POETA BERRIA
zure elea
ez da gurina eta esnea:
harria itsasoa eta haizea.
Munduaren hatsa
nahi nuke atzeman
Europako bide ugarietan
(hainbeste jendetza eta ni hain bakar)
eguerdiko eguzkia adora
goizetik-goizera lana
arratsaldetan jainko beltzakin josta.
(baina ez zait ardura)
eta gauetan
bide ertzean naiz ezarriko
harri-meta txiki baten alboan
t'ankak gurutzaturik
hartuko dut gitarra
bardoaren gisa
ta eresi bat kantatuko
ardura gabe ta triste:
Oi hiri oi izar oi ortzi
ez duzue balio ezer
gizonaren irri ta keinu batek
zuetako mila balio dute
oi hiri oi izar oi ortzi
ez duzue balio ezer.
Zoaz eta esaiozu Rilke-ri:
izarren hautsa krudela da
eta ilargiaren esneak
goragala ematen dit.
Eta poblatuko dut
ene animaren bakardadea
gizonaren irriz ta neskatxaren musuz
Deituko ditut lagun berriak:
Fauno zaharrak ene lagunak
bidetan zehar zabiltzatenak
Picassoren Arlekin oria
(Kafka bera ote pailazoz jantzia?)
Pierrot gorria
eta mundu guztiko clown
arpegi tristeak
jazkera gorria eta txano berdea.