www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poemak
Jon Mirande
1950-1966, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ilhun-argiak / Claroscuros, Jon Mirande (Felix Maraña eta Felipe Juaristiren edizioa). UPV-EHU, 1992.

 

 

aurrekoa hurrengoa

EUSKALDUN ZINTZOEN BALADA

 

                (Aldi berean Ortzi euskal jainkoari

                zuzendu gabe othoitz bat dena,

                zintzo ez den batek eginik).

 

Soin zabal, zalhu, txapeldun,

Euskaldun eta Fededun,

—Handi baita— sudur mintzo,

Zintzo dira, o! hain zintzo

Eta barnez oro zaldun...

... Nahiz arrunt den azala

(Izaitetik hek bezala

Ortzi Jaunak zaint' nazala).

 

Ilhunpean zeuden lehen

Bainan JEL argia goihen,

Jautsi baita Euskadi-ra,

Argiturik bizi dira

Ahalikan eta zeheen

Demokrat onen gisala.

(Argitzetik hek bezala

Ortzi Jaunak zaint' nazala).

 

Jakintza badute anhitz

Atso-, haur, eta zuhurt-hitz

Badakite politika,

Pilota, dantza, kantika

Bai eta kantu ez likits—;

Leitzen dakite Misala

(Leitzetik heiek bezala

Ortzi Jaunak zaint' nazala).

 

Trebe izaiki tekhnikan

Joritzen dira Amerikan;

Haatik, han ere zintzoki

Elkartzen dira Batzoki

Abertzaleetan; ez bakan

Joaiten, han ere, elizala

(Joritzetik hek bezala

Ortzi Jaunak zaint' nazala).

 

Aphezak eta auzaphezak

Benedikatu ezkontzak

Egiten dituzte bethi

Onetik landa hobeti

Dastatzekotan —aratzak

Diren neskekin, ontsala.

(Ezkontzetik hek bezala

Ortzi Jaunak zaint' nazala).

 

Bainan ahanzten zitzaitan

Hospatzea neurthitzotan

Heien jaunzdura jathorra:

Ongi zuritu athorra

Dute jaunzten igandetan,

Bihotzaren zuriz ala?

(Zuritzetik hek bezala

Ortzi Jaunak zaint' nazala).

 

 

IGORTE

 

Nola juduen baitzinen

Zintzo diren Euskaldunen

Jaun zara, Jahve, gisala

Neu, zer ere zaitan jinen,

Zintzotzera hek bezala

Ortzi-k utzi ez nazala.

 

aurrekoa hurrengoa