www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

LOHILAKAT

 

        Gaitzeko gizona zen Lohilakat. Orai ehun bat urthe, iguzkiari zagon etxe batean, Jatsu-Lohilakatean sortua zen, Garaziko herri pollitenetarik batean, Suhuskuneko muga mugan.

        Haur haurretik, zain-doblea agertu zen, pegar eta ferretak, betherik, jostetan zeramazkala, biderik xutenetan bethi lasterka, sekulan hatsantu ere gabe, orgarik pisuenak bi erhiz aldaratuz, behirik azkarrenak adarretarik zankez geldiaraziz. Haur hotza, mukuzua baizik ez zen oraino, eta belhar-leatxunak behin baino gehiagotan sartzen zituen, xixtuz, belhar-tegi nekeenetan.

        Geroxago, muthiko gazte paregabea egin zenean, Garaziko lau xokoetan, hartaz baizik ez zen mintzo jendea. Testament Zaharra, su-ondoan, behin baino gehiagotan irakurtzen entzuna ere zuelakotz, aitak, egun batez, erran omen zion bere semeari: Sanson zena haur bat baizik ez zela haren aldean. Eta, urguilurik batre gabe, semeak sinhetsi zuen bere aita. Eta bertzalde, Sanson zenak bezala, ez othe zuen lepho-gibela, xara beltz bat iduri, alimaleko ile batzuz estalia? Eta bere bi begi-ondoak, hala hala, Ahunxkiko khardoen pare ez othe ziren eginak, Sansonenak bezal bezala?

        Handik harat, balentriarik handienak egiten zituen, uste gabetarik bezala. Aita, ama, haurrideak, adixkideak, zozotuak hari begira zauden denboran, Lohilakat gazteak behako bat ere ez zioten emaiten bere beso zainharteri. Hamabi lagunen mahaina, hortzen artean egun batez altxatu eta kanporaino ereman ondoan, baso bat arno galdatzen zuen doi doia...

        Aldi batez, Donianeko ostaler bat arnoketa ethorririk Lohilakateko sotora, gure Sansonek, hiru ehun pintako barrika hartu zuen bere bi besoetan, bizkarrera berak altxatu, bizkarrean ereman athe aintzinera, eta, brau, orgetan ezarri. Harritua, sorbaldak biribil itzuli omen zen Doniandar ostalera, berrogoi sos gehiago emanik bere arnoarentzat. Ondoko egunetan, ikhare daldaretan oraino, Lohilakateko arnoaren edaleri ba omen zuen zer konda gure gizonttoak!

        Gizon prestua osoki izana gatik, frango kilika zen bizkitartean, eta, kitzikatu gabe, bere ulitxekin utzi beharra. Ez dakit Killo Larresorokoaren aitak egina othe zion, bainan, bazuen eskualdun makila bat, burdin-haga alimale bat erranen baitzinuten zinez eta egiazki. Makila haren xixtua, Lohilakaten eskuetan! Zuek eta nik, zumea sekulan ez dugu hala erabili, nola Sansonek bere arbola ondoa! Sansonek bezala, lephoko zainetan, lephoko ileetan zuela bere indar guzia! Bai eta esku-muthurretan eta besoetan ere, alafede! Zorigaitz, tokien hustera ez aski goiz ernaturik, makila-palangaren menean egon zireneri! Orduan, Izurako Daunatuak bazuen lan, zonbait egunez, Lohilakaten makilak hautsi hexurren xuxentzen!...

        Hala, hala, noizbait azkenean, makila horrek galdu beharra zen gure gizona!

        Beraz, iragan mendearen erditsuan, mila zortzi, ehun eta berrogoi'ta zortziko Erreboluzione-egunetan soldado joan nahi ez zirelakotz, Eskualdun gazte andana bat preso altxatu zituzten, eta, merkatu egun batez, Donianen, Mesaarraineko plazari gora bazeramaten hetarik multzo bat, gaztelurat buruz. Jendeketa handia bazen han, jandarma eta soldadoeri beha, kirrikan, beren odoleko gazteak mañotaturik ikusteak oro suminduak.

        Hor, bet betan, presonerretarik batek oihu egiten diote hango jendeeri: «Hel, hel guri!... Anaiak ez girea, eta ez othe zaizkigute urrikalduko?»... Kalerna aintzinean gauzak bezala, oro ixilik zauden, esku-muthurrak makileri kurumilkatuak. Soldadoak, zuri zuria eginak, beldurtitzen hasiak, elgarri kontra kontra eman ziren berehala. Bainan, berantegi... Irrintzina ikharagarri bat aurthikiz, alimaleko gizon bat hantxet zen, soldadoen ondorat jauzi batean jina... Lohilakat eta haren makila! Begien hesteko artean, berrehun makila altxatu ziren, Lohilakatenaren aldean, eta soldadoak kiski kaska ohildurik, Lohilakaten ondotik, irrintzinaka, Garaztar gizonak joan ziren gaztelura, presondegiko atheen xintxikatzera eta hango bertze presoner guzien libratzera... Darius zenaren aita Donianeko mera omen baitzen orduan, gauzak xuxendu nahiz jin zitzaioten bidera... Lohilakaten makila kaska batek firrindilaka errekarat aurthiki zion xapela, eta gure jaun mera, lasterka eta xitun, buru-has sartu omen zen bere etxean.

        Gauza ederra bertzez urrikaltzea! bainan, gero zinak eta minak!

        Aiphatu asaldura gaitzaren ondotik, deserturrak Luzaireko bentetan deskantsatzen ari zirelarik oraino, Lohilakat... Lohilakateko alhor batean golden ari zen hura, bere bi behi ederren ondotik: «Behia, be!». Handik hurbil, beren zaldi haundien gainean jinik, Donianeko lau jandarma, zaldiak keeta edo xeila bati estekaturik, Lohilakati ixil ixila beha zauden sasi artetik: «Joanen girea, edo ez girea? Eta, bizkitartean gizon debru haren gana joan behar, bertzerik ezin egin! Hura mañotatu behar... Mañotatu!... Lohilakat!».

        Azkenean, lauak betan, eta xedeerik hoberenak baluzte bezala gogoan, badoazi lerroan, pilpira bat bihotzean... Sabre azantz zerbait entzunik edo bertzela, Lohilakatek altxatzen du burua eta jandarmeri ohartzen zaiote. Zimurdura bat ere ez zen agertu haren begitartean, begiek dir dir egin zioten bakarrik beren xara beltz ikharagarrian. Eta, orai, deskantsuan, bere eskalapoin haundiekin, behiak aintzinean bethi akulatuz, jandarmeri buruz heldu zen Lohilakat... «Behia, be!»... Segur, jandarmek nahiagoko zuketela serora edo fraide gaixo zonbait preso hartu, Lohilakaten orde. Bainan, orduan oraino, ez zen fraiderik, ez serorarik preso hartzen, eta Lohilakat hartu behar zen beraz.

        Bethiko bere golde-hurratsean, jandarmen ondorat heldu izan zelarik, Lohilakatek, zankez, geldiarazten du behi parea: «Joa, behiak, joa!!». Eta, athorra-mahunkas, bulhar batzu gaitzak athorra hartarik beltz beltza ageri, bi beso izigarri golde-nabarraren gider gainean dena zain eta korropilo emanak, han dute Lohilakat!...

        —Zer nahi duzue ene ganik?

        Zerbait erran behar, zerbait erran nahi, eta deusik ezin erran!... Azkenean, daldara batean, jandarma batek erraiten dio:

        —Lohilakatera nahi ginuen...

        Orduan ikusi zen gauza bat, nihun ikusten ez den bezalakoa. Golde-nabarraren gainetik altxatu zen Lohilakat, bi jandarma bezain handi, Arradoi gibelean ja etzatera zoan iguzkia itzaltzen ziotela lau gizon dohkabeeri. Esku bakhar batez, xuxen xuxena altxatzen du golde-nabar pisua, eta, golde-nabar harekin, erhi alimale batekin bezala, erakusten diote Lohilakatea, erranez:

        —Horra Lohilakatea!... Eta huna Lohilakat!... Zer behar duzue haren ganik?...

        Arrats hartan, Lohilakatean etzan zen oraino Lohilakat, eta bizkar-hezurrean halako ikhare hotz batekin itzuli ziren jandarmak, Lohilakatera zertara joanak ziren Lohilakati erran ere gabe...

        Bainan , legeak azken hitza bere behar bethi eta, uste gabetarik edo bertzela, preso altxatu zuten Lohilakat! Zabaltzako zubi mehar batean iragaitearekin, diote Lohilakatek bere bi jandarmak harturik, batto esku bakotxean, manatu ziotela burdinak khen ziozkaten, edo biak aurthikitzen zituela urerat. Bai eta hek zalukara libratu gure gizona!...

        Zorigaitzez, azkenean, amor eman behartu zitzaion Lohilakat gaizoari. Eta ordutik hasi ziren haren nahigabeak. Gobernioa, hari eta haren onthasuneri, lapharra bezala lothurik, errekan ezarri zuen bere etxalde ederra, eta, orai hogoi'ta bost bat urthe, hiru hogoi eta hamabost urthetan, etxeko-nausi ttipi hil izan zen Lohilakat haundia. Eta behartu zitzaion ez baitzituen zeruko atheak makilarekin hautsi behar ukhan, zeru hartan sartzeko, ezen, aspaldiko urtheetan jada, lege-gizonek khendua zioten bere makila!

        Bainan, zorionez, makilarik gabe sarrarazi omen zuen Jon Doni Petri haundiak, Eskualdun gehienak ohi dituen bezala, eta zuek eta ni, agian, egun batez sarraziko gaituen bezala!

 

aurrekoa hurrengoa