EUSKALDUN LAMINEI
Aingeru harroak, heren-suge hotzak
Adonaien zeru agorretan zutik,
Hik, giristinoa, gorets itzak...
Beude goian neure gatik
Niketz, oi! ahizpok, jainkosa pollitak,
Andere Lurraren lehen-jaioak haur,
Lilluraturikan zuen lurtar kantak
Zuetan dut ustea gaur.
Aintzina herri hau zuena izan da,
Jentil-harrietan jarrita zegoen
Zuendako esne, gurin: oberenda
Giza-bihotz eta gogoen.
Geroz zuen hatzak elas! dira galdu
Ibai ta leizeetan, eta gure baitan;
Latinez otoituz zaituzte ohildu
Gizon beltzek elizetan.
Judaiar Baalen neu sinhestun ez naiz,
Jentilen odola niregan badabil
Asaben modura gaur dagizuet: maiz,
Gauaz ager guri hurbil,
Aintzina bezala emeezue berriz
Zuen jakintzaren urrea jendeeri,
Alait' ezazue musuz eta irriz
Zeru-minez dena eri,
Morturik etorri sinesmen arrotza
Euskal Herritikan aizinezate ken
...Eragina baitu euskaldun bihotza
Lur Amaren gana zeken...
|