|
Hortus Botanicus
ITZULI NAHI DUEN BESTA EGUNA
Gauaren buruan, ilunaren lehen histuran, nehoren ez den dermioan, ixiltasuna bera baratzen da eta beti bada txio egiten duen xoririk eta ixo tronpatu delakoan. Haizeņo mehar batek eramana, nondik ez dakidala, heldu zait hagitz urrutikako hura, hura.
Abantzirik ez bide nuen arratsalde bat, bertze mundutik etorria iduri, txio bakun bakar hura. Eta han,
orkesta kioskoan jotzen, hiru lagun: kordiona, kitarra eta txundata. Solas guziak bilduz, musika, eta han, goiko belagi hartan, ardi batek burua goititu du. Hiru neskato dantzari, mutilak, ostatuan, muturra berotzen. Frontoiko itzala handituz, iguzki izpiurre luze batek tontor urranak perekatuz. Arratsaldea baratzen da bestaliar guzien gainean, eta kirikaka ari da, ixtanpatean, gero goi alderat egiten du eta desageri, Estrata eta zokoetarik ilun hits bat dario, orkestak gorakigo jo.
Zeru osoa zurituz doaie, hemen, zuri hits batez tintaturik. Ate danbada bat arboleko xoriak ixo; eta berriz bat, sarri oro. Bestako arratsalde,erran, nola heldu hatzait honat? Paretak eta puskak itxuratu dira, iratzargailu baten zirringa. Nik ere ez, ez dakit nola oroituko ditudan, heldu den aldiro eta hemendik harat, ikusiko ez ditudan aurpegiak. Sekula oroituko ez ditudan aldiak, non, norako eginen dira? Pausatzeko gogorik ez dutenak, gau eta ilunaren arteko aldean, nehoren ez den dermioan, ixiltasuna bera baratzen denean, barrandan ari dira beren gogo gainean. Batzutan atalaitzinean dira plantatzen bidaiari zahar haren iduri, higatuak, urrungo lehiorreko arropaz beztiturik, doi doi ezagutuz sortetxea eta arrontik arroztuak; gehienetan, aldiz, soberesten dute oroitzaren etxapea eta soilik hegaldaka ukitzen dute leihoko kristala.
Hortus Botanicus |