www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

ABDIASEN PROFEZIA

 

        1. Abdiasen ikhuspena. Edomi hau derro Jainko Jaunak: Jaunaren ahotik aditu dugu erraten, eta bidalkin bat igorri du jendaietara; eta erraten dute: Jaiki jaiki gaitezen oro Edomi gudu ematera.

        2. Huna aphurrik ezarri hindudala jendaien erdian: guziz haiz erdeinagarri.

        3. Hire bihotzeko hanpuruskeriak handitu hau; harkaitzen zilhoetan hagoelakoz, mendietan gora jarri haizelakoz, hire bihotzean erraten duk: Nork jautsaraz ni beheiti?

        4. Arranoa bezala goiti bahindedi ere, eta izarren artean koka baheza hire ohantzea, beheiti hintzaket handik, dio Jaunak.

        5. Ebasleak sarthu balire hire etxean, ohoinak gabaz ethorri balire, ez othe hindaite ixilttorik egonen? Beren dina baino gehiago eraman othe lezakete? Mahats-hartzaileak hire mahastira sar baleitez, mulkhotto bat bederen ez othe liazaketek utz?

        6. Nola ikhartu dute Esau? nola bilhatu dire haren zokhoetan?

        7. Hire muga bururaino iraizi haute; hirekin batasun zuten guziek jokhatu haute; hire kontra nausitu dituk hire bakezko gizonak; hirekin jaten zutenek arteak hedatu darozkie azpian. Umotasunik ez da Edomen baithan.

        8. Ez othe ditut, dio Jaunak, egun hartan galduren Idumeatik zuhurrak, eta Esauren menditik umotasuna?

        9. Eta hegoaldetik ikharan egonen dire hire hazkarrak, Esauren menditik xahutzen hari delakoz gizona.

        10. Hire anaia Jakoben gainean egin izan ditukan heriotze eta gaixtakerien gatik, ahalkeak estaliren hau, eta galduren haiz behin bethiko.

        11. Haren kontra atheratua hintzen egunean, arrotzek hartzen zutenean haren armada, atzeak sartzen zirenean haren atheetan, eta zortea arthikitzen zutenean Jerusalemeren gainera, hi ere orduan hekietarik bat bezala hintzen.

        12. Ez duk gehiago erdeinurik arthikiren hire anaiaren egunean, haren desterruko egunean; ez haiz bozkarioz ibiliren haren galpeneko egunean; eta hire ahoa ez duk espantuz betheren hesturako egunean.

        13. Eta ez haiz ene populuaren athean sarthuren haren xahupeneko egunean; eta ez duk hik ere erdeinua arthikiren haren desmasiako egunean; eta ez haiz haren armadaren kontra izanen bidalia haren xahupeneko egunean.

        14. Eta ez haiz atheketan jarriren ihes eginen dutenen hiltzeko; eta ez dituk haren ondarrak hertsiren egun gaitza dathorrenean.

        15. Ezen jendaki guzien gainean hurbil da Jaunaren eguna: nola egin baituk, hala eginen zaik; hire saria bihurturen zaik hire buruaren gainera.

        16. Ezen ene hasarrea edan duzuen bezala ene mendi sainduaren gainean, jendaia guziek edanen dute baratu gabe; eta edanen dute eta iretsiko, eta ez balire bezala izanen dire.

        17. Eta Siongo mendian izanen da salbamendua eta hura izanen da saindua; eta Jakoben etxea nausituren da lehenago bere nausi zituenei.

        18. Eta Jakoben etxea izanen da sua, eta Josepen etxea garra, eta Esaurena lastoa, eta hekiez errea izanen da; eta iretsiko dute; eta Esauren etxetik ondarrik ez da geldituko, ezen Jauna da mintzatu.

        19. Eta hegoaldean direnek primantzetan izanen dute Esauren mendia, eta zelhaitarrek Filistin-herria; eta jabetuko dire Efraimen eremuaz eta Samariaren eremuaz, eta Benjaminek gozatuko du Galaad.

        20. Eta Israelgo semeetarik desherritua izan den armada harek gozaturen ditu Sareptaraino Kanaandarren toki guziak; eta Jerusalemgo desherritu Bosphoroan direnek gozaturen dituzte hegoaldeko hiriak.

        21. Eta silbatzaileak Siongo mendira iganen dira, Esauren mendiaren juiatzera, eta Jaunak izanen du erregetasuna.

 

aurrekoa hurrengoa