www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

AGJEOREN PROFEZIA

 

I. KAP.

        1. Dario erregearen bigarren urthean, seigarren hilabetheko lehen egunean, Jaunaren hitza Agjeo profetaren arartekoz ilkhi zitzaioen Zorobabeli, Salathielen semeari, Judako buruzagiari; eta Jesusi, Josedeken semeari, aphez-handiari, zerralarik:

        2. Hau dio armadetako Jaunak Populu horrek erraten du: Ez da oraino ethorri Jaunaren etxearen berritzeko ordua.

        3. Eta Jaunaren hitza Agjeo profetaren arartekoz ilkhi zen, zerralarik:

        4. Zuentzat ethorri othe da etxe bobedatuetan egoteko muga, ene etxea mortu delarik?

        5. Eta orai hau dio armadetako Jaunak: Ezar zatzue zuen bihotzak zuen bideen gainean.

        6. Erain duzue hainitz, eta guti bildu; jan duzue, eta etzarete ase; edan duzue, eta egarria ez khendu; estali zarete, eta ez berotu; eta diru bildu duenak moltsa zilhatuan ezarri du.

        7. Hau dio armadetako Jaunak: Zuen bihotzak ezar zatzue zuen bideen gainean.

        8. Mendira igan zaitezte, ekhar zatzue zurak, egizue etxea, eta ene gogarako izanen da, eta agerturen dut erre ospea, dio Jaunak.

        9. Gauza hainitzen irritsa izatu duzue, eta deus-gutitara itzuli dire; zuek etxerat ekharri, eta nik hura hats batez haizatu: zer ariaz? dio armadetako Jaunak. Zeren ene etxea mortu dagoen, eta zuek bakhotxa bere etxearentzat zareten lehiatu.

        10. Horren gatik debekatu ditut zeruak ez dezaten zuen gainera eman ihintzik, eta lurra debekatua da ez detzan eman bere fruituak;

        11. Eta deithu dut agortea lurraren gainera, eta mendien gainera, eta ogiaren gainera, eta mahastiaren gainera, eta olibadiaren gainera, eta lurrak ekhartzen dituen guzien gainera, eta gizonen gainera, eta azienden gainera, eta eskuetako lanen gainera.

        12. Eta Zorobabelek, Salathielen semeak, eta Jesusek, Josedeken semeak, aphez-handiak, eta populuko gainerako guziek entzun zituzten beren Jainko Jaunaren mintzoa eta Agjeo profetaren hitzak, hekien Jainko Jaunak hekien gana igorri zuen bezala, eta populua ikharatu zen Jaunaren aitzinean.

        13. Eta Jaunaren profetak, Agjeok, Jaunaren bidalkinetarik zenak, erran zioen populuari: Zuekin naiz ni, dio Jaunak.

        14. Eta Jaunak berotu zioten gogoa Zorobabeli, Salathielen seme Judako buruzagiari, eta Jesusi, Josedeken seme aphez-handiari, eta gainerako populu guziari; eta sarthu ziren tenploan, eta armadetako beren Jainko Jaunaren etxeko lanean hari ziren.

 

II. KAP.

        1. Hasi ziren seigarren hilabethearen hogoi eta laurean, Dario erregearen bigarren urthean.

        2. Zazpigarren hilabethearen hogoi eta batean, Agjeo profetaren arartekoz ilkhi zen Jaunaren hitza zerralarik:

        3. Mintza zakizkiote Zorobabeli, Salathielen seme, Judako buruzagiari, eta Jesusi, Josedeken seme, aphez-handiari, eta populuko gainerakoei, derrazularik:

        4. Zuetarik zein da zaharretarik gelditua, etxe hau bere lehenbiziko ospean ikhusi duena, eta zer plantetan ikhusten duzue orai? Zuen begietan ez othe da ez balitz bezala?

        5. Eta orai, Zorobabel, egiozu bihotzari, dio Jaunak; bihotzari egiozu, Jesus, Josedeken semea, aphez-handia; bihotzari egiozuete, lur huntako populu guzia, dio armadetako Jaunak; eta begira zazue (ezen ni zuekin naiz, dio armadetako Jaunak)

        6. Zuekin egin dudan patua Egiptoko lurretik ilkhi zaretenean eta zuen erdian izanen da ene izpiritua: ez lotsa.

        7. Ezen hau dio armadetako Jaunak: Oraino aphur bat, eta nik iharrosiren ditut zeru-lurrak, leihor-itsasoak.

        8. Iharrosiren ditut jendaiak; eta ethorriren da jendaia guziek Agiantzatua, eta ospez betheren dut etxe hau, dio armadetako Jaunak.

        9. Zilharra enea da, enea da urhea, dio armadetako Jaunak.

        10. Azken etxe hunen ospea handiagoa izanen da lehenbizikoarena baino, dio armadetako Jaunak; eta lekhu huntan emanen dut bakea, dio armadetako Jaunak.

        11. Darioren bigarren urthean, bederatzigarren hilabetheko hogoi eta laugarren egunean, Jaunak Agjeo profetari solas egin zioen, zerralarik:

        12. Hau dio armadetako Jaunak: Legearen aria aphezei galda diozozute huneletan

        13. Gizon batek haragi sainduetsitik eraman baleza bere soinekoaren petrailean, eta puska hartaz uki baleza ogia, edo jakia, edo arnoa, edo olioa, edo jateko zerbait, sainduetsia othe lizate hura? Aphezek aldiz ihardetsi zuten: Ez.

        14. Eta Agjeok erran zuen: Baldin hilikiaz lohitua denak uki baleza aiphatu horietarik zerbait, khutsatua lizate othe? Eta aphezek ihardetsi eta erran zuten: Bai, khutsua baluke.

        15. Eta Agjeok ihardetsi eta erran zuen: Orobat da populu hau ene aitzinean; hala-hala da jendaki hau, dio Jaunak, eta halaber horien eskuetako lan guziak; eta hor eskaini dituzten guziak khutsatuak dire.

        16. Eta orai zuen orhoitzapena bihurraraz zazue egungo egunetik goitirat, Jaunaren tenploan harria harriaren gainean ezarri denetik aitzinago.

        17. Hogoi erregutako ogi-murrura, hurbiltzen zinetenean, hamarrekora bilhakatua zen; eta lakora zinhoaztenean, berrogoi eta hamar gorgoila arnoren eraustera, hogoietara urthuak ziren.

        18. Jo zaituztet haize erregarriaz; herdoaz eta harriaz jo ditut zuen eskuetako lan guziak; eta zuetan ez da izatu ene gana bihurtu denik, dio Jaunak.

        19. Eratxikatzue zuen bihotzak egun huntarik eta ethorkizunari, bederatzigarren hilabetheko hogoi eta laugarren egunetik; Jaunaren tenploko asentuak arthikiak izan ziren egunetikako gerthakariak ezar zatzue zuen bihotzaren gainean.

        20. Haziak belhartu othe dire oraikoz, eta mahastiak, eta pikodiak, eta mingranadiak eta olibadiak loratu othe dire oraino? egun huntarik ixuriko dut ene benedizionea.

        21. Eta bigarren aldiko, hilabetheko hogoi eta laugarren egunean, Agjeori solas egin zioen Jaunak, zerralarik:

        22. Mintza zakizkio Zorobabeli, Judako buruzagiari, erraten diozularik: Nik iharrosiren ditut batean zerua eta lurra.

        23. Eta eragotziren dut erreinuetako tronua, eta leherturen dut jendaien erreinuko indarra, eta uzkailiren ditut orga-lasterra eta haren gainekoa; eta lurra joko dute zaldiek eta zaldizkoek, eta gizona eroriko da bere anaiaren ezpataren azpira.

        24. Eta egun hartan, dio armadetako Jaunak, hartuko zaitut zu, Zorobabel, Salathielen semea, ene zerbitzaria, dio Jaunak; eta ezarriko zaitut ene zigilua bezala, zeren zu baitzaitut hautatu, dio armadetako Jaunak.

 

aurrekoa hurrengoa