LARUNBAT ARRATS
Ostatu-terrazetan
(giro da gaur)
haur legunak lagun, senhar-emazteak
erdi lo, erdi so
—hirihanditarzunez gainezka soak—
iragaileei ongi-nahian;
botoiletan
thu margodunak dizdir ederkiro.
Herri-baratzetan,
neskatxa txukunok solhaz zintzo
dute herri-baratzetan!
bainan ai! uda-zaiak urratzen zaizkie
agure lizun, begi zorrotzen behatzetara...
Gautar poeta batek, urkhamendi bilha,
neurthotsetan kantatzen dio gauari;
hordi bat dela uste izaiteko da.
Gautzenago delarik
itzal-zokhoetan
gartzen,
loratzen
dira
paiderasten maitarzun minkorrak.
Nonbait
markisa xahar bat mahain-ingurarazlea
iratxo lotsatuak bil eta hil
ari da, atso zatarra!
Hoteletako
hirur ehun frankotako geletan
atsegin-neska nekhatuak
mokoka zekhenekin,
mokoka zikhinekin
belhaunetako minez auhenka,
zer bizitza...
Larunbat-arratsa da,
beharra zan;
astegunetako langile bizkorrak
kinemataratzen dira taka-taka
edo oheetara, ikhuzi ondoren
bihar igandeko
oinak, soinak eta oro
ur-zirripen burbul zolietan;
ongi da! Jainkoak benedika ta begira ditzala
bihar arteo beren oheetan
lo-zurrungan eta —nahiz ez goseak—
ezkur-amets bat dutela.
Larunbat-arratsa da:
Parise, puta zahar, lotara doa
...ni ere bai.
|