Poema bilduma
Amaia Lasa / Mikel Lasa

Herri Gogoa, 1971

 

 

I.— AMORIO GALDUAK

 

                                                           (goiz heltzen diren pikoak

                                                           maite ditu nere animak. atsular)

 

 

Euriaren tristea

ari ta ari atergabeko amaian.

 

Katuak ganbaretan lo daudez gau t'egun

denborari denbora emanaz...

 

Paradisu galduetako oroipena da

nola palmondo haundi baten pean

itzala genuela adiskide

nola tamariza ta pikondopean

ari ginen pekatu

haragizko pekatua

euriagatik triste ari

triste diren bezela tamarindoaren adarrak

itsas bazterrean

euriaren pean

triste ta ustel palmondoa

udazkenean

«chalet» ubelaren jardinean

Zarauzko plaiatik ez hain urruti.

 

Nola bion gorputzak gurutzaturik

(ba ginakien ez genuela elkar maite)

bestearengan bilatzen genduan

gurean ez daukaguna:

mundu axolakabeak itsaso izugarriak plaiaren bakardadeak

ematen ez ziguna: maitasunaren arrastoa.

 

Arratsalde hura munduaren azkenengo eguna zen

t'amor eman genion bizitzari

Udaberrian kantatu nuen hasierako egunaz ez naiz oroitzen

Jainkoak gizona tankeratu zuen egunaz

bizirako arnasa ixuri zioenaz

ez naiz oroitzen

paradisuko azken egun hontan.

 

Katuak ganbaretan lo daudez

tolesgabeko ametsetan

urteak eta denborak deusezten

edo ta denbora milaka ugaritzen.

 

«DANA» ta «NADA»-k zirkulua bukatzen dute.

 

 

Poema bilduma
Amaia Lasa / Mikel Lasa

Herri Gogoa, 1971