Poema bilduma
Amaia Lasa / Mikel Lasa

Herri Gogoa, 1971

 

 

 

«...mais debarrasse de qui? c'etait bien simple: debarrasse du dimanche... le cauchemar, la tragedie, selon w. c'etait dimanche...» (J. Green). Igandearen haunditasunean galdu egiten naiz. Igandeetan uneak luzeago dira, zeru tarteak zabalago, orduak pausoki igaroten dira. Igande goizean aspertu egiten naiz, arratsaldean ez dakit nun naizen.

Haur denboran zorion berezi bat iastatzen nuen igande goizetan aidean nunbait galdurik Gaztetu naizelarik aspertu egiten naute igande goizetako lehen orduek, eta tristatzen ilunabarrean. Ezpidea ere hor dabil ibili jende tartean itzuli-mintzulika arratsalde aspergarri horietan.

Ordu horietan zer eginen? Gela barnean Kafka'ren Egunerokoa irakurtzen hasten ba'haiz hireak egin dik: misteriozko lupe itzaltsuetan galduko haiz. Dirurik ezpaduk (ondo ezagutzen diat estudianteen poltsa urri hori) ezin pasa noski neskatxeri ipui xuri-gorriak erraiten denbora guziz. Bakarrik ba'habil, ta sentipen larriren batek kilikatzen eztarria edo sabel-ondoa edo ankak, bildur ba'haiz, tira egik pipa liburu montoien tartean dagoana ta tabako Holandresez beterik (Oi «Amsterdamer» tabako gozo bilo-oria ta haren urrutietako usai liluragarria!: There is no tobacco like Amsterdamer tobacco!).

Inoren axolik gabe begira urrunera; orain ke xuriak urrunagotua ikusten dukan urrun lausotura... Bainan begira: itsasoa laino eta Donostia bera nekez ikusten diagu, Jaizkibel nekezago. Gaur ziurki Hondarrabi, Getharia eta Miarritzeko argiak ez dizkiagu ikusiko, ez ilargi santurik itsaso gainean. Gaitz'erdi.

Itzali gaitean elkarrekin, ez gogo argiz bizi izan sekula. Guretzat ilundu dituk gaba eta eguna.

Ordu honetan, inun aingura gota gabe, herria izpiritua itsasora. Daigun jira bat, daigun jira bi... bat, bi, hiru. Eia!

 

(Kaia gainean txalupa zahar bat, beltza, kilez gora).

 

 

Poema bilduma
Amaia Lasa / Mikel Lasa

Herri Gogoa, 1971