www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

DANIELEN PROFEZIA

 

I. KAP.

        1. Udako errege Joakinen erregetasuneko hirugarren urthean, Nabukodonosor, Babilonako errege, ethorri zen Jerusalemera, eta sethiatu zuen.

        2. Eta Jaunak haren eskuetara arthiki zituen Joakin Judako errege eta Jainkoaren etxeko untzietarik pharte; eta Nabukodonosorrek eraman zituen Senaarreko lurrera, bere jainkoaren etxera, eta ezarri zituen bere jainkoaren etxeko khutxategian.

        3. Eta erregek erran zioen Asphenezi, ebakiez kargutua zenari, erakhar zetzan Israelgo umeetarik, erregeen eta buruzagien odoletikako

        4. Gizon-gazte zenbait, estakururik batere gabeak, gorphutzez ederrak, zuhurtzian argituak, antzeetan trebeak eta jakitateetan ikhasiak, eta erregeren jauregian egon zitazkeenak, hekiei irakhastekotzat kaldearaz iskribatzen eta mintzatzen.

        5. Eta erregek eman zaroeten egun bakhotxeko bizigarria bere jatekoetarik eta berak edaten zuen arnotik, arren-eta hirur urthez haziak izan ondoan, gero egon zitezentzat erregeren aitzinean.

        6. Beraz, hekietan gerthatu ziren Judako umeetarik, Daniel, Ananias, Misael eta Azarias.

        7. Eta ebakien buruzagiak eman zaroezten izenak, Danieli Baltasarrena, Ananiasi Sidrakena, Misaeli Misakena, eta Azariasi Abdenagorena.

        8. Bada, Danielek bere baithan gogoa hartu zuen, etzela lohitu behar erregeren mahaineko jatekoez eta harek edaten zuen arnoaz, eta othoiztu zuen ebakien buruzagia utz zezan khutsutik bere buruaren begiratzera.

        9. Jainkoak berriz, Danieli eman ziozkan ebakien buruzagiaren begithartea eta esker ederra.

        10. Eta ebakien buruzagiak erran zioen Danieli: Beldur naiz ni ene errege jaunarentzat, zeinak berezi baitarozkitzuete jatekoa eta edatekoa; harek ikhusten baditu zuen begitharteak meheago zuen adineko bertze gizon-gazteenak baino, erregeri emanen diozue ene burua.

        11. Eta Danielek erran zioen Malasarri, zeina Danielez, Ananiasez, Misaelez eta Azariasez kargutu baitzuen ebakien buruzagiak:

        12. Froga gaitzatzu, othoi, gu zure zerbitzariak hamar egunez, eta eman bekizkigu baratzekariak jatera eta ura edatera;

        13. Eta gero begira diozute gure begitharteei eta erregeren jatekotik hazten diren bertze gizon-gazteenei; eta ikhusten duzunaren arabera eginen duzu zure zerbitzariekin.

        14. Hunek horrelako solasak entzunik, frogatu zituen hamar egunez.

        15. Hamar egunen buruan berriz, hekien begitharteak agertu ziren hobeak eta gizenagoak erregeren jatekotik hazten ziren bertze gizon-gazte guzienak baino.

        16. Malasarrek eramaten zituen beraz hekien jatekoak eta edateko arnoa, eta ematen ziozkaten baratzekariak.

        17. Jainkoak berriz, gizon-gazte hekiei eman ziozkaten jakitatea eta argitasuna liburu guzietan eta zuhurtzian; Danieli aldiz eman zioen ikhuspen eta ametsen adigarria.

        18. Bethe zirenean egunak zeinen buruan erregeren aitzinera, harek erran bezala, sarthu behar baitziren gizon-gazteak, ebakien buruzagiak agerrarazi zituen Nabukodonosorren aitzinera.

        19. Eta mintzatu zitzaiotenean errege, bertze guzietan etzen khausitu Daniel, Ananias, Misael eta Azarias bezalakorik; eta erregeren aitzinean egotu ziren.

        20. Eta edozein gauza galda ziozoten zuhurtziaren eta adimenduaren gainean, erregek hekien baithan atzeman zuen hamarretan argitasun gehiago, bere erreinu guzian zituen azti eta magoetan baino.

        21. Bada, Daniel han egotu zen Ziro erregearen lehenbiziko urthea arteo.

 

II. KAP.

        1. Nabukodonosorren erregetasuneko bigarren urthean, Nabukodonosorrek izatu zuen amets bat eta laztu zen haren izpiritua, eta burutik goan zitzaioen bere ametsa.

        2. Bada, erregek manatu zuen, bilaraz zetzazten aztiak, magoak, gaizkinak eta Kaldearrak, erregeri errateko zer amets izan zuen. Haukiek ethorri zirenean, agertu ziren erregeren aitzinera.

        3. Eta erregek erran zaroten: Ikhusi dut amets bat, eta izpiritua nahasia izanez, ez dakit zer ikhusi dudan.

        4. Eta Kaldearrek siriaraz ihardetsi zioten erregeri: Oi errege, menderen mendez bizi zaite; zure zerbitzariei errozute zure ametsa, eta emanen dugu haren argipena.

        5. Eta ihardestean erregek erran zioten Kaldearrei: Gauza burutik goan zait; baldin ez badarotazue erraten zer amets izan dudan eta zer erran nahi duen, galduko duzue bizia, eta zuen etxeak saltzeko oihu eginak izanen dire.

        6. Baldin ordean erraten badarotazue ametsa eta harek erran nahi duena, ene ganik izanen ditutzue sari, emaitza eta ohore handiak: erran dizadatzue beraz ametsa eta haren argitasuna.

        7. Kaldearrek bigarren aldiko ihardetsi zuten, eta erran: Erregek bere zerbitzariei erran biozote ametsa, eta guk emanen dugu haren argitasuna.

        8. Erregek ihardetsi eta erran zuen: Ezagutzen dut ongi luzamenketa zabiltzatela, burutik goan zaitalakotz ametsa.

        9. Baldin beraz ez baduzue erraten ametsa, gauza bat da zuetaz uste izateko, gezurrezko eta enganioz betherikako argipen zerbait xuxenduko duzuela, niri elhe xuritzen haritzeko denbora goan dadien arteo. Erradazue, bada, ametsa, jakin dezadan hean egiazkoa emanen duzuen haren argitasuna.

        10. Kaldearrek beraz erregeren aitzinean ihardestean, erran zuten: Errege, lurraren gainean ez da gizonik, zuk galdatzen duzuna egin dezakeenik, ez-etare erregeetan hain handi eta ahaltsurik horrelako gauza egundaino galdatu duenik azti, mago edo Kaldear bati;

        11. Alabainan, errege, zuk galdegiten duzuna gaitza da, eta ez da khausituko gizonik hori erregeren aitzinean erranen duenik, lekhat jainkoek, zeinek gizonekin ez baitute iharduk-mendurik.

        12. Hari aditurik, errege sulian sarthu zen, eta bere hasarre handian manatu zuen hilaraz zetzazten Babilonako zuhurrak oro.

        13. Eta erabakia ilkhi zen ondoan, hiltzen hari zituzten zuhurrak, eta galduak izateko bilhatzen zituzten Daniel eta bere lagunak.

        14. Orduan Danielek lege eta erabaki hori zer ziren galdatu zaroen Arioki, armadako buruzagiari, zeina ilkhia baitzen Babilonako zuhurren hilaraztera.

        15. Eta hura baitzen erregeren ganik esku hori izatu zuena, Danielek galdegin zaroen zer ariaz erregeren ahotik ilkhi zitakeen erabaki bat horrenbat dorphea. Beraz Ariokek Danieli erran zionean gauza,

        16. Daniel agertu zen erregeren aitzinera, eta othoiztu zuen eman ziozon astia argitasunaren egiteko.

        17. Eta bere etxera sarthurik, egitekoa erran zioten bere lagunei, Ananiasi, Misaeli eta Azariasi,

        18. Zeruko Jainkoaren ganik urrikalpen eskatzeko gauza itsu horren gainean, eta Daniel eta bere lagunak etzitezen gal Babilonako bertze zuhurrekin.

        19. Orduan misterio hori gauaz agertua izan zitzaioen Danieli ikhuspen batez; eta Danielek benedikatu zuen zeruko Jainkoa,

        20. Eta hunela mintzatu zen: Benedikatua izan bedi Jaunaren izena egundainotik eta egundainora, zeren zuhurtzia eta indarra harenak baitire.

        21. Harek aldatzen ditu denborak eta mendeak, khentzen eta ezartzen erresumak, zuhurrei ematen zuhurtzia, eta argituak direnei jakitatea.

        22. Harek agertzen ditu gauza barrenak eta gordeak, eta ezagutzen ilhunbeetan daudezenak, eta harekin da argia.

        23. Zuri, gure arbasoen Jainkoa, darotzut aithor bihurtzen, eta laudatzen zaitut, zeren daroztatzun eman zuhurtzia eta indarra, eta orai daroztatzun erakhutsi galdatu darozkitzugunak, ezen agertu darokuzu erregek nahi duen gauza.

        24. Gero Daniel goan zen Arioken gana, zeina Babilonako zuhurren galarazteko manatua baitzen erregez, eta hunela mintzatu zitzaioen: Ez betzatzu gal Babilonako zuhurrak; sarraraz nezazu erregeren aitzinera, eta nik erregeri emanen diot bilhatzen duen argitasuna.

        25. Orduan berehala Ariokek sarrarazi zuen Daniel erregeren aitzinera, eta erran zioen erregeri: Aurkhitu dut gizon bat Judako gathibuen umeetarik, erregeri behar den argitasuna emanen dioena.

        26. Erregek ihardetsi zuen, eta erran zioen Danieli, zeina deitzen baitzuten Baltasar: Uste duzu egiazki erran ahal ditzakezudala ikhusi dudan ametsa eta haren argitasuna?

        27. Eta erregeren aitzinean ihardestean, Danielek erran zuen: Zuhurrek, magoek, aztiek, usnaginek ezin ager diozokete erregeri erregek galdatzen duen misterioa.

        28. Bainan zeruan bada Jainko bat, misterioak agertzen dituena, zeinak zuri, errege Nabukodonosor, erakhutsi baitarozkitzu azken denboretan ethortzekoak diren gauzak. Hunelakoak dire zure ametsa eta zure buruko ikhuspen ohean izan ditutzunak:

        29. Zu, oi errege, zure ohean gogoeta abiatu zare, oraiko gauza haukien ondoan zer den gerthatuko; eta misterioak agertzen dituenak erakhutsi darozkitzu ethortzekoak diren gauzak.

        30. Niri ere segretu hori agertua izan zait, ez zuhurtziaz, hura ene baithan handiagoa delakoan bizi diren bertze guzietan baino; bainan segretu horren argitzapena, gauza ageria egin dadien erregerentzat, eta ezagut detzatzun zure izpirituko asmuak.

        31. Zuk, oi errege, ikhusten zinduen, eta hara gizamolde handi bat bezala; gizamolde handi eta irazki gaitzeko hura xutik zagoen zure aitzinean, eta lazgarria zen haren begiratzea.

        32. Gizamolde haren burua zen urhe ederrenetik; bulharrak berriz eta besoak zilharrez; aldiz, sabela eta ixterrak kobrez;

        33. Zangarrak berriz, burdinaz; oinen pharte bat zen burdinaz, bertze bat berriz, buztinez.

        34. Horrela ikhusten zinduen, harri bat menditik anbildu zen arteo nihoren eskuak igorri gabe; eta gizamoldea jo zuen burdinazko eta buztinezko oinetan, eta xehakatu zituen.

        35. Orduan bardin phorroskatuak izan ziren burdina, buztina, kobrea, zilharra eta urhea, eta herraustuak lastoa udan larrainean bezala; haizeak eraman zituen eta nihon etzen khausitu hekietarik; gizamoldea jo zuen harria mendi handi bat bilhakatu zen, eta bethe zuen lurra oro,

        36. Hori da ametsa; argipena ere erranen dugu zure aitzinean, oi errege.

        37. Zu zare erregeen errege; eta zeruko Jainkoak eman izan darozkitzu erresuma, indarra, nausitasuna eta ospea,

        38. Eta gizonen umeak eta lurreko abereak daudezen toki guziak; zeruko hegastinak ere eskura eman darozkitzu, eta zure nausitasunaren azpian ezarri ditu gauza guziak: zu zare beraz urhezko burua.

        39. Eta zure ondotik jaikiko dire bertze erresuma bat, zurea baino xumeagoa, zilharrezkoa; eta hirugarren erre-suma bat, kobrezkoa, lur guziari manatuko duena.

        40. Eta laugarren erresuma bat izanen da burdina iduri. Nola burdinak oro xehatzen eta zebatzen baititu, hala xehaturen eta herrausturen ditu guziak.

        41. Bada, ikhusi ditutzun bezala oinak eta erhiak, pharte baxera lurrez eta pharte burdinaz; erresuma ere erdizkakoa izanen da, nahiz burdin ethorkitik den ilkhitzen, ikhusi duzunaren arabera burdina, baxera lurrarekin nahasia.

        42. Eta ikhusi ditutzun bezala oinetako erhiak, pharte burdinaz eta pharte baxeraz; erresuma ere izanen da pharte gothorra eta pharte hauskorra.

        43. Eta nola ikhusi baituzu burdina baxera lurrarekin nahasia, erresumak ere elkharri loturen dire gizonen arteko arrimuz; bainan ez dire elkharri iratxikiren, burdina baxerakiaren ezin nahasteka ditakeen bezala.

        44. Zeruko Jainkoak berriz, erresuma hekien egunetan eraikiren du erreinu bat, nihoiz-ere xahutuko ez dena, eta haren erresuma ez da bertze populu bati izanen emana; aldiz, herraustuko eta ezeztatuko ditu erresuma horiek oro, eta berak du menderen mendetan iraunen.

        45. Ikhusi duzunaren arabera, harri bat izan baita menditik eskuaren laguntza gabe iraulia, eta phorrastatu baititu baxera, burdina, kobrea, zilharra eta urhea, Jainko handiak erregeri erakhutsi izan diozka, gerorat gerthatu behar direnak; eta ametsa egiazkoa da eta haren argipena zina.

        46. Orduan Nabukodonosor erregea erori zen ahuspeka, eta adoratu zuen Daniel, eta manatu zituen bitimak eta isentsua, hari sakrifika ziozotentzat.

        47. Beraz Danieli mintzatuz erran zaroen: Zure Jainkoa egiazki jainkoen Jainkoa da, eta erregeen Jauna, eta misterioen argitzailea, segretu hori agertu ahal izan duzunaz geroztik.

        48. Orduan erregek altxatu zuen Daniel kargurik gorenera, eta egin ziozkan emaitza handiak eta hainitz; ezarri zuen Babilonako herrialde guzien gainean buruzagi, eta aitzindarien aitzindari Babilonako zuhur guzien gainean.

        49. Danielek berriz, erregeri galdaturik, erregek eman zaroten Sidraki, Misaki eta Abdenagori Babilonako herrialdeko egitekoen kargua; aldiz, Daniel bera zen erregeren athean.

 

III. KAP.

        1. Nabukodonosor erregeak egin zuen gizamolde bat urhezkoa, hirur hogoi beso gora eta sei beso zabal zena; eta ezarri zuen Durako zelhaiean, Babilonako herrialdean.

        2. Nabukodonosor erregeak beraz igorri zuen satrapen, kargudunen, juieen, tropetako buruzagien, herrialdetako buruzagi eta aitzindarien, eta erresumako handien bilaraztera, ethor zitezentzat guziak, errege Nabukodonosorrek altxatu gizamoldearen dedikazionera.

        3. Orduan bildu ziren satrapak, kargudunak, juieak, tropetako buruzagiak eta herrialdetako aitzindariak, kargutan ezarriak ziren jaunak eta erresumako handimandiak oro, ethortzeko errege Nabukodonosorrek altxatu gizamoldearen dedikazionera. Jarri ziren beraz, errege Nabukodonosorrek altxatu gizamoldearen aitzinean.

        4. Eta erantzuleak hazkarki oihu egiten zuen: Populu, leinu eta mintzaia guzietako gizonei erraten zaitzue,

        5. Turuta, xirola, gitarra, sanbuka, maniurra, tuntuna eta musika mots guzien otsa adituko duzuen orduan, lurrerat eroriz adora zazue Nabukodonosor erregeak altxatu duen urhezko gizamoldea.

        6. Aldiz, baldin norbaitek ez badu, lurrerat eroriz adoratzen, ordu berean izanen da labe gorritu batera arthikia.

        7. Gero beraz populu guziek aditu zuten bezain laster turuta, xirola, gitarra, sanbuka, maniurra, tuntuna eta musika mota guzien otsa, populu, leinu eta mintzaia guzietako gizonek adoratu zuren Nabukodonosor erregeak ezarri zuen urhezko gizamoldea.

        8. Eta orduan berean Kaldear gizon batzuek, berehala hurbildurik, jazarri zuten Juduen kontra;

        9. Eta Nabukodonosor erregeari erran zaroten: Oi errege, menderen mendez bizi zaite.

        10. Zuk erabakia eman duzu, oi errege, gizon guziak lurrerat eroriko zirela adituko zutenean turuta, xirola, gitarra, sanbuka, maniurra, tuntuna eta musika mota guzien otsa, eta adoratuko zutela urhezko gizamoldea;

        11. Aldiz, baldin norbaitek ez bazuen lurrerat eroririk adoratzen, labe gorritura izan zadien arthikia.

        12. Badire beraz Judu gizon batzu, zeinei eman baitiozute Babilonako herrialdeko egitekoen kargua, Sidrak, Misak eta Abdenago; gizon horiek erdeinatu dute, oi errege, zure erabakia; ez dituzte ohoratzen zure jainkoak, eta ez dute adoratzen zuk altxatu duzun urhezko gizamoldea.

        13. Orduan, hasarrez eta irakiduraz betherik, Nabukodonosorrek manatu zuen erakhar zetzazten Sidrak, Misak eta Abdenago, zeinak izan baitziren berehala erregeren aitzinera erakharriak.

        14. Eta Nabukodonosor erregeak, hunela mintzatuz erran zaroeten: Sidrak, Misak eta Abdenago, egia othe da ez ditutzuela ohoratzen ene jainkoak eta ez duzuela adoratzen nik ezarri dudan gizamoldea?

        15. Orai beraz ene manuaren bethetzera balin bazaudezte, adituko duzuen bezain sarri turuta, xirola, gitarra, sanbuka, maniurra, tuntuna eta musika nola guzien otsa, lurrerat eror zaitezte, eta adora zazue nik egin dudan gizamoldea; baldin ez baduzue adoratzen ordu berean izanen zarete labe gorritura arthikiak. Eta zein da jainkoa ene eskutik atherako zaituztetena?

        16. Sidrakek, Misakek eta Abdenagok ihardestean erran zioten Nabukodonosor erregeari: Gauza hortaz ihardets dezazugun ez da premia;

        17. Alabainan huna, oi errege, gure Jainko ohoratzen dugunak, athera gaitzazke labe gorritutik, eta libra zure eskuetarik.

        18. Baldin ez balu ere nahi, jakizu, oi errege ez ditugula ohoratzen zure jainkoak, ez-eta adoratzen altxatu duzun urhezko gizamoldea.

        19. Orduan Nabukodonosor errabiaz bethe zen, eta haren begitharteko itxura ifrentziatu zen Sidraken, Misaken, eta Abdenagoren gainean, eta manatu zuen bero zezaten labea, berotzen ohi zenetik zazpitan gehiago.

        20. Eta bere armadako gizonik hazkarrenei manatu zioten, arthik zetzazten Sidrak, Misak eta Abdenago, zangoak estekaturik labe gorritura.

        21. Eta berehala gizon horiek labe gorritura arthikiak izan ziren beren galtza, buruko, oinetako eta soinekoekin;

        22. Ezen premiakorra zen erregeren manua; labea berriz, gogorki zen khaldatua. Hargatik Sidrak, Misak eta Abdenago arthiki zituzten gizon hekiek, hilak izan ziren suko garraz.

        23. Hirur gizon haukiek berriz, erran nahi da Sidrak, Misak eta Abdenago, estekatuak erori ziren labe gorrituaren erdira.

        24. Eta garraren erdian bazabiltzan, Jainkoa laudatuz eta benedikatzen zutelarik Jauna.

        25. Azariasek berriz, xutik gelditurik, hunela othoitz egin zuen, eta suaren erdian ahoa idekirik erran zuen:

        26. Benedikatua zare, gure arbasoen Jainko Jauna, eta zure izena laudagarria eta ospetsua da menderen mendetan;

        27. Zeren zuzena baitzare guri egin darozkigutzun guzietan, eta zinak baitire zure egintza guziak, eta zuzenak zure bideak, eta egiazkoak zure erabakiak oro.

        28. Alabainan erabaki bidezkoak bethe ditutzu, gure gainera eta gure arbasoen hiri saindu Jerusalemeren gainera jautsarazi ditutzun gaitz guzietan; ezen egian eta zuzenbidean erakharri ditutzu hekiek oro gure bekhatuen ariaz.

        29. Alabainan bekhatu egin dugu, eta tzarki ibili gare zure ganik urrunduz, eta orotan huts egin dugu;

        30. Eta zure manamenduak ez ditugu entzun, ez-eta begiratu, ez-etare bethe, manatu zinarokun bezala, guretzat izan zadien ongi.

        31. Gure gainera jautsarazi ditutzun gaitz guziak beraz, eta guri egin darozkigutzunak oro, egiazki zuzenbidean egin ditutzu,

        32. Eta arthiki gaituzu gure etsai gaixto, guziz tzar eta lege-hausleen eskuetara, eta lur guziaren gainean den erregerik makhurrenaren eta gaixtoenaren eskuetara.

        33. Eta orai ezin idek dezakegu ahoa, eta bilhakatu gare zure zerbitzarien eta adoratzen zaituztenen ahalkea eta laidoa.

        34. Othoi, zure izenaren ariaz ez begaitzatzu etsaiari bethikotzat arthik, eta ez urra zurekilako batasuna.

        35. Gutarik ez khen zure urrikalmendua Abraham zure maitea gatik, Isaak zure zerbitzaria gatik eta Israel zure saindua gatik,

        36. Zeinei mintzatu baitzare aginduz hekien umeak berhaturen zintuela zeruko izarrak bezala eta itsas-bazterrean den legarra iduri;

        37. Ezen, Jauna, jendaia guziak baino gutituagoak gare, eta egun lur guzian beheratuak gare gure bekhatuen ariaz.

        38. Eta egungo egunean ez da ez buruzagi, ez aitzindari, ez profeta, ez holokausta, ez sakrifizio, ez eskaintza, ez isentsu, ez zure aitzinean pikainen lekhurik,

        39. Ardiets ahal dezaguntzat zure urrikalmendua; bainan onhetsiak izan begaitez gure arimako urrikian eta izpirituko beheramenduan.

        40. Nola aharien eta zezenen holokaustan, nola mila bildots gizenen holokaustan, hala egin bedi egun gure buruen sakrifizioa zure aitzinean, izan dadientzat zure gogarako, zeren ahalkamendurik ez baita zure gaineko sinhestean bizi direnentzat.

        41. Eta orai bihotz oroz zuri jarraikitzen eta zure beldur gare eta zure begithartea bilhatzen dugu.

        42. Ez begaitzatzu ahalketarat utz; bainan gure alderat egizu zure eztitasunaren eta zure nihonereko urrikalmenduaren arabera.

        43. Eta athera gaitzatzu zure sendagailez, eta zure izenari ospe eman biozozu, Jauna.

        44. Eta zure zerbitzariei ordu gaitzak erakhusten diozkatenak, ahalketara izan beitez arthikiak, zure ahal guziaz izan beitez urmariatuak, eta hautsia izan bedi hekien indarra;

        45. Eta jakin bezate zu zarela bakharrik Jainko Jauna eta ospeduna lurraren hedadura guzian.

        46. Eta erregeren zerbitzariak, hekiek surat arthiki zituztenak, etziren baratzen labearen khaldatzetik naslikaz, arkolaz, bikhez eta aihenez;

        47. Eta garra labetik goiti igaiten zen berrogoi eta bederatzi beso;

        48. Eta bazterretara jauzi zen, eta erre zituen labearen ondoan atzeman zituen Kaldearrak.

        49. Bada, Jaunaren aingerua labera jautsi zen Asariasen eta haren lagunen gana, eta aldaratu zuen labeko suaren garra,

        50. Eta labearen erdia egin zuen ihintz-haizeak ematen bazioen bezala; eta suak etzituen batere ukitu eta etzioten minik egin, ez-eta den-gutieneko bidegaberik ekharri.

        51. Urduan ekiek hirurak aho bakhar batez bezala labean laudatzen, gordien eta benedikatzen zuten Jainkoa, zerratelarik:

        52. Benedikatua zare, gure arbasoen Jainko Jauna; laudagarria eta ospetsua, eta ororen gainetik goretsia zare mendeetan; benedikatua da zure ospearen izen saindua; laudagarria da eta ororen gainetik goretsia mende guzietan.

        53. Benedikatua zare zure ospearen tenplo sainduan; oroz gainetik laudagarria, oroz gainetik goretsia mendeetan.

        54. Benedikatua zare zure erresumako tronuan; oroz gainetik laudagarria, oroz gainetik goretsia mendeetan.

        55. Benedikatua zare, ondar-lezeak ikhusten ditutzuna, eta kerubinen gainean jarria zarena; oroz gainetik laudagarria, oroz gainetik goretsia mendeetan.

        56. Benedikatua zare zeruko ortzian, eta laudagarria eta ospagarria mendeetan.

        57. Jaunaren lan guziek benedika zazue Jauna; lauda eta gorets zazue oroz gainetik mendeetan.

        58. Jaunaren aingeruak, benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        59. Zeruak, benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        60. Zeruen gainean zareten ur guziek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        61. Jaunaren berthute guziek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        62. Iguzki-ilhargiek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        63. Zeruko izarrek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        64. Uri eta ihintz guziek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        65. Jainkoaren haize guziek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        66. Suak eta beroak benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        67. Hotz-beroek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        68. Ihintz-izotzek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        69. Hormate eta hotsak benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        70. Horma-elhurrek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        71. Gau-egunek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        72. Argiak eta ilhunbeek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        73. Simista-hedoiek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        74. Lurrak benedika beza Jauna; lauda eta oroz gainetik gorets beza mendeetan.

        75. Mendi-munhoek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        76. Lurrean ninikatzen zareten guziek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        77. Ithurriek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        78. Itsaso-hibaiek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        79. Bale eta uretan higitzen zareten guziek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        80. Zeruko hegastin guziek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        81. Basabere eta azienda guziek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        82. Gizasemeek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        83. Israelek benedika beza Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets beza mendeetan.

        84. Jaunaren aphezek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        85. Jaunaren zerbitzariek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        86. Prestuen izpiritu-arimek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        87. Saindu eta bihotzez aphalek benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan.

        88. Ananias, Azarias, Misael, benedika zazue Jauna; lauda eta ororen gainetik gorets zazue mendeetan; Zeren gaituen hobitik atheratu, herioaren eskuetarik salbatu, gar bizietarik libratu eta suaren erditik ilkhi.

        89. Aithor bihur diozogun Jaunari, zeren den ona, zeren haren urrikalmenduak dirauen menderen mendetan.

        90. Jainkotiarrak zareten guziek benedika zazue jainkoen Jainko Jauna; lauda zazue eta aithor diozozuen bihur, zeren mende guzietan dirauen haren urrikalkortasunak.

        91. Orduan Nabukodonosor erregea harritu zen, eta brastakoan xutitu zen, eta bere handi-mandiei erran zaroten: Ez ditugu surat arthiki hirur gizon estekatuak? Haukiek erregeri ihardestean, erran zioten: Egia da, errege.

        92. Eta ihardetsi eta erran zaroeten: Hara, nik ikhusten ditut lau gizon lokharririk gabe, eta suaren erdian dabiltzala, eta andeamendurik batere ez da horietan, eta laugarrenaren itxurak iduri du Jainkoaren semearena.

        93. Orduan Nabukodonosor hurbildu zen labe gorrituaren athera, eta erran zuen: Sidrak, Misak eta Abdenago, Jainko goraren zerbitzariek, ilkhi zaitezte eta zatozte. Eta berehala Sidrak, Misak eta Abdenago atheratu ziren suaren erditik;

        94. Eta satrapak, kargudunak, juieak eta erresumako handi-mandiak, bilduak begira zauden gizon hekiei, zeren suak etzuen izan hekien gorphutzen gainean deusere indarrik, eta hekien buruko ile bat etzen errerik, hekien soinekoek etzuten ganbiorik, eta suaren usaina bera etzen hekietan iragan.

        95. Orduan, bere baitharik jauzirik, Nabukodonosorrek erran zuen: Benedikatua izan bedi horien Jainkoa, erran nahi da Sidrakena, Misakena eta Abdenagorena, zeinak igorri baitu bere aingerua eta libratu baititu bere zerbitzariak, haukiek izan dutelakoz haren baithan sinheste, gogor egin diotelakoz erregeren hitzari, eta beren gorphutzak eman dituztelakoz, ez zerbitzatzea gatik eta ez adoratzea gatik bertze jainkorik batere beren Jainkoa baizik.

        96. Nik ezarri dut beraz erabaki hau: Edozein populu, leinu eta mintzaietako gizon, burho bat athiki dukeena Sidraken, Misaken eta Abdenagoren Jainkoaren kontra, galdua izan bedi, eta hainaren etxea xahutua, ezen ez da bertze Jainkorik hola salba dezakeenik.

        97. Orduan erregek kargutan aitzinatu zituen Sidrak, Misak eta Abdenago Babilonako herrialdean.

        98. Nabukodonosor erregea, lur guziaren gainean egoten diren populu, jendaia eta mintzaia orotako gizonei: Berha bekizue bakea.

        99. Jainko guziz gorak ene aitzinean egin ditu ezagutkariak eta sendagailak. Ene gogarako izatu da beraz erantzutea

        100. Haren ezagutkariak, zeren handiak baitire, eta haren sendagailak, zeren gaitzak baitire; eta haren erreinua, bethirainoko erreinua da, eta haren ahala gizaldietarik gizaldietara hedatzen dena.

 

IV. KAP.

        1. Ni Nabukodonosor, deskantsuz nindagoen ene etxean, eta zorionean ene jauregian:

        2. Izatu dut laztu nauen amets bat; eta ene gogoetek ene ohean, eta ene buruko ikhuspenek nahasi izan naute.

        3. Eta erabaki bat ezarri izan dut, ene aitzinera ager zitezen Babilonako zuhur guziak, eta niri eman zezatedan ametsaren argitasuna.

        4. Orduan sarthu dire aztiak, magoak, Kaldearrak eta usnaginak; erran diotet ene ametsa, eta ez darotade eman haren argitasuna,

        5. Ene aitzinera sar zadien arteo Daniel ene laguna, zeina Baltasar deitzen baita ene Jainkoaren izenaren arabera, eta zeinak bere baithan baitu jainko sainduen izpiritua; eta haren aitzinean erran dut ametsa.

        6. Baltasar, asmaginen buruzagia, nola baitakit nik zure baithan duzula jainko sainduen izpiritua, eta zuretzat ez dela ezin-barrenduzko segreturik; erradazu zer diren nik ametsetan ikhusi ditudan ikhuspenak, eta zer erran nahi duten.

        7. Ene buruko iduripena ene ohean: Ikhusten nuen, eta hara zuhaitz bat lurraren erdian, eta gaitza zen haren goratasuna.

        8. Zuhaitza handia eta hazkarra zen, eta haren luzetasunak ukitzen zuen zerua, eta iduri zuen hedatzen zela lur guziko bazterretaraino.

        9. Hostoak zituen guziz ederrak, eta fruituz estalia zen; orok jatekoa aurkhitzen zuten hartan; haren azpian egoten ziren aziendak eta lar-abereak, eta haren adarretan zauden zeruko hegastinak, eta hartarik hazten ziren haragidun guziak.

        10. Ene izpirituko ikhuspenean ikhusten nuen ene ohearen gainean; eta hara begirale bat, saindu bat jautsi zela.

        11. Hazkarki oihu egin zuen eta hunela mintzatu zen: Ebakazue zuhaitza eta motzatzue horren adarrak; iharrosatzue horren hostoak eta barraia fruituak; horren azpian diren abereek ihes egin bezate, eta adarretarik hegastinak itzur beitez.

        12. Guziagatik, lurrean utzozuete horren erroei hazteko zaina; burdinazko eta kobrezko lokharriz izan bedi amarratua, bazterretan diren belharren erdian, eta zeruko ihintzaz izan bedi bustia, eta basabereekin izanen du lurreko belharra bere hazkurri.

        13. Khen bekio bere gizon-bihotza, eta abere-bihotza eman bekio; eta zazpi ephe iragan beitez horren gainetik.

        14. Hori begiraleen erabakian da manatua, hori da sainduen hitza eta galdea, bizidunek ezagut dezaten arteo Guziz-Gora dela nausi gizonen erresuman; nahi duenari ematen dioela hura, eta gizonik aphalena ezarriko duela nahi badu haren gainean errege.

        15. Nik, Nabukodonosor erregeak izatu dut amets hori: zuk beraz, Baltasar, laster emadazu horren argitasuna; ezen ene erresumako zuhur guziak ezin eman diazaketet garbitasunik; zuk ordean ahala baduzu, zure baithan delakoz jainko sainduen izpiritua.

        16. Orduan Daniel, zeina deitzen baitzuten Baltasar, ixil-ixila abiatu zen bere baithan gogoetaka, oren baten heina bezala; eta bere gogoetek nahasten zuten. Aldiz erregek erran zaroen: Baltasar, ametsak eta horren argitzeak ez bezaitzate nahas. Baltasarrek ihardetsi eta erran zuen: Ene Jauna, ametsa gaitzirizkotan zaduzkatenen gainera, eta horren argitasuna zure etsaien gainera bihur beitez.

        17. Zuhaitz handi eta hazkar ikhusi duzuna, zeinaren goratasuna heltzen baitzen zeruraino, eta zeinak iduri baitzuen lur guziaren gainera hedatzen zela;

        18. Eta haren hostoak guziz ederrak, eta fruituak mulkhoka baitziren, eta orok hartan aurkhitzen baitzuten jatekoa, haren azpian egoten zirelarik bazterretako basabereak, eta haren azpian zaudezelarik zeruko hegastinak;

        19. Errege, zu zare hura, zu handitu eta orotan nausitu zarena; eta zure handitasuna berhatuz goan da, eta heldu izan da zeruraino, eta zure ahala hedatu izan da lur guziaren bazterretara,

        20. Gero erregek ikhusi duena, begirale bat, saindu bat jausten zerutik eta erraten: Ebak eta urra zazue zuhaitza; guzia gatik lurrean utzazue horren erroko zaina; burdinaz eta kobrez izan bedi amarratua kanpoko belharretan, eta zeruko ihintzaz izan bedi bustia, eta basabereekin alha bedi, zazpi ephe horren gainean aida ditezen arteo;

        21. Hau da Guziz-Gorak ene errege jaunaren gainera arthiki erabakiaren garbitasuna:

        22. Gizonen artetik iraiziren zaituzte, eta aziendekin eta basabereekin izanen da zure egoitza, eta idiak bezala janen duzu belharra, eta zeruko ihintzaz bustiko zare; zazpi ephe halaber aldatuko dire zure gainean, ezagut dezazun arteo Guziz-Gora dela gizonen erresumaren gainean nausi, eta nahi dukeenari ematen duela hura.

        23. Aldiz manatua izan dena, lurrean utzia izan dadiela haren erroetako zaina, erran nahi da zuhaitzarena; hori da zure erresuma geldituko zaitzula, ezagutu dukezun ondoan, zerutikakoa dela ahala.

        24. Aria hortaz, errege, zure gogarako izan bedi ene errana: amoinez berreros zatzu zure bekhatuak, eta beharren alderako urrikalpenez zure gaizkiak; Jainkoak beharbada barkhaturen darozkitzu zure hobenak.

        25. Horiek oro gerthatu zitzaizkon Nabukodonosor erregeari.

        26. Hamabi hilabetheren buruan, pasaieta zabilan Babilonako jauregian,

        27. Eta erraten abiatu zen: Ez othe da hau Babilona handia, nik egin dudana ene erresumako jar-lekhutzat, ene ahalaren indarrean eta ene ospearen distiragarri?

        28. Eta hitza oraino erregeren ahoan zelarik, mintzo bat jautsi zen zerutik: Nabukodonosor erregea, hau zaik erraten: Hire erresuma bertze baten burura iraganen duk hire ganik.

        29. Eta gizonen artetik iraiziren haute, eta aziendekin eta basabereekin izanen duk hire egoitza, eta idiak bezala janen duk belharra; eta zazpi ephe aldaturen dituk hire gainean, ezagut dezakan arteo, Guziz-Gora dela gizonen erresuman nausi, eta berak nahi duenari emanen dioela hura.

        30. Oren berean hitza bethe zen Nabukodonosorren gainean; eta gizonen artetik iraizia izan zen, eta belharra jan zuen idiak bezala, eta zeruko ihintza zarioen haren gorphutzari, luzatu zitzaizkioen arteo ileak arrano-hegatsak bezala eta behatzak hegastinenak iduri.

        31. Egunak iragan ziren ondoan beraz, nik Nabukodonosorrek goititu nituen begiak zerura, eta bihurtua izan zitzaitan adimendua: eta benedikatu nuen Guziz-Gora, eta laudatu eta ospatu nuen bethi eta bethi bizi dena, zeren bethirainoko baita haren ahala eta gizamendeetarik gizamendeetara hedatzen baita haren erregetasuna.

        32. Eta lurrean bizi diren guziak ezdeusentzat idukiak dire haren aitzinean; ezen bere nahiaren arabera egiten du, hala zeruko berthuteen gainean, nola lurrean bizi direnen gainean; eta ez da haren eskuari ihardetsiko dioenik, ez-eta erranen dioenik: Zertako egin duzu hori?

        33. Orduan berean itzuli zitzaitan adimendua, eta berriz heldu nintzen ene erregetasuneko ohore eta ospera; eta bihurtu zait lehengo ene itxura; eta handiek eta kargudunek bilhatu naute, eta berriz jarria naiz ene erregetasunean, eta lehengo handitasuna berhatu zait.

        34. Orai beraz, nik Nabukodonosor erregeak laudatzen, handiesten eta goresten dut zeruko errege; zeren haren egintza guziak zinak, haren bide guziak zuzenak baitire; eta aphal baitetzazke hanpuruskerian dabiltzanak.

 

V. KAP.

        1. Baltasar erregeak barazkari handi bat eman zioten bere handi-mandietarik milari, eta bakhotxak edan zuen bere adinaren arabera.

        2. Erregek beraz (ordukoz arnotua zen) manatu zuen ekhar zetzazten, Jerusalemen izan zen tenplotik haren aita Nabukodonosorrek ekharri urhezko eta zilharrezko untziak, erregek eta haren emazteek eta ohaideek hekietan edateko.

        3. Orduan ekharri zituzten, Jerusalemen izan zen tenplotik hartu urhezko eta zilharrezko untziak; eta hekietan edan zuten erregek eta haren handi-mandiek eta haren emazte eta ohaideek.

        4. Arnoa edaten zuten, eta beren jainko urhezko, zilharrezko, kobrezko, burdinazko, zurezko eta harrizkoak laudatzen zituzten.

        5. Oren berean agertu ziren erhi batzu, errege-salhako harrasian, ganderailuaren parrean iskribatzen zuen gizon baten eskua iduri; eta errege begira zagoen iskribatzen hari zen eskuko erhiei.

        6. Orduan erregeren begithartea itxuragaiztu zen, eta bere gogoetak asaldutan ezartzen zuten; eta haren gerruntzeko giltzak malgutzen ziren, eta haren belhaunak elkharri joka hari ziren.

        7. Hargatik erregek hazkarki oihu egin zuen sarraraz zetzazten magoak, Kaldearrak eta usnaginak. Eta Babilonako zuhurrei mintzatuz, erregek erran zuen: Edozeinek irakur dezazuen iskribu hori eta eman diazadan horren argitasuna, purpuraz jauntziko da, urhezko gathe bat izanen du lephoan, eta hirugarren izanen da ene erresuman.

        8. Orduan erregeren zuhur sarthuak ziren guziek ezin irakurtu zuten iskribua, eta erregeri ezin eman zioten argitasunik.

        9. Horrek gehiago nahasi zuen Baltasar erregea, eta aldatu zitzaioen begithartea, eta harekilako handiak ere nahasten hari ziren.

        10. Erregina berriz, erregeri eta harekilako handiei gerthatu zitzaiotenaren ariaz, sarthu zen barazkariko salhara, eta erran zuen: Errege, bizi zaite bethi; zure gogoetak ez beitez nahas, eta zure begithartea ez bedi desegin.

        11. Zure erresuman bada gizon bat, jainko sainduen izpiritua berekin duena; eta zure aitaren egunetan, jakitatea eta zuhurtzia aurkhitu dire haren baithan; ezen Nabukodonosor erregeak, zure aitak, ezarri ere zuen magoen, xarmatzaileen, Kaldearren eta usnaginen buruzagi; zure aitak, diot, oi errege;

        12. Zeren izpiritu hedatuagoa, gurbiltasuna, adigarria, ametsen argitzeko antzea, segretuen agertzekoa, gauza koropilatuen zabaltzekoa atzeman baitziren haren baithan, erran nahi da Danielen baithan, zeinari erregek eman baitzaroen Baltasarren izena. Hargatik orai Daniel deithua izan bedi, eta harek emanen du argitasuna.

        13. Beraz erregeren aitzinera sarrarazi zuten Daniel. Erregek erran zioen lehenik: Zu zare Daniel Judako ume gathibuetarikakoa, ene aita erregek Judeatik hunat ekharria?

        14. Zutaz aditua naiz, jainkoen izpiritua baduzula; eta jakitatea, aditza eta zuhurtzia zutan bertzeetan baino hedatuagoak aurkhitu direla.

        15. Eta orai ene aitzinera sarrarazi dituzte mago jakintsunak, iskribu horren irakurtzera eta horren argitasunaren ematera niri; eta hitz horien garbitasunik ezin atheratu dute.

        16. Bainan zutaz aditu dut gauza itsuak argi eta koropilatuenak zabal detzazketzula; baldin beraz gai bazare iskribu horren irakurtzeko eta horren garbitasunaren niri emateko, purpuraz jauntziko zare, eta urhezko gathe bat izanen duzu lephoan, eta ene erresuman hirugarren aitzindari izanen zare.

        17. Solas horiei ihardestean, Danielek erran zuen erregeren aitzinean: Zure emaitzak zuretzat, eta bertze bati emotzu zure etxeko onak; guzia gatik irakurtuko darotzut iskribu hori, errege, eta erakhutsiko darotzut zer erran nahi duen.

        18. Oi errege, Jainko guziz gorak zure aita Nabukodonosorri eman ziozkan erregetasuna, handitasuna, ospea eta ohorea;

        19. Eta hari erran zioen ahal handia gatik, populu, leinu eta mintzaia orotako gizonak ikharan eta haren beldurrez zauden; hilarazten zituen nahi zituenak, nahi zituenak jotzen, altxatzen nahi zituenak, nahi zituenak aphaltzen.

        20. Bainan haren bihotza hantu zenean, eta haren izpiritua hanpuruskeriari erran, khendua izan zen bere erresumako tronutik eta iraizi zitzaioen bere ospea;

        21. Eta gizasemeen artetik khendua izan zen; haren bihotza ere lar-abereekilako ezarria izan zen, eta basastoekin zuen bere egoitza; belharra halaber idiak bezala jaten zuen, eta haren gorphutzari zeruko ihintza zarion, ezagutu zuen arteo Guziz-Gorak duela ahala gizonen erresuman, eta nahi duena eraikitzen duela haren gainera.

        22. Zuk ere, Baltasar, haren semeak, ez duzu beheratu zure bihotza, horiek oro zinazkien arren;

        23. Bainan zeruko nausiaren kontra altxatu zare; eta haren tenpleko untziak zure aitzinera ekharriak izan dire, eta hekietan edan duzue arnoa, zuk, zure handiek, zure emazte eta ohaideek; laudatu ditutzu halaber zure jainko zilharrezko, urhezko, kobrezko, burdinazko, zurezko eta harrizkoak, zeinek ez baitute ez ikhusten, ez aditzen, ez hautematen; ez diozu, berriz, ospe bihurtu Jainkoari, zeinak bere eskuan baitaduzka zure hatsa eta zure bide guziak.

        24. Hargatik harek igorri du eskua zeinaren erhiak iskribatu baitu hatz horietan dena.

        25. Hau da, berriz, hor xuxendua den iskribua: MANE, THECEL, PHARES.

        26. Eta huna hitz horien argipena: MANE: Jainkoak khondatu ditu zure erregetasuneko egunak, eta azkena bethe da.

        27. THECEL: Balantzan ezarria izan zare eta phisuz eskas atzemana.

        28. PHARES: Zure erresuma bi zathi egina, Mediarrei eta Persiarrei emana da.

        29. Orduan, erregeren manuz, Daniel purpuraz jauntzia izan zen, urhezko gathe bat inguratu zioten lephoan, eta oihu egina izan zen, harek zuela erresuman hirugarren aitzindariaren eskua.

        30. Gau berean hila izan zen Baltasar Kaldearren errege.

        31. Eta erresuman haren ondoko izan zen Dario Mediarra, zeinak baitzituen hirur hogoi eta bi urthe.

 

VI. KAP.

        1. Dariok bere erresuman nahi izan eta ezarri zituen sei hogoi satrapa, erresuma guziaren gainean manatzeko.

        2. Eta hekien gaineko ezarri zituen hirur buruzagi, zeinetarik bat baitzen Daniel, satrapek hekiei emateko beren ariak, eta erregek etzezan izan gogobehardurarik jasaiteko.

        3. Danielek, bada, satrapa eta buruzagi guziak xitzen zituen, zeren Jainkoaren izpiritua nasaiago baitzen haren baithan.

        4. Bada, erregek burutan zerabilan hura erresuma guziaren gainean ezartzea; hargatik buruzagiak eta satrapek ariaketa zabiltzan, Danielentzat zerbait estakuru atzeman beharrez erregeren alderako eginbideetan; eta ezin aurkhitu ahal izan zuten ez ariarik, ez-eta nabarmentzeko biderik batere, fidela zelakoz, eta den-gutieneko hutsik, ez-eta hutsaren aiherurik etzelakoz haren baithan atzematen.

        5. Gizon hekiek erran zuten: Daniel horri ez diogu zerbait aitzakia khausituko, non-ez beharbada horren Jainkoaren legean.

        6. Orduan buruzagiek eta satrapek maltzurki amainatu zuten errege, eta hunela mintzatu zitzaizkon: Dario erregea, menderen mendez bizi zaite.

        7. Batzarre iduki dugu zure erresumako aitzindari guziek, kargudunek, satrapek, biltzarrekoek eta juieek, athera dadientzat erregeren izenean erabaki eta manamendu bat, nor-nahik egiten badu zerbait galde hogoi eta hamar egunik barnean edozein jainko edo gizoni, zuri ez bada, oi errege, lehoinen zilhora izan dadien arthikia.

        8. Hargatik orai gogor zazu erabaki hori, eta iskriba zazu manamendua, arren-eta Mediarrek eta Persiarrek ezarri legea ez dadien izan aldatua, eta norinahiri haustea ez dakioen izan haizu.

        9. Beraz Dario erregeak ezarri eta atheratu zuen erabakia.

        10. Danielek hori jakin zuen ondoan, erran nahi da lege ezarria zena, sarthu zen bere etxerat, eta bere salhako leihoak Jerusalemeko alderat idekirik, egunean hirur aldiz, belhaunikatzen zen, adoratzen zuen bere Jainkoa eta aithor bihurtzen zuen haren aitzinean, lehen egiten ohi zuen bezala.

        11. Beraz, ardurarekin bilhatzen ziren gizon horiek atzeman zuten Daniel bere Jainkoari hari zitzaioela othoizka eta errekeika.

        12. Eta erregeren gana iganik, bere erabakiaren gainean erran zioten: Oi errege, ez othe duzu manatu edozein gizonek othoitz dezan jainkoetarik edo gizonetarik norbait hogoi eta hamar egunik barnean, zu ez bada, oi errege, arthikia izanen dela lehoinen zilhora? Hekiei ihardestean, erregek erran zuen: Solas hori egia da Mediarren eta Persiarren erabakiaren arabera, zeina haustea ez baita zilhegi.

        13. Orduan ibardetsiz, erran zuten erregeren aitzinean: Judako gathibuen umeetarik batek, Danielek, ez du axolarik iduki zure legeaz eta atheratu duzun erabakiaz, bainan egunean hiruretan egoten da othoitzean.

        14. Solas hori aditu zuenean, erregek atsekabe handia izan zuen; eta Danielen alde ezarri zuen bihotza, haren salbatzeko, eta iguzkia sarthu arteo haritu zen hura atheratu beharrez.

        15. Bainan gizon hekiek ezagutzen baitzuten erregeren gogoa, erran zaroten: Jakizu, errege, Mediarretan eta Persiarretan lege dela, erregek atheratu erabaki baten mudatzea ez dela zilhegi.

        16. Orduan erregek manatu, eta erakharri zuten Daniel, eta lehoinen zilhora arthiki zuten. Eta Danieli erran zioen erregek: Zure Jainko bethi adoratzen duzunak, berak libraturen zaitu.

        17. Eta ekharri zuten harri bat, eta ezarri zuten zilhoaren gainean, eta erregek bere zigiluaz eta bere handien zigiluaz jo zuen, etzedintzat Danielen kontra deusere egin.

        18. Eta errege goan zen bere etxerat, eta etzan zen afaldu gabe; haren aitzinera jatekorik etzuten ekharri, eta bertzalde loak ihes egin zioen.

        19. Orduan errege, argiaren lehenbiziko zirrintan jaikirik, zalhurik goan zen lehoin-zilhora.

        20. Eta zilhora hurbiltzean, doiamenezko mintzo batekin oihu egin zuen, eta Danieli mintzatu zitzaioen: Daniel, Jainko biziaren zerbitzaria, zure Jainko bethi zerbitzatzen duzunak atheratu ahal othe izan zaitu lehoinen hortzetarik?

        21. Eta Danielek erregeri ihardestean, erran zuen: Oi errege, menderen mendez bizi zaite.

        22. Ene Jainkoak igorri du bere aingerua, hertsi dituena lehoinen ahoak, eta ez darotade minik egin; zeren haren aitzinean zuzentasuna aurkhitu baita ene baithan; eta zure aitzinean ere, oi errege, gaizkirik ez dut egin.

        23. Orduan errege bozkario handitan sarthu zen horren ariaz, eta manatu zuen, zilhotik athera zezaten Daniel; eta Daniel atheratua izan zen zilhotik, eta dainurik batere etzen haren baithan aurkhitu izan, sinheste izan zuelakoz bere Jainkoaren gainean.

        24. Aldiz, erregek manaturik, erakharri zituzten Danieli jazarri zioten gizon hekiek; eta lehoinen zilhora arthikiak izan ziren berak eta beren haur eta emazteak; eta zilho-behereraino utzi gabe, lehoinek harrapatu zituzten, eta xehakatu zituzten hekien hezur guziak.

        25. Orduan Dario erregeak iskribatu zioten haren erresuma guzian egoten ziren populu, leinu eta mintzaia guzietako gizonei: Bakea berha eta berha bekizue.

        26. Nik emana da erabakia, ene erre-suma eta manamenduko lurretan oro bizi ditezen Danielen Jainkoaren ikharan eta beldurrean. Hura da ezen Jainko bizia eta bethierekoa menderen mendetan; eta haren erregetasuna ez da ezeztaturen eta haren ahalak iraunen du bethiraino.

        27. Hura da libratzailea eta salbatzailea, ezagutkariak eta sendagailak zeruan eta lurrean egiten dituena, lehoin-zilhotik Daniel libratu duena.

        28. Bada, Danielek kargutan iraun zuen Darioren erregetasunak bezenbat eta Ziro Persiarra erregatu arteo.

 

VII. KAP.

        1. Babilonako errege Baltasarren lehenbiziko urthean, Danielek izatu zuen amets bat; eta bere ohean ilkhi zitzaioen bere buruko ikhuspena; eta ametsa iskribatzean, hitz gutitan ezarri zuen, eta laburzki hertsiz, erran zuen:

        2. Gabaz ene ikhuspenean ikhusten nuen, eta hara zeruko lau haizeak itsaso handian gudukatzen zirela.

        3. Eta lau basabere handi, bata bertzea-ez-bezalakoa, igaiten ziren itsasotik.

        4. Lehenbizikoak lehoin urrixa bat zuen iduri, eta bazituen arrano-hegalak. Begira egon nintzaioen, hegalak atheratuak izan zatzaizkoeneraino; eta jaiki zen lurretik, eta gizona bezala oinen gainera jarri zen, eta eman zioten gizon-bihotza.

        5. Eta hara bertze basabere bat, hartza iduri, aldean jarri zela; eta haren ahoan eta hortzetan hirur lerro ziren; eta hula erraten zioten: Jaik hadi eta jan zak haragi hainitz.

        6. Gero begira nindagoen, eta bara bertze bat lehoinabarra iduri, eta hegalak bazituen hegastinak bezala, lau gaineko aldetik; eta basabere hartan baziren lau buru, eta ahala emana izan zitzaioen.

        7. Gero begira nindagoen gabazko ikhuspen hortan, eta hara laugarren basabere bat, ikharagarria, harrigarria eta indar gaitzekoa; burdinazko hortz handi batzu bazituen; jaten zuen eta phorroskatzen, eta ondarrak zangoen azpian oinkatzen zituen; hura baino lehen ikhusi nituen bertze basabereak ez-bezalakoa zen, eta bazituen hamar adar.

        8. Adarrei begira nindagoen, eta hara hekien erditik bertze adar ttipi bat sorthu zela; eta lehenbiziko adarretarik hirur atheratuak izan zitzaizkon aitzinetik eta hara adar hartan bazirela begiak, gizon-begiak iduri, eta aho bat gauza handiak erraten zituena.

        9. Begira nindagoen, tronuak ezarri zituzten arteraino; eta egunetako zaharra jarri zen; haren jauntzia xuria zen elhurra bezala, eta haren buruko ileak ardi-ile garbiena bezala; su garrezkoa zen haren tronua, eta hartako arrodak su khaldatuzkoak.

        10. Suzko hibai bat fharrastaka ilkhitzen zen haren begithartetik; aingeruek miliunka zerbitzatzen zuten, eta hamar ehun miliunka zauden haren aitzinean juiea alkhian jarri zen, eta liburuak idekiak izan ziren.

        11. Begira nindagoen adar harek erraten zituen solas handiak gatik, eta ikhusi nuen basaberea hila izan zela, eta haren gorphutza xahutua eta surat arthikia zela errea izateko;

        12. Bertze basabereen ahala ere khendua zela, eta hekien biziko iraupena xedatua zela ephe batera eta ephe bateraino.

        13. Gabazko ikhuspen batean nindagoen beraz begira, eta hara gizonaren semea bezala zathorla zeruko hedoiekin, eta egunetako zaharraren gana heldu izan zen; eta haren aitzinera erakharri zuten.

        14. Eta egunetako zaharrak eman ziozkan ahala, ohorea eta erregetasuna; eta populu guziek, leinu eta mintzaia guzietako gizonek zerbitzaturen dute; haren ahala da bethirainoko ahala, eta khendua izanen etzaiona; eta haren erregetasuna ez da galduko.

        15. Laztu zen ene barnea; ni, Daniel, izitu nintzen horietaz, eta nahasi ninduten ene buruko ikhuspenek.

        16. Han zaudenetarik baten gana hurbildu nintzen, eta haren ganik egia jakin nahi nuen horien guzien gainean. Harek erran zarotan zer erran nahi zuten gauza horiek eta argitu ninduen:

        17. Lau basabere handi horiek dire lau erresuma, lurraren gainean altxatuko direnak.

        18. Bainan Jainko guziz goraren sainduek hartuko dute nausitasuna; eta menderaino eta mendeetako menderaino ardietsiren dute erregetasuna.

        19. Gero nahi izan nuen ardurarekin argitu laugarren basabereaz, zeina baitien arras bertzeak-ez-bezalakoa eta guziz lazgarria; burdinazko hortzak eta aztaparrak zituen; jaten eta phorroskatzen eta ondarrak zangoen azpian ostikatzen zituen.

        20. Eta nahi izan nuen argitu buruan zituen hamar adarrez, eta sorthu zitzaion bertzeaz, zeinaren aitzinean erori baitziren hirur adar; eta begiak eta aho gauza handi errailea zituen adar hartaz, zeina bertzeak baino handiagoa baitzen.

        21. Begira nindagoen, eta hara adar harek sainduen kontra gerla egiten zuela eta nausitzen zitzaiotela,

        22. Egunetako zaharra ethorri izan zen arteo; eta Guziz-Goraren sainduen alde erabakia eman zuen; eta ethorri zen muga, eta sainduek ardietsi zuten nausitasuna.

        23. Eta hunela mintzatu zen: Laugarren basaberea, lurraren gainean izanen den laugarren erresuma da, erresuma guziak baino handiagoa izanen dena; eta lur guzia iretsiko, eta ostikatuko, eta xehakatuko du.

        24. Aldiz, erresuma haren hamar adarrak, hamar errege izanen dire; eta hekien ondotik jaikiko da bertze bat, eta hura ahaldunagoa izanen da lehenekoak baino, eta aphalduko ditu hirur errege.

        25. Eta Guziz-Goraren kontra mintzatuko da hanpurutsuki, eta xahutuko ditu Guziz-Goraren sainduak, eta usteko du aida detzazkeela denborak eta legeak; eta haren eskura emanak izanen dire ephe bateraino, bi ephe eta ephe baten erdia.

        26. Eta juiea jarriko da hari ahalaren khentzeko, eta hura xahutua eta galdua izan dadien akhabantzaraino;

        27. Aldiz, erregetasuna, ahala eta zeru guziaren azpian den erresumaren handitasuna emanak izan dakizkion Guziz-Goraren sainduen populuari; zeinaren erregetasuna bethikoa baita; eta errege guziek zerbitzatuko dute, eta ethordun izanen zaizkio.

        28. Huntan akhabatu zen solasa. Ni Daniel hainitz nahasten ninduten ene gogoetek, eta ene begithartea ganbiatu zen ene baithan; bainan solasa begiratu nuen ene bihotzean.

 

VIII. KAP.

        1. Baltasar erregearen erregetasuneko hirugarren urthean, niri agertu zitzaitan ikhuspen bat, nik Danielek hastean izan nuenaz geroztik.

        2. Ikhusi izan nuen ene ikhuspenean, Susako kanpan nintzelarik, Elamgo herrialdean baita hura; ikhusi nuen beraz ene ikhuspenean Ulaiko athean nintzela.

        3. Eta goititu nituen begiak, eta ikhusi nuen, eta hara ahari bat aintzira baten aitzinean zagoela; bazituen adar handi batzu, eta bat bertzea baino handiagoa eta handituz zihoana zen. Gero

        4. Ikhusi nuen aharia, mendebalerat, ipharrerat eta hegoarat adar-ukhaldika hari zela; eta basabere guziek ezin ziozoketen buru egin, ez-eta haren ganik itzur beren buruak; eta nahi zuena egin zuen, eta handi bilhakatu zen.

        5. Eta ni ernerik nindagoen: hara berriz, ahuntzetarikako akher bat mendebaletik heldu zela lurraren hedadura guzian, eta etzuen ukitzen lurra; bada, akherrak bazuen bi begien artean adar bat gaitza.

        6. Eta athean xutik ikhusi nuen ahari adarduneraino ethorri zen, eta gainera laster egin zioen bere indarraren oldarrean.

        7. Eta ahariari hurbildu zenean, jauzi zitzaioen gainera, jo zuen eta hautsi ziozkan bi adarrak, eta ahariak ezin ihardets ziozokeen; eta lurrerat arthiki zuenean, ostikatu zuen, eta nihork etzezakeen haren azpitik athera.

        8. Akherra berriz, ikharagarri handi egin zen; eta hala handitu zenean, hautsi zen haren adarra, eta haren azpitik ilkhi ziren lau adar, zeruko lau haizeetara zaudezenak.

        9. Aldiz, hekietarik batetarik ilkhi zen adar xume bat, eta handitu zen hegoalderat eta iguzki-alderat eta indarraren kontra;

        10. Eta altxatu zen zeruetako armadaraino; eta armadatik eta izarretarik asko arthiki eta oin-pean erabili zituen.

        11. Eta armadako buruzagiraino altxatu zen eta khendu zaroen bere egundainoko sakrifizioa eta eragotzi bere sainduespeneko tokia.

        12. Berriz, indarra emana zaio bethiko sakrifizioaren kontra bekhatuen ariaz, eta egia lurrerat arthikia izanen da. Eginen du nahi duena eta ongi atheratuko zaio.

        13. Eta aditu nuen mintzatzen sainduetarik bat; eta saindu batek erran zaroen bertze mintzo zen bati, ez dakit zeini: Noiz arteo egonen dire hola ikhuspen hau, bethiko sakrifizioa eta egin den inkoniamenduaren bekhatua? noiz arteo oin-petan erabiliko dire saindutegia eta Jainkoaren armada?

        14. Eta ihardetsi zaroen: Arratseraino eta goizeraino, bi mila eta hirur ehun egunez, eta gero saindutegia izanen da garbitua.

        15. Nik berriz, Danielek ikhusten nuelarik ikhuspen hori, eta bilhatzen nintzelarik zer erran nahi zuen, hara gizon itxura bat bezala jarri zela xutik ene aitzinean.

        16. Eta aditu nuen Ulai erditik gizon mintzo bat, eta oihu egin zuen eta erran: Gabriel, ardietsaraz diozozu ikhuspen hau.

        17. Eta ethorri zen, eta ni nintzen tokiaren ondoan jarri zen; eta ethorri zenean, ahuspez erori nintzen ikharan; eta erran zarotan: Adi zazu, gizasemea, zeren ephearen buruan betheko baita ikhuspen hau.

        18. Eta niri mintzo zelarik, erori nintzen ahuspez lurrera; eta ukitu ninduen eta xutik ezarri ene oinen gainean.

        19. Eta erran zarotan: Nik erakhutsiren darozkitzut madarizionearen buruan gerthatzekoak direnak; ezen epheak badu bere akhabantza.

        20. Adarrak zituela ikhusi duzun aharia, Mediarren eta Persiarren errege da.

        21. Akherra berriz, Greziarren errege da; eta haren begien artean zen adar handia, lehenbiziko erregea da.

        22. Aldiz, adar hura hautsi den ondoan, haren orde ilkhi dire lau; lau errege ilkhiko dire haren jendakitik, bainan ez haren indarrarekin.

        23. Eta hekiek erreginatu ondoan, tzarkeriak berhatu ditazkeenean, jaikiko da errege bat, begithartez ahalkegabea eta gauza gordeak aditzen dituena.

        24. Eta haren ahala hazkarturen da, bainan ez haren indarrei esker: eta sinhets ditakeenaz gaindi, xahuturen ditu bazter guziak; eta gurenduz goanen da, eta nahi duena eginen du. Eta hilen ditu hazkarrak eta sainduen populua

        25. Nahi duenaren arabera. Eta haren eskuan zimarkhua berearekin atheratuko da; eta hantuko zaio bihotza; eta gauza guzien nasaizian, hilen ditu asko; eta altxaturen da buruzagien buruzagiaren kontra; eta gizonaren eskua gabe, lehertua izanen da.

        26. Eta errana den goizeko eta arratseko ikhuspena, egia da; zuk beraz zigila zazu ikhuspena, asko egunen buruan gerthatu beharra delakoz.

        27. Eta ni Daniel, hiratu eta asko egunez eri egon nintzen; eta jaiki ondoan, egiten nituen erregeren lanak; eta harritzen nintzen ikhusipen hortaz; eta nihor etzen horren argitzeko gai.

 

IX. KAP.

        1. Darioren lehenbiziko urthean, Dario baitzen Asueroren semea, Mediarren odoletikakoa, eta erreginatu baitzen Kaldearren erresumaren gainean;

        2. Haren erregetasuneko lehen urthean, nik Danielek liburuetan ardietsi nuen zenbat ziren urtheak, Jaunak Jeremias profetari aiphatu zituenak, Jerusalemeren inkoniamenduko hirur hogoi eta hamar urtheen bethetzeko.

        3. Eta ene Jainko Jaunaren alderat itzuli nuen ene begithartea othoizteko eta errekeitzeko baruretan, zakhuan eta hautsean.

        4. Eta othoiztu nuen ene Jainko Jauna, eta aithortu nituen ene bekhatuak, eta erran nuen: Zuri nago othoizka, Jainko Jaun handi eta ikharagarria, batasuna eta urrikalmendua begiratzen daroeztetzuna maite zaituztenei eta zure manamenduak zaintzen dituztenei.

        5. Bekhatu egin dugu, gaixtakeria egin dugu, tzarki ibili gare, zure ganik gibelatu, eta zure manamendu eta erabakietarik zeihertu gare.

        6. Ez gatzaizkiote ethordun izatu zure zerbitzari profetei, zeinak zure izenean mintzatu baitire gure erregeei, gure buruzagiei, gure aitei eta lurreko populu guzian.

        7. Zuri, Jauna, zuzentasuna; guri aldiz, begitharteko ahalkea, egun gerthatzen zaioten bezala Judako gizonari, Jerusalemdarrei eta Israel guzian; hurbil direnei eta urrun direnei toki guzietan zeinetara iraizi baitituzu, beren gaixtakeria, zure alderat hobendun jarri dituztenen gatik.

        8. Jauna, ahalkea gure begitharteari, gure errege, buruzagi eta aita bekhatu-egileei.

        9. Zuri aldiz, gure Jainko Jauna urrikalmendua eta barkhatiartasuna, zeren zu ganik baikare gibelatu.

        10. Eta ez dugu entzun gure Jainko Jaunaren mintzoa, ibiltzeko haren legean, bere zerbitzari profeten arartekoz eman izan darokunean.

        11. Eta Israel guziak hautsi du zure legea, eta zeihertu da, zure mintzoa ez aditu nahiz, eta Jainkoaren zerbitzari Moisen liburuan iskribatuak diren madarizionea eta hatsgarritasuna erori dire gure gainera, Jaunaren kontra egin dugulakoz bekhatu.

        12. Eta obratu ditu, gure gainean eta juiatu gaituzten buruzagien gainean erran zituen hitzak, gure gainera erakharriren zuela gaitz handi bat, nolakorik egundaino ez baitzen ikhusi zeruaren azpian, Jerusalemen gerthatu den bezala.

        13. Moisen liburuan iskribatua denaren arabera, gaitz hori guzia ethorri da gure gainera; eta ez dugu othoiztu zure begithartea, gure Jainko Jauna, bihur gintezentzat gure tzarkerietarik, eta gogoan erabil gindezan zure egia.

        14. Eta Jauna atzarria egotu zaio tzarkeriari, eta bihurrarazi du gure gainera. Zuzena da gure Jainko Jauna erabili dituen egintza guzietan, ezen ez dugu entzun haren mintzoa.

        15. Eta orai, gure Jainko Jauna, zure populua Egiptoko lurretik zure esku hazkarraz erakharri duzuna, eta zure izena egun den bezalakoa egin duzuna, bekhatu egin dugu, gaixtakerian haritu gare.

        16. Jauna, zure zuzentasun guziaz othoizten zaitut, aldara beitez zure hasarrea eta zure irakidura Jerusalemgo zure hiriaren eta zure mendi sainduaren gainetik; ezen gure bekhatuen gatik eta gure aiten tzarkerien gatik, Jerusaleme eta zure populua laidotan dire guzien aitzinean gure inguruan.

        17. Orai beraz, gure Jainkoa, entzun zatzu zure zerbitzariaren othoitz-errekeiak; eta zure buruaren ariaz, erakhutsazu zure begithartea zure saindutegi mortu dagoenaren gainera.

        18. Makhur zazu, ene Jainkoa, zure beharria, eta entzun zazu; idekatzu begiak, eta ikhusatzu gure inkoniamendua eta hiria zeinaren gainera deithua izan baita zure izena; ez ditugu ezen gure othoitzak zure oinetan ixurtzen gare zuzenen bidez, bainan-bai zure urrikalkortasun nihonerekoaren ariaz.

        19. Entzun gaitzatzu, Jauna; jabal zaite, Jauna; begira zazu, eta egizu; ez luza zure buruaren ariaz, ene Jainkoa, zeren zure izena deithua izan baita zure hiriaren eta zure populuaren gainera.

        20. Eta oraino mintzo nintzelarik eta othoizka nindagoelarik, eta aithortzen nituelarik ene bekhatuak eta Israelgo ene herritarren bekhatuak, eta ene Jainkoaren aitzinean haren oinetara ixurtzen nituelarik ene othoitzak ene Jainkoaren mendi sainduarentzat;

        21. Oraino othoitzean mintzo nintzelarik, hara Gabriel, gizon-itxuran hastetik ikhuspenetan ikhusi izan nuena, batbatean hegaldaka ethorririk, ukitu ninduen arratseko sakrifizioaren tenorean.

        22. Eta irakhatsi ninduen, eta mintzatu zitzaitan, eta erran zarotan: Daniel, orai ilkhi naiz zuri irakhasteko, eta adigarria dezazun ardiets.

        23. Zure othoitzen hastetik ilkhi da manua; ni berriz, zure argitzera heldu naiz, lehietako gizona zarelakoz; zaude beraz solasari erne, eta adi zazu ikhuspena.

        24. Hirur hogoi eta hamar asteak laburtuak dire zure herritarren eta hiri sainduaren gainean, gal dadientzat lege-hauspena, akhaba bekhatua, eta ezezta tzarkeria; ethor dadien zuzentasun bethierekoa, bethe ditezen ikhuspen eta profeziak, eta sainduren saindua izan dadien gantzutua.

        25. Jakizu beraz eta ohartemazu: Jerusalemeren berritzeko manua ilkhi denetik, Kristo buruzagiraino izanen dire zazpi aste eta hirur hogoi eta bi aste; eta denboretako hesturen erdian berrituak izanen dire plaza eta harrasiak.

        26. Eta hirur hogoi eta bi asteren buruan, hilen dute Kristo; eta hura ukhatu behar duen populua, ez da gehiago haren populua izanen. Eta populu batek, ethortzekoa den buruzagi batekin, urraturen ditu hiria eta saindutegia; eta xahupena izanen eta gerla akhabatu ondoan izanen da erabakia den desmasia.

        27. Aste batez Kristok askorekin gogorturen du bere batasuna; eta astearen erdian galduren dire bitimak eta sakrifizioa; eta desmasiaren hatsgarrikeria izanen da tenploan; eta akhipeneraino eta akhabantzaraino iraunen du desmasiak.

 

X. KAP.

        1. Persiarren erregge Ziroren hirugarren urthean, Danieli, izengoitiaz Baltasarri, agertua izan zitzaioen solas bat, solas egiazko eta indar handikoa. Eta ardietsi zuen solasa, ezen ikhuspenean aditza behar da.

        2. Egun hekietan, ni Daniel nigarrez egon nintzen hirur astez.

        3. Ez nuen jan gozoa zuen ogirik; eta etzen ez haragirik ez arnorik ene ahoan sarthu, eta gantzugailuz ere ez nintzen gantzutu, hirur asteetako egunak bethe arteo.

        4. Bada lehen hilabetheko hogoi eta laugarren egunean, Tigrisa deitzen den hibai handiaren bazterrean nintzen.

        5. Eta begiak goititu, eta ikhusi nuen: eta hara gizon bat liho-oihalez jauntzia, eta urhe ederrenetikako gerriko batez tinkatua zuen gerria.

        6. Eta haren gorphutza krisolita bezalakoa zen, eta haren begitharteak simistaren itxura zuen, eta haren begiek argi bizia iduri zuten; eta haren beloek eta beheiti oinetarainokoek kobre khaldatuaren itxura bezala zuten; eta haren hitzetako mintzoak iduri zuen oste baten burrunba.

        7. Bada, nik Danielek bakharrik ikhusi nuen ikhuspena; enekin ziren gizonek berriz, etzuten ikhusi, bainan laztura gaitza jauzi zitzaioten, eta gordegailu batera ihes egin zuten.

        8. Ni aldiz, bakharrik utzi ninduten, eta ikhusi nuen ikhuspen handi hura; eta etzen ene baithan indarrik gelditu, eta ene begithartea ere itxuragaiztu ene baithan, eta alditxartu nintzen, eta ez nuen indarrik den gutiena.

        9. Eta aditu nuen haren solasetako mintzoa, eta aditzearekin, lurrera ahuspeka eroria nindagoen, eta ene begithartea lurrari josia zen.

        10. Eta hara esku batek ukitu ninduela, eta jaiki ninduen ene belhaunen eta eskuen gainera.

        11. Eta erran izan zarotan: Daniel, lehietako gizona, ardietsatzu nik erraten darozkitzudan hitzak, eta zaude xutik; ezen orai zure gana igorria naiz. Eta solas hori erran zarotanean, xutitu nintzen ikharan.

        12. Eta erran zarotan: Ez izi, Daniel; zeren lehenbiziko egunetik, zeintarik zure bihotza aditzeari eman baituzu, zure Jainkoaren aitzinean atsekabetan sarthuz, entzunak izan dire zure hitzak, eta zure solasen gatik naiz ethorria.

        13. Bada Persiarren erresumako buruzagiak gogor egin darot, hogoi eta bat egunez; eta hara Mixel, lehenbiziko aitzindarietarik bat, ethorri dela ene laguntzera; eta ni hor gelditu naiz Persiarren erregearen aldean.

        14. Ethorri naiz, berriz, zure argitzera zure populuari azken egunetan gerthatu behar zaioenaz; ezen ikhuspen hau oraino urrungo egunentzat da.

        15. Eta horrelako solasak erraten zarozkidanean, begithartea lurrari erran nioen, eta ixilik nindagoen.

        16. Eta hara gizaseme-itxurak ukitu zituela ene ezpainak; eta ahoa idekiz, mintzatu nintzen, eta ene aldean zagoenari erran nioen: Ene Jauna, zu ikhustearekin ene zainek amor egin dute eta ene baithan ez da indarrik batere gelditu.

        17. Eta nola ene Jaunaren zerbitzaria mintzaturen ahal da ene Jaunarekin? ezen ez da ene baithan gelditu indarrik batere, eta hatsa ere ithotzen hari zait zintzurrean.

        18. Berriz ukitu ninduen beraz gizon-itxura bezalako harek, eta hazkartu ninduen,

        19. Eta erran zarotan: Lehietako gizona, ez izi; bakea zuri; indar har zazu, eta izan zaite hazkar. Eta enekin mintzo zelarik, bizkortu nintzen, eta erran naroen: Mintza zaite, ene Jauna, zeren hazkartu bainauzu.

        20. Eta ihardetsi zarotan: Ez othe dakizu zertara ethorri naizen zure gana? Eta orai itzuliko naiz Persiarren erregearen kontra gudukatzera. Ilkhitzen nintzelarik agertu zait Greziarren buruzagia bidean heldu dela.

        21. Guzia gatik ezagutaraziren darotzut zer den xedatua egiazko iskribuan; eta horietan orotan nihor ez da ene laguntzaile, baizik-ere Mixel, zuen aitzindaria.

 

XI. KAP.

        1. Bada, ni, Dario Mediarraren lehenbiziko urthetik, banindagoen laguntzen, haren gogortzeko eta hazkartzeko.

        2. Eta orai ezagutaraziren darotzut egia. Hara hirur errege jarriko direla oraino Persian, eta laugarrenak bilduko ditu guzien gainetik aberastasun gaitzak; eta bere aberastasunez garai izanen denean, subermaturen ditu guziak Greziarren erresumaren kontra.

        3. Bainan jaikiren da errege bat hazkarra, eta bothere handirekin nausituren da, eta gogarako dituenak eginen ditu.

        4. Eta noiz-etare nausi jarriren baita, urratua izanen da haren erresuma eta lau haizeetara berezia, bainan ez haren ganikako ondoreentzat, ez-etare nausi egon deneko bere botherearen arabera; ezen haren erresuma zathikatua izanen da atzeen artean ere, aiphatuez landa.

        5. Eta hegoaldeko erregea hazkarturen da, eta hunen garai izanen da haren azpiko aitzindarietarik bat, eta botherez gehiago izanen da; ezen haren nausitasuna hedadura gaitzekoa izanen da.

        6. Eta zenbait urtheren buruan batasun eginen dute; eta hegoaldeko erregeren alaba ethorriko da ipharreko erregearekin ezkontzera, eta ez du ardietsiko besoko hazkartasuna, eta haren odolak ez du iraunen; eta bera, eta bera erakharri zuten eta berari ordu arteo indar ematen zioten berarekilako gizon-gazteak, etsaien eskuetara izanen dire arthikiak.

        7. Eta haren erroetarik ilkhiko da gando bat; eta armada batekin ethorriren da, eta ipharreko erregeren lurretan sarthuren da; eta hekiei nahi duena eginen diote, eta nausituren da.

        8. Eta bertzalde Egiptora preso eramanen ditu hango jainkoak eta gizamoldeak, eta zilharrezko eta urhezko untzi baliosak ere: hura gaihenduren zaio ipharreko erregeari.

        9. Eta hegoaldeko erregea sarthuren da erresuman, eta bere lurrera bihurturen da.

        10. Berriz, ipharreko erregearen semeak suminduren dire; eta osteka bilduko dituzte asko armada; eta hura laster eginez ethorriren da, eta bazter guziak estaliz; eta itzuliren eta suharturen da, eta gudutan lothuren da haren armadarekin.

        11. Eta hegoaldeko erregea hizitatua ilkhiko da, eta gudu emanen dio ipharreko erregeari; eta xuxenduko du armada bat gaitza, eta oste handi bat arthikia izanen da haren eskuetara.

        12. Eta ostea hartuko du, eta hantuko zaio bihotza, eta asko mila erorraraziko ditu ezpataren azpira; bainan ez da nausituko.

        13. Ezen itzuliren da ipharreko errege, eta xuxenduren du oste bat, lehenekoa baino hainitz handiagoa; eta epheen eta urtheen buruan laster eginen du armada handiarekin eta dirutze gaitzekin.

        14. Eta egun hekietan asko dire jaikiren hegoaldeko erregearen kontra; zure populuko lege-hausleen semeak ere altxaturen dire, bethe dadientzat profezia, eta eroriko dire.

        15. Eta ethorriren da ipharreko erregea; eginen ditu trantxadak eta hartuko hiririk hazkarrenak; eta hegoaldeko besoek ezin jasanen dute, eta hango hautak jaikiko dire, buru egiteko, eta ez dute indarrik izanen.

        16. Eta ipharreko erregeak hegoaldekoaren gainean eginen du atsegin dukeena, eta hari buru eginen dioenik ez da izanen, eta jarriren da lur ospatuan, zeina iretsia izanen baita haren eskuaren azpian.

        17. Eta harek begithartea itzuliren du hegoaldeko erregearen erresuma guziaz jabetzeko; eta zuzentasuneko itxurak erabiliren ditu harekin; eta bere alabarik ederrena emanen dio ezkontzaz, haren erresumaren eragozteko gogoz; bainan ez da bere xedeetara helduren, eta alaba ez du atde izanen.

        18. Eta irlen kontra itzuliren du begithartea, eta harturen ditu asko; eta geldiaraziren du ahalkea ematen zion aitzindaria; eta bere gainera bihurturen zaio lehen bertzeei ematen zioten ahalkea.

        19. Eta itzuliren du begithartea bere erresumako lurrera; eta behaztopaturen da, eta eroriko da, eta ez da gehiago aurkhituren.

        20. Eta haren orde jarriren da gizonik putrusena, eta erregetasuneko ohoreari gutienik egokia; eta egun laburrik barnean xahutua izanen da, eta ez gerlako suan ez-eta gudutan.

        21. Haren orde jarriren da gizon erdeinatu bat, eta ez diote emanen erregetasuneko ohorea; bainan ethorriren da izilka, eta zimarkhuz ardietsiren du erregetasuna.

        22. Eta haren kontra gudukatuko denaren besoak, haren aitzinean izanen dire garhaituak eta trenkatuak, eta oraino batasuneko buruzagia ere bai.

        23. Eta adiskidantzak egin ondoan, zimarkhua erabiliren du haren kontra; eta iganen da, eta armada xumearekin garhaituren du.

        24. Eta hiririk aberatsenetan eta gorienetan sarthuren da, eta eginen du haren aitek eta aiten aitek egin izan ez dutena; eramanen ditu hango harrapakin, buluzkin, aberastasunak; hiri hazkarrenen kontra erabiliren ditu bere asmuak, eta hori muga bateraino.

        25. Eta haren indarra eta haren bihotza hegoaldeko erregearen kontra bizturen dire armada handi batekin; eta asko laguntzaz eta hainitz hazkarrez gerlara hizitatua izanen da hegoaldeko erregea; eta ez dire gogorretik egonen, zeren asmuak erabiliko baitire haren kontra.

        26. Eta harekin ogia jaten dutenek xahuturen dute, eta haren armada lehertua izanen da, eta asko hilak dire eroriren.

        27. Bi erregeen bihotza ere gaizki egitera atzarria izanen da; eta mahain berean mintzaturen dire gezurka, eta ez dire baliaturen, zeren akhabantza oraino bertze muga bateko izanen baita.

        28. Eta ipharraldeko erregea bere lurrera aberastasun handiekin bihurturen da; eta haren bihotza lege sainduaren kontra izanen da; eta eginen du bidegabe, eta bere lurrera itzuliren da.

        29. Eta muga berezian bihurtuko eta hegoaldera ethorriko da; eta azken aldia ez da lehenbizikoa iduri izanen.

        30. Eta haren gainera ethorriko dire untziak eta Erromarrak; eta joa izanen da, eta bihurtuko da, eta gaitzirizkotan sarthuko da saindutegiko legearen kontra, eta eginen du bidegabe; eta itzuliko da, eta asmuketa hariko da saindutegiko legea utzi dutenen kontra.

        31. Eta haren ganik ethorriko dire gizonak eta lohituko dute Jainko hazkarraren saindutegia; eta khenduko dute bethiko sakrifizioa eta ezarriko desmasiako hatsgarrikeria.

        32. Inpioek maulaz erabiliren dituzte alegiak legearen gainean: ordean bere Jainkoa ezagutzen duen populuak legea idukiren eta haren arabera eginen du.

        33. Eta populuaren arteko gizon argituek argituren dituzte bertze asko, eta eroriren dire ezpataren, garraren, gathibutasunaren eta orduko harrapakerien azpira.

        34. Eta erori ondoan, altxaturen dire laguntza xume baten bidez, eta asko hekiei maltzurkerian iratxikiren dire.

        35. Eta argituetarik izanen dire eroriko direnak suan garbi ditezentzat; hauts bilhaka, eta xuri ditezen muga berezia ethorri artean, zeren oraino bertze ordu bat izanen baita.

        36. Eta erregek nahi duena eginen du; eta goitituren eta jainko guzien kontra altxaturen da; eta buruiopez mintzaturen da jainkoen Jainkoaren kontra; bere asmuetan aitzinatuz goanen da, Jainkoaren hasarrea bethe dadien arteo; erabakia ezen emana da.

        37. Eta bere arbasoen Jainkoarentzat ez du ikhustaterik izanen; eta emakoitasunean sarthua egonen da, eta edozein jainkoz axolarik ez du izanen; ezen gauza guzien kontra altxatuko da.

        38. Aldiz, agur ekharriren dio Maozim jainkoari bere tokian; eta urheaz, zilharraz, harri eta gauza baliosez ohore emanen dio haren arbasoek ezagutu ez duten jainko bati.

        39. Eta hariko da Moazimi indar ematen ezagutu duen jainko arrotzarekin; eta hura adoratzen dutenen ospea berhaturen du, eta esku emanen diote hainitzen gainean, eta urrurik bereziren diote lurra.

        40. Eta ordu esleituan haren kontra gudukaturen da hegoaldeko erregea; eta ipharrekoa phesia bezala goanen zaio kontra orga-lasterrekin, zaldizkoekin eta untziketa handi batekin; eta haren lurretan sarthuren da, eta oro xahutuz iraganen da.

        41. Eta ospezko lurrean sarthuren da, eta lur hainitz izanen dire herrautsiak; aldiz haren eskuari itzuriko diren bakharrak, Edom, Moab eta Amonen semeen buruzagien lurrak izanen dire.

        42. Eta eskua hedaturen du lurren gainera, eta Egiptoko lurra ez da itzuriren.

        43. Eta urhe eta zilhar murruez eta Egiptoko gauza balios guziez nausi eginen da, eta Libia eta Ethiopia gaindi ere iraganen da.

        44. Eta iguzki-aldetik eta ipharretik berriek asaldutan emanen dute; eta oste handi batekin ethorriren da, oro xahutu eta asko hil beharrez.

        45. Eta bere olha landaturen du Apadnon itsasoen artean, mendi ospedun eta sainduaren gainean; eta izanen da mendi gainera, eta nihork ez baitio laguntzarik emanen.

 

XII. KAP.

        1. Ordu hartan berriz, jaikiko da Mixel, buruzagi handia, zure populuko umeen begiratzeko dena; eta ethorriren da ordu bat halakorik ez baita izatu jendakiak izaten hasi diren denbora hartarik hunat. Eta ordu hartan salbaturen da zure populua, liburuan iskribatua atzemanen den guzia.

        2. Eta lurreko herrautsean lo daudezen hainitz iratzarriren dire, batzu bethirainoko bizitzerako, eta bertzeak laidorako, hura ikhus dezaten bethi.

        3. Argituak izatu direnek aldiz, distiraturen dute ortziko dirdiradurak bezala; eta zeinek-ere zuzenaren bidean ibiltzen irakhatsi baitiote askori, hainek izarrek bezala dute bethiko mendeetan izarniaturen.

        4. Zuk berriz, Daniel, hertsatzu hitz haukiek, eta liburua zigilatua idukazu ordu esleituraino; askok ikharturen dute eta jakitate handiak izanen dire.

        5. Eta nik Danielek ikhusi nuen, eta hara iduri bertze bi gizon xutik, bat hunainditik ur-hegian, eta bertzea hainditik bertze ur-hegian.

        6. Eta erran nioen liho-oihalez jauntzia zen gizonari, zeina hibaiko uren gainean baitzagoen: Noiz izanen da sendagaila haukien akhabantza?

        7. Eta aditu nuen lihoz jauntzia zen gizona, hibaiko uren gainean xutik zagoena, esku eskuina eta ezkerra zerura goitituz eta bethi bizi denaz zin eginez erraten, ephe baten buruan eta bi epheren eta ephe baten erdiaren buruan izanen zela. Eta populu sainduaren baldarna osoki izanen denean barraiatua, betheko dire haukiek oro.

        8. Eta nik aditu nuen, eta ez ardietsi. Eta erran nuen: Ene Jauna, zer izanen da gero?

        9. Eta ihardetsi zuen: Zoaz, Daniel; zeren solas haukiek hertsiak eta ordu esleituraino zigilatuak baitire.

        10. Eta hainitzak izanen dire hautatuak, eta xuri eginak eta suaz bezala frogatuak; eta gaixtaginak gaixtakerian hariko dire; eta gaixtagin guziek ez dute adituko; bainan prestuek adituko dute.

        11. Eta bethiko sakrifizioa khendua eta demasiako hatsgarrikeria ezarria izanen diren ordutik, goanen dire hamabi ehun lau hogoi eta hamar egun.

        12. Dohatsu iduri dagoena, eta hamahirur ehun hogoi eta hamabortz egunetaraino heltzen dena!

        13. Zu aldiz, zoaz muga bereziraino, eta phausua izanen duzu, eta zure heinean egonen zare zure egunen akhabantzaraino.

 

XIII. KAP.

        1. Bazen gizon bat Babilonan zagoena, eta Joakin zen haren izena.

        2. Eta emazte bat hartu zuen Susana deitzen zena, Helziasen alaba, osoki ederra eta Jainkoaren beldur zena.

        3. Alabainan haren burhasoak prestuak baitziren, Moisen legearen arabera irakhatsi izan zuten beren alaba.

        4. Bada, Joakin hainitz aberatsa zen, eta sagardi bat bazuen bere etxearen aldean; eta Juduak haren gana biltzen ziren, orotarik aiphatuena zelakoz.

        5. Eta urthe hartan populutik juietzat ezarri zituzten bi gizon-zahar, zeinetaz Jaunak erran baitzuen: Tzarkeria Babilonatik ilkhi zela juie zaharretarik, populuari hotsematen zaroetela iduri zutenetarik.

        6. Zahar hekiek ardura ziren Joakinen etxean; eta zerbait juiamenduren beharretan ziren guziak, hekien gana zathortzen.

        7. Eta eguerdi gainera populua gibelerat goaten zenean, Susana sartzen eta bere senharraren sagardian ibiltzen zen.

        8. Eta zaharrak egun oroz ikhusten zuten sartzen eta ibiltzen, eta haren ganako zalekeriak sutan ezarri zituen.

        9. Eta tentutik jauzi ziren, eta begiak makhurtu zituzten, zeruaren ez ikhusteko, eta erabaki zuzenez ez orhoitzeko.

        10. Biak beraz haren ganako maitekeriaz zaurthuak ziren, eta etzuten beren mina elkharri salhatu.

        11. Alabainan biek harekin etzan nahi, eta ahalke ziren elkharri aithortzeko beren zalekeria.

        12. Eta egun oroz ardura gehiagorekin bilhatzen zuten haren ikhustea. Eta batak bertzeari erran zioen:

        13. Goazen etxerat, zeren jateko tenorea baita. Eta ilkhirik, elkhar ganik berezi ziren.

        14. Bainan gibelerat itzulirik, batera jo zuten berriz; eta elkharri galdatuz horren aria, beren zalekeria aithortu zuten, eta orduan elkharrekin hitzartu ziren Susana bakharrik atzeman zezaketen arteaz.

        15. Eta behar bezalako egun baten bilhatzen hari zirelarik, gerthatu zen Susana sarthu zela, bezperan eta bezperagoan bezala, bi neskatxa bakharrekin, eta nahi izan zuen sagardian bere burua garbitu, ezik bero hari zen.

        16. Eta han etzen nihor bi gizon-zaharrak baizik, gordeak eta hari begira zaudenak.

        17. Erran zioten beraz neskatxei: Ekhar dizadatzue olioa eta xahugailuak, eta hertsatzue sagardiko atheak, garbi nadien.

        18. Eta manatu zuen bezala egin zuten; hertsi zituzten sagardiko atheak, eta gibeleko athetik ilkhi ziren, harek manatu gauzen ekhartzeko; eta etzakiten bi zaharrak barnean gordeak zirela.

        19. Neskatxak ordean ilkhi zirenean, bi zaharrak jaiki ziren, Susanaren gana laster egin zuten, eta erran zaroten:

        20. Huna, sagardiko atheak hertsiak dire, eta nihork ez gaitu ikhusten, eta gu zure gutiziaz hartuak gare; hargatik eror zaite gure nahira, eta egizu gurekilakoa.

        21. Baldin ez bazindu nahi, lekhukotasun atheratuko dugu zure kontra zurekin bazela gizon-gazte bat, eta aria hortaz zure ganik igorri ditutzula neskatxak.

        22. Susanak auhenekin erran zuen: Athekak ditut alde orotarik; ezen hori eginen badut, heriotzea da enetzat; egitea ez badut berriz, ez naiz zuen eskuei itzuriko.

        23. Bainan enetzat hobe da, gaizkirik egin gabe zuen eskuetarat erortzea, Jaunaren aitzinean bekhatu egitea baino.

        24. Eta Susanak deihadar egin zuen: aldiz zaharrek ere haren kontra oihu egin zuten.

        25. Eta batek laster egin zuen sagardiko athera, eta ideki zuen.

        26. Etxeko sehiek beraz oihua aditu zutenean sagardian, gibeleko athetik lasterka sarthu ziren, zer zen ikhusteko.

        27. Bainan zaharrak mintzatu zirenean, sehiak harrituak gelditu ziren, zeren ez baitzen egundaino horrelako solasik Susanaz aiphatu. Eta egin zen biharamuna.

        28. Eta populua Joakinen, haren senharraren etxera ethorri zenean, bi zaharrak ere ethorri ziren, Susanaren kontra asmu tzarrez betheak, haren hilarazteko.

        29. Eta populuaren aitzinean erran zuen: Igorrazue Susanaren, Helziasen alabaren, Joakinen emaztearen bilha. Eta igorri zuten berehala.

        30. Eta ethorri zen bere burhaso, haur eta ahaide guziekin.

        31. Bada, Susana hainitz zen pintza eta begithartez ederra.

        32. Eta gizatzar hekiek manatu zuten ager zezan begithartea (ezik estalia zadukan), hala bederen ale zitezen haren edertasunaz.

        33. Haren ahaide eta ezagun guziak nigarrez zauden beraz.

        34. Xutiturik, berriz, populuaren erdian, bi zaharrek eskuak ezarri zituzten haren buruaren gainean.

        35. Harek nigarrez begiratu zuen zerurat; ezen haren bihotzak Jauna baithan zadukan bere ustea.

        36. Eta zaharrek erran zuten: Sagardian ginabiltzalarik bakharrik, hau sarthu da bi neskatxekin; hertsi ditu atheak, eta bere ganik igorri ditu neskatxak.

        37. Eta gordea zagoen muthil gazte bat ethorri zaio, eta hunekin etzan da.

        38. Gu berriz, nola sagardi zokho batean baikinen, ikhusirik tzarkeria, gainera laster egin diotegu, eta ikhusi ditugu elkharrekin khutsatzen.

        39. Eta ezin iduki dugu muthila, gu baino hazkarragoa zelakoz; eta atheak idekirik, kanporat jauzi da.

        40. Huni ordean, atzeman dugunean galdatu diogu, nor zen muthil hura, eta ez daroku erran nahi izan: gauza hortaz lekhuko gare.

        41. Zaharrak eta populuaren juieak ziren bezala, osteak sinhetsi zituen, eta hiltzera kondenatu zuten Susana.

        42. Susanak berriz, goraki oihu egin eta erran zuen: Jainko bethierekoa, gauza gorde guzien ezagutlea, egin ditezen baino lehen gauza oroz jakintsun zarena;

        43. Zuk badakizu gezurrezko lekhukotasuna ekharri dutela ene kontra; eta huna non hiltzen naizen, haukiek ene kontra gaixtoki asmatu dituztenetarik deusere egin ez dudan arren.

        44. Jaunak aldiz entzun zuen haren mintzoa.

        45. Eta hiltzera zaramatelarik, Jaunak eraiki zuen Daniel deitzen zen haur gazte baten izpiritu saindua.

        46. Eta Danielek goraki oihu egin zuen: Ni garbi naiz hunen odolaz.

        47. Eta haren ganat itzulirik, populu guziak erran zuen: Zer da atheratu duzun solas hori?

        48. Eta Danielek, hekien erdian xutik, erran zuen: Israelgo semeak, hunen zoro othe zarete, non, ardietsi eta ezagutu gabe egiarik zer den, kondenatu baituzue Israelgo alaba bat?

        49. Juiamendutara bihur zaitezte, zeren gezurrezko lekhukotasuna ekharri baitute hunen kontra.

        50. Populua herresakan itzuli zen beraz, eta zaharrek erran zioten Danieli: Zato, jar zaite gure erdian, eta argi gaitzatzu; ezen Jainkoak eman darotzu zahartasunaren ohorea.

        51. Eta Danielek erran zioten: Berez zatzue horiek elkharren ganik urrun, eta juiatuko ditut nik.

        52. Bata bertzea ganik berezi zituztenean beraz, deithu zuen hekietarik bat, eta erran zioen: Tzarkerian zahartu gaixtagina, orai gainera heldu zaizkik aitzinean egitea hituen bekhatuak,

        53. Bidegabekeriazko erabakiak atheratuz, hobenik etzutenak zaphatuz eta hobendunak librorik igorriz, noiz-etare Jaunak baitio: Ez duzu hilen hobengabea eta prestua.

        54. Orai beraz emazteki hau ikhusi balin baduk, errak zer zuhamuren azpian muthilarekin solasean ikhusi ditukan. Harek ihardetsi zuen: Lentisko baten azpian.

        55. Danielek berriz, erran zioen: Bidezki arthiki duk gezurra hire buruaren gain; ezen huna Jainkoaren aingeruak, haren eskutik erabakia harturik, bi erdi zathituren hauela.

        56. Eta urruntarazirik zaharra, manatu zuen ethor zadien bertzea, eta erran zioen: Kanaandar hazia, eta ez Judatikakoa, edertasunak zoratu hau eta zalekeriak galdu dik hire bihotza.

        57. Horrela egiten zinaroeten Israelgo alabei; eta hekiek, beldurrak idukitzen zituen zuekin solasean; bainan Judako alabak ez du jasan zuen tzarkeria.

        58. Orai erradak zer zuhamuren azpian atzeman ditukan elkharrekin mintzatzen. Harek ihardetsi zuen: Haritz baten azpian.

        59. Danielek berriz, erran zioen: Ederki hik ere arthiki duk gezurra hire buruaren gain; ezen Jaunaren aingerua xutik zagok, ezpata eskuan, erditik hire urratzeko, eta zuen bien hiltzeko.

        60. Hargatik baldarna guzia oihuka abiatu zen, eta benedikatu zuten Jainkoa, haren baithan igurikimena dadukatenak salbatzen dituena.

        61. Eta batean jaiki ziren bi zaharren kontra, (ezen Danielek beren ahotik atzeman zituen gezurrezko lekhukotasuna erran zutela); eta berek beren lagunari egin nahi izan zioten gaizkia jasanarazi zaroeten,

        62. Moiseren legearen arabera egiteko; eta hil zituzten, eta odol hobengabea egun hartan salbatua izan zen.

        63. Beren alaba Susanaren ariaz berriz, laudatu zuen Jainkoa Helziasek eta bere emazteak, Joakin Susanaren senharrarekin, eta haren ahaide guziekin, zeren haren baithan etzen gauza itsusirik aurkhitu.

        64. Daniel aldiz handi bilhakatu zen populuaren aitzinean egun hartarik eta aitzinat.

        65. Eta errege Astiaies batu zen bere arbasoekin, eta Zirok hartu zuen Persiarren erregetasuna.

 

XIV. KAP.

        1. Bada, Danielek erregeren mahainean jaten zuen, eta ohoretan zen haren adiskide guzien gainetik.

        2. Babilondarretan ere bazen jainkomolde bat, Bel deitzen zena, eta zeinari egun oroz eskaintzen baitzaroezten hamabi artaba irin-lore, berrogoi ardi eta sei pitxer arno.

        3. Erregek ohoratzen zuen halaber, eta egun oroz bazohan haren adoratzera. Bainan Danielek bere Jainkoa adoratzen zuen; eta erregek erran zioen: Zeren gatik ez duzu adoratzen Bel.

        4. Hunek ihardestean erran zioen: Zeren ez baitut eskuz eginikako idolarik adoratzen, bainan-bai Jainko bizia, zeru-lurrak egin dituena, eta haragidun guzien gainean esku duena.

        5. Eta erregek erran zioen: Ez othe zaitzu bada iduri Bel jainko bizia dela? ala ez othe duzu ikhusten zenbat jaten eta edaten duen egun oroz?

        6. Eta Danielek irri batekin ihardetsi zuen: Oi errege, berautzu engana; ezik Bel barnetik lohizkoa eta kanpotik kobrezkoa da, eta ez du horrek jan egundaino.

        7. Eta samurturik erregek deithu zituen Belen aphezak, eta erran zaroeten: Ez badarotazue erraten nork jaten dituen Belentzat ematen direnak, hilen zarete.

        8. Aldiz erakhusten badarotazue Belek jaten dituela, Daniel hilen da, burho arthiki dioelakoz Beli. Eta Danielek erran zioen erregeri: Zure hitzaren arabera egina izan bedi.

        9. Bada, hirur hogoi eta hamar ziren Belen aphezak, emazteak eta haur ttipi-handiak bertzalde. Eta errege Danielekin goan zen Belen tenplora.

        10. Eta Belen aphezek erran zuten: Huna non gu ilkhiko garen kanporat; eta zuk, errege, ezarriren ditutzu jatekoak, eta nahasazu arnoa; athea hertsazu eta jo zure zigiluaz.

        11. Eta bihar goizean sarthuko zarenean, oro Belek janak atzematen ez badituzu, heriotzez hilen gare; edo bertzela Daniel, gure kontra gezurrez mintzatu dena.

        12. Bada, etziren khexu, zeren mahain-azpian baitzuten sarbide gorde bat egina, eta handik sartzen ziren bethi, eta iresten zituzten jatekoak.

        13. Beraz, hekiek ilkhi ondoan, erregek ezarri zituen jatekoak Belen aitzinean; Danielek bere muthilei manatu zioten hautsa ekhar zezaten, eta erregeren aitzinean bahatu zuen tenplo guzia gaindi; eta ilkhi ondoan, athea hertsi zuten, eta hura erregeren erreztunaz zigilaturik goan ziren.

        14. Aphezak berriz, hekien emazte eta haurrak gabaz ohi bezala sarthu ziren, eta oro jan eta edan zituzten.

        15. Aldiz errege jaiki zen lehenbiziko argi-zirrintan, eta Daniel harekin.

        16. Eta erregek erran zuen: Daniel, oso dire zigiluak? Eta hunek ihardetsi zuen: Oso dire, errege.

        17. Eta erregek, athea ideki bezain laster, begiratu zuen mahainera, eta goraki oihu egin zuen: Handia zare, Bel, eta zutan ez da den-gutieneko jokotriarik.

        18. Eta Danielek irri egin zuen, eta iduki zuen errege, etzadien barneratago ibil, eta erran zuen: Huna lauzadura; ohart zaite norenak othe diren hatz haukiek.

        19. Eta erregek erran zuen: Ikhusten ditut gizon, emazteki eta haur hatzak. Eta errege hasarretu zen.

        20. Orduan hartu zituen aphezak beren emazte eta haurrekin, eta hekiek erakhutsi ziozkaten athetto gorde batzu, zeintarik sartzen baitziren, mahain gainean izaten zirenen jatera.

        21. Erregek beraz hilarazi zituen, eta Bel eskura eman zioen Danieli, zeinak lurrerat arthikarazi baitzituen hura eta haren tenploa.

        22. Eta toki hartan bazen erainsuge handi bat, eta Babilondarrek adoratzen zuten.

        23. Eta erregek erran zioen Danieli: Huna orai ez dezakezu erran, hau ez dela jainko bizia; adora zazu beraz.

        24. Eta Danielek ihardetsi zioen: Ene Jainko Jauna adoratzen dut, zeren hura baita Jainko bizia; hori ordean ez da Jainko bizia.

        25. Zuk aldiz, errege, emadazu eskua, eta nik erainsuge hori hilen dut ezpatarik eta makhilarik gabe. Eta erregek erran zioen: Ematen darotzut.

        26. Danielek hartu zituen beraz bikhea, bilgorra eta ileak, eta urtharazi zituen batean, eta mokhor batzu egin eta erainsugeari arthiki ziozkan ahora, eta erainsugeak leher egin zuen. Eta Danielek erran zuen: Horra zuek adoratzen zindutena.

        27. Babilondarrek aditu zutenean hori sumindu ziren biziki; eta erregeren kontra bildurik, erran zuten: Judu bilhakatu da errege; zathikatu du Bel, leher eginarazi dio erainsugeari, eta aphezak hil ditu.

        28. Eta erregeren gana ethorri zirenean, erran zioten: Eskuetara iguzu Daniel; bertzela hilen zaituztegu zu eta zure etxea.

        29. Erregek ikhusi zuen beraz, muthiriki oldartzen zitzaizkola; eta ezinbertzeak hartaraturik, eskuetara eman zioten Daniel.

        30. Hekiek arthiki zuten lehoinen zilhora, eta han egotu zen sei egun.

        31. Bada, zilhoan baziren zazpi lehoin, eta egun oroz ematen ziozkaten bi gorphutz eta bi ardi; eta etziozkaten orduan eman, arren-eta jan zezaten Daniel.

        32. Bada, Habakuk profeta Judean zen, eta egosarazi zuen jakia; ogiak xehatu zituen untzi batera, eta landara zihoan, uztazaileei eramatera.

        33. Eta Jainkoaren aingeruak erran zioen Habakuki: Eskuan duzun barazkaria Babilonara eremozu Danieli, zeina lehoin-zilhoan baita.

        34. Eta Habakukek ihardetsi zuen: Jauna, ez dut egundaino ikhusi Babilona, eta ez dut ezagutzen lehoin-zilhoa.

        35. Eta Jaunaren aingeruak hartu zuen buru gainetik, eta iletik eraman eta Babilonan ezarri zuen lehoin-zilhoaren gainean bere izpirituaren oldarrean.

        36. Eta Habakukek oihu egin zuen, zioelarik: Daniel, Jainkoaren zerbitzaria, har zazu Jainkoak bidali darotzun barazkaria.

        37. Eta Danielek erran zuen: Jainkoa, orhoitu zare nitaz, eta ez ditutzu maite zaituztenak bazterrerat utzi.

        38. Eta jaikirik, Danielek jan zuen. Berriz, Jaunaren aingeruak berehala bihurtu zuen Habakuk bere tokira.

        39. Zazpigarren egunean beraz, errege ethorri zen Danielen deithoratzera; eta zilhora goan, eta barnera begiratu zuen; eta hara Daniel jarria zagoela lehoinen erdian.

        40. Eta erregek oihu min bat egin zuen, zerralarik: Handia zare, Danielen Jainko Jauna. Eta lehoin-zilhotik atheratu zuen.

        41. Aldiz, zilhora arthikarazi zituen Daniel galdu nahi izan zutenak, eta aphur batez iretsiak izan ziren haren aitzinean.

        42. Orduan erregek erran zuen: Lurraren ororen gainean egoten direnak Danielen Jainkoaren beldur izan beitez; zeren hura baita salbatzailea, lurraren gainean ezagutkariak eta sendagailak egiten dituena, eta Daniel lehoinen zilhotik libratu duena.

 

aurrekoa hurrengoa