www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

JOELEN PROFEZIA

 

I. KAP.

        1. Jaunaren hitza, Joeli, Phatuelen semeari eguna.

        2. Adi zazue hau, zaharrak, eta beharriez ardietsazue lurreko egoiliar guziek. Holakorik gerthatu othe da zuen egunetan, edo zuen aiten egunetan?

        3. Hunen gainean mintza zaitezte zuen semeei, eta zuen semeak beren semeei, eta hekien semeak berme ondotikakoei.

        4. Xartalak jan du harraren ondarra, eta brukoak xartalaren ondarra, eta herdoak brukoarena.

        5. Iratzar, hordiak; nigar eta orrobia egizue arnoa gozoki edaten duzuen guziek; zeren khendua izanen baita zuen ahotik.

        6. Ezen jendaki bat igaiten hari da ene lurrera; hazkarra da eta ezin-khondatuzkoa; haren hortzek iduri dute lehoin-hortzak, eta haren haginek lehoinkumearenak.

        7. Mortu eragin du erre mahastia; azala khendu dio ene pikoari; biluzi eta larrutu du; lurrerat arthiki du, eta zuritu dire haren adarrak.

        8. Deithora zaite hala-nola neskatxa zakhua jautzi duena, bere gaztaroko senharra galdu baitu.

        9. Sakrifizioa eta libazionea galduak dire Jaunaren etxetik; nigarretan daude aphezak, Jaunaren ministroak.

        10. Desmasiatua da lekhua; nigarrez dago lurra, zeren xahutua den ogia, biluzia mahastia, olibondoa iraungia.

        11. Minez dago laboraria eta orrobiaz mahastizaina, ogiaren eta garagarraren xahupenaz, eta galdua delakoz landetako uzta.

        12. Larrutua da mahastia eta iraungitzen hari da pikoa; mingrana, palma, sagarra eta bazterretako zuhamu guziak ihartu dire; ezen gizasemeetarik galdu da bozkarioa.

        13. Zurdatzak jauntzatzue, eta nigarretan zaudezte, aphezak; orrobia egizue, aldareko ministroak; sar zaitezte barnera, zakhuen gainean etzan zaitezte, ene Jainkoaren ministroak; zeren zuen Jainkoaren etxetik galdu baitire sakrifizioa eta libazionea.

        14. Sainduetsazue barur bat, deith zazue baldarna, zuen Jainkoaren etxera bilaraz zatzue zaharrak eta lurreko egoiliar guziak, eta Jaunari egiozue deihadar.

        15. Ai! ai! ai! hau eguna! Ezen hurbil da Jaunaren eguna, eta Ahalorotakoaren ganik ethorriren da desmasia bezala.

        16. Ez othe dire gure begien aitzinean galdu hazkurriak, eta gure Jainkoaren etxetik bozkario eta jauziak?

        17. Aziendak beren gorotzean usteldu dire; urratuak dire bihitegiak, bildegiak lurrean daude; ezen galduak dire ogiak.

        18. Zergatik arthikitzen dute abereek intzirina, idi-arthaldeek marruma? Zeren hekientzat alhapiderik ez den; eta ardi-arthaldeak ere galdu dire.

        19. Zuri, Jauna, igorriren darotzut ene deihadarra, suak xahutu baititu mortuko lekhu ederrak, eta garrak erre bazterretako zuhamu guziak.

        20. Lar-abereek ere zure gana goititzen dituzte begiak, uri eske daudezen eraintzak iduri; zeren ithur-urak agortuak baitire, eta suak iretsi baititu mortuko lekhu ederrak.

 

II. KAP.

        1. Sionen durrundaraz zazue turuta, ene mendi sainduan arthikatzue orrobiak; asaldutan jar beitez lurreko egoiliarrak oro; ezen heldu da, hurbii da Jaunaren eguna,

        2. Ilhunbe eta gobeletako eguna, hedoi eta xirimoletako eguna; goizeko argia mendien gainera hedatzen den bezala, hedaturen da populu handi eta hazkar bat; haren parerik egundaino izan ez baita, eta haren ondotik menderen mendetan ez baita izanen.

        3. Haren aitzinean heldu da iresten duen su bat, eta haren ondotik gar erregarri bat; haren aitzinean lurrak iduri zuen atseginetako baratze bat, eta haren ondotik mortuko hustasuna, eta hari itzurtzen zaioenik ez da nihor.

        4. Zaldien itxura bezalakoa da hekien itxura, eta nola zaldizkoek, hala laster egiten dute.

        5. Mendi-bizkarretan jauzten dire, orga-lasterrek bezalako harrabotsa eginez, lastoa erretzen duen su garraren harrabotsa iduri, gudura abian den armada hazkarra bezala.

        6. Hekien aitzinean populuak oinhazetan izanen dire; begitharte guziak duphina bezain beltz eginen dire.

        7. Hazkarrek bezala laster egiten dute, gerlariak bezala harrasi gainera jauzten dire; gizonak bezala lerroan dihoazi beren bideetan eta beren bidexkak ez dituzte hausten.

        8. Bakhotxak ez du bere anaia hertsaturen, batbedera bere sailean goanen da; leihoetarik ere eroriko dire eta ez dute min hartuko.

        9. Hirian sarthuko dire eta harrasi gainera laster eginen dute; etxeetara iganen dire leihoetarik sarthuko ohoina bezala.

        10. Hekien aitzinean ikharatu da lurra, khordokatu dire zeruak; iguzkia eta ilhargia ilhundu dire, eta izarrek itsutu dute beren argia.

        11. Jaunak bere armadaren aitzinean adiarazi du bere mintzoa; zeren gaitza baita haren armada; hazkarra da eta haren erranak egiten ditu; handia da alabainan Jaunaren eguna, eta guziz ikharagarria; eta nork hura jasan?

        12. Orai beraz, dio Jaunak, itzul zaitezte ene gana zuen bihotz guziaz, barur, nigar eta deithore eginez.

        13. Urra zatzue zuen bihotzak, eta ez zuen soinekoak, eta bihur zaitezte zuen Jainko Jaunaren gana; zeren den ongikoia, urrikalkor eta jasankorra, urrikalmendu hainitz duena eta hasarreari garaitzen dena.

        14. Nork daki hean ez den itzuliko, hean ez duen barkhatuko, eta ez dituen bere ondotik utziko benedizionea, sakrifizioa eta libazionea zuen Jainko Jaunarentzat?

        15. Turuta durrundaraz zazue Sionen, sainduetsazue barur bat, deith zazue baldarna.

        16. Bilaraz zazue populua, sainduetsaraz baldarna, bilaraz zatzue zaharrak, ethorraraz haurttoak eta bulharra edoskitzen dutenak; senharra ilkhi bedi bere etzauntzatik eta emaztea bere ohetik.

        17. Ezkaratzaren eta aldarearen artean nigar eginen dute aphezek, Jaunaren ministroek, eta erranen dute: Barkha, Jauna, barkha zure populuari; ez arthik zure primantza laidoaren azpira, jendaiak ez ditezen nausi zure haurrei. Zertako derrate populuen artean: Non da horien Jainkoa?

        18. Jauna berotu da bere lurraren alde, eta guphidetsi du bere populua.

        19. Eta Jaunak ihardetsi du, eta erran dio bere populuari: Huna non igorriren darozkitzuedan nik ogia, arnoa eta olioa, eta aseko zarete, eta etzaituztet gehiago laidotara emanen populuen erdian.

        20. Eta zuen ganik urrun igorriren dut ipharretik heldu dena, eta iraiziren dut lur mortu eta bidegabeko batera, burua iguzki-aldeko itsasoaren parrera eta buztana azken itsasora; eta haren usaina eta haren ustel urrina iganen dire, zeren burgoiki den ibili.

        21. Lurra, ez izan beldurrik; boz zaite, eta jauz zaite; zeren gauza handien egitera baitoha Jauna.

        22. Bazterretako abereak, ez izan beldurrik; zeren mortuko ederrak belharrez estali baitire, zeren zuhaitzek eman baitute beren fruitua; pikoak eta mahastiak ematen dute beren gozoa.

        23. Siongo alabak, boz zaitezte eta jauz zuen Jainko Jauna baithan; zeren eman baitarotzuete zuzentasunaren irakhaslea, eta zuen gainera jautsaraziren baitu hastetik bezala uri goiztiarra eta berantiarra.

        24. Larrainak betheko dire ogiz, arnoa eta olioa nasai izanen da lakoetan.

        25. Xartala, bruko, herdo eta harrek, izurri gaitz nik zuen gainera igorriek xahutu dituzten uzten ordainak bihurturen darozkitzuet.

        26. Hekietarik janez haziko eta aseko zarete; laudaturen duzue zuen Jainko Jaunaren izena, zuentzat hanbat sendagaila egin izan duenaren izena; eta egun-eta-iguzki ez da ene populua ahalketara eroriko.

        27. Eta ezaguturen duzue ni naizela Israelen erdian nagoena; eta ni naizela zuen Jainko Jauna, eta bertzerik ez dela; eta ene populua ez da nihoiz-ere ahalketara eroriko.

        28. Eta horien ondotik izanen da, ene izpiritua ixuriko dudala gizon guzien baithara; eta profetisatuko dute zuen seme-alabek; zuen zaharrek ametsak izanen dituzte, eta ikhuspenak zuen gazteek.

        29. Ene muthil eta neskatoen gainera ere egun hekietan ixuriko dut ene izpiritua.

        30. Eta zeru-lurretan agerraraziko ditut sendagailak, odola, eta sua, eta khe-lanhoa.

        31. Ilhunbetara aldatuki da iguzkia, eta odoletara ilhargia Jaunaren egun handi eta lazgarria ethor dadien aitzinean.

        32. Eta izanen da, Jaunaren izenari dei eginen dioten guziak salbatuak izanen direla; ezen, Jaunak erran bezala, Siongo mendian eta Jerusalemen, eta Jaunak deithu dituen ondarretan izanen da salbamendua.

 

III. KAP.

        1. Ezen hara egun hekietan eta ordu hartan, bihurrarazi dituzkedanean Judako eta Jerusalemgo gathibuak,

        2. Bilduko ditut jendaia guziak, eta eramanen ditut Josafateko haranera, eta han juiamendutan sarthuko naiz ene populu eta Israelgo ene primantza, jendaietan barraiatu dituztenen gainean, eta beren artean zathitu duten ene lurraren gainean.

        3. Zorthea arthiki izan dute ene populuaren gainera; lizuntegian ezarri dituzte muthikoak, eta arno truk saldu dute neskatxa, edaten haritzeko.

        4. Bainan zer ikhusteko da zuen eta ene artean, Tir, Sidon eta Palestindarren eremuak? Asperkunde bihurtzen othe darotazue niri? Eta ene ganik aspertzera hari bazarete, ordu berean zuen buruen gainera bihurturen darotzuet ordaina.

        5. Ezen eraman ditutzue ene urhe-zilharrak; eta ene gauza lehiagarrienak eta ederrenak zuen tenploetara eraman ditutzue.

        6. Greziarren semeei saldu ditutzue Judako eta Jerusalemgo umeak, hekiek urrun beren eremuetarik igortzea gatik.

        7. Eta nik, saldu ditutzuen tokietarik eraikiren ditut; eta zuen buruaren gainera bihurturen dut gaizkiaren saria.

        8. Eta zuen seme-alabak emanen ditut Judako umeen eskuetara, eta salduko dituzte Sabearrei, urrungo jendaia bati, ezen Jaunak erran du.

        9. Hori oihu egizue jendaietan, sainduetsazue gerla, altxaraz zatzue hazkarrak; hurbil eta igan beitez gerlariak oro.

        10. Hautsatzue zuen goldeak ezpata egiteko eta pikotxak lantzetako. Herbalak erran beza: Hazkar naiz.

        11. Jauz zaitezte eta zatozte populu guziak alde orotarik, eta bil zaitezte; Jaunak zuen hazkarrei hor joaraziko diote lurra.

        12. Jendaiak jaiki eta Josafateko haranera igan beitez; zeren han jarriko bai naiz jendaia guzien juiatzen inguruan.

        13. Loth ihitegiei, onthua baita uzta; zatozte eta jauts zaitezte, bethea baita lakoa; gaindi dohazi lakoak, mukhurru baita hekien gaixtakeria.

        14. Populuak, populuak, sarraskiko haranera Zeren hurbil baita Jaunaren eguna sarraskiko haranean.

        15. Gobeldu dire iguzkia eta ilhargia; izarrek itsutu dute beren argia.

        16. Jaunak Siondik eginen du orroa, eta Jerusalemetik adiaraziren du bere mintzoa; eta ikharaturen dire zeru-lurrak; eta Jauna izanen da bere populuaren pheskiza eta Israelgo haurren indarra.

        17. Eta jakinen duzue ni naizela zuen Jainko Jauna, Siongo ene mendi sainduan egoten naizena; eta saindu izanen da Jerusaleme, eta arrotzak ez dire gehiago hartan gaindi iraganen.

        18. Eta egun hartan gerthaturen da eztia jautsiko dela mendietarik, eta esnea munhoetarik; ur biziak goanen dire Judako lats guzietarik; eta Jaunaren etxetik ilkhiko da ithurri bat, eta urztaturen du Elhorrietako erreka.

        19. Egiptoa desmasian izanen da, eta Idumea mortu hilgarri bat; zeren gaizki erabili baitituzte Judako umeak, eta beren lurrean ixuri baitute odol hobengabea.

        20. Eta Judeak bethi guzian izanen ditu egoiliarrak eta Jerusalemek menderen mendetan.

        21. Eta garbi eraginen dut aitzinean garbitu ez nuen odola; eta Sionen egonen da Jauna.

 

aurrekoa hurrengoa