www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

EGUERRIKO KONDAIRA

 

        Eguerri bezpera zen. Bizpahiru ahutara gaztena goxoki janik supazterrean, sagar-arno bat hauta lorietan hurrupaturik, ganberako leihoan emana, izarreri beha nindagon. Iduri zitzautan izar heieri behera jausten ikusi behar nuela Jesus, eta, Jainkoak emanik, boz bat baitut frango pollita, hor, ohartu ere gabe, ez naiz hasten Atzar gaiteren xaramelatzen?

 

                Atzar gaiten, atzar lotarik

                Gau huntan da Jesus sortzen,

                Amodioak garhaiturik

                Gure gatik da ethortzen.

 

        Bainan, bet-betan, oharturik haize meheño bat firurikan heldu zautala ipharretik, beldurrez eta hotzak iragan, banoa ohe gainera, neure soinekoekin hala hala, lo kuluxkaño bat eginen dudalakoan, gau-erdiko meza aintzinean.

        Atzar gaiteren azken azken hitza emaiten ari nintzalarik, exti, extia, ezpainak luxatuz, ttunpez lokartzen naiz, eta berehala, horra non egiten dudan amets bat, bainan amets bat!...

        Beraz, Jainkoak, igorria zautan zerurateko galdea, nik batre uste ez nuelarik. Nere girixtino eginbideak oro betherik, azta gaixto guziak aphezaren eskuetarat arthikirik, horra abiatzen naizela Parabisurat buruz. Urhats zonbait egin orduko, gelditzen naiz zankez, eta gero, laster batez itzultzen nere ganberalat!... Gain hartan zer gertha ere, alfotxetan ezartzen ditut ez dakit zenbat urthe hetan egin ziren Gure Herriaren ager-aldi guziak, eta anda izarreri buruz.

        Berehala ohartzen naiz erreposkiago noala, Gure Herria demontre harek nik uste baino gehiago aztatzen zuelakotz alfotxetan. Bainan, hartuko dut behar den astia, eta hola bederen bihotza arinik banoa, hedoietan harat. Nork daki zertaz behar ditaken gaintto hetan?

        Joan, joan, bethi joan, banindoan beraz, alfotxak bizkarrean, Larresoroko Killo gaizoak egin makila pollit bat eskuan, izar batetik bertzera brixt, jauzika. Jesus, Jesus, ez nuen sekulan erranen hainbertze izar bazitekela zeruan!... Garaziko mendietarik lehenago ikusten nintuenak deusik ez ziren oraikoen aldean!

        Bethi banindoan bizkitartean, eta ja, Art-Izarraren ondotik, Hiru Erregeak jauzian iraganak nituen. Sekulako bide ba othe nuen? Azkenean, Oilo-Koloka nere gibelean utzirik bere xitoekin, batto lehertu ere gabe, izar-erhautsez estalia, izerdiz pelatua banindoan, noiz eta ere, han, nere aintzinean ikusten baitut... Parabisua...

        Hatsak eta guziak joanik, bihotza kasik gelditzeko heinean, harritzen naiz hantxet. Jesus, Jainko maitea! Hura zen, hura, ikustekoa! Dena urhe, dena zilhar, dena disdira! Belhaunak dal dal dal ikharatzen zitzauzkitan, ederraren ederrez. Ez zen ez halako aphez-etxerik edo jaun handien jauregirik, ez eta ere elizarik!... Jesus, Jesus!...

        Hainbertzenarekin, Parabisuko athe urhezkoaren aintzinean jarria, ikusten dut gizon bat, bizar alimaleko batekin: Jon Doni Petri, zeruko gakoen argitzen ari. Bazuen zer egin! alabainan, erdoilak osoki janak zauzkan.

        Krisk, krask, nere zapeta handiekin harrabots puska bat egiten dut, Parabisuko bide xoragarrian. Jon Doni Petrik burua altxatzen du, bere lanaren artetik, eta halako hirri batean hasten da berehala:

        —To, to! Norbait heldu zaikuk egun zerurat! baduk mira!... Ho, adixkidea, norat zoazi zure ustez?

        —Bainan... zerurat, o Jon Doni Petri!

        —Zerurat?... Baduk hoberik! Aspaldixkoan bertze biderik hartzen duzue gizonek! Orizu, behozute ene gakoeri... Gorri gorriak erdoilak janak!... Eta barkhamendurekin, nondik heldu zira?

        —Frantziatik.

        —Frantziatik!... Hau ona diaguk! Berrogoi urthe huntan, Frantses gutti, gutti, hunarat! Lehenago bai, trumilka. Bainan orai, emazte bakar batzu, doi doia!... Eta nola deitzen zinen munduan, ez baniz ausartegi?

        —Haurmaite...

        —Haurmaite! Bainan orduan, Eskualduna zira, eta ezagutzen zaitut segurki! Haurmaite! Gizagaixoa! Ez zinen baitezpada gaixto gaixto hetarik! Bainan, itzal ttipitto zonbait, berehala zeruan sartzeko! Behin edo bertze gerthatu ere zautzu, arratsean erran baituzu goizeko othoitza, eta goizean arratsekoa. Kasu eman bazinu gehixago!... Eta, zer deramazu, hor, alfotxa gorri handi horietan?

        —Gure Herria ilabetkaria, ilabetkari horrentzat moldatu ditudan lan purruxkak!...

        Jon Doni Petri xutitua zen, orai, eta nere gana hurbildurik, gogo onez besarkatzen nau han, bainan han, tinko tinkoa! Sainduaren bizar handiak poxi bat min egiten zautan, egia erran. Bainan, halere... zer goxoa eta zer loria!...

        —Hi haiza, Haurmaite, Gure Herriaren egileetarik bat? Kazeta moldatzaile gehienek ez die ene bizarreko ile bat balio; bainan Gure Herrian balinbahintzan, bertzerik duk. Biba hi, Haurmaite! Hemen guziek irakurtzen diaguk Gure Herria. Jesus Haurrak eta Ama Birjinak ere, noiz edo noiz, behako bat emaiten diotek. Eta zeruan diren Eskualdunek! Harrapaka baderamaie. Ilabete guziez, aingeru Gabrielek beren Gure Herria noiz ekarriko dioten, ezin igurikatuz diaudek. Haugi, Haurmaite, haugi!

        Hiaurek behin baino gehiagotan erran dukan bezala, ez duk ez hori hire lanik txarrena. Eskuara gabe, Eskualduna ez duk, errexki bederen, fededuna. Eskuara galtzera zioian beharbada. Galtzerat utzi nahi ez zutenak lagundu ditutzue... Haugi zerurat, haugi! Segur, merezitua dukala! Ikusiko duk, San Frantsesek, San Iñaziok, Jon Doni Maiorgak, Mikel Garikoitz Ibarrekoak eta bertzeek beltzuri handirik eginen dauetenez. Xilintxa hau jo eta, hunarat ekarraraziko ditiat oro berehala...

        Bilinbi-balanba, binbili-banbala, abiatzen da xilintxa, eta... hor... izerdi uharretan... iratzartzen naiz... Jesus!... Non othe naiz? Ustez zeruan, eta ez nintzen ilhargian ere, bainan bai lur-gainean, nere ganberan, oraino hazkar eta erdi-gazte... Eliza-dorreko ezkilak iratzarrarazia ninduen, oren bat gau erdiko mezara!...

        Gogoa ilhun, jarri nintzan nere ohearen gainean. Eta, hala, hala, hain goxo zen Jon Doni Petriren bihotzari kontra, bizar handi harek sistatzen ninduela!... Eta amets bat baizik ez zela!...

        Bainan gero, begiak berriz ixtant bat hetsi ondoan, zeru eder hura agian oraino ikusiko nuelakoan, ohe gainetik jauzian xutiturik, belhaunikatu nintzan, othoitz hunen egiteko:

        —Barkatu, Jon Doni Petri handia, nere ametsak zerbaitetan huts egin badautzu; amets bat baizik ez zen. Bainan omen baitire zerbait erran nahi duten ametsak, gaurkoaren ondotik iduritzen zaut, gure lana ona zautzula. Gure Herriari uztartzeko naiz beraz berriz ere, eta... Jainko Jaunak nahi dukeen bezenbat luze... edo labur.

        Eta, hortan, gau-erdiko mezarat joan nintzen berehala, halako loria bat bihotzean!...

 

aurrekoa hurrengoa