Poema bilduma
Amaia Lasa / Mikel Lasa

Herri Gogoa, 1971

 

 

ACUARIUM EDO ITSASPEKO HERRIA

 

Ene begietan euria

itsas gainean langarra.

mundutik aparte

itsaspeko herri honetan

uhinak uhinen ondotik

hutsuneak izugarrizko

tarteak idekitzen

oraina eta geroaren

binbitartean.

 

 

       Otoi esaidazu maitea

       pausa-une honetan nun

       aurkitzen garen. Mundua

       mundu den edo ta

       miliunka esferen artean

       zeinen baitan gauden gu

       zu eta biok bakarrik maitea.

 

 

       Bizitza bi memoria

       galduen arteko

       leize bat dela dirudi.

       Izpilua hamar mila zatitan

       erdibitu zaiku.

       Amasabelean lez lurrunez

       inguraturik bizi gara

       itsaspeko herrian.

 

 

Hemen gizakiak

arrain bilakatu dira

metamorfosis luze baten ondoren

eta arrainak aldiz

giza begi soil besterik

ez dira gure gauaren erdian.

Bakarrik diote, masopak

mendebalderuntz

ihesi joan direla,

faropeko harrien ondotik iraganaz...

 

 

Poema bilduma
Amaia Lasa / Mikel Lasa

Herri Gogoa, 1971