www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

EZKILA XARMATUA

 

        Hor nonbait, Lapurdin, —ez dugu erranen non— bazterrak kexu ziren.

        Gobernioko eta herriko gizonetarik zonbaitek hola nahirik, eskola berria egin zuten, kaperaren aintzinean. Eta gero, merkeenerat, kaperan sartzeko atheaz nahi izan ziren baliatu, eskolan sartzeko.

        Elizako aitzindariek, orduan, Jainkoaren zuzenak ostikatzerat ez uzteko, hetsi zuten kapera.

        Jendea ulitxekin zen ordutik harat, herriko jauntto heieri buruz.

        Hain xuxen, urthe guziez bezala, proesione bat egin behar zen herritik, mendi kasko batetara; hots, eman dezagun: Larreko Gurutzera.

        Jaun erretorak oihu egin zuen beraz, bethi bezala eginen zela proesionea, bainan, delako kaperan, bertze urthetan bezala, sartu gabe. Aldetik iraganen zitzaizkon oro, othoitz errepiketan, bainan... deus bertzerik ez zen behar, ez eta ere kaperako ezkilarik: alabainan, jaun aphezpikuak ez zuen hoi onhesten.

        Kartierak bazuen orduan larre-auzaphez edo mera bat. Gizon ona, bainan... Eta gero, zahartua zen eta gorra... Zirikolatzeko edo Xerrendako pekadak bezenbat gorra, elkorra.

        Piarresen hasarrea, jaun erretoraren oihua jakin zuenean! Su eta phindar dena, gorrak oro bezala, karrasiaka ari zen guzieri: «Zer erran du erretorak? Ez duela joko, gure ezkilak?... Alafede joko duela! Ene aitak egina dik! eta kartierarena duk! Joko dik, joko, ni Piarres naizen bezen segur!».

        Maiatzaren hirua zen, Santa Gurutze eguna. Goizeko zortziak hirian, Larreko Gurutzetik jautsia, orga-bide edo inta pullit bati behera heldu zen orai proesionea, kartierean sartzen ari. Aintzin aintzinean bazoan Pettan, gurutze eremailea, orai bezen gazte orduan, bi beatter aldean; ondotik, haurrak, jauzteka. Gero gizonak, bi oren hartan buru-has, arrosarioak eskuan, kantu errepikan; gero bikarioak erdi erdian, eta gero, azkenik, emaztekiak, zonbait othoitzean, bertze batzu ahapetik kalakan, oro Pettanen hurratsari ezin jarraikiz...

        Bet betan, hor, Pettani gurutzea eskuetarik eskapatzer zaio. Beatter debru hek, sudurra airean, bi aldetarik, tankez gelditu zaizko. Beira daude biak, toki berera: kaperako ezkila dorre pullitera. Eta, kaperako ezkila-dorre pullitean: oi Jesus! —mirakuilua ere ez zena hori!— ezkila bazabilan harat eta hunat, firrindilaka, ezker igan orduko eskuin jautsia, erhotua eta, mututua! Bai, mututua, eta hortan zen bada mirakuilua: halako zapartetan zabilan ezkilak... zeinurik ez zuen! Neguko bele zahar zahar handiak bezala, bazoan goiti, beheiti, ezker eskuin, bainan bethi ixilik, mututua. Sokaren firrinda ezagun zen bakarrik, bainan hura ez nola nahikoa!

        Pettan, bere letanien eta letainen artetik, hirriz ari zen goxoki: «To, ederra diaguk hori!». Beatterrak eta haurrak, erhiak bethi airean, oro elgarri beha; gizonak, kapeluak ahoaren gainean, kur, kur, kur, oro hirriz; jaun bikarioa, alegia eta hasarre, guzieri gaizkika.

        Xantrea, hura, kisu-labea bezen handiko aho bat zabalduz, ari zen hirriz eta orroaz: Ab insidiis diaboli, libera nos, Domine! Bainan ez zioten ez Josepek, ez bertzeek ihardesten: hirria nausitua; bazuten bertze egitekorik!...

        Proesionea bazoan bizkitartean, andarka, ahal zuen bezala, hogoi'ta bortzek elgar koskatzen zutela, han, aintzin hartan, norbait osoki gelditurik, ezkila xarmatuari beira eta beira. Josepi egun hartan, makurtu ere omen zitzaion sudurra, geroztik bethi goiti behatzen baitio sudur harek, ezkila mirakuiluzkoa, han, begien gainean balu bezala!

        Emaztekiak, kaperaren aldean iragan zirelarik, —hau ere ez zena mirakuilua?— oro kolpez ixildu ziren; eta, herrestaka heldu ziren azken atxoetarik zonbaitek, ezkila dorreari behatu eta, Hettoko alderdirat hartu zuten ikaretan, bai eta ere gurutzearen seinalea hiru aldiz egin hantxet, kaperako alderdira burua makurtuz eta kokotsa luxatuz, Debrua, Galtxagorri, handik atheratzen ikusi behar ukan balute bezala!...

        Eta huna non, zinez eta minez, kapera barnetik atheratzen den Galtxagorri. Oren laurden bat, izerditan, ezkilaren sokari tira eta tira arizanik, gorri-beltzaturik, eta eskuetan frintzak eginik, jali zen beraz... Piarres, Piarres gorra, larre auzapheza.

        Ezkilak jo zuen edo ez zuen, hoi ez zakien, gorra zen bezala, bainan hortaz ez zen grinatua, ez eta ere den gutienekorik. Ezkilak ez direa, jotzeko, xoriak airean ibiltzeko bezala? Eta harek othe zakien, Piarresen jokoaz jelosturik, ezkilari bere mihia kendua ziola, bezperan, herriko biligarro on batek?...

        Izerditan heldu da beraz kanpora, eta kartiereko gizon multxo bat, proesionea han utzirik, etxerat heldu baitzen hain xuxen, oihu egiten diote, loriarekin zozotua bezala:

        —Gan duk proesionea!... Ba eta, jaun erretorak nahi edo ez nahi, jo ere dik gure zeinuak!

        —Jo! Bai ederki... bainan hire zeinua nehork ez aditu!

        —Nehork ez aditu? Ezkila?... Nola bada hoi?

        Eta hor, hirri maltzur batean, oihuka kondatzen diote, nola —mihiaz gabeturik, dudarik ez dena— ezkila jo gabe arizan den oren laurden bat osorik, jende guzia urraturik han zagoela!

        Piarres, beharriak aphalik bazoan orai, etxeari buruz... Gorra ere zelakotz, ez zuen aditu, bainan orduan berean, Hetto aldetik, xantre ozpina orroaz ari zitzaion...

        —Ut inimicos sanctae ecclesiae humiliare digneris....

        Eta proesioneko jende guziek ihardesten zioten, orok betan:

        —Te rogamus, audi nos!.

        Zonbait egunez, kontrabandixtak ahantzirik, Brigadako gardak oro egon ziren, alegia eta deusere ez, zeletan, barrandan, zerbait atxeman beharrez. Bainan zer atxeman zezaketen?

        Hori zakiena ixilik egon zen, eta gero, lehenbiziko uri-aldian berean, —bethi mirakuiluz— ezkilaren mihia kausitu zuten... kaperako teilatuaren urak biltzen zituen aska handian.

        Deus onik ez zuen izan handik harat Piarres gaizoak, eta berak hetsarazi kapera berriz idekia ikusirik, joan zen gain hartarat, Jainkoaren aintzinerat, agian zeruko ezkilen aditzera!

 

aurrekoa hurrengoa