www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

JOB

 

I. KAP.

        1. Huseko lurrean bazen gizon bat Job deitzen zena; eta gizon hura zen lainoa, zuzena, Jainkoaren beldurti eta gaizkitik urruntzen zena.

        2. Eta sorthu zitzaizkon zazpi seme eta hirur alaba.

        3. Eta haren izana zen zazpi mila ardi, hirur mila kamelu, bortz ehun idi-pare, bortz ehun asto urrixa eta sehi hainitz. Eta zen gizon hura handi iguzki-aldeko jendaia guzien artean.

        4. Eta haren semeak goaten ziren, eta zeinek bere egunean eta bere etxearen aldian, egiten zuten barazkaria. Eta igortzen zuten beren hirur arreben bilha, hekiei berekin janaraz eta edanarazteko.

        5. Eta barazkariko egunen ingurua egin zenean, Jobek igortzen zuen hekietara, sainduesten zituen; eta argitzeko jaikirik, holokaustak eskaintzen zituen bakhotxarentzat. Ezik erraten zuen: Ene semeek beharbada bekhatu egin dukete eta beren bihotzetan Jainkoa ez benedikatu. Horrela egun oroz egiten zuen Jobek.

        6. Bada, halako egun batez, Jainkoaren haurrak ethorri zirelarik Jaunaren aitzinera agertzeko, Satan ere aurkhitu zen hekien artean.

        7. Jaunak erran zaroen: Nondik heldu haiz? Hunek ihardestean erran zuen: Inguratu dut lurra eta guzia gaindi ibili naiz.

        8. Eta Jaunak erran zaroen: Ez duk ikhusi Job ene zerbitzaria, haren idurikorik lurrean ez baita, gizon laino, zuzen, Jainkoaren beldurti eta gaizkitik urruntzen dena?

        9. Satanek Jaunari ihardestean erran zuen: Job alferretan othe da Jainkoaren beldur?

        10. Ez othe ditutzu alde orotarik inguratu hura, haren etxea eta izate guziak? Ez othe duzu benedikatu haren eskuetako lana, eta haren ontasuna ez othe da berhatu lurrean?

        11. Bainan guti bat heda zazu eskua, uki zatzu gozatzen dituen guziak, hean benedikatuko zaituen begithartera.

        12. Jaunak erran zaroen beraz Satani: Huna non hire eskuan diren harek dituenak oro; bakharrik haren gainera ez bezak eskua heda. Eta Satan ilkhi zen Jaunaren aitzinetik.

        13. Bada, egun batez, nola Joben seme-alabak jaten hari baitziren eta arnoaren edaten beren anaia zaharrenaren etxean,

        14. Jobi ethorri zitzaioen berriketari bat erran zaroena: Idiak iraulden hari ziren, eta astoak alhan zauden hekien aldean,

        15. Eta Sabearrak jauzi dira, oro eraman dituzte eta muthilak ezpataz jo, eta ni bakharrik itzuri naiz zuri berriaren ekhartzeko.

        16. Eta oraino mintzo zelarik, ethorri zen bertze bat, eta erran zuen: Jainkoaren sua erori da zerutik, eta ardiak eta muthilak jo eta erre ditu, eta nik bakharrik ihes egin dut zuri berriaren ekhartzeko.

        17. Hura ere mintzo zelarik oraino, ethorri zen bertze bat, eta erran zuen: Kaldearrak jarri dira hirur andanetan, kameluetara sarthu dira eta eraman dituzte; ezpataz jo dituzte muthilak ere, eta nik bakharrik ihes egin dut zuri berriaren ekhartzeko.

        18. Hura mintzo zen oraino, eta hara non sarthu zen bertze bat, eta erran zuen: Zure semeak eta alabak jaten hari zirelarik eta arnoaren edaten beren anaia zaharrenaren etxean,

        19. Haize gaitz bat bat-batean jaiki da mortuko aurkhintzatik, khordokatu ditu etxearen lau izkinak, eta etxeak erortzean lehertu ditu zure haurrak, hil dira, eta ni bakharrik itzuri naiz zuri berriaren ekhartzera.

        20. Orduan Job xutitu zuen, hautsi zituen bere soinekoak, eta burua murrizturik, lurrera eroriz, adoran jarri zen;

        21. Eta erran zuen: Buluz ilkhi naiz ene amaren sabeletik eta buluz itzuliren naiz, harat: Jaunak eman, Jaunak khendu; nola baitzuen Jaunak atsegin, hala gerthatu da. Benedikatua izan bedi Jaunaren izena.

        22. Horietan orotan Joben ezpainek etzuten bekhaturik egin, eta etzuen zorokeria bat atheratu Jainkoaren kontra.

 

II. KAP.

        1. Bada, Jainkoaren haurrak ethorri ziren egun batez, eta Jaunaren aitzinean zaudezelarik, gerthatu zen Satan ere ethorri zela hekien artera, eta Jaunaren aitzinean zagoela.

        2. Eta Jaunak erran zaroen Satani: Nondik heldu haiz? Hunek ihardestean erran zuen: Inguratu dut lurra eta guzia gaindi ibili naiz.

        3. Eta Jaunak erran zaroen Satani: Ez duk ikhusi Job ene zerbitzaria, haren idurikorik ez baita lurraren gainean, gizon laino eta zuzena, Jainkoaren beldurti, gaizkitik urruntzen, eta oraino garbi begiratzen dena? Hik ordean haren kontra abiarazi nauk, hari alferretan atsekabe ematen.

        4. Jaunari ihardestean Satanek erran zuen: Gizonak bertzeen larrua berearentzat eta dituen guziak bere biziarentzat emanen ditu;

        5. Bertzela ezarrozu eskua gainean, hezur-haragietan uki zazu, eta orduan ikhusiren duzu, hean benedikatuko zaituen begithartera.

        6. Jaunak erran zaroen beraz Satani: Horra non dukan eskuan; utzok hargatik bizia.

        7. Satan beraz ilkhi zen Jaunaren aitzinetik, eta oin-zolatik buru-kaskoraino zauririk gaixtoenaz jo zuen Job.

        8. Samatsaren gainean jarririk, Jobek eltzeki puska batez khentzen zuen zornea.

        9. Eta bere emazteak erran zaroen: Egonen zare oraino zure lainokerian? Jainkoa benedika zazu eta hil zaitezi.

        10. Jobek ihardetsi zaroen: Emazteki burtxoroetarik bat iduri mintzatu zare. Baldin Jaunaren eskutik onak hartu izan baditugu, zergatik ez ditugu harturen gaixtoak? Horietan orotan Joben ezpainek etzuten bekhaturik egin.

        11. Bizkitartean Joben hirur adiskidek entzunik hari gerthatu zitzaizkon asturugaitzak oro, ethorri ziren zein bere lekhutik, Eliphaz Themandarra, Baldad Suharra eta Sophar Naamatharra; ezik hitzartuak ziren ethortzeko batean haren ikhustera eta gozakari ekhartzera.

        12. Eta urrunetik begiak altxatu zituztenean, etzuten ezagutu; eta aiayaka hasirik, eman ziren nigarrari; soinekoak urratu zituzten, eta herrautsa goiti arthikiz buruaren gainera erorrarazi zuten.

        13. Eta harekin lurrean jarririk egotu ziren zazpi gau-egunez, eta nihork etzaroen solas bat egin; ikhusten zuten ezik borthitza zela haren oinhazea.

 

III. KAP.

        1. Gero Jobek ideki zuen ahoa eta madarikatu zuen bere sorth-eguna,

        2. Eta erran zuen:

        3. Gal beitez ni sorthu naizen eguna, eta gaua zeintan errana izan baita: Gizon bat egin da.

        4. Egun hura ilhunbetara aida bedi; Jainkoak hura zeru gainetik ez beza bilha, eta argiak argi ez beza.

        5. Ilhun bezate ilhunbeek eta herioaren itzalak, lanhoak har beza eta khiretsak khirestasunean ingura beza.

        6. Xirimola beltzak har beza gau hura; ez bedi khonda urtheko egunetan, ez-etare sar hilabetheetan:

        7. Gau hura egon bedi bakharra, nihork ez beza laudoriorekin aipha.

        8. Madarika bezate, eguna madarikatzen dutenek, Lebiathanen eraikitzera daudezinek.

        9. Hartako gobelak itsu betza izarrak; igurik beza argia, eta ikhus ez beza ez hura, ez-etare jaikitzen den argizkorriaren ilkhitzea;

        10. Zeren ez duen hertsi ni ekharri nauen sabela eta ez dituen ondikoak ene begietarik khendu.

        11. Zenako ez naiz amaren sabelean hil, edo sabeletik ilkhitzean berehala galdu?

        12. Zertako hartu naute altzora? zertako hazi nau bulharrak?

        13. Ezen orai lotan ixil nindagoke, eta ene loan phausu banuke

        14. Lurreko errege eta aitzindari, berentzat bakhar-lekhuak altxatzen dituztenekin,

        15. Edo urhea duten eta beren etxeak zilharrez bethetzen dituzten buruzagiekin;

        16. Edo ez nindaite bizi, hilori gorde bat edo sorthurik argia ikhusi ez dutenak iduri.

        17. Han, gaixtaginak baratu dira tarrapatatik; han, lanak nekhatu dituenek ardietsi dute phausua;

        18. Han, elkharri beihala burdinaztatuak zirenak, ez dira gehiago estiratuak, ez dute entzuten lanerako manatzailearen mintzoa.

        19. Han dira handia eta ttipia, eta gathibua bere nausia ganik libro.

        20. Zergatik eman zaiote argia dohakabeari, eta bizia bihotzeko uherduran daudezinei?

        21. Diruaren ondoan lur zilhatzen hari direnak iduri, herioaren begira daude, eta etzaiote heldu;

        22. Eta bozkario handitan dira, aurkhitzen dutenean hobia.

        23. Zertako eman zaio bizia bere bidea gordea duen gizonari, Jainkoak ilhunbez inguratu duenari?

        24. Auhenka nago jan aitzinean; ene marrumak iduri du ur-uharren orroa;

        25. Zeren ethorri baitzait lotsatzen ninduen izialdura, eta beldur nintzena gerthatu baitzait.

        26. Ez ohartuarena ez dut egin? ez naiz ixilik eta phausuan egotu? Eta halere ene gainera jautsi da Jainkoaren hasarrea.

 

IV. KAP.

        1. Orduan Eliphaz Themandarrak ihardestean erran zuen:

        2. Abiatzen baginade zuri mintzatzen, etzinduke beharbada ongi hartuko, bainan nork iduk dezake bururat ethorri solasa?

        3. Hainitzen irakhaste izatu zare, eta beso nekhatuak hazkartu ditutzu;

        4. Zure solasek gothortu dituzte khordokan zirenak, eta ikharan zaudezen belhaunak gogortu ditutzu.

        5. Orai ordean zure gainera ethorri da zauria, eta ilhaundu zare; jo zaitu, eta asaldutan zare.

        6. Non dira bada zure, Jainkoaren alderako beldurra, zure hazkartasuna, zure jasankortasuna, zure bideen osotasuna?

        7. Gogorat ekhartzu, othoi, nor egundaino hobengabetarik den galdu, edo noiz xahutuak izan diren zuzenak.

        8. Bainan hobeki, ikhusi dut tzarkeria egiten dutenak, oinhazeak eraiten eta biltzen dituztenak

        9. Galdu direla Jainkoak haize eginik, eta haren hasarrearen hatsak iraungi dituela.

        10. Horreletan lehoin orotsaren marruma eta urrixaren orroa izan dira ithoak, eta lehoinkumeen hortzak kraskatuak.

        11. Tigrea da iraungi ez baitzuen zer atzeman, eta lehoinaren umeak haizatuak izan dira.

        12. Bada, hitz bat errana izan zait ixilik, eta ebaska bezala ene beharriak atzeman ditu marmara arin hartako phiruak,

        13. Gauazko ikhuspen bateko lazturan, loak gizona arthikitzen duen orduan.

        14. Izialdurak eta ikharak hartu ninduten, eta ene hezurrak oro harrituak ziren.

        15. Eta nola izpiritu bat iragaiten baitzen ene aitzinean, ene haragiko ileak xutu ziren.

        16. Halako itxura bat, zeinaren begithartea ez bainuen ezagutzen, baratu zen ene begien aitzinean, eta haren mintzoa aditu nuen haize eme baten hatsa iduri.

        17. Gizona, Jainkoari erkhatuz, zuzentzat atheratuko othe da, edo egin duena baino garbiago izanen othe da gizona?

        18. Hura zerbitzatzen dutenak berak ez dira gothor, eta bere aingeruetan atzeman du galdukeria:

        19. Zenbatez hobeki, lohizko etxetan bizi direnak, lurrezko asentu bat baizik ez dutenak, iretsiak izanen dira har batez bezala.

        20. Goizetik arratsera ebakiak izanen dira; eta bat ez delakotz adimendu duenik, behin-bethiko galduko dira.

        21. Gelditu ditazkeenak berriz, hekietarik khenduko dira; hilen dira, eta ez zuhurtasunean.

 

V. KAP.

        1. Hel egizu beraz, nihor balin bada ihardetsiko darotzunik, eta sainduetarik norbaiten aldera itzul zaite.

        2. Hasarreak segurki hiltzen du zoroa eta bekhaizgoak ttipia.

        3. Ikhusi dut zoroa erro sendoaren gainean, eta ordu berean madarikatu dut haren edertasuna.

        4. Haren semeak, salbatzetik urrun, oinez lehertuak izanen dira athean eta nihor ez da hekien atheratzeko izanen.

        5. Hamikatuek janen dute haren uzta, gizon harmatuak bortxaz eramanen du bera, eta egarri direnek edanen dituzte haren aberastasunak.

        6. Deusik ez da lurrean egiten eraindurarik gabe, eta oinhazea ez da lurretik sortzen.

        7. Gizona sortzen da laneko, eta hegastina hegaldaka ibiltzeko.

        8. Hartakotzat Jaunari igorriko diotzat ene othoitzak, eta ene solasak atheratuko diotzat Jainkoari,

        9. Zeinak egiten baititu gauza handi, ezin barrenduzko, harrigarri eta nonbregabekoak;

        10. Zeinak igortzen baitu uria lurraren gainera, eta urztatzen baitu mundua;

        11. Zeinak goratzen baititu aphalak, eta bozkariarazten atsekabedunak;

        12. Zeinak urmariatzen baititu gaixtoen asmuak, hekien eskuek hasia ezin dezatentzat akhaba;

        13. Zeinak atzematen baititu jakintsunak beren amarruez, eta urmariatzen gaixtaginen xedeak.

        14. Egun bethez ilhunbeak-barna dira ibiliren, eta eguerditan haztaka harituren dira nola gau bethean.

        15. Jainkoak hekien mihiaren ezpatatik begiraturen du noharroina eta bortxariaren eskutik erromesa.

        16. Beharrarentzat izanen da peskiza, gaixtaginak aldiz, josiko du bere ahoa.

        17. Dohatsu Jainkoaz azurriatua den gizona! Ez gaitzets beraz Jaunaren jazargoa;

        18. Zeren berak zaurtzen eta berak sasualtzen baitu; berak du jotzen eta bere eskuz sendatzen.

        19. Sei hesturetarik atheratuko zaitu, eta zazpigarrenean gaitzak etzaitu ukituren.

        20. Gosetean heriotzetik, eta gerlatean ezpataren helmenetik itzuriko zaitu.

        21. Mihiaren ukhaldietarik begiratua izanen zare; eta asturugaitzak, ethorriko denean, etzaitu izituko.

        22. Desmasiaren eta gosetearen erdian irri eginen duzu, eta lurreko abereek etzaituzte ikharatuko.

        23. Bazterretako harriek ez darotzute minik eginen, eta zuretzat baketiar izanen dira lurreko abereak.

        24. Eta jakinen duzu bakea duela zure olhak, eta zure etxeko egitekoak arthatzean, ez duzu bekhaturik eginen.

        25. Ikhusiren duzu zure hazia berhatuko dela, eta zure ondoreak lurreko belharra bezala izanen dira.

        26. Aberats sarthuko zare bobira, bere aroan biltzen den ogi-zama bezala.

        27. Horra, horiek agertu ditugun bezala egiak dira; adi zatzu, eta erabil gogoan.

 

VI. KAP.

        1. Bada, Jobek ihardestean erran zuen:

        2. Oxala phisuetara ekharriak balira Jainkoaren hasarrea merezitu darotedan bekhatuak, eta egartzen dudan zorigaitza!

        3. Hau, itsasoko legarra bezala, phisuago ager laiteke: horren gatik dira ene solasak minez betheak;

        4. Ezen Jaunaren geziak nitan sarthuak dira, eta hekien erresuminak ahitzen du ene izpiritua, eta Jaunaren lazturak ene kontra dira gudukatzen.

        5. Basastoa orroaz egonen othe da belharra duenean, edo idia marrumaz mainatera bethearen aitzinean?

        6. Ala jan ditake gatzik gabeko janhari geza? ala norbaitek dasta othe dezake dastatzaileari herioa ematen dioen gauza?

        7. Lehenago ukitu ere nahi ez nituenak dira orai, hesturaren handiz, ene janhari.

        8. Nork emanen du onhetsia izan dadien ene othoitza, eta Jainkoak eman dezadan igurikitzen dudana?

        9. Hasi denak berak leher beneza; zabal beza bere eskua eta trenka beza ene bizia.

        10. Eta hau izan bedi ene gozakari, oinhazez azotatzean ez nauela guphidesten, eta ez naizela zeiherrera jartzen Guziz-Sainduaren manuei.

        11. Zer da ezen ene indarra ihardukitzekotzat? Edo nolakoa da ene azken burua jasankorki irauteko?

        12. Ene gogortasuna ez da harriaren gogortasuna, eta ene haragia ez da kobrezkoa.

        13. Huna non ez dudan laguntzarik ene baithan, eta ene adiskide minenak ere urrundu dira ni ganik.

        14. Zeinak-ere bere urrikalmendua khentzen baitio bere adiskideari, hainak bazterrerat uzten du Jaunaren beldurtasuna.

        15. Ene anaiak ene aitzinean iragan dira, haranak behera fharrastan dihoan lats bat bezala.

        16. Izotzaren lotsa direnei eroriko zaiote elhurra gainera.

        17. Latsak iguri, goan orduko agortuko dira; eta berotu orduko, elhurra bezala urthuko dira.

        18. Itsutuak dira hekien urhatsetako bidexkak; larrez-larre biderik gabe dabiltza, eta galduko dira.

        19. Begiz har zatzue Themango bidexkak eta Sabako bideak, eta zaudezte aphur bat iguri.

        20. Ahalkatuak dira, zeren ez dudan etsitu; ene ganaraino ere ethorri izan dira, eta ahalkeak estali ditu.

        21. Ethorri orduko, ene zauria ikhusi bezain laster, izituak zarete.

        22. Erran othe darotzuet: Ekhar darotazue zerbait, indazue zuen onetarik,

        23. Athera nezazue etsaiaren aztaparretik, indardunen eskupetik?

        24. Argi nezazue, eta ixilduren naiz; eta balin bada ez nakien zerbait, irakhats darotazue.

        25. Zertako zarete gaizki atheratzen egiaren solasari, zuetarik nihor etzaretelarik aiher niri estakururik emateko?

        26. Erantzukika haritzeko baizik ez ditutzue aphaintzen zuen solasak, eta haizeari igortzen ditutzue zuen elheak.

        27. Umezurtz baten gainera erortzen zarete, eta zuen adiskidearen ehortzera hari zarete.

        28. Guzia gatik abiatu duzuena akhaba zazue; bainan entzun ere nezazue eta ikhusazue hean gezurrez naizen mintzo.

        29. Ihardetsazue, othoi, khimerako gogorik gabe, eta zuzen direnak erranez erabak zazue.

        30. Eta ez duzue tzarkeria ene mihian atzemanen, ez-eta zorokeriarik ene ahoan.

 

VII. KAP.

        1. Gizonaren bizia gudu bat da lurraren gainean, eta haren egunak dira sarizalearen egunen pare.

        2. Nola gathibuak baitu itzalaz min, nola sarizalea baitago bere lanaren akhabantzari begira;

        3. Hala nik ere khondatu ditut hilabethe hutsak eta gau nekhatuak.

        4. Loak hartuko banau, erranen dut: Noiz jaikiko naiz? eta berriz egonen natzaio arratsari begira, eta oinhazez betheko naiz ilhundu arteo.

        5. Ene haragia ustelduraz eta herrauts zikhinez estalia da; ene larrua idortua eta kizkurtua da.

        6. Ene egunak lasterrago iragan dira ehaileak haria ebakitzen duen baino, eta iraungi dira, deus peskizarik utzi gabe.

        7. Orhoit zaite, Jauna, ene bizia ufako bat dela, eta ene begia ez dela itzuliko ordu onen ikhustera.

        8. Laster gizonaren begiak ez nau ikhusiren; ezen ene gainean dira zure hasarreko begiak, eta ezin iraunen dut.

        9. Nola ezeztatzen baita lanhoa eta iragaiten, hala ifernuetara jausten dena ez da gehiago igaiten.

        10. Ez da gehiago bere etxerat itzuliren, eta ez du gehiago bere lekhuak ezaguturen.

        11. Hargatik ez dut ene mihia geldirik utziko; mintzaturen naiz ene bihotzeko atsekabean, solas eginen dut ene arimako uherduran.

        12. Itsaso bat othe naiz edo bale bat, zuk ni presondegi batez inguratzeko?

        13. Erraten badut: Oheak gozatuko ditu ene minak, arinduko naiz ene buruarekin ene etzauntzan solastatuz:

        14. Ametsez izituren nauzu eta ikhuspen izigarriz lazturen.

        15. Hargatik ene arimak nahiago du urkhabea, ene hezurrek heriotzea.

        16. Etsia dut, ez naiz gehiago hanbat biziko. Barkha niri, Jauna; ezen deusik ez dira ene egunak.

        17. Zer da gizona, zuk handiets dezazuntzat? edo zergatik ixur zinezake zure bihotza haren gainera?

        18. Argitzetik heldu zaizkio ikhustera, eta han berean ezartzen duzu frogetan.

        19. Noiz arteo ez darotazu barkhatuko, ez nauzu utsiko, izan dezadan ahogozoaren iresteko astia?

        20. Egin dut bekhatu; zer eginen dut zure jabaltzeko, oi gizonen begiralea? Zertako hartu nauzu etsaitzat, eta zertako naiz ene buruaren behargarri?

        21. Zergatik ez duzu ezeztatzen ene bekhatua eta xahutzen ene tzarkeria? Huna non orai herrautsean lokhartzera nohan; eta bihar goizean bilhatzen banauzu, orduko ez naiz gehiago izanen.

 

VIII. KAP.

        1. Orduan Baldad Suharrak ihardestean erran zuen:

        2. Noiz arteo mintzaturen zare horrela, eta zure ahoko solasak izanen dira haize muthiria iduri?

        3. Jainkoak zuzenbideari hobenik egiten othe dio? Ahalorotakoak zuzen dena iraultzen othe du?

        4. Baldin zure semeek egin badute ere haren kontra bekhatu, eta beren tzarkeriaren azpian utzi baditu;

        5. Guzia gatik zu goizetik jaikitzen bazare Jainkoa gana, eta othoizten baduzu Ahalorotakoa;

        6. Baldin garbitasunean eta zuzentasunean ibiltzen bazare, berehala zutaratuko da eta bakea bihurtuko dio zure etxeari, han bizi delakotz zuzentasuna.

        7. Hanbat eginen du, non zure lehenbiziko ontasunak ttipiak izan balira ere, azkenak gaindizka ethorriko baitira.

        8. Bilha zaite iragan gizamendeetan, artharekin ikhar zazu gure arbasoen orhoitzapena;

        9. (Ezik atzokoak gure munduan eta deus ez dakigunak, zeren gure egunak lurrean baitira itzal bat iduri:)

        10. Eta arbasoek argituko zaituzte; mintzatuko zaizkitzu, eta beren bihotzetik atheratuko dituzte solasak.

        11. Ihia bizi othe daiteke hezetasunik gabe? ezpata-belharra urik ez den tokian?

        12. Lorean delarik oraino, eta eskuz bildu aitzinean, ihartzen da belhar guziak baino lehen.

        13. Horiek dira Jainkoa ahanzten dutenen bideak; horrela galduko da itxuraz baizik ona ez denaren pheskiza.

        14. Ez da lakhetuko bere zorokerian; haren sinhesteak iduriko du armiarma-sarea.

        15. Bermatuko da bere etxearen gainean, eta etxea ez da gogor egonen; ostikoak ezarriko diozka, eta ez da xutik egonen.

        16. Iduri du, iguzkia agertu baino lehen heze den belharra eta hura ilkhitzean gandoa atheratzen duena;

        17. Harri-metan usutzen zaizko erroak, eta harrien artean dago.

        18. Atheratzen badute bere lekhutik, lekhuak ukhatuko du, eta erranen dio: Ez haut ezagutzen.

        19. Hori da ezen haren aphur bateko bozkarioa; bertze belhar batzu haren orde sortzen dira lurretik.

        20. Jainkoak ez du iraiziren gizon lainoa, ez-eta eskua gaixtaginari hedaturen,

        21. Zure begithartea bozkarioz eta ezpainak arraiziaz bethe ditezen arteo.

        22. Orduan higuin zinduztenak, ahalkez estaliko dira, eta gaixtaginen etxeak ez du ihardukiren.

 

IX. KAP.

        1. Eta Jobek ihardestean erran zuen:

        2. Egiazki badakit hala dela hori, eta gizona, Jainkoaren parrean, ez dela zuzena aurkhituren.

        3. Hari iharduki nahi balio, ez luke miletarik behin zer ihardets hari.

        4. Jainkoa bihotzez zuhur eta indarrez hazkar da; nor enferratu zaio, eta du gero izan bakea?

        5. Harek aldaratzen ditu mendiak, eta harek bere hasarrearen hatsean eragozten dituenak ohartzen ez dira.

        6. Harek higitzen du lurra bere lekhutik, eta lurraren harroinak khordokatuak dira.

        7. Harek manatzen dio iguzkiari, eta iguzkia ez da ilkhitzen; eta izarrak hersten ditu zigilu baten azpian bezala.

        8. Harek bakharrik hedatu ditu zeruak, eta ibiltzen da itsasoko uhinen gainean.

        9. Harek egin ditu Xitoiloak, Oriona eta Zazpi-Ohoinak eta hegoaldekoak.

        10. Harek egiten ditu gauza handiak, ezin-adituzkoak, harrigarriak eta nonbregabekoak.

        11. Ethortzen bazait niri, ez dut ikhusiko; goaten bada, ez dut adituko.

        12. Bat-batean egiten badu galde bat, nork hari ihardets? Edo nork erran diozoke: Zertako hari zare horrela?

        13. Jainko da, eta nihork ezin ihardets diozoke haren hasarreari, eta haren azpian amor egiten dute lurra jasaiten dutenek.

        14. Zer naiz beraz ni, hari ihardesteko, eta ene solasak harekin egiteko?

        15. Zuzen zerbait balin balitz ere ene baithan, ez niozoke ihardets, bainan ene juiea othoizka behar nezake.

        16. Eta deika nagokoelarik entzun banindeza ere, ez nuke usteko entzun duela ene mintzoa.

        17. Ezik xirimola batean lehertuko nau; eta ez mereziturik ere, usutuko ditu ene zauriak.

        18. Ez nau uzten hatsaren hartzera, eta uherduraz bethetzen nau.

        19. Baldin indarra bilhatzen bada haren kontra, hura da guziz indarduna; erabakiaren zuzentasuna behartzen bada, nihor ez da ene alde lekhukotasun ekhartzera ausartatzen.

        20. Baldin ene burua garbitu nahi badut, ene ahoak hobendun atheratzen nau; baldin hobengabe erakhusten badut ene burua, tzarra naizela frogatzen darot.

        21. Garbi eta laino banintz ere, hori bera ez lakike ene arimak, eta unhagarri nuke bizia.

        22. Batera heldu dira ene erran guziak: ala hobengabea, ala hobenduna, Jainkoak biak jotzen ditu.

        23. Bainan zaurtzen badu, hil beza behingoan, eta hobenik ez dutenen oinhazeez irri egin ez beza.

        24. Lurra gaixtaginaren eskuetara da emana; haren juieen begiak itsutzen ditu Jainkoak; baldin harek ez, nork bada?

        25. Ene egunak lasterkaria baino zalhuago goan dira, eta ez dute gozorik ikhusi.

        26. Iragan dira, fruitua daramaten untziak iduri, bazkara hegaldatzen den arranoaren pare.

        27. Erraten badut: Ez naiz gehiago horrela mintzaturen; ifrentziatzen da ene begithartea, bihurrikatzen naiz oinhazez.

        28. Lazten nintzen ene egintza guzietan, bainakien, Jauna, etzinarodala hutsegiten banuen barkhatuko.

        29. Baldin halarik-ere gaixtagin bat banaiz, zertako erabili duket lan alferra?

        30. Baldin garbitua banintz elhur-urez bezala, eta ene eskuek xuriz argi balezate;

        31. Zikhinez lohi nindezakezu halere, eta ene soinekoek gaitsets nindukete.

        32. Ezik ez nuke ene iduriko gizon bati ihardesteko, ez-etare enekin bardinez bardin juiamendutan entzuna izan daitekeen bati.

        33. Ez laiteke nihor bien larderiatzeko, bien artean bere eskuaren ezartzeko.

        34. Ene gainetik khen beza bere zigorra, eta haren beldurrak ez beneza ikhara.

        35. Mintzaturen naiz orduan, eta ez nau lazturen; ezik orai ene beldurrarekin ezin ihardets dezaket.

 

X. KAP.

        1. Unhatua naiz bizitzeaz; erasiren dut ene buruaren kontra, mintzaturen naiz ene bihotzeko uherduran.

        2. Erranen diot Jainkoari: Ez benezazu hobendun ezar; erakhuts dizadazu zeren nauzun hunela erabiltzen.

        3. Belztua eta ehoa banadukazu, ni zure eskuetako lana, gaixtaginen asmuari laguntza ematen badiozu, ongi othe da hori zure iduriko?

        4. Haragizkoak othe dira zure begiak, ala gizonak ikhusten duen bezala ikhusten duzu zuk ere?

        5. Gizonaren egunak iduri othe dira zure egunak, eta zure urtheak gizonen urtheak bezalakoak,

        6. Zuk bilhatzeko ene gaizkia eta ikhartzeko ene bekhatua,

        7. Dakizularik ez dudala egin tzarkeriarik batere, eta nihor ez dela zure eskutik ni athera nezakeenik?

        8. Zure eskuek egin izan naute, hekiek obratu naute naizen bezalakoa, eta orai hola xahuturen othe nauzu?

        9. Orhoit zaite, othoi, buztina bezala orhatu nauzula, eta herrautsetara bihurraraziren nauzula.

        10. Ez othe nauzu esnea bezala higitu eta manthoina bezala gatzarazi?

        11. Larruz eta haragiz jauntzi nauzu, hezurrak eta zainak ustartuz egin nauzu.

        12. Bizia eta zure urrikalpena eman izan daroztatzu, eta zure ikhustateak begiratu nau bizirik.

        13. Horiek zure baithan gordeak daduzkatzun arren, halarik-ere badakit guziez orhoitzen zarela.

        14. Baldin bekhatu egin badut, eta orai arteo guphidetsi banauzu, zergatik ez duzu jasanen garbi nadien ene hobenetik?

        15. Tzar izatu banaiz, zorigaitz niri; zuzena banaiz, ez dut altxatuko burua, zeren naizen nahigabez eta beharreriaz gainditua.

        16. Eta ene hanpurustasuna gatik lothuko zaizkit lehoin bat bezala, eta itzulirik harrigarriko oinhazetan ezarriko nauzu.

        17. Ene kontra eraikitzen ditutzu zure lekhukoak, zure hasarrea berhatzen duzu ene kontra, eta nahigabeak guduka hari dira ni baithan.

        18. Zertako ilkhiarazi nauzu ene amaren sabeletik? Oxala urthu banintz begiak ikhus nintzan baino lehen!

        19. Amaren sabeletik hobira iraganik, izatu ez banintz bezala izanen nintzen.

        20. Ene egun aphurrak ez othe dira laster akhabatuko? Utz nezazu beraz ene bihotzmina deithora dezadan guti bat,

        21. Itzultzerik gabe goan nadien baino lehen lekhu ilhun eta heriotzearen goibelaz estalia den hartara,

        22. Lazeriazko eta ilhunbezko lekhu hartara, non baitaude herioaren itzala, nahasmendua eta bethi dirauen laztura.

 

XI. KAP.

        1. Aldiz Sophar Naamatharrak ihardestean erran zuen:

        2. Hanbat erasten duenak, entzunen ere ez othe du? Ala gizon elhetsua zuzentzat ilkhiren othe da?

        3. Zuri bakharrik guziak egonen othe dira ixilik? Eta orotaz irri egin dukezunean, ez othe da nihor izanen zuri ahalkearen emateko?

        4. Erran duzu ezik: Jauna, garbi dira ene solasak eta xahu naiz zure aitzinean.

        5. Oxala mintzatzen balitzaitzu Jainkoa eta idek balezazu bere ahoa,

        6. Zuri erakhustekotzat bere zuhurtziaren itzalpeak eta zenbat den hedatua haren legea, eta gero adi dezazun haren ganik hainitz gutiago ardiesten duzula zure tzartasunak merezitzen du-en baino!

        7. Ezagutzen othe ditutzu bada zerik diren haren bideak? osoki othe dakizu haren guzizko ahala?

        8. Zerua baino goragoa da, eta zu nola hel? Ifernua baino barnagoa da, eta zu nola sar haraino?

        9. Haren hedadurak xitzen ditu lurraren luzetasuna, eta itsasoaren zabaltasuna.

        10. Baldin oro eragotz edo batera bil baletza, enferra nork egin liozoke?

        11. Alabainan ezagutzen du gizonen ergeltasuna; eta tzarkeria ikhusten duenean, ez othe zaio begira egoten?

        12. Gizon ergela hazten da hanpuruskerian, eta uste du libro sorthu dela basastoaren umea bezala.

        13. Zuk berriz, gogortu duzu zure bihotza, eta halere Jainkoa gana hedatu ditutzu eskuak.

        14. Baldin zure ganik iraizten baduzu zure baithan den tzarkeria, eta bidegabekeria ez bada zure olhan egoten;

        15. Orduan narriorik gabe goratuko ahal duzu begithartea, eta izanen zare gothor eta ez duzu beldurrik izanen.

        16. Ahantziko ere duzu zure noharrointasuna, eta hartaz etzare orhoituko, baizik-ere iragan den uhar batez bezala.

        17. Arrastirian eguna ilkhiko zaitzu eguerdiko argitasunarekin bezala; eta noiz-ere galdua zarela usteko baituzu, atheratuko zare artizarra iduri.

        18. Eskainia izanen zaitzun igurikitzaz ardietsiren duzu sinheste deskantsu bat; eta hobiratu ondoan, lo eginen duzu beldurrikan gabe.

        19. Phausuan izanen zare eta ez duzu izanen izitzailerik; eta askok othoiztuko zaituzte jar zakitzoten begithartez.

        20. Aldiz, gaixtaginen begiak iraungiren dira; galduren dituzte itzurpide guziak; eta zer-ere baitzen hekien peskiza, hura izanen zaio hastiagarri hekien arimari.

 

XII. KAP.

        1. Jobek aldiz, ihardestean erran zuen:

        2. Zuek bakharrik zarete beraz gizon, eta zuekin batean hilen othe da zuhurtzia?

        3. Nik ere zuek bezala badut bihotz bat, eta ene izpirituak ez du zuenaren minik; nor da ezen zuek dakizuena ez dakienik?

        4. Nik bezala bere adiskidearen iroiak hartuko dituenak deiagora eginen dio Jainkoari, eta entzuna izanen da; ezen irrigarri dabila zuzenaren lainotasuna.

        5. Hura da kriselu bat erdeinutan dena aberatsen gogokundeetan, bainan argitzera dagona ordu berezian.

        6. Nasaizian dira ohoinen olhak, eta ozarki hari dira Jainkoaren tarritatzen, noiz-etare harek emanak baitituzte guziak eskuetara.

        7. Zoaz aziendetara, eta irakhatsiren darotzute; zoaz zeruko hegastinetara eta argituren zaituzte.

        8. Mintza zakizkio lurrari, eta ihardetsiren darotzu; eta mintzaturen zaizkitzu itsasoko arrainek.

        9. Nor da ez dakienik Jaunaren eskuak egin dituela horiek oro?

        10. Haren eskuan da bizia duen guziaren arima, gizonaren haragian den izpiritua.

        11. Ez othe ditu beharriak berezkatzen hitzak, eta jalearen ahoak jatekoen gozoa?

        12. Zaharretan da zuhurtzia, bizi luzean umotasuna.

        13. Bainan Jainkoa baithan datza zuhurtzia eta indarra, harek ditu asmua eta ezagutza.

        14. Harek hausten duena, nihork osa ez dezake; gizona hersten badu, ez da hari idekiko dioenik.

        15. Urak idukitzen baditu, oro agortuko dira; eta uzten baditu, gainazpikatuko dute lurra.

        16. Haren baithan dira indarra eta zuhurtzia; harek ezagutzen du zein den enganatzaile, eta zein enganatua dena.

        17. Kontseilu-emaileak zorokeriara azkenekotz erorrarazten ditu, eta juieak durduzadurara.

        18. Erregeei ezpatako uhala khentzen, eta gerria sokha batez tinkatzen daroete.

        19. Aphezak aphaltzen eta handiak lurrerat arthikitzen ditu.

        20. Egiatien ahoan aldatzen du solasa, eta zaharrei khentzen daroete jakitatea.

        21. Erdeinua buruzagien gainera ixurarazten du, xutitzen dituelarik lurrean ehoak zaudezenak.

        22. Ilhunbeetan barna gordeak zirenak agertzen ditu, eta argitara ilkhiarazten du herioaren itzala.

        23. Harek berhatzen, harek galtzen ditu jendaiak, eta xahutuak zirenak harek osora bihurrarazten ditu.

        24. Lurreko populuko buruzagien bihotza itzulikatzen du, eta berak enganatzen ditu, urhats alferretan ibil ditezen biderik ez den tokitan.

        25. Egunaren erdian haztaka ibiliko dira ilhunbeetan bezala, eta andarka hariaraziko ditu hordiak iduri.

 

XIII. KAP.

        1. Bada, horiek oro ikhusi ditu ene begiak eta aditu ene beharriak, eta ene izpirituak ardietsi ditu guziak.

        2. Zuen jakitatea bezain urrun hedatzen da ene ezagutza, eta zuen bethe banaiz.

        3. Bainan halere mintzatuko natzaio Ahalorotakoari, eta Jainkoarekin nahi dut iharduki;

        4. Lehenik erakhutsiz gezur-asmatzaile batzu zaretela eta irakhaspen tzarrei zarraiztela.

        5. Eta oxala ixilik egoten bazinete, zuhurtzat hartuak izan zaiteztentzat!

        6. Entzun zatzue beraz ene erantzukiak eta beharria emozue ene ahoko erabakiari.

        7. Jainkoa zuen gezurraren beharretan othe da, zuek haren alde enganioka mintzatzeko?

        8. Jainkoaren laguntzara heldu othe zarete, eta haren alde erabakitzera hari zarete?

        9. Ala hori othe da Jainkoaren gogarako, zeinarentzat deusere ez baita gorderik? ala hura engana uste duzue gizon bat bezala zuen maulez?

        10. Berak jazarriko darotzuete, zeren amarruka baitadukazue haren alderdia.

        11. Higituko den bezain sarri, asaldutan ezarriko zaituztete; eta zuen gainera eroriko da haren ganikako laztura.

        12. Zuen orhoitzapena jarriko da herrautsaren pare, eta zuen buruak lohira bihurtuak izanen dira.

        13. Zaudezte aphur bat ixilik, erran detzadan gogoak emanen darozkidanak.

        14. Zergatik zirtzikatzen dut hortzez ene haragia eta derabilkat ene bizia eskuetan?

        15. Hil banindeza ere Jainkoak, haren baithan lagoke ene igurikitza; eta halarik-ere jazarriko diot ene bizi-moldeari haren aitzinean.

        16. Eta bere izanen da ene salbatzailea, ezik haren aitzinera ez da itxura-egilerik agertuko.

        17. Entzun zazue ene solasa, eta zuen beharriak ardiets betza asmakari haukiek.

        18. Baldin juiatua banintz, badakit zuzena nindakeela atzemana.

        19. Nor da juiamendutara enekin atherako dena? Ethor bedi; zertako ixilik egonen naiz iraungitzen?

        20. Jauna, bi gauza niri ez egiteaz zaitut othoizten, eta orduan ez diot zure begitharteari ene burua gordeko.

        21. Urrun zazu ene gainetik zure eskua, eta zure beldurrak ez beneza ikhara.

        22. Deith nezazu, eta ihardetsiren darotzut; edo bertzela mintzaturen natzaitzu, eta zuk ihardets dizadazu.

        23. Zer dira ene gaizkiak eta bekhatuak? erakhuts daroztatzu ene tzarkeria eta hobenak.

        24. Zergatik gordetzen darotazu zure begithartea, eta nadukazu zure etsaitzat?

        25. Haizeak daraman hosto baten kontra erakhusten duzu zure indarra, eta lasto ihar baten ondotik zabiltza.

        26. Ezen garraztasunak iskribatzen ditutzu ene kontra, eta ene gaztetasuneko bekhatuen gatik nahi nauzu xahutu.

        27. Esteketan ezarri ditutzu ene oinak; begia iduki diozute ene bidexka guziei, eta ene oinhatzei begiz egotu zare;

        28. Ni usteldura pozi bat bezala ezeztatzera nihoalarik eta biphiek jaten duten soineko bat iduri dudalarik.

 

XIV. KAP.

        1. Gizona emaztekia ganik sorthua, labur delarik bizitzen, asko lazeriaz da bethetzen.

        2. Ilkhitzen da lore bat iduri, eta oinpean lehertzen dute, eta itzal bat bezala da ezeztatzen, eta behinere ez dago hein berean.

        3. Hura den bezalakoaren gainera zure begiak idekitzeko eta hura zurekin juiamendutara erakhartzeko doi othe dadukazu?

        4. Hazi lohitik sorthua nork egin dezake xahu? ez othe zuk bakharrik, Jauna?

        5. Gutiak dira gizonaren egunak; zure baithan dago zenbat diren haren hilabetheak; zuk ezarri diozkatzu haren biziari iragan ez ditazkeen mugarriak.

        6. Aphur bat urrun zaite gizona ganik, phausu har dezan, ethor dakion arteo azken ordua, sarizalea bere egunaren akhabantzari dagoen bezala.

        7. Zuhaitza ez dago etsian; adaburutzen badute, hostatzen da berriz, eta urthumeak multzoka heldu zaizko.

        8. Haren erroa zahartua balitz ere lurrean, haren ondoa iraungia balago herrautsean,

        9. Muskilduko da uraren usainera eta adaburua eginen du lehenbizian landatu zutenean bezala.

        10. Gizona ordean hila, biluzia eta ezeztatua denean non othe da?

        11. Nola itsasotik urak goaten balira eta hibai bat husturik agortzen balitz;

        12. Hala gizona heriotzeko loan sartzen denean, ez da pizberrituko; zerua urratua izan dadien arteo, ez da ez iratzarriko, ez bere lotik jaikiko.

        13. Nork emanen darot geriza eta gorde nezazun ene hobian, zure hasarrearen hatsa iragan arteo, eta berez dizadazun nitaz orhoituko zaren ordua?

        14. Uste duzu gizon hila berriz bizi daitekeela? Orai gudutan daramaztan egun guziez ene aldatzapenari begira nago ethor dadien arteo.

        15. Deithuko nauzu eta ihardetsiren darotzut; zure eskuetako lanari hedaturen diozu zure eskuina.

        16. Ene urhats guziak khondatuak ditutzu, bainan barkha zozute ene bekhatuei.

        17. Zakhu batean bezala zigilatu ditutzu ene hobenak, bainan sendatu duzu ene tzartasuna.

        18. Mendia lehertzen denean urmariatzen da, eta harria bere lekhutik eramana da;

        19. Urak zilhatzen du harria, eta ur-jotzeak emeki emeki jaten du lurra zuk orobat xahutzen duzu gizona.

        20. Indar aphur bat eman diozu, gero dadien bethiko; aldatzen diozu itxura eta khentzen duzu hemendik.

        21. Haren haurrak izan ditezen edo ospetsu, edo arbuiagarri, ez da izanen haren ezagutzako.

        22. Bainan, bizi deno, haren haragia oinhazez, eta arima bere gainean nigarrez egonen dira.

 

XV. KAP.

        1. Aldiz Eliphaz Themandarrak ihardestean erran zuen:

        2. Zuhurrak, haizeari bezala mintzatuz, ihardetsiren othe du, eta berotuz bere barnea?

        3. Zure solasetan zure bardinetik gorago denari jazartzen diozu, eta zuretzat on ez dena erasten duzu.

        4. Zure baithan den bezenbatean haritu zare Jainkoaren beldurraren ezeztatzera, eta haren aitzinetik othoitzaren iraiztera.

        5. Alabainan zure tzarkeriaren irakhaspenak dira zure ahoan, eta burho arthikitzaileen hatzetan zabiltza.

        6. Zure ahoak hobendun atheratuko zaitu, eta ez nik; eta zure ezpainek zerorriri ihardetsiren darotzute.

        7. Gizonetarik lehenbizikoa sorthu othe zare? aldapak baino lehen izan othe zare egina?

        8. Zure beharria Jainkoaren asmuetan othe zen, eta haren zuhurtzia ez othe da zurearen bethe?

        9. Zer dakizu guk ez dakigunik? zer argi duzu guk hartu ez dugunik?

        10. Badira guthartean adineko gizonak, asko urthezkoak, zure aitak baino hainitzez zaharragoak.

        11. Zu gogoan ezartzea gaitz othe leikio Jainkoari? Bainan zure solas tzarrek ez dute agintzen hori.

        12. Zerk hantzen darotzu bihotza, eta nolaz ditutzu begi harritu horiek, handitasun zoro batzuz iduri amesten duzula?

        13. Zerk Jainkoaren kontra hazarazten du zure gogoa, zuk ahotik atheratzeko holako solasak?

        14. Zer da gizona, notha gabe izateko; eta emaztekia ganik sorthua dena, zuzentzat agertzeko?

        15. Huna Jainkoaren sainduak berak ez direla aldakortasunik gabe, eta zeruak haren aitzinean ez direla garbi.

        16. Zenbatez gizona, gaizkia ura bezala edaten duena, ez da hastiagarriago eta ezdeusago?

        17. Argituko zaitut, adi nezazu; ikhusi dudana erranen darotzut.

        18. Zuhurrek aithortzen dute eta ez gordetzen jakin dutena beren arbasoetarik,

        19. Zeinei bakharrik emana izan baitzaroete lur hau, eta arrotza ez dute utzi hemendik iragaitera.

        20. Egun oroz gaixtagina hanpurustuz dihoa, eta ez da jakina zer iraunen duen haren nausitasun gaixtoak.

        21. Izialdurako otsak dira bethi haren beharrietan; eta bakea denean, hura bethi zelatei nabarmendua dago.

        22. Alde orotarik ezpatak ikhusten dituela, ez du uste gauetik itzul daitekeela egunera.

        23. Bere ogiaren bilhatzera egiten duenean, uste du bere egun beltza gainera ethorria duela.

        24. Atsekabeak ikharan idukiren du, eta grinak inguratuko du, gudurat han den errege bat bezala.

        25. Ezen Jainkoaren kontra hedatu du bere eskua, eta Ahalorotakoaren kontra da gogortu.

        26. Burua gorarik laster egin du haren kontra, eta burgoitasun gaitzaz harmatu da.

        27. Gizenak estali dio begithartea eta gantza dariote haren sabetsei.

        28. Hiri debuilatuetan egin du bere egoitza, eta hobi bilhakatuak diren etxe hustuetan.

        29. Ez da aberastuko, haren onek ez dute iraunen, eta lurrean ez du eginen bere erroa.

        30. Ilhunbeetarik ez da ilkhiko, garrak iharraraziko ditu haren adarrak, eta Jaunaren ahoko hatsak suntsiaraziko du.

        31. Ez du, bere burua enganatuz, sinheste alferrik erabiliren, nolazbaiko preziotan berreroz daitekela.

        32. Galduko da bere egunak bethegabetarik, eta ihartuko zaizkio bere eskuak.

        33. Zirphilduko da, bere mahatsa lehen lorean galtzen duen aihena iduri, bere lorea arthikitzen duen oliba bezala.

        34. Alabainan goritasunik gabe izanen dira alegiakariak bildu onak, eta suak erreko ditu emaitzak gogotik hartzen dituztenen olhak.

        35. Oinhazearen aita da, gaixtakeria sortzen da haren ganik, eta haren barnea zimarkhuketa dabila.

 

XVI. KAP.

        1. Jobek aldiz, ihardestean erran zuen:

        2. Horrelakoak ardura ditut entzun; zuek oro gozakari-emaile behargarriak zarete.

        3. Ez othe dute akhabantzarik izanen zuen haizezko solasek? Ala gaitz othe da zuretzat hola mintzatzea?

        4. Nik ere zuei holakoak eras ahal netzazketzuete; eta oxala zuen anima balitz ene arimaren heinean!

        5. Nik ere goza zintzazketet ene hitzez, eta higi nezake ene burua zuen gainera.

        6. Hazkar zintzazketet ene solasez, eta zuek guphidetsiz higi netzazke ene ezpainak.

        7. Bainan zer egin? Mintzatuko banaiz, ez da jabalduko ene oinhazea; eta ixilduko banaiz, ez da ene ganik urrunduren

        8. Orai berriz, hestutzen nau ene oinhazeak, eta ezdeusetaratuak dira ene alderdiak.

        9. Ene larruko zimurrek lekhukotasun atheratzen dute ene kontra, eta gezurti bat jaikitzen da ene aitzinera niri jazartzen darotalarik.

        10. Ene gainera bildu du bere errabia; eta dixidatzen nauelarik, hortzak karraskatu ditu ene kontra; ene etsaiak begi ikharagarri batzuekin begiratu darot.

        11. Ene gainera ideki dituzte beren ahoak; eta irain eginez, jo naute mathelan; ene atsekabeez ase dira.

        12. Jainkoak gizon tzarren ahalen azpian lothu nau; gaixtaginen eskuetara nau arthiki.

        13. Ni, bertze orduz aberats handi nintzen hura, bat-batean naiz ehoa. Estekatu du ene lephoa, xehakatu nau, eta bere ukhaldien xedetzat nau ezarri.

        14. Bere lantzez inguratu nau, alde orotarik zilhatu ditu ene sahetsak; ez nau guphide izan, lurrera ixuri ditu ene hertzeak.

        15. Sarraskia sarraskiaren gainean eginez zirtzikatu nau, digante bat iduri jauzi zait gainera.

        16. Eta nik zakhu bat jauntzi dut larruaren gainera eta hautsez estali dut ene haragia.

        17. Nigarraren nigarrez hantu da ene begithartea eta lanbroa jautsi da ene bethazaletara.

        18. Jasan ditut horiek tzarkeriarik gabe zirelarik ene eskuak, garbiak nituelarik Jainkoa ganako ene othoitzak.

        19. Lurra, ez biazak estal ene odola, hi baithan ez bedi khausi lekhu bat ene marraskaren ithotzeko.

        20. Ezik hara zeruan ene lekhukoa; zeru gorenetan dago ene berri dakiena.

        21. Elhetan barraiatzen dira ene adiskideak; eta ene begiak, Jainkoa ganat ixurtzen ditu bere nigarrak.

        22. Oxala gizona Jainkoaren aitzinean hala garbi ahal baledi, nola gizasemea garbi ahal baititake bera bezalako baten aitzinean!

        23. Ezen huna ene urthe gutiak laster dihoazela, eta bide bat daramat, zeintaz itzultzerik ez baituket.

 

XVII. KAP.

        1. Ene indarrak iraungitzen, ene egunak laburtzen hari dira, eta hobia bera zait gelditzen.

        2. Ez naiz bekhatura jautsi, eta halere atsekabeen gainean dago ene begia.

        3. Libra nezazu, Jauna; zure aldean ezar nezazu, eta gero edozein ethor bekit jazartzera

        4. Argitik urrundu duzu halakoen bihotza; hargatik ospatuak izanen ez dira.

        5. Harrapakina bere lagunei daroete agindu; bainan haren semeen begiak iraungiren dira.

        6. Ezarri nau jendearen ahotan errankizun bat bezala, eta ikhusgarritzat nago guzien aitzinean.

        7. Gaitzidurak lanbrotu darot begia, eta ene alderdiak ezdeusetara bezala egin dira.

        8. Zuzenak hortaz harrituko dira, eta hobengabea alegiakariaren kontra jaikiko da.

        9. Eta zuzena bere bideetan da egonen eta esku xahuetan handituko du indarra.

        10. Zuek oro beraz, bihur zaitezte, zatozte, eta erakhutsiren darotzuet zuhurtziarik zuen baithan ez dela batere.

        11. Iragan dira ene egunak, ene gogoetak haizatu dira, erdiratuz ene bihotza.

        12. Gaua egun egin darotade, eta ilhunaren ondotik argiari nago berriz iguri.

        13. Iraun baneza ere, hobia nuke etxetzat, eta ilhunbeetan xuxendu dut ene ohea.

        14. Usteldurari erran dio: Hi haiz ene aita; eta harrei: Zuek zarete ene ama-arrebak.

        15. Orai non da bada ene igurikipena, eta nork ikhustate hartzen du nik jasaiten dudanaz?

        16. Ene pheskiza guziak hobiaren zolara enekin dira jautsiko. Uste duzu han bederen izanen dela phausurik enetzat?

 

XVIII. KAP.

        1. Baldad Suharrak berriz, ihardestean erran zuen:

        2. Noizdino erasiari duzu joko? Nabadi zazu lehenik solasa, eta haletan mintza gaitezke gero.

        3. Zertako gare ikhusiak abereen bardin, eta gaitezke nardagarri zuen aitzinean?

        4. Zertako zure hats gaixtoan galtzen duzu zure arima? Zure gatik ukhatua izanen othe da lurra, eta harkadiak beren tokitarik jauziak izanen othe dira?

        5. Ez othe da iraungiko gaixtaginaren argia, eta haren suko garra ez othe da beltzik egonen?

        6. Argia ilhunduren da haren olhan, eta hilen da haren gaineko kriselua.

        7. Haren ahalaren urhatsak hestutuak izanen dira, eta bere asmuek berek anbilduren dute.

        8. Alabainan sarean sarthu du oina, eta haren uztarrien artean higitzen da.

        9. Oina sarean lothua egonen zaio, eta egarriak khaldan idukiren du.

        10. Haren atzemateko artea lurrean zen gordea, eta biltzeko peita bide gainean zuen.

        11. Beldurrak alde orotarik ikharatuko du eta inguratuko ditu haren zangoak.

        12. Goseak ahituko du haren indarra, eta hagoak hartuko ditu haren sahetsak.

        13. Herio garratzak iretsiko du haren larruko edertasuna; ahituko ditu, haren besoak.

        14. Haren sinhestea iraizia izanen da haren olhatik, eta herioa, errege bat iduri, oinka ibiliko da haren gainean.

        15. Zenduaren olhan eginen dute haren lagunek beren egoitza, eta sufrea ihaurria izanen da haren olhan.

        16. Haren beheitiko erroak ihartuko dira, eta goitiko adarrak izanen dira kraskatuak.

        17. Haren orhoitzapena galduko da lurretik, eta plazetan haren izena ez da aiphamenetan izanen.

        18. Iraizia izanen da argitik ilhunbeetara, eta mundutik kanpora.

        19. Ez du utziko bere odolekorik, ez ondorerik bere populuan; haren ganikakorik ez da izanen haren herrialdean.

        20. Haren egunean, gazteak harrituko dira eta zaharrak lazturaz josiak izanen dira.

        21. Horra beraz zertaratuko diren gaixtaginaren onak, horra nolakatuko den Jainkoa ezagutzen ez duena.

 

XIX. KAP.

        1. Jobek aldiz, ihardestean erran zuen:

        2. Noiz arteo atsekabe emanen diozue ene arimari, eta ehoa idukiren nauzue zuen erasiez?

        3. Huna hamarretan hari zaretela ni ahalketara arthiki beharrez, eta ni gaizki erabiltzeaz etzaitzue begithartea gorritzen.

        4. Jakingabe bat izatu banaiz ere, enetzat izanen da naski ene jakingabetasuna.

        5. Zuek berriz, ene kontra jaikitzen zarete eta atzeman nauten laidoez jazartzen darotazue.

        6. Orai bederen ezagutazue Jainkoak ez nauela bere erabaki zuzenaren arabera atsekabez eta azotez inguratu.

        7. Minaren minez oihu eginen dut, eta nihork ez nau entzunen; marraska eginen dut, eta ez da izanen zuzenari bere bidea emanen daroenik.

        8. Jaunak hertsi du ene bidea, eta ez naiteke iragan, eta ilhunbeak ezarri ditu ene bidexkan.

        9. Biluzi nau ene ospetik; khendu darot khoroa burutik.

        10. Alde orotarik xahutu nau, eta galtzen hari naiz; eta khendu darot ene pheskiza guzia, atheratua den zuhaitz bati bezala.

        11. Haren hasarrearen hatsa ene kontra jauzi da, eta horrela nau iduki etsai baten pare.

        12. Harek igorri ohoinak ethorri dira, ene gainera egin dute beren bidea, eta alde orotarik sethiatu dute ene olha.

        13. Ene ganik urrun igorri ditu ene anaiak; eta ene ezagunak, arrotz batzu bezala, gibelatu dira ni ganik.

        14. Ene hurbilek bazterrerat utzi naute; eta ezagutzen nindutenek ahantzi naute.

        15. Ene etxean zaudenek eta ene neskatoek arrotz bat bezala iduki naute, nonbaitko bideanta bezala izatu naiz hekien begietan.

        16. Deithu dut ene muthila, eta ez darot ihardetsi; eta bada, ene ahoz othoizten nuen.

        17. Ene hatsaz nakhaiztu da ene emaztea, eta alferretan othoitz egin diotet ene sabeletikako umeei.

        18. Zoroek berek eskamiatzen ninduten, eta urrundu natzaiotenean, enetzat gaizki erasten hari ziren.

        19. Higuindu naute bertze orduzko adiskide mamienek, eta gehienik maithatu dudana ene kontra atheratu da.

        20. Haragiak goanik, ene hezurrak larruari josi dira, eta ezpainak bakharrik gelditu zaizkit hortzen inguruan.

        21. Urrikal zakizkidate, urrikal, zuek bederen, ene adiskideak; ezen ukitu nau Jaunaren eskuak.

        22. Zertako darotazue jazartzen Jainkoak bezala eta ene haragitik zarete asetzen?

        23. Nork emanen darot iskribatuak izan ditezen ene hitzak? nork emanen darot izan ditezen liburu batean ezarriak,

        24. Berun-hostoan burdin-zorrotaz, edo harriaren gainean zizelaz bernuzatuak?

        25. Badakit ezen bizi dela ene Berreroslea, eta lurretik bizturen naizela azken egunean;

        26. Jauntziren naizela berriz ene larruaz eta ene haragian ikhusiren dudala ene Jainkoa,

        27. Zeina ikhusiren baitut neronek, eta ez bertze batek, eta ene begiak egonen zaizko begira. Hori da ene bihotzean jarria den igurikitza.

        28. Zertako diozue beraz orai: Jazar diozogun, lopideak horren kontra atzeman detzagun?

        29. Ihes egizue beraz ezpataren aitzinetik, zeren baita tzarkeriaren aspertzaile den ezpata bat; eta jakizue badela juiamendu bat.

 

XX. KAP.

        1. Bada, Sophar Naamatharrak ihardestean erran zuen:

        2. Karia hortaz asko gogoeta aldizkatzen dira ene baithan, eta ene gogoa baderamate alde batera eta bertzera.

        3. Entzunen dut irakhaspena, zeintaz baitarotazu jazartzen, bainan ene adimenduzko izpirituak bururatuko darot zer ihardets.

        4. Hau badakit, hastapenetik eta gizona lurraren gainean ezarria izan denetik,

        5. Gaixtaginaren ospea laburra dela, eta alegia-egileen bozkarioa begitzuli baten pare.

        6. Haren hanpurustasuna zeruraino igan baledi ere, eta haren buruak hedoiak jo baletza,

        7. Azkenekotz gorotza bezala gal laiteke; eta hura ikhusi zutenek erranen dute: Non da?

        8. Histen den amets bat iduri, ez da aurkhituren; iraganen da gauazko itxurapen bat bezala.

        9. Ikhusi zuen begiak ez du gehiago ikhusiren, eta bere lekhuak ez du gehiago ezaguturen.

        10. Haren semeak beharraren azpian ehoak egonen dira; bere eskuek bihurturen diote bertzeei egin gaizkia;

        11. Haren hezurrak betheko dira haren gaztetasuneko zabarkeriez, eta harekin herrautsean eginen dute lo.

        12. Ezen gaizkia gozo izanen zaioenean ahoan, gordeko du bere mihiaren azpian

        13. Guphidetsiko du, ez du utziko, eta bere zintzurrean gordeko du.

        14. Haren ogia sabelean aspikaren minera bihurturen zaio.

        15. Goiti eginen ditu iretsi dituen aberastasunak, eta Jainkoak atheraturen ditu haren sabeletik.

        16. Zurgaturen du aspiken burua eta biperaren mihiak hilaraziren du.

        17. (Ez ditu ikhusiren hibaieko xirripak, ez-eta ezti eta burrazko latsak.)

        18. Egin dituen guziak ordainez jasanen ditu, eta ez da halere ahitua izanen; bere atzemankeria guzien arabera, hanbat ere izanen du egartzeko;

        19. Zeren beharrak oinpean erabiliz larrutu baititu; etxea ebatsia baitu, eta ez berak egina.

        20. Ez da haren sabela ase; eta izan dukeenean gura zuen hura, ezin du gozatu.

        21. Deusere ez da gelditu haren jatekotik, eta hargatik deus ez da geldituren haren ontasunetarik.

        22. Ase ditakeenean, hestutzen eta ithotzen egonen da, eta guzizko oinhaze bat eroriko zaio gainera.

        23. Bethe beza bere sabela, Jainkoak igor diozon bere hasarrearen hatsa eta haren gainera uria bezala erorraraz detzan bere geziak.

        24. Burdinazko harmei itzuriko da, eta kobrezko arranbelara da eroriko.

        25. Ezpata buluzia eta bere maginatik atheratua da; dirdiratuz sarraskituko du; ikharagarrikeria batzu harat-hunatka ibiliko zaizko gainetik.

        26. Ilhunbe guziak bilduak dira haren arimako zolara; bizten ez den su batek iretsiko du; bere olhan orotaz utzia, atsekabetan egonen da.

        27. Zeruek argitaraturen dute haren tzartasuna, eta lurra jaikiren da haren kontra.

        28. Haren etxeko haurrak etsaiaren menean izanen dira, eta eramanak izanen dira Jainkoaren hasarreko egunean.

        29. Hori da Jainkoak gaixtaginari dadukon zathia, Jaunak haren solas tzarrei emanen daroten primantza.

 

XXI. KAP.

        1. Jobek aldiz, ihardestean erran zuen:

        2. Entzun zatzue, othoi, ene hitzak eta urrikitan sar zaitezte.

        3. Jasan nezazue, eta mintzatuko naiz; eta gero, iduritzen bazaitzue trufatuko zarete ene erranez.

        4. Gizon batekin othe dut ene makhurra, atsekabetan sartzeko ariarik ez izateko?

        5. Zaudezkidate begira, harri zaitezte eta erhia ezpainen aitzinean idukazue.

        6. Eta ni, orhoitzen naizenean, lazten naiz, eta ikharak jotzen du ene haragia.

        7. Zertako beraz gaixtaginak dira bizi, goratuak eta ontasunez gaindituak?

        8. Hekien ondoregoak badirau hekien aitzinean, beren hurbilekoen eta ilobasoen multzoaz inguratuak dira.

        9. Hekien etxeak beldurtzekorik gabe eta bakean dira, eta Jainkoaren azotea ez da hekien gainean.

        10. Hekien behiak ernaltzen dira eta ez dute hilori egiten, erditzen dira eta ez dute umea galtzen.

        11. Hekien haurrak arthaldeak bezala ilkhitzen dira eta jauzika hari dira beren jostetetan.

        12. Eskuetan dituzte atabala eta gitarra, eta organo-otsez bozten dira.

        13. Ontasunen erdian daramatzate beren egunak, eta aphur batez jausten dira hobira.

        14. Jainkoari erran diote: Urrunt hadi gu ganik, ez diagu hire bideez jakitaterik nahi.

        15. Nor da Ahalorotakoa, guk hura zerbitzatzeko, eta zer atheratuko dugu hura othoizturik ere?

        16. Halarik-ere urrun ni ganik gaixtaginen asmua, ezen hekien ontasunak ez dira hekien eskuko.

        17. Zenbatetan ez da iraungitzen gaixtaginen argia, uholdea etzaiote gainera heldu, eta Jainkoak ez diozkate igortzen bere hasarrearen oinhazeak?

        18. Izanen dira lastoa haizearen aitzinean bezala, eta xirimolak barraiatzen duen hautsa iduri.

        19. Jainkoak semeei begiratuko diote aitaren oinhazea, eta aitak ezagutuko du gaztigatua izan den orduan.

        20. Bere begiz ikhusiko du bere burua xahutua izaten, eta Ahalorotakoaren hasarreko uretik edanen du.

        21. Zer axola luke ezen bere etxeaz bere ondotik, bardin erdiz-erdi gutituak ez balitu bere hilabetheak.

        22. Nihor othe da zerbaiten irakhasteko Jainkoari, handi-mandi guzien juiatzaileari?

        23. Halakoa hiltzen da azkeneraino gozaturik indarra, osagarria, ontasunak, zoriona;

        24. Haren barnea urinak gori daduka, eta muinak hezatzen diozka hezurrak.

        25. Halakoa berria, bere arimako uherduran hiltzen da, eta ontasunak gabe.

        26. Eta bizkitartean elkharrekin herrautsean lo eginen dute, eta harrek bardin estaliko dituzte.

        27. Garbiki ezagutzen ditut zuen gogoeta eta ene gainerateko iduripen gaixtoak.

        28. Ezen diozue: Zer egin da buru-zagi horren etxea? Zer egin dira gaixtaginen olhak?

        29. Galdegiozue bideant edozeini, eta ikhusiko duzue horietaz orotaz jakintsun dela;

        30. Gaixtagina, galdu behar den eguneko begiratua dela, eta Jaunaren hasarreko eguneraino osorik dela eramana.

        31. Ezen haren aitzinean nork jazarriko dio bere bide gaixtoaz? nork bihurtuko diozka egin dituen gaizkiak?

        32. Hobira eramanen dute, eta iduriko du harek duela hilen baldarnako manamendua.

        33. Eder izan zaio Kozitoko ur-hegiari; nihonereko gizonketa eramanen du bere ondotik, eta ezin erran bezenbat izanen du aitzinean.

        34. Zertan hari zarete beraz alferretan niri gozagarri eman beharrez, ageri denean zuen erranak zeiher egiten dioela egiari.

 

XXII. KAP.

        1. Eta Eliphaz Themandarrak ihardestean erran zuen:

        2. Gizona, zuhurtzia oso baten jabe balitz-ere, Jainkoari erkhatzeko othe da?

        3. Zuzena bazare ere zertaz ontzen da Jainkoa? edo zer ematen diozu, garbia izanik ere zure bidea?

        4. Beldurrez hariko othe da zurekin solas xuritzen, eta juiamendutara zurekin atherako othe da?

        5. Ez othe zaitu zafratzen zure maltzurkeria handiaren eta nihonereko gaizkien gatik?

        6. Alabainan, ariarik gabe zure anaiei khendu diozute beren bahia, eta buluzak gabetu dituzu beren soinekoetarik.

        7. Akhitua zenari ez diozu eman ura, eta ogia gose zenari khendu diozu.

        8. Zure besoko indarraren itzalean gozatzen zinduen lurra, eta haskarrenarena eginez eskuperatzen zinduen.

        9. Alhargunak igorri ditutzu eskuak hutsik, eta umezurtzei hautsi daroztetzu ukharaiak.

        10. Horien gatik zare artez inguratua eta asaldatzen zaitu bat-bateko ikharak.

        11. Eta zuk uste zinduen etzinela ilhunbeak ikhusi beharra eta ur-uholdeak jorik eramatekoa?

        12. Ala ez duzu buruan Jainkoa zerua baino goragoa dela eta izarretarik goiti dela altxatzen?

        13. Eta diozu: Zer daki Jainkoak? Hedoi baten artetik bezala juiatzen du.

        14. Hedoi bat gordegarri du; ez dago gure gora-behereei begira, zeruko buru batetik bertzera inguruka dabila.

        15. Atxiki nahi othe duzu mende zaharretako bidea, gizon tzarrek zehatu dutena?

        16. Zeinak adinik gabe eramanak izan baitira, eta uharrak errotik eragotzi baititu;

        17. Zeinek Jainkoari erraten baitzaroten: Urrunt hadi gu ganik; eta zeinek hura baitzadukaten Ahalorotako Jaunak deusen egiteko ahalik ez balu bezala,

        18. Noiz-ere harek betheak baitzituzten etxeak ontasunez. Urrun ni ganik hekien ustekeriak!

        19. Zuzenek ikhusiren dituzte galtzen, eta bozturen dira; irain eginen daroete hobengabeak.

        20. Goratu ziren eta ez othe dira lurrerat eragotziak izan? eta suak ez othe ditu hekien ondarrak iretsi?

        21. Jainkoaren nahiari egiozu beraz amor, eta izan zazu bakea, eta horreletan zorion guziak izanen ditutzu.

        22. Haren ahotik har zazu legea, eta haren hitzak zure bihotzean ezar zatzu.

        23. Baldin Ahalorotakoa gana itzultzen bazare, berritan ezarria izanen zare zure zorionean, eta gaizkia urrun igorriren duzu zure olhatik.

        24. Lur-orde, emanen darotzu harria; eta harri-orde, urhezko uharrak.

        25. Ahalorotakoa zure etsaien kontra izanen da, eta dirua metatuko da zure etxean.

        26. Orduan Ahalorotakoa baithan aurkhituren duzu zure gogo guzia, eta Jainkoa ganat altxaturen duzu begithartea.

        27. Othoizturen duzu, eta entzunen zaitu, eta bozkarioz betheko ditutzu haren alderako zure botuak.

        28. Asmu bat eginen duzunean, gauza eskura ethorriko zaitzu, eta argiak dirdiratuko du zure bideetan.

        29. Ezen aphaldua izan dena, ospean izanen da, eta begiak beheititu dituena, hura salbatuko da.

        30. Hobengabea salbatuko da, bere eskuen garbitasunaz salbatuko da ordean.

 

XXIII. KAP.

        1. Jobek aldiz ihardestean erran zuen:

        2. Orai ere uherrez bethea da ene solasa, eta ene zauria egin duen eskua garratzago dago ene auhenak samin diren baino.

        3. Nork emanen darot ezagut dezadan ene Jainkoa, aurkhi dezadan eta goan nadien haren tronuraino?

        4. Haren aitzinera athera nezake ene hauzia, eta ene ahoa bethe nezake ene arrangurez,

        5. Jakin detzadan ihardetsiko darozkidan hitzak eta ezagut dezadan erranen darotana.

        6. Ez nuke nahi bere indar gaitzarekin iharduk lezan enekin, ez-eta leher nintzan bere handitasun dorphearen azpian.

        7. Zuzentasuna athera beza ene kontra, eta garaitiar ilkhi bedi ene hauzia.

        8. Bainan iguzki-haizera egiten badut, ez da agertzen; mendebalera banoha, ez dut ardiesten.

        9. Ezker itzultzen banaiz, zer eginen dut? ez dut atzemanen; eskuin egiten badut, ez dut ikhusiko.

        10. Berak ordean badaki ene bidea, eta frogatu nau suan iragaiten den urhea bezala.

        11. Ene oina haren hatzei jarraiki da, haren bidea iduki du, eta ez naiz hartarik makhurtu.

        12. Haren ahoko manamenduetarik ez dut gibel egin, ene bihotzean zaindu ditut haren ezpainetako hitzak.

        13. Hura bakharrik da alabainan dena, eta nihork ezin zeiherraraz dezake haren gogoa; eta haren izpirituak nahi duen guzia egiten du

        14. Bere nahia ene gainean duenean bethe, bertze halako asko eskuan ditu.

        15. Hargatik nahasten nau haren begitharteak, eta begiratzen diodanean, lotzen zait ikhara.

        16. Jainkoak amor eragin dio ene bihotzari, eta Ahalorotakoak nau asaldatu.

        17. Ilhunbe inguratzen nindutenen gatik ezen ez naiz galdu, eta hedoiak ez du bere lanbroaz itsutu ene begithartea.

 

XXIV. KAP.

        1. Denborak etzaizko Ahalorotakoari gordeak; bainan hura ezagutzen dutenak ez dakite haren egunen berri.

        2. Batzuek aldaratzen dituzte mugarriak, ebasten dituzte arthaldeak, eta alhara baderamatzate.

        3. Hartzen dute umezurtzen astoa, eta bahi eramaten dute alhargunaren behia.

        4. Iraultzen dituzte beharren bideak, eta batean zaphatzen dituzte lurreko gizon emeak.

        5. Bertze batzu, basastoak mortuan iduri, ilkhitzen dira beren lanera: harrapakinari zelatan egonez aphaintzen dute beren haurren jatekoa.

        6. Uztatzen dute berena ez duten landa, indarraren azpian eho dutenaren mahastian egiten dute arnoa.

        7. Gizonak buluzik igortzen dituzte, soinekoak khentzen diozkate, hotzetan estalgirik ez dutenei,

        8. Eta haukiek mendiko uriaz bustiak dira, eta estalgirik ez izanez, harri azpiari josten dira.

        9. Bortxa eginez, gaixtaginek larrutu dituzte umezurtzak, eta biluzi jende gaixoa.

        10. Has eta soinekorik gabe dabiltzanei eta gosez daudezinei eskutik khendu diozkate ogi-burukak.

        11. Hekien kharben artean egin dute eguerdiko loa, eta mahatsa dolhareetan lehertu dutenak egarriz daude.

        12. Hirietan gizonak auhenez iduki dituzte, eta sarraskitu dituztenen bozak deihadar egin du, eta Jainkoak ez du jasaiten goan dadien aspertua izan gabe.

        13. Argiari izan dira bihurri; ez dakizkate Jainkoaren bideak, eta ez dira haren bidexkez itzuli.

        14. Goiz lehenetik jaikitzen da gizon hiltzailea, bizia atheraten diote beharrari eta noharroinari; gabaz berriz, ohoina bezala izanen da.

        15. Lagunaren emazteari darraikona ilhunari dago begira, dioelarik: Nihork ez nau ikhusiko; eta gordetzen du begithartea.

        16. Gabaz zilhatzen ditu etxeak, egun hitzartuan, eta ez dute argiarekin, zer ikhus.

        17. Oharkabean heldu bazaiote argi-zirrinta, iduritzen zaiote herioaren itzala; eta ilhunbeka argiz bezala dabiltza.

        18. Halakoa uraren axala baino arinago da. Madarikatua izan bedi lurrean haren zathia, ez bedi mahaskietako bideaz ibil.

        19. Elhur-uretarik bero-khaldara iragan bedi, eta bere bekhatuak heriotzera eraman beza.

        20. Urrikalpenak ahantz beza; harrak izan beitez haren gozotasun; orhoitzapenetan izan ez bedi, bainan zuhaitz alferra bezala ebakia izan bedi.

        21. Hazi du ezen amatzen ez den barre-ta, eta ongirik ez dio egin alhargunari.

        22. Bere indar handian eragotzi ditu hazkarrak; eta buru egin beharko duenean, biziaren gal beldur izanen da.

        23. Jainkoak eman dio urrikitzeko astia; eta hura hartaz baliatu da hanpuruskeriako: bainan Jainkoaren begiak haren urhatsen gainean daude.

        24. Halakoak aphur batentzat goratu dira; ez dute iraunen; aphalduak izanen dira gauza guziak bezala; eramanak eta lehertuak izanen dira ogien buruak bezala.

        25. Hori hala ez bada, nork jazar dizaket gezurtika, eta ene hitzez nork niri iratxik Jainkoaren aitzinean?

 

XXV. KAP.

        1. Baldad Suharrak berriz, ihardestean erran zuen:

        2. Zeruko gainetan bakea erreginarazten dituenaren baithan daude ahala eta larderia.

        3. Athera ahal othe daiteke zenbat diren haren soldadoak? Eta noren gainera ez da haren argia ilkhitzen?

        4. Jainkoaren parrean gizona zuzentzat athera othe daiteke, edo emaztekiaren umea garbi ager othe daite?

        5. Ilhargiak berak ez du argitzen, eta izarrak ez dira xahu haren aitzinean.

        6. Zenbatez gutiago gizona, usteldura bat dena, eta gizasemea har bat baizik ez dena?

 

XXVI. KAP.

        1. Jobek aldiz ihardestean erran zuen:

        2. Noren laguntzera hari zare? herbal norbaiti? indar eskas denaren habe jartzen zare?

        3. Nor argitu beharrez hari zare? zuhurtziarik gabe den bat othe? eta zure umotasun handia erakhutsi othe duzu?

        4. Nor nahi izan duzu irakhatsi? ala hatsaren emailea?

        5. Hara non diganteak eta hekiekin egoten direnak dauden auhenez uren azpian.

        6. Haren aitzinean ifernua biluz da, eta lezeak estalgirik ez du.

        7. Harek hedatu du ipharra hutsaren gainean, eta lurra dilindan ezarri du ezdeusaren gainean.

        8. Harek lotzen ditu urak bere hedoietan, guziak ez ditezen batean eror beheiti.

        9. Harek idukitzen du bere tronua estalirik eta hedoiak hedatzen ditu haren gainera.

        10. Urei inguruan eman diote mugarri bat, argia eta ilhuna akhaba ditezen arteo.

        11. Haren buru higitze bati ikharatzen eta khordokatzen dira zeruko habeak.

        12. Bere indarrean bat-batean bildu ditu itsasoak, eta haren zuhurtziak zebatu du hanpurutsua.

        13. Haren izpirituak berregindu ditu zeruak, eta haren eskuak eraginez atheratu da suge bihurgunetsua.

        14. Haren bideetarik guti bat baizik ez da erranik; eta haren solasetik izpi bat baizik ez denean guk aditu duguna, nork begira diozoke haren ihurtzuriaren gaitzari?

 

XXVII. KAP.

        1. Job lothurik bere solas idurizkakoari, mintzatu zen oraino eta erran zuen:

        2. Bizi bedi Jainkoa, ene gaineko erabakia gibelatu duena, eta bizi bedi Ahalorotakoa, ene arima uherduran ezarri duena

        3. Zeren hatsa ene baithan gelditzen deno, eta ene sudur-mizpiretan Jainkoa ganikako biziak diraueno,

        4. Ene ezpainek ez baitute tzarkeria bat erranen, ez-eta ene mihiak gezur bat moldatuko.

        5. Urrun da uste baitut zuzen juiatzen duzuela; hil arteo ez naiz atheratuko hobengabe naizela erratetik.

        6. Ez dut utziko hasi dudan ene xuripena, ene bihotzak alabainan ez nerrau ene bizi guzian hobendun.

        7. Gaixtagintzat goan bedi ene etsaia, gizatzartzat niri par egilea.

        8. Zer pheskiza duke alegiakariak, jaramankeriaz lotzen bada bertzeen onari, eta Jainkoak haren arimari ez badio atherik idekitzen?

        9. Jainkoak entzunen othe du haren deihadarra, zorigaitza gainera ethorriko zaioenean?

        10. Ala bere gozoa aurkhituren othe du Ahaloratakoa baithan, eta edozein orduz Jainkoari dei eginen ahal othe dio?

        11. Jainkoaren laguntzarekin argituren zaituztet Ahalorotakoa baithan denaz, eta ez darotzuet gordeko.

        12. Bainan jakintsun zarete guziak, eta zertako ariarik gabe deratsatzue solas alferrak?

        13. Hau da gizon gaixtoaren zuzena Jainkoaren baithan, eta hau muthiriek Ahalorotakoa ganik hartuko duten primantza:

        14. Baldin seme asko heldu bazaio, ezpataren bazka izanen dira, eta haren ilobasoak ez dira ogiz aseko.

        15. Haren ganik geldituko direnak, hil orduko ehortziko dira, eta beren alhargunek ez darote deithorerik eginen.

        16. Dirua lur-meta bezala bildu balu ere, eta lohia bezala moltzatu balitu soinekoak,

        17. Lana hartuko du bai, gizon zuzenak ordean jauntziko ditu soinekoak, eta hobengabeak eramanen du diruaren zathia.

        18. Bere etxea biphiak bezala egin du, eta etxola bat egin du aberezainak bezala.

        19. Aberatsak bethiko loa hartuko duenean, ez du berekin deusere eramanen; idekiko ditu begiak, eta deus ez du atzemanen.

        20. Uhar batek bezala hartuko du erromeseriak, phesiak gabaz du lehertuko.

        21. Erretzen duen haize bat lothuko zaio, eramanen du, eta xirimola batek bezala jauzaraziko du bere tokitik.

        22. Jainkoak ezarriko dio eskua gainean eta ez du guphidetsiko; haren eskutik ihes egin beharrez hariko da.

        23. Haren lekhuari begiraturik, esku-zaflaka hariko dira haren gainean eta hixtuka ondotik.

 

XXVIII. KAP.

        1. Zilharrak badu lurrean bere adarren sorlekhua, eta urheak urtzen den tokia;

        2. Burdina lurretik atheratzen da; eta harria, beroak urthurik, kobre bilhakatzen da.

        3. Gizonak nahi duen iraupena eman dio ilhunari; bere begia heltzen du gauza guzien akhabantzara, lupheko ilhunbeetako harrira, heriotzearen itzalpeetara.

        4. Uharrak populu bidaianta ganik berezten ditu gizon beharraren oinak ahantzi dituenak eta helbiderik gabe direnak.

        5. Lurra, zeintan sortzen baitzen ogia, suaz iraulia izan da.

        6. Hartako harrietan da zafirraren lekhua eta hartako mokhorretan urhearena.

        7. Xoriak ez daki hango bidea, eta saiaren begiak ez du hura ikhus.

        8. Tratularien umeek ez dute hura oinkatu, eta lehoinaren urrixa ez da han gaindi iragan.

        9. Gizonak harriaren gainera hedatu du eskua, mendiak erroetarik irauli ditu.

        10. Harrietan errekak egin ditu, eta haren begiak gauza balios guziak ikhusi ditu.

        11. Hibaien zolak ere ikhartu, eta estaliak zirenak argiratu ditu.

        12. Bainan non atzematen da zuhurtzia? Eta zein da adimenduaren lekhua?

        13. Gizonak ez daki haren balioa, eta ez da aurkhitzen gozoki bizi direnen lurrean.

        14. Lezeak erraten du: Ez da ene baithan. Itsasoak dio: Ez da enekin.

        15. Ez da urherik ederrenarentzat ematen, ez da zilharrean trukatzen.

        16. Ez da Indietako oihal thindatuen aldean ezartzeko, ez-eta sardoniz harriaren edo zafirraren aldean.

        17. Urhea edo berina ez dira hari bardintzeko, eta ez dira urhezko untziak hartan trukatuko.

        18. Balio handieneko eta goreneko gauzak ez dira haren aldean aiphatuko; bainan zuhurtzia lekhu gordeetarik atheratzen da.

        19. Ethiopiako topaza ez da haren bardin ezarriko, ez-eta oihal thindatu ederrenak haren aldean.

        20. Nondik heldu da bada zuhurtzia? Non da adimenduaren lekhua?

        21. Gordea da bizi diren guzien begiei; zeruko hegastinentzat orobat estalia da.

        22. Galpenak eta herioak diote: Gure beharriz entzun dugu haren omena.

        23. Jainkoak ezagutzen du haren bidea, berak daki haren lekhua.

        24. Alabainan bera da munduaren bazterrak ikhusten dituena, eta zeruaren azpian diren gauza guziak begiz daduzkana.

        25. Hura da haizeari indarra eman dioena; harek neurritu ditu urak.

        26. Legea ematen zaroetenean uriei eta bidea phesi burrunbatsuei,

        27. Orduan ikhusi zuen zuhurtzia, orduan ezagutarazi, aphaindu eta ikhartu zuen.

        28. Eta gizonari erran zaroen: Huna Jaunaren beldurra, hau da zuhurtzia, eta gaizkitik gibelerat egiteko adimendua.

 

XXIX. KAP.

        1. Job lothurik bere solas idurizkakoari, mintzatu zen oraino, eta erran zuen:

        2. Nork emanen darot izan nadien beihala bezala, hala-nola Jainkoak begiratzen ninduen egunetan,

        3. Haren argiak ene gainera distiratzen zuenean, eta haren argitara ilhunbetan nindabilanean;

        4. Izatu naizen bezala ene gaztetasuneko egunetan, Jainkoa ixilik ene olhan zenean;

        5. Ahalorotakoa enekin eta ene haurrak ene inguruan zirenean;

        6. Oinak esnean garbitzen nintuenean, eta harria olio-ithurritara urtzen zitzaitanean;

        7. Hiriko athera goaten nintzenean, eta plaza gainean jarlekhu bat xuxentzen zarotatenean?

        8. Gizon-gazteek ikhusten ninduten, eta itzaltzen ziren; eta zaharrak jaikirik, xutik egoten ziren.

        9. Aitzindariak solasetik gelditzen ziren eta erhia ahoaren aitzinean ezartzen zuten.

        10. Buruzagiek beren mintzoa ithotzen zuten eta hekien mihia zintzurrari josten zen.

        11. Aditzen zuen beharriak dohatsu deitzen ninduen, eta ikhusten zuen begiak lekhukotasun bihurtzen zarodan,

        12. Atheratzen nituelakotz marraskaz zagoen beharra eta laguntzarik etzuen umezurtza.

        13. Galtzera zihoanaren benedizionea, ene gainera heldu zen, eta gozatzen nuen alhargunaren bihotza.

        14. Zuzentasunaz jauntzi dut ene burua; ene zuzentasunaz jauntzi naiz, aldagarri eta khoro batez bezala.

        15. Izatu naiz itsuaren begia eta mainguaren oina.

        16. Beharren aita nintzen; eta ez nakizkien gauzetan, artha handiz bilhatzen nintzen.

        17. Gaixtaginari hausten niozkan haginak, eta hortzetarik khentzen nioen phuska.

        18. Eta erraten nuen: Ene ohantzettoan hilen naiz, eta ene egunak palmak bezala berhaturen ditut.

        19. Ene erroa ur-bazterretan hedatzen da, eta ene hostoilan geldituren da ihintza.

        20. Ene ospea bethi berrituz goanen da, eta ene arranbela hazkartuz ene eskuan.

        21. Entzuten nindutenak, ene erabakiari begira egoten ziren; erne eta ixil zauden ene erranari.

        22. Etziren ausartatzen ene hitzei deusen iratxikitzera, eta ene solasa ihintza bezala jausten zitzaioeten gainera.

        23. Deitzen ninduten lur agorrak uria bezala; ahoak idukitzen zituzten lur hirrikatua udazkeneko erauntsiari dagoen bezala.

        24. Irri bat noiz edo noiz egiten banioten, ezin sinhetsiz egoten ziren, eta ene begitharteko argidura etzen lurrera erortzen.

        25. Hekien gana goan nahi banuen, buru-buruan jartzen nintzen; eta errege bat bere armadaz inguratua iduri jartzen nintzenean, halere nintzen atsekabetan zirenen gozatzaile.

 

XXX. KAP.

        1. Eta orai nitaz egiten dute irri gazteagoek, zeinen aitak ene arthaldeko zakhurren artean ezartzeaz nardatuko bainintzen;

        2. Zeinen eskuetako indarra ez-deusentzat bainadukan, eta bizia bera hekientzat sobera iduritzen baitzitzaitan.

        3. Beharrak eta goseak iretsiak, mortuan ahal zutena karruskatzen zuten, asturugaitzez eta erromeseriaz zikhina zariotela;

        4. Belharrak eta zuhaitz-azalak jaten zituzten, eta orreen erroz hazten ziren;

        5. Erreketara goaten ziren hekien harrapatzera; eta bakhar zenbait atzeman zuketenean, izkolaka harat laster egiten zuten.

        6. Mortuko erreketan, lurreko zilhoketan edo harri gainetan egoten ziren;

        7. Horrelako biziaz ziren boz, eta nihonereko atsegina zitzaioten sasipean egotea.

        8. Aita zoro eta putrusen seme eta lurrean doidoia baizik ageri ez diren batzu dagozkit eskarnioz.

        9. Orai hekien kantagailu bilhakatua naiz, eta errankizuntzat egina natzaiote.

        10. Higuintzetan nadukate, ene ganik urrun doazi ihesi eta ez dira beldur niri begithartera thu egiteko.

        11. Jainkoak alabainan ideki du bere gezi-untzia, eta erdiratu nau, eta balaztatu du ene ahoa.

        12. Ene zorigaitza hasi denean, jaiki dira berehala eskuin-aldean, behaztoparazi dituzte ene zangoak, eta beren urhatsen azpian hartu naute, itsasoko uhinek bezala.

        13. Urratu dituzte ene bideak, hedatu darozkidate zelatak, nausitu dira, eta nihor ez da niri languntzarik ekhartzeko izatu.

        14. Harrasi urratu batetik eta athe idekitik bezala jauzi zaizkit gainera, eta ene zorigaitzen erdian erori dira ene gainera.

        15. Ezdeusetaratua naiz; haizeak bezala eraman darotazue ene lehia; eta lanho bat iduri goan da ene zoriona.

        16. Eta orai ene arima ilhauntzen hari da ene baithan, eta atsekabezko egunak hartu nau.

        17. Oinhazeak gabaz erdiratzen ditu ene hezurrak, eta jaten hari nautenek ez dute lorik egiten.

        18. Hekien moltzoak iresten du ene jaunzkura, eta athorraren gaineko buruak bezala hertsatzen naute.

        19. Egina naiz lohia iduri, ilhauna eta hautsa bezala naiz bilhakatu.

        20. Deihadar darotzut egiten, Jauna, eta ez nauzu entzuten; zure aitzinean xutik nago, eta ez darotazu begiratzen.

        21. Muthiritu zaizkit, eta zure eskuaren gogortasunean etsai atheratu.

        22. Lurretik jauzi nauzu; eta haizearen gainean bezala ezarriz, phorrokatu nauzu guzia.

        23. Badakit heriotzera naramazula, bizi diren guzien etxea ezarria den lekhura.

        24. Guzia gatik ez duzu eskua hedatzen hekiek alde bat ahitzeko; eta erortzen badira ere, zerorrek salbaturen ditutzu.

        25. Beihala nigar egiten nuen atsekabetan zenaren gainera, eta ene arima beharrari urrikaltzen zitzaioen.

        26. Onari nindagoen begira, eta gaixtoa zait ethorri; argia nuen igurikitzen, eta ilhunbeak dira jauzi.

        27. Sutan dago ene barnea hatsarterik gabe: atsekabezko egunek ustekabean atzeman Haute.

        28. Auhenez nindabilan, sumindu gabetarik; xutituz marraska egiten nuen jendeen erdian.

        29. Erainsugeen anaia izatu naiz eta ostruken lagun.

        30. Ene gainean belztu da larrua, eta khaldak ene hezurrak khabartu ditu.

        31. Deithoretara aldatu da ene gitarra; ene organoak ez du nigar-egileen boza baizik.

 

XXXI. KAP.

        1. Patu egin dut ene begiekin, neskatxa bat ere gogoan ez erabiltzeko.

        2. Ezen bertzela Jainkoak zer zathi zukeen zerutik ene baithan, eta Ahalorotakoak zer primantza bere egoitza goratik?

        3. Galpena ez othe da gaixtaginarentzat, eta hastantzea tzarkeria egiten haritzen direnentzat?

        4. Jainkoa ez othe dago ene bide guziei begira, eta ez othe ditu ene urhats guziak khondatzen?

        5. Ergelkerian ibili balin banaiz, eta maularakotzat ene oina ernatu balin bada;

        6. Jainkoak phisu zuzenetan phisa beneza, eta ezagut beza ene lainotasuna.

        7. Ene urhatsa bidetik makhurtu bada, ene bihotza ene begiei jarraiki bada, eta ene eskuei notha bat lothu bazaiote;

        8. Erain bezat, eta bertze batek jan beza nik eraina; ene ganikako ondoregoa errotik atheratua izan bedi.

        9. Baldin ene bihotza linburtu bada emazteki baten gainean, eta zelatarik ene adiskide baten athean hedatu izan badut;

        10. Bertze baten ondar izan bedi ene emaztea, eta bertzeak makhur beitez haren gainera.

        11. Ezen hori zilhegi ez dena da, eta tzarkeriarik handiena;

        12. Su bat da ahitu arteo erretzen duena, eta ninika guziak errotik daramatzana.

        13. Baldin zuzenbideaz nardatu banaiz ene muthilaren eta neskatoaren alderat, makhur zerbait zutenean enekin;

        14. Zer eginen dut arren, Jainkoa juiatzera jaikiko denean? Eta zer ihardetsiko diot bilhatzera abiatzen denean?

        15. Ez othe nau amaren sabelean egin ene sehia ere egin izan duenak? eta ni sabelean irazkitu nauena eta hura egin duena, ez othe da Jainko bera?

        16. Beharrari nahi zuena ez badiot ukhatu, eta alhargunaren begia ez badut iguri egonarazi;

        17. Ene ahamena bakharrik jan ez badut, eta umezurtzak hartarik jan izan badu;

        18. (Ezen ene haurretik urrikalmendua enekin handitu, eta ene amaren sabeletik enekin atheratu da;)

        19. Erdeinatu badut bideanta has zelakotz, eta jende beharra etzuelakotz estalgirik;

        20. Baldin haren alderdiek ez banaute benedikatu, eta ene ardien ilearekin ez bada berotu;

        21. Baldin eskua altxatu badut umezurtzaren gainera, athean hazkarrago nintzela ikhusten nuenean ere;

        22. Sorbalda bere lotgunetik eror bekit, eta ene besoa bere hezurrekin kraska bedi.

        23. Ezen bethi Jainkoaren beldur izan naiz, ene gainera hantzen diren uhinen bezala; eta egundaino ezin jasan dut haren ahalkesunaren handia.

        24. Ez dut uste izan urhea zela ene indarra, eta ez diot urhe ederrenari erran: Hi haiz ene sinhestea.

        25. Baldin ene aberastasun handiez, eta zeren ene eskuak hainitz atzematen zuen boztu banaiz;

        26. Baldin begiratu badiotet iguzkiari dirdiratzen zuenean eta ilhargiari argirik zihoanean;

        27. Eta ene bihotza ixilik boztu bada, eta ahoz musu eman badiot ene eskuari;

        28. Hori laiteke tzarkeria gaitzena, eta Jainko guziz goraren alderako arnegamendua.

        29. Higuin ninduenaren gaitzaz ez naiz boztu, eta hura gaixtakerian atzemanik ez naiz bozkarioz jauzi;

        30. Ezen ez diot bekhatuari eman ene zintzurra, ixterbegia madarikatuz galdatzeko haren bizia.

        31. Ene olhako gizonek ez badute erran: Nork emanen daroku horren jakietarik asetzera?

        32. Arrotza ere ez da kanpoan egon, ene athea idekia izan zaio bideantari.

        33. Asko gizonek bezala estali badut ene bekhatua, eta golkhoan gorde badut ene tzarkeria;

        34. Oste handiak izitu banau, eta ahaideen erdeinuak lotsatu; aitzitik ez banaiz ixildu eta athetik ez ilkhi;

        35. Nork emanen darot entzule bat, Ahalorotakoak entzun dezan ene lehia, eta berak iskriba dezan ene gaineko erabakia liburu batean,

        36. Nik hura ene sorbaldaren gainean erabiltzeko eta hartaz khoro batez bezala ene burua inguratzeko?

        37. Urhats oroz erasiko dut hura, eta agertuko dut buruzagiaren aitzinera bezala.

        38. Ene lurrak ene kontra deihadar egiten badu, eta hartako hildoak harekin batean nigarrez badaude;

        39. Dirurik eman gabe jan baditut hartako fruituak, eta atsekabetan ezarri badut hartako laborarien arima;

        40. Ogi-orde eman biazat lapharra, eta garagar-orde elhorria.

 

XXXII. KAP.

        1. Bada, hirur gizon hekiek utzi zuten Jobi ihardestea, zeren zuzentzat zadukan bere burua.

        2. Eta Barakel Buztarraren seme Eliu, Erramen odoletikakoa, samurtu eta gaitzitu zen; eta Joben kontra hasarretu zen, erraten zuelakotz zuzena zela Jainkoaren aitzinean.

        3. Gaitzitua zen, berriz, haren adiskideen kontra, aria onik etzutelakotz khausitu Jobi ihardesteko, bainan Job hobendun erratea baizik etzutelakotz egin.

        4. Eliu beraz, Job mintzo zelarik begira egon zen, mintzo zirenak zaharragoak zirelakotz.

        5. Bainan ikhusi zuenean hirurek ezin ihardets zezaketela, handizki samurtu zen.

        6. Eliu, Barakel Buztarraren semeak ihardestean erran zuen: Adinez ni naiz gazteena eta zuek aldiz, zaharrenak; hargatik burua beheititurik herabe izan naiz zuei erakhusteko zer iduritzen zaitan hiri.

        7. Alabainan ene ustekeria zen adina mintzaturen zela, eta urtheek irakhatsiren zutela zuhurtzia.

        8. Ordean, ikhusten dudan bezala, izpiritua gizonetan den arren, Ahalorotakoaren ganik heldu da adigarria.

        9. Zuhurrenik ez dira bethi adin handikoak, ez-eta zaharrak zuzenaren adimendua gehienik dutenak.

        10. Hargatik erranen dut: Entzun nezazue, nik ere dakidana erakhutsiren darotzuet.

        11. Ezik zuen solasei begira egon natzaiote; zuen umotasunaren entzuten egotu naiz, hitzez gauzaren xuritzen haritu zareteno;

        12. Eta uste izan dudano zerbait erranen zindutela, iguriki izan dut: bainan ikhusten dudan bezala, zuetarik nihor ez da Jobi jazar eta hunen solasei ihardets dezakeenik.

        13. Ez bezazue erran: Aurkhitu dugu zuhurtzia; Jainkoak egotzi du Job, ez gizonak.

        14. Jobek niri ez darot deus erran, eta nik ez diot zuen solasen arabera ihardetsiren.

        15. Lotsatuak dira, ez dute gehiago ihardesten, eta hitza beren ahoan tapatu dute.

        16. Zeren beraz iguriki dudan, eta ez diren mintzatu; bekhoz bekho egotu diren, eta ez duten ihardetsi;

        17. Ni ere mintzaturen naiz ene aldian, eta erakhutsiren dut dakidana;

        18. Ezen erratekoz bethea naiz eta barneko izpiritu batek hertsatzen nau.

        19. Ene barnea da hatsbiderik ez duen linburreta bezala, zeinak untzi berriak zartarazten baititu.

        20. Mintzaturen naiz, hats aphur baten hartzeko; idekiko ditut ezpainak, eta ihardetsiko dut.

        21. Nor-nor-den ez naiz begiratuko eta ez dut Jainkoa gizonaren khide ezarriko.

        22. Ez dakit alabainan zenbat naizen biziko, eta hean egin nauenak laster ez nauen hemendik khenduko.

 

XXXIII. KAP.

        1. Job, adi zatzu beraz ene hitzak, eta beharria emozute ene solas guziei.

        2. Huna non ideki dudan ahoa, mintza dadientzat ene mihia.

        3. Bihotz lainotik ilkhiko dira ene hitzak, eta egia garbia erranen dute ene ezpainek.

        4. Jainkoaren izpirituak egin nau, eta Ahalorotakoaren hatsak nau biztu.

        5. Ihardets dizadazu, ahal baduzu, eta buruz buru jar zakizkit.

        6. Bai ni, bai zu, Jainkoak eginak gare, eta lur beretik orhatu gaitu.

        7. Arren ene antzeak ez bezaitza lotsa, ez-eta ene mihiaren ederrak aspira.

        8. Ene beharrietara zuk erran duzu, eta ongi aditu ditut zure solas haukiek:

        9. Garbi naiz eta hobenik gabe; nothagabe naiz eta tzartasuna ez da ene baithan.

        10. Ezen Jainkoak ene baithan erratekoak bilhatu ditu, bere etsaitzat nindaukalakoan;

        11. Estekan ezarri ditu ene oinak, eta zaindu ditu ene bidexka guziak.

        12. Hortan, bada, etzare garbi. Ihardetsiren darotzut, gizonaz handiagoa dela Jainkoa.

        13. Haren kontra erasten othe duzu, ihardetsi ez duelakotz zure elhe guziei?

        14. Jainkoa mintzatzen da behin eta ez du errepikatzen.

        15. Ametsez, gauazko agerkuntzetan, loa gizonen gainera erortzen denean, eta lo daudenean ohean;

        16. Orduan Jainkoak idekitzen ditu gizonen beharriak, eta hekiek argituz irakhasten diozkate jakin behar dituztenak,

        17. Gizona, egiten dituen gaizkietarik gibelaraztea gatik, eta hura hanpuruskerian atheratzeko,

        18. Haren arima galdukeriatik iraiziz, eta haren bizia iragan ez dadientzat ezpataren azpira.

        19. Oinhazeez halaber larderiatzen du bere ohean, eta maletarazten ditu haren hezur guziak.

        20. Gizona hala denean, ogiak eta lehen barnea lehiatzen zioen jatekoak jotzen diote gogoa.

        21. Urtzen da haren haragia; eta estaliak zituen hezurrak, agerian jarriko zaizko.

        22. Hurbildua da ustelduko den ordura, eta haren bizia heriotzeari alderatu zaio.

        23. Orduan baldin mila aingerutarik bat izaten bada haren alde mintzatzen dena, gizonaren zuzentasunaz aithor emateko;

        24. Hartaz urrikalduren da Jainkoa, eta erranen du: Athera zazu jauts ez dadien lurrean usteltzera; aurkhitu dut horri begithartez jartzeko aria.

        25. Oinhazeek iretsi dute horren haragia, bihur bedi bere gaztetasuneko egunetara.

        26. Othoiztuko du Jainkoa, eta Jainkoa begithartetsu izanen zaio; gizonak bozkariorekin ikhusiren du haren begithartea, eta Jainkoak bihurturen dio bere xuritasuna.

        27. Hunek begiratuko diote bertze gizonei eta erranen du: Bekhatu egin dut, eta zinez hobendun egin naiz, eta ez dut halere merezi nuena izatu.

        28. Horrela bere bizia atheratu du heriotzera goatetik, bainan iraunez oraino, goza dezan argia.

        29. Horra bada, horiek oro Jainkoak hirur aldiz egiten ditu gizon bakhotxari,

        30. Haren bizia heriotzetik bihurrarazteko eta gizon bizien argiaz argitzeko.

        31. Job, zaude atzarria eta entzun nezazu; eta mintzo naizeno, zaude othoi ixilik.

        32. Balin baduzu ordean zer erran, ihardets darotazu, mintza zaite; nahi dut ezen garbi ager ahal zaitezen,

        33. Erratekorik ez baduzu, adi nezazu; zaude ixil, eta irakhatsiren darotzut zuhurtzia.

 

XXXIV. KAP.

        1. Eliu beraz berriz mintzatu zen, eta haukiek ere erran zituen

        2. Gizon zuhurrak, entzun zatzue ene hitzak; jakintsunak, emadazue beharria.

        3. Ezen beharriak frogan ematen ditu solasak, eta zintzurrak gozotik ezagutzen ditu jakiak.

        4. Berez dezagun zer den zuzen, eta gure artean ikhus dezagun zer den hoberenik.

        5. Alabainan Jobek erran du: Zuzena naiz, eta Jainkoak ez dio ene zuzenari bere bidea ematen.

        6. Ezik gezurra bada ene gaineko erabakian: bekhaturik batere gabe, gezi muthiriak ditut sarthuak.

        7. Nor da gizona Joben iduriko dena, zeinak Jainkoaren alderako erdeinua iresten baitu ura bezala;

        8. Zeina tzarkerian hari direnen urhatsa baitaduka, eta gizon gaixtoekin baitabila?

        9. Erran du ezen: Gizona ez da Jainkoaren gogarako izanen, haren bidean ibili balitz ere.

        10. Hargatik, gizon umoak, entzun nezazue. Jainkoa ganik urrun da tzartasuna, urrun Ahalorotakoa ganik gaixtotasuna.

        11. Ezen gizonari bere egintzen arabera bihurturen dio, eta batbederari bere bideen arabera dio itzuliren.

        12. Egiazki alabainan ez du nihor hobenduntzat ariarik gabe atheratuko, eta Ahalorotakoak ez du zuzenaren kontra erabakiko.

        13. Bere orde lurraz nor kargutu du bertzerik? edo berak egin duen munduaren gaineko nor ezarri du?

        14. Garraztasunean begira balezo gizonari haren gogoak, bizia eta hatsa bere ganat khen letzozke.

        15. Gizon guziak batean ahi eta hauts bilhaka litazke.

        16. Baldin beraz zutan bada adimendua, entzun zazu solasa eta ene hitzei zaude atzarririk.

        17. Senda othe daiteke zuzentasuna maite ez duena? Eta nolaz zuk hunen ozarki hobenduntzat egiten duzu guziz zuzena dena?

        18. Zeinak errege bati erranen baitio: Arnegatu bat haiz; zeinak handi-mandiak deithuko baititu gizon tzarrak;

        19. Zeinak ez baitu begiratzen nor diren buruzagiak; zeinak handitasunik ez batio errege bati ezagutzen gizon beharrarekin duenean makhurra, ezen oro haren eskuz eginak dira.

        20. Errege edo buruzagi, bat-batean hilen dira; gauaren erdian jauziko da populua, eta ezeztatuko dira; eta gaixtoak bizia galduko du nihork lagundu gabe.

        21. Ezen Jainkoaren begiak gizonen bideen gainean daude, eta begiz daduzka hekien urhats guziak.

        22. Ez da ilhunberik, ez herioaren itzalik, hekien-pean gordetzeko tzarkeria egiten dutenak.

        23. Ez da alabainan gehiago gizonaren ahalean Jainkoari goatea zuzentasunaren gainean jazartzera.

        24. Xahutuko ditu asko eta asko ezin erran bezenbat, eta bertze batzu ezarriko ditu hekien orde;

        25. Zeren baitakizki hekien egitateak, eta hargatik gaua eginen du hekien gainera, eta xahutuak izanen dira.

        26. Gizon tzar batzu bezala, guzien aitzinean joko ditu hainak,

        27. Zeinak berariaz bezala urrundu baitira haren ganik, eta ez baitituzte nahi izan haren bideak ezagutu,

        28. Haren gana helarazteko beharraren oihua eta noharroinaren deihadarra.

        29. Ezen bakea ematen badu, nork hoben atherako dio? Eta bere begithartea gordetzen badu, nork bilhatuko du zer aria duen populuen edo gizon guzien gainean?

        30. Harek populuaren bekhatuen gatik erreginarazten du gizon alegiakaria.

        31. Ni Jainkoaz mintzatu naizenaz geroztik, zu ere etzaitut debekatuko.

        32. Makhur banabila, argi nezazu; tzarkeriarik erran badut, ez naiz gehiago mintzatuko.

        33. Jainkoak zure gainera ez othe lezake erorraraz ene solas makhurra, zure desgogarako izan den arren? Ezik zu hasi zare mintzatzen, eta ez ni; eta zerbait hoberik balin badakizu, mintza zaite.

        34. Adimendutako gizonak mintza bekizkit, eta gizon zuhurrak entzun beneza.

        35. Job ordean zoroki mintzatu da, eta hunen solasek ez dute umotasunik agertzen.

        36. Ene aita, Job frogatua izan bedi azkeneraino; ez bezaite bara tzarkeriako gizonaren gainetik;

        37. Zeren duen burhoa bere bekhatuen gainera ezarri, gure artean berriz hertsatua izan bedi; eta orduan ber: solasez Jainkoa deith beza juiamendutara.

 

XXXV. KAP.

        1. Eliu beraz hunela mintzatu zen berriz:

        2. Job, uste othe duzu zure gogoeta beharbezalakoa zela erran duzunean: Jainkoa baino zuzenagoa naiz ni?

        3. Ezen erran duzu: Zuzen dena ez da zure gogarako, edo zer baliatuko zare, nik bekhatu egiten badut?

        4. Hargatik ihardetsiko diotet nik zure solasei, eta zure adiskideei zurekin batean.

        5. Begiak eman zatzu zerurat, eta ikhusazu; zaudezkote zeruei begira; zenbatez da zutaz gorago!

        6. Bekhatu egiten baduzu, zer bidegabe ekharriko diozu? Eta metaka balira ere zure tzarkeriak, zer zinduke haren kontra eginik?

        7. Bada, zuzenki ibiliz ere, zer emanen diozu, edo zer on duke zure ganik?

        8. Zure gaixtakeriak zure iduriko gizon bati bidegabe ekhar diozoke, eta zuzentasunak on eginen dio gizaseme bati.

        9. Gezurrez beltzatzen hari direnen ostearen gatik, oihuz egonen dira; errege gaixtoen bortxen ariaz hariko dira marraskaka;

        10. Eta nihork ez du erran: Non da Jainkoa, ni egin nauena, gabaz kantuak ematen dituena,

        11. Lurreko abereez jakintsunago eta zeruko hegastinez argituago egiten gaituena?

        12. Han izkolaz egonen dira, eta Jainkoak ez ditu entzunen, gaixtaginen hanpuruskeriaren gatik.

        13. Jainkoak ez du beraz alferretan adituko, eta Ahalorotakoak begiratuko diote batbederaren ariei.

        14. Arren, zuk erran duzunean: Ez du begiratzen; juia zaitezi haren aitzinean, eta zaudezkio iguri.

        15. Ezen ez du oraiko orduan igortzen bere hasarrea, ez-etare garrazki jazartzen gaizkiari.

        16. Jobek beraz alferretan ideki du ahoa, eta elhe huts atheratzen hari da.

 

XXXVI. KAP.

        1. Solasari oraino jarraikiz, Eliuk erran zituen haukiek ere:

        2. Entzun nezazu aphur bat, eta zerbait agertuko darotzut, ezen badut oraino Jainkoaren alde zer erran.

        3. Hastetik lothuko natzaio berritan ene solasari, eta frogatuko dut zuzena dela ni egin nauen Jainkoa.

        4. Egiazki ezen ez da gezurrik ene hitzetan, eta jakitate oso batekoak direla frogatua izanen zaitzu.

        5. Jainkoak ez ditu botheretsuak iraizten, bere delarik botheretsu.

        6. Bainan gaixtaginak ez ditu salbatzen, eta zuzen dena bihurtzen diote beharrei.

        7. Prestuaren gainetik begiak ez ditu aldaratzen, eta erregeak bethiko ezartzen ditu tronuaren gainean, eta han gogortuak dira.

        8. Eta burdinetan izaten badira batzu, eta behartasunaren lokharriz lothuak,

        9. Jainkoak erakhutsiko diozkate beren egitateak eta tzarkeriak, zeren izatu baitira muthiri.

        10. Beharriak halaber argituko diozkate erantzuki egitekotzat; eta mintzatuko da, bihur ditezentzat tzarkerietarik.

        11. Baldin entzuten badute eta begiratzen badira, beren egunak ontasunen erdian eta urtheak ospean betheko dituzte.

        12. Bainan entzuten ez badute, ezpatatik iraganen dira eta beren zorokerian dira galduko.

        13. Alegiakariek eta maltzurrek jauzarazten dute Jainkoaren hasarrea, eta deihadar ez dute eginen, estekan izanen direnean.

        14. Adin ederrean eginen diote arimak eta hekien bizia iraungiren da emagizonena iduri.

        15. Jainkoak hesturatik atherako du beharra, eta atsekabeko orduan argituko dio beharria.

        16. Leze hertsi eta ondorik gabekotik zabalerat ilkhiko zaitu beraz, eta mahainean zure phausua guziz gori izanen da.

        17. Zure xuritzekoa gaixtaginarena bezala juiatua izan da; merezitu duzunaren arabera, zuzena bihurtua izanen zaitzu.

        18. Ez bekizu beraz nausi irakidura, norbaiten zaphatzeko; eta emaitzaketa batek ez biazazu amor eragin.

        19. Atsekaberik gabe beheiti zazu zure handikeria, eta muthiriei khen zozute indarra.

        20. Gaua ez bezazu luza, populuak ethor dakizkitzun hekien kontrako erratekoekin.

        21. Berautzu gaizkirat makhur, ezen haren ondotik abiatu zare beharrera eroriz geroztik.

        22. Huna bada, Jainkoa zein gora den bere indarrean, eta bere idurikorik legegileetan ez du.

        23. Nork ikhar detzazke haren bideak, edo nork erran diozoke: Zuzenari bidegabe diozu egin?

        24. Orhoit zaitezi etzarela jakintsun haren egintzez, zeinetaz gizonek eman baitituzte kantuak.

        25. Gizon guziek ikhusten dute, batbederak urrundik begiratzen dio.

        26. Huna Jainkoa handi dela, gure jakitateari garai; haren urtheek zenbatik ez dute.

        27. Harek goititzen ditu ur-inharrak, eta hibaiak iduri, ixurtzen ditu uriak,

        28. Hedoietarik jausten eta lurraren gaina estaltzen dutenak.

        29. Harek nahi duenean, hedoiak hedatzen ditu bere itzalkari bezala;

        30. Harek gainetik dirdirarazten ditu bere argiak; itsasoko ondarrak ere estaltzen ditu.

        31. Hekien bidez juiatzen ditu populuak, eta hazkurria hainitz gizoni igortzen diote.

        32. Bere eskuetan gordetzen du argia, eta manatzen dio alfer dadien berriz.

        33. Maite duenari erakhusten dio argi hura dela haren primantza eta hartara igan daitekeela.

 

XXXVII. KAP.

        1. Hortaz lazten da ene bihotza eta bere lekhutik egiten du.

        2. Haren mintzoak emanen darotzuen ikharan entzun zatzue haren irakhaspena eta haren ahotik ilkhitzen den burrunba.

        3. Begira dago bera zeru guzien azpira, eta haren argiak jotzen du lurraren bazter batetik bertzera.

        4. Haren ondotik burrunbatuko du harrabots lazgarriak, bere orroa handiarekin karraskatuko du; eta orroa entzun denean, nihor ez da ausartatuko zerezkoa den bilhatzera.

        5. Gauza handi eta ezin-ikhartuzkoak egiten dituen Jainkoak ikharagarriki burrunbaraziren du bere boza.

        6. Harek manatzen diote jauts ditezen lurrera elhurrari, neguko uriei eta bere hazkartasuneko zophernei;

        7. Harek zigiluaz jotzen ditu gizon guzien eskuak, batbederak ezagut detzan bere egintzak.

        8. Basaberea bere gordegailura sarthuko eta bere zilhoan egonen da.

        9. Hegoa beheretik heldu da phezia, eta hotza ipharretik.

        10. Jainkoak haize egin, eta horma gogortzen da; berriz haize egin, eta ur turrustetan badihoa.

        11. Ogiak ur eske daudezi hedoiei, eta hedoiek beren argia hedatzen dute.

        12. Inguruan badoazi hekiek manatzen dituenaren nahiak igortzen dituen edozein tokitara, lurraren hedadura guzian bidaltzen dituen lekhu guzietara,

        13. Edo leinu batera, edo lur batera, edo haren urrikalmenduko zein-nahi tokitan aurkhitzeaz mana dezoten.

        14. Oi Job, entzun zazu hau; bara zaite; begia emozute Jainkoaren sendagailei.

        15. Othe dakizu noiz Jainkoak uriei manatu dioketen erakhuts dezaten haren hedoien argia?

        16. Othe dakizkitzu hedoien bide handiak eta Jainkoaren jakitate osoak?

        17. Lure soinekoak ez othe dira bero, lurra hegoaz haizeztatua denean?

        18. Zuk beharbada Jainkoarekin lanthu ditutzu zeruak, zeinak kobrez urthu balira bezain sendoak baitira.

        19. Irakhats dizaguzu zer erranen diogun, ezen gu ilhunbez gare inguratuak.

        20. Nork erranen darozkio nik diotzadanak? Baldin gizon bat mintzatzen abia baledi ere, iretsia geldi laiteke.

        21. Bainan orai argia ikhusten ez dute; airea bat-batean hedoi egiten da, eta iragaiten den haize batek barraiatzen ditu.

        22. Ipharretik heldu da urhea, eta ikhararekin ospatu behar da Jainkoa.

        23. Dagokion bezala nolakoa den ardiets ez dezakegu; handi da bere indar, erabaki eta zuzentasunaz; ezin-erranezkoa da.

        24. Hargatik gizonak izanen dira haren beldur, eta beren buruak zuhur daduzkatenetarik nihor ausartaturen ez da hari bekhoz bekho begiratzera.

 

XXXVIII. KAP.

        1. Bada, xirimola baten erditik mintzatuz, Jainkoak erran zaroen Jobi:

        2. Zuhurtziaren erranak jakitategabeko elhetan inguratzen dituen hori nor da?

        3. Gizon batek bezala tinka zazu gerria; galdeak eginen darozkitzut, eta ihardetsiko darotazu.

        4. Non zinen lurraren asentuak jartzen nituenean? Erradazu, adimendurik balin baduzu.

        5. Errazu, balin badakizu, nork ezarri dituen haren neurriak, edo nork hedatu dioen gainetik haria?

        6. Zeren gainean dira gogortuak haren asentuak, edo nork jarri du haren izkinaharria,

        7. Argizagi goixtiarrek batean laudatzen nindutenean, eta Jainkoaren umeak oro bozkariotan zaudenean?

        8. Itsasoa antaperetan nork hertsi du, jauzten zenean amaren sabeletik ilkhitzen balitz bezala,

        9. Hedoi bat ematen naronean estalgitzat, eta gobelaz inguratzen nuenean haurtasuneko xatharrez bezala?

        10. Inguruan ezarri diozkat ene zedarriak, haga eta atheak.

        11. Eta erran dut: Horraraino ethorriko haiz eta ez duk eginen aitzinago, eta hor lehertuko dituk hire tirain hantuak.

        12. Sorthu zarenaz geroztik zuk manatzen othe duzu argidiria, eta argizkorriari zuk erakhusten othe diozu bere lekhua?

        13. Zuk iharrosiz iduki othe ditutzu lurraren buruak eta hartarik eragotzi gaixtaginak?

        14. Itxura berrituko zaio, buztinak hatz bat hartzen duen bezala, eta egonen da soineko bat iduri.

        15. Gaixtoei beren argia khendua eta beso gora hautsia izanen zaizkote.

        16. Sarthu othe zare itsaso-barneraino eta ibili lezearen ondarretan?

        17. Herioaren atheak idekiak izan zaizkitzu? ikhusi duzu hango sartze beltza?

        18. Begia eman diozu lurraren zabalari? Erran dizadatzu guziak, balin badakizkitzu.

        19. Non egoten da argia, eta zein da ilhunbeeen lekhua,

        20. Bakhotxa bere eremura eraman dezazun eta ezagut detzatzun hekien egoitzetako bideak?

        21. Aitzinetik othe zinakien sortzekoa zinela, eta ezagutzen othe zinduen zure egunen luzetasuna?

        22. Sarthu zare elhurraren bildegietan? ikhusi ditutzu harriaren bildegiak,

        23. Zeinak xuxendu baititut etsaiaren ordukotzat, gudu eta gerlaren eguneko?

        24. Zein bidetarik argia hedatzen eta beroa lurraren gainera dira barraiatzen?

        25. Nork eman diozkate uhar gaitzari gaia eta ihurtzuri burrunbatsuari bides,

        26. Erorraraztekotzat uria lurrera, gizonik gabeko mortuan, nihor-ere egoten ez den lekhutan;

        27. Toki basa eta ibilbide ez direnen bethetzeko, belhar ferdeak ekhar detzatentzat?

        28. Nor da uriaren aita, edo nork egin ditu ihintz-inharrak?

        29. Noren sabeletik ilkhi da horma? nork egin du zerutikako izotza?

        30. Urak harria bezala mokhortzen dira, eta zurrunbiloaren gaina gogortzen da.

        31. Gai izanen othe zare Xitoiloen izar dirdirariak elkharganatzeko eta Zazpi-Ohoinak barraiatzeko?

        32. Zuk agerrarazten othe duzu goizean artizarra bere mugan eta arratsean lurreko umeen gainean jaikiarazten ilhuntzeko izarra?

        33. Othe dakizu zeruko antolamendua, eta emanen othe duzu haren aria lurraren gainean?

        34. Helduko duzu zure oihua hedoietaino, eta ur-uharrak zurrutaturen othe dira zure gainera?

        35. Zuk manatu-eta ozpina goanen othe da, eta gibelerakoan erranen othe darotzu: Huna ni?

        36. Nork ezarri du zuhurtzia gizonaren barnean; edo nork eman dio oilarrari ezagutza?

        37. Nork erranen du zeruetako bideen aria? hango itzulien arteko batasuna nork du lohakarraziren?

        38. Non zinen herrautsa lurrean herrausten eta mokhorrak mokhortzen zirenean?

        39. Zuk atzematen othe duzu lehoinaren urrixa puska, eta zuk asetzen othe ditutzu haren umeak,

        40. Harpetan etzanak eta zilhoetan zelatan daudezinean?

        41. Nork aphaintzen dio beleari bere jatekoa, haren umeak Jainkoari karrankaz daudezinean, hor-hemenka ibiliz jatekorik ez dutelakotz?

 

XXXIX. KAP.

        1. Badakizu orkhatzak noiz erditzen diren harkadietan, edo ikhusi ditutzu orenak erditzen?

        2. Khondatu ditutzu hekiek ernari egoten diren hilabetheak, eta badakizu noiz erditzen diren?

        3. Makhurtzen dira umearen egiteko, erditzen dira eta orroa egiten dute.

        4. Umeak berezten eta alhara goaten dira; ilkhitzen dira eta hekien ganat ez bihurtzen.

        5. Nork utzi du basastoa bere buruaren jabe, eta nork urratu ditu haren lokharriak?

        6. Mortuan eman diot etxea, eta gatz-lurrean olhak.

        7. Hiriko osteaz trufatzen da, nausi baten oihua ez du aditzen.

        8. Bere alhapidetako mendiei begiratzen diote inguruan eta orotan belhar berdeketa dabila.

        9. Errinozeroak nahiko othe zaitu zerbitzatu, eta egonen othe da zure heian?

        10. Zure hedearekin errinozeroa uztartuko othe duzu lurraren iraultzeko, edo zure ondotik lehertuko othe ditu haranetako mokhorrak?

        11. Haren indar handiaren gainean fidatuko zare, eta utziko othe diozkatzu zure lanak?

        12. Uste duzu bihurturen darotzula eraina, eta bihiak ekharriko dituela zure larrainera?

        13. Ostrukaren hegatsak iduri du amiamokoarena eta astorearena.

        14. Bere arroltzeak lurrean uzten dituenean, zuk othe berotzen ditutzu herrautsean?

        15. Ahanzten du oinak azpian hartuko edo lar-abereak lehertuko dituela beharbada.

        16. Gogorra da bere umeentzat, bereak ez balitu bezala, eta alferretan haritu da lanean deusek etzuelarik bortxatzen.

        17. Alabainan Jainkoak zuhurtziaz gabetu du, eta ez dio ezagutzarik eman.

        18. Behar orduan, hegalak goiti altxatzen ditu, eta trufatzen da zaldiaz eta haren gainekoaz.

        19. Zuk emanen diozu zaldiari indarra, edo haren bulharretan ezarriko duzu irrintzina?

        20. Zuk jauzkaraziko duzu xartala bezala? Haren sudur-xixtuak ikhara ematen du.

        21. Hatz-behatzaz lurra zilhatzen du, susaiki jauzten da; gizon harmatuei aitzinera badohakiote.

        22. Nardatzen da beldurraz, ezpatari amorrik ez dio egiten.

        23. Haren gainean krinkaka hari da gezi-untzia, eta dirdiratzen dute lantzak eta erredolak.

        24. Irakiduran, dardaran, lurra jaten du; turutaren durrundak sutan ezartzen du.

        25. Aditzen du turuta? erraten du: Aitzina! Urrunetik usnatzen du gudua; aditzen ditu aitzindarien solas berogarriak, eta armadaren marrumak.

        26. Zure zuhurtziaren bidez lumatzen da astorea, bere hegalak hegoara hedatuz?

        27. Zure manura goratuko da arranoa, eta lekhu gaitzetan kokatzen du bere ohantzea?

        28. Harrietan dago, gerenda xutetan eta ezin-ardietsizko harkadietan du bere egoitza.

        29. Handik begiztatzen du bere harrapakina; haren begiek urrunera ikhusten dute.

        30. Haren umeek odola edoskitzen dute; eta non-nahi izan dadien hilikia, han da berehala.

        31. Eta Jauna mintzatu zen oraino, eta erran zioen Jobi:

        32. Jainkoarekin eztabadaka hari dena, hunen errexki eztitzen othe da? Segurki, Jainkoari jazartzen dioenak ihardetsi behar dio.

        33. Bainan Jobek Jainkoari ihardestean erran zioen:

        34. Arinki mintzatu naiz, eta zer ihardets dezaket? Eskua ezarriko dut ene ahoaren gainean.

        35. Hitz bat erran dut, eta oxala atheratu ez banu! bertze bat ere erran dut, eta ez darotet bertzerik ondotik emanen.

 

XL. KAP.

        1. Bada, Jaunak xirimolatik Jobi ihardestean, erran zuen:

        2. Tinka zazu gerria gizon batek bezala; galdeak eginen darozkitzut, eta ihardets darotazu.

        3. Alferretara bihurraraziren othe duzu ene erabakia, eta hobendun eginen othe nauzu zure buruaren garbi atheratzeko?

        4. Jainkoak bezalako beso bat othe duzu, eta zure bozak harenak bezala burrunbatzen othe du?

        5. Edertasunez ingura zaite, tronu gora batera igan zaite, ospetsu izan zaite eta soinekorik ederrenez aphain zaite.

        6. Hanpurutsuak zure suminduran herrautsa bezala haiza zatzu; burgoiari begiratu-eta lurrera herresta zazu.

        7. Hanpurutsuak begi ukhaldi batez urmaria zatzu, eta gaixtaginak han berean leher zatzu.

        8. Oro batean herrauspean gorde zatzu eta hekien begithartea hobian itsu zazu;

        9. Eta nik aithorturen dut zure eskuina zure salbatzeko gai dela.

        10. Huna Behemoth zurekin egin dudana, belharra idiak bezala janen du.

        11. Horren hazkartasuna gerrian da eta sabeleko xilkhoan du bere indarra.

        12. Horren buztana zedroa bezain laz egiten da, horren potroetako zainak gurutzelarkatuak dira.

        13. Horren hezurrak kobrezko tutuak bezala dira, horren hezur-lokharriak dira burdinazko zaflak iduri.

        14. Hori da Jainkoaren egintzetan lehenbizikoa; hori egin duenak erabiliko du horren ezpata.

        15. Horrentzat mendiek ekhartzen dituzte belharrak, eta lar-abereak harat heldu dira dostatzera.

        16. Horrek itzalpean, khanaberen arteko gordegailuetan eta lekhu hezeetan egiten du lo.

        17. Itzalek gerizatzen diote bere itzala, errekako zumelikek inguratzen dute.

        18. Hara non edanen duen hibai bat, eta ez da harrituko; eta Jordanea bere ahora uste du eroriko zaioela.

        19. Amuaz bezala gizonak begietarik atzemanen du eta hesaulez zilhatuko diozka sudur-mizpirak.

        20. Amuaz atheratuko othe duzu Lebiathan, eta sokhaz estekatuko othe diozu mihia?

        21. Ezarriko diozu erreztun bat sudur-mizpiretarik edo muthurra zilhatuko diozu ustei batez?

        22. Bilduko duzu zuri othoitz egitera eta eztikeria erratera?

        23. Zurekin patu eginen du eta bethiko gathibu hartuko duzu?

        24. Xori batez bezala dostatuko zare hartaz, eta zure neskatoei estekatuko diozute?

        25. Phuskatuko dute adiskideek, eta tratulariek zathituko dute?

        26. Haren larruaz betheko duzu arrantzarien sarea, eta haren buruaz arrainen phutzua?

        27. Eskua gainean ezar zozu; orhoit zaitezi gerlaz, eta ez abia gehiago mintzatzera.

        28. Horra non urmariatuko den haren pheskiza, eta non eragotzia izanen den guzien begien aitzinean.

 

XLI. KAP.

        1. Ez dut odolkoi batek bezala eraikiren; ezen nork itxikiko dio ene begitharteari.

        2. Nork lehenik eman darot zerbait, gero berari bihurtzekotan? Eneak dira zeruaren azpiko guziak.

        3. Ez dut guphide izanen; ez dut amorrik emanen haren solas hazkar eta othoizteko aphainduei.

        4. Nork agertuko du haren gaineko azala, eta nor sarthuko da haren ahoaren erdira?

        5. Nork idekiko ditu haren muthurreko atheak? Laztura dago haren hortzen inguruan.

        6. Haren bizkarra da guzia erredola kobrezkoz bezala, elkhar tinkatzen duten ezkataz josia.

        7. Ezkatak bata bertzeari lotzen dira, eta hats bat ere ez da artetik sartzen.

        8. Bata bertzeari iritxikitzen dira, eta elkharri idukiz ez ditazke nihondik berez.

        9. Haren urzintzak iduri du suko garra, haren begiratzeek argitzeko dirdirak.

        10. Haren ahotik argiak ilkhitzen dira, zuzi biztuak iduri.

        11. Haren sudur-mizpiretarik atheratzen da khea, suan irakitzen duen eltzetik bezala.

        12. Ikhatzak bizten ditu haren hatsak, eta garra ilkhitzen da haren ahotik.

        13. Indarra haren lephazakian dago, gosetea haren aitzinean dabila.

        14. Haren gorphutzeko alderdiak hazkarki iratxikiak dira elkharri; ozpina eror lakiokete gainera, eta nihorat ez laizteke higi.

        15. Haren bihotza gogortuko da harria bezala eta harotzaren ingudioa bezala mokhortuko da.

        16. Jaikiko denean, aingeruak izituko dira, eta beren izialduran, beren buruen xahutzen hasiko dira.

        17. Ezpata lothuko zaioenean, ez ezpata, ez lantza, ez gerruntzerik ez da hari ihardetsiko ahal dioenik.

        18. Ezen burdinaz axola izanen du, nola lastoaz; eta kobreaz, nola zur ustelaz.

        19. Arranbelariak ez du ihes igorriko; habalatikako harriak ez dira harentzat zizkirra baino gehiago.

        20. Mailua etzaio lasto-zizkirra baino gehiago izanen, eta irri-eginen du lantzaren dixiduaz.

        21. Iguzkiaren dirdirak haren azpian dira; urhea lohia bezala zagoen azpian erabiliko du.

        22. Itsaso-barna eltze bat bezala irakitaraziko du, eta ezarriko du baltsamuek irakitzen dutenean bezala.

        23. Bidexka argi bat eginen da haren ondotik, eta zurrunbiloak iduriko du gizon zaharraren buru zuria.

        24. Ez da lurraren gainean ahalik harekin erkhatzekorik, ezen hura egina da nihoren beldur ez izateko.

        25. Gora derabilka begia, hura baita hanpurustasunaren utne guzien errege.

 

XLII. KAP.

        1. Orduan Jobek Jaunari ihardestean erran zuen:

        2. Badakit ahal guziak zurekin direla, eta gogoetarik ez dela zuretzat gordea denik.

        3. Nor da jakitaterik gabe itsutuko duena Jainkoaren asmua? Hargatik erasi ditut zorokeriak eta ene jakitatea iragaiten zuten gauza neurrigabekoak.

        4. Adi nezazu, eta mintzatuko naiz; galdeak eginen darozkitzut, eta ihardets darotazu.

        5. Entzun izan zaitu ene beharriak, bainan orai ene begiak zaitu ikhusten.

        6. Horren gatik ene buruari erantzuten diot, eta penitentzia egiten dut herrautsean eta hutsean.

        7. Jaunak hitz horiek Jobi erran ondoan, Eliphaz Themandarrari erran zaroen: Ene hasarrea zure gainean eta zure bi adiskideen gainean da, ene aitzinean etzaretelakotz zuzentasunean mintzatu, Job ene zerbitzaria bezala.

        8. Har zatzue beraz zazpi zezen eta zazpi ahari, eta zoazte Job ene zerbitzaria gana, eta zuentzat holokausta bat eskaint zazue; Jobek berriz, ene zerbitzariak, zuentzat eginen du othoitz; onhetsiko dut haren begithartea, ez dakizuentzat jazarria izan zuen zorokeria; ezen etzaizkidate zuzentasunean mintzatu, Job ene serbitzaria bezala.

        9. Eliphaz Themandarra, Baldad Suharra eta Sophar Naamatharra goan ziren beraz eta egin zuten Jaunak erran zaroetenaren arabera, eta Jaunak onhetsi zuen Joben othoitza.

        10. Jauna halaber jabaldua izan zen Joben errekeietara, bere bi adiskideentzat othoitz egiten zuenean; eta Jobi bikhunka bihurtu ziozkan lehenago zituen ontasun guziak.

        11. Haren anaia guziak berriz, haren arreba guziak eta aitzineko ezagunak oro ethorri ziren haren gana, eta jan zuten haren etxean. Burua urrikariz, higitu zuten haren gainera, eta Jaunak haren gainera erakharri zituen asturugaitz guziez gozakari eman zaroten; eta bakhotxak eman zaroten ardi bat eta urhezko beharrietako bat.

        12. Jaunak aldiz gehiago benedikatu zuen Job azkenerat hastapenean baino. Haren arthaldeak ethorri ziren hamalau mila arditara, sei mila kamelutara, mila idi-uztarritara eta mila asto urrixetara.

        13. Eta izan zituen zazpi seme eta hirur alaba.

        14. Eta neskatxa bat deithu zuen Eguna, bigarrena Kasia, eta hirurgarrena Antimonio-adarra.

        15. Etzen bada, lur guziaren gainean khausitu emaztekirik Joben alabak bezain ederrik, eta beren aitak eman zaroeten ontasunetan zuzen bera nola hekien anaiei.

        16. Horiez geroztik berriz, Job bizitzan zen ehun eta berrogoi urthe; ikhusi zituen bere semeak eta bere semeen semeak laugarren belhauneraino, eta hil izan zen zaharturik eta egunez bethea.

 

aurrekoa hurrengoa