www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arraun ta amets
Salbatore Mitxelena
1955

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AZKEN ITZA

 

        Mariñel bat kantatzen... aditzen egon zakizkit. Baño aren abotsa, urrunago ta meiago, akitzera dijoakizu. Agur, lagunak, ezagunak, Sorterriko erri ta etxe, eliz ta egurastoki. mendi ta bazter maiteak.

        Onezkero legorreko orrek ia ez dantzuzu itxastar onenik ezer. Aguro zure entzumenak ez du jasoko kantaketa ondorengo dardara mingarria besterik. Eta zure begiak ez du joko, Oskorriari buruz, bidatz edo estela illixka bat baño.

        Elburu miñez arraun ta amets igazitako gaztetzaro batek atzetik utzi dizun uberi aparra baizik ez duzu, izan ere, eskuartean daukazun abesti sorta.

        Mariñelak, emen, bere baitarako kanta zizun. Ez galde, bada, bere izena edo jatorria. Nork atzitu, osorik, lagunurkoaren izkutukia? Uberi aparra lagun, antzemango diozu bearbada nondik Norakoa; orobat Izangoa; baitare, ziurrenez, bere itun giroa ta askirik eza. Baña ez, ez duzu zeazki aierutuko agur dagizun onen Norañokoa. «Joan bear dugu urrutira: agur,  Ondarroako itxaso bazterra»...

 

                Izkaiñetik, Oskorri:

                    ontziska ari buruz

                arraun ta amets doazu,

                    Izangoa urratuz.

 

                Gezi xuri bat baño

                    begiak ez dakus

                azken mugan, urdiña

                    ta oztiña alkartuz.

 

                Zer dan, norantz dijoan

                    uberak darakus:

                Jainkoganako gezi,

                    Jainkoganagotuz...

 

                Zureganako gezi,

                    otoitzez ta kantuz

                gaztaroa eman dut,

                    Jauna, zuri buruz!

 

                Lur ezaguna utzirik

                    banoazu iraduz.

                Zurekin bat eginda

                    nik atseden, Jesus!

 

1942-12-1

 

aurrekoa hurrengoa