Poema bilduma
Amaia Lasa / Mikel Lasa

Herri Gogoa, 1971

 

 

BERTSO URRATUAK

 

Ez dezagun poema zeru zolan ixeki

kaio baten orrua edo txalupa baten gibel borobila

edozein poema baino ederrago direnean.

 

Poetari haurtzaroan diruaren kutizia gezurrez kendu zioten

bait zekiten jakin ideia hutsa zein mixerablea den.

Baina nik diot:

 

        Gure poemaren egia odolarekin ziurtatzen ez badugu

        grazirik gabeko pailazoak garela.

 

Poetak ez badu bere indarrez

ezaren barrunbea aztertzen

zein ausartuko ote usteldurikako egiak

argitara ematen?

Baina Leon Felipe-k dio:

 

        Gizonaren seaska ipuiz eragiten dutela...

        gizonaren negarra ipuiz estaltzen dutela...

 

Zeini ez zaio laket esatea:

Ni poeta arlote bat naiz poeta baserritarra

ta pinpilinpauxaren mila koloreak besterik ez dut ezagutzen

ta nere hiztegiko hitz itsusienak «arrosa> eta «krabelina» dira.

Baina nik diot:

 

        Zalduntxoen oinordea herriarena ez den artean

        ez dudala sinestuko zalduntxoen sasi-ipuian.

 

Gure hiztegiko zeinbat hitz doaz

eta orain ez dira ezer ez bada

memoria desmemoriatu baten oroitzapen gazigeza.

Bainan euskaltzaleek balekite jakin aberatsegia dela

hizkuntzarik txiroena ere

sakelan daramagun istori apurtu hau

kontatzeko!

 

Poema bilduma
Amaia Lasa / Mikel Lasa

Herri Gogoa, 1971