www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

BOTUA... BOTU

 

        Hantxet zen erretor, eta erretor maitatua, mendi arte batean, Eskual-Herriaren muga mugan. Aphez-etxearen aldean eihera edo errota bat, ostatu ttipi bat, ostatuari datxikola errebota, elizetan pullitena bixkar batean, zonbait etxe —ardiño batzu bezala, elizaren inguruan— eta gero, gainerateko etxaldeak eta bordaldeak, mendi kasko guzieri aztaparka lothuak. Horra nun bizi zen beraz gure erretor maitea, itsaso-hegitik bortuetarat ethorria.

        Orok itzal bat behar eta, jaun erretora zen... biziki izipera. Diren eta ditezken eritasun guzien beldur bat bazuen gaitza; bethi ikharan bizi.

        Jan aintzinean eta ondoan ere, zigarreta multxo baten egiteari atxikia baitzen biziki, horra nun, goiz batez, halako erredura bat jiten zaion zintzurrera, bainan erredura bat arras bitxia. Biper-beltx gostu bat ezin-erranezkoa bazuen han, aho zolan, Bortuko esne goxo guziek eztitzen ez baitzioten. Thu egin, zintzurra karraka, eta harek bethi min, eta funski min, gero!

        Boz bat baitzuen xoragarria, jendea, lehenbiziko igandean berean, zerbaiti laster ohartu zen elizan: «Gure erretora ez diaguk fleitian! Zer othe dik bada?».

        Ez alafede, ez zen fleitian!... Alabainan, erredura thematsua egun guziez saminago zuen eta! Zazpi egin ahalak egiten zituen bada; bainan oro alferretan! Aphez gizagaizoaren zintzurra, eta guziz gogoa, joanago eta eriago. Egunaz gogoeta, gauaz amets ilhun.

        Hor, arrats batez, gau-erditan, burura heldu zaio: «Xangrea duela zintzurrean! Bai, xangrea! Ez zen bertzerik! Xangrea, eta bere pipatzeak emanikako xangrea!».

        Biharamunean, elizan, othoitzean, belhauniko zagon jaun erretora, eta —Jainkoa, zuk barkha!— burua bere bi ahurren artean zagolarik, aithortu behar dut gogoa zuela... bere zintzur dohakabearekin. Aho-gozoa irets eta irets, eta... bethi bardin kirets; bet-betan, bere buruarekin egiten du:

        —Ezetik baiean, min hau xangrea balitz!... Bainan, ere, hala ez balitz!... Dena den, ene Jainko maitea, ori, xangre edo ez xangre, ene min hau balinbadoakit bihar arte huntan, botu, bai zinez botu egiten dut, sekulan gehiago ez dutala belharrik pipatuko!...

        Goraxko mintzatu othe zen? Ez dakit, bainan, eliza zola zolan, kadira harrabots bat egiten zuela, irriz xutitu zen atxo sudur mehe figura bat, eta kanporat berehala atheratu...

        Hori goizean zen. Eguerdiko ja, mirakuiluaren mirakuiluz, minik ttipiena ere ez zuen gehiago sendi gure jaun erretor gaixoak!...

        Zintzur ondoak erhiekin zapha, eztul eta eztul berma, begiak gorritzerainekoan, zintzurra karraka, eta... o Jesus ona, ahurraren gainean baino gehiago minik ez!...

        Arratsaldean are gutiago oraino!...

        Zer loria!...

        Errazue uste duzuela. Min gaixtorik gehiago ez ukhaitea loria zen, bai; ez ordean, hil arte pipatu gabe egoitea! Eta futxo, ordutik, hortara zoan gerthakaria! Bertzerik ezin egin, zintzurreko mina anda joana balinbazitzaion sekulakotz! Botuz hitzemana goizean!...

        ...—Hitzemana, ba, biharko sendatzen banaiz; bainan, ez, den mendrena, gaur itzul balakiat min pitta pitta bat...

        Eta —Jainkoa, hori ere zuk barkha!— maltzur maltzurra, bat pizten du eta erretzen; gero, bertze bat; hiru, lau ala bortz, ala gehiago? Ez dakit xuxen zenbat erre zituen zigarreta lodi lodi batzuetarik.

        Ez zen ez ari, sinhesten ere ahal nauzue, gau-erdi artinoko epheaz, egin ahala pipa eta pipa, baliatzeko. Fa!... Orizue, agian, pipa eta pipa ari zanez, min izpiño bat jinen zitzaiolakoan; ez sobra, bainan, han, amiñi bat, botu izigarriaren osoki osoki ez bethetzeko...

        Ez irririk egin, othoi, gure erretor gaixoaz. Ez dakizue ongi zer den pipatzaileari bere piparen khentzea! Biziaren beraren khentzea ez othe da, edo kasik?...

        Berriz ere diot, ez zukeen, ez, min gaixto hura berriz jin zakion nahi; baina, hola, min poxiño bat, den gutiena, gau-erdi ondoxe arte; botuari ezkina baten hausteko doia...

        Alferretara zoan maltzurkeria hoi guzia. Etxean zuen tabako-belhar guzia erre zuen, sukar-errabia batean. Min tuntik ez zitzaion jin; egundaino izan zuen zintzurrik legunenaren jabe gelditu zen. Eta, gau erdik, bun, bun, bun... jo zuelarik ezkila dorrean, jaun erretor gizagaixoak firrindan arthiki zuen hortzen artean zaukan azken zigarretaren buxtan buxtana; eta orduan, sorbaldak daldaratuz, hau erran omen zuen, dolamen batean: «Karrematin! Oraikotik, hire pipatzeak egin dik!»...

        Eta, mina khendu ziolakoan, Jainko maiteari eskerrak bihurtu behar orduan, bere buruaz etsitu zuen hantxet, zeren piparik ez zen gehiago harentzat!

        Zonbait egunez, arima herratu bat bezala bizi izan zen. Bortz burla eta musika egin ere ziozkaten lagunek, malezian, haren ondo ondora, pafa, pafa, joanez, beren zigarroen erretzera.

        Bainan, botua botu, harekilakoak eginak zituzten, ordutik, Frantziako eta Espainiako tabako guziek, eta bere toxa pollita, azkon-larruz eginikakoa, eman zion Paxkual bere xantre zaharrari.

 

aurrekoa hurrengoa