www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZAKARIASEN PROFEZIA

 

I. KAP.

        1. Zortzigarren hilabethean, Dario erregearen bigarren urthean, Jaunaren hitza ilkhi zitzaioen Zakarias profetari, Barakiasen semeari, Adoren arresemeari, zerralarik:

        2. Hasarre gaitzaz hasarretu izan da Jauna zuen aiten kontra.

        3. Eta hau erranen diozu populuari: Hau dio armadetako Jaunak: Bihur zaitezte ene gana, dio armadetako Jaunak; eta ni bihurturen naiz zuen gana, dio armadetako Jaunak.

        4. Ez izan zuen arbasoak bezala, zeinei oihu egiten baitzaroten aitzineko profetek, zerratelarik: Hau dio armadetako Jaunak: Bihur zaitezte zuen bide tzarretarik eta zuen asmu guziz gaixtoetarik. Eta ez dute entzun, eta etzaizkit begiratu, dio Jaunak.

        5. Non dire zuen arbasoak? eta profetak biziko dire bethi?

        6. Bizkitartean ene hitzak eta ene erabakiak, ene zerbitzari profeten bidez gaztiatu ditudanak, ez othe zaizkote heldu izan zuen arbasoei? eta hekiek ez othe dire itzuli, ziotelarik: Armadetako Jaunak egin daroku burutan hartu zuena guri egiteaz gure bide eta asmuen arabera?

        7. Eta Darioren bigarren urthean, hamekagarren hilabethean, zeina Sabath deitzen baita, hogoi eta laugarren egunean, Jaunak solas egin zioen Zakarias profetari, Barakiasen semeari, Adoren arresemeari, zerralarik:

        8. Gabaz izan nuen ikhuspen bat, eta hara gizon bat zaldi gorrast baten gainera igana, eta hura zagoen, zolagune batean ziren arraiandien erdian; eta haren ondotik baziren zaldi gorrastak, nabarrak eta zuriak.

        9. Eta erran nuen: Nor dire horiek, ene Jauna? Eta ene baithan mintzo zen aingeru batek erran zarodan: Nik erakhutsiko darotzut zer diren horiek.

        10. Eta arraiandien erdian zagoen gizonak ihardetsi eta erran zuen: Horiek dire Jaunak lurraren kurritzera bidali dituenak.

        11. Eta hekiek ihardetsi zioten Jaunaren aingeru arraiandien erdian zagoenari, eta erran zuten: Kurritu dugu lurra, eta hara lurrak orotan egoiliarrak badituela, eta phausuan da.

        12. Eta Jaunaren aingeruak ihardetsi eta erran zuen: Armadetako Jauna, noiz arteo etzakizkiote urrikalduren Jerusalemeri eta Judako hiriei, zeinen kontra samur baitzare? Oraikoz urthe hau hirur hogoi eta hamargarrena da.

        13. Eta ene baithan mintzo zen aingeruari Jaunak ihardetsi ziozkan solas onak, solas gozagarriak.

        14. Eta ene baithan mintzo zen aingeruak erran zarodan: Oihu egizu erranez: Hau dio armadetako Jaunak: Khar handiak nerakharka Jerusalemeren eta Sionen alde.

        15. Eta hasarre handiaz hasarretzen natzaiote jendaia indardunei zeren ni guti bat samur bainintzen; eta hekiek berriz, gaizki egiteraino eman baitute esku.

        16. Aria hortaz, dio Jaunak: Urrikalmenduz betherik bihurturen naiz Jerusalemera; eta haren erdian altxaturen da ene etxea, dio armadetako Jaunak; eta haria hedaturen da Jerusalemeren gainera.

        17. Egizu oraino oihu, erranez: Hau dio armadetako Jaunak: Ontasunak ene hirietara gaindika ethorriren dire oraino; eta Jaunak gozakari emanen dio oraino Sioni, eta Jerusaleme hautaturen du oraino.

        18. Eta goititu nituen begiak, eta ikhusi nuen; eta hara lau adar.

        19. Eta erran nioen ene baithan mintzo zen aingeruari: Zer dire horiek? Eta ihardetsi zarodan: Horiek dire adarrak, Juda, eta Israel, eta Jerusaleme haizatu dituztenak.

        20. Eta Jaunak erakhutsi zarozkidan lau harotz.

        21. Eta erran nuen: Zertara dathortzi horiek? Eta ihardetsi zuen erranez: Horra adarrak, Juda haizatu dutenak guzia gizonez gizon eta hekietarik batek ez baitu goititu burua; eta harotzak heldu dire adarren izitzera, adarren hausteko jendaiei, zeinek goratu baitute besoa Judako lurraren gainera, ene populuaren barraiatzeko.

 

II. KAP.

        1. Eta goititu nituen begiak, eta ikhusi nuen; eta hara gizon bat, eta haren eskuan neurtzaileen haria.

        2. Eta erran nuen: Norat hari zare? Eta ihardetsi zarodan: Jerusalemeren neurtzera, eta ikhustera zer othe den haren zabaltasuna, eta zer haren luzetasuna.

        3. Eta hara ilkhi zela ene baithan mintzo zen aingerua; eta bertze aingeru bat atheratu zitzaioen bilera,

        4. Eta erran zioen: Laster egizu, mintza zakizkio gizon-gazte horri, derrozularik: inguruan harrasirik gabe izanen dire Jerusalemen egonen direnak, hango gizon eta azienden ostearen ariaz.

        5. Eta neroni izanen natzaio, dio Jaunak, suzko harrasi bat inguruan, eta ospetan izanen naiz haren erdian.

        6. Oi! oi! ihes egizue ipharreko lurretik, dio Jaunak; ezen lau haizeetara barraiatu zaituztet, dio Jaunak.

        7. Ihes! oi Sion, Babilonako alabaren baithan egoten zarena;

        8. Zeren hau erran baitu armadetako Jaunak: Ospezko egunen ondoan, bidali nau zuek larrutu zaituzten jendaien kontra; ezen zuek ukitu zaituztenak, ene begi-ninia du ukitu.

        9. Hargatik huna nik eskua goititzen dudala bekien gainera, eta izanen dire harrapakara, lehen berak zerbitzatzen zituztenen eskuetan; eta ezaguturen duzue armadetako Jaunak nauela bidali.

        10. Laudoriozko kantuak kanta zatzu eta boz zaitezi, Siongo alaba; zeren huna non heldu naizen ni, eta zure erdian eginen dut ene egoitza, dio Jaunak.

        11. Eta egun hartan asko jendaki eratxikiren dire Jaunari, eta ene populu dire bilhakaturen, eta zure erdian eginen dut ene egoitza, eta ezaguturen duzu, zure gana armadetako Jaunak nauela bidali.

        12. Eta Jaunak bere primantza bezala gozaturen du Juda lur sainduetsian, eta Jerusaleme du oraino hautaturen.

        13. Ixil egon bedi gizona Jaunaren aitzinean, zeren ilkhi baita bere egoitza saindutik.

 

III. KAP.

        1. Eta Jaunak erakhutsi zarodan Jesus, aphez-handia, Jaunaren aingeruaren aitzinean xutik; eta haren eskuinetik zagoen Satan, hari zeiher egiteko.

        2. Eta Jaunak erran zioen Satani: Jaunak bere larderia eraik beza hire gainera, Satan; eta bere larderia hire gainera eraik beza Jaunak, Jerusaleme hautatu duenak: ez othe da hori sutik atheratu itxindi hura?

        3. Eta Jesus zen soineko zikhinez jauntzia; eta aingeruaren aitzinean zagoen xutik.

        4. Aingerua mintzatu zen eta erran zioten bere aitzinean xutik zituenei: Khen diozotzue soineko zikhinak. Eta hari erran zioen: Huna non khendu darotzudan zure tzarkeria, eta aldagarritan jauntzi zaitut.

        5. Eta erran zuen: Buruko xahua ezar zazue hunen buruaren gainean. Eta buruko xahua ezarri zuten haren buruan, eta jauntzi ziozkaten soinekoak. Eta xutik zagoen Jaunaren aingerua.

        6. Eta Jaunaren aingeruak lekhukotasun atheratu zioen Jesusi, zerralarik:

        7. Hau dio armadetako Jaunak: Ene bideetan ibiltzen bazare eta ene legea zaintzen baduzu; zuk ere juiaturen duzu ene etxea, eta zainduren ditutzu ene lorioak, eta zurekin ibiltzeko emanen darozkitzut orai hemen direnetarik.

        8. Adi zazue, Jesus, aphez-handia, zuk eta zure adiskide aitzinean ditutzunek, zeren gizon profetisatzaileak baitire. Erakharriren dut ene zerbitzaria, Iguzki sortzen dena.

        9. Ezen huna harria, Jesusen aitzinean ezarri dudana. Harri bakharraren gainean badire zazpi begi. Huna neronek bernuzaturen dudala horren zizeladura, dio armadetako Jaunak; eta egun batez khenduren dut gaixtakeria lur hunen gainetik.

        10. Egun hartan, dio armadetako Jaunak, gizonak bere adiskidea deithuren du mahatsaren azpira eta pikoaren azpira.

 

IV. KAP.

        1. Eta bihurtu zen ene baithan mintzatzen zen aingerua eta atzarri ninduen, bere lotik iratzartzen den gizona bezala.

        2. Eta erran zarodan: Zer ikhusten duzu? Eta ihardetsi nuen: Ikhusten dut, eta hara ganderailu bat guzia urhezkoa, eta olio-untzia haren buru buruan, eta zazpi kriselu haren adarretan, eta haren gaineko kriseluetara daude zazpi tutu olio-emaile;

        3. Eta gaineko aldean bi olibondo, bat olio-untziaren eskuinetarik, eta bertzea haren ezkerretarik.

        4. Eta ene baithan mintzo zen aingeruari ihardestean erran nioen: Ene Jauna, zer dire horiek?

        5. Eta ene baithan mintzo zen aingeruak ihardetsi eta erran zarodan: Ez dakizu zer diren horiek? Eta erran nuen: Ez, Jauna.

        6. Eta ihardetsi eta erran zarodan Hori da Jaunaren hitza, Zorobabeli derrana: Ez armadez, ez indarrez, bainan ene izpirituaz, dio armadetako Jaunak.

        7. Zer haiz, mendi handia, Zorobabelen aitzinean? Zelhai eginen hau, eta ekharriren dik izkina-harria, eta oraiko tenploa eginen du berregintasunez lehenekoaren bardin.

        8. Eta Jaunak solas egin zarodan, ziodalarik:

        9. Zorobabelen eskuek arthiki dituzte etxe hunen asentuak eta haren eskuek akhabaturen dute; eta jakinen duzue armadetako Jaunak nauela zuen gana bidali.

        10. Nork daduzka erdeinutan egun hitz haukiek? eta bozturen dire, eta ezteinu-harria Zorobabelen eskuan ikhusiren dute. Lur guzia iragaiten duten zazpi begi horiek Jaunarenak dire.

        11. Eta ihardetsi eta erran nioen: Zer dire bi olibondo horiek ganderailuaren eskuinetik eta ezkerretarik?

        12. Eta bigarren aldian erran nioen Zer dire bi oliba-floka horiek, urhezko tutuak daduzkaten urhezko bi adarren ondoan?

        13. Eta erran zarodan: Ez dakizu zer diren horiek? Eta ihardetsi nuen: Ez, Jauna.

        14. Eta erran zuen: Horiek dire olioaren bi semeak, lur guziko Nausiaren aitzinean daudezenak.

 

V. KAP.

        1. Eta itzuli nintzen, eta goititu nituen begiak, eta ikhusi nuen, eta hara liburu bat hegaldaka zihoala.

        2. Eta aingeruak erran zarodan: Zer ikhusten duzu? Eta ihardetsi nuen: Ikhusten dut liburu bat hegaldaka; badu hogoi besoren luzetasuna eta hamarren zabaltasuna.

        3. Eta erran zarodan: Hori da lur guziaren gainera atheratzen den madarizionea; ezen ohoin guziak, hor iskribatua denaren arabera izanen dire juiatuak, eta zin gaixto egile guziak orobat hortarik juiaturen dire.

        4. Eta atheraturen dut hori, dio armadetako Jaunak; eta sarthuren da ohoinaren etxean eta gezurrez ene izenean zin egiten duenaren etxean; eta haren etxean egonen da, eta erreko ditu etxea eta hartako zur eta harriak.

        5. Eta ene baithan mintzo zen aingerua ilkhi zen, eta erran zarodan: Goiti zatzu begiak, eta ikhusazu zer den atheratzen hari den hau.

        6. Eta galdegin nuen: Zer da? Eta ihardetsi zuen: Hori da pitxer bat ilkhitzen dena. Eta erran zuen: Hori da hekien begia lur guzian.

        7. Eta hara berun mokhor bat zakhartela, eta hara emazteki bat pitxerraren barnean jarria.

        8. Eta aingeruak erran zuen: Tzarkeria da hau. Eta arthiki zuen emaztekia pitxerraren erdira, eta berun-mokhorra ezarri zuen untzi haren ahoan.

        9. Eta goititu nituen begiak, eta ikhusi nuen; eta hara ilkhitzen zirela bi emazteki, eta haizea hegaletan zuten, eta hegalak zituzten miru-hegalak iduri; eta altxatu zuten pitxerra lurraren eta zeruaren artera.

        10. Eta erran nioen ene baithan mintzo zen aingeruari: Norat daramate horiek pitxerra?

        11. Eta ihardetsi zarodan: Badaramate etxe bat egina izan dakioen Senaargo lurrean, eta gogortua eta bere oinaren gainean ezarria izan dadientzat.

 

VI. KAP.

        1. Eta itzuli nintzen, eta goititu nituen begiak, eta ikhusi nuen: eta hara lau orga-laster bi mendiren artetik ilkhitzen zirenak; eta mendiak kobrezko mendiak ziren.

        2. Lehenbiziko orga-lasterrean, zaldiak gorrastak ziren; eta bigarren orga-lasterrean, zaldi beltzak;

        3. Eta hirugarren orga-lasterrean, zaldizuriak; eta laugarren orga-lasterrean, zaldi nabarrak eta hazkarrak.

        4. Eta ene baithan mintzo zen aingeruari erran nioen: Zer dire horiek, Jauna?

        5. Eta aingeruak ihardetsi eta erran zarodan: Horiek dire zeruko lau haizeak, ilkhitzen direnak lur guziko Nausiaren aitzinean egoteko.

        6. Bigarren orga-lasterrean ziren zaldi beltzak, ipharreko lurrera ilkhitzen ziren; hekien ondotik atheratu ziren zuriak; eta nabarrak hegoako lurrera goan ziren.

        7. Hazkarrenak ilkhi ziren eta bilhatzen zuten goatea eta lur guzia iragaitea. Eta aingeruak erran zuen: Zoazte, iragan zazue lurra; eta lurra iragan zuten.

        8. Eta deithu ninduen, eta mintzatu zitzaitan, zerradalarik: Huna ipharreko lurrean dabiltzanek jabalarazi dutela ipharreko lurraren kontra nuen hasarrea.

        9. Eta Jaunak solas egin zarodan, zerralarik:

        10. Desherrituetarik, Holdai, Tobias eta Idaia ganik har zatzu emaitzak; eta egun hartan goanen eta sarthuko zare Sophoniasen seme Josiasen etxera; horiek oro Babilonatik ethorriak baitire;

        11. Eta hartuko duzu urhea eta zilharra, eta eginen ditutzu khoroak; eta Jesus, Josedeken seme aphez-handiaren buruan ezarriko ditutzu.

        12. Eta mintzatuko zakizkio, erraten diozularik: Huna Iguzki-sortzea deitzen den gizona; eta hunen azpitik sorthuko da populu berri bat, eta Jaunari eginen dio tenploa.

        13. Eta harek eginen dio Jaunari tenploa, eta harek ekharriren du ospea, eta jarriren da, eta bere tronuaren gainetik jaun izanen da; eta apheza bere tronuan izanen da, eta hekien bien artean izanen da bakezko batasuna.

        14. Eta Helemek, Tobiasek, Idaiak eta Hemek Sophoniasen semeak eman khoroak, bethiko orhoitzapenetan egonen dire Jaunaren tenploan.

        15. Eta urrun direnak ethorriko eta Jaunaren tenploaren egiten hariko dire; eta jakinen duzue armadetako Jaunak igorri nauela zuetara. Hau gerthatuko da ordean, baldin entzunez aditzen baduzue zuen Jainko Jaunaren mintzoa.

 

VII. KAP.

        1. Eta Dario erregearen laugarren urthean, bederatzigarren hilabethean, zeina baita Kasleua, laugarren egunean, Jauna mintzatu zen Zakariasi.

        2. Jaunaren etxera igorri zuten Sarasarrek eta Erro omelekek eta hunekin ziren gizonek, Jaunaren begithartearen errekeitzera;

        3. Eta armadetako Jaunaren tenploko aphezei eta profetei erratera: Bortzgarren hilabethean deithoratu edo ene burua sainduetsi behar othe dut, asko urthez jadanik egin izan dudan bezala?

        4. Eta Jaunaren hitza ilkhi zitzaitan, zerralarik:

        5. Mintza zakizkiote lur huntako populu guziari eta aphezei, erranez: Bortzgarren eta zazpigarren hilabethean barurtu eta deithoratu zaretenean hirur hogoi eta hamar urthe haukiez, enetzat barurtu othe duzue zuen barura?

        6. Eta jan eta edan duzuenean, ez othe duzue zuentzat jan eta zuen buruentzat edan?

        7. Ez othe dire horiek Jaunak erran izan dituen hitzak aitzineko profeten arartekoz, Jerusaleme bere egoiliarrekin zenean oraino, aberats zirenean hura eta haren inguruko hiriak, eta hegoaldea eta zelhaiak egoiliarrez betheak zirenean?

        8. Eta Jauna Zakariasi mintzatu zitzaioen, zioelarik:

        9. Hau dio armadetako Jaunak: Zuzenari zintasunean emozuete bere bidea, eta batbedera urrikalkor eta urrikalmendutsu izan bedi bere anaiaren alderako egintzetan.

        10. Gaizkirik ez egin alhargunari, umezurtzari, arrotzari eta beharrari; gizonak ez beza bere anaiaren kontra tzarkeriarik asma bere bihotzean.

        11. Eta oharrik ez dute ekharri nahi izan, eta urrunduz itzuli dute gibela, eta ez aditzeko, gortu dituzte beharriak.

        12. Eta beren bihotza egin dute diamanta bezain gogor, ez aditzea gatik legea, eta armadetako Jaunak bere izpirituaz, aitzineko profeten arartekoz igorri solasak; eta gaitzidura handia jauzi da armadetako Jaunaren gatik.

        13. Eta nola hura mintzatu, eta ez baitute entzun; hala-hala oihu eginen dute, eta ez ditut entzunen, dio armadetako Jaunak.

        14. Barraiatu ditut ezagutzen etzituzten erresuma guziak barna, eta hekien ariaz desmasiatua da lurra, nihor ez baita han gaindi iragaiten, ez alde batera, ez bertzera, eta mortu egin dute lur lehiagarria.

 

VIII. KAP.

        1. Eta armadetako Jaunak solas egin zarodan, erranez:

        2. Hau dio armadetako Jaunak: Onhirizko handiz onhetsi dut Sion, eta gaitzirizko handiz gaitzetsi dut hura.

        3. Hau dio armadetako Jaunak: Itzuli naiz Sionen gana, eta Jerusalemeren erdian eginen dut ene egoitza; eta Jerusaleme deithua izanen da egiaren hiria; eta armadetako Jaunaren mendia, mendi sainduetsia.

        4. Hau dio armadetako Jaunak: Oraino ere Jerusalemgo plazetan ikhusiren dire gizon-zaharra eta atsoa, eta adinaren handiz makhila eskuan dabilan gizona.

        5. Eta hiriko plazak betheko dire hango plazetan dosteta hariko diren muttikottoz eta nexkaz.

        6. Hau dio armadetako Jaunak: Baldin populu hunen ondarren begiei gaitz iduritzen bazaiote hori egun hekietako, gaitz izanen othe zaiote ene begiei? dio armadetako Jaunak.

        7. Hau dio armadetako Jaunak: Huna non itzurraraziren dudan nik ene populua iguzkia ilkhitzen den lurretik eta etzaten den lurretik.

        8. Eta erakharriren ditut, eta Jerusalemeren erdian egonen dire; eta izanen dire ene populua, eta ni izanen naiz hekien Jainkoa, egian eta zuzentasunean.

        9. Hau dio armadetako Jaunak: Oi zuek, profeten ahotik agintza haukiek egun hekietakotzat aditzen ditutzuenak, armadetako Jaunaren etxeko asentuak arthikiak diren egunean, emozuete zuen eskuei, egin dadientzat tenploa.

        10. Ezen baldin egun haukiek baino lehen saririk gabe baziren gizonen eta azienden lanak; ez sartzen zenak ez ilkhitzen zenak bakerik ez bazuten hesturaren ariaz; eta gizon guziak utzi baditut, bat bertzeari jazarka;

        11. Ez diotet ordean populu hunen ondarrei leheneko egunen arabera eginen, dio armadetako Jaunak.

        12. Bainan hekien erdian izanen da bakezko hazia; mahastiak emanen du bere fruitua eta lurrak bere uzta; zeruek emanen dute beren ihintza, eta populu hunen ondarrei gozaraziren diozkatet ontasun horiek oro.

        13. Eta hau gerthaturen da: Judako etxea, eta Israelgo etxea, madarizionetan izatu zareten bezala jendaietan, hala-hala salbaturen zaituztet, eta izanen zarete benedizionetan; ez izan beldurrik, indar emozuete zuen eskuei.

        14. Ezen hau dio armadetako Jaunak: Nola gogoan hartu baitut zuei atsekabe ematea, zuen aitek hasarretzera hizitatu nautenean, dio Jaunak,

        15. Eta ez bainaiz urrikaldu; hala-hala itzulirik gogoan hartu dut egun haukietan Judari eta Jerusalemeri ongi egitea. Ez izan beldurrik.

        16. Huna beraz zer egonen duzuen: Egiaz mintza zaitezte zein zuen lagunari; zintasuna eta bakezko erabakiak athera zatzue zuen atheetan.

        17. Zuen bihotzetan ez bezazue gaizkirik asma zeinak zuen adiskidearen kontra, eta ez bezazue gezurrezko zina maitha; ezen horiek oro nik hastio ditudanak dire, dio Jaunak.

        18. Eta ilkhi zitzaitan armadetako Jaunaren hitza, zerralarik:

        19. Hau dio armadetako Jaunak: Laugarren hilabetheko barura, bortzgarrenekoa, zazpigarrenekoa eta hamargarrenekoa, bozkario eta jauzitara eta besta-buru ederretara bihurturen zaizkio Judako etxeari: bakharrik maitha zatzue egia eta bakea.

        20. Hau dio armadetako Jaunak: Izanen da ordua, zeintan ethorriren baitire populuak eta egoiliarrez betheko baitituzte hiri hainitz.

        21. Eta egoiliarrak bat bertzea gana goanen dire, diotelarik: Goazen eta errekei dezagun Jaunaren begithartea, eta bilha dezagun armadetako Jauna. Eta bertzeak ihardetsiko du: Heldu naiz ni ere.

        22. Eta hainitz populu eta jendaki hazkarrak Jerusalemera ethorriko dire armadetako Jaunaren bilhatzera eta Jaunaren begithartearen errekeitzera.

        23. Hau dio armadetako Jaunak: Hori izanen da, noiz-etare hamar gizonek, jendaien mintzaia guzietarikakoek, hartuko baitute Judu baten petraila, diotelarik: Zuekin goanen gare, entzun dugu ezen zuekin dela Jainkoa.

 

IX. KAP.

        1. Jaunaren hitzaren sortha, Hadrakeko eta Damasko lurraren gainera jautsiko dena; zeren Jaunaren begia gizonaren eta Israelgo leinu guzien gainean baitago.

        2. Emath ere, eta Tir, eta Sidon barne dire hortan, zuhurtzia handiaren kheak dituelakoz hartu.

        3. Hazkargailuak altxatu ditu Tirrek bere inguruan, eta metatu du zilharra lurra bezala, eta urhea karriketako lohia bezala.

        4. Huna hartaz nausitzera dohala Jauna, eta itsasoan joko du haren indarra, eta suz izanen da errea.

        5. Askalonek ikhusiko du, eta izituko da; Gazak ere, eta oinhaze minetan egonen da; eta Akaron ere bai, zeren urmariatua baita haren pheskiza; eta Gazatik galduko da errege, eta Askalonen nihor ez da egonen.

        6. Berezlea jarriko da Azoten eta urmariaturen dut Filistindarren hanpurustasuna.

        7. Eta ahotik khenduko diot odola, eta hortzen artetik hatsgarrikeriak, eta bera gure Jainkoari geldituko zaio, eta Judan izanen da buruzagi bezala, eta Akaron Jebusearra bezala izanen da.

        8. Eta ene etxea inguraturen dut hainetarik, zeinak harat eta hunat baitabiltza ene alde gudukatzen; eta ez da gehiago hekien baitharik iraganen zerga-biltzailea, zeren orai baititut ene begiz ikhusi.

        9. Goiherez jauz zaite, Siongo alaba; boz zaite, Jerusalemeko alaba; ezen huna zure Errege zuzen eta salbatzailea ethorriren zaitzula; beharra da, eta astoaren eta astokumearen gainera igana.

        10. Eta Efraimdik ezeztaturen dut orga-lasterra, eta Jerusalemetik zaldia, eta gerlako arranbela hautsia izanen da; eta bakea diote jendaiei erantzunen; eta haren ahala hedaturen da itsasotik itsasora eta hibaietarik lurraren bazterretaraino.

        11. Zuk halaber zure batasuneko odolaz atheratu ditutzu zure gathibuak ur gabeko putzutik.

        12. Hazkargailura bihur zaitezte, pheskizaren gathibuak; bihurturen darozkitzuet egun bikhunka agintzen darozkitzuedan onak.

        13. Zeren arranbela bezala ene eskuan hedatu dut Juda, eta bethe dut Efraimen arranbela; eta, oi Sion, zure semeak jauzaraziren ditut hire semeen gainera, oi Grezia; eta ezarriren zaitut hala-nola hazkarren ezpata.

        14. Eta hekien gainera agerturen da Jainko Jauna, eta simista bezala ilkhiren da haren gezia; eta Jainko Jaunak durrundaraziren du turuta, eta hegoa-xirimolan goanen da.

        15. Armadetako Jaunak gerizaturen ditu; eta iretsiren dituzte etsaiak, eta habalako harriez zebaturen dituzte; eta hekien odolaz arnoz bezala dire hordituren, eta betheko dire hala-nola sakrifizioetako xatak eta aldareko adarrak.

        16. Eta beren Jainko Jaunak salbaturen ditu egun hartan bere populuko arthaldea bezala; aria hortaz harri sainduak landatuak izanen dire haren lurrean.

        17. Ezen zer da haren ona, eta zer da haren ederra, baizik-ere hautetsien ogia, eta birjinak sorrarazten dituen arnoa?

 

X. KAP.

        1. Jaunari berantaroan galda diozozue uria, eta Jaunak eginen ditu elhurrak, eta emanen darozkitzuete uri eta urixkak eta zeini bere landan belharra.

        2. Alabainan hutsalkeriak erran dituzte jainkomoldeek, gezurrak ikhusi dituzte aztiek, eta elhe alferrak erabili dituzte amets-egileek; gozakari hutsalak ematen zituzten; hargatik ene populua izatu da arthalde bat bezala eramana; eta atsekabeak jasanen ditu, zeren ez baitu artzainik.

        3. Artzainen kontra biztu da ene hasarrea, akherren gainean eginen dut ene ikharpena; zeren Jauna goan baita bere arthaldearen, Judako etxearen ikhustera, eta hura hartu du bere ospezko zalditzat gerlarako.

        4. Hartarik ilkhiren da izkina-harria, hartarik habea, hartarik guduko arranbela, hartarik kargudun guziak.

        5. Eta izanen dire, etsaia guduan karriketako lohia bezala oinkatzen duten gerlari hazkarren iduriko; eta gudukaturen dire, zeren hekiekin izanen baita Jauna; eta zaldien gainera igaiten direnak ahalkez izanen dire estaliak.

        6. Eta hazkarturen dut Judako etxea, eta salbaturen dut Josepena, eta bihurraraziren ditut, zeren urrikalduren bainatzaiote; eta izanen dire hala-nola hastandu ez nituenean oraino; ni naiz ezen hekien Jainko Jauna, eta entzunen ditut nik.

        7. Eta izanen dire hala-nola Efraimgo hazkarrak, eta bozturen da hekien bihotza arnoz bezala; eta hekien semeek ikhusiren dute, eta bozturen dire; eta hekien bihotza jauziren da Jauna baithan.

        8. Eginen daroet hixtu, eta bilduren ditut, zeren nik baititut berrerosi; eta berhaturen ditut lehen berhatuak izan ziren bezala.

        9. Eta populuen erdian erainen ditut, eta handik ere orhoituren dire nitaz; eta beren haurrekin biziko dire, eta bihurturen dire.

        10. Eta bihurraraziren ditut Egiptoko lurretik, eta Asiriatik bilduren ditut; eramanen ditut Galaadeko eta Libango lurrera, eta hekientzat lekhuak ez dire oraino aski zabal izanen.

        11. Israelek iraganen du itsas-atheka; eta Jaunak joko ditu itsasoan uhinak, eta hibaiko osin guziak agorturen dire; eta Asurren burgoitasuna aphaldua izanen da, eta Egiptoaren manamenduko makhilak gibelerat eginen du.

        12. Hazkarturen ditut Jauna baithan, eta ene izenean ibiliko dire, dio Jaunak.

 

XI. KAP.

        1. Zabal zatzik, Liban, hire atheak, eta suak ires betza hire zedroak.

        2. Izaia, egik orrobia, zeren erori baita zedroa, zeren xahutuak baitire gora zirenak; orroa egizue Basango haritzak, zeren ebakia baita oihan hazkarra.

        3. Artzainen orrobiazko deihadarra; zeren xahutua den hekien berregingarria, lehoinen marrumaren otsa; zeren xahutua den Jordanearen hanpurusgarria.

        4. Hau dio ene Jainko Jaunak: alha zatzu ene azienda hil beharrak;

        5. Beren jabeek hiltzen zituzten, eta bihotzminik etzuten; eta saltzen zituzten, ziotelarik: Benedika bekio Jaunari, aberats eginak gare; eta arthaldeak artzainek berek etzituzten guphide.

        6. Eta nik ere ez ditut gehiago guphidetsiren lur huntako egoiliarrak, dio Jaunak; huna non arthikiren ditudan gizonak, zein bere lagunaren eskura eta bere erregearen eskura: eta xahuturen dute lurra, eta nik ez dut hekien eskutik atheraturen.

        7. Eta hargatik, oi arthaldeko beharrak, nik alhaturen dut hiltzeko den azienda. Eta hartu nituen bi zigor, eta bat deithu nuen Edertasuna, eta bertzea Lokharria: eta alhatu nuen arthaldea.

        8. Eta hilabethe batez hilarazi ditut hirur artzain, eta ene bihotza hertsi da hekien gainean; ezen hekien bihotza ere aldatu da ene gainean.

        9. Eta erran nuen: Etzaituztet gehiago alhaturen: hilen dena, hil bedi; hiltzen dutena, hil bezate; eta gainerakoek elkhar jan bezate.

        10. Eta hartu nuen ene zigor, Edertasuna deitzen zens; eta hautsi nuen, populu guziekin jo nuen patuaren hausteko.

        11. Eta patua hautsia izan zen egun hartan; eta holetan, arthaldeko behar niri begiratzen zirenek ezagutu zuten, Jaunaren solasa zela.

        12. Eta erran nioten: Zuen begietan ongi bada, indazue ene saria; bertzela, zaudezte. Eta ene saritako phisatu zituzten hogoi eta hamar zilharrezko.

        13. Eta Jaunak erran zarodan: Moldeginari arthikozu sari eder hori, zeinaren bethe prezatua bainaiz horietaz. Eta hartu nituen hogoi eta hamar zilharrezkoak eta moldeginari arthiki niozkan Jaunaren etxean.

        14. Eta hartu nuen ene bigarren zigorra, Lokharria deitzen zena, anaiatasunaren urratzeko Judaren eta Israelen artean.

        15. Eta Jaunak erran zarodan: Har zatzu oraino artzain zoroaren tresnak.

        16. Ezen hura non eraikiren dudan lurrean artzain bat, zeina ez baita goanen ardi utziaren ikhustera, barraiatuaren bilhatzera; zeinak ez baitu sakhitua sendaturen, ez-eta gelditzen zaizkonak haziren; eta janen baititu gizenenak eta hautsiko baitiozkate hatz-behatzak.

        17. Oi artzaina, eta artzain-aizun arthaldea trebes uzten duena! Ezpata dago haren besoaren gainera eta haren eskuineko begira; iharturen da haren besoa, eta ilhunbeak harturik itsuturen haren eskuineko begia.

 

XII. KAP.

        1. Jaunaren hitzaren sortha Israelen gainera. Dio Jaunak, zerua hedatu, lurra asentatu eta gizonaren izpiritua haren baithan egin duenak:

        2. Huna non ezartzera daramadan Jerusaleme hordikeriako athaburu populu guzientzat inguruan; eta Juda ere sethioan izanen da Jerusalemeren kontra.

        3. Eta egun hartan izanen da, populu guziei emanen diotedala Jerusaleme sortha harritzat; eta hura altxatuko duten guziak sarraskiz larruturen dire; eta haren kontra bilduren dire lurreko erresuma guziak.

        4. Egun hartan, dio Jaunak, harriduraz joko dut zaldia eta buruko jauzkuraz haren gainekoa; eta Judako etxearen gainera zabalduren ditut begiak, eta itsuturen ditut populuen zaldi guziak.

        5. Eta Judako buruzagiek beren bihotzean erranen dute: Jerusalemdarrek indar aurkhi bezate armadetako Jauna baithan, beren Jainkoa baithan.

        6. Egun hartan ezarriren ditut Judako buruzagiak, hala-nola su-untzia egur-pean, hala-nola zuzi bizia belhar-pean; eta ezkerrerat eta eskuinerat iretsiko dituzte populu guziak inguruan; eta Jerusaleme berriz betheko da egoiliarrez, bere leheneko toki berean.

        7. Eta Jaunak salbaturen ditu Judako olhak hastapenean bezala; Dabiden etxeak ez dezan bere buruaz espanturik erabil, ez-eta Jerusalemdarrek Judaren kontra.

        8. Egun hartan Jaunak gerizaturen ditu Jerusalemdarrak; eta egun hartan hekietarik txarrena Dabid bezala izanen da; eta Dabiden etxea izanen da Jainkoaren etxearen pare, Jaunaren aingerua iduri hekien aitzinean.

        9. Eta egun hartan izanen da, Jerusalemeren kontra ethorri jendakien lehertzera hariko naizela.

        10. Eta Dabiden etxearen eta Jerusalemdarren gainera ixuriko dut graziazko eta othoitzezko izpiritua; eta begiraturen darotade niri, itzatu dutenari, eta itzatu dutena deithorez deithoraturen dute haur bakhar baten gainera deithoratzen denean bezala, eta minez egonen dire lehen-sorthu bat hiltzen denean egiten ohi den bezala.

        11. Deithore handia izanen da egun hartan Jerusalemen, Maiedongo zelhaian Adadremongo deithorea bezala.

        12. Eta deithoretan izanen da lurra; familia familiatik berez, Dabiden etxeko familiak berez, eta hekietako emaztekiak ere berez;

        13. Nathanen etxeko familiak berez, eta hekietako emaztekiak ere bai; Lebiren etxeko familiak berez, eta hekietako emaztekiak halaber; Semeiren familiak berez, eta hekietako emaztekiak orobat;

        14. Gainerako familia guziak, familia familiatik berez, eta hekietako emaztekiak berez.

 

XIII. KAP.

        1. Eta egun hartan izanen zaiote ithurri bat idekia Dabiden etxeari eta Jerusalemdarrei bekhatorearen eta astagaizdunaren xahutzeko.

        2. Eta egun hartan izanen da, dio armadetako Jaunak, lurretik ezeztaturen ditudala idolen izenak, eta ez dela izanen gehiago hekien orhoitzapena; eta lurretik iraiziren ditut profetaizunak eta izpiritu lohia.

        3. Eta gerthaturen da, norbait profetisatzen abiatuko denean oraino, erranen diotela bere ait-ama, bizia eman diotenek: Ez haiz biziko, zeren gezurrez mintzatu haizen Jaunaren izenean. Eta profetisatu dukeenean, bere ait-amek, bere burhasoek sarraskituren dute.

        4. Eta egun hartan gerthaturen da, profetak ahalketara eroriko direla, zein bere ikhuspenaren ariaz, profetisatu duketenean; eta ez dire zakhuzko kapaz estaliren gezur errateko.

        5. Bainan bakhotxak erranen du: Ez naiz profeta, lur lanetako gizon bat naiz, Adam izan baitut gaztedanik ikhuskaritzat.

        6. Eta erranen zaio: Zer dire eskuen erdian ditutzun zauri horiek? Eta ihardetsiren du: Maite nindutenen etxean izatu naiz hunela zaurthua.

        7. Ezpata, jaik hadi ene artzainaren gainera eta niri eratxikitzen den gizonaren gainera, dio armadetako Jaunak; jo zak artzaina, eta barraiatuak izanen dire ardiak; eta xumeetara hedaturen dut eskua.

        8. Eta lur guzian izanen dire, dio Jaunak, hirur eskuaralde; bia barraiaturen dire eta iraungiren, eta hirugarrena geldituren da lurraren gainera.

        9. Eta hirugarren araldea iraganen dut sutik; eta urthuren dut, zilharra urtzen den bezala; eta frogaturen dut, urhea frogatzen den bezala. Harek eginen dio ene izenari dei, eta entzunen dut nik. Erranen dut: Zu zare ene populua; eta harek erranen du: Ene Jainko Jauna zare zu.

 

XIV. KAP.

        1. Huna non heldu diren Jaunaren egunak, eta hire erdian zathituren ditine hire buluzkinak.

        2. Eta gudura bilduko ditut jendaia guziak Jerusalemera, eta hartua izanen da hiria; etxeak xahutuak eta emaztekiak bortxatuak izanen dire; eta hiriaren erdia gathibu goanen da, eta gainerako populua ez da hiritik khendua izanen.

        3. Eta ilkhiren da Jauna eta gudukaturen da jendaia hekien kontra, lehen gudu egunean gudukatu izan den bezala.

        4. Eta haren oinak egun hartan phausaturen dire Olibetako mendian, zeina baita Jerusalemeren parrean iguzki-alderat; eta erditik urratuko da Olibetako mendia iguzki-aldetik mendebalera, erreka handi bat utziz, eta mendiaren erdia bereziko da ipharrerat, eta bertze erdia hegoarat.

        5. Eta ihes eginen duzue bi mendien arteko errekara, zeren mendietako erreka iratxikiren baita hurbileko mendiraino; eta ihes eginen duzue, hala-nola lur ikhararen ihes goan baitzinetan Judako errege Oziasen egunetan; eta ene Jainko Jauna ethorriren da, eta saindu guziak harekin.

        6. Eta egun hartan gerthaturen da, ez dela argirik izanen, bainan-bai hotza eta horma.

        7. Eta Jaunak dakien egun bat izanen da, ez egun, ez gau; eta arrats-aldera agerturen da argia.

        8. Eta egun hartan gerthaturen da, Jerusalemdik ur bizi batzu ilkhiko direla, erdia iguzki-haizeko itsasoaren alderat, eta erdia mendebaleko itsas-alderat; iraunen dute uda eta negu.

        9. Eta Jauna izanen da lur guziaren gainean errege; eta egun hartan Jaun bakharra izanen da, eta haren izena bakharra izanen da.

        10. Eta lur guzia bihurturen da aitzineko heinera morturaino, Erremongo munhotik Jerusalemeren hegoalderat; eta Jerusaleme bozturen da eta bere leheneko tokian jarriren Benjamingo athetik athe zaharreko lekhuraino eta Izkinetako atheraino, eta Hananeelgo dorretik erregeren lakoetaraino.

        11. Eta hartan egonen dire jendeak, eta ez da gehiago izanen anathema; bainan Jerusaleme jarriko da deskantsu zabalean.

        12. Eta hau izanen da izurria, zeintaz joko baititu Jaunak Jerusalemeren kontra gudukatu diren jendaia guziak: beren zangoen gainean xutik dauden guzien haragia ustelduz eroriko da, begiak beren zilhoetan urthuko eta mihiak ahoan ihartuko zaizkote.

        13. Egun hartan Jauna ganikako asaldu handia izanen da hekien baithan; eta gizona eskutik lothuko zaio lagunari, eta haren eskua lothua egonen da lagunaren eskuaren gainean.

        14. Judak ere gudu emanen dio Jerusalemeri; eta inguruko jendaia guzien aberastasunak, urhe, zilhar eta asko soineko puska, bilduak izanen dire.

        15. Eta xahupen hori nola, hala izanen da zaldi, mando, kamelu, asto eta etsaien kanpetan izanen diren azienda guzien xahupena.

        16. Eta Jerusalemeren kontra ethorri izan diren jendaia guzietarik gelditu ditazkeenak oro iganen dire urthetik urthera, armadetako errege Jaunaren adoratzera, eta tabernakleetako besta-buruaren beztatzera.

        17. Eta gerthaturen da, zeina ere lurreko familietarik Jerusalemera iganen ez baita, armadetako errege Jaunaren adoratzera, uririk ez dela haren gainera eroriko.

        18. Eta baldin Egiptoko familietarik iganen eta ethorriko ez direnik izaten badire, hekien gainerat ere ez da jautsiko uria, bainan-bai xahupena zeintaz joko baititu Jaunak tabernakleetako besta-buruaren bestatzera iganen ez diren jendaki guziak.

        19. Hori izanen da Egiptoaren gaztigua, eta tabernakleetako besta-buruaren bestatzera iganen ez diren jendaia guzien gaztigua.

        20. Eta egun hartan zaldiaren hedeetan izanen dena Jaunari izanen zaio sainduetsia, eta duphinak sainduetsiak izanen dire Jaunaren etxean, xatak aldare aitzinean bezala.

        21. Eta Jerusalemen eta Judan guziek izanen dute beren duphina armadetako Jaunari sainduetsia; eta guziak ethorriko dire bitima imolatzera, eta hekietarik hartuko eta beren duphinetan egosiko dute; eta egun hartan ez da gehiago armadetako Jaunaren etxean tratularirik izanen.

 

aurrekoa hurrengoa