Ontzi iluna
Isabel Diaz

Kutxa, 1999

 

 

HASIERAN ONTZI ILUNA ZEN

 

Usteldu egin da arbola

eta honen gainean eraikitako

sinismen eta balore sistima osoa

—haiena zen muntaia, haiena, ez geurea—

adimen gutxienen esku

horren hazien zainketa

eta guk itsututa antzera

haren hostoen itzalean

geneukalakoan babesa.

Nik errefusatu egiten dut

osoro eta goitik-behera

Aintzin hastapenetatik

bilakatutako

bertikaltasunaren mamia.

 

Ni ez naiz lore eder bat

ezta urso zuri polita

izan ninteke ordea, izarra

betiere irrifarre azulekin

zerikusirik baleuka

baina honetan ez datza gakoa

izarra: aho biko zilarrezko labana

urrutiko ganibet hotza

atzemateko ezintasunaren

islada

urrunegia eta hotza.

 

Urruntasuna bai

ezin imajinatu noraino

hel daitekeen gure bi munduen

arteko hutsune zabala.

 

Marfilezko dorreak ez

ontzi ilun bat.

Hasieran ontzi iluna zen

gero marfilezko dorreak

 

Babelgoa ere eta bestelakoak oro

geroxeagokoak dira.

Jabego pribatua, premua eta

haien antzeko jaungoiko arra

elkarren eskutik etorri eta

per saecula saeculorum

zama haundi eta astun bat bezala

lepoan daramatzagu arrastaka.

 

Hasieran ontzi iluna zen.

 

Ontzi iluna
Isabel Diaz

Kutxa, 1999