www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

KONTZIENTZIA ETA... BERTZA

 

        Hor, orai duela ainixko urthe, Suhuskuneri hurbileko Jalsuar batek erosia zion bertz bat, pandero bat... gero pagatzekotan.

        Bakarrak bazituen hola saldurik Cinqualbres Donibaneko Kauter gaizoak, Xuitotik eta Behorlegi arte hortan! Eta nehor guti heldu pandero heien pagatzera, ordaintzera...

        Astelehen guzietako merkatuetara bazoan xuxen, itzuli bat egin beharrez bere zordunen harrotzeko. Bainan Jainkoak haundisko eginik, ez ziteken nahi bezala gorda. Eta gero, —giza gaizoa!— kobrezko bertz gorri bat ez zuen bizkarrean emaiten, bere itzuli-inguruaren egiteko?... Hots, iguzkiak panderoan dir dir eginik edo bertzela, zordun asko brixtez itzaliak ziren eta Mesaarrainean sartuak edo Leonenean... Arnoa hiru sosetan baitzen orduan, orentto batendako hantxet ziren ostatuan, hurrup eta klik, goxara goxatzen; eta gero, Kauteraren bertz gorria merkatutik itzalia zen aspaldi, gure Garaztar ihiziak begiak ñir-ñir, Leonenetik atheratzen zirelarik, makilak herrestan.

        Ordutik, zer zuen egitekorik Cinqualbres gaizoak?

        Ori, zuek eta nik eginen ginuena: athez-athe biltzea Donianeko merkatuan biltzen ez zena.

        Eta holaxet egiten ere zuen. Mando haundi baten gainerat iganik, bi bertz handi, —bide-naar saltzen bazituen ere— aldean emanik, auzo-herrietarat bazoan, hemen gaitzuru bat ogi bil eta hantxet bi gaitzuru artho, bere hartzekoak, poxika poxika, hola kobratuko zituelakoan, Bettiri zenak bezala.

        Beraz, egun batez, bere mandoaren gainean, bertze orduz, Errege-Magoak beren kameluen gainean bezen xut, bazoan gure Bezkin Kautera, Suhuskuneri buruz. Xoxoak xixtuz ari ziren oihanetik, biligarroak ttirrittaka mahastietarik, bainan esker guti zuen Kauterak heien xaramela guzientzat. Hinkili, hankala, bideari gora bazoan Jan-Petit mandoaren gainean, bertze biligarrorik non ikusiko zuen erne ernea.

        Eta, hain xuxen, hantxet, alhor mehe batean, bi behi txarren ondotik iraul den ari, ikusten du... bere Jatsuar zorduna, hiru edo laur urthe hartan bertz bat, pandero bat zor diona. Jatsuar maltzurrak ere ikusia zuen Bezkin kalamanka, bainan, berea gogoan, alegia eta ez ikusi egin zuen berehala.

        —So mandoa, so!...

        Eta, ogiz eta arthoz, bertze eta bezkinez lehertzeko heinean kargatua ere baitzen, zankez gelditzen da hor mandoa. Eta, Jean-Petiten bizkar gainetik, erdi xutiturik, huna oihuka gure Kautera:

        —Errak, to, hoo!

        —Behia, bee!

        —Errak, to, hi, gizona! Hoo!...

        —Alo, Katzo!

        —Ez dela hik entzuten? Heu!...

        —Hots, Gorria, berma hadi ba!

        —Elkorra dela hi egun, Pello!...

        —Hauxeuk alimalea!

        —Too! Jautsi behar dela beraz ni mandotik... Berdin jautsiko dela, ba...

        Izura Pazientziako semeak ere amor emanen zuen Bezkin thematsuaren aintzinean, eta amor eman zuen beraz gure Pellok.

        —Joa, behiak, joa!

        Eta eskuak bere akhulu handiaren gainean kurutzaturik, han, urrunxko, alhorraren erdian, Bezkinari beha emaiten da, kopeta zimurturik:

        —Zer da? Zer da? Zer tuk oihu horiek guziak? Berdin likek emekixago arizanik ere...

        —Hi aise mintzo dela, bana noiz pagatuko dela to, hik, ene bertza?

        —Bertza pagatuko? Zer bertza?

        —Ba, nik hiri saldu dela bertza, eta hik ez dela eni pagatu bertza!...

        —Zer derasak, hire eskuara pollitarekin, saldu dela bertza, ez dela pagatu bertza? Zer tuk elhe txar horiek? Ala koblaka hasia othe hiz orai, zahartzeari buruz?

        —Zer! Ez dela orhoitzen hi, nik hiri saldu dela bertza, eta ez dela hik eni pagatu bertza?

        —To! Bakea emanezadak hire bertzarekin, eta utz nezak ene lanari; ez nuk gero batre elhe gose!...

        —Zer! Ukatzen dela hik, nik hiri saldu dela bertza eta ez dela hik eni pagatu bertza?... Galdu dela beraz hik kontzientzia?...

        —Ba, to, nik galdu balinbadut kontzientzia, hik ere hire bertza... Behiak, bee!...

        Eta demontren firridan emaiten da Pello, sist eta sast bere behien akhulatzen...

        Doi doiak egin zuen, odolak ithorik, ez baitzen hantxet Kauter gaizoa bere mandotik erori!...

        Pello, irri maltzur batean joana zen jada alhorraren bertze burura...

        Ditxolaria baizik ez zen gure Jatsuarra, eta ez ohoina. Handik zonbait hilabetheren buruan, Cinqualbres zena erakitzen ontsa utzi ondoan, behi bat bere barrukiheiatik khendurik, ordaindu zion bere zorra, eta berriz kolaxet bildu zituzten, batek bere bertza, eta bertzeak... bere kontzientzia.

 

aurrekoa hurrengoa