www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

PELLO ZAPATAINA

 

        Orai duela aspaldi, buruileko goiz bat ederra zen; airea arin, zerua urdin; Jara-mendi eta Arradoi, eskuaz hunkitzeko heinean hurbil emaiten zituen haize-hegorik goxoenak.

        Pello, Zaroko zapataina, bazoan Donianeko goiz-mezarat, bere boneta begietaraino sartua, zapatez mukurru alphotxak. Bristi, brasta, bazoan, bide pollitari behera, gaztena-ondoen itzaletik haitz ederren itzalera, bere buruarekin irriz. Bethi irriz ari zen, bestalde, Zaroko zapataina!...

        Joan, joan, bazoan beraz, noiz eta ere, oihanxka batean sartzera zoalarik, ttapa, ttapa atheratzen baitzaio, hamar hurratsetan, eta aintzin aintzinera heldu zitzaiola, begi handi batzuekin, beharri handiago batzuekin, erbi bat ederra, Donianeko ihiztari batek aintzineko astean huts egin erbi bat. «Berroien bizkarra! harma bat ez izanen orai hemen! Zer tiroaren bazka!...».

        Batere zer ari den ohartu ere gabe, alegia eta harma, luze luzea, bi besoak aintzin emaiten ditu gure zapatainak, eta, hantxet, erbia begixtatzen duela, ezpainak bildurik, gogoz eta ahoz, tiroa emaiten dio: «Pan! Pan!».

        Erbia, gibel aldearen edo bertze halako izen bat duen haren gainean kokoriko jarria, zapatainari, salbu zuek eta, irriz emaiten zaio... Baia!... «En bisaia!».

        Erhotzen da gure Pello; brastez, eskua sartzen du alphotxetan, eta zart, erbiari igortzen dio, kopetaren erdi erdira, bikhe ophil bat: «Hatzemak hori, to!»

        Erbia, ontsa bazitzaion edo ez, oraikotik izitua, bigarren tiro bat gehiago igurikatu gabe, badoa punpeka, buztana arinik, firurikan, bere bikhea zaramala kopetaren erdian. Zapataina ere lasterka ondotik, bainan, erbia zaluago. Alabainan!...

        Hainbertzenarekin —hala beharra— dudarik gabe, bigarren erbi batek jauzi egiten du bidearen gainera, eta, Pellori agurrik egin gabe, hari behatu ere gabe, xuxen xuxena badoa lehenbiziko erbiaren ondotik, hura ausiki eta koskatu beharrez. (Bezperan samurtuak bide ziren, sorro berean sobera trefla janik). Beren buztan ttipiak xut xuta, mustatxak gora, begiak phindarrez erreak, kask eta kask, oldar eta oldar ari ziren elgarri...

        Pello zapataina heieri beha, harritua, bere alphotxak eskuetarik dilindan. Geroztik, zin ere egiten zuen, Pattin Artzainaren marroek ez dutela batek besteari holako kaskarik eman, sekula santan!... Erbi demonioak, ihauska erhautsaren erdian, ari ziren, ari, elgar iretsi nahi ukhan balute bezala. Gaztena adar bati buztanetik dilindan, heieri beha hura ere, ikare daldaretan zagon urtxintxa pollit pollit bat...

        Azkenean, izigarriko oldarrean, badoazi biak, kopeta kopetari kontra, buru-munak zapartarazteko heinean, eta, orduan, hantxet —ez denez hori mirakulua?— zapatainak aurthiki bikheak... josten ditu erbi errabiatuen bi kopetak!... Itzulipurdika badoazi biak, pirripitaka, behereko errekaraino. Han, berriz ihauska; oraikoan, elgarretarik berexi nahiz. Bainan, debru bat! bikhe ozpina hura, errekan hola busti ere zelakotz, gehiago lotzen baizik ez zitzaioten!...

        Pello zapatainak, orduan, laster eta laster egiten du, eta irriz ontsa ase ondoan —bethi irriz zagola, errana ere dautzuet— bi erbiak alphotxetan emaiten ditu, batto, Intxauspe errient xaharrarendako, eta bertzea... Ospitaletxenean berak jateko...

        Jan ere zuen, arratsean, Ospitaletxenean. Goiz hartan hila, zail aireño bat bezala bazuen oraino erbiak, egia da. Bainan, hots, jan zuen, bere adixkide Kaiet Ospitaletx, Barbier, Migelgorri, Ximitx, Cadiou, Eugène, Teilagorri eta bertzekin. Orai ere, lagun hoberik ez bainuke nahi, erbi bat hil eta, erbi haren jateko.

        Zonbait egunez, Pello zapatainak bezala egin beharrez, Donianeko ihiztariak oro, beren harmak utzirik, bikhe-opilak eskuan, erbiaren ondotik ibili ziren Arradoiko pareta guzian, Lasa-Mendin hala-hala. Zapatain andana bat aberastu ere zen, beren bikhe guziak ixtant batez saldurik.

        Bainan, gero, elgarrekin baketurik edo ez dakit nola, erbiek ez zuten gehiago batek bestea koskatu, eta Doniandar ihiztariak bipher itzuli ziren guziak, bata bestearen ondotik, ter, ter, ter, leher eginak egiazki, bikhe guzia eskueri itsuski lothurik.

        Ybarnegaray, deputatu-gaia, eta Jakes Pekotx thematu ziren oraino zonbait egunez. Bainan hek ere etsitu zuten azkenean, eta berriz lothu ziren beren bethiko harma-xixperi...

        Eta Pello zapataina, sekulan baino gehiago irriz ari ikusi zuten handik harat.

 

aurrekoa hurrengoa