SANGUIS MARTYRUM
Europar sinhesmengandik bizia eman duten
Euskaldun sorgiin,
azti eta belhagileen orhoiztzapenetan.
Jon Mirande
Ene herri on bakezalea,
eliza zuriz bethea,
Goizerritiko Jaungoikoaren
herri hautetsi maitea.
Hire zerua garbi duk, kheak
Hegoak ditik ohildu;
ohiarzun gabe hire orhoitzan
auhenak dituk ixildu...
Zuen auhenak, ene arreba
plazetan erhauts eginak,
gizon beltz heiek erre zaituzten
Euskalerriko sorginak!
Sekula zuen martyrioa
ez da khantatu euskaraz.
Niketz orhoit naiz: dietzadala
bertso berriak sortaraz.
Zinez alpherrik hil zaretea?
Galdu zarete orozbat?
Ezin da... ezen zuen odola
date pagano-hazi bat.
Zuen odolaz erein 'tutzue
Europako laur hegalak,
zuhaniek eta zuen ahizpek,
oi! aphez-eme aphalak.
Belhaunik belhaun zueri esker
da begiratu azkarra
geure lainuak asmaturiko
theologia zaharra.
Zuen arima Gazte-Lurrean
kontsolaturik daudenei,
arartekotzat harturik eta,
egiten diet egun dei.
Zuen bitartez hunki ailitza
zorioneko egoitzak
Ortzi-Thor edo Akher Beltzari
nik dagiodan othoitzak:
Zu, eta beste jainkoak ere
hor zineten aspaldi,
gure arrazak adoratuak
gizaldirikan gizaldi,
Mari munduko, basajaun-jainko
okher jakitun osoa,
jainkosa zaintzen zenituztenak
ibaia eta basoa,
hil ez zaituzte gizon-beltz hauiek,
lotan zaudete bakharrik;
gure bihotzak adi 'tzazue,
jaiki zaitezte, atzarrik!
Baal arrotza ukhatzen dugu,
zuentzat berriz sagara
eginen dugu aldareetan
zathozte, arren! zain gara.
|