www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

ZIKIRO AZPIA

(Lehenagoko kondaira)

 

        Aspaldiko adixkideak ziren herri hartako Jaun Erretora eta Jaun Errienta.

        Erretor bat! Nehun guti baitzen halakorik. Ona, Itsasuko gereziak eta Kanboko bixkotxak bezenbat, edo Ezpeletako haxua eta Senpereko makallaua bezenbat ere. Bihotza ahurrean eta moltsa xilo xilo xilo. Hots, eliza gizona osoki, eta gizon gaitza! Nola ziteken bertzela? Bi berga oihal, edo hurbil, behar zituen eta, zangoetarik lephora, guziaren estaltzeko. Boza zuen bakarrik hala hulakoa; ez, nahi baduzue, makurra ere, bainan, hola, pitta bat... oxkeduna.

        Jaun Errientak, oh! harek! bazuen boz bat pullita, leguna, sutik athera kruxpetak bezen beroa, Makeako ezti goxoena bezen eztia, batre zerra-oxkerik gabekoa. Bainan, gero, deus guti zuen onik gure Jaun Errientak. Alafede ez zela Senpereko makallaua, Ezpeletako haxua, Kanboko bixkotxak edo Itsasuko gereziak bezen ona! Ahurra zuen harek bihotzean, eta Bilbil Errienta deithua zuten herrian. Hots, gizon ttiki ttikia osoki, berga bat oihalek estaltzen zuen gizona.

        Erran gabe doa, elizako xantre zela Bil-bil Errienta. Loria zen haren entzutea, bai igandetan, bai ehortz-egunetan.

        Haren dolamen pullita herriko etxek'andre zabalño bat ehorzten zelarik! Oi, orduan ofizio edo elizkizun luzea, hunkigarria zinez!

        Bere boza bezen xuria eta leguna ere zelakotz, igande gehienetan, bazkariz gomit zen gure Bil-bil, Jaun Erretoraren etxera. Eta, bezperan edo biharamunean berak barur egin edo eginen bazuen ere, Jaun Erretorak bazkari ontto bat emaiten zion aintzinera, herriko arno goxoenarekin, xikorerik gabeko kafeñoarekin. Ondokoak eta oro, hots!

        Herriko etxean segretario zelakotz, begi-gorri multxo baten gainera, frango puska biltzen zuen Bil-bil Errientak: dela oilo, oilasko, ahate eta pekada moko luze. Bainan sekulan ez zitzaion gogoratuko, bere etxera, ordainez, noizetik eta noizera ekarraraz zezakela Jaun Erretor gaizoa.

        Eta, egia erraiteko, hain ona ere zen Aphez maitea! Ez deus bat aski, haurrek bezala, oro ongi kausitzeko. Bi ahamenen artean, edo baso arnoa hustean, Amen erran zezola Errient jaramanak, eta bazkaria aski pagatua zen bethi, eta, Elizan hain maiz kantatzen ere zuelakotz, delako Amen hori ongixko ikasia zuen gure Jaun Errientak. Musean partida bat gero, eta... bertze Igandeak arte.

        Eta zinez erranen zinduten, gauzek holaxet iraun behar zutela bethi eta bethi. Debru bat eta erdi! Behialako pegarra ere hautsi omen zen, bethi ithurrira joanez! Beraz, debrua aiphatu baitut, debru bat eman zen trebes gure bi adixkideen artean, eta, ilhaundu, suntsitu ziren adixkidantzak oro!...

        Hor, bi jaun andien arteko bozkatze batzu hurbilduxeak izanez, ainixkoren gogo-bihotzak sumindu ziren, eta herri osoak azpikoz goiti eman.

        Gure Jaun Erretorak, hala ere egin behar zuelakotz, ezti eztia eta gehiagokorik gabe, galdegin zioten herriko gizoneri, beren eginbidea xuxen bethe zezaten eta girixtinoki.

        Erran bazuen erran, handik astea gabe jakinarazten zion Baionako Suprefet Jaun zilarreztatuak, paga khendua zitzaiola, zeren «Errepublika arthiki beharrez mintzatu zen!».

        —Arthiki... Errepublika? To! arthik errexa duk horien Errepublika, phedeiku batez nik hola arthikitzekoa balinbada!...

        Eta irri baizik ez zuen egin lehenik Jaun Erretorak, Jainkoak, Aphezpikuak eta barneak laguntzen zutelakotz bere nahigabean.

        Bainan, gero, ahapetikako solasño batzu heltzen zaizko beharrietara. Orhoitzen da, phedeiku lazgarria bururatu zenean, Jaun Errientak, aintzineko igandean, ithoka, bi jauziz, bi ahapaldiz eman zuela Credo guzia, bururen buru, zintzur idor idor batean. Eta gero, bazkaitean, bertze aldietan baino biziki xuhurkiago erran zuela bere betiko Amen pullita! Hots, xoria aldaxka batetik bertzera bezala, elhe batetik bertzera, gogoeta batetik bertze gogoeta batetara, hor, eta duda-mudarik batre gabe, seguratzen da gure Jaun Erretora, Bilbil Errienta duela salatari higuina, herri guziak ja begietan duen salataria...

        Sugerik nork egundaino hazi du bere etxean?... Jaun Errienta ez da gehiago xaramelan ari herriko elizan. Bizpahiru gizon gazte eman dira, han, kantorean, eta inharros aldi onik emaiten diote eliza xaharrari, Jainkoak egiten dituen igande guziez!

        Jaun Errienta ez da gehiago herriko segretario gixen; ordain bat eman diote, eta akabo pekada, ahate, oilo, oilaskoak!

        Jaun Errienta ez da gehiago Jaun Erretoraren etxean gomit igandetan!... Pareta bat arte bizi baitira biak, etxerat heldu zaio aphezak bere kantari gazteekin jaten dituen aphairu onen usain mixteriozkoa.

        Zer bazkari goxoak harek ere... lehen! Ah! ixilik egon balitz bederen! Oh! aldi bakhar bakhar batez baizik ezpaliz ere, ez duela jastatuko lehenagoko erraki goxoetarik!...

        Eta ezpainak milikatuz, igande eguerdi batez, bere baratzean harat hunat badabil Errient gaixoa, arima herratua iduri. Hiru hilabethe hartan ez du bertzerik egiten ahal, igande eguerdia ethorri den aldi guzian. Noiz arte pairatu behar othe du hoinen saminki?...

        Eta hain xuxen, Jaun Errientaren sabeleko kurrinka entzuna zuela erranen baitzinduten egiazki, bi baratzeen arteko paretaren gainetik agertzen da, luze luzea, bi begi zuri zabaldu handiekin, Jaun Erretoraren burua!

        —Psst!... Eup!... Jigot ona, zikiro-azpi ona laket zautzu, Jaun Errienta?

        Zikiro-azpia laket, Jaun Errientari? Lehenago jan dituen guziez orhoitua, begiak sukar batean, bi urhats egiten ditu gizon gaixoak. Hiru hilabethe hetako barurak oro ahantzirik, Jaun Erretoraren besarkatzera doa oraikotik:

        —Laket? Zikiro-azpi ona?...

        —Bai, laket zautzu zikiro azpi ona, bainan, hor, zinez eta egiazki ona? Ahotik ezin utzi zikiro-azpia?

        —Oh! ba, Jauna!...

        —Bezperatik beretik, baratxuri gordinez ongi xixta zazu beraz, Jaun Errienta!...

        Eta irri maltzur batekin, itzultzen da hortan Jaun Erretora... bere bazkaltiarren gana.

        Ezin gehiago ihardok zezaken gure Jaun Errient dohakabeak. Hiltzea ere hobe zuen miletan, hola bethi errabia gorrian bizitzea baino...

        Harat norapeit, Biarnorat joaitea galdatu zuen handik laster, eta aditua naiz, baratxuri guti, arras guti aski duela gure Errientak, Jaun Erretor berriak janarazten diozkan zikiro-azpientzat.

 

aurrekoa hurrengoa