www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa  

SUPAZTER XOKOAN

 

                        Airea: Haurrak ikhazazue eskuaraz mintzatzen.

 

Oi neguko arratsak, supazter xokoan,

Xixtuka ari dela haizea kanpoan,

Atheak hetsirikan, suaren ondoan,

Elgarri kontra oro, sukalde beroan!

 

Elhurra zirurikan jausten da zerutik,

Uria xorta-xorta, teilatu gainetik;

Arima herratuak intzirez kanpotik,

Berotzera jin nahiz leihoen artetik!...

 

Azantz bakar bat ez da kanpoan ageri...

Xuriko ber bera da erausika ari...

Zorigaitz, arrats huntan mendian denari,

Tanpa tanpa bakarrik gauaz doanari!

 

Zer goxoa beraz, gaur, gure etxeñoan,

Kanpoan hotz bezenbat goxoño barnean!

Esne lodi kaikuan, xingar gerrenean,

Gaztenak pim paderan, arno goporrean!

 

Aitatto, jarririkan bere zizeluan,

Pafa pafa ari da pipa bat ahoan;

Aita, erne ernea, kanita eskuan,

Xitxuketan eman da supazter xokoan.

 

Othoitz bat egin eta, huna afaria;

Erregek ere ez du gure janharia:

Bakotxak berak hartzen bere izaria,

Sototik ekarririk mama on gorria.

 

Harat hunat badoha gure ama ona,

Erlea kofoinean iduria dena;

Zer ama deraukuna Jainkoak emana,

Erregina batentzat sal ez gindiona!

 

Bere gophor esnea lorian husturik,

Amaxo hasi zauku, khiloa harturik,

Phiru phiru iruten, ezpainak bustirik,

Erhi luze batzutan ixtup'itzulirik.

 

Haurrak oro orduan, Amaxoren gana,

Lerro lerro doatza, sem'atxi lehena,

Lausengaka, oihuka: «Oi, Amatxi ona,

Ixtorio bat, othoi; zure pollitena?».

 

Aitattok berriz dauka pipa ezpainetan,

Aitak ere kanita bere eskuetan...

Amatto, irriño bat ageri hortzetan,

Pulliki hasia da xahar konderetan:

 

«Bertz'orduz bazen beraz bele bat zaharra:

Hegal bat zuen luze, bertzea laburra...

Hegalño hau ezpaliz izan hoinen xarra,

Kondera izanen zen luzeago, haurra!».

 

Haur gaixoak tokian dira loharkatu,

Ottia su-ondoan ari, dena kantu;

Arraxin mukuzua emeki da hurtu,

Attitto, pip'errerik, intzirez xutitu.

 

«Hots, haurrak, othoitzean eman gaiten denak,

Izpiritu gaixtoa urrunt dezan Jaunak;

Kanpoan kanta beza haize gaixtoenak,

Ez gira deusen beldur gaur hemen gaudenak!».

 

Oi neguko arratsak, supazter xokoan,

Xixtuka ari dela haizea kanpoan,

Atheak hetsirikan, suaren ondoan,

Elgarri kontra oro, sukalde beroan!

 

J. BARBIER

Senperen, 1925eko Buruilan

aurrekoa