ESPERPENTO
Ihauteria da
eta ihauteri gauean
kale ixiletan barna goazela
ipar-aldeko hiri haundi honetan galdurik
burdelak ikusten
larehun pesetakoak eta irurehunekoak
gure boltza urriarentzat nahikoa ehunekoak.
Denak dira emakumeak
eta gorputz uxatuen xarma ustela bilatzen dugu.
Mauka ta mauka ar-emeak
izorkeria egiten eliz-zaharreko paret bazterrean.
Berdin da bakardade honetan
arpegi ederrak hala itsusiak
emakume denen arpegietan
halako animalikeria somatzen dut
zoramena arpegi-idorra mirada fijoa.
Ihauteria da ihauteri gaua
ta inork ez daki bakoitzaren bakardadearen berri.
Argi bakoitza itzalean hiltzen da
agoni ixilean
nola Kristo profanatu hori bilhutsik
bide bazterrean hain desesperatuki etsia
agonian infernuetara jetxia
hirugarren egunik gabeko Kristoa
sinesten dut.
Eta argiak milaka izanik ez dute argi egiten.
Tarteka gaua da jabe.
Hala gu hala gure bakardadean
ihauteri gabeko hirurak eta bost inguruan.