UNDINA
Itxaso urrunen harmonietan
uhinen alhaba jaio zinaden.
Geroztik zabiltza zure orhoitzan
izaro gardenak ezin eriden,
Eguerdi handiko iguzki-sapak
erre izaroak. Hegoialderantz
itxasneskak dantzan —zure ahizpak—
dihardute hantxe, bainan zuk ahantz...
Eta, dela hantxe zohardi thipil
uhin geldituen gainean, gauetan,
itxasneskak oro, elkhar maitez, bil
deitez leihorrerat argizaritan.
Zuk ahizpen dantzak utzi dituzu,
irrikaz jin zara izotz-aldera;
elhur, iphar-haize, gaupe odeitsu
hor dituzu: gure ganat jin zara.
Geroztik zabiltza gure iphartar
itxaso hotzetan. Noizetik behin
beha zagozkigu, bihotzean har;
eta guk so' ginda bazoaz arin.
Ontzitan jarraikiz gizon-ametsa...
...bainan alpherretan ihes joan zoaz
et' itxaslariak, beldur itxesa,
itzuli behar du arraun-indarraz.
Minetan daukazu giza-gogoa,
ainigma zaitugu adimenentzat.
Nor zara? Ala bethi gezurrezkoa?
Gogorapen, ala irudi soil bat?
|