www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arraun ta amets
Salbatore Mitxelena
1955

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEZABERRIZ BERTSOAK

 

                (anai zarrenari bigarrenak —nekazaria—

                ta irugarrenak —prallea— kantatzeko jarriak)

 

 

LENENGO SAIOA

 

        Nekazariak:

    Nola eñarak egari

    udaberrian ugari?;

urtero igazko tokian bertan

        jartzen ditek kabi.

Mutilkoxkor jun zan orri

    ta apaiz eginda etorri,

    zorion asko lendabizitik

        anai zarrenari.

 

        Pralleak:

    Jainkoaren mandatari,

    Arantzazun Andre Mari;

arras mesede egiña dio

        Euskalerriari.

    Ara jo bein, gaur itzuli;

    ongietorria iri.

Ama Birjiñak apaiz egin au;

        eskerrak Berari.

 

        Nekazariak:

    Amairu urtetatik ona

    bestege ikasten jarduna,

nai likek izan jakinduria

        aundi ta sakona.

    Nik ala banu, obena;

    premi dit pixka batena.

Pulpitutikan erakus bear

        diguk almazena.

 

        Pralleak:

    Almazena erakusten

    ez duk zallena izaten;

zallena zenbait buru gogorri

        begiak garbitzen.

    Bateko, ez konprenitzen,

    besteko gaitza billatzen,

lan aundiago dezute zuek

        esanak egiten.

 

        Nekazariak:

    Munduaren ixkanbilla

    t'etxejauntzako makilla,

au dana utzita pralle jun intzan

        artean mutilla.

    Ori duk meritu pilla!;

    nai al duk partilla?

Soziotzako pronto gatxeudek

        onako kuadrilla.

 

        Pralleak:

    Munduan irabazia

    anbat zeruan gloria;

emen lurreko merituena

        duk ango neurria.

    Segurua ta ugaria

    izan nai bada saria,

ez al da gero modu onena

        norgere izerdia?

 

        Nekazariak:

    Moja bat eta bi pralle,

    osabetan lendik ere.

Arrebarekin osa zerate

        beste arenbeste.

Etxebeltzen morroi ta abe

    ni utzita, zuek aide!

    Zeru baxter bat izango al duk

        guretzako ere!

 

        Pralleak:

    Gure Etxebelz baserria,

    ondo gogoan eukia;

amalau urtez gogoan euki

        ta amaikaz bizia!

Naiz izan seme urrutia,

    ez uste dugula antziña.

    Urrunago ta maiteago oi dik

        gizonak Erria!

 

        Nekazariak:

    Ez jun, alare, igesi

    Arkanjel bezin urruti;

obe duk, motel, Kuba utzita

        Sorterrian bizi...

    Iñora gabe, lenbizi

    etxe-etxetikan asi;

langille onak nunai dik lana,

        nai badu ikusi.

 

        Pralleak:

    Emendik añaxe bide

    Zerura Kubatik ere;

Jainkoarekin bat egiteko

        Zarautz bezin urre.

Goiko Aren naia bete,

    Zerua merezi arte;

    ordun betiko batuko gaituk

        guraso ta seme.

 

        Nekazariak:

    Itxasertzean, Zarautza;

    Pagotaren gain, gurutza.

Ondo bearra kristau erriek

        zeruko laguntza.

    Pralle ta mojen otoitzak,

    zaindu dezala Etxebeltza,

zaindu ta gaitu senide danon

        bizitz-eriotza.

 

        Pralleak:

    Zeruan eder izarra:

    zenbat bide emendik ara...

Beko pausoak zeruratzeko

        gizona baldarra!

    Lurretik zerura, orra

    apaiza zubi jatorra;

orren bitartez igo gadilla

        guziok an Gora.

 

 

BIGARREN SAIOA

 

        Pralleak:

Etxera ezkondua seme bigarrena;

Meza eman berria orain zarrena.

Beste bat ere bada oien ondorena,

Dominus kantatzeko urre dabillena...

        Ama il urrena,

        izan zan lerrena!

        Urteak barrena

        len bezin gorena

Etxebeltzak eutsi du bere izena!

 

        Nekazariak:

Lengusu ta senide, lagun ta auzoko,

bazkaltzen bildu gera onetarako:

Antonion ondoren aitari lenengo

zorion beroenak pozik emateko.

        Berari zor zako

        neke ta lan pranko

        seme ori gaurko

        mallara igotzeko.

Apaiz egiten dana kostata dago!

 

        Pralleak:

Aitari zor añaxe zor ama zanari,

neurri berdiñean bata besteari.

Naiko zukean arek gaur, danon pozgarri,

Antonion alboan aitakin exeri.

        Nunbait Jainkoari

        ala ez iduri...

        Poza alare ugari

        izango du noski

zerutikan gaixoak begira guri!

 

        Nekazariak:

Senide asko dira munduz bestaldean,

gu noiz ara elduko zai ta galdean.

Gogoratu aitona guzien artean:

ez gera ezertxore gu aren aldean!

        Gizatasunean

        naiz kristaulegean,

        nekez mugaldean

        arki zitekean

alakorikan beste danen aurrean!

 

        Pralleak:

Izekorekin, aldiz, arreba mojetan.

Aren falta sentitzen dugu benetan.

Anbat maite genuna danok mundu ontan

Beretzat eraman zun Jesusek pazkotan.

        Azken agur artan,

        malkoak begitan

        lertu zitzaizkitan.

        Arreba arrebetan,

malko aik zioten zenbat maite detan!

 

        Nekazariak:

Biziak eta illak, aide lengusuak,

batu gaitzala an Goian Jaun zerukoak;

bitartean saiatu emen lurrekoak

bazkariak sarritzen gaur bezelokoak.

        Onatx bukatuak

        gazteon bertsoak.

        Orain zarragoak

        bota obegoak.

On deigula danoiri bazkalondoak!

 

1942-8-19

 

aurrekoa hurrengoa