Ontzi iluna
Isabel Diaz

Kutxa, 1999

 

 

HEINZ DIETERICH STEFAN-I

 

«El mañana no existe porque usted

lo compra hoy a precio de saldo»

Eduardo Galeano

 

eta zuek, lerrun goreneko funtzionariok

irri eta samurtasunaren merkatariok

dana dirutan balioztatzen duzuenok

dana zenbakietara mugatzen duzuenok

altzairuzko mundu hotz lazgarria eraikitzen ari zaretenok

zer dela eta —jakin baliteke— hantuste hori?

Zertaz handipuzten zarete ba?

Gizateria bera salkin bihurtzeaz?

Halako handiosak!!

Zorigaitz guri! Behin jaio eta birritan hil!

Osaba Sam-en lekaiook!

Erlojupeko handi-mandiok!

Udaberri guztien ehiztari odoltzaleok!

Zeuen endekatze neurrigabean itoko ahal zarete!

Behin eta berriz, etengabe, ernaberrituko da erronkari

halere, amets berri baten egunsentia.

Etengabe.

 

Ontzi iluna
Isabel Diaz

Kutxa, 1999