri zituztela;

        7. Eta Jerusalemgo aldarearen gainean altxatu zuen hatsgarrikeria xehakatu zutela; eta saindutegia inguratu zutela lehen bezala harrasi gorez, eta Betsurako hiria ere bai.

        8. Berri horiek aditzearekin, errege harritu eta guzia nahasi zen; bere burua arthiki zuen ohe baten gainera; eta barneko ilhunduraren ariaz, iraungidurara erori zen, zeren etzitzaizkoen asmu zuen bezala gauzak atheratu.

        9. Han egotu zen asko egunez, zeren belztasun handia berritzen baitzen haren baithan, eta hiltzera zihoalako ustea hartu zuen.

        10. Eta deithu zituen bere adiskide guziak eta erran zioeten: Loak ihesegin du ene begietarik; beheiti hari naiz, eta grinek eragotzi dute ene bihotza.

        11. Eta ene bihotzean erran dut: Zer hesturetara naizen jautsi, eta zer ilhundurazko uharretan naizen sarthua, ni atsegina nintzena eta maithatua ene botherearen erdian!

        12. Orai orhoitzen naiz ordean Jerusalemen egin izan ditudan gaizkiez, handik hartu baititut han ziren urhezko eta zilharrezko buluzkinak, eta igorri baitut hango egoiliarren xahutzera ariarik gabe.

        13. Ezagutzen dut beraz, horien gatik atzeman nautela ondiko haukiek; eta huna ilhundura beltzak hilarazten nauela lur arrotzean.

        14. Eta deithu zuen Filipe, bere adiskideetarik bat, eta eman zioen bere erresuma guziaren gaineko kargua.

        15. Eta eman ziozkan diadema, erregesoina eta erreztuna, eraman zezan Antioko haren semea, haz zezan arren-eta tronurat igan zadien.

        16. Eta han hil zen Antioko erregea, zazpitan hogoi eta bederatzigarren urthean.

        17. Lisiasek jakin zuen errege hil zela, eta haren orde errege ezarri zuen Antioko haren semea, zeina hazi baitzuen gaztedanik; eta izena eman zioen Upator.

        18. Jerusalemgo gazteluan zirenek Israeli bideak hersten ziozkaten tenploaren inguruan; eta bilhatzen zuten bethi hekiei gaizki egitea eta jendaien erroei indar ematea.

        19. Judasek burutan hartu zuen xahutu behar zituela, eta populu guzia bildu zuen hekien sethiatzeko.

        20. Batera bildu ziren eta sethiatu zituzten zazpitan hogoi eta hamargarren urthean, eta egin zituzten balistak eta gerlako tresnak.

        21. Sethiatuak zirenetarik ilkhi ziren zenbait, eta Israeldik hekiei batu ziren gaixtagin bakhar batzu;

        22. Goan ziren erregeren gana eta erran zioten: Noiz arteo utziren gaituzu bidegabean, eta gure anaiak asperkunderik gabe?

        23. Burutan hartu dugu zure aitaren zerbitzatzea, haren manuen arabera ibiltzea eta haren erabakiak bethetzea;

        24. Eta aria hortaz gure herritarrak berezi dire gure ganik; gutarik atzemanak hil, eta gure ontasunak larrutu dituzte.

        25. Eta ez bakharrik gure gainera, bainan oraino gure herrialde guziaren gainera hedatu dute eskua.

        26. Eta horra orai hurbildu direla Jerusalemgo gaztelura, hartaz nausitu beharrez, eta hazkargailuz inguratu dutela Bethsura.

        27. Eta baldin ez bazaizkiote aitzintzen, horiek baino handiagorik eginen dute, eta ezin nausituren zatzaizkiote.

        28. Horiek aditzearekin, hasarretan sarthu zen errege; bilarazi zituen bere adiskide guziak, bere armadako buruzagiak, eta zaldizkoen aitzindariak.

        29. Bertze erresumetarik ere eta itsasoko irletariak haren ganat ethorri ziren saritako armadak.

        30. Haren armada heltzen zen ehun mila oinezkotara, eta hogoi mila zaldizkotara, eta bertzalde hogoi eta hamar elefant gerlan ikhasiak.

        31. Idumea gaindi ethorri eta Betsurara hurbildu ziren; asko egunez jazarri zioten, eta sethiotako tresnak egin zituzten. Bainan barnekoak ilkhi ziren eta suz erre zituzten tresna hekiek, eta gizonak bezala gudukatu ziren.

        32. Judas berriz, gazteluaren aitzinetik aldaratu zen; Bethzakarara higitu zituen bere kanpak, erregeren kanpen parrera.

        33. Errege jaiki zen argi aitzinean, eta armadak tarrapatan eraman zituen Bethzakarari buruz. Armadak gudurako arrimatu ziren, eta jo zituzten turutak.

        34. Gudura elefanten berotzeko, erakhutsi ziozkaten mahats eta martzoka arnoa.

        35. Soldado andanaka berezi zituzten elefantak; mila gizon, gathezko gerruntzeekin eta kobrezko kaskak buruan, elefant bakhotxaren aldean ziren, eta bortz ehun zaldizko hautak manatuak ziren basabere hekietarik bakhotxaren lagun.

        36. Basabereari aitzinduz lekhu gurietara, hura norat, eta hekiek ere harat bazoazen, eta etziren haren ganik aldaratzen.

        37. Zurezko dorre hazkar bat ere gerizatzeko, eta gainean gerlako tresnak, baziren elefant bakhotxaren bizkarrean, eta dorre bakhotxean hogoi eta hamabi gizon fetzo, gainetik gudukatzen zirenak, eta Indiar bat, abereari hotsemateko.

        38. Erregek bi andanetan hainditik eta hunainditik ezarri zituen gainerako zaldizkoak, turuta otska armadaren berotzeko, eta sustatzeko andana tinkotan zihoazten oinezkoak.

        39. Iguzkiak ihardetsi zuenean urhezko eta kobrezko erredolen gainean, argi-argiak ezarri zituzten mendiak, eta distiratzen zuten zuzietako garrek bezala.

        40. Erregeren armada bi andanetan zihoan, bat mendi gorak gaindi, eta bertzea zolaguneetarik, eta begiratuki zihoazen eta arrimuz.

        41. Lekhuko jendea asaldatua zen guzia armada haren oihuez, ostearen tarrapataz eta harmen harrabotsaz, ezen armada hainitz zen handia eta hazkarra.

        42. Judas hurbildu zen gudukatzeko bere armadarekin, eta erregerenetik sei ehun gizonek jo zuten lurra.

        43. Eleazar, Sauraren semea ohartu zen elefantetarik bat erregeren gerlako errementez estalia zela; bertze guziak baino handiagoa zen, eta Eleazarrek uste izan haren gainean zela errege;

        44. Bere bizia eman zuen bere herritarren libratzea gatik, eta bere buruari bethirainoko izen baten egiteko.

        45. Susaiki laster egin zuen haren gana soldado-andanaren erdira, esker eta eskuin hilez; eta hor-hemenka etsaiak erortzen ziren haren ukhaldien azpian.

        46. Eta elefantaren zangoetara goanik azpira sarthu zitzaioen, eta hil zuen. Elefanta lurrera erori zen haren gainera, eta han hil zen Eleazar.

        47. Bainan Juduek ikhustenez erregeren indarra, eta haren armadaren oldarra, bide egin zuten hekien ganik.

        48. Erregeren armada berriz, igan zen Jerusalemdarren kontra, eta Judeara ethorri zen Siongo mendian kanpatzera.

        49. Erregek bakea egin zuen Bethsuran zirenekin, eta hiritik ilkhi ziren, ez baitzuten jatekorik, ezen lurraren larunbateko urthea zen.

        50. Erregek hartu zuen beraz Bethsura, eta hirian ezarri zituen zainak haren beiratzeko.

        51. Gero armada lekhu sainduaren kontra itzulia iduki zuen asko egunez; eta han egin zituen balistak eta tresnak, su, harri eta gezi arthikitzekoak, gezi igortzeko arranbela handiak eta habalak.

        52. Berriz, barnekoek egin zituzten tresnak tresnen kontra, eta gudukatu ziren asko egunez.

        53. Bainan hirian etzen jatekorik, zeren zazpigarren urthea baitzen, eta jendaietarik Judean gelditu zirenek ahitu baitzituzten jateko aldaratuen ondarrak.

        54. Eta gizon guti gelditu zen lekhu sainduetan, zeren gosetea nausitu baitzitzaioten, eta gehienak barraiatu baitziren beren tokietara.

        55. Bizkitartean Lisiasek aditu zuen, Filipe, zeina Antioko erregeak, bizi zelarik oraino, kargutu baitzuen bere seme Antiokoren hazteaz eta erreginarazteaz,

        56. Itzuli zela Mediatik eta Persiatik, harekin harat goan izan zen armadarekin, eta bilhatzen zuela erresumako egitekoen eskura hartzea.

        57. Higitu zen beraz, eta goan zen erregeri eta armadako buruzagiei erratera: Egun oroz urtzen hari gare, jateko guti dugu, hazkarra da sethiatzen dugun tokia, eta erresumako egitekoak xuxendu beharrak ditugu.

        58. Orai beraz eskua heda diozotegun gizon horiei, eta bakea egin dezagun horiekin eta horien jendaki guziarekin.

        59. Utz detzagun bizitzera lehen bezala beren legeen arabera; ezen horien lege eskarniatu ditugunen ariaz sumindu dire eta egin dituzte haukiek oro.

        60. Erregeren eta aitzindarien gogarako izan zen solasa; eta bidali zuen Juduei bakearen eskaintzera, eta haukiek onhetsi zuten.

        61. Eta erregek eta aitzindariek zin egin zioten, eta Juduek ilkhi ziren gaztelutik.

        62. Orduan errege sarthu zen Siongo mendian; ikhusi zuen nola hazkartua zen tokia, eta han berean hautsi zuen egin zuen zina, eta manatu zuen harrasia izan zadien inguruan urratua.

        63. Gero gibelerat goan zen lehen-bai-lehen; Antiokiara itzuli, eta atzeman zuen Filipe hirian nausi; eta haren kontra gudukaturik, jabetu zen hiriaz.

 

VII. KAP.

        1. Zazpitan hogoi eta hamekagarren urthean, Demetrio, Seleukoren semea, ilkhi zen Erromako hiritik, eta gizon guti batekin ethorri zen itsas-bazterreko hiri batera, eta erregetu zen han.

        2. Bere arbasoen errege-etxean sarthu zen bezain sarri, armadak hartu zituen Antioko eta Lisias, haren aitzinera erakhartzeko.

        3. Demetriok jakin zuen gauza, eta erran zuen: Ez erakhuts niri horien begitharterik.

        4. Eta armadak hil zituen, eta Demetrio jarri zen bere erresumako tronuan.

        5. Eta haren gana Israeldik goan ziren gizon tzar eta gaixto batzu; hekien buruko zen Alzimo, zeinak aphez-handi nahi baitzuen jarri.

        6. Eta erregeren aitzinean jazarri zuten populuaren kontra, ziotelarik: Judasek eta bere anaiek galdu dituzte zure adiskide guziak, eta gu iraizi gaitu gure lurretik.

        7. Orai beraz igorrazu gizon bat, zeinaren gainean sinheste baitukezu, goan dadientzat, eta ikhus detzan Judasek guri eta erregeren lurrei egin dituen bidegabe guziak, eta gaztiga betza haren adiskide eta laguntzaileak oro.

        8. Erregek bere adiskideetan hautatu zuen Bakide, erresuman hibai handiaz bertze aldean manatzen zuena eta erregeri fidel zena; eta hura igorri zuen,

        9. Ikhus zezan Judasek egin bidegabea; Alzimo gaixtoa ere ezarri zuen aphez-handi, eta manatu zioen asperkunde athera zezan Israelgo semeen gainean.

        10. Jaiki ziren beraz, armada handi batekin ethorri ziren Judako lurrera, bidalkinak igorri zituzten, eta Judasi eta bere anaiei mintzatu ziren maltzurkerian bakezko solasekin.

        11. Bainan etzuten hekien solasik entzun nahi izan, ikhusten baitzuten ezen armada handi batekin ethorri zirela.

        12. Bizkitartean iskribauen bilkhua ethorri zen Alzimoren eta Bakideren gana, zuzen ziren gauzak galdatuz.

        13. Eta Asidearrek, Israelgo umeetan lehenbizikoak zirenek, galdegiten zioten bakea.

        14. Ezen erraten zuten: Aphez bat, Aaronen odoletikako gizon bat dathor; ez gaitu enganatuko.

        15. Alzimok eman ziozkaten bakezko solasak, eta zin egin zioten, erranez: Ez zuei, ez zuen adiskideei ez darotzuegu gaitzik ekharriren.

        16. Eta hekiek sinhetsi zuten; bainan harek harrarazi zituen hirur hogoi gizon, eta egun batez hilarazi, iskribatua den hitzaren arabera:

        17. Jauna, zure sainduen gorphutzak sarraskitu eta hekien odola ixuri dute Jerusalemeren inguruan, eta nihor etzen hekien ehorzteko.

        18. Eta beldurra eta ikhara jarri ziren populu guziaren gainean, ezen erraten zuten: Ez da horien baithan ez zintasunik ez zuzentasunik; hautsi dituzte alabainan egin zituzten patua eta egin izan duten zina.

        19. Bakidek higitu zituen kanpak Jerusalemetik eta jarri zituen Bethzekako ondoan; eta gizonak igorririk, harrarazi zituen haren ganik ihes goan ziren asko eta populutik zenbait, eta hil eta putzu handi batera arthikarazi zituen.

        20. Gero lekhua ezarri zuen Alzimoren manuen azpian, eta laguntza utzi zioen esku emateko, eta Bakide goan zen erregeren gana.

        21. Alzimo egin ahalaz hari zen aphez-nausigoan bere buruaren gogortzera.

        22. Haren gana bildu ziren populuaren nahastaile guziak, nausitu ziren Judako lurrean, eta sarraski handia egin zuten Israelen.

        23. Judasek ikhusi zituen Alzimok eta bere lagunek Israelgo umeei egin ziozkaten gaizki guziak, jendaiek baino hainitz handiagoak.

        24. Ilkhi zen inguruan Judeako eremu guzietara, asperkunde atheratu zuen haren ganik aldatu zirenen gainean, eta hala gaixtaginak baratu ziren bazterretara ilkhitzetik.

        25. Bainan Alzimok ikhusi zuen Judas eta bere lagunak nausitu zirela; ezagutu zuen ezin buru egin ziozoketela, eta erregeren gana bihurturik, iritxiki ziozkaten gaixtakeria hainitz.

        26. Erregek igorri zuen Nikanor, bere azpiko aitzindari handienetarik bat, Israelen kontra aiherkundetan zena, eta manatu zioen xahu zezan populu hura.

        27. Nikanor armada handi batekin ethorri zen Jerusalemera, eta maltzurkerian bakezko solasak igorri ziozkaten Judasi eta bere anaiei,

        28. Zerralarik: Gudurik izan ez bedi zuen eta ene artean; gizon guti batekin ethorriren naiz baketiarki zuen begithartearen ikhustera.

        29. Eta goan zen Judasen gana eta elkharri agur egin zuten bakezko solasekin; bainan etsaiek neurriak hartu zituzten Judasen harrapatzeko.

        30. Judasek ezagutu zuen gaina, maltzurkerian ethorriak zirela haren gana; Nikanorrez beldurtu zen, eta etzuen gehiago nahi izan ikhusi haren begithartea.

        31. Nikanorrek ere ezagutu zuen agertuak zirela haren asmuak, eta Judasi bidera atheratu zitzaioen, Kapharsalamako ondoan gudu ematera.

        32. Eta Nikanorren armadatik bortz mila gizonen heinak jo zuen lurra, eta bertzeek ihes egin zuten Dabiden hirira.

        33. Horien ondoan Nikanor igan zen Siongo mendira; populuaren aphezetarik zenbait ilkhi ziren hari baketiarki agur egitera, eta erregerentzat egiten ziren holokausten erakhustera.

        34. Nikanorrek berriz, murrikatuz erdeinatu eta hidoiztatu zituen eta burgoiki mintzatu zitzaioten.

        35. Eta hasarre handitan zin egin zuen, zioelarik: Baldin Judas eta bere armada ez badire ene eskuetarat emanak, garaitiar itzuliko naizen bezain laster erreko dut etxe hau. Eta ilkhi zen hasarre gaitzean.

        36. Aphezak sarthu ziren, eta jarri ziren aldarearen eta tenploaren aitzinian, eta nigarrez erran zuten:

        37. Zuk, Jauna, hautatu duzu etxe hau hemen deithua izan dadien zure izena, eta hau izan dadien othoitzeko etxea eta zure populuarentzat errekeietako lekhua.

        38. Gizon horren eta horren armadaren gainean athera zazu asperkunde, eta eror beitez ezpataren azpira; orhoit bekizkitzu horien burhoak, eta ez biozozute eman lurrean iraupenik.

        39. Nikanor ilkhi zen Jerusalemetik, eta kanpatu zen Bethorongo ondoan, eta Siriako armada ethorri zitzaioen harat.

        40. Judas berriz, Adarsako ondora goan zen kanpatzera hirur mila gizonekin, eta othoitz egin eta erran zuen:

        41. Jauna, burhoztatu zinduztelakoz Senakerib erregeak igorri gizonek, aingeru bat ilkhi zen, eta hekietarik jo zituen bederatzitan hogoi eta bortz mila.

        42. Armada hori ere orobat leher zazu egun gure aitzinean, eta bertzeek jakin bezate gaizki mintzatu dela zure toki sainduez, eta juia zazu bere maltzurkeriaren arabera.

        43. Armadak gudutan lothu ziren adarreko hilabethearen hirugarren egunean; eta lehertua izan zen Nikanorren armada, eta bera lehenbizikorik erori zen guduan.

        44. Armadak aldiz, ikhusirik Nikanor eroria, arthiki zituen harmak, eta ihesari eman zen.

        45. Egun baten bidean, Adazerretik Gazararaino jarraiki zitzaizkoten ondotik eta turutak jotzen zituzten hekien gibeletik, albiriste emateko.

        46. Judeako gaztelu guzietarik inguruan gizonak atheratzen ziren, eta aitzinean zaramatzaten etsaiak, eta bethi hekien gainera bihurtuz hil zituzten guziak, bat bakharra itzuri etzen bezala.

        47. Jabetu ziren hekien buluzkinez, eta ebaki zituzten Nikanorren burua eta esku eskuina, burgoiki tenploaren kontra hedatu zuena, eta eraman zituzten, eta Jerusalemeren aitzinean dilindan ezarri.

        48. Hainitz boztu zen populua, eta bozkario handitan iragan zuten egun hura.

        49. Eta manatua izan zen besta eginen zela egun hura urthe oroz adarreko hilabethearen hamahirurean.

        50. Eta Judako lurra ixilik egon zen egun gutiz.

 

VIII. KAP.

        1. Bada, Judasek aditu zuen Erromarren izena, indar handitakoak zirela, galde guziak onhesten zituztela, hekien gana goaten ziren guziekin adiskidantzak egiten zituztela, eta indar handiaren jabe zirela.

        2. Aditu zuen halaber hekien guduen berria eta Galatian egin zituzten gauza handiak; Galatiarrak garhaitu eta zergaren azpian ezarri zituztela;

        3. Eta Espainan egin zituzten guziak, nola jabetu ziren hango zilhar eta urhe miez eta nola toki guziaz nausitu ziren beren umotasun eta igurikortasunaz;

        4. Nola garhaitu zituzten urrungo lekhuak eta lurraren bazterretarik jazartzera ethorri zitzaizkoten erregeak, sarraski handiaz jo zituztela; bertzeek berriz, urthe oroz zerga pagatzen ziotela;

        5. Nola gerlan garhaitu zituzten Filipe eta Perses, Zethearren errege, eta hekien kontra harmak hartu zituztenak oro, eta beren azpiko ezarri zituzten;

        6. Nola Antioko Handia, Asiako errege, zeinak gerla eman baitzioten sei hogoi elefantekin, zaldieria, orga-laster eta armada gaitz batekin, hekiez izan zen garhaitua;

        7. Eta nola atzeman zuten bizirik eta bortxatu pagatzera berak eta berriren ondotik erreginatuko zirenek zerga handi bat, eta ematera bahiak eta xedatu zituztenak;

        8. Erran nahi da India, Media eta Lidia, hekien aurkhintzarik ederrenak; eta nola hekien eskuetarik hartu ondoan eman zituzten Umenes erregeari;

        9. Nola Grezian egoten zirenek nahi zuten goan eta Erromarrak xahutu; eta haukiek jakin zutela solasa,

        10. Eta buruzagi bat hekien kontra igorri zutela; gudukatu zirela hekien kontra, hekietarik hil zituztela hainitz, bekien emazteak eta haurrak gathibu eraman eta bazterrak larrutu zituztela, hekien lurraz jabetu zirela, arthiki zituztela hekien harrasiak, eta berak gathibu egin, egungo egunean oraino diren bezala;

        11. Nola xahutu eta beren azpiko ezarri zituzten bertze erresumak eta noizbait bihurri egin izan zioten irlak;

        12. Noiz-eta-ere aldiz beren adiskideei eta hekien baithan phausua bilhatzen zutenei idukitzen baitzioten adiskidetasuna; jabetu zirela hurbileko eta urruneko erresumez, zeren hekien izena aditzen zuten guziak, hekien beldur baitziren;

        13. Erreginatzera lagundu nahi zituzten guziak erreginatzen zirela, eragozten zituztela, berriz, nahi zituztenak; eta hainitz gora iganak zirela;

        14. Hekien artean nihork etzuela ekhartzen diadema, ez-eta bertzeen artean handi agertu nahiz jaunzten purpurarik;

        15. Bainan ezarri zutela biltzar bat eta egun oroz argitasunak galdatzen zaroeztela hirurehun eta hogoi biltzarlariei, zeinak beren artean egoten baitziren populuaren egitekoen gainean, egokienik zenaren egiteko;

        16. Eta urthe bakhotx, gizon bakhar bati ematen zaroetela beren gaineko kargua beren lur guzian manatzeko; orok baten nahia egiten zutela, eta etzela hekien artean ez bekhaizgorik, ez elkharrentzat lehiarik.

        17. Judasek hautatu zituen beraz Upolemo, Joanesen semea, Jakoben arresemea, eta Jason, Eleazarren semea, eta gorri zituen Erromarren gana, hekiekin adiskidantza eta batasun egitera;

        18. Juduen gainetik khen zezaten Greziarren uztarria, ikhusirik uztarriaren azpian zaphatua zadukatela Israelgo erresuma.

        19. Erromara goateko egin izan zuten bideketa handia; sarthu ziren biltzarrean eta erran zuten:

        20. Judas Makabearrak eta bere anaiek, eta Judeako populuak bidali gaituztete zuekin patudun eta adiskide har gaitzatzuen.

        21. Eta solasa hekien gogarako izan zen.

        22. Eta huna, kobrezko hostotan bernuzaturik Jerusalemera igorri zuten ageria, han geldi zadien bakearen eta batasunaren orhoitgarritzat.

        23. Bethi guziraino zorion Erromarrei eta Juduen populuari itsasoz eta leihorrez; ezpata eta etsaia hekien ganik urrun izan beitez.

        24. Baldin gerla altxatzen bazaiote Erromarrei lehenbizikorik, edo hekiekilako batasundunetarik edozeini, hekien nausitasuneko edozein ephaitzetan,

        25. Juduen jendakiak laguntza ekharriren du bihotz oroz, orduak erakhutsiren duenaren arabera.

        26. Eta gerlara atheratu direnei Erromarrek ez diote ez eman ez pagatu beharko ogirik, harmarik, dirurik, ez untzirik; Erromarren gogara hola da; eta hekien manuak begitaturen dituzte Juduek, hekien ganik deusere izan gabe.

        27. Halaber aldiz, Juduen jendakiari gerla lehenik gerthatzen bazaio, Erromarrek bihotzekin lagunduren dituzte, orduak aginduko diotenaren arabera;

        28. Eta laguntzaleei etzaiote emanen ogirik, harmarik, dirurik, ez untzirik, Erromarren gogarako den bezala; eta Juduen manuak zainduko dituzte zimarkhurik gabe.

        29. Hitz horien arabera Erromarrek patu egiten dute Judeako populuarekin.

        30. Eta hitz haukien ondotik, baldin batzuek edo bertzeek zerbait berhatu edo gutitu nahi balute, onez onean eginen ahal dute; eta berhatuak edo gutituak izanen direnak, on goanen dire.

        31. Eta Demetrio erregeak Juduei egin bidegabeen gainean ere, huneletan iskribatu diogu, erranez: Zer ariaz dorphetu duzu zure uztarria Juduen gainean, zeinak gure adiskide eta batasundunak baitire?

        32. Baldin beraz arranguratzera ethortzen bazaizkigu berriz, zuzena bihurturen diotegu zure kontra, eta gerla eginen darotzugu itsasoz eta leihorrez.

 

IX. KAP.

        1. Bizkitartean Demetriok jakin zueneko, Nikanor erori zela guduan bere armadarekin, manatu zituen Bakide eta Alzimo Judeara berriz itzultzeaz, eta hekiekin batean armadako indar handiena.

        2. Eta goan ziren Galgalara daraman bideaz; kanpatu ziren Masalothen, Arbel-herrian, hiriaz nausitu ziren, eta hainitz gizoni galarazi ziozkaten biziak.

        3. Zazpitan hogoi eta hamabigarren urtheko lehenbiziko hilabethean, Jerusalemerat hurbilarazi zuten armada.

        4. Handik hogoi eta bi mila gizon eta bi mila zaldizko ilkhi eta goan ziren Bereara.

        5. Eta Judas Laifan kanpatua zen hirur mila gizon hautekin.

        6. Eta ikhusirik etsaien ostea, izitu ziren hainitz, askok ihes egin zuten kanpetarik, eta etzen hekietarik gelditu zortzi ehun gizon baizik.

        7. Judasek ikhusi zuenean bere armada urthua, eta gudurat bortxatua zela, trenkatu zitzaion bihotza, zeren ez baitzuen bere lagunen biltzeko astirik, eta besoak erori zitzaizkon.

        8. Eta gelditu zirenei erran zioten: Jaiki gaiten eta goanen etsaietara, hean guduka ahal othe detzakegun.

        9. Eta hekiek gibelatzen zuten, erranez: Ez gare gai, bainan bakharrik egin dezagun gure bizien itzurtzera, eta itzul gaitezen gure anaietara, eta orduan gudukatuko gare horien kontra, ezen orai gutiegi gare.

        10. Eta Judasek erran zuen: Urrun da holakorik eginen baitugu, horien aitzinean ihes goanen baikare! Ethorria bada gure orena, bihotzoiki hil gaitezen gure anaientzat, eta gure ospeari ez biozogu eratxik notharik.

        11. Etsaia higitu zen kanpetarik, eta jarri zitzaioen Judasi bidean; zaldizkoak bi andanetan bereziak ziren; habalariak eta arranbelariak armadaren aitzinean zihoazen, eta gothorren guziak lehenbiziko lerroan.

        12. Bakide berriz, eskuinetik zen, eta bi aldeetarik andanak hurbiltzen hari ziren, turutak durrundatuz.

        13. Aldiz, Judasen aldekoek ere jo zituzten turutak; armaden tarrapatak ikharatu zuen lurra, eta guduak iraun zuen goizetik arratseraino.

        14. Judasek ikhusi zuen eskuinetik zela Bakideren armadako indar gogorrena; bildu zituen bere ganat bihotz hazkarreneko gizon guziak;

        15. Eta hautsi zuten eskuineko alde hura eta jo zuten hekien ondotik Azoteraino.

        16. Bainan ezkerreko buruan zirenek ikhusirik eskuina hautsia zela, jarraiki ziren gibeletik Judasi eta bere lagunei.

        17. Eta gogortu zen gudua, eta batzuetarik eta bertzeetarik sarraskituak erori ziren asko.

        18. Erori zen Judas ere, eta bertzeek ihesari eman zuten.

        19. Jonathasek eta Simonek eraman zuten Judas, beren anaia, eta ehortzi zuten beren arbasoen hobian, Modingo hirian.

        20. Israelgo populu guziak nigar egin zuen haren gainean; deithore handi bat egin zuten, eta auhendatu ziren asko egunez,

        21. Erraten zutelarik: Nola da erori gizon botheretsua, Israelgo populua salbatzen zuena

        22. Judasen gainerako egintzak guduetan, eta haren bihotz handia erakhusten dutenak, ez dire hemen iskribatuak, bazirelakoz hainitz sobera.

        23. Eta Judas hil ondoan gerthatu zen, gaixtaginak alde orotarik atheratu zirela Israelen, eta jaiki zirela tzarkeria egile guziak.

        24. Orduan gerthatu zen gosete bat gaitza eta Juduek beren buruak eta beren lur guzia ezarri zituzten Bakideren eskuetan.

        25. Bakidek hautatu zituen gizon gaixtoak eta ezarri zituen lekhuko nausi.

        26. Zokho guzietan bilhatzen zituzten Judasen adiskideak, eta eramaten ziozkaten Bakideri, zeina aspertzen baitzen hekien gainean, eta irriz jokhatzen zituen.

        27. Israelen jarri zen hestura hain handia, non ez baitzen halakorik izatu, profetarik Israelen agertzen etzenaz geroztik.

        28. Orduan Judasen adiskide guziak bildu ziren, eta erran zioten Jonathasi:

        29. Zure anaia Judas hil denaz geroztik, ez da hura bezalako gizonik, Bakideren kontra eta gure jendakiaren etsaien kontra atheratzeko.

        30. Orai beraz zu hautatu zaitugu haren orde gure aitzindari eta buruzagitzat gure gerlateetan manatzeko.

        31. Jonathasek orduan hartu zuen manamendua, eta jarri zen bere anaia Judasen orde.

        32. Eta Bakidek jakin zuen hori, eta bilhatzen zuen haren hiltzea.

        33. Bainan Jonathas, haren anaia Simon, eta harekin ziren guziak jakintsun egin ziren hortaz, eta ihes goan ziren Thekuako mortura, eta Aspharreko aintziraren ondoan gelditu ziren.

        34. Bakidek jakin zuen, eta larunbat egun batez goan zen bera bere armada guziarekin Jordaneaz haindira.

        35. Jonathasek igorri zuen bere anaia, populuko buruzagi zena, othoiztera Nabuthearrak, zeinak adiskide baitzituen, iduk ziozoten bere errementeria, ezen puska hainitz bazuen.

        36. Bainan Janbriren semeak Madabatik ilkhi ziren, atzeman zuten Joanes bere puska guziekin, eta hekien jabeturik goan ziren.

        37. Horiez geroztik, berria ekharria izan zitzaioten Jonathasi eta haren anaia Simoni, Janbriren semeek eztei handi batzu egiten zituztela, eta burrunba handitan Madabatik laguntzen zutela andre esposa, Kanaango buruzagi handienetarik baten alaba.

        38. Jonathas eta Simon orhoitu ziren beren anaia Joanesen odolaz. Goan ziren beraz, eta mendi baten gerizan gorde ziren.

        39. Gero begiak goititurik, ikhusi zuten; eta hara harramantz handi bat eta bestaliar oste bat, eri hekien bidera heldu zirela jaun esposa, bere adiskideak eta anaiak, atabalekin, musikako tresnekin eta asko gizon harmaturekin.

        40. Eta Juduak zelatetarik jauzi zitzaizkioten gainera; asko erori ziren sarraskituak, eta gelditu zirenek mendietara ihes egin zuten; eta Makabearrek hartu zituzten hekien buluzkin guziak.

        41. Horreletan ezteiak aldatu ziren deithoretara, eta musika-otsak auhenetara.

        42. Eta aspertu zuten beren anaiaren odola, eta itzuli ziren Jordane-hegira.

        43. Bakidek aditu zuen hori eta indar handitan ethorri zen Jordane-bazterrera larunbat egun batez.

        44. Orduan Jonathasek erran zioten bere lagunei: Jaik gaitezen eta gudu demoguten gure etsaiei, ezik egun ez da atzo eta herenegun bezala.

        45. Huna ezen aitzinetik gerla, hortik eta hemendik berriz, Jordaneko ura, eta latsak, eta aintzirak, eta oihanak, eta nihondik itzurpiderik ez.

        46. Orai beraz zeruari egiozue deihadar, athera zaitzaten zuen etsaien aztaparretarik. Eta abiatu zen gudua.

        47. Jonathasek hedatu zuen eskua Bakideren jotzeko; bainan itzuri zitzaioen, gibelerat eginez.

        48. Jonathasek eta bere lagunek jauzi egin zuten Jordanera, eta etsaien aitzinean igerika goan ziren haindira.

        49. Egun hartan Bakideren aldetik erori ziren mila gizon. Bertzeak itzuli ziren Jerusalemera.

        50. Hiri hazkarrak egin zituzten Judean; eta Jerikon, Amausen, Bethoronen, Bethelen, Thamnatan, Pharan eta Thopon ziren hazkargailuak segurtatu zituzten harrasi gorez, athe eta zerrapoz.

        51. Eta Bakidek ezarri zituen hekietan zeinak, etsaigoan haritzeko Israelen.

        52. Hazkartu zituen halaber Bethsurako hiria, eta Gazara, eta gaztelua; eta hekietan ezarri zituen laguntzak eta behar zen bezenbat jateko.

        53. Bahitzat hartu zituen tokiko handien semeak, eta Jerusalemgo gazteluan zaintzera eman zituen.

        54. Zazpitan hogoi eta hamahirugarren urthean, bigarren hilabethean, Alzimok manatu zuen barneko etxe sainduaren harrasiak eta profeten lanak urratuak izan zitezen; eta hasi ere zen urratzen.

        55. Bainan ordu berean Jaunaren eskuak ukitu zuen, eta haren lana trabatua izan zen; haren ahoa hertsia izan zen, bera enblaitua, eta geroztik ezin egin zuen hitz bat, ez-eta bere etxean manatu.

        56. Alzimo hil zen orduan oinhaze handien erdian.

        57. Bakidek ikhusi zuen Alzimo hil zela; itzuli zen erregeren gana, eta bi urthez etzen harrabotsik izan Israelgo lurrean.

        58. Eta gizon gaixto guziek asmu bat egin zuten, zerratelarik: Huna bakean eta gogoa zabalik daudezela Jonathas eta harekilakoak; orai beraz erakhar dezagun Bakide, eta gau batez atzemanen ditu guziak.

        59. Eta goanik, hori eman zioten burutara.

        60. Jaiki zen, armada handi batekin ethortzeko; gutunak ixilik bidali ziozkaten Judean zituen lagunei, harrapa zezaten Jonathas harekin ziren guziekin. Bainan hori ezin egin zuten, nabaritua izan zelakoz hekien asmua.

        61. Jonathasek atzeman zituen lekhuko gizonetarik berrogoi eta hamar, maltzurkeria hortako buruzagiak, eta hilarazi zituen.

        62. Eta goan zen Simonekin eta bere lagunekin Bethbesenera, zeina mortuan baita; eta altxatu zituen hango harrasi urratuak, eta hazkartu zuen ongi.

        63. Bakidek jakin zituen horiek; bildu zuen bere armada; eta Judean alde zituenei gaztiaturik,

        64. Ethorri zen eta kanpak jarri zituen Bethbesengo gaineko aldean; sethiatu zuen asko egunez eta gerlako errementak altxatu.

        65. Bainan Jonathasek hirian utzi zuen Simon bere anaia; ilkhi zen bazterretara, eta goan gizon moltzo batekin.

        66. Jo zituen Odaren eta haren anaiak eta Phaseronen semeak beren olhetan; eta hasi zen etsaien xahutzen eta indarretan sartzen.

        67. Simon berriz, eta haren lagunak hiritik jauzi ziren, etsaiari erre ziozkaten gerlako tresnak,

        68. Eta gudukatu ziren Bakideren kontra, zeina garhaitua izan baitzen; eta atsekabe handia eman zioten, zeren urmariatuak baiziren haren asmuak, eta alfertuak haren urhatsak.

        69. Hargatik sumindua beren herrira erakharri zuten gizon gaixtoen kontra, hilarazi zituen asko; berak aldiz, gogoan iharduki zuen armada ondarrarekin bere lurrera itzultzea.

        70. Nabaritu zuen Jonathasek, eta bidalkinak igorri ziozkan bakeaz antolatzeko eta hari presonieren bihurtzeko.

        71. Gogotik onhetsi zuen Bakidek; Jonathasen solasetara erori zen, eta zin egin zuen bere bizian etzioela den-gutieneko bidegaberik eginen.

        72. Bihurtu ziozkan, aitzinean Judako lurrean preso altxatu zituenak; itzulirik

goan zen bere lurrera, eta etzen gehiago udeara ethortzerat abiatu.

        73. Horrela ezpata baratu zen Israeldik. Jonathasek Makmasen egin zuen bere egoitza; han hasi zen populuaren juiatzen, eta Israeldik xahutu zituen gaixtaginak.

 

X. KAP.

        1. Zortzitan hogoigarren urthean agertu zen Alexandro, Antioko Zoharraren, eta Ptolemaidan nausitu zen. Han onhetsi zuten eta erreginatzen hasi zen.

        2. Aditu zuen Demetrio erregeak, eta bildurik armada bat gaitza, bidera ilkhi zitzaioen gudukatzera.

        3. Jonathan berriz, bidali zioen gutun bat zeintan ederresten baitzuen eta bakezko solasak ematen.

        4. Ezen erraten zuen: Aitzin gaitezen horrekin bakearen egitera, Alexandrorekin gure kontra egin dezan baino lehen.

        5. Alabainan orhoituko da guk hari, haren anaiari eta herritarrei egin diozkiguten gaizki guziez.

        6. Armada baten biltzeko eta harma egiteko eskua eman zioen; deithu zuen bere batasunera, eta manatu zuen emanak izan zakizkion gazteluan bahi zauden haurrak.

        7. Jonathas ethorri zen beraz Jerusalemera, eta gutunak irakurtu zituen populu guziak eta gazteluan zirenek aditzen zituztelarik.

        8. Eta beldur handiak hartu zituen aditu zutenean erregek ematen zioela armada baten biltzeko eskua.

        9. Bahiak Jonathasen eskuetara emanak izan ziren, eta bihurtu zituen beren burhasoei.

        10. Jonathasek Jerusalemen egin zuen bere egoitza. Hasi zen hiriaren altxatzen eta berritzen;

        11. Eta lanetan hari zirenei erran zaroten, lau pikotako harriz harrasiak altxa zetzazten Siongo mendiaren inguruan ere haren hazkartzeko; eta hala egin zuten.

        12. Orduan Bakidek egin hazkargailuetan ziren arrotzek ihes egin zuten.

        13. Batbederak utzi zuen bere tokia, eta bere herrira goan zen.

        14. Bakharrik, legea eta Jainkoaren manamenduak utzi zituztenetarik zenbait gelditu ziren Bethsuran; ezik hura zen hekien ihes-lekhua.

        15. Bizkitartean Alexandro erregeak aditu zituen Demetriok Jonathasi egin agintzak; erran ziozkaten Jonathasen eta haren anaien guduak eta balentriak, eta hekiek erabili nekheak.

        16. Eta erran zuen: Atzeman othe dezakegu halako bertze gizon bat? Orai eginen dugu beraz gure adiskide eta gure batasundun.

        17. Eta iskribatu eta bidali zioen gutun bat, hunela mintzo zena:

        18. Alexandro erregeak bere anaia Jonathasi, agur.

        19. Entzun dugu zutaz, gizon bat zarela indar handien jabea, eta gure adiskide izatea merezi duena.

        20. Hargatik egun ezartzen zaitugu zure jendakiaren aphez-handi; nahi dugu deith zetzazten erregeren adiskidea (eta bidali ziozkan purpura eta urhezko khoroa), eta gureaz dihoan gauzetan gurekin izan zaitezen, eta gure alderat begira dezazun adiskidetasuna.

        21. Zortzitan hogoigarren urthean, zazpigarren hilabethean, tabernakleetako besta egunean, Jonathasek jauntzi zuen soineko saindua; bildu zuen armada bat, eta eginarazi harma hainitz.

        22. Demetriok jakin zuen hori, eta guzia atsekabetan, erran zuen:

        23. Zer egin dugu, utzi baitugu Alexandro aitzintzera, Juduen adiskidetasunaren atzematera bere hazkargarri?

        24. Nik ere iskribaturen diozkatet solas onak eta eskainiren diozkatet karguak eta emaitzak, enekilako izan ditezen laguntza emateko.

        25. Huneletan iskribatu zioten beraz: Demetrio erregeak Juduen jendakiari, agur.

        26. Entzun dugu eta boztu gare jakiteaz begiratu duzuela gurekilako patua, gure adiskidetasunean gogor egotu zaretela, eta gure etsaien gana etzaretela hurbildu.

        27. Orai beraz iraun zazue aitzina gure alderako zintasunean, eta guretzat eginen duzuenaren saria bihurturen darotzuegu.

        28. Zuen bizkar diren asko gauzaz arinduren zaituztegu, eta emaitzak eginen darozkitzuegu.

        29. Egundanik zuek eta Judu guziak zergetarik gabetzen zaituztet, barkhatzen darozkitzuet gatz sariak, eta uzten darozkitzuet khoroen eta hazi herenen zuzenak.

        30. Uzten darotzuet halaber zuhaitzen fruituen erdia, zeina enea baita; eta hori egundanik eta gerorat, ez dadientzat altxatua Judako lurrean, ez-eta Samariatik eta Galileatik Judeari eratxikiak izan diren hirur hirietan; egungo egunetik, egun-eta-iguzki.

        31. Jerusaleme izan bedi saindu eta pelut bere eremu guziarekin; eta harentzat izan beitez hamarrenak eta zergak.

        32. Bihurtzen dut halaber Jerusalemen den gazteluaren nausitasuna, eta hura ematen diot aphez-handiari, hartan ezar detzan berak hautatuko dituen gizonak haren zaintzeko.

        33. Eta urrurik uzten ditut libro Judako lurretik ene erresuman gathibu diren guziak, izan ditezen oro zergetarik garbi, bai-etare beren azienden zergetarik,

        34. Besta-buru guziak, larunbatak, hilabethe bakhotxeko lehen eguna, egun bestatuak, eta besta-buruen aitzineko hirur egunak eta ondoko hirurak, izan beitez oro salbuespenezko eta barkhamenduzko egunak ene erresuman diren Judu guzientzat;

        35. Eta hekietarik norbaiten kontra eta nola-nahiko ariaz, nihork ez du orduan ahalik izanen zerbaiten egiteko, eta edozein egitekoren higitzeko.

        36. Eta Juduetarik erregeren armadan sarthuren dire hogoi eta hamar mila gizonetaraino, eta mantenatuak izanen dire erregeren armada guziei dagokioten bezala, eta hekietarik batzu bereziak izanen dire errege handiaren hazkargailuetan egoteko.

        37. Fidantzia galdatzen duten erresumako egitekoen buruan izanen dire ezarriak hekietarik zenbait; buruzagiak izanen dituzte beren artekoetarik, eta beren legeetan ibiliko dire, erregek Judako lurrekotzat manatu duen bezala.

        38. Eta Samariako eremuetarik berhatuak izan diren hirur hiriak, Judeako izanen dire idukiak; buruzagi bakhar baten azpian egon ditezen, eta aphez-handiaren buruzagitasunaz bertzerik ezagut ez dezaten.

        39. Ptolemaida eta bere eremuak ematen ditut Jerusalemgo lekhu sainduei, gauza sainduentzat behar diren gastuen egiteko;

        40. Eta urthe oroz emanen ditut hamabortz mila siklo zilharrezko, niri darontzotan hartzekoetarik;

        41. Eta Jaunaren etxeko lanentzat emateko gelditu den guzia, aitzineko urtheetan kargutan zirenen aldetik, berehala izanen da emana.

        42. Eta saindutegiko bilkinetik urthe oroz hartzen zituzten bortz mila siklo zilharrezkoak, izan beitez eginbideetan zerbitzatzen diren aphezentzat.

        43. Eta erregeren alderat nola-nahiko ariaz hobendun izanez, Jerusalemgo tenplora eta hango eremuetara ihesegin duten guziak izan beitez barkhatuak, eta ene erresuman dituzketen on gaziez izan bezate gozamen garbia.

        44. Eta lekhu sainduetako lanen egiteko edo berritzeko behar den dirua, erregeren zuzenetarik izanen da emana;

        45. Eta halaber Jerusalemgo harrasien egitekoa, eta inguruan hekien hazkartzekoa, eta Judean harrasien altxatzekoa erregeren khutxan hartuko dire.

        46. Bainan Jonathasek eta populuak aditu zituztenean solas horiek, etzaroeten sinhesterik eman; eta etzituzten onhetsi; ezen orhoit ziren Demetriok Israeli egin gaizki handiez, eta hestura gaitzean iduki zituela.

        47. Nahiago izan zuten Alexandroren aldea atxiki, zeren hura bera abiatu baitzitzaioten lehenik bakeaz mintzatzen, eta handik harat hura lagundu zuten bethi.

        48. Alexandro erregeak aldiz armada handi bat bildu zuen, eta goan zen Demetrioren kontra.

        49. Eta bi erregeak gudutan lothu ziren; Demetrioren armadak ihes egin zuen; ondotik goanik, Alexandro jauzi zitzaioten gainera.

        50. Gudu gaitzak iraun zuen iguzkia sarthu arteo, eta egun hartan ezpataren azpira erori zen Demetrio.

        51. Gero Alexandrok bidalkinak igorri ziozkan Egiptoko erregeri hunelako solasekin:

        52. Nola bihurtu bainaiz ene erresumara, eta jarri bainaiz ene arbasoen tronuan, eta ardietsi baitut nausitasuna Demetrio garhaiturik, eta gure tokiez jabeturik

        53. Ezen gudu eman diot, eta bera eta bere armada xahutuak izan dire, eta jarri naiz harek zadukan errege-tronuan.

        54. Egin detzagun orai elkharrekin adiskidantzak; indazu zure alaba emaztetzat, eta zure suhia izanen naiz, eta hari eta zuri eginen darozkitzuet zuei dagozkitzuen emaitzak.

        55. Eta Ptolemeo erregeak ihardetsi zioen: Zorionezkoa eguna, zeintan bihurtu baitzare zure arbasoen lurrera, eta jarri hekien erresumako tronuan

        56. Eginen dut orai zuk iskribatu duzuna; bainan bidera zatorzkit Ptolemaidaraino, ikhus dezagun elkhar, eta alaba emaztetzat eman dezazudan, zuk galdatu bezala.

        57. Ptolemeo ilkhi zen beraz Egiptotik bere alaba Kleopatrarekin, eta ethorri zen Ptolemaidara, zortzitan hogoi eta bigarren urthean.

        58. Alexandro erregea atheratua zen bidera eta Ptolemeok eman zioen bere alaba Kleopatra. Ezteiak egin zituzten Ptolemaidan, erregeek ohi duten bezala ospe handiaren erdian.

        59. Alexandro erregeak iskribatu zioen Jonathas athera zakioen bidera.

        60. Jonathas osperekin goan zen Ptolemaidara; bi erregeen aitzinera agertu zen; eman zioten urhe, zilhar eta emaitza asko; eta begitharte aurkhitu zuen hekien aitzinean.

        61. Eta gizatzar, gizon gaixto batzu haren kontra bildu eta jazarrika haritu ziren; bainan erregek etzituen entzun.

        62. Eta manatu zuen Jonathasi khen ziotzoten bere soinekoak eta purpuraz jauntz zezaten; eta hala egina izan zen, eta erregek bere aldean jarrarazi zuen.

        63. Eta bere azpiko aitzindariei erran zioten: Ilkhi zaitezte Jonathasekin hiriaren erdira, eta oihu egizue nihor ez dadien hunen kontra edozein egitekoz jazartzen abia, eta niholaz-ere nihor ez dakioen izan khexagarri.

        64. Eta ikhusi zutenean haren ospea, eta hartaz erantzuten zituztenak eta purpuraz jauntzia zela, ihes egin zuten haren jazarle guziek.

        65. Eta erregek ohoretan altxatu zuen eta haren izena iskribatu zuen bere adiskide mamienen arteko, eta ezarri zuen buruzagi eta jauntasunean phartedun.

        66. Eta Jonathas bake eta bozkariorekin itzuli zen Jerusalemera.

        67. Zortzitan hogoi eta bortzgarren urthean, Demetrio, Demetrioren semea, Kretatik ethorri zen bere arbasoen lurrera.

        68. Alexandro erregeak aditu zuen berria; atsekabe handia izan zuen, eta Antiokiara bihurtu zen.

        69. Demetrio erregeak buruzagi ezarri zuen Apolonio, Zelestrian manatzen zuena; armada handi bat bildurik, Apolonio hurbildu zen Jamniara, eta Jonathas aphez-handiari igorri zuen

        70. Erratera: Hi bakharra haiz guri zeiherrera atheratzen haizena; ni berriz, irrigarri eta laidagarri egin naiz horren gatik, zeren gure kontra ihardukitzen dukan mendietan.

        71. Orai beraz, gai badadukak hire burua, jauts hadi gure gana ordokira; han hazta dezagun elkhar, ezen enekin duk guduetako indarra.

        72. Galda zak eta ikhasak nor naizen ni, eta nor diren ene lagunak, zeinek baiterrate hire oinak ezin eginen duela gogor gure aitzinean, zeren hire aitek bi aldiz beren lurrean jo baitute ihesari.

        73. Eta orai nola egin hiozokete buru zaldieriari eta hunenbateko armadari, harririk eta gerendarik eta ihes-lekhurik ez den zelhaiean?

        74. Jonathasek berriz, solas horiek aditu zituenean, erresumin hartu zuen bihotzean; hamar mila gizon hautaturik, ilkhi zen Jerusalemdik; eta Simon, bere anaia, ethorri zitzaioen laguntzera.

        75. Jopeko ondoan landatu zituzten kanpak; bainan hiriak kanpotik utzi zituen (ezen Apoloniorentzat zaindua zen), eta Jonathasek sethiatu zuen.

        76. Eta hirian zirenak izitu ziren, eta ideki zituzten atheak, eta horreletan Jonathasek hartu zuen Jope.

        77. Apoloniok aditu zuen hori eta bideari eman zen hirur mila zaldizko eta armada handi batekin.

        78. Bide nabar bezala goan zen Azoteko aldera, eta berehala ilkhi zen ordokira, zeren zaldizko hainitz baitzuen, eta hekietan baitzuen bere sinhestea. Jonathas jarraiki zitzaioen Azotera, eta gudutan lothu ziren.

        79. Apoloniok ixilik kanpetan utzi zituen mila zaldizko Juduen gibelean.

        80. Jonathasek jakin zuen zelatak bazituela gibeletik; etsaiak ethorri ziren haren kanpen ingurua, eta goizetik arratseraino geziak arthiki zituzten populuaren gainera.

        81. Bainan populua higitu gabe zagoen, Jonathasek manatu bezala; eta nekhatu ziren etsaien zaldiak.

        82. Orduan Simonek ilkhiarazi zuen bere armada eta gudu eman zioten oinezkoei, ezen nekhatuak ziren zaldizkoak; eta xahutua izan zen etsaia eta ihesari eman zen.

        83. Bazterrak gaindi barraiatuak zirenek Azotera ihes egin zuten, eta beren idola Dagonen tenploan sarthu ziren, han zaintzeko beren biziak.

        84. Bainan Jonathasek su eman zioten Azoti eta haren inguruko hiriei, eta eraman zituen hekietako buluzkinak; Dagonen tenploa ere erre zuen harat ihes egin zuten guziekin.

        85. Eta ezpataren azpira erori zirenak erreak izan zirenekin, baziren zortzi mila gizon hurbil.

        86. Handik Jonathasek kanpak higitu eta Askalongo ondora eraman zituen; eta hirikoak ilkhi zitzaizkon bidera, ohore handiak eginez.

        87. Jonathas Jerusalemera bihurtu zen bere armadarekin, zeinak baitzakharkan buluzkinketa handi bat.

        88. Alexandro erregeak jakin zituenean horiek, ohore handiagoak eman ziozkan oraino Jonathasi.

        89. Igorri zioen urhezko gantxo bat, errege-odoleko direnei ematen ohi den bezalakoa; eta beretzat eman ziozkan Akaron eta hango eremu guziak.

 

XI. KAP.

        1. Bada, Egiptoko erregek bildu zuen armada bat, itsas-bazterrean den legarra iduri, eta bertzalde untziketa handi bat; eta bilhatzen zuen Alexandroren erresumaz zimarkhuz jabetzea, eta hura bere erresumari iratxikitzea.

        2. Eta bakezko solasekin ilkhi zen Siriara, eta hiriek zabaltzen ziozkaten atheak, eta bidera atheratzen zitzaizkon; zeren Alexandro erregeak manatu baitzuen goateaz haren bidera, bera haren suhia zelakoz.

        3. Bainan hiri batean sarthu orduko, Ptolemeok zainak ezartzen zituen hiri bakhotxean.

        4. Eta Azotera ethorri zenean, erakhutsi zioten Dagonen tenploa suz errea, Azot bere hiripeekin urratua, gorphutzak lurrean etzanak, eta gerlan hilak izan zirenen hobiak bide-bazterretan eginak.

        5. Eta erran zioten erregeri, hari gaitzirizko eman nahiz, Jonathasen lanak zirela hekiek oro; bainan errege ixilik gelditu zen.

        6. Jonathas berriz, osperekin ethorri zen Jopera, erregeren bidera; elkharri agur egin zioten, eta han eman zuten gaua.

        7. Jonathas erregerekin goan zen Elutheroa deitzen den ibaieraino, eta itzuli zen Jerusalemera.

        8. Ptolemeo erregeak hareletan ardietsi zuen hirietako nausitasuna Seleuzia itsasokoraino, eta asmu gaixtoak zerabilzkan Alexandroren kontra.

        9. Bidalkinak igorri ziozkan Demetriori, gaztiatzen zioelarik: Zato, gure artean xuxen dezagun batasun bat; emanen darotzut ene alaba Alexandrok zuena, eta erreginaturen zare zure aitaren erresuman;

        10. Urriki dut ezen hari ene alaba emanik, zeren ene hiltzea bilhatu baitu.

        11. Haren erresumaz jabetu nahi zelakoz, beltzatzen zuen horrela.

        12. Eta khendu zioen bere alaba, eta eman zioen Demetriori; Alexandroren ganik atzetu zen, eta orduan agertu zen haren etsaitasuna.

        13. Ptolemeo Antiokian sarthu zen eta bere buruaren gainean ezarri zituen bi khoro, Egiptokoa eta Asiakoa.

        14. Bada Alexandro erregea Zilizian zen orduan, zeren toki hekietan bihurri egin baitzuen populuak.

        15. Alexandrok jakin zituen Ptolemeoren berriak eta ethorri zitzaioen gudu ematera. Ptolemeok atheratu zuen bere armada; indar handitan goan zitzaioen Alexandrori bidera, eta ihes igorri zuen.

        16. Alexandro Arabiara ihes goan zen, han geriza aurkhitzea gatik; Ptolemeo erregea berriz, nausi gelditu zen.

        17. Bainan Alexandrori burua khendu zioen Zabdiel Arabiarrak, eta Ptolemeori igorri zioen.

        18. Handik hirugarren egunean hil zen Ptolemeo erregea; eta harek hazkargailuetan ezarri gizonak sarraskituak izan ziren kanpetakoez.

        19. Eta zortzitan hogoi eta zazpigarren urthean erregetu zen Demetrio.

        20. Ordu hekietan Jonathasek bildu zituen Judean zirenak, Jerusalemen zen gazteluaren hartzeko; eta gazteluaren kontra egin zituzten tresna asko.

        21. Bainan beren herria higuin zuten gaixtagin batzu goan ziren Demetrio erregearen gana eta salhatu zioten Jonathasek sethiatzen zuela gaztelua.

        22. Aditu zuenean, hasarretu zen Demetrio; berehala ethorri zen Ptolemaidara, eta Jonathasi iskribatu zioen etzezan gaztelua sethia, bainan bidera ethor zakioen laster solas egitera.

        23. Jonathasek berriz, aditu zuenean hori, manatu zuen sethioari jarraikitzea; Israelgo zaharretarik eta aphezetarik hautatu zituen zenbait, eta galtzeko zoriari eman zioen bere burua.

        24. Hartu zituen urhe, zilhar, soineko eta bertze emateko gauza asko, eta Ptolemaidara goan zen erregeren gana, eta begitharte aurkhitu zuen haren aitzinean.

        25. Jonathasen kontra jazartzen zuten haren herritarretarikako gaixtagin batzuek;

        26. Bainan erregek Jonathasi egin zioen aitzineko erregeek bezala, eta ohore eman zioen bere adiskide guzien aitzinean.

        27. Gogortu zuen aphez-buruzagigoan eta lehenago izatu zituen bertze ohore guzietan, eta bere adiskideetan buruko ezarri zuen.

        28. Jonathasek galdatu zioen erregeri zergak khen zetzan Judeatik, hirur toparkietarik, Samariatik eta Samariako eremuetarik; eta agindu ziozkan hirur ehun talendu.

        29. Erregek eman zuen bere baia; eta horietaz orotaz Jonathasi iskribatu ziozkan hunela mintzo ziren gutunak:

        30. Demetrio erregeak bere anaia Jonathasi eta Juduen jendakiari, agur.

        31. Lasthene gure ahaideari zuetaz iskribatu diogun gutunaren kopia igortzen darotzuegu, ezagut dezazuen.

        32. Demetrio erregeak Lasthene bere ahaideari, agur.

        33. Gure adiskide Juduen jendakiari, guri zor zaikuna gure alderat idukitzen dutenei, ongi egiteko xedetan gare, berek gure alderat erakhusten duten ongi-nahiaren gatik.

        34. Erabaki dugu beraz Judeako eremu guziak, eta hirur hiriak, Lida eta Erramatha, Samariatik judeari eratxikiak direnak, beren eremu guziekin, bereziak izanen direla, Jerusalemen sakrifikatzen hari direnentzat, erregeri emateko bidean, aitzinean handik urthe oroz izaten zituen zergak, lurreko eta zuhaitzetako fruituak.

        35. Eta oraidanik uzten daroeztegu erregeren bertze zuzenak hamarrenetan eta zergetan, eta halaber gaztegiak eta ekhartzen zarozkiguten khoroak.

        36. Horiek oro ematen diozkategu, eta gure emaitzetarik bat ez da alferra izanen oraidanik eta gero guziraino.

        37. Orai beraz artha har zazue erabaki hunen kopia baten atheratzeko; eta Jonathasi emana izan bekio, eta ezar bezate mendi sainduan, lekhurik agerienean.

        38. Orduan Demetrio erregeak ikhusirik lur guzia ixildu zela haren aitzinean, eta nihork etzioela buru egiten, bere armada guzia igorri zuen, soldado bakhotxa bere herrira, lekhat armada arrotza, jendaien irletarik erakharri zuena; eta bere aiten armadetarik hanbat etsai egin zuen.

        39. Bada, Triphon, aitzinean Alexandroren aldea iduki zutenetarik bat zen. Ikhusi zuen armada guziak Demetrioren kontra marmaratzen zuela, eta goan zen Emalkuel Arabiarraren gana, zeinak hazten baitzuen Antioko, Alexandroren semea;

        40. Eta premiatzen zuen eskuetara eman ziozon Antioko, erregina zadientzat bere aitaren orde. Erran ziozkan Demetriok egin zituen guziak eta nolako gaitzirizkoan zen armada haren kontra. Eta Triphon han egotu zen egun luzez.

        41. Bizkitartean Jonathasek Demetrioren gana norbait igorri zuen othoiztera khen zetzan Jerusalemgo gazteluan eta bertze hazkargailuetan ziren gizonak, zeren gerla egiten baitzioten Israeli.

        42. Eta Demetriok hau gaztiatu zioen Jonathasi: Eginen dut zuretzat eta zure jendakiarentzat ez hori bakharrik, bainan oraino ospetan ezarriren zaituztet zu eta zure jendakia, hortako dathorkeenean ordu ona.

        43. Orai beraz ongi eginen duzu zure gizonetarik ene laguntzera bidaltzea, zeren urrundu baitzait ene armada guzia.

        44. Eta Jonathasek Antiokiara igorri zituen hirur mila gizon biphilenetarik; eta goan ziren erregeren gana, eta erregek atsegin handi izan zuen hekien ethortzeaz.

        45. Orduan elkharren gana bildu ziren hiritarrak, sei hogoi mila gizon, eta hil nahi zuten errege.

        46. Erregek bere jauregira ihes egin zuen; hiritarrak jabetu ziren hiriko karrikez, eta gudukan hall ziren.

        47. Erregek laguntzara deithu zituen Juduak; haukiek oro batera bildu ziren erregeren ingurura; hiria gaindi barraiatu ziren,

        48. Eta egun hartan hil zituzten ehun mila gizon. Su eman zioten hiriari, bildu zuten buluzkinketa gaitza, eta libratu zuten errege.

        49. Hirikoek ikhusirik Juduak nausitu zirela hiriaz, eta nahi zutena egiten zutela; galdu zuten bihotz guzia, eta erregeri deihadar egin zioten othoizka, eta erranez:

        50. Iguzu eskua, eta Juduak geldi beitez gerla egitetik guri eta gure hiriari.

        51. Eta arthiki zituzten harmak, eta egin zuten bakea. Juduek ospe atheratu zuten erregeren eta haren erresumako guzien aitzinean, eta aiphamen handitan izan ziren erresuman, eta buluzkinez betherik bihurtu ziren Jerusalemera.

        52. Horreletan Demetrio gogortu zen bere tronuan, eta lurra ixildu zen haren aitzinean.

        53. Bainan gezur egin zioten eman zituen hitz guziei; urrundu zen Jonathasen ganik, eta haren ganik izan zituen ongiak sariztatu behar bidean, gaizki hainitz egiten zioen.

        54. Bainan geroxago bihurtu zen Triphon, eta harekin Antioko gaztea, zeina errege egin baitzen; eta khoroa ezarri zuen buruan.

        55. Haren gana bildu ziren Demetriok barraiatu zituen armada guziak; gerla eman zioten Demetriori, zeinak ihesari eman eta itzuri baitzen.

        56. Triphonek hartu zituen elefantak eta nausitu zen Antiokiaz.

        57. Eta Antioko gazteak Jonathasi iskribatu zioen huneletan: Ematen darotzut aphez-handigoa, eta lau hirien gaineko manamendua, erregeren adiskideetarik izan zaitezen.

        58. Igorri ziozkan urhezko untzi batzu bere zerbitzuko, eta eman zioen zuzena urhezko untzian edatekoa, purpuraz jaunztekoa eta urhezko gantxoaren erabiltzekoa;

        59. Eta haren anaia Simon, buruzagi ezarri zuen Tirreko mugetarik Egiptokoetaraino.

        60. Orduan Jonathas ilkhi zen, eta iragan zen ibaiaz haindiko hiriak gaindi. Siriako armada guzia haren gana bildu zen haren laguntzeko; Askalonera goan zen, eta hiritarrak ohore egitera ethorri zitzaizkon bidera.

        61. Handik Gazara goan zen, eta hirian zirenek hertsi zioten athea. Jonathasek sethiatu zuen hiria, eta inguru guziak erre eta larrutu zituen.

        62. Orduan Gazarrak othoizka jarri zitzaizkon Jonathasi, zeinak eskua eman baitzioten; bahitzat hartu ziozkaten semeak; igorri zituen Jerusalemera, eta aurkhintza guzia iragan zuen Damaseraino.

        63. Bainan Jonathasek aditu zuen Demetrioren aldeko buruzagiek bihurri egin zutela Kadesen, zeina Galilean baita, armada handi batekin, hura erresumako egitekoetarik urrundu beharrez.

        64. Jonathas goan zitzaioten bidera; bere anaia Simon utzi zuen aldiz lekhuaren zain.

        65. Simon hurbildu zen Betsurara; asko egunez jazarri zioen hiriari, eta sethiatu zituen han zirenak.

        66. Eta hekiek galdatu zioten eskua, eta eman zioten; eta handik khendu zituen, hartu zuen hiria, eta barnean ezarri zituen zainak.

        67. Bizkitartean Jonathas eta bere armada hurbildu ziren Jenesarreko urera; eta argi aitzinean jaikirik jo zuen Asorgo zelhaiera.

        68. Eta hara etsaien armada heldu zitzaioela bidera, eta mendietan hedatu ziozkan zelatak; hura berriz, buruz goan zitzaioten.

        69. Bainan zelatetan zirenak jaiki ziren beren tokietarik, eta hasi zuten gudua.

        70. Jonathasen aldekoek ihes egin zuten guziek, eta etzen hekietarik nihor gelditu bi gizon baizik, Mathathias, Absalomen semea, eta Judas, Kalphiren semea, armadako buruzagia.

        71. Jonathasek urratu zituen bere soinekoak, lurra arthiki zuen buruaren gainera eta othoitz egin zuen.

        72. Gero etsaiari itzuli zitzaioen gudukatzera, gibelaz itzularazi eta ihes igorri zituen.

        73. Eta haren aldeko ihes egin zutenek ikhusi zuten; itzuli ziren haren gana, eta harekin goan ziren guziak etsaiak Kadesen zituen kanpetara eta haraino heldu izan ziren.

        74. Egun hartan, arrotzetarik hirur mila gizonek jo zuten lurra; eta Jonathas bihurtu zen Jerusalemera.

 

XII. KAP.

        1. Jonathasek ikhusi zuen denborak laguntzen zuela; hautatu zituen gizonak, eta Erromara bidali zituen, hangoekin adiskidantzen egitera eta berritzera.

        2. Eta hala-halako gutunak igorri ziozkaten Espartarrei eta bertze zenbaiti ere.

        3. Bidalkinak goan ziren beraz Erromara; biltzarrean sarthu ziren eta erran zuten: Jonathas aphez-handiak eta Juduen jendakiak zuen gana igorri gaituztete, zuekin berritzeko adiskidantzak eta batasuna, lehengoaren arara.

        4. Eta Erromarrek eman ziozkaten gutunak toki bakhotxeko, Judeara lagunduak izan zitezten bakean.

        5. Huna Jonathasek Espartarrei iskribatu gutunaren kopia:

        6. Jonathas aphez-handiak, populuko zaharrek, aphezek eta Juduen gainerako populuak, anaia Espartarrei, agur.

        7. Duela aspaldi Ariok, zuen gainean erreginatzen zenak, gutunak igorri izan ziozkan Onias aphez-handiari, nola gure anaiak zareten, beherago emana den ageriak dadukan bezala.

        8. Eta Oniasek ohorezki hartu zituen zuen bidalkina eta gutunak zeinek ezagutarazten baitzituzten zuekilako adiskidantza eta batasuna.

        9. Guk aldiz, horrelako gauzen eskasik ez ginduen arren, gozakaritzat gintuelakoz gure eskuetan diren liburu sainduak,

        10. Nahiago izan dugu zuen gana bidali anaiatasunaren eta adiskidantzen berritzera, beldurrez-eta atze bilhaka gintezen elkharri; ezen urthe asko iragan dire, gure gana igorri duzuenaz geroztik.

        11. Gu beraz ordu guzietan, hutsarterik gabe, besta-buruetan, eta bertze behar zirenetan, zuetaz orhoitu gare eskaintzen ditugun sakrifizioetan eta zeremonietan, ongi eta egoki den bezala anaiez orhoitzea.

        12. Hargatik bozten gare zuen ospeaz.

        13. Gu aldiz asko hesturaz, asko guduz izatu gare inguratuak, eta jazarri izan darokute gure inguruetako erregeek.

        14. Bainan gudu hekietan ez dugu nahi izan ez zuen, ez bertze gurekilako batasundunen eta gure adiskideen behargarri izan.

        15. Ezen zerutik izan dugu laguntza; hesturetarik atheratuak gare eta beheititua da etsaia.

        16. Hautatu ditugu beraz Numenio, Antiokoren semea, eta Antipater, Jasonen semea, eta igorri ditugu Erromarren gana, leheneko adiskidantza eta batasunen berritzera.

        17. Hargatik manatu diotegu zuen gana ere ethortzen gure goraintziekin, eta bihur detzatzueten gure anaiatasunaren berritzapenaren ariazko gutunak.

        18. Eta orai atsegin eginen darokuzue gure solasei ihardestea.

        19. Huna Ariok Oniasi igorri gutunetan iskribatua zena:

        20. Ario, Espartarren erregeak Onias aphez-handiari, agur.

        21. Espartarrez eta Juduez aurkhitua izan da iskribu batean anaiak direla eta Abrahamen odoletik.

        22. Eta orai gauza hortaz argitu garenaz geroztik atsegin eginen darokuzue, guri iskribatuz zuen berri onak.

        23. Guk aldiz hau gaztiatzen darotzuegu: Gure aziendak eta gure ontasunak zuenak dire, eta zuenak gureak: hargatik manatu dugu gauza horietaz izan zaitezten jakintsun eginak.

        24. Bizkitartean Jonathasek aditu zuen Demetrioren aldeko buruzagiak bihurtu zirela lehengo armada baino hainitz handiago batekin, hari gerla egiteko asmutan.

        25. Eta Jerusalemdik ilkhirik, Jonathas bidera goan zitzaioten Amatheko ephaitzara, ezen bere eremuetara heltzeko astirik etzioten utzi.

        26. Hekien kanpetara igorri zituen ikhusketariak; eta itzuli ziren berriarekin etsaiak hartu zuela haren gainera gabaz bat-batean erortzeko asmua.

        27. Iguzkia etzan zenean beraz, Jonathasek manatu zioten bere gizonei gau guzian egon zitezen ernerik, harmetan eta gudurat abian; eta zainak ezarri zituen kanpen inguruan.

        28. Etsaiek nabaritu zuten Jonathas bere gizonekin jarria zela guduko, eta lotsatu ziren; beldurrak hartu zuen hekien bihotza, eta suak biztu zituzten beren kanpetan, eta gibelerat egin zuten.

        29. Jonathas berriz, eta harekilakoak, goiz-alderaino etziren ohartu, zeren argitan ikhusten baitzituzten suak.

        30. Orduan hekien ondotik jo zuen Jonathasek, bainan etzituen atzeman, ezen jadanik iragana zuten Eluteroko ibaia.

        31. Eta Jonathas aldaratu zen Zabadearrak deitzen diren Arabiarren gainera, eta jo zituen eta bildu hekien buluzkinak.

        32. Itzuli zen gero bere bidera, eta goan zen Damasera, eta ibili zen ephaitza hartan guzian.

        33. Simon berriz, ilkhi eta goan zen Askaloneraino eta hurbil hartako gazteluetara; eta Joperen gainera makhurturik hartu zuen hiria.

        34. (Nabaritu zuen ezik, Demetrioren aldekoen eskuetara eman nahi zutela beren gaztelua); eta zainak ezarri zituen hiriaren begiratzeko.

        35. Jonathas itzuli zen gibelerat, bilarazi zituen populuko zaharrak, eta hekiekin burutan hartu zuen Judean egitea gaztelu batzu,

        36. Eta Jerusalemen harrasi berriak, eta harrasi gora baten altxatzea gazteluaren eta hiriaren artean, bata bertzearen ganik berezteko, zurtz egon zadien gaztelua, eta barnekoek etzezaten izan ez saltzeko, ez erosteko biderik.

        37. Bildu ziren beraz hiriaren egiteko; ezen eroria zen, uzki-aldetik erreka gainean zen harrasia, eta Jonathasek altxatu zuen Kaphetetha deitzen zen harrasi hura.

        38. Simonek berriz, Sephelan egin zuen Abiada, hazkartu zuen eta ezarri ziozkan atheak eta zerrapoak.

        39. Bizkitartean Triphonek burutan ibili zuenean Asian errege jartzea, khoroaren hartzea eta Antioko erregearen gainera eskua hedatzea;

        40. Beldurrez beharbada Jonathasek etzioela haizu utziko, bainan gerla emanen zioela, bilhatzen zuen haren harrapatzea eta hiltzea. Eta hori gogoan, jaikirik goan zen Bethsanera.

        41. Jonathas haren bidera ilkhi zen, berrogoi mila gizon gerlakotzat hautak berekin, eta goan zen Bethsanera.

        42. Triphonek ikhusi zuen Jonathas armada handiegiarekin ethorri zela, haren gainera eskuaren hedatzeko; beldur izan zen.

        43. Eta ohorerekin hartu zuen; gomendatu zuen bere adiskide guziei, emaitzak egin ziozkan, eta bere armada guzian manatu zuen, hura entzun zezaten ber-bera bezala.

        44. Eta erran zioen Jonathasi: Zertako akhiarazi duzu gizonketa hori oro, gerlarik ez denaz geroz gure artean?

        45. Orai beraz igorratzu beren etxeetara; hauta zazu ordean gizon aphur bat, zurekin izateko, eta zato enekin Ptolemaidara; ezarriren ditut zure eskuetan hiria eta gainerako gazteluak, armada eta egitekoen kargua duten guziak, eta gero itzulirik goanen naiz; ezen hortakotzat naiz ethorria.

        46. Sinhetsi zuen Jonathasek; haren errana egin zuen; igorri zituen bere gizonak, eta Judeara goan ziren.

        47. Berekin gelditu zituen ordean hirur mila gizon, zeinetarik Galilean igorri baitzituen bi mila; mila berriz, harekin goan ziren.

        48. Bainan Jonathas Ptolemaidan sarthu izan zen bezain laster, Ptolemaidarrek hertsi zituzten hiriko atheak eta atzeman zuten Jonathas; eta harekin sarthu ziren guziak, ezpataz sakhitu zituzten.

        49. Eta Triphonek igorri zituen bere armada eta zaldizkoak Galileara eta ordoki handira, Jonathasen lagun guzien xahutzeko.

        50. Bainan haukiek jakin zutenean Jonathas hartua zela, eta galduak zirela hura eta harekin ziren guziak, berotu zuten elkhar eta ilkhi ziren gudurat abian.

        51. Eta hekien ondotik jarraiki zirenek, ikhusirik azken hatseraino gudukatuko zirela, gibelerat goan ziren berak.

        52. Bertzeak Judeako lurrerat bihurtu ziren beraz, nihork khexatu gabe. Eta hainitz deithoratu zituzten Jonathas eta harekilakoak; eta deithore handitan auhendatu zen Israel.

        53. Eta hekien inguruko jendaki guziek bilhatu zuten hekien xahutzea, erraten zuten ezik:

        54. Ez dute buruzagirik, ez laguntzailerik; jazar diozotegun beraz orai, eta gizonen artetik khen dezagun horien orhoitzapeneraino.

 

XIII. KAP.

        1. Bada, Simonek aditu zuen, Triphonek armada handi bat bildu zuela, Judako lurrera ethortzeko eta han bazter guzien xahutzeko.

        2. Ikhusrik populua beldur eta ikharetan zela, Jerusalemera igan zen, eta bilarazi zuen populua.

        3. Eta gogoen altxatzeko, erran zuen: Zuek badakizue zenbat gudu egin ditugun, nik, ene anaiek eta ene aitaren etxeak gure lege eta toki sainduentzat, eta nolako hesturak ditugun ikhusi.

        4. Hekiei esker, galdu dire ene anaia guziak Israelen gatik, eta ni, bakharra naiz gelditu.

        5. Eta orai ez dihoakit niri ene biziaren guphidestea hesturako edozein ordutan; ez naiz ezen ene anaiak baino damuagoa.

        6. Asperturen ditut beraz herria, lekhu sainduak, haurrak eta emazteak, ezen jendaia guziak bilduak dire gure xahutzeko beren herraren ariaz.

        7. Hitz horiek aditu orduko, suztatu zen populuaren gogoa;

        8. Eta oihuka ihardetsi zuten erranez: Zu zare gure buruzagia Judasen eta zure anaia Jonathasen orde.

        9. Mana gaitzatzu gure guduetan, eta zer-nahi erran dizaguzun, guk eginen dugu.

        10. Orduan gerlako gizon guziak bildurik, lehen-bai-lehenka akhabatu zituen Jerusalemgo harrasi guziak, eta inguruan hazkartu zuen hiria.

        11. Eta Jopera armada berri batekin igorri zuen Jonathas, Absalomen semea; eta hunek barnean zirenak iraizirik, bera jarri zen han.

        12. Bizkitartean Triphon Ptolemaidatik higitu zen armada handi batekin Judako lurrera sartzeko, eta Jonathas berekin zakharkan preso.

        13. Simon aldiz Adoko ondoan jarri zen zelhaiari buruz.

        14. Triphonek jakin zueneko Simon jaiki zela buruzagi bere anaia Jonathasen orde, eta gudu ematera heldu zitzaioela, igorri ziozkan bidalkinak,

        15. Hau gaztiatuz: Zure anaia Jonathas iduki dugu, diru zor zioelakoz erregeri, haren egiteko eskuetan zituenen ariaz.

        16. Eta orai igorratzu ehun talendu zilharrezko eta Jonathasen bi semeak bahi, beldurrez-eta guk utzi ondoan, gure kontra itzul dadien, eta haletan bihurturen darotzugu.

        17. Simonek ezagutzen zuen maltzurkerian mintzo zela; halarik-ere manatu zuen eman ziotzoten dirua eta haurrak, bere gainera herra gaixto baten ez biltzeko Israelgo populuaren ganik, zeinak erranen baitzuen:

        18. Dirua eta haurrak ez dituelakoz bidali, galdu da Jonathas.

        19. Igorri zituen beraz haurrak eta zilharrezko ehun talenduak; bainan Triphonek gezur egin zuen, eta etzuen utzi Jonathas.

        20. Sarthu zen gero Judako lurretan, hekien xahutzeko; itzulia egin zuen Adorrera daraman bideaz, eta Simon eta bere armada jarraikitzen zitzaizkon goaten zen toki guzietara.

        21. Gazteluan zirenek berriz, Triphoni igorri ziozkaten bidalkinak, higi zadien mortua gaindi ethortzera eta jatekoak igortzera.

        22. Triphonek xuxentarazi zuen zaldieria guzia gau hartan goateko; bainan elhur hainitz bazen, eta etzen heldu Galaad-herrira.

        23. Eta Baskamanera hurbildu zenean, han hil zituen Jonathas eta haren haurrak.

        24. Gero itzuli zen Triphon eta goan zen bere lurrera.

        25. Simonek berriz, igorri zuen bere anaia Jonathasen hezurren bilha, eta ehortzi zituen Modinen, bere arbasoen hirian.

        26. Eta Israel guziak deithore handitan deithoratu zuen, eta auhendatu zuten asko egunez.

        27. Simonek altxatu zuen bere aitaren eta bere anaien hobiaren gainean, urrundanik ageri zen leihor gora bat, bi aldeetarik legunduak ziren harriz.

        28. Xutik ezarrarazi zituen zazpi piramida, bat bertzearen parrean, bere aitamentzat eta lau anaientzat.

        29. Eta hekien inguruan ezarri zituen habe gora batzu, eta habeen gainean harmak bethirainoko orhoitzapenetan; eta harmen aldean untzi zizelatuak, ikhus zetzazten itsasoz ibiliko ziren guziek.

        30. Horrelakoa da Modinen egin zuen hobia, eta egungo egunean ikhusten dena oraino.

        31. Bada, Triphon bidean zihoalarik Antioko errege gaztearekin, zimarkhuz hil izan zuen;

        32. Eta erregetu zen haren orde; eta bere buruaren gainean ezarri zuen Asiako khoroa, eta gaizki handiak egin zituen erresuman.

        33. Anartean Simonek Judean altxatu zituen gazteluak, hekiek hazkartuz dorre goraz, harrasi handiz, athez eta zerrapoz; eta jatekoak ezarri zituen hazkargailuetan.

        34. Gero Simonek hautatu zituen zenbait gizon eta igorri ziozkan Demetrio erregeari, galdatuz Judea zerga orotarik garbi utz zezan; ezen Triphonen egitate guziak, ohointza eta harrapakeriarik baizik etziren.

        35. Demetrio erregeak ihardetsi zioten solas horiei, eta hunelako gutuna iskribatu zioen Simoni:

        36. Demetrio erregeak Simon, aphez-handi eta erregeen adiskideari, zaharrei eta Juduen jendakiari, agur.

        37. Izatu ditugu zuek igorri urhezko khoroa eta makhila, eta zuekin iraupenezko bake baten egitera, eta erregeren kargudunei iskribatzera gaude, utz detzatzueten guk barkhatu zergak.

        38. Ezen guk zuen onetan manatu ditugunak gogor egon beitez; zuenak izan beitez altxatu ditutzuen hazkargailuak.

        39. Barkhatzen darozkitzuegu egun arterainoko huts eta hobenak eta zor zinarokuten khoroa; eta balin bazen bertze zerbait zerga Jerusalemen, hura ez da zor izanen hemendik aitzinerat.

        40. Eta zuetarik balin badire gure armadetan sartzeko egokiak, sar beitez, eta bakea izan bedi gure artean.

        41. Zortzitan hogoi eta hamargarren urthean Israelen gainetik izan zen khendua jendaki arrotzen uztarria.

        42. Eta Israelgo populua abiatu zen iskribu eta agerietan iskribatzen: Lehenbiziko urthean, Simon delarik aphez-handi, lehen buruzagi, eta Juduen printze.

        43. Egun hekietan Simon hurbildu zen Gazari, armadaz inguratu zuen, egin zituen sethioko tresnak; eta hiriari hurbildurik, jo eta hartu zuen dorre bat.

        44. Eta tresna batean ziren gizonak jauzi ziren hiriaren barnera; eta hirian egin zen asaldu handia.

        45. Hirian zirenak harrasi baten gainera igan ziren beren emazte eta haurrekin, soinekoak porroskaturik, eta deihadarka hari ziren, Simoni eskua galdatuz,

        46. Eta erraten zuten: Guri ez bihur gure gaixtakerien arabera, bainan-bai zure urrikalkortasunaren arabera.

        47. Simon ukitua izan zen eta baratu zuen hekien ganik ezpata; guzia gatik, hiritik iraizi zituen; eta xahupena eginik etxeetan zeinen barnean egotu baitziren jainkomoldeak, orduan sarthu zen hirira, himnotan benedikatuz Jauna.

        48. Eta handik lohikeria guziak khendurik, hirian ezarri zituen legea zainduko zuten gizonak; eta hazkartu zuen hiria eta beretzat egin zuen egonlekhu bat.

        49. Jerusalemgo gazteluan zirenak berriz, debekatuak ziren ilkhitzetik, eta lurretara sartzetik, saltzetik eta erostetik, eta gosete handia jarri zen hekien erdian eta asko hil ziren gosez.

        50. Deihadar egin zioeten beraz Simoni, eskua galdatuz; hunek eman zioten, bainan iraizi zituen handik, eta khutsapen guzietarik xahutu zuen gaztelua.

        51. Zortzitan hogoi eta hamekagarren urthean, bigarren hilabetheko hogoi eta hirugarren egunean, gazteluan sarthu ziren Israelgo umeak, palma-adarrak eskuetan, Jaunaren laudorioak himnotan eta kantiketan errepikatuz, lira, zinbala eta nabla otsez, Israeldik etsai handi bat zelakoz xahutua.

        52. Eta Simonek ezarri zuen manua, urthe oroz egun hekiek bestaturen zirela bozkario handitan.

        53. Hazkartu zuen tenploko mendia, gazteluaren ondoan zena, eta han egin zuen bere egoitza bere lagunekin.

        54. Bada Simonek ikhusten zuen Joanes, bere semea, gerlari hazkarra egina zela; eta ezarri zuen bere armada guzietako buruzagi; eta Joanesek Gazaran egin zuen bere egoitza.

 

XIV. KAP.

        1. Zortzitan hogoi eta hamabigarren urthean, Demetrio erregeak bildu zuen bere armada, eta Mediara goan zen bere gana iratxiki nahiz zerbait laguntza, Triphonen eragozteko.

        2. Bainan Arsazesek, Persiako eta Mediako erregek, jakin zuen Demetrio haren eremuetan sarthu zela, eta bere azpiko aitzindarietarik bat igorri zuen, manaturik atzeman eta erakhar ziozon bizirik.

        3. Baina goan zen, garhaitu zuen Demetrioren armada, atzeman zuen bera eta eraman Arsazesi, zeinak presondegi batean ezarri baitzuen.

        4. Bake handi batean egotu zen Judako lurra Simonen gainerako egunetan; bere herritarren ona bilhatu zuen, eta bizi izan zeno haren manamendua eta ospea hekien gogarako izan ziren.

        5. Bere egintza ospetsu guzien gainera, hartu zuen Jope, portu baten egiteko, eta hartarik egin zuen itsasoko irletarako bidea.

        6. Zabaldu zituen bere herrialdearen mugak, eta nausitu zen eremu guziaz.

        7. Gathibu hainitz egin zuen; nausitu zen Gazaraz, Bethsuraz eta Jerusalemgo gazteluaz; hartarik khendu zituen lohikeriak, eta nihor etzen gehiago hari enferratzen.

        8. Zeinek bere lurra bakean lantzen zuen; Judako lurrak ematen zituen bere uztak, eta bazterretako zuhamuek beren fruituak.

        9. Zaharrak jartzen ziren guziak plazetan eta herriko onaz ihardukitzen zuten; eta gizon-gazteak, ederki aphaindurik eta gerlari soinekotan ibiltzen ziren.

        10. Simonek hazkurriak biltzen zituen hirietara, zeinak xuxentzen baitzituen harmategitzat; hanbat egin zuen, non haren ospearen aiphamenak jo baitzuen lurraren bazterretaraino.

        11. Bakea ezarri zuen bere eremu guzietan eta bozkario handiz boztu zen Israel.

        12. Batbedera jarria zagoen bere aihen ondoaren eta bere pikoaren azpian, eta nihor etzen hekiei izialdura emateko.

        13. Suntsitu ziren lurreko etsaiak, eta egun hekietan heziak izan ziren inguruetako erregeak.

        14. Simon izan zen bere populuko xumeen habea; bilhatu zuen legea, eta iraizi gizatzar eta gaixtaginak.

        15. Ospe eman zioten lekhu sainduei, eta untzi sainduz gaindi ezarri zituen.

        16. Bada, Jonathas hil zelako berria heldu izan zen Erromara eta Espartaraino; eta hainitz atsekabe eman zuen.

        17. Bainan jakin zutenean, Simon, haren anaia, haren orde egina izan zela aphez-handi, eta nausitu zela lekhu guziaz eta hartan ziren hiriez;

        18. Kobrezko hostoetan iskribatu zioten, haren anaia Judasekin eta Jonathasekin egin izan zituzten adiskidantzen eta batasunaren berritzeko.

        19. Eta gutun horiek irakurtuak izan ziren Jerusalemen, baldarna guziaren aitzinean. Eta huna Espartarrek igorri gutunen kopia:

        20. Espartarren buruzagiek eta hiriek, Simon aphez-handiari, zaharrei, aphezei eta Juduen gainerako populu, beren anaiei, agur.

        21. Gure populuari igorri ditutzuen bidalkinek jakintsun egin gaituztete zuen ospe, ohore eta bozkarioaz, eta atsegin handia egin daroku hekien ethortzeak.

        22. Eta hekiek populuaren bilkhuan erranak, huneletan ditugu iskribatu: Numenio, Antiokoren semea, eta Antipaterren semea, Juduen bidalkinak, gure gana dire ethorri, gurekin adiskidetasun zaharraren erreberritzera.

        23. Eta populuaren gogarako izatu da hekiek ospetsuki onhestea, eta hekien solasak populuaren liburu berezietan iskribatzea, Espartako populuari orhoitzapenetan. Aldiz Simon aphez-handiari igorri diogu solas horien kopia.

        24. Gero Simonek Erromara bidali zuen Numenio, mila minen haztako urhezko erredola handi batekin, hekiekilako batasunaren berritzera. Aldiz, Erromako populuak aditu zituenean

        25. Solas horiek, erran zuen: Zer esker bihurturen diozkategu Simoni eta haren semeei?

        26. Ezen beren zuzenetan ezarri ditu bere anaiak, eta hekien ganik iraizi ditu Israelen etsaiak, zeinek ezagutu baitute Israelen bere-eskukotasuna eta kobrezko hostotan iskribatu, eta ageri batean Siongo mendian ezarri.

        27. Eta huna ageri haren kopia: Elulgo hilabetheko hemezortzigarren egunean, zortzitan hogoi eta hamabigarren urthean; Simon aphez-handi delarik hirugarren urthean, Asaramelen;

        28. Aphezen, populuaren, eta populuko aitzindarien, eta lurreko zaharren bilkhu handian, ezagutarazten dire haukiek: Jakina da guduak ardura emanak izan direla gure eremuetan.

        29. Bainan Simon, Mathathiasen semea, Jariben odoletikakoa, eta bere anaiak, galtzeko zoritan jarri dire, eta buru egin diote beren herritarren etsaiei, gogor egon zitezen hekien lekhu sainduak eta legea; eta ospe handitara altxatu dute beren jendakia.

        30. Jonathasek bildu ditu bere herritarrak, eta egina izan da aphez-handi, eta bere arbasoetara bildua izan da.

        31. Eta etsaiek nahi izan dute hekien lurra oinkatu eta xahutu, eta lekhu sainduen gainera hedatu beren eskua.

        32. Simonek orduan diote buru egin; bere jendakiarentzat da gudukatu, barraiatu du diru hainitz, harmak eman diozkate eta soldata bere jendakiko gizon indardunei;

        33. Hazkartu ditu Judeako hiriak eta Bethsura, zeina baita Judeako mugetan, eta zeintan baitziren aitzinean etsaiaren harmak; eta haren zaintzeko Juduak ezarri ditu.

        34. Hazkartu du Jope, itsas-bazterrean dena, eta Gazara, Azoteko mugetan dena, zeintan etsaiak baitzauden aitzinean, eta hekietan ere Juduak ezarri ditu; eta hekien zaintzeko egoki zen guzia barnean ezarri du.

        35. Eta populuak ikhusi ditu Simonen egitateak, eta bere jendakiari bihurtu nahi zioen ospea, eta ezarri du bere buruko eta aphezen buruzagi, zeren egin dituen horiek oro, zuzenari eman dioen bere bidea, bere jendakiari iduki zintasuna, eta alderen-molde haritu den bere populuaren goratzen.

        36. Eta haren egunetan, gauzak ongi goan dire haren eskuetan, hanbatean non iraiziak izan baitire gure eremuetarik jendaiak, eta Dabiden hirian zirenak Jerusalemgo gazteluan, zeinek, handik ilkhiz, khutsatzen baitzituzten lekhu sainduen inguru guziak eta dainu handia ekhartzen garbitasunari;

        37. Eta gazteluan Juduak ezarri ditu bazterren eta hiriaren zaintzeko, eta goratu ditu Jerusalemgo harrasiak.

        38. Eta Demetrio erregeak onhetsi dio aphez-handigoa;

        39. Ara berera, hartu du bere adiskidetzat, eta ospetan goratu du;

        40. Aditua zen ezik Erromarrek Juduak deitzen zituztela adiskideak, batasundunak eta anaiak, eta ohore handirekin hartu zituztela Simonen bidalkinak;

        41. Juduek bethiko onhetsi zutela Simon beren buruzagi eta aphez-handitzat, profeta zin bat jaiki zadien arteo,

        42. Arren-eta izan zadien hekien buruzagi, har zezan lekhu sainduez artha eta kargudunak ezar zetzan hango lan egiteko, lur, harma eta gazteluen gaineko;

        43. Artha har zezan lekhu sainduez; entzuna izan zadien orotaz; haren izenean iskribatuak izan zitezen lekhuan ageri guziak; jauntz zadien urhez eta purpuraz;

        44. Eta ez populutik ez aphezetarik nihorri etzakioen izan haizu erran diren haukien haustea, Simonen erranari zeiher egitea, edo lekhuan bilkhu baten bilaraztea haren manurik gabe, eta purpura eta urhe-gantxoa soinean erabiltzea;

        45. Berriz, horien kontra goanen zena edo horietarik zerbait hautsiko zuena, hobendun idukia izanen zela.

        46. Populu guziaren gogarako izan zen Simon altxatzea buruzagi, eta hitz horien arabera egitea.

        47. Simonek ere onhetsi zituen, eta haren gogarako izan zen aphez-handiaren eginbideen egitea, Juduen jendakiaren eta aphezen buruzagi eta printze izatea eta guziei manatzea.

        48. Eta erran zuten ageri hori ezarri behar zela kobrezko hostotan eta gero tenploko lorioan toki ikhusian;

        49. Kopia bat izanen zela berriz, tenploko khutxan ezarria, Simonentzat eta haren umeentzat.

 

XV. KAP.

        1. Bada, Antioko erregeak, Demetrioren semeak, itsasoko irletarik gutunak igorri zituen Simoni, aphez-handi eta Juduen jendakiko buruzagiari, eta populu guziari.

        2. Eta hau zakharten gutun hekiek: Antioko erregeak, Simon, aphez-handiari, eta Juduen jendakiari, agur.

        3. Nola gizon izurriztari batzu jabetu baitire gure arbasoen erresumaz, nahi dut orai eskuratu ene erresuma eta ezarri lehen zen bezala. Gizon hautaz egin dut armada handi bat, eta egin ditut gerlako untziak.

        4. Bada, sarthu nahi dut ene erresumara, hura izurriztatu dutenen eta hartan asko hiri deboilatu dituztenen gainean asperkunde atheratzeko.

        5. Orai beraz zure eskuko uzten darozkitzut ene aitzineko errege guziek barkhatu darozkitzuten emaitza guziak eta nola-nahiko bertze emanketak.

        6. Dirua zure eremuetan zure haztarekin jotzeko eskua onhesten darotzut.

        7. Nahi dut berriz, Jerusaleme izan dadien saindu eta pelut; egin ditutzun harma guziak, eta altxatu ditutzun eta zure eskuetan diren gazteluak, geldi dakizkitzun.

        8. Eta barkhatuak zaizkitzu oraidanik eta bethiraino erregeren alderako zor oraiko eta geroko guziak.

        9. Aldiz, nausitu gaiztekeenean gure erresumaz, ospetan altxaturen zaituztetegu zu, zure jendakia eta tenploa, haletan non zuen ospea lur guzian ezagunen baita.

        10. Zortzitan hogoi eta hamalaugarren urthean, Antioko jautsi zen bere arbasoen lurrera, eta armada guziak bildu ziren haren gana, haletan non gizon guti gelditu baitzen Triphonekin.

        11. Antioko erregea goan zitzaioen ondotik, eta Triphon itsas-bazterraz ethorri zen Dorara ihes;

        12. Ezen bazakien haren gainera bildua zela zorigaitza, armadak utzi zuenaz geroz.

        13. Antioko hurbildu zen Dorako bizkarrera sei hogoi mila gerlako gizonekin eta zortzi mila zaldizkorekin.

        14. Inguratu zuen hiria, eta untziak itsasoz hurbildu ziren; hiria hertsatzen zuen urez eta leihorrez, eta nihor etzuen uzten ez sartzera ez ilkhitzera.

        15. Bada, Numenio eta bere lagunak ethorri ziren Erromatik, eta bazituzten erregeentzat eta populuentzat gutun batzu, zeinek hau baitzakharten:

        16. Luzio Erromarren kontsulak, Ptolemeo erregeari, agur.

        17. Judu gure adiskideen bidalkinak, Simon aphez-handiak eta Juduen populuak igorririk ethorri dire, gurekilako adiskidantza eta batasun zaharren berritzera.

        18. Mila minetako erredola urhezko bat ere ekharri darokute.

        19. Hargatik gure gogarako izan da errege eta populuei iskribatzea, ez diozoten Juduei bidegaberik ekhar, ez gerlarik eman hekiei, eta hekien hiri eta eremuei, ez-eta laguntzarik hekien kontra gudu duketenei;

        20. Ezen ongi iduritu zaiku hekien eskutik erredolaren hartzea.

        21. Baldin beraz hekien herritik izurriztari zenbaitek zuetara ihes egin badute, ezar zatzue Simonen, aphezen buruzagiaren eskuetan, bere legearen arabera asperkunde athera dezan bekien gainean.

        22. Hola-holako gutunak iskribatu zituzten Demetrio erregeari, Atalori, Ariarathesi eta Arsazesi,

        23. Eta lekhu guzietara, Lanpsakora eta Espartarrei, Delos, Iblindos eta Sizionara, Kariara, Samosera eta Panphiliara, Liziara, Alikarnasora, Koora eta Sidenera, Aradonera, Errodesera eta Phaselidera, Gortinara, Gnidora, Ziprora eta Zirenera.

        24. Igorri zuten oraino gutun horien kopia Simon aphez-handiari eta Juduen populuari.

        25. Bada, Antioko erregeak bigarren aldiko hurbildu zituen kanpak Dorara, geroago eta gehiago hertsatuz, eta sethiotako tresnak eginez, eta hertsi zuen Triphon, itzur etzadientzat.

        26. Eta Simonek erregeri igorri ziozkan laguntzara bi mila gizon hautak, urhe, zilhar eta untzi asko.

        27. Bainan erregek etzituen hartu nahi izan, eta harekilako aitzineko patu guziak hautsi zituen, eta urrundu zen haren ganik.

        28. Gero erregek Simoni bidali zioen Athenobio, bere adiskideetarik bat, harekin solasetan sartzeko, gaztiatzen zioelarik: Zuek eskuetan daduzkatzue Jope eta Gazara, ene erresumako hiriak, eta Jerusalemen den gaztelua.

        29. Desmasian ezarri ditutzue hango eremuak, lurrari bidegabe handiak egin diozkatzue, eta ene erresuman jabetu zarete asko tokiz.

        30. Orai beraz bihur zatzue hartu ditutzuen hiriak, eta Judeako mugez kanpoan nausi jarri zareten tokietako zergak;

        31. Non ez, ematzue bortz ehun zilharrezko talendu hirientzat eta egin ditutzuen desmasentzat, eta bertze bortz ehun talendu hirietako zergentzat; bertzela, ethorriren gare eta gerla eginen datotzuegu.

        32. Athenobio, erregeren adiskidea, ethorri zen Jerusalemera; ikhusi zuen Simonen ospea, urheak eta zilharrak nola dirdiratzen zuten haren inguruan, zenbateko berreginduren erdian bizi zen; eta harritu zen, eta ekharri ziozkan erregeren hitzak.

        33. Simonek ihardetsi eta erran zioen: Ez dugu bertzeren lurrik hartu, eta ez dadukagu bertzeren ontasunik, bainanbai gure arbasoen ganikako primantza, gure etsaiek zuzen kontra aphur bat gozatu dutena.

        34. Guk berriz, orduak lagundu gaituenean, eskuetaratu dugu gure arbasoen ondoregoa.

        35. Ezen Jope eta Gazara, galdatzen ditutzunez bezenbatean, berek egiten zioten populuari eta gure lurrari bidegabe handia. Hekientzat emanen ditugu ehun talendu. Eta Athenobiok etzioen hitz bat ihardetsi.

        36. Bainan erregeren gana gaitzirizkotan itzulirik, erran ziozkan Simonen solasak, haren ospea eta gainerako ikhusi zituen guziak; eta hasarre handitan sarthu zen errege.

        37. Triphonek berriz, untziz ihes egin zuen Orthosiadara.

        38. Erregek itsas-bazterreko buruzagi ezarri zuen Zendebeo, eta armada bat eman zioen, oinezkoz eta zaldizkoz egina.

        39. Manatu zioen Judeari buruz higi zetzan kanpak, harrasizta zezan Jedor, poxela Jerusalemgo atheak eta guduka populua. Errege aldiz, Triphonen ondotik zihoan.

        40. Eta Zendebeo Jamniara heldu izan zen, eta abiatu zen populuari bidegabe egiten, Judearen oinkatzen, gizon preso hartzen eta hiltzen, eta Jedorren harrasiztatzen.

        41. Eta han ezarri zituen zaldizkoak eta armada bat, handik ilkhialdika ibil zitezen Judeako aldeak gaindi, erregek manatu bezala.

 

XVI. KAP.

        1. Joanes ethorri zen Gazaratik eta bere aita Simoni ekharri zioen Zendebeok beren herritarrei egiten ziozkatenen berria.

        2. Orduan Simonek deithu zituen bere bi Seme zaharrenak, Judas eta Joanes, eta erran zioten: Nik, ene anaiek eta ene aitaren etxeak, garhaitu ditugu Israelen etsaiak, gure gaztarotik eta orai arteo; eta zoriona izatu dugu, Israelen libratzekoa behin baino gehiagotan.

        3. Orai ordean zahartua naiz; bainan zuek jar zaitezte ene ordain; balia zakizkidate ene anaiatzat; zoazte, gudu egizue zuen herriarentzat, eta zerutikako laguntza izan bedi zuekin.

        4. Eta hautatu zituen lekhu guzitik hogoi mila gerlari oinezkoak, eta zaldizkoak ere. Zendebeoren kontra abiatu ziren, eta Modinen eman zuten gaua.

        5. Goizean jaikirik, zelhaiera sarthu ziren eta hara oinezko eta zaldizko armada handi bat heldu zitzaiotela bidera, eta ur erreka bat zuten artean.

        6. Joanesek hekiei buruz higiarazi zituen kanpak eta bere armada; ohartu zen lotsa zirela errekaren iragaitera, eta bera iragan zen lehenbizikorik; gizonek ikhusi zutenean, hekiek ere ondotik iragan ziren.

        7. Armada ezarri zuen bi andanetan, zaldizkoak oinezkoen erdian; ezen etsaiek bazuten nihonereko zaldieria.

        8. Eta Israeldarrek jo zituzten turuta sakratuak, eta ihesari eman ziren Zendebeo eta bere armada; hekietarik asko erori ziren sarraskituak, gainerakoek berriz, gaztelura ihes egin zuten.

        9. Judasek, Joanesen anaiak, atzeman zuen sakhi bat orduan; bainan Joanes jarraiki zen etsaiari heldu arteo Zedronera, zeina hazkartua baitzuen.

        10. Etsaiak ihes egin zuen Azoteko bazterretan ziren dorreetara eta Joanesek su eman zioten. Etsaietarik bi mila gizonek lurra jo zuten, eta Joanes bakean bihurtu zen Judeara.

        11. Ptolemeo, Abobiren semea, zen Jerikoko ordokian buruzagi ezarria, eta urhe eta zilharrez aberats zen;

        12. Ezik aphez-handiaren suhia zen.

        13. Eta hantu zitzaioen bihotza; nahi zukeen Judeaz jabetu, eta zimarkhu asmatzen zabilan Simonen eta haren semeen kontra, guzien galarazteko.

        14. Bada, Simon Judeako lurrean ziren hirietan zabilan batetik bertzera, hekien egitekoen xuxentzen, eta Jerikora jautsi ziren bera eta bere bi seme, Mathathias eta Judas, zortzitan hogoi eta hamazazpigarren urthean eta hamekagarren hilabethean, hura baitzen sabath.

        15. Zimarkhua gogoan, Abobiren semeak ongi-ethorri egin zioten, berak egina eta Dok deitzen zen gazteluxka batean; barazkari handi bat eman zioten, eta han bazituen gizonak gordeak.

        16. Eta Simon eta bere semeak aseak zauden orduan, Ptolemeo jaiki zen bere lagunekin, hartu zituzten beren harmak, sarthu ziren barazkariko salhan eta hil zituzten Simon, haren bi semeak eta haren sehi zenbait.

        17. Horreletan zimarkhu beltza egin zuen Israelen eta gaizkia bihurtu zuen ongiaren ordain.

        18. Ptolemeok iskribatu ziozkan horiek erregeri eta gaztiatu zioen igor ziozon armada bat laguntzera, eta berak eskuetara emanen ziozkala Judea, hango hiriak eta zergak.

        19. Bertze gizon batzu igorri zituen Gazarara, Joanesen hiltzera; eta gutunak bidali ziozkaten armadako aitzindariei, ethor zitezen haren gana eta emanen ziozkatela urhe, zilhar eta asko gauza.

        20. Eta bertze batzu igorri zituen Jerusalemez eta tenploko mendiaz nausitzera.

        21. Bainan lasterka aitzindurik, gizon batek Gazarara berria ekharri zioen Joanesi, nola galdu ziren haren aita eta anaiak, zioelarik: Zure hiltzera ere igorri ditu gizonak.

        22. Bada, horiek aditzearekin, Joanes laztu zen guzia. Hartu zituen beraren galtzera ethorri zirenak eta hilarazi zituen, ezagutu zuen ezik hura galdu beharrez zabiltzala.

        23. Eta Joanesen gaineko bertze solasak, haren gerletakoak, eta bihotz hainitzekin egin zituen balentria ederretakoak, harek altxatu harrasien gainekoak, eta haren bertze eginkarietakoak

        24. Iskribatuak dire haren aphezgoako egunen liburuan, aphezen buruzagi egina izan zenetik bere aitaren orde.

 

aurrekoa hurrengoa