Hortus Botanicus
Eduardo Gil Bera

Gipuzkoako Kutxa, 1988

 

 

PLASTIKOZKO ERRAUTSA BEGIETAN

 

Autoak zipristin,

zolan, argien dirdira zimurtua,

ezinezko bekokiez beterik diren ixtiletan.

Coq Hardi ostatutik abiatzen da

Verlaineren esku hormatuen bidaxka,

sototik heldu da irrati soinu bat,

Mozart, euri hankamea zirtzilduz

karrikei behera.

Hemengo urak, bortz neketan tantatuz,

ziribiltzen ditu biziak,

infinituki berdinak.

Zokoetan, hezurrezko suak

gaueko putz ilunei

goraki mintzo zaizkie

epeka.

Xirapean direnek derasate xume

guardasolakoek tinki,

baina denak dira bizi

leihoez haraindi.

Guneka, metroko aho zabal, beltzak;

bat diren mila bekokiak handik sar,

sar eta zuloetan

barrena,

ez deusetarat so eginez;

baina han ere oroaldien akuilatzaile ttipiak

jazartzen die eta akuiluaz,

han ere,

ttiki eta ttiki.

 

Hortus Botanicus
Eduardo Gil Bera

Gipuzkoako Kutxa, 1988