PAUBETIK ABIATZEKO TENOREAN
Gogoak ematen daut
landa barreiatu hauek
iraganak ditudala, bertzetan,
hautsen eta hasperen
besapean
eta zeru hau, nonbait,
lehenago ere isuri nuela
itzalgune eta lainozko errepiketan.
Mendi lepoak, pelerinak, ugaldearen marmarak,
dena eta ez dena, dena izana zaut.
Dudarik ez, dena eta ez dena.
Xahu naiz, helas.
Hemendik harat, deus ez da izanen
dena izana baitzaut.
Ai, aldiaren urusa, salbu naiz;
lehenagoko hartan, dena izana
zitzaidalarik, ez bainendin oroit,
nonbait,
dena izana nuela.
Beharrik oroitzen dudan
oroitzen ez nuen hori,
dena eta ez dena,
lehenagoko hartan
eta ahal dut partitzen,
honetan.