www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

TORI DRAGO BAT

 

        Auritzeko parrean hunat, heldu zen Batixta Garaztarra, orroaz mendieri:

 

                Bas'oilarra kantuz...

                Iratiko sorhoan...

 

        Tratu bat ona eginik ferietan, moltsa luze berdea diruz betherik, amiñi bat alegera zen. Nafar arnoaren zinezko gozoa! «Ai, ui, ui!...».

 

                Nik badakit, zaharragoek erranik,

                Arno onak ez duela parerik;

                Orai ere, berriz ere, balinbanu hartarik,

                Edan niro basoa betherik.

 

        Laphurdi, Xubero eta Garaziko kantu mota guziak emanak zituen jadanik, noiz eta ere, iguzki aphalean, Ibañetako lephora heltzen baita, zintzurra larrutua, bainan gogoa bethi bero beroa. Guardianoaren ttattolan pint'erdi bat edan eta, Luzaideko alderat jaustera zoalarik, alimaleko mandozain muthur beltz bat ondoratzen zaio, hura ere Frantziarat ari:

        —Arratsalde on!

        —Bai zuri ere.

        —Frantziarat joaiten zare?

        —Bai. Zu ere naski?

        —Bai, eta lorietan joanen gare elgarrekin...

        Eta holaxet heldu ziren biak, mando haundi bat gibeletik, zahagiz gain gaineraino kargatu mando bat. Batixtak hain nahiagoko zukeen, bere moltsarekin, bakar bakarrik sartu Frantzian, Donibane Garaziko karrikan, Manjelainean. Bere sudur luze mehe eta begi xorrotxekin, ez zelarik bada gure Doniandarra beldurti beldurti hetarik, Aragones demuntreak halako lazta bat emaiten zakon hala ere! Eta ilhuna heldu, futxo, mendi handier behera!

        Hainbertzenarekin, Españolak erraiten dio:

        —Prantses horiek... dena espantu zarete!... Mila kemoñioa, non dago Españolak bezalako gizonik? Parise zer nahi badela! Parise edo Marise, hogoi mila Españolek ez othe lukete hartuko?...

        Batixta, nahiz Parisez guti kilikatua, hortzak hirrikan zagon, ezpainak mehe mehea. Zer lorietan aurthik lezakeen, hatzez gora, mandozain gaizki ikasia! Bainan makila txar bat baizik ez du eskuan, eta Españolaren begitartea Moro baten begitartea bezein beltza da; puñala ere ez duke urrun, gerrikoaren azpian. Zer egin beraz?... Geroxago ikusiko. Anhartean, gogoaren kontra, irri zuri batekin ihardesten dio mandozainari:

        —Hogoi mila Españolek? Bai eta hamabost milek ere!

        Español zozoa loriatzen da, eta mandoa geldiarazirik, zahagitik beretik emaiten dio edatera Batixtari:

        —Tori drago bat ona, amigo!

        Batixtak bere kexuaren iresteko, eta ere... zintzurraren leguntzeko, klikatzen du arnoa, bere buruarekin erasian:

        —Ago demuntren koko beltza, ago! Hireak harturik behar duk, gaur oraino!

        Urrunago, Luzaideko erreka itsusien ondoan, berriz ere erraiten dio Españolak:

        —Bordele edo Mordele, hamabost mila españolek ez othe lukete beretuko?

        Oi, Batixtaren errabia! Balitz Pekotx aldean, edo han nunbait, Frantzian! Bainan, ez, Espainiako zokorik itsusienetan da, gau bethean orai, eta mandozain demonioaren begiek dir dir dir egiten dute ilhunbean! ihardesten du beraz, bethi irri maltzur berarekin:

        —Hamabost mila Españolek?... Bai eta hamarrek ere!

        Eta mandozainak berehala, nafarrez ase karkaila batean:

        —Tori drago bat, berriz ere!...

        Arnegirat heltzean, hirugarren aldikotz, oihuka, Españolak:

        —Baiona edo Maiona, hamar mila Españolek ez othe lukete aurthikiko?

        —Bai eta bost milek ere!

        —Tori drago bat, berriz ere!...

        Mandozainaren arnoak ez zuen erraitekorik: ona zen, arras ona, den mendreenik urtatu gabekoa, eta Batixta, pindarrak begitik jalitzen zitzaizkola, irriz zagon bere buruarekin:

        —Ixtantean pagatuko diat kondua, amigo; zorrik ez diat nahi ostatuan.

        Donianerat hurbiltzen ari ziren orai. Jadanik, urrunera ageri ziren Arzageteneko ostatuko argiak. Española heldu zen urguluz zozotua, Frantzia guzia ja berak suntsitua balu bezala. Azken orro batean galdegiten dio beraz Batixtari:

        —Doniane edo Moniane, San Juan edo Man Juan, mila Españolek ez othe lukete hartuko?...

        Batixta ez zen, ez Paristarra, ez Bordelesa... bainan Doniandarra zen; Espainiako mendiak haraxko ziren, eta bertzalde, mando zainaren zahagia Arzagetenean sartzera zoan!... Pin, pan, bi pasoz, erroz gora igortzen du hantxet español muthur beltza... errekarat:

        —Doniane! mila Españolek!... Ez eta hi bezalako ehun milek ere! Atxikak hori, to! koko beltza... eta zahagirik ezpaitut nik hemen, errekako uretik edanezak, ordainez, trago bat ona!

        Eta Batixta irrintzinaka sartu zen Donianen:

        —Ai, ui, ui, ui!...

N,B, Español mandozaina Eskuara poxi bat murdukatzen ikasi Erdalduna zen, Aragonesa, eta ez Eskualduna. Hori, erran gabe doan gauza.

Hendaiatik Ondarribirat.

 

aurrekoa hurrengoa