www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

IRETSI... HORTZAK?

 

        Joanes zuen izena; gizon ona, maitea ezin gehiago. Ahotik zer nahi ikusirik, bere haginak oro Irigoin demuntre hari utzi ziozkan Baionan, eta herrirat itzuli zen, egun batez, hortz berri eder batzuekin.

        Orduko xaal edo aratxe baten saria gosta zitzaizkon, bainan zer munta zuen hura bezalako etxeko jaun batentzat? Gosta zitzaiona zer zen, haren oraiko loriaren aldean? Bertze gizon bat egina zen eta! Ordu arte, ilhun trunko hetarik ez izana gatik, irria frango xuhur zuen; eta orai, irriz laket zitzaion, bere hortz ederren erakusteko baizik ez bazen ere. Hala, hala, zinez ederrak zituen Irigoinek eman hortzak! Xuriak, legunak, i-a bezen xuxenak. Badut uste auzoak bekhaizti zituen. Etxeko xakurrak, bethi nausiaren hortzak ikusi eta, bereak erakusten zituen, mur mur mur, kirrika batean. Hura bederen bekhaizti zela, gauza segura.

        Eta Joanesen janiza orai! Lehenago, milinga batean, gauza hoberenak doi doia hunkitzen baizik ez zituen, eta orai, orotarik jaten, eta orok on egiten, futxo!

        Loriaren erdian igeri bizi zen beraz Joanes. Arrats guziez, bere hortz benedikatuak, ongi garbiturik emaiten zituen ohe buruan eta biharamun goizean gero, berriz ahoan, amets goxoenak lorik goxoenean eginik.

        Hoik oro sobrakinak. Nik ez dakit nungo sorgin zaharra han iraganik, goiz batez, iker eta iker, mia eta mia ari zen Joanes. Hortzak, hortz xarmatuak nihon ez ageri!... Erhoturik zoko guziak azpiz gora emanak zituen. Hortzik nihon ez bethi ageri! Mariaño, bere sehi zaharra ethorririk, eman ziren biak ohe azpiak eta oro ikertzen. Bainan debalde.

        Oren baten buruan bezala, etsitu zen Joanesek. Zer debrukeria baitzen ere han, hortzak galduak ziren, eta ontsa galduak. Eta bizkitartean, bethiko beren tokian ez zituena bada artharekin altxatuak, bezperan?...

        Kexu ziren beraz bazterrak, eta Mariaño ikharan egon zen egun hartan guzian, odolak bururat eginen othe zionez nausiari?

        Ez zion odolak bururat egin, bainan bai hertzetarat, eta arratsean, barneko min bat bazuen Joanesek, mixteriozkoa. Tillula eta malba edan eta edan, harat hunat bazabilan ganbaran, selauruan, sukaldean, arima herratua bezala. Bere hortz eskastu hek bethi gogoan —bainan zorigaitzez, ez orduan ahoan— urrikaltzeko ere zen, zinez eta minez. Lau hogoi urtheko atxo bat iduri zuen, bere ezpain sartu ximurtuekin, eta erranen zinuten, garbiki, orenetik orenera ximeltzen ari zitzaizkola ezpain hek. Xakurrak, bere mahain zokotik, ez zion gehiago behatzen ere. Eta auzoek? Ez zioten gaizki irri egin behar, ondoko egunetan!...

        Eta sabeleko edo hertzetako min hura bethi han, ez batere eztitzen! Sekulan ez eta , gaur, holako mina lothua, bet betan, hortz xarmatu hek galdu orduko, eta erran ziteken kasik, hek galdu zirelakotz!... Ez ahal zituen bederen?... Bai! zera! Iretsi hortzak! Bazuena bertzenaz burutik?

        Biharamunean, ametsetarik bere hortzekin borroka arizanik, bezperan baino ere hitsago jeiki zen; hertzetako sistak oinon saminago eginak zituen.

        Adixkide zonbait haren ikustera hain xuxen ethorririk, bere nahigabea erran ziotelan lañoki, erran ere, —irriz— burura nola jin zitzaion, hortzak iretsi othe zituen bederen, hek itzaltzearekin holako sabeleko mina hari lotzeko, gisa hortan...

        Adixkideak hantxet zauden, irriz hantuak, eta irri hura gorde nahi eta ezin egin, elgarri keinuka eta zimikoka. Azkenean, hetarik batek erraiten dio maltzur maltzurra, haren haur denboran, gizon bat halaxet hil izan zela, hortz handi bat iretsirik, eta hortz harek hertzeak zilaturik. Bainan, oraikoan, holakorik ez zitaken. Hortzak oro iretsi balitu, balinba ohartuko ahal zen, zer mila sorgin!...

        Eta joan ziren adixkideak, etxerainoko irri izan baitzuten, arrats hartan, bidean.

        Adixkideak joan eta, burua eskuetan harturik, xakurrari ostiko bat eman ondoan, gogoeta eta gogoeta gelditu zen Joanes: «Ez zen bertzerik! Iretsiak zituen hortzak; bai, jauna, iretsiak, eta, bezperaz geroztik, hertzen xilatzen ari zitzaizkon! Huna nun ziren, hortxet xilkotik eskuinago. Erhien puntan aztatzen ere zituen orai... Zer zoria, harena! Akabo zen laster Joanesez, Jainko ona ez bazitzaion urrikaltzen...!».

        Eta Jainko ona urrikaldu zitzaion berehala Joanesi. Hotz-ikare bat harturik, bere burua gehiago ezin jasanez, ohera doalarik, gogoratzen zaio hobe duela berehala medikuaren gana joaitea, gero zer izanen bada ere.

        Badoa beraz bere ganbaralat, puxka bat aldatu behar duela, medikuaren aintzinerat agertzeko. Igandetako soina hartzen du, eta berehala oihu-garrasia handi bat egiten: «Mariaño, Mariaño!...».

        Eskuetan daukan soinaren sakelatik, pirripitaka erori da hor zerbeit, Joanesen zangoetara...

        —Mariaño! Mariaño!... Hortzak!...

        —Hortzak?... Nun?...

        —Hortxet, sakela hortarik eroriak! Hobeki altxatzeko nihaurek hor emanak, dudarik ez da... Ai, ui, ui! Zoaz laster, Mariaño, eta oilasko bati lephoa bihurrozu eta zalu! Ai, ui, ui!

        Eta irrintzinaka, dantza-motxetan hasten da Joanes, ganbararen inguruan. Eskapatu ez baliz, fandangoetan beharko izanen zuen ari Mariañok, bere zaharrean oraino.

        Oilaskoa egintxe zelarik, jautsi zen gure gizona, xoria bezen alegerarik. Balentriaka bezala, eta mendekioz ere bai, xakurrari joan zitzaion aintzinera, bere hortz ederrak erakutsi beharrez. Kirrikan eman zen Balu-jan, bainan irriz hasi zitzaion nausia, eta irriz oraino jarri zen mahainean. Eta hantxet, oilasko guzia garbitu zuen, hartarik bederen ez baitzuten haren adixkide maltzurrek milikatu. Irulegiko arno hoberenetik, Paregabekotik, flasko bat hustu zuen oso-osoa, eta, pipatara bat belhar errerik bere hortz ederren artean, ohera buruz abiatu zen errepika-xarameletan:

 

                Gaztetasunak bainerabila,

                airean ainhara bezala...

 

aurrekoa hurrengoa