www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arraun ta amets
Salbatore Mitxelena
1955

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMA ZANAREN BILLA

 

                (Aurreko olerkia bera, beste era batez;

                ohorezko aipuz Donostian, 1952 grz, saritua).

 

    Amaren billa doana

    doa Jainko beragana;

erromes zurtzak jaramonik ez

    bideko beste iñorgana.

 

    Lor eziñaren besotik,

galdu zunaren billa ta deika,

    ez darama beste leirik:

    Amaganatzea baizik.

 

    Lagunek ots dagiote:

—«Utzi zak, motel, ama min ori;

    baduk gurekin zer maite,

    onatx naiko neska gazte».

 

    —«Emakumeen emakume

    niretzat Ama uraxe;

Aretxen oska bizi ta ibilli

    nai diat» —darantzu trebe.

 

    Ez, bada, arren, ostalari,

    bidean geldiarazi.

Mina adiozu, kupira zazu,

    ta aurrera joaten utzi.

 

 

                Umezurtzak:

 

Galdu dunak daki

zer dan Ama miña!

Billa naramaki

gabe etsi eziñak...

 

Billa bai. Artxek aur

nintzala itzarria

nire baitan dut gaur

Jainko egarria.

 

Artxek zidan erein

Edermin azia,

ta artxek nindun eskein

Urtziri guzia.

 

Ama!, umearen

zeru parre lena,

biotz argin guren,

geroaren lema...

 

Jainko ontasunaren

edontzi gurgarri,

santutasunaren

itzai ta mugarri...

 

Len banun nik ere!;

gabe ezin etsi dut...

Oi Amatxo nere!,

bizirik al zaitut?

 

Bizirik zaudala

nola ez ba siñes,

gau t'egun tamala

pozten didazunez?

 

Betian nire zai

zaudelako oroitzak

argitzen dizkit bai

pauso, itxaro, otoitzak.

 

Zu junda geroztik

zein zurtz «Etxebeltza»;

izotz dago ordutik

kabi zorigaitza...

 

Gu gaituzu bertan

txorikume billotz,

Alperrik egatan

jo nairik, egamotz...

 

Maite egatan ikas

ta indartzean lumak,

zuregana egaz

jungo txorikumak!

 

    Amaren billa doana

    doa Jainko beragana;

erromes zurtzak jaramonik ez

    bidean beste iñorgana.

 

    Ez, bada, ostalari,

    bidean geldiarazi.

Miña adiozu, kupira zazu,

    ta aurrera joaten utzi.

 

1951

 

aurrekoa hurrengoa