www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

TABAKO-BELHAR TIZANA

 

        Jainkoak ez zuen bada pipatzaile kreatu! Hogoi-ta hamabortz urthe segurik bazituen Leonek, lehenbiziko zigarreta egin zuelarik. Ordu arte, jaten zituen ezteietarik ekartzen zuen doi doia, jaun esposak eman zigarro erhaztunarekilako bat, eta hura ere adixkideentzat.

        Bainan gero hatik, hasi balinbazen, hasi zen! Gostu hartu gure gizonak. Bokaleko ximinea iduri zuen haren ahoak: egun guzia sutan. Hastean, ez zuen planta izpirik. Jaun Piroa bezen lodiko zigarretak egiten zituen, turruputun itsusi batzu, adarrak alderdi guzietarat zoazila. Nago, sei hilabethez, hertze pullit hetarik bat erre othe duenez bururaino? Leher egiten zioten bethi, bide erditan. Eta orduan, kautera bide bazterrean bezala, paper peaxu emaiten artzen zitzaioten, bustiz, bustiz!

        Bainan ari bethi, bethi ari, futxo! Eta, hastean, haurrek hantzen duten aphoa artzen den bezala, pafa pafa pipatzen arizan ondoan, hor, ikasi zuen frango pulliki. Tabakoak horitu erhi batzu erakusten zituela —soldadoek beren gerlako zauriak bezala— erraiten zuen, maltzur maltzurra: «Hain berant hasirik zuela bere dolu guzia... Jakin izan balu zoin goxo zen pipatzea! Bisaia!»

        Ari zen beraz Leon, ari bethi, eta tabako saltzaileak erostun hobeagorik ez zuen.

        Hor, heldu da gerla. Familia eder baten aita baitzen, Leon etxean gelditu zen, gerlarat joan gabe. Etsai itsusia bere xixparekin ezin errez, erretzen zuen... zigarretaz leherra, sekulan baino gehiago.

        Ba, bainan gero, tabakoa, belharra, kariotu, xuhurtu, agortu. Espainiatik heldu zen oraino puliki, haste, hartan; bainan, gero, Españolek Alemaneri emaiten ziotelakotz, edo kanbioa demuntretan gora joan zelakotz, Espainiatik deus guti baizik ez heldu. Eta, Leon, ixtant oroz, han zagon, bere erhi horitueri begira. Gaixo erhiak! Zer pairatzen ahal zuten! Eta Leonek? ez othe zuen pairatzen? Xakhur ihiztorra erbiari bezala, han zagon, zigarro usain bat noiz eta non sendituko zuen, harat jauzian joaiteko, battoren eske, edo bederen usain goxo demonioaz sudur xiloen bethetzeko!

        Oro tabako belhar ziren orduan. Artho-bizar, haitz-hosto, aisuna, sakelako errhauts guziak on ziren. Badut uste kafe errhautsa ere baliatu zen, etxek'andreari ebaska.

        Bainan, nork iraun hala, Jainkoak mirakuilu bat ez balinbazuen egiten? Eta mirakuilua egin Jainkoak.

        Egun batez, hor, aste baten porroska tzar baizik ez zuelarik gehiago Leonek, Otxagabiako Español adixkide batek ekartzen dio, eta ixilka saltzen, 25 liberetan, tabako hosto bat gaitza, kiloa bederen pisu zuen hostoa! Leonen loria! Sukaldean nehor ez izanez hain xuxen, dantzan hasi zen, hantxet, tira-ahala, dantza-jauzietan. Dolu zuen Español begitarte beltza joaiterat utzirik, bi musu hari eman gabe.

        Noizbait akituxe zelarik, gelditu zen dantzatik eta, ixil ixila, harmairu xoko batean eman zuen bere tabako-hosto eder mirakuiluzkoa, xerraka, xerraka, kanitaz pulliki pikaturik.

        Biharamunean, Pettan, etxeko osaba adineko bat, erixko izanez, sehia joan zen delako armairu hartarat. Malba hostorik ez hatxemanik, ez eta ere tillurarik, eskuratzen ditu bezperako tabako hostoak. Duda pitta bat izanagatik, hauzorat ez nahiz joan, hosto hek ere segur sendagailu zirelakoan, egiten du heiekin tizana bat, bainan tizana bat, kolorearen ederrez begietarik ez baitziteken utz!

        Azukrea kario zelarik arras, halere ongi azukrestatzen du, eta Pettani emaiten.

        Ez duzue ezagutzen Pettan?... Igual du. Pettanek beraz, mazapena bezalako gizon bat baita, tizana edaten du, eta Jainkoaren lorian, hurrupatzen, azukre ondarrak eta oro kullirarekin biltzen dituela eta milikatzen.

        —Zer tizana hau, Mariño! Hilak phiztuko ere ditu holako gauzañoak!

        Eta, Mariño gorri gorria egina, urguiluz hantua, galdez eman zitzaion, hean bigarren taza bat hartuko zuenez.

        Pettanek, ez baita gormant hetarik, ez zion bigarren tazarik hartu, bainan zortzi egunez, hantxet, lorietan hurrupatu zuen tizana xarmatua. Apetitua joantxea ere baitzuen aspaldixkoan berriz jin zitzaion, koloreak gorritu, begia argitu. Hots, gaztetu, gure gizona.

        Handik zortzian, bere azken porroxkak errerik, Leon badoa harmairurat, bere tabako hostotik toxan eman beharrez. Ah! zer pafadak arthiki beharrak dituen, sarri, bere adixkideak bekhaiztiz kirrikan daudelarik!... Bainan, non demuntre da?...

        —Mariño, non eman duzu nere tabako hostoa?

        —Tabakoa nausia? Ez dut nik tabakorik ikusi!

        —Tabakorik ez ikusi? Zer egin da, bada, duela zortzi egun nihaurek xerrakaturik, hementxet, xoko huntan, paper ilhun hunen barnean eman nuen tabako hostoa?

        —Paper ilhun hortakoa? Tabakoa baitzen? Ai dohakabea! Ai! ai! ai!

        —Hots, zer tutzu intzire hoiek? Zer egin duzu ene tabakoa?

        —Pettani eman...

        —Pettani?

        —Bai osaba Pettani; zortzi egunez, tizanetan... ustez eta malba hosto zerbait zen... Ai, ai, ai!...

        —Tizanetan? Ene tabakoa? Hogoi'ta bortz liberaren tabakoa? Bi mila... Zoazkit bixtatik, perreka, herresta, herbaila, krebauta! Ez dakit bertzenaz zer eginen dautzutan!

        Eta hain xuxen, oro entzuten zituela, osaba orduan berean sarturik, han zauden, Pettan eta Leon, sukaldean, xutik, elgarri beha, Leon hasarreak gorri beltzatua... (25 liberaren tabakoa tizanetan!) eta Pettan, pareta bezen zuri egina beldurrak... (Zortzi egunez tabako-tizana nik edan! Pozoindatua! Galdua...)

        Botikarioak, erhotuak, hor ibili dira, jo harat, jo hunat, eta uste dut sendagailu berri bat izanen dugun laster, Mariño gaizoari esker.

        Bainan Leon eta Pettan, hasarre, samur egonak dire hilabethe batez, elgarri solasik eman ere gabe. Eta ez dakit, batere, zoinek barkatu dion lehenik bertzeari...

 

aurrekoa hurrengoa