ORTZI-REN ZALDUNEN GUDU KANTA
Ortzi jainkoen Jauna, kasta goihen Aita,
zaitzagula zuzenez onhets eta maita.
Etsaien oinpetzekotz ordua jin baita,
borroka bortitz hontan iguzu garhaita.
Nahiz hautsiak izan Zure aldareak
gaitzets ez gaitzazula gu bekatoreak:
berreraikiren ditu gure adoreak,
berriz izanen dira gainean lorak.
Zure herria zenak ukatu bazaitu
Goizerriko zitalak gaixtarazi baitu,
geure karra bederen ezin da hamaitu,
Zure zaldunak gara, haidor eta haitu.
Harzara bozten gaitu Ortziren izenak
lurraren gaztaroan Haren haur ginenak:
entzun itzazu, Jauna, gure boz ozenak
berriz ere kantatzen azali lehenak.
Luzaz egon da lurra Zu itzul haiduru;
gaur eguzki zaharrak, eginik inguru,
lehen bezain gorririk eman du leinhuru.
Agur Ortziren soa, zeruko Lauburu.
Otso-eme higuinak egozten du hagun
ortziren atabala delakotz ezagun:
haren hiltzeradino guduka dezagun,
haren beldur ez izan Ortzi deno lagun.
Lo zen Herensugea jaunak iratzarri
eta Bere eskuinean hura du ezarri,
kristar okelez gose, odolez egarri,
datorren hilketari egin du batzarri!
Belar tzarra bezala Ortziren aihotzak
trenkatzen 'tu etsaiak, egoizten hil-hotzak;
ez ditu lagunduren jaungoiko arrotzak,
landa gizenduren du gizonen gorotzak
|