www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

XOANE MITRERO

 

        Bero bat zenizigarria. Xoane Mitrero heldu zen Garazi-Hergaraitik, egarriak joa, bere mitra edo berinak bizkarrean, sorbaldak kargaren azpian lehertuak.

        Mitra gutti berritu zen, egun hartan, Ahatsa-Lekumerrin, eta bere makila txarra eskuan heldu zen beraz, kexu kexua, burua dilindan, begiak xorrotx. Berrogoi soseko bat doi doia altxaturik, ontsa zen ba etxean, bere emaztearekin!

        Donazaharrera heltzean, Laphitzondo zenak hala oihu eginik, edo nehork oihurik egin gabe ere bardin, bere mitra-berinen herrementa athe ondoan xutik ezarririk, sartu zen Maiderrenean, eta pint-erdi bat arno galdeginik, hantxet jarri, izerdi uharretan. Izerdi hura xuka eta xuka, arnoa hurrupa eta hurrupa, goxara zagon, Laphitzondorekin solasean, bere begi bizi hek firurikatuz, bere sudur mehe hura luzatuz. Oi Laphitzondoren irriak, laket ere baitzitzaion Laphitzondori irri egitea!...

        Irriz hola zaudelarik biak, beroak eta oro ahantzirik, Madalenako aldetik heldu, agertzen da hor, karrika buruan, ardi multzo bat ederra, Hergaraiko alderdirat ari. Aintzin aintzinean, artzaina, bildotx polliño bat bizkarrean, ardiak ondotik mee eta mee marrakaz, artzain-or zakurra sahetsetik erausika. Iduri zuten bidea berekin zaramatela, eta erhauts bat eraikarazten zuten!...

        Xoane eta Laphitzondo bethi irriz...

        Arthaldea Maiderreneko ezkinara heltzearekin, bet betan, ardien erditik atheratzen da marro bat ederra, bainan ederra! Ostatuko atheari beha zankez paratzen da, lilluraturik bezala, arthalde guzia sahetsetik aintzina iragaiten zaiola Ahatsarat buruz. Artzainak, xixtu eta xixtu, burutik ere ez zuen itzultzen. Bakarrik ber bera zen orai marro ederra, Maiderreneko atheari beha eta beha.

        Athe hari kontra, xutik emanak, dir dir egiten zutela iguzkiari, begiak ereman nahi zituzten Xoaneren mitra-berinek. Marroa, zangoak itzaturik bezala doi doia egon ondoan, hurratsean abiatzen da, emeki emekiño, berina xarmatueri bethi beira. Bet betan, berriz ere gelditzen da, bere begi handi nahasi hek zabal zabala...

        Berina heien gibelean, hurratsean emeki emeki heldu hura ere, ikusi du bertze marro bat; eta huna bertze marro hori gelditu dela, bera gelditzean!... Elgarri beha dagozi biak. (Laphitzondo eta Xoane bethi irriz ari ziren barnean).

        Bainan, zer du bertze marro horrek? Begi hek ez othe ditu beheitituko, eta ez othe da jin bidetik zalukara joanen, bere onetan? Zer uste du, ala norbait izitzen duela han?

        Gure Madalendar marroa kexatzen hasia da. Begiak, itzulika, makurtzen ditu; bertzeak ere ba. Sudur ziloak zimurtzen ditu, khea dariotela; bertzeak ere ba. Buztana harat hunat badoako orai; bertzeari ere ba. Hasarre gorrian, errege-bidea ixtikatzen bezala du bere zangoekin; bertzeak hala hala. Adarrak aphal, kopeta beheititzen du; bertzeak ere ba. Elgarren ganik hurbilegi direla kausiturik, gibelka urruntzen dira biak, eta gero, hi bahaiz eta ni banauk, biak betan, oldar itsusian, elgarri buruz badoazi, begiak hetsirik, jauzian...

        Birrinbili barranbala, Xoaneren berinak mila pusketan dira orai, eta Madalendar marroa, erhotua, bi hiru aldiz heldu da oraino saltoan, puska hek berriz puskatu beharrez... Bere muthur makoa zimurturik, sudur ziloak... sua dariotela, hantxet dago, bertze marro zonbait nondik agertuko zaion... Xoane zaio agertzen Maiderrenetik, bere makila txarra eskuan, zaku-irina bezen zuri egina, hasarreak zozotua.

        Bainan Madalendar marroari ez zaio iduri balio duela Xoaneri lot dakion orai. Bertze marro bat izan balitz, paso! Eta adarrak zabal, kopeta gora, badoa hurratsean, Xoaneri behatzen ere ez diola, bere bertze marro hura suntsiturik loriatua...

        Artzaina deuseri ohartu gabe, bazoan, bethi xixtuka. Xoane, burua aphal, nigarrez ari zen, eta Laphitzondo itsusia, urratua zagon athe zokoan.

        Bere berina herrementa hutsik bizkarrean, bazoan orai Xoane, Donianera buruz, aho-kiretsik iretsten zuela bidean.

        Hoa, hoa, Xoane gaixoa, hoa, sobra ernatu gaberik! Aski goiz helduko haiz etxera, ilhuntxeko heldurik ere. Xaneta hire beha ziagok, eta hihaurenak eta asto-beltxarenak entzunik, panpak behar dituk, oherat baino lehen!

 

aurrekoa hurrengoa