 |
PARIS BEURET
Paris-ko kale batean
Etxe zikiñen arean
Bat dago zikiñagoa,
Iluntzen bai-dit gogoa
Aren aipatzeak berak,
An bertan dut lan egiten
Axotez beztuz paperak.
Seiak yo arte ezin erten
Aspertzen naiz, lor betean,
Büro zikintsu batean.
Nire lankide bikañak
Ditut adixkide miñak;
Goizero agurtzen naute
...Ixilik, bai naute maite
...Nola debruak Yainkoa.
Ari dira, bele antzo
—Koa, koa, koa, koa—
Besten gatik gaizki mintzo:
Bizkor dituzte mingañak,
Nere lankide bikañak.
Goizian goizik yaiki-ta
Lanera noa... erresta...
Biotza yartzen zait makal
Salan sartzean aldikal
Entzuten ditudanean
Atso txar guziak oro
Besteen yorratzen lanean,
Aotik izuriz oro;
Ez dute uzten izketa
Goizean goizik asi-ta.
Büruko emakumeak,
Lodiak, orobat meak,
Danak dirade itsusi.
Nor-nai yoan leike igesi
Aiengandikan, al ba-lu...
Nik aiekin egon bear
—Orrek dit egiten dolu
Orko ordu luzeak zear—
Nik, eusko aitor-semeak!
Oi, debru emakumeak!
Maiz seruari so nago,
Naiz arek mindutzenago
Nauan, konturatu ala
Or egon behar dudala.
Bañan, miñak uxatzeko,
Asten naiz idazten neurtitz,
Euskal-neurtitz eder asko,
Batzu ezti; batzu bortitz
—Neuk dudan bezala gogo—:
Seiak-arte ortan nago.
Orrela, büro batean,
Atso iztunen artean,
Pasatzen ditut egunak,
Iluntzen bai-dit gogoa
Aien aipatzeak berak.
Gero-ta zoroagoa,
Axotez beztuz paperak
Beuret-ko büro maitean
Paris-ko kale batean...
|
 |