Hortus Botanicus
Eduardo Gil Bera

Gipuzkoako Kutxa, 1988

 

 

AZKEN ALDIZ

 

Uraren marmaria,

horbela eta adar iharren lurtzea,

bihotzeko dangak,

gau egunen balantza,

beti izan da hau berau.

Beti.

Deus ez da gertatu

hemen baitagoke

gertatu balitz.

Dena beti izan da

bera.

 

Ez, ai gogoaren itsudura!

Ur zirrizta honek ez zuen ezagutzen erreka zola hau,

lehen aldiz dago hemen,

marmarian.

Dena berri da, aire hau Heraklitoren ugaldea bezala dut.

Urrats bakoitzean naiz diferent.

Norbaitek erran berri duenez, munduak bi milioi suntsidura

eta bertze hainbertze sortzapen baditu ixtanpateko;

eta dena berri da, taigabe, lehen aldiz.

Orainetan,

bortz eta bortz ene burua ari

dira

bat ematen duten bide patar hauei

gora,

lehen aldiz.

 

Pikatuetan,

aspaldi larrutu ziren bazterretan,

eguzkietan zipilgarrienaren argian,

artaldearen siesta orduan,

hemen,

ukan dut ideiaren bisita

azken aldiz.

Oriko xoriñoak behatzen

airez-aire,

beroaren zuria

mintzatzen zait apal

azken aldiz.

Ez dut egiaren xankarik nahi,

segurtasunik antsia

larru zaharra bezala largaturik,

kizun guzien erroitzaren gainetik

eginen dut dantza

azken aldiz.

Baietzetan neureena

kantuko dut, hemen,

Nafarroako eta Xiberoko, ixtant guzietako, puntadan

eta mugan,

Pikatuetan,

azken aldiz.

Ezagutzaren ordu honi agur,

egun ikasi dut dena zaidala

azken aldiz gertatzen.

 

Hortus Botanicus
Eduardo Gil Bera

Gipuzkoako Kutxa, 1988