www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIGARREN ASTOA

 

        Zer beroa! Erre nahi zuen Donazaharreko bidean. Aire izpirik ez, eta lurretik halako bafada bat! Uf!

        Ellande gaizoa bazoan bide berriaren sahetsetik, beroak setiatua, bere aintzinean zeramazkala bederatzi nafar asto ederrak. Xuri, beltz, gorrasta, bazen mota guzietarik. Buztanaz uliak haizatuz, begiak dilindan, bazoazin terrententen.

        Bainan, futxo, astoentzat ere bero zen, eta nun nahi baratuak ziren, muthurra sasian, toki fresko bat atzeman beharrez: «Arri astoak, arri!».

        Debalde! Bazuen zeri loth Ellande gaizoak! Zigorraz, zaharoaz jo, ala thu egin, bardinera zoan. Eta hantxet joan behar, izerdi uharretan, beroak zozotua!

        Noizbait heltzen dira Manuelen ostatura. Ez zen goitxegi! «Iso, astoak, iso!». Eta horra bederatzi astoak, tankez baratuak, erreximenduko zaldiak gelditzen diren bezala.

        —Manuel, pintaño bat arno, eta zalu! Xutik ez niagok, eta bideko erhauts guzia, hortxet kokatua diat, zintzurrean. Hauxe duk sapa! Nork iraun holako beroarekin!...

        —Ai zer goxoa, orai! Zinez, Manuel, Nafar arnoa Nafar astoak ez bezalakoa duk! Bertze ttintta bat, oraino, patarraren leguntzeko. Itzalean hobeki zaizte segur... Bainan, zer arnoa! Ez duk, ez, holako Ahunxkiko urik. Biba bethi mama gorria!...

        —Bueno! Goxo goxoan nuk orai. Horra hogoi'ta hamabi sos, eta arri astoak!

        Eta Ellande badoa kanpora; ez du gehiago iguzkiaren beldurrik; zangoak tontoxago menturaz, barnea ere beroxago, bainan larrua zoin fresko! «Arri!...». Astoek behatzen diote ilhunik. Heientzat ez othe da bada nafar arnorik? Ellande ostatuan, eta hek kixkali dira bide bazterrean, lephorainoko erhautsean...

        Ellanderen zaharoak laster emaiten ditu aztaparren gainean. Zer loria. Ellande! Eta Ellande emaiten da kantuz:

 

                Hauxe da Nafarketako

                Mandoaren traza...

 

        Zer boz ozena duen hatik egun Ellandek!... Donazaharrera heltzean bizkitartean, unhatzen ere hasia, oihuz emaiten da, eta astoak geldiarazi ondoan, hetarik baten gainera igaiten.

        —Zer zozoa hintzen hatik, Ellande! Airean joaiteko orde, ostixoan ere, orai bezala! Ez duk harat hunatik, arnoak argitzen dik azkarki jende xinplea! Arri aintzina...

 

                Lephoa mehe du eta

                Ilia latza

                Itxura gai...

 

        Bainan, nun dut nik nere bederatzigarren astoa? Iso! Bat, biga, hiru... zazpi, zortzi! Eta bederatzigarrena? Jesus!... Izpiritua argitzen balinbadu, begiak lanbrotzen othe ditu arnoak?... Bat, biga... zazpi, zortzi! Hauxe duk ixtorioa! Gibelean utzi othe dut nere beharri luzea?... Bixtak ereman ahala, fritsik ez duk bizkitartean ageri! Errak, hi, puttikoa, zenbat asto ditut nere aintzinean? Bederatzi ala zortzi?

        —Zortzi araiz, Ellande, zortzi asto eta hamasei beharri.

        —Hauxe duk lana! Manuelen ostatuan sartu othe zaut, nik deus ez pagaturik gaitzitua?... Arri astoak, arri, Manuelen ostatura!

        Kalopan heldu dira berriz ostatuko athera.

        —Manuel! ene asto bat ez duk fortunaz hire barne horietan gelditua, sotoan, edo bederen pegar zonbeiten aintzinean?

        —Ez, Ellande, ez, ez da hemen astorik, oro ereman zintuen zurekin.

        —Alo! ontsa nuk sarri, Mariarekin! Xahu nuk, xahu, etxean sartzean: Alta, hanbat gaixtoago! Arri astoak etxera, eta bixi bixia. Zuen laguna dagola den tokian, ni bilha jin arte, holako beroarekin...

        Eta badoazi berriz, Lakharrara buruz. Bainan Ellandek ez du gehiago kanturik. Mariaren beldurrak espantuak sarrarazi diozka. Ez duzue ezagutzen Maria, Ellanderen andre esposa?... Gizagaizo Ellande! Aditu behar ditu bereak eta asto beltxarenak!... Eta bizkitartean, aintzinez emanik, gibelez emanik, zortzi asto baizik ez izaki Ellandek!

        Ilhun nabarrean, astoak musikan sartzen dira etxe aintzineko korralean, eta doña Maria atheratzen da, arraxina bat eskuan.

        —Orai duka etxean sartzeko tenorea, hordi tzar bandila? Hunaraino senditzen diat arnoa, kiskila!...

        —No, Maria, ez othoi, kexa! Ez diakinat nun demuntre sartu zautan nere bederatzigarren astoa. Erhoturik ibilia nun haren ondotik, eta herrestorik ere ez dinat nihun atzeman.

        —Bederatzigarren astoa? Bainan, arraila jina hitzakiat beraz etxerat?

        Bederatzigarrena? Eta hire bi zangoen artean dukan hori ez othe da astoa? Horra bederatzigarrena, hamargarrena eta ederrena berekin deramala bizkarrean! Bixtatik joan hakiat, hordi tzar, gizon galdu, arno-untzi higuingarria!...

        Eta Ellande ohera badoa, ixil eta xitun, Mariaren makhila, bizkar hezurraren gainera eror dakion beldurrez.

        Nola ez zen bada, bere azpian zaukan beharri luzeaz orhoitu? Ai! Manuelen arno hura! Zerbait debrukeria ez othe zion ostalerak emana? Bertzaldiño batez hatik!

        Eta hainbertzenarekin, lo zurrungan eman zen Ellande gaizoa, eta gau hartan guzian, ametsetarik, bere astoaren ondotik ibili zen, izerdi uharretan.

 

aurrekoa hurrengoa