www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

JEREMIAS PROFETAREN DEITHOREAK

 

        Israel gathibu eramana eta Jerusaleme mortu egina izan ziren ondoan, Jeremias profeta jarri zen nigarrez eta deithore hau egin zuen Jerusalemeren gainean; eta arima uherrik, hasperen eta auhenka erran zuen:

 

I. KAP.

        ALEPH. 1. Nolaz dago bakharrik jarria populuz bethea zen hiria jendaietako erregina alhargun bat iduri egina da; herrialdeen burua zergaren azpian da.

        BETH. 2. Nigarrez urthu da gauaz, eta nigarrak dihoazko mathelak behera; maite zituen guzietarik batek ez dio ematen gozakaririk; bere adiskide guziak eskarniatu dute, eta etsai egin zaizkio.

        GHIMEL. 3. Juda bertzetara goan da atsekabearen handiz, hesturaren gaitzez; jarri da jendaien artean eta ez du phausirik aurkhitu; bere jazarle guziak lothu zaizko bere oinhazeen erdian.

        DALETH. 4. Nigarrez daude Siongo bideak, zeren nihor ez den heldu haren bestetara; haren athe guziak urratuak daude, aphezak auhenetan, neskatxak hautsez estaliak, eta bera uhertasun minean.

        HE. 5. Bere etsaiek buruaren gainean jarri zaizko; hari jazartzen zioetenak aberastu dire; zeren Jauna baita haren kontra mintzatu haren tzarkerien elemenia gatik; haren haurttoak gathibu eramanak izan dire hertsatzailearen aitzinean.

        VAU. 6. Siongo alabari goan zaio bere edertasun guzia; haren buruzagiak bilhakatu dire alhapiderik khausitzen ez duten ahariak bezala, eta ahituak goan dire eragilearen aitzinean.

        ZAIN. 7. Jerusaleme orhoitu da bere atsekabezko egunez eta beihalako egunetarik zituen ontasun guzien narriapenaz, haren populua etsaiaren eskuaren azpian erortzen zenean eta nihork etzuenean laguntzen: ikhusi dute etsaiek, eta haren larunbatez irriz egotu dire.

        HETH. 8. Bekhatu beltzaz hobendun egin da Jerusaleme, hargatik erorkor bilhakatu da: espantatzen zuten guziek arbuiatu dute, zeren ikhusi baitute haren laidoa; berak aldiz, auhenetan gibelerat egin du.

        TETH. 9. Oinen gainean ditu bere lohikeriak, eta ez da bere akhabantzaz orhoitu; muthiriki eragotzia izan da, gozakari-emailerik gabe. Jauna, ikhusazu ene atsekabea, zeren goititu den etsaia.

        JOD. 10. Haren gauza lehiagarri guzien gainera etsaiek ekharri dute beren eskua; ezen lekhu sainduan ikhusi ditu sartzen jendaiak, zeinetaz manatu baitzinuen etzitezela sar zure baldarnan.

        CAPH. 11. Haren populu guzia auhenez eta ogi eske dabila; eman dituzte gauza balios guziak jateko truk, beren biziaren mantenatzeko: ikhusazu, Jauna, eta begiets zenbat naizen putrustua.

        LAMED. 12. Oi zuek bidean iragaiten zareten guziak, ohartemazue eta begira zazue hean baden atsekaberik enea bezalakorik; ezen nola Jaunak erran, hala biluzi bainau bere hasarreko egunean.

        MEM. 13. Su bat igorri du gainetik ene hezurretara, eta azurriatu nau; sarea hedatu diote ene oinei, eta gibelerat erorrarazi nau; egun guzian inkoniatua eta atsekabez hiratua ezarri nau.

        NUN. 14. Erne egotu da ene gaixtakerietako uztarria; haren eskuan inguratuak eta ene lephoaren gainean ezarriak dire; ethendua da ene indarra Jaunak ezarri nau esku batean, zeintarik ezin ilkhiko bainaiz.

        SAMECH. 15. Jaunak ene erditik khendu ditu ene gizon hazkar guziak; ene kontra deithu du ordu gaitza, ene gizon hauten xahutzeko; Jaunak lakoa oinkatu dio Judako alaba gazteari.

        AIN. 16. Hargatik nago nigarrez, eta uharrak ixurtzen dituzte ene begiek zeren ene ganik urrundu baita, bizia bihurtzen zarodan gozakari-emailea galduak dira ene umeak, nausitu delakotz etsaia.

        PHE. 17. Sionek hedatu ditu eskuak; ez du gozakari-emailerik; Jaunak Jakoben kontra manatu ditu inguruan haren etsaiek; Jerusaleme hekien artean egin da astagaitzez lohitua dena bezala.

        SADE. 18. Jauna zuzena da, ezen hasarretzera ekharri dut haren ahoa adi zazue othoi populu guziek, eta ikhusazue ene atsekabea; gathibu goan dire ene neskatxa eta gizon-gazteak.

        COPH. 19. Deithu ditut ene adiskideak, eta berek enganatu naute; ene aphezak eta zaharrak hirian iraungitu dire, jateko zerbait bilhatzen zutelarik beren bizien mantenatzeko.

        RES. 20. Ikhusazu, Jauna, zer hesturak nabilan; ene barnea nahasia, ene bihotza ene baithan iraulia da; zeren uherduraz bethea bainaiz; kanpoan ezpatak hiltzen du, eta barnean heriotzeak atzematen du orobat.

        SIN. 21. Aditu dute auhenetan nagoela, eta nihor ez da niri gozakari emateko; ene etsai guziek aditu dute ene zorigaitza; boztu dire, zuk egin duzulakotz; bainan erakharriren duzu gozakarietako eguna, eta hekiek bilhakaturen dire ni bezala.

        THAU. 22. Hekien gaizki guziak zure aitzinera ager beitez; larru zatzu mahasti bat bezala, hala-nola larrutu bainauzu ene tzarkerien gatik; ezen auhen hainitz dut arthikitzen, eta minez dago ene bihotza.

 

II. KAP.

        ALEPH. 1. Nola Jaunak bere hasarrean hedoi batez estali du Siongo alaba? nola zerutik lurrera arthiki du Israelgo alaba ederresgarria, eta bere hasarrean ez da gehiago orhoitu bere oinetako alkhiaz?

        BETH. 2. Jaunak eragotzi ditu eta ez guphidetsi Jakoben edergailu guziak; bere irakiduran, urratu eta lurrerat arthiki ditu Judako alabaren hazkargailuak; arrotzen eskuetara arthiki ditu erresuma eta hartako buruzagiak.

        GHIMEL. 3. Bere hasarrearen sephan phorroskatu du Israelen adarra; etsaiaren aitzinetik gibelerat eraman du bere eskuina, eta Jakoben baithan biztu du garrezko su bat bezala, oro inguruan erretzen dituena.

        DALETH. 4. Bere arranbela hedatu du etsaiak bezala; etsaiak bezala gogortu du bere eskuina, eta xahutu ditu Siongo alabaren olhan ziren gauza ederrak oro: sua bezala hedatu du bere gaitzidura.

        HE. 5. Jauna bilhakatu da etsai bat bezala; eragotzi du Israel; eragotzi ditu haren harrasi guziak, urratu ditu haren hazkargailuak; eta Judako alabaren baithan aphaletsi ditu gizona eta emaztekia.

        VAU. 6. Biluzi du bere tabernaklea, larrutzen den baratze bat bezala; urratu du bere tabernaklea; Jaunak ahanzpenera eman ditu Sionen bestak eta larunbatak, eta laidoaren eta bere gaitzidurako sepharen azpira arthiki ditu errege eta apheza.

        ZAIN. 7. Jaunak hastandu du bere aldarea eta madarikatu bere saindutegia; hartako dorreen harrasiak arthiki ditu etsaien eskuetara; eta Jaunaren etxean bozkariozko oihutan ibili dira, hala-nola bertze orduz besta-egunetan.

        HETH. 8. Jaunak burutan hartu du Siongo alabaren harrasiaren urratzea; hedatu du bere haria, eta xahutu arteo ez du gibelatu bere eskua; karraskan erori da aitzin-harrasia, eta harrasia orobat urratua da.

        TETH. 9. Luphean sarthuak dire hango atheak; kraskatu eta xahutu ditu hango hagak; hango errege eta buruzagiak barraiatu ditu jendaien erdian; ez da gehiago legerik eta hango profetek ez dute gehiago Jaunaren ganik agerpenik izatu.

        JOD. 10. Siongo alabaren zaharrak lurrean jarri eta ixilik baratu dira; hautsez estali dituzte beren buruak eta jauntzi dituzte zurdatzak; Jerusalemeko neskatxek lurrerat arthiki dituzte beren buruak.

        CAPH. 11. Nigar eginaren eginez iraungitu dire ene begiak; ene barnea ikharatu, ene gibel-erraiak lurrera ixuri dire, ikhustean ene populuko alabaren desmasia, haur xumeak eta bulharrekoak hiriko karriketan iraungitzen.

        LAMED. 12. Beren amei zerraten: Non dire ogia eta arnoa? hiriko karriketan sakhituak izan balire bezala erortzen zirenean, eta arimak egiten ziotenean beren amen altzoan.

        MEM. 13. Nori erkhaturen, edo noren iduriko aiphaturen zaitut, Jerusalemeko alaba? noren bardin ezarriren zaitut eta zer gozakari emanen darotzut, Siongo alaba garbia? ezen zure mina itsasoa bezain handi da; nork dezake senda?

        NUN. 14. Zure profetek zuretzat izan dituzte ikhuspen gezurrezkoak eta zoroak; etzarotzuten zure gaizkia agertzen, urrikitara zure deitzeko; bainan zuretzat ikhusten zituzten gezurrezko garhaiziak eta etsai-iraizteak.

        SAMECH. 15. Zure kontra eskuak jo dituzte bideko iragaile guziek; hixtuka haritu dire, eta Jerusalemeko alabaren kontra dardaratu dute burua, ziotelarik: Hori othe da edertasun osoko hiri hura, lur guziko bozkarioa zena?

        PHE. 16. Zure etsai guziek zure kontra ideki dute ahoa; hixtuka haritu dire, karraskatu dituzte hortzak eta erran dute: Iretsiko dugu; huna guk iguriki dugun egun hura; aurkhitu dugu, ikhusi dugu.

        AIN. 17. Jaunak egin du buruan hartu zuena; azpaldidanik eman zuen erabakia obratu du; xahutu du eta ez guphidetsi; etsaia bozkariatu du zure gainean; eta goratu du zure etsaien adarra.

        SADE. 18. Hekien bihotzak Jaunari oihu egin dio Siongo alabaren harrasien kontra: gau eta egun nigarrak ixur zatzu uharra bezala; ez eman zure buruari phausurik, eta ez bedi ixil zure begi-ninia.

        COPH. 19. Jaiki zaite, deithora zaite gau lehenetik; ura bezala ixur zazu zure bihotza Jaunaren aitzinean; haren ganat altxa zatzu eskuak karrika-buru guzietan gosez hil diren zure haur xumeen arimentzat.

        RES. 20. Ikhusazu, Jauna, eta begira nor larrutu duzun horrela; emaztekiek janen othe dituzte bada beren fruituak, ukhumiloa bezalako haurrak? apheza eta profeta hilak izanen othe dire Jaunaren saindutegian?

        SIN. 21. Haurra eta gizon-zaharra kanpoan etzanak daude lurraren gainean; ene neskatxa eta gizon-gazteak erori dire ezpataren azpira; hil ditutzu zure irakidurako egunean; jo ditutzu, eta etzare urrikaldu.

        THAU. 22. Besta batera bezala deithu ditutzu etsaiak alde orotarik ene izitzera; eta Jaunaren hasarreko egunean ez da izan itzuri eta gelditu denik; etsaiak iretsi ditu hazi eta altxatu ditudan haurrak.

 

III. KAP.

        ALEPH. 1. Ni naiz gizon bat, ene lazeria ikhusten dudana Jaunaren hasarreko zigorraren azpian.

        ALEPH. 2. Eragin darot eta eraman nau ilhunbeak barna, eta ez argitik.

        ALEPH. 3. Egun guzian ez du bertzerik egin bere eskua ene gainera itzultzea eta arreitzultzea baizik.

        BETH. 4. Zaharrarazi ditut ene larrua eta haragia, eta hautsi ditu ene hezurrak.

        BETH. 5. Hertsi nau alde orotarik harrasiz, eta inguratu nau minez eta nekhez.

        BETH. 6. Toki ilhunetan ezarri nau, bethikotzat hilak direnak bezala.

        GHIMEL. 7. Inguruan harrasi bat egin du ene kontra, ilkhi ez nadientzat; dorphetu ditut ene oinetako burdinak.

        GHIMEL. 8. Deihadar eta othoitz egiten nuelarik ere, arbuiatu du ene othoitza.

        GHIMEL. 9. Harri pikatuz hertsi ditu ene bideak, eta ene bidexkak hautsi ditu.

        DALETH. 10. Enetzat bilhakatu da zelatan jarria den hartz bat, gordegailuetarik dagoen lehoin bat.

        DALETH. 11. Hautsi ditu ene bidexkak eta phorrokatu nau neroni, inkoniatua ezarri nau.

        DALETH. 12. Hedatu du bere arranbela, eta gezien xedetzat hartu nau.

        HE. 13. Ene sahetsetan sarthu ditu bere gezi-untziko alabak.

        HE. 14. Ene herritar guzientzat irrigarri bilhakatu naiz eta hekien kantagailu egun guzian.

        HE. 15. Uhertasunez bethe, zizari-belharrez horditu nau.

        VAU. 16. Eta hortz guziak arront hautsi darozkit, eta hautsez hazi nau.

        VAU. 17. Eta baketik khendua izan da ene arima; zer den ona ahantzia naiz.

        VAU. 18. Eta erran dut: Eneak egin du; akhabo da Jaunaren baithan nuen igurikimena.

        ZAIN. 19. Orhoit zaite ene lazeriaz, nola naizen ehoa eta zizari-belharrez eta minez bethea.

        ZAIN. 20. Orhoituko naiz orhoituko, eta ene arima ene baithan ihartuko da.

        ZAIN. 21. Horiek iraganen ditut ene bihotzean eta horrek emanen darot pheskiza.

        HETH. 22. Jaunaren urrikalmenduei esker, ez gare alde bat xahutuak izan, zeren haren urrikalpenak ez baitira ahituak.

        HETH. 23. Goizetik ezagutu dut, handia dela zure zintasuna.

        HETH. 24. Jauna da ene zathia, dio ene arimak, hargatik igurikiren dut.

        TETH. 25. Jauna ona da haren baithan dadukatenentzat beren igurikimena, hura bilhatzen duen arimarentzat.

        TETH. 26. Zorion Jaunaren ganikako salbamendua ixiltasunean igurikitzen duenarentzat.

        TETH. 27. Zorion gaztedanik uztarria ekhartzen duenarentzat.

        JOD. 28. Jarriko da bakharrik eta ixilik egonen da, zeren bere gainean ezarri baitu uztarri hura.

        JOD. 29. Herrautsean ezarriko du bere ahoa, gothor baitago haren igurikimena.

        JOD. 30. Jotzen duenari hedatuko dio mathela; iretsiko ditu laidoak.

        CAPH. 31. Jaunak ez du nihor bethikotzat hastantzen.

        CAPH. 32. Hastandu bagaitu, urrikalduren da bere urrikalpen handien arabera;

        CAPH. 33. Ezen ez ditu aphaldu eta iraizi gizonen semeak bihotzeko oldez:

        LAMED. 34. Lurreko gathibuen oinpean lehertzen,

        LAMED. 35. Gizonari zuzenbidearen khentzen Guziz-Goraren begien aitzinean,

        LAMED. 36. Bere zuzenean gizon baten galtzen, horrelakorik ez daki Jaunak.

        MEM. 37. Zein da, Jaunak manatu gabe erran duena, gauza bat egin zadien?

        MEM. 38. On-gaitzak ez othe dire Guziz-Goraren ahotik ilkhitzen?

        MEM. 39. Zertako gurguriatzen du gizon biziak, bere bekhatuentzat azurriatua den gizonak?

        NUN. 40. Ikhar detzagun gure bideak; bilha gaitezen, eta Jaunaren gana bihur.

        NUN. 41. Goiti detzagun bihotzak eskuekin Jauna gana zeruetara.

        NUN. 42. Tzarkerian ibili gare, eta hasarretzera deithu zaitugu; hargatik zaude zu gogorretik.

        SAMECH. 43. Zure hasarreaz inguratu zare, eta jo gaituzu; hilka haritu zaizkigu, eta ez gaituzu guphidetsi.

        SAMECH. 44. Hedoi bat ezarri duzu zure aitzinean, othoitza etzadien iragan.

        SAMECH. 45. Errotik atheratua eta arthikia utzi nauzu populuen erdian.

        PHE. 46. Gure etsai guziek gure kontra ideki dute ahoa.

        PHE. 47. Profezia bilhakatu da gure izialdura, gure artea eta xahupena.

        PHE. 48. Nigar-uharrak ixuri ditu ene begiak ene populuko alabaren xahupenaren gainean.

        AIN. 49. Ene begia atsekabetan egotu da eta ez da ixildu, phausurik ez baitzen,

        AIN. 50. Jaunak zeruetarik begira eta ikhus zezan arteo.

        AIN. 51. Ene begiak xahutu du ene bizia, ene hiriko alaba guzien ariaz.

        SADE. 52. Aria gabeko ene etsaiek hartu naute xori bat ihizian bezala.

        SADE. 53. Putzura erori da ene bizia, eta harri bat ezarri dute ene gainean.

        SADE. 54. Ur-uharrak erori dire ene buruaren gainera, eta erran dut: Galdua naiz.

        COPH. 55. Zure izenari dei egin diot, Jauna, putzuaren ondotik.

        COPH. 56. Aditu duzu ene mintzoa, ez urrunt zure beharria ene kuinta eta marrasketarik.

        COPH. 57. Hurbildu zare, dei egin darotzudan egunean; erran duzu: Ez izan beldur.

        RES. 58. Juiatu duzu ene arimaren zuzena, oi Jauna, ene biziaren berreroslea.

        RES. 59. Oi Jauna, ikhusi duzu hekien gaixtakeria ene alderat; juia zazu ene zuzena.

        RES. 60. Ikhusi ditutzu hekien sepha, hekien asmu guziak ene kontra.

        SIN. 61. Aditu ditutzu, Jauna, hekien irain, hekien asmu guziak ene kontra;

        SIN. 62. Jazartzen zarotadenen ahapaldi eta gogoetak egun guzian elle kontra.

        SIN. 63. Ikhusatzu hekien jartze xutitzeak: ni naiz hekien kantagailu.

        THAU. 64. Jauna, ordaina bihurturen daroezu beren eskuetako egintzen arabera.

        THAU. 65. Oinhazez hestuturen duzu hekien bihotza erredola batez bezala.

        THAU. 66. Jarraikiren zatzaizkote zure sephan, Jauna, eta xahuturen ditutzu zeruen azpitik.

 

IV. KAP.

        ALEPH. 1. Nola gobeldu da urhea? nola da aldatu haren argidura ederrena? saindutegiko harriak nola dire karrika-buru guzietan barraiatuak?

        BETH. 2. Siongo umeak eder ziren, urhe lehenezko edergailuak soinean: nola izan dire erabiliak baxeregileak egin duen lurrezko untzia iduri?

        GHIMEL. 3. Lamiek berek dithia agertu dute eta esnea eman diote beren umeei: ene populuko alaba gogorra da mortuko ostruka bezala.

        DALETH. 4. Bulharreko haurraren mihia aho gainari lothu da egarriz; haur ttipiek galdatu dute ogia eta emailerik etzen.

        HE. 5. Gozokerietan bizi zirenak, karrika-bazterretan hil dire; purpuraren erdian bizi zirenek, zikhinkeria besarkatu dute.

        VAU. 6. Ene populuko alabaren tzartasuna gaitzagoa egin da Sodomaren bekhatua baino, Sodoma, zeina aphur batez herrautsia izan baitzen, eta gizonaren eskurik etzen haren xahutzean.

        ZAIN. 7. Haren Nazarearrak, esnea baino, elhurra baino xuriagoak ziren, boli zaharra baino gorriagoak, zafirra baino ederragoak.

        HETH. 8. Orai hekien begithartea ikhatza baino beltzagoa egina da, eta plazetan ez dire ezagutzen; larrua hezurrei josia dute; idortu eta zura bezala egin da.

        TETH. 9. Zori hobea izatu dute ezpatatik hil direnek, gosetik goan direnek baino; zeren haukiek ihartu baitira lurraren agortasunaren ariaz.

        JOD. 10. Bihotz samurrako emaztekiek errearazi dituzte beren haurrak; haurrak izan dire amen janhari ene populuko alabaren desmasian.

        CAPH. 11. Jaunak ase du bere sepha, ixuri du bere hasarrearen sumindura, eta Sionen biztu du su bat asentuetaraino erre duena.

        LAMED. 12. Lurreko erregeek eta munduko egoiliar guziek, etzuten usteko etsaiak Jerusalemeko atheetarik sarthuko zirela.

        MEM. 13. Egin dire, haren profeten bekhatuen gatik, eta haren aphezen tzarkerien gatik, hekiek prestuen odola hiriaren erdian baitute ixuri.

        NUN. 14. Itsuak bezala ibili dire karriketan gaindi; odolean zikhindu dire; eta ezin iragan zitazkeenean, goititzen zituzten beren petrailak.

        SAMECH. 15. Eta oihu egiten zaroeten: Gibelerat! Zoazte gibelerat, lohiak; ez uki gu! Ezen aharratu dire, eta nahasturan jarri, eta jendaien artean erran dute: Jauna ez da gehiago hurbilduren, horiekin egoteko.

        PHE. 16. Jaunaren begitharteak barraiatu ditu; ez da hurbilduren horiei begiratzeko; aphezen begitharteentzat ez dute ahalkerik, ez-eta zaharrentzat urrikalmendurik.

        AIN. 17. Irauten ginduenean oraino, gure begiak ahitu dire laguntza alfer bati iguri, ezin salba gintzazken jendaia bati arduratsuki begira ginaudezenean.

        SADE. 18. Gure oinak lerratu dire gure karriken gainean, hurbildu da gure akhabantza; betheak dire gure egunak, ezen heldu da gure azken orena.

        COPH. 19. Ondotik jarraikitzen zitzaizkigunak, zeruko arranoak baino zalhuago izan dire; mendietara jarraiki zaizkigu, mortuan zelatak hedatu darozkigute.

        RES. 20. Gure ahoko hatsa, Kristo Jauna, hartua zan da gure bekhatuen gatik; erran izan ginaroen: Zure itzalean biziko gare jendaien artean.

        SIN. 21. Boz eta jauz hadi Edomen alaba, Huseko lurrean hagoena, hiri ere ethorriko zain kharmindurako untzia; horditua eta biluzia izanen haiz.

        THAU. 22. Iraungitua da zure gaizkia, oi Siongo alaba; Jauna ez da gehiago abiaturen zure desherritzera: bainan ikhartu ditin hire tzarkeriak, Edomen alaba, agertu ditin hire bekhatuak.

 

JEREMIAS PROFETAREN OTHOITZA

V. KAP.

        1. Orhoit zaite, Jauna, guri gerthatu zarokunaz; begira zazu eta ikhus gure laidoa.

        2. Gure primantza arrotzetara, gure etxeak atzeetara dire iragan.

        3. Umezurtz, aitarik gabe direnak bezala eginak gare, eta gure amak alhargunak iduri.

        4. Dirutan edaten dugu gure ura; erosiz dugu gure egurra.

        5. Dixiduka aitzinean eraman gaituzte; nekhatuentzat phausatzerik etzen.

        6. Egiptoarrei eta Asiriarrei hedatu diotegu eskua, ogiz bethetzea gatik sabela.

        7. Gure aitek bekhatu egin dute, eta ez dire gehiago; eta guk jasan ditugu hekien gaizkiak.

        8. Gathibuak nausitu zaizkigu, eta nihor etzen hekien eskuetarik gure libratzeko.

        9. Gure bizien menturan, ezpaten artetik gure ogia hartzen ginduen mortuan.

        10. Gosearen hesturek khaldatu dute gure larrua labe bat bezala.

        11. Ahalkea eman diote Sionen emaztekiei, eta neskatxei Judako hirietan.

        12. Beren eskuz urkhatu dituzte buruzagiak, zaharren begitharteak ez ditu ahalkatu.

        13. Lohikeriako erabili dituzte gizon-gazteak, eta haurrak makhilaren azpian erori dire.

        14. Zaharrak galdu dire atheetarik, eta gizon-gazteak eresia kantatzaileetarik.

        15. Suntsitu da gure bihotzeko bozkarioa, eta deithoretara bihurtu dire gure kantuak.

        16. Gure burutik erori da khoroa; zorigaitz guri, zeren egin dugun bekhatu!

        17. Aria hortaz gobeldu da gure bihotza, ilhundu gure begia;

        18. Ezen herrautsia da Siongo mendia eta han dabiltza hazeriak.

        19. Zuk ordean, Jauna, egundainotik badirauzu, eta menderen mendetan iraunen du zure tronuak.

        20. Zergatik ahantziren gaituzu bethiko, eta bazterrerat utziren gaituzu mendeen luzetasunean?

        21. Zure gana bihurraraz gaitzatzu, Jauna, eta bihurturen gare; berri zatzu gure egunak, hastetik ziren bezala.

        22. Bainan hastandu eta iraizi gaituzu; hasarre gaitzean sarthu zare gure kontra.

 

aurrekoa hurrengoa